Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

246. zk., 2009ko abenduaren 23a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6689

AGINDUA, 2009ko abenduaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, 2009-2010 ikasturteko Abelino Barriola sarirako dei egiten duena.

Hezkuntzaren eginkizun nagusietakoa izan ohi da, jakina denez, eskola-umeen irakurmena landu eta testu idatziak ahoz adierazten erakustea.

Hizkuntzaren ahozko adierazmena bat-bateko mintzamenez mamitzen da nagusiki. Hala ere, garrantzitsua da gaztejendeak behar den erraztasunez, ebakera zuzenez eta doinuera egokiz irakurtzen jakitea.

Behar hori are nabarmenagoa da jendaurreko erabilera-eredu zuzenak aski mugatuak dituzten eremu urriko hizkuntzen kasuan: hor sartzen da, bete-betean sartu ere, euskararen egoera.

Belaunaldi berriek euskaraz egiten ondo jakingo badute, boz goran prestu irakurtzen jakin beharko dute, besteak beste. Eta ondo irakurtzen, bistan denez, eskolan ikasi beharko dute nagusiki.

Irakasleen zeregina eta eragimena funtsezkoa da alor honetan: garrantzi handia du, alegia, irakasleak umeen irakurmen-lanketari zenbateko atentzioa eskaintzen dion eta zer-nolako irakaspidez baliatzen den.

Euskara jendaurreko komunikabideetara (irrati-telebistak, megafoniazko azalpenak e.a.) zabaltzen ari den honetan, bestalde, aski nabarmen agertzen ari da euskal belaunaldi berrien boz gorako irakurmena asko hobetu daitekeela. Hobekuntza-bideak huts-hutsik eskolaren esku ezin utz badaitezke ere, eragile nagusi eta garrantzitsua izan daiteke berau.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, behar honetaz jabeturik, xede hori lortzen lagunduko duten baliabideak indartu nahi ditu.

Honen haritik

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- 2009-2010 ikasturteko Abelino Barriola sarirako deia onartzea, Agindu honen eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2010 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotearen edo ez egotearen mende geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.- Bide administratiboa agortzen duen Agindu honen aurka berraztertzeko errekurtsoa jar liteke Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuaren aurrean, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean. Era berean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenean, dagokion aretoan, esandako egunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Hirugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abenduaren 2a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.

I. ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1.- 2009-2010 ikasturteko Abelino Barriola irakurmen eta deklamazio-lehiaketa jakinarazten da. Deialdi honen zenbatekoak ezin izango du 62.880 euroko kopurua gainditu.

2.- Helburu bi ditu Abelino Barriola sari-lehiaketak:

Euskaraz irakurtze eta deklamatze kontuan emaitza hoberena lortzen duten ikasgelei berariazko saria eskaintzea.

Deialdiaren helburu diren emaitzak lortzeko ahalegin berezia egin eta saria irabazten duten taldeen irakasle arduradunei berariazko saria eskaintzea.

3.- Lehiaketa honetan 2009-2010 ikasturtean hurrengo atalean zehazten diren mailetako ikasgelek parte hartu ahal izango dute.

Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dira agindu honetan araututako lehiaketara aurkeztu zigorrak ezarritako aldian.

4.- Eskola-umeen maila eta eredu desberdinak kontuan izanik, zazpi multzotan banatuko dira Abelino Barriola sari-lehiaketara aurkez daitezkeen ikasgelak:

A eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

A eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

B eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

B eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

D eredua LMHko 3. eta 4. maila Sari 1

D eredua LMHko 5. eta 6. maila Sari 1

D eredua DBHko 1. eta 2. maila Sari 1

Lehia multzo horietako bakoitzean jokatuko da eta ez parte-hartzaile guztien artean. Esan nahi baita, A ereduko LMHko 5. eta 6. mailakoak eredu eta maila berekoekin alderatuko direla. Berdin-berdin beste sei multzoetako bakoitzean.

5.- Sari-lehiaketaren zazpi arlo horietarako epaimahai bakarra izendatuko du Hezkuntza sailburuordeak. Ondoko erakunde edo esparru hauetariko ordezkari bana izango du epaimahai honek:

- Euskaltzaindia. Erakunde honen ordezkaria izango da epaimahaiburu eta berak erabakiko du botu-berdinketa gertatzen bada.

- EITB (Euskal Irrati-Telebista).

- Berritzeguneetako hiru Hizkuntza Normalkuntzako Teknikari.

- Euskal deklamazio-alorrean berariazko itzala duen jakitun bat.

- Euskara Zerbitzuko bi kide, hizpidez baina boturik gabe (hauetariko bat idazkari).

Epaimahaia sortzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan agindutakoari jarraituz, bermatu egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela.

6.- Epaimahaiak honako puntuok izango ditu kontuan:

a) ikasgelak dira aztergai, ez banakako ikasle hau edo hura. Batez bestean ongien irakurtzen edota deklamatzen dakien ikasle-taldea sarituko da, beraz.

b) euskara batuan zein literatura euskalki batean idatzitako testuak aukeratu ahal izango dira irakurgai (ikus 9. oinarri-arauan ezinbesteko eta aukerako testuen zehaztasunak).

c) irakurmen eta deklamazio-maila hoberen hori zein taldek duen neurtzeko, ondoko irizpideok izango dira gidari:

- Abiadura handiegia saihestu egin behar da. Testuaren ezaugarriei lotuta erabaki behar da mantsoago ala bizkorrago irakurri, baina inoiz ere lasterregi egin gabe. Alboratu egin behar da zenbat eta arinago irakurri orduan eta hobe delako ustea.

- Irakurtzen arituko ez balira bezala irakurtzen saiatu behar dute ikasleek: sinesgarritasuna, testua sentitzea, testua irakurtzen gozatzea... Adin eta ezaugarri jakin horietako ikasleak izanik irakurle, beraiek sentitzeko moduko testuak aukeratzeak emaitzak asko hobetu ditzake arlo honetan.

- Isiluneak egin beharra dago. Isiluneak testuak eskatu ahala eta behar den bezala egiteak asko hobetzen du emaitza, goian aipaturiko sinesgarritasuna lortze aldera.

- Euskararen fonetika-legeak eta ebakera-arauak ahalik eta ongien errespetatu behar dira, erdal interferentziak ahal den neurrian ezabatuz. Beraz, eta besteak beste, «yeismo»ari aurre egingo zaio eta tz/ts/tx fonemen ebakera zuzena berariaz zainduko da.

- Erdal doinuari eta batez ere haren eraginez azentuak azkenaurreko silaban jartzeko joerari itzuri egiten saiatu behar da.

- Euskararen doinuera egokia, berdin du euskara batuan edo euskalkiren batean idatzitako testua irakurri, oso bereziki zaindu beharko da: aho-hizkuntzaren mintzamolde jatorra izango da patroi eta eredu (ez zen = etzen); beraz, euskal hiztun onen ohiko erabilerari egin behar zaio kasu.

- Naturaltasuna eta, kasuan kasuko testuaren arabera, enfasi-indarra kontuan hartzekoak dira orobat. Galdera markak normalean ez dira behetik gorako doinuan amaitzen. Harriduretan ere joera artifizialak saihestu egin behar dira inondik ere.

7.- Lehiaketa honetan parte hartzeko orria irakasleak bete behar du, ikasgelaren izenean.

8.- Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak dioena betez, parte hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena ematen dio, eskabidean jasotako datuak bere informatika-fitxeroetan sar ditzan. Parte-hartzaileak, datuetara sartzeko, datuak aldatzeko eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi badu, Hezkuntza Sailburuordetzara jo dezake: Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

9.- Ikasturtearen lehen eta bigarren hiruhilekoan burutuko da irakurmen- eta deklamazio- lanketa. Lanketa horren ondorio gisa, bere ikastaldearen grabazio bat egingo du irakasleak kasetean edo CDan. CDa mp3 edo audio formatoan grabatu behar da. Kasete edo CD hori, parte hartzeko orriarekin batera bidaltzeko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2010eko martxoaren 3ra artekoa, egun hau barne, izango da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aurkeztu behar dira, honako helbide honetan:

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

Euskara Zerbitzua-Abelino Barriola saria

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

10.- Grabazioa egiteko honako testu hauek irakurriko dira, ordena honetantxe:

a) Ezinbesteko testua: antzerki zati bat, pertsonaia adinbat ikaslek esana (III. eranskina).

b) Taldeak berak aukeratuko dituen hitz lauzko bi irakurgai, beste 2 ikaslek irakurriak; LMH 3-4 mailakoentzat bi ipuinetatik hartuak eta LMH 5-6 eta DBH 1-2 mailetakoentzat bi eleberritatik hartuak.

c) Taldeak berak aukeratuko dituen bi olerki, beste 2 ikaslek irakurriak.

11.- Grabazioak honako ezaugarriok izan behar ditu:

- Ikasgela bereko esatari hoberenen grabazioa izango da.

- Gehienik 6-8 minutu iraungo du grabazio osoak, tarteko isilaldiak barne, eta isilaldi hauetako bakoitza gehienez 15 segundokoa izango da.

- Grabazioaren hasieran ikasgelaren izengoitia entzungo da (urtetik urtera izengoitia aldatu eta leku edo toponimia erreferentziak saihestu egin behar dira). Izengoitiaren ondoren, irakurgai bakoitzaren aurretik, kasuan kasuko ikaslearen zenbakia.

- Gutxienezko kalitatea izan beharko du grabazioak (ahotsak garbi entzun eta ulertzeko moduan).

12.- Aipatutako izengoiti berberori eta parte hartzen den kategoria (A-LMH 5-6, A-DBH 1-2, B-LMH 5-6, B-DBH 1-2, D-LMH 3-4, D-LMH 5-6 edo D-DBH 1-2) beste ezer ez da azalduko kasetean edo CDan, bi lekutan idatzita (kasetean edo CDan ezabatzen ez den tintarekin idatzita eta kutxaren bizkarrean).

13.- Kasete edo CD horrekin batera gutunazal itxi bat bidali behar da. Gutunazal horrek kanpoko aldean eta ageri-agerian hauxe bakarrik behar du idatzita:

- Izengoitia.

- Kategoria: A-LMH 5-6, A-DBH 1-2, B-LMH 5-6, B-DBH 1-2, D-LMH 3-4, D-LMH 5-6 edo D-DBH 1-2.

Barruan, berriz, bi orri:

- Honi erantsitako parte hartzeko orria (II. eranskina) behar bezala beteta.

- Beste orri bat ikasgela osoaren zerrenda zenbakituarekin, grabazioan entzuten diren ikasleen izen-abizenak azpimarratuta.

Kasetea eta gutunazal itxia sobre handiago baten barruan bidaliko dira. Agindu honen 8. oinarri-arauan zehazten da nora eta noizko.

14.- Sariak honako hauek izango dira:

- Zazpi ikasgela hoberenentzat (kategoria bakoitzeko bana, normalean) urtearen bigarren seihilekoan Ipar Euskal Herrira egingo den 3-4 eguneko bidaia. Bidaia horretara ikasgela osoak joango dira, ez bakarrik grabazioan entzuten diren ikasleak.

- Bi sari berezi.- Epaimahaiak urtero bi ikastetxe sarituko ditu. Lehiaketa honetan aurreko urteetan eta aurtengoan izandako partaidetza edo merezimendu bereziak sarituko dira atal honetan. Ikastetxe hauek ere aurreko pasartean aipatzen diren beste zazpi ikastetxek duten sari berbera izango dute. Ondoko irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak bi sari hauen izendatzeko:

Aurreko urteetan parte hartze nabaria izana.

Urte honetako parte hartzea.

Saria irabazteko finalisten artean egon izana.

Ikastetxearen egoera soziolinguistikoa.

Betiere ikastetxea da sariaren onura jasotzen duena eta berau saria zein ikasle talderi (gela bat) eskainiko zaion erabakiko duena.

- Saria irabazten duen ikasgela bakoitzeko irakaslearentzat urtearen bigarren seihilekoan egingo den bidaia-egonaldia.

15.- Ikastetxe bakoitzak nahi adina kasete edo CD aurkez ditzake lehiaketara, baina ikastetxe bakoitzeko gela bakarrak jaso ahal izango du saria. Epaimahaiak ikastetxe bereko ikasgela bat baino gehiago jotzen badu irabazle, gorengo mailari emango zaio. Besteari/besteei zegokien saria, dagokion kategorian hurrena geratu den beste ikastetxe bateko ikasgela bati egotziko zaio.

Multzoren batean kaseterik edo CDrik aurkezten ez bada edo aurkeztutako lanek epaimahaiaren ustez multzo horretarako gutxienezko mailarik ez badute, kasuan kasuko saria eman gabe utzi ahal izango da. Multzo batean eman gabe utzitako saria beste multzo batean eman ahal izango da, hartarako merezimendurik duenik badago.

16.- Aurkeztu diren kaseteetako edo CDetako irakurle onenekin CD bat argitaratuko da; CD horri ahalik eta zabalkunde handiena emango zaio eta ikastetxeetara eredu gisa bidaliko da. CD honen esplotazio eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hartzen ditu bere gain edozein lege eraginen aurrean.

17.- Epaimahaiak sarien ebazpen-proposamena helaraziko dio Hezkuntza sailburuordeari eta honek hartuko du Erabakia deialdia argitaratzen denetik hasi eta sei hilabeteko epean EHAAn argitaratuko du.

Aipaturiko epean ebazpen espresik ematen ez bada, bere kasetea edo CDa ez dela saritu ulertu behar du parte-hartzaile orok.

18.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak beharrezko neurriak hartuko ditu deialdi hau mamitzeko.

II. ERANSKINA

2009-2010 ikasturteko

ABELINO BARRIOLA SARIAN PARTE HARTZEKO ORRIA

IKASTETXEAREN DATUAK

Izena: Kodea n n n n n n n

Helbidea: Telefonoa.

P. Kodea: Herria: Lurraldea:

IKASGELAREN DATUAK

Taldearen izengoitia: ..........................

A eredua: LMH 5 n LMH 6 n

A eredua: DBH 1 n DBH 2 n

B eredua: LMH 5 n LMH 6 n

B eredua: DBH 1 n DBH 2 n

D eredua: LMH 3 n LMH 4 n

D eredua: LMH 5 n LMH 6 n

D eredua: DBH 1 n DBH 2 n

IRAKASLE ARDURADUNA

Izen-abizenak

EZINBESTEKO IRAKURGAIA (Antzerki zati bat: ikus III. eranskina)

TALDEAK AUKERATZEKO IRAKURGAIAK

1.- Prosako irakurgaiak:

1.1.- Izenburua ..................... Egilea .....................

Liburua ..................... Liburuko zer orrialde? ......

1.2.- Izenburua ..................... Egilea ....................

Liburua ..................... Liburuko zer orrialde? ......

2.- Olerkiak:

2.1.- Izenburua ..................... Egilea ....................

Liburua ..................... Liburuko zer orrialde? ......

2.2.- Izenburua ..................... Egilea ....................

Liburua ..................... Liburuko zer orrialde? ......

Arduradunaren

sinadura Ikastetxearen

zigilua Zuzendariaren

sinadura

........................(e)n, 2010eko ............aren ......(e)an

ZINPEKO AITORMENA

Eskabide hau sinatzen dugunok aitortzen dugu ez dugula zigor- edo administrazio-arloko zigorrik jaso.

ARGIBIDEAK

1.- Orri hau, eskatzen diren datu guztiak beteta, gutunazal itxiaren barruan bidali behar da. Gutunazal horri kanpoko aldean bakar-bakarrik taldearen izengoitia eta parte hartzen duen kategoria jarriko zaizkio.

2.- Gutunazal itxia eta grabatutako kasetea edo CDa sobre handiago batean sartu eta helbide honetara bidali behar dira 2010eko martxoaren 3rako:

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza)

Euskara Zerbitzua - NOLEGA

(Barriola lehiaketa)

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz.

3.- Ikastetxe bereko ikasgela bat baino gehiago aurkez daiteke. Kasu horretan, ikasgela bakoitzeko parte hartzeko orri bana bete behar da.

III. ERANSKINA

A eredua - LMH 5-6

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

ITSASMINEZ (Ondarroako Zubi Zahar ikastola)

ESKOLA ANTZERKIA 2

Ilargia Ba... ba... kanta batekin ez nauzu konbentzituko. Frogatzat, asko maite duzun zerbait eman behar didazu...

Argi Nik asko maite dudan zerbait? ... Eta zer da hori?...

Ilargia Zuk jakingo duzu... Ni banoa... eguzkia dator eta...

Argi Nik asko maite dudana eman behar diot... Zer izango ote da?... Nire lagunengana joan behar dut... Goazen karakola!

Narratzailea Eta berriz karakolarekin batera itsasora iritsi zen. Han Pulpez olagarroa, sardinak, itsas-izarrak eta lagun guztiak itxaroten ari ziren.

Olagarroa Ongi etorri Argi!

1. arraina Ilargiarekin egon zara?

2. arraina Oso kezkaturik gaude!

3. arraina Itsasoa indarrik gabe gelditzen ari da.

Argi Bai, ilargiarekin egon naiz. Egia da haserre dagoela. Pentsatzen du inork ez duela berak egindako lana estimatzen eta triste dago.

1. arraina Ba guk maite dugu!

2. arraina Berak egindako lana miresten dugu!

Olagarroa Kanta bat abestuko diogu.

Argi Alferrik zabiltzate. Nik gauza bera egin dut eta...

3. arraina Eta zer?

4. arraina Gu kezkatuta gaude...

Argi Frogatzat nik asko maite dudan gauza bat eman behar diodala esan dit. Baina egia esan, ez dakit zer den.

Olagarroa Ba nik bai. Zure karakola.

Argi Nire karakola? Osaba Joxeren opari bat da... eta asko maite dut...

5. arraina Bai, emaiozu.

Olagarroa Horrela... gainera ilargiak zure karakola eduki ondoren, itsasoaren berri izango du eta horrela maite dugula jakingo du.

Arrainak Emaiozu!

Argi Nire karakola?

5. arraina Oso kezkaturik gaude!

Argi Beno... ederki! Ilargi! Hona hemen zuretzat nire karakola...

Narratzailea Hitz horiek esan ondoren, karakola indar batek bultzaturik gorantz joan zen eta aldi berean itsasoak kolore berde, urdin, morea, bereganatu zuen berriro eta olatuak arrainekin jolasten hasi ziren.

Arrainak Gora, gora gure Argitxo! Itsasoak indarra bereganatu du berriro.

Olagarroa Ez gaude kezkaturik... Festa bat egingo dugu.

Narratzailea Eta festa eta algara hartan zebilela, Argi gauza batez gogoratu zen.

Argi Aiba! Karakolarik gabe geratu naiz. Nola aterako naiz hemendik?

1. arraina Ez larritu... Gurekin gelditu!

Besteak Hori, hori gurekin gelditu!

Argi Ez, ez, nik etxera joan behar dut. Osaba Joxek jakingo balu...

Olagarroa Zure osaba Joxe! Ummm... Nik uste dut ezagutzen dudala.

A eredua - DBH 1-2

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

ETXE HAU BAI DELA GUAI! (Laudioko Canciller Ayala institutua)

ESKOLA ANTZERKIA 2

Estibaliz Gustatu zaizu gure herri txiki hau?

Muamar Bai. Nahi baduzu zuretzat erosiko dut. Baina orain gauza bat esan behar didazu, noiz esango diezu zure gurasoei nirekin ezkonduko zarela?

Estibaliz Bihar bertan. Baina orain goazen ohera. Zuk Enekoren logelan egingo duzu lo.

Narratzailea Denak joaten dira eta gauerdian Eneko heltzen da, bere logelara doa baina beteta dago. Horregatik egongelan geratzen da besaulki batean etzanda.

(Eneritz egongelara doa eta hor Eneko ikusi gabe makutuan gauzak sartzen jarraitzen du.)

Eneritz Ordua heldu da. Gauza batzuk prestatu eta gero alde egingo dugu. Etxe honetan bakoitza bere aldetik dabil eta guri ez digu inork jaramonik egiten. Baina horrek badauka erremedioa, Enekok bezala egingo dugu.

Eneko Nork nahi du nirekin aita-ametan ibiltzea?

Eneritz Ala! Hori Enekok esaten zidan beti. (Eneritzek argia pizten du eta Eneko ikusten du besaulkian etzanda)

Eneko Ez didazu musu bat emango? Oso itxura onean zaude, baina... baina ez dakit zergatik esaten dituzun gauza horiek.

Eneritz Muaa! Ba, etxean inork maite ez gaituenez zuk bezala egingo dugu ea gutaz ere kezkatzen diren.

Eneko Hori lelokeria ! Ikusiko duzu nola orain denak maiteko zaituztegun.

Eneritz Beno, ikastolara joango naiz. Eguerdira arte!

Eneko (Eneko gurasoen logelara doa eta esnatu egiten ditu) Ama! Aita! Kaixo! Hemen nago berriro.

Ama Eneko! Gure Eneko maite! Egia ote da?

Eneko Bai, ama, hemen nago. Egia da.

Ama Eta non egon zara denboraldi honetan ?

Eneko Orain horrek berdin dio. Inportantea zera da, hemen nagoela zuekin.

Aita Bai, orain hemen zaude, baina zure ihesaren errua amarena izan zen. Beti zenbiltzan gauzak debekatzen.

Ama Ez, ez zen nire errua izan, zeurea baizik. Dena kontsentitzen zenion eta ez zinen arduratzen berarekin.

Aita Ni? Zer diozu? Zoroa! Hau da sorgina hau!

Ama Kabroi madarikatua. Sorgina zure ama izango da.

Nikaxia O! Zer diozu? Ganorabakoa! Eta ez ukitu nire semea!

Eneko Isilik! Hau ez da semea errezibitzeko modua! Inor ez da erruduna. Zuek beti borrokan zeundetelako joan nintzen ni.

Aita/Ama Ai! Ez ginen konturatzen. Barkaiguzu.

Eneko Aspalditik barkatuta zaudete.

Ama Barkatu Nikaxia. Orian bizitza berri bat hasiko dugu eta lagun onak izango gara.

Nikaxia Ados nago zurekin, emaidazu eskua.

Estibaliz Eneko! Noiz etorri zara? Non egon zara? Zer egin duzu? Norekin ibili zara?

Eneko Itxaron, itxaron! Ezin dut dena batera erantzun. Zer moduz urte hauetan? Polit-polita zaude!

Estibaliz Eneko, begitu, hau Muamar da, nire laguna. Muamar hau Eneko da, nire neba, etxetik bi urtetan alde eginda egon dena.

Eneko Zeu zara nire ohean ikusi dudana, ezta?

Muamar Bai, asko pozten naiz zu ezagutzeaz!

Estibaliz Aita, ama, amama, etorri! Gauza garrantzitsu bat esan behar dizuet. Muamar eta biok bihar bertan ezkonduko gara!

B eredua - LMH 5-6

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

IPOTXAREN ETXEA (Bergarako Angiozar h.i.)

ESKOLA ANTZERKIA 2

Ipotxa Zer egingo dut orain? Aaa! Marionari deituko diot; hau ez da horrela geratuko. Mariona, Mariona!

Mariona Zer nahi duzu, Ipotxa?

Ipotxa Aizkolariak nire etxea apurtu nahi du.

Mariona Bai? Zer egin? Haizemariri deituko diogu.

Biak Haizemari! Haizemari!

Haizemari Bufada batean etorri naiz, zer nahi duzue?

Mariona Begira, aizkolariak Ipotxaren zuhaitza moztu nahi du.

Haizemari Ba nik haize bolada bat botako diot eta ezingo du lanean jarraitu..

Mariona Azkar, bestela nire etxea apurtu egingo du.

Aizkolaria Ai! Hau haizearen indarra! Horrela ezin dut zuhaitzik moztu. Hobe dut etxera joatea. Haize honekin ezin da aguantatu.

Denak Ondo! Lortu dugu; etxera joan da!

Ipotxa Eskerrik asko etortzeagatik, Haizemari!

Haizemari Berriro ere behar banauzue, deitu. Berehala etorriko naiz.

Ipotxa Agur Mariona. Haizea egin duenez banoa fruituak biltzera.

Aizkolaria Ipotxa joan da eta orain ez dago haizerik. Banoa zuhaitza moztera. Hementxe dago.

Ipotxa Zer da zarata hori? O! Banoa nire etxea ikustera. Aizkolaria! Zertan zabiltza, nire etxea apurtzen?

Aizkolaria Isil zaitez! Zuhaitz hau moztu behar dut egurra egiteko.

Ipotxa Hau ez da horrela geratuko. Mariona! Mariona! Berriro aizkolaria nire etxea apurtzen dabil!

Mariona Ba, Hodeimariri deituko diogu. Hodeimari! Hodeimari!

Hodeimari Itsasaldetik nator oporraldian ari nintzen, zer nahi duzue?

Mariona Begira, aizkolariak Ipotxaren etxea apurtu nahi du.

Hodeimari Ez du lortuko, zaparrada galanta botako diot eta.

Aizkolaria Euria hasi da! Baina euri tanta batzuk besterik ez dira. Baina, baina...gero eta zaparrada handiagoa. Ezin dut lanean jarraitu. Hobe dut etxera joatea.

Denak Ondo, lortu dugu! Aizkolaria joan egin da!

Ipotxa Eskerrik asko etortzeagatik, Hodeimari.

Hodeimarik euria bota duenez, perretxikoak hazita egongo dira. Banoa biltzera.

Aizkolaria Azkenean atertu du eta gainera Ipotxa ez dago hemen. Zuhaitza moztera joango naiz. Baina oraingoan ez naute harrapatuko, euritakoa, txamarra eta bufanda hartuko ditut.

Ipotxa Baina zer entzuten dut? Berriro aizkolaria nire etxea apurtzen. Mariona, Mariona!

Mariona Zer pasatzen da, Ipotxa? Baina berriro ere gauza bera! Oraingoan eguzkiari deituko diogu. Eguzki! Eguzki!

Eguzkia Hemen nago, zuei laguntzeko prest. Zer nahi duzue?

Mariona Begira, aizkolariak ipotxaren etxea apurtu nahi du.

Eguzkia Ez du, ez, apurtuko; nire indar guztia erabiliko dut; nire izpiez berotuko dut.

Aizkolaria Zer bero egiten duen! Txamarra kendu beharko dut. Ezin dut aguantatu. Horrela ezin dut zuhaitzik moztu. Hobe dut etxera joatea, bestela erre egingo naiz hemen.

Denak Ondo! Lortu dugu! Etxera joan da!

Ipotxa Eskerrik asko etortzeagatik, Eguzki!

Eguzkia Behar banauzue, berriro ere deitu. Berehala etorriko naiz.

Mariona Agur eta hurrengora arte.

Ipotxa Agur. Eguzkiak berotu duenez dena lehor egongo da. Egurra biltzera joango naiz.

B eredua - DBH 1-2

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

ARRAINTXOA (Bergarako Angiozar h.i.)

ESKOLA ANTZERKIA 7

Soldadua (Errege martxa entzuten da gero eta hurbilago) Bidea erreginari! Bidea erreginari! Belauniko eta makurtu buruak!

Arrantzalea Zergatik belauniko eta makurtu buruak?

Soldadua Erregina datorrelako, eta erreginak gure errespetu guztia merezi du.

Erregina Nortzuk zarete zuek? ez zaituztet ezagutzen.

Alizia Ni Alizia printzesa naiz eta hau nire senarra duzu.

Erregina Zuek ere nire menpekoak zarete eta zergak ordaindu beharko dizkidazue.

Soldadua Bai, maiestate, zuk esaten duzun bezala egingo da, zure esanetara gaude.

Erregina Aurrera nire soldaduak, gauerako Bizkaiko gaztelura heldu behar dugu; hantxe dauzkagu handiki guztiak zain ongietorria emateko!

Alizia Entzun duzu erreginak esan duena, gizona?

Arrantzalea Bai, andrea, eta zer? gu erreginaren morroi gara.

Alizia Zoaz arrainarengana eta eskatu geu izateko erre-erreginak.

Arrantzalea Zertarako nahi dugu errege-erregina izan? Gu hemen oso gustora gaude.

Alizia Neuk nahi dut, baina! Erregina izatea da munduko gauzarik ederrena eta.

Arrantzalea Baina nola emango digu hori?

Alizia Beste guztia eman digun moduan. Aide! Ospa! Segi bizkor!

(Arrantzalea itsasora abiatzen da, abesten)

Arrantzalea Arraintxoa!... Arraintxoa...! Arraintxoa! Hemen nago berriro ere.

Arraina Lotan nengoen, aizu! Zer nahi duzu orain?

Arrantzalea Nik ezer ere ez baina Aliziak, nire andreak, erregina izan nahi du.

Arraina Hori nahi baduzu, horrela izango da. Zoaz etxera, zure andreak badauka nahi duena eta.

Arrantzalea etxera itzultzen da eta jauregia ikusten du.

1. soldadua Geldi hor! Hemendik ez dago pasatzerik. Nor zara zu?

Arrantzalea Ni arrantzalea naiz.

2. soldadua Galdera batzuk egin behar dizkizugu. Non bizi zara?

Arrantzalea Jauregi horretan.

1. soldadua Gezurra! Hemen erregina bizi da.

2. soldadua Ez esan gezurrik guri, lapurra! Kartzelara eramango zaitugu eta!

Alizia Utzi bakean gizon hau, nire senarra da eta. Ikusten duzu, gizona? Orain erregina naiz, hemendik aurrera jaietan ibiliko gara gau eta egun. Ez dugu lanik batere egingo!

Arrantzalea Orain bai biziko garela pozik!

Alizia Bai, baliteke. Baina goazen! jai bat antolatu dut eta!

Kontalaria Aliziak denboraldi bat pasatu zeuen erregina izaten. Gau eta egun jaietan ibiltzen ziren, baina egun batean...

Arrantzalea Goazen, Alizia! Berandu da eta! Eguzkia irten da eta gu oraindik oheratu gabe.

Alizia Zergatik bukatzen da hain azkar gaua jaietan?

Arrantzalea Horrelaxe da! Eguzkia agertu eta eguna hasten da.

Alizia Ba nik eguzkiari eta ilargiari noiz irten agindu nahi diet. Zoaz eta eskatu arrainari!

Arrantzalea Hori ezin da eskatu.

Alizia Joan, bestela kartzelara bidaliko zaitut! Soldaduok, hartu gizon hau eta eraman bere txalupara!

Arrantzalea Beno, beno, banoa, baina azkeneko aldia izango da, e! Arraintxoa!... Arraintxoa!... Arraintxoa!...

Arraina Zer nahi duzu orain?

arrantzalea Nik ezer ere ez baina Aliziak, nire andreak, eguzkiari eta ilargiari noiz irten agindu nahi die...

Arraina Ongi da. Zoaz etxera, zure andreak badauka merezi duena eta.

D eredua - LMH 3-4

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

ITSASMINEZ (Ondarroako Zubi Zahar ikastola)

ESKOLA ANTZERKIA 2

Argi Karakola, zer dio itsasoak?

Narratzailea Eta itsasoak honela erantzun zion: «Itsasoan zerbait gertatzen da»

Argi Itsasora joan behar dut zer gertatzen den jakitera. Joan behar dut, joan behar dut...

Argi II. agerraldia

Hara...! Itsasoaren azpian nago...! Baina zein arraro dagoen itsasoa! E! arrainak! Zerbait gertatzen zaizue?

1. arraina Utz nazazu pakean!

2. arraina Oso kezkatuta nabil!

3. arraina Pulpez olagarroak daki!

4. arraina Joan eta galdetu!

1. arraina Eta itsasoa mugimendurik gabe gelditzen bada?

2. arraina Akabo itsasoko bizitza!

3. arraina Akabo itsasoko bizitza! Itsas izarrak hil egingo dira!

4. arraina Eta olaturik gabe geldituko gara. Zerbait egin behar dugu!

2. arraina Pulpez olagarroak jakingo du. Goazen beragana!

Arrainak Pulpez olagarroa esnatu!

2. arraina Oso kezkaturik gabiltza!

4. arraina Itsasoa indarrik gabe gelditzen ari da!

Olagarroa Zer gertatzen da hemen? Esnatu egin nauzue!

1. arraina Horixe nahi genuen!

2. arraina Olaturik ez dago!

3. arraina Oso kezkatuta gaude!

4. arraina Itsasoa indarrik gabe gelditzen ari da!

2. arraina Oso kezkatuta gaude!

Olagarroa Isilik...! Zaudete isilik! Pentsatu egin behar dut...

1. arraina Bai, bai, isilduko gara!

Olagarroa Beno, nire iritzia emango dizuet. Jakin behar duzue ilargiak betidanik guretzat lan egin duela. Berari esker mugitzen da itsasoa alde batetik bestera. Eta mugitzen ez bada...! Ilargia gurekin haserre dagoela esan nahi du. Berarekin hitz egitera joan behar dugu.

2. arraina Eta nola joango gara?

1. arraina Itsasotik ateratzen bagara hil egingo gara...

3. arraina Arnasarik gabe geldituko gara!

Olagarroa E, e, e! Eta hori zein da? Eta nola etorri da honaino?

Argi Ni Argi naiz. Nire osaba Joxek emandako karakolak ekarri nau.

Olagarroa Oso ondo... Zu zeu joango zara ilargiarekin hitz egitera.

Argi Baina ni...

Arrainak Mesedez... oso kezkatuta gaude! Itsasoa indarrik gabe gelditzen ari da.

Narratzailea Berriro Argik soinu handi ikaragarri bat entzun zuen eta halako batean ilargi bete-betea agertu zen.

Ilargia Begira zein dagoen hor. Ummm! Uste dut nirekin hitzegitera etorri dela. Baina nik... ez dut berarekin hitz egin nahi. Bai, neska hau bidali dute nirekin hitz egitera... ba... izkutatu egingo naiz. E! Lainoak, zatozte!

Argi Badakit hor zaudela!

Ilargia Bai, hemen nago baina oso haserre

Argi Zergatik baina?

Ilargia Inork ez duelako nire lana behar den bezala miresten eta lan gehiago ez egitea pentsatu dut.

D eredua - LMH 5-6

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

ANTONINO APRETA (Hernaniko Langile ikastola)

ESKOLA ANTZERKIA 4

Laguna Azkenean elefanteak, Antonino!

Antonino Goazen gure kasua esplikatzera!

Laguna Ipurdiko ederrak hartzeko daude, gizarajoak!... Basoko animaliek bolada txarrak eta bolada onak baitituzte. Eta aspaldi honetan, hori zortea horiena!

1. elefantea Aizu! Guk nahikoa dugu geure problemekin!

Antonino Baina ez didazue hor nonbait daukazuen larru zaharren bat eman behar?

2. elefantea Aizu! Orain dela gutxi sua izan genuen, den-dena erre zuen su latza, nondik jan ez dakigula gabiltza, beraz, martxa hemendik!

Antonino Nik larru zahar bat besteik ez dizuet eskatzen.

1. elefantea Aizu! Zuk ekarriko dizkiguzu landare eta zuhaitz hosto goxoak? (Antoninok ezetz esten du buruarekin)

2. elefantea Aizu! Zer nahi duzu orduan! Gure larruak musutruk ematea! Ezta pentsatu ere! Nork bereak konpon ditzala!

Antonino Esaidazu laguna, jirafak ez dira, ba, lepoluzeak eta gu baino hiru bider handiagoak?

Laguna Bai, noski!

Antonino Orduan, hor dagoen hori nola ote da hain txikia?

Laguna Berari galdetzea onena!

Antonino Aizu, barka ezazu, zuek ez duzue tamaina dexentea izaten? Eta ez zarete, ba, lepoluzeak?

Jirafa Bai, baina, aspertuta nengoen nire itxurarekin. Handi izateak enbarazu asko ohi dakar.

Antonino Aizu, askotxo galdetzea ez bada, nola jarri zara horrela, nola bihurtu zara hain txiki?

Jirafa Nola? Ba, Txikimizina hartuz!

Antonino Txikimizina?

Jirafa Bai... ikusten duzu botila hori? Ba, hortik zurrut eginez gero, hamar aldiz txikiagoa egiten zara...

Antonino Ez egidazu esan! Oi, zer poza!

Laguna Baina zertan lagunduko digu Txikimizinak, Antonino?

Antonino Ez duzu konprenditzen, lagun? Bonbolino etortzen denean, honetatik edateko esango diot, eta orduan...

Laguna Eta orduan den-denak pagatu beharko ditu!

Jirafa Bueno, bueno, ez dut ezer konprenditzen. Baina botila eraman nahi baduzue, eraman, erregalatu egingo dizuet!

Antonino Mila esker! Adio! Goazen korrika...

Alaba 5. eszena (Etxean)

Ai, aitatxo! Gehiago ez zinela etorriko uste nuen!

Antonino Ai alabatxo! Biaje luzea egin behar izan du aitak! Baina oraingoan konponduta dago den-dena!

Alaba Diganteak bueltatu egingo dizkit nire urre eta zilarrezko zapatak?

Antonino Bueltatu beharko! Nire asmoa hauxe da, diganteari Txikimizina edan araztea.

Alaba Eta nola lortuko duzu hori?

Antonino Ba, Bonbolinori sekulako errezibimendua eginez, bere etorreraz poztuko bagina bezala...

Laguna Aizu, neska, joan zaitez etxez etxe eta esan denei hona etortzeko! Herritar guztiak bildu beharra daukagula!

D eredua - DBH 1-2

EZINBESTEKO IRAKURGAIA

ANTONINO APRETA (Hernaniko Langile ikastola)

ESKOLA ANTZERKIA 4

Antonino Zer berri, lagun? Zurbil zaude, gero!

Bizilaguna Bonbolino datorrelako zure bila.

Antonino Eta zein da Bonbolino hori?

Bizilaguna Ez dakizu? Bonbolino digantetzar bat da... etxe hau bezain altua, sagardo upela bezain lodia...

Antonino Lasai, gizona, lasai! Zer nahi du digante horrek nigandik?

Bizilaguna Zer nahi duen! Zer nahiko du, ba! Zapata pare bat!

Antonino A, hori besterik ez bada, zapatariak horretarako gaude, zapatak egiteko. Etxe hau bezain altua dela esan duzu, ezta? Ba, tamaina horretako bi zapata pare egingo dizkiot, ez kezkatu, lagun!

Bizilaguna Ondo, Antonino, baina kontuz ibili, digante horrek jenio petrala du eta!

Alaba 2. eszena

Lurra ikaran da, aita.

Txoria Ez, ez da lurrikara.Bonbolinoren pausoak dira.

Antonino Zer nahi duzu jauna?

Digantea Hiri zer iruditzen zaik, demonio tontoa! Zapatak! Ekarrizkidak zapatak! Ez al duk ikusten hankautsik nabilela!

Antonino Segituan, jauna. Eseri zaitez txabola horren gainean. Aiseago probatuko dituzu horrela.

Digantea Kaka zaharra! Paperezkoak egin dizkidak!

Antonino Ez jauna, ez. Larruzkoak dira!

Digantea Ni ez nauk ba zapatarik gabe geldituko! Puskatzen ez diren zapatak egin beharko dizkidak! Horixe baietz!

Antonino Zuk hala nahi izanez gero... burdinazkoak egingo dizkizut...

Digantea Baina hik zer uste duk? Niri ez zaizkidak zapata gogorrak gustatzen! Fuerteak bai, baina gogorrak ez!

Antonino Halakoak egingo dizkizut. Barka, jauna, zein koloretako zapatak desio dituzu?

Digantea Marroiak!

Antonino Marroiak izango dira orduan. Nongo larruz egin behar ditut zapata fuerte, biguin eta marroiak?

Digantea Heuk jakingo duk hori! Bitartean ziurtagiri gisa, gauza bat kenduko diat! Esaidak, Beltza!... Zer maite dik zapatariak gehien?

Txoria Bere alabak dauzkan urr-zilarrezko zapatak! Bere alabak dauzkan urre-zilarrezko zapatak!

Digantea Ixo, Beltza! Esaidak orain... zer kenduko zioagu zapatariari?

Txoria Bere alabak dauzkan urre-zilarrezko zapatak!

Digantea Ederto! Joan eta kenduizkiok, Beltza!

Adio, zapatari putza! Hilabete barru etorriko nauk, eta nire zapatak egin gabe bazeudek, orduan akabo hire alabaren urre eta zilarrak! (Alde egiten du eta Antonino negarrez geratzen da)

Alaba Aita, ez tristetu! Badakit trantze honetatik nola atera!

Antonino Nola, alaba?

Alaba Elefante bat bilatuz, aita! Hala erakutsi didate eskolan, elefanteak duela larrurik fuerteena... fuertea eta biguna, diganteak nahi duen bezalakoa!

Antonino Eta marroia! Elefanteek larru marroia dute! Arrazoi duzu alaba! Zoologikora joango naiz, edo ohianera..., alaba, eta elefante baten larrua eskatuko diot han daukadan lagun bati...

Alaba Joan zaitez ba, aita. Ni etxean geratuko naiz, zain.


Azterketa dokumentala