
246. zk., 2009ko abenduaren 23a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Osasun eta Kontsumo Saila
6695
5314/2009 EBAZPENA, azaroaren 12koa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiarena, erakunde zentraleko Ekonomia eta Finantza zuzendariari kontratazio estrategiko eta zentralizatuen alorrean egindako eskumen-eskuordetzea aldatzeko dena.
Ikusi da Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiaren abenduaren 21eko 2152/1998 Ebazpena, Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari eskumenak eskuordetzen dizkiona.
Oinarritzat hartu dira ondoko
GERTAKARIAK
I.- Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza Kontseiluak egindako bileran erabaki da beharrezkoa eta komenigarria dela kontratazio estrategiko eta zentralizatuen eremuan orain arte aplikatutako eskumen-banaketaren araubidea aldatzea.
II.- Planteamendu hori, gainera, Erakunde Zentralaren egitura organikoaren zenbait alderdiren aldaketarekin bat dator. Kontseiluaren urriaren 6ko erabakiaren bidez egin da aldaketa, hain zuzen ere, administrazio-kudeaketaren funtzionamenduari laguntzeko.
Horregatik, planteamendu berri honen zehaztapenak jasoko dituen berariazko ebazpena eman behar du organo eskumendunak.
Eta kontuan izanik ondorengo
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Lehenengoa.- Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 12.1 artikuluaren arabera, «Eskumenari ezin zaio uko egin, eta eskumena berena duten administrazioko organoek baliatuko dute, baldin eta, lege honetan zein beste batzuetan ezarritako moduan, eskuordetzan ematen ez bada edo goragokoak eskumena bereganatzen ez badu».
Ildo horretatik, zuzendari nagusiak erakunde publikoaren kudeaketako goi-mailako organo gisa izango dituen eskumenak gorabehera, Osakidetza-Euskal Osasun Zerrbitzuaren estatutu sozialak ezarri zituen azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuaren 20.2 artikuluak ondokoa ezartzen du kontratazioaren araubide organikoari dagokionez:
«2.- Osakidetza Ente Publikoko kontratazio-organoak hauexek izango dira: zuzendari nagusia edo zuzendari-kudeatzailea edo horrek eskuordetzen duen taldeko burua, ente publikoak onarturik dauzkan erakundeen arabera.
Edonola ere, ente publikoko zuzendari nagusia edo horrek eskuordetzen duen antolakunde orokorreko kargua izango da eskudun kontratazio-organoa eskumenaren abokazioko kasuetan, kontratazio zentralizatuetan eta integratutzat jotakoen artetik dagozkion hornigaien erosketetan; hori guztia ente publikoko Administrazio Kontseiluak ematen dituen jarraibideak aintzat harturik»
Bigarrena.- Behin eskumenak legez zehaztuta, baita salbuespenak ezartzeko -eskumenak eskuordetzeko- aukera ere, 30/1992 Legearen 13. artikuluan ezarritakoa betez, ente publiko horretako zuzendari nagusiak 2152/1998 Ebazpena eman zuen abenduaren 13an, Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari eskumenak eskuordetzeko.
Eta aipatu legearen 13.6 artikuluak ebazpen hau babesten du -aurrekoa aldatuz-; izan ere, ondokoa aurreikusten du: «Eskuordetza eman duen organoak edozein unetan ken dezake».
Horregatik, adierazitako helburuen eremuan, eta eman zaizkidan legezko eskumenak baliatuz, hau
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Zati batean errebokatzea abenduaren 21eko 2152/1998 Ebazpena, Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari eskumenak eskuordetzen dizkiona; indarrean segiko du ebazpen honek emandako aldaketen aurkakoa ez den eduki orok.
Bigarrena.- Errebokatze hori kontratazio estrategiko eta zentralizatuetarako egindako eskuordetzeari dagokio, eta mantendu egingo da Erakunde Zentralaren eremuko kontratazioen eskuordetzea.
Hirugarrena.- Ebazpen hau Ekonomia eta Finantza Zuzendaritzari jakinaraztea, eragina izango duten zerbitzuei horren berri eman eta dagozkion ondorioak izan ditzan.
Laugarrena.- Ebazpen hau EHAAn argitara dadila agintzea.
Bosgarrena.- Ebazpen honek ondorioak izango ditu eman den egunetik aurrera, eta indargabetu egingo du aurretik emandako edozein xedapen, baldin eta gai honen aurkakoa bada.
Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 12a.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusia,
JULIÁN PÉREZ GIL.
RSS