Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

223. zk., 2009ko azaroaren 19a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6147

AGINDUA, 2009ko azaroaren 6koa, Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuarena. Honen bidez, arrantza- eta akuikultura-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko 2009ko ekitaldirako laguntzak, Europar Batasuneko Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduan jasotakoak, deitu dira.

Europako Erkidegoaren erreferentziazko esparrua, 2007-2013 epealdirako, arrantza- eta akuikultura-produktuen laguntzei dagokienez, Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamendua da, Arrantzaren Europako Funtsari buruzkoa (AEF). Izan ere, Europako Erkidegoko arrantza-politikaren garapen iraunkorra du helburu nagusi, erregelamenduan aipatutako lehentasunetan oinarritutako erkidegoaren multifinantzaketa bitartez lortu daitekeena.

Erregelamendu horrek Kontseiluaren 1999ko abenduaren 17ko 2792/1999 (EE) Erregelamendua ordezkatzen du, 2002ko abenduaren 20ko 2369/2002 (EE) Erregelamenduak aldatutakoa. Azken hori 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera indargabetuta geratu zen, eta haren bidez, arrantza-sektorean egitura-helburua zuten erkidegoko esku-hartzeen modalitatea eta baldintzak zehazten ziren. Era berean, Erkidegoko Funtsa berria sortu zen, Arrantzaren Europako Funtsa (AEF) deiturikoa, eta horren ondorioz, Arrantzaren Orientazioko Finantza-Tresna (AOFT) desagertu zen. Erregelamendu berri horren berrikuntzetako bat laguntzarako lehentasunezko- ardatzak ezartzea da.

Europako Erkidegoko Erregelamenduak aplikazio zuzenekoak eta nahitaezkoak dira Europar Batasun osoan, estatu kideetan transposiziorik egin beharrik gabe. 1198/2006 zenbakidun Erregelamenduak 2792/1999 zk. Erregelamendua indargabetzen duenez (2369/2002 Erregelamenduak aldatutakoa), esparru honetako laguntzak, 2007ko urtarrilaren 1etik aurrera, aipatutako Kontseiluko uztailaren 27ko 1198/2006 zk. (EE) Araudiaren babes zuzen eta egokituaren pean arautuko dira.

1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 35. artikuluaren arabera, mikroenpresak eta enpresa txikiak eta ertainak izango dira laguntza horien onuradunak, lehen bezala (2003ko maiatzaren 6ko Batzordearen 2003/361/EE Gomendioan zehazten den moduan). Horrez gain, ETE ez diren enpresak ere barne hartzen ditu, baldin eta 750 langile baino gutxiago edo 200 milioi euro baino gutxiagoko negozio-bolumena badute.

Esparru horretatik abiatuta, gaiaren inguruko aurreko erkidegoko araudia indargabetzen baitu, estatu kideetan programa zehatzak garatzen dira, erkidegoko erregelamendu berrietan jasotako neurriak ezartzeko. Euskal Autonomia Erkidegoari Espainiako arrantza-sektorerako Arrantzarako Europako Funtsaren (AEF) Programa Eragilea (2007-2013) doakio, 2007ko abenduaren 13an onartu zena, Europako Batzordearen C(2007) 6615 Erabakiaren bidez.

Eraldaketaren eta merkaturatzearen arloei dagokienez, aipaturik erregelamenduak laguntzak emateko arau argiak eta zehatzak ezartzen ditu. Egitura-laguntza arrantzako produktuen eraldaketan eta merkaturatzean biltzen du bereziki, eta akuikultura, berriz, mikroenpresa eta enpresa txiki eta ertainetan.

Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren VI. Tituluak ezarritakoaren arabera, beharrezkoa da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren diru-laguntzak publizitate-, objektibotasun- eta lehia-irizpideen arabera ematea.

Horiek horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorrak onartzen dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legearekin eta irailaren 27ko 1/1997 Legegintza-Dekretuarekin bat etorriz, hauxe

EBATZI DUT:

Lehenengoa. -Xedea.

1.- Hona agindu honen xedea: Euskal Autonomia Erkidegoan, arrantza- eta akuikultura-produktuen eraldaketa eta merkaturatzea hobetzeko diru-laguntzetarako 2009ko deialdia egitea, Arrantzaren Europako Funtsari buruzko 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 34. eta 35. artikuluetan jasotakoaren arabera, Arrantzaren Europako Funtsak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuek kofinantzatuta.

2.- Inbertsioak eta gastuak urterokoak edo hainbat urtetarako izan daitezke, aurkezten diren proiektuak burutzeko denboraren arabera.

Bigarrena.- Laguntzen xedea.

Diru-laguntzek jarraian adierazitako helburuak izango dituzte, Arrantzaren Europako Funtsari buruzko Kontseiluaren 2006ko uztailaren 27ko 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 35. artikuluan jasotakoaren arabera:

a) Lan-baldintzak hobetzea.

b) Produktuen baldintza higienikoak eta osasun publikokoak edo kalitatea hobetzea eta horien jarraipena egitea.

c) Kalitate handiko produktuak ekoiztea merkatu oso espezializatuetarako.

d) Ingurumenaren gaineko eragin kaltegarria murriztea.

e) Gutxi aprobetxatutako espezieak, azpi-produktuak eta hondakinak hobeto erabiltzea.

f) Produktu berriak ekoiztea edo merkaturatzea, teknologia berriak aplikatzea edo ekoizteko metodo berritzaileak garatzea.

g) Funtsean lehorreratze lokaletatik eta akuikulturatik datozen produktuak merkaturatzea.

Hirugarrena.- Baliabide ekonomikoak.

1.- 2009ko ekitaldi honetan, laguntza-programa finantzatzeko, 5.900.000 euro erabiliko dira guztira. Funts horietatik, 1.341.358 euro Arrantzarako Europako Funtsari (AEF) dagozkio: 1.158.445,55 euro 2009ko ekitaldiko ordainketa-kreditukoak eta 182.912,45 euro, berriz, 2010eko ekitaldiko konpromiso-kreditukoak. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorrei 4.558.642 euro dagokie: 3.991.554,45 euro, 2009ko ekitaldirako ordainketa-kreditukoak, eta, 567.087,55 euro, berriz, 2010eko ekitaldiko konpromiso-kreditukoak.

2.- Deialdi honen kontura eman beharreko laguntzen kopuru osoak, ebazpen-zati honen lehenengo paragrafoan zehaztutakoak, ez du esandako aurrekontuko diru-izendapena gaindituko, ezta kopuru hori eguneratzearen ondorioz ezartzen den kopurua ere (indarrean dagoen legeriak kreditu-loturari edo aurrekontu-aldaketari buruz aurreikusi duenaren arabera eguneratuko da beti ere). Ematekoak diren laguntzen zenbatekoa aldatuz gero, Elikagai Politika eta Industriako sailburuordearen ebazpen baten bitartez emango da aditzera.

3.- Laguntzak beraiei buruzko ebazpena ematen den ekitaldiko dagozkien ordainketa-kredituei egotziko zaizkie, edo, urte anitzeko proiektuetan, zatikako ordainketei aurre egiteko konpromiso-kredituei, eta dena ere ekitaldian aplikatu behar den aurrekontu-itxierari buruzko arautegiari kalterik egin gabe.

Laugarrena.- Onuradunak.

1.- Laguntzen onuradun izan daitezke, agindu honetan ezarritakoa beteta, diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak kontratatzen eta finantzatzen dituzten pertsona fisiko eta juridiko pribatuak, arrantza-produktuak eraldatzeko eta merkaturatzeko sektoreetakoak.

2.- Arrantza eta akuikulturako produktuak eraldatzeko sektorearen barruan, zehatzago esanda, hona zein azpi-sektoretakoak izan behar dute onuradunek:

- Kontserbak.

- Erdikontserbak.

- Araztegikoak, zetazeoak eta haztegiak.

- Gazituak, ketuak, aurrez prestatutako arrainak, etab.

- Aurrez egositakoak.

- Azpiproduktuen tratamendua, eraldaketa eta merkaturatzea.

- Arraina oinarri duten produktuak ekoiztea (saltsak, arrain-ordezkoak, etab.)

3.- Arrantza- eta akuikultura-produktuak merkaturatzeko sektorearen barruan, zehatzago esanda, hona zein azpi-sektoretakoak izan behar dute onuradunek:

- Deskargatutako arrantza-produktuen irteterako handizkako merkaturatzaileak, bereziki EAEko portuetan (biltegiratzea hozkailuak ez direnetan, hozkailuan biltegiratzea, izozte biltegiratzea, etab.).

- Helmugan handizkako merkaturatzaileak (biltegiratzea hozkailuak ez direnetan, hozkailuan biltegiratzea, izozte biltegiratzea, etab).

4.- Pertsona horiek mikroenpresa edo enpresa txikia edo ertaintzat joak izan behar dute, mikroenpresen eta enpresa txiki eta ertainen definizioari buruzko Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz, edo, aurreko kategoria horretan sartzen ez diren enpresen artean, 750 langile baino gutxiago edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena izan behar dute.

Bosgarrena.- Betekizunak.

Laguntzak eskatzen dituzten eskatzaileek honako baldintzak bete beharko dituzte, eskabidea egiterakoan:

a) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak edo gastuak Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-esparruaren barruan jarrita dauden edo jarriko diren establezimenduekin erlazionatuta egon beharko dira.

b) Diruz lagun daitezkeen inbertsioak ezin dira hasita egon eskaera aurkezten den unean, proiektuaren ordainsaria eta bideragarritasun azterketa izan ezik. Egoera hori bertan egingo den ikuskaritzaren eta Elikagaien Industriako Zuzendaritzak aipaturiko egoeraren ziurtagiria jaulkipenaren bidez egiaztatuko da.

c) Eraldatze-industriei dagokienez, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Elikagaien Industria Erregistroan izena emana izan beharko dute, edo izena emateko bidean egongo dira, eta datu guztiak eguneratuta izan.

d) Foru-ogasunei eta Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko zerga-betebeharrak egunean izatea.

e) Enpresek bideragarritasun ekonomikoa eta merkaturako irteera arruntak izan behar dituzte beren produktuetarako.

f) Krisian dagoen enpresa ez izatea 2004ko urriaren 1eko C 244/2004 Europar Batasuneko zuzentarauetan ezarritako definizioaren arabera; zuzentarau horiek krisian dauden enpresen salbamendu eta berregituratzeko estatuko laguntzei buruzkoa da.

g) Proiektuak ez du ingurumenean ondorio negatiboak eragin behar.

h) AEF Programa Eragilearen (2007-2013) helburuak lortzen lagundu behar dute inbertsioek.

i) Ezin izango du diru-laguntza edo laguntza publikoak eskuratzea eragozten dituzten zehapen administratiborik edo penalik jasota izan, ezta horretarako legezko inolako debekurik izan ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

j) Proiektuak gutxieneko arauak bete behar ditu ingurumen, higienea eta animalien ongizatearen arloan, bai eta dena delako inbertsioei aplikatu dakiekeen erkidegoko arauak ere.

k) Inbertsioak obra zibilaren bat baldin badakar, inbertsioa betetzeko beharrezko lur-eremua eta obra abiarazteko eta ondoren funtzionatzen jartzeko kasuan kasuko kontzesioak eta baimenak izatea, inbertsioak irauten duen bitartean.

Seigarrena.- Eskabideak, aurkezteko epea eta agiriak.

1.- Agindu honetan araututako laguntzak 2009ko ekitaldian lortzeko, eskabideak Elikagaien Industriako Zuzendaritzako titularrari bidali behar zaizkio. Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza saileko bulegoetan (Donostia kalea,1 01010 Vitoria-Gasteiz) aurkez daitezke, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeko 38.4 artikuluan ezarritako tokiren batean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta bere erakunde autonomiadunen erregistroen sorrerari, antolaketari eta funtzionamenduari buruzko apirilaren 29ko 72/2008 Dekretuan xedatutakoarekin bat.

Eskabideak aurkezteko epea 15 egutegi-egunekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera zenbatzen hasita. Nolanahi ere, agindu hau argitaratu aurretik aurkeztutako proiektuak epe barrukotzat joko dira, baldin eta haientzako laguntza-eskabidea 2009ko ekitaldian aurkeztu bada eta bosgarren ebazpen-zatiaren b) paragrafoan ezarritakoa betetzen badute.

2.- Laguntzen eskatzaileek ondoko agiri hauek aurkeztuko dituzte:

a) Eskabidea, agindu honetako I. eranskinean datorren ereduan eginda; web gunean egongo da eskuragarri: www.nasdap.ejgv.euskadi.net.

b) Eskatzailearen NANaren fotokopia, pertsona fisikoa bada.

c) Pertsona juridikoa izanez gero, enpresaren IFKren fotokopia konpultsatua, ahalordetze-eskriturarena, legezko ordezkariaren NANa eta baita erakundearen estatutuen fotokopia eta dagokion erregistrora inskribatzearena ere.

d) Dagokion foru-ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria.

e) TC-1 dokumentua, eskaera eskatu aurreko hilaren enpresaren.

f) Proiektuaren memoria; gutxienez, hurrengo informazioa jasoko du: bete beharreko ekintzen deskribapen zehaztua, betetze-epea, aurrekontua eta enpresaren errendimendu orokorraren hobekuntzan izango duen ondorioa laguntza ematen bazaio; orobat, erakutsiko du, agindu honen bosgarren ebazpen-zatiaren e) idatz-zatian aurreikusi bezala, beren produktuak merkaturatzeko ohiko irteerak dituela eta inbertsioek ez dutela ingurumenean eragin negatiborik izango. Halaber, enpresaren egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak egiaztatuko dira, azken bi urteetako egoera-balantzea eta emaitza-kontua entregatuz.

g) Inbertsioa 60.000 eurotik gorakoa bada, enpresaren egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak egiaztatzen dituen memoria, eta agindu honen bosgarren ebazpen-zatiaren e) idatz-zatian aurreikusitakoa betetzen dela azalduta. Memoria horretan enpresak azken bi urteotan izandako emaitza ekonomikoei buruzko datuak jasoko dira, eta haien etorkizuneko proiekzioarenak ere, bai eta inbertsioa egiten den establezimenduari buruzkoak ere, II. eranskin bezala jasotzen den ereduan jasotako gutxieneko datuekin.

h) Proiektuen inbertsioa 300.000 eurokoa baino handiagoa bada, Bideragarritasun Plan bat aurkeztuko da, bost urtetarakoa, inbertsioa abian jarri zenetik, eta, haren bidez enpresaren egoera ekonomikoa eta etorkizunerako aukerak egiaztatuko dira; halaber, bosgarren ebazpen-zatiaren e) idatz-zatian aurreikusitakoa bete dela jaso behar du (II. eranskinean dago jasota).

i) Inbertsioa egingo den lurren jabetzaren titulua, usufruktua edo errentamendua, obra gauzatzeko proiektu bisatua eta hirigintzako edo obrako lizentzia, baldin eta inbertsioak obra zibila badakar berarekin batera.

j) Produktu izoztuak eta ultraizoztuak biltegi frigorifikoan gordetzeko egiten direnean inbertsioak, justifikazio-memoria eta kontratuaren kopia, horrelakorik egonez gero. Memorian egiaztatu beharko da biltegiko edukiera eraldatze-instalazioen produzitzeko gaitasunaren araberakoa dela (eraldatze-instalazioarekin loturaren bat edo kontratu bidezko erlazioa egongo da), bai eta erosteko gaitasunaren araberakoa ere, produktuak merkaturatuz gero.

k) Zinpeko adierazpena, aurkeztutako dokumentu guztien egiazkotasuna eta bosgarren ebazpen-atalaren f), g), h) eta i) paragrafoetan ezarritako betekizun guztiak betetzen direla ziurtatzen dituena.

3.- Eskabideak baldintza guztiak betetzen ez baditu, interesdunari jakinaraziko zaio hamar egun balioduneko epea duela akatsa zuzentzeko edo beharrezko agiriak eransteko. Halaber, adieraziko zaio horrela egin ezean atzera egin duela ulertuko dela, Elikagaien Industriako zuzendariak ebazpena eman ondoren eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 42. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz.

4.- Edonola ere, Elikagai Industriako Zuzendaritzak, aurkeztutako eskabidean adierazitakoa egoki ulertu, ebaluatu eta eskabidea izapidetzeko beharrezko iritzitako bestelako argibide eta/edo agiri osagarriak eskatu ahal izango dizkio eskatzaileari.

Zazpigarrena.- Diruz lagun daitezkeen proiektu-motak.

Hauek dira diruz lagun daitezkeenak:

1.- Arrantza- eta akuikultura-produktuen manipulatze-, tratatze-, ekoizte-, eraldatze- eta merkaturatze-katean egiten diren proiektuak, lehenengo salmentatik produktuaren azken faseraino.

2.- Gizakiek kontsumitzeko edo animaliak elikatzeko ez den beste helburuetarako erabiltzen diren arrantza- eta akuikultura-produktuen hondakinak jasotzeko eta manipulatzeko proiektuak.

3.- Produktu edo merkatu berriak kaleratzea, proiektu-sorta berriak diseinatzea edo merkatu-azterketak dakartzaten proiektuak.

4.- Arrantza-industriaren produktuen edo industriaren beraren diseinurako eta irudirako inbertsioak: gehienez ere 15.000 euro eskatzaile eta deialdi bakoitzeko.

5.- Enpresek markak eta patenteak garatzeko inbertsioak dituzten proiektuak.

6.- Proiektu estrategikoak eta trakzio-proiektuak: Hauek joko ahal dira proiektu estrategikotzat:

- Euskal Autonomia Erkidegoan arrantza-sektoreko enpresa liderrak ezartzea, eraldatzeko eta/edo merkaturatzeko defizitak dituzten azpi-sektoreetan edo hazteko potentzialtasuna duten sektoreetan.

- Autonomia Erkidegoan finkatutako enpresa baten dimentsioa nabarmen haztea dakarten prozesuak, betiere berrikuntzaren eta produktuaren dibertsifikazioaren aldetik hobekuntzak badakartzate.

- Autonomia-erkidegoko kostaldean enplegu ugari sortzen duten proiektuak.

Zortzigarrena.- Diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak.

1.- Hona laguntzak jaso ahalko dituzten inbertsioak:

a) Ondasun higiezinak egitea eta erostea (lurrak erostea salbu), inbertsioa justifikatzeko makinak eta instalazioak barne hartzen dituztenak. Higiezinetan egindako inbertsioei dagokienez eman daitekeen diru-laguntza gehienez inbertsio guztiaren % 70ekoa izango da, lanbide-ordainsariak barne.

b) Ondasun higiezinak handitzea, eta horrekin batera haien edukiera handitzea.

c) Ondasun higiezinak modernizatzea, eta horren barne inbertsioak egitea kalitate-, segurtasun-, ingurumen- eta teknologia-kontuak hobetzeko.

d) Obra zibila burutzeko beharrezko lanbide-ordainsariak, gauzatze-materialaren obrako proiektuaren zenbatekoaren % 12 gehienez.

e) Makina eta ekipo berriak erostea, ekipo horiek eta laborategikoak eta horretarako behar diren instalazioak funtzionatzeko garrantzitsuak diren programa informatikoak barne.

f) Fabrikaren barne-garraiorako elementuak.

g) Patente eta lizentzia teknologikoak eskuratzea, inbertsioaren % 10eko gehienezko mugarekin.

h) Eraldatze- eta merkaturatze-prozesuekin zuzenean lotutako obrak, dastatze-aretoa eta antzekoak barne.

i) Kalitate-sistema desberdinen ezartzearen ondoriozko gastuak. Zazpigarren ebazpen-zatiaren 4. paragrafoan aurreikusitako diseinu-ekintzak, arrantza-industrian eginak: gehienez, 15.000 euro eskatzaile bakoitzeko.

j) Merkatu-ikerketak eta azterketak egitea dakartzaten proiektuak; gehienez ere, 24.000 euro.

k) Enpresa- eta komertzio-kudeaketa eta -kooperazioa hobetzeko proiektuak, hornidurako eta banaketako logistika-ikerketen eta merkatu-ikerketen bidez: gehienez ere 24.000 euro.

2.- Proiektuaren obra zibilaren zatian, gehienez diruz lagun daitekeen inbertsioa honela kalkulatuko da: eraikitako azalera bider modulu bat, eraikitako higiezinen metro karratuko 615 eurokoa, betiere higiezinok arrantza- eta akuikultura-produktuak eraldatzeko eta/edo merkaturatzeko erabiltzen badira.

Produktuak garaieran biltegiratzeko erabiltzen diren eraikinen kasuan, moduluaren zenbatekoa metro karratuko 615 euro horiek kopuru zehatz batez biderkatuta kalkulatutako da, alegia, bider guztizko altuera zati zazpi ateratzen den kopuruaz.

3.- Makinetan egindako inbertsioak finantza-errentamenduaren bidez finantzatu ahalko dira, bakarrik baldin eta finantza-errentamenduaren kontratuan errentamendu-eragiketa amaitzean ondasun horiek eskuratzeko betebeharra ezartzen bada. Eragiketa horiek aldez aurretik azaldu beharko dira eskaeran, bai eta ondasunaren deskribapena, zenbatekoa eta finantza-erakundea ere, eta sailak berariaz baimenduko ditu. Edozein higiezinen finantza-errendamendua kanpo geratzen da.

Bederatzigarrena.- Diru-laguntzarik jaso ezin dezaketen inbertsioak eta gastuak.

Ezingo dira diruz lagundu honako gaiei buruzko inbertsioak eta gastuak:

a) Enpresa baten jabetzaren transferentzia.

b) Txikizkako merkataritzari dagozkion inbertsioak.

c) Inbertsioa kokatuko den lur-eremua eskuratzea edo lur-eremuaren balioa jada eraikita dauden lokalak edo pabilioiak eskuratzean.

d) Erabilitako makinak eta ekipamenduko ondasunak erostea.

e) Garraio-elementuak, zortzigarren ebazpen-zatiaren 1.f) paragrafoan ezarritakoa izan ezik.

f) Aurrekoen birjarpena baizik ez direnak, betiere, erosi berria aurrekoen desberdinak diren inbertsioekin egin ez bada, dela erabilitako teknologiagatik, dela etekinagatik.

g) Sozietatea eratzeko eta lehen establezimendua jartzeko gastuak.

h) Zuzenean eraldatze- eta merkaturatze-prozesuekin lotuta ez dauden obrak (etxebizitzak, jantokia eta antzekoak).

i) Industria-jarduerari zuzenean loturik ez dagoen urbanizazioa.

j) Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZ) eta bestelako tasak eta zergak.

k) Bulego-altzariak, telefonoak, faxa, fotokopiagailuak.

l) Material suntsikorra erostea.

m) Konpontze- eta mantentze-lanak.

n) Publizitate-kanpainetarako promozio-gastuak.

o) Produktu izoztuak eta ultraizoztuak biltegi frigorifikoan gordetzeari dagokionak, salbu eta biltegiko edukiera eraldatze-instalazioen produzitzeko gaitasunaren araberakoa bada (eraldatze-instalazioarekin loturaren bat edo kontratu bidezko erlazioa egonik), edo erosteko gaitasunaren araberakoa, produktuak merkaturatuz gero.

Hamargarrena.- Laguntzaren gehienezko mugak.

1.- Laguntzen gehienezko muga diruz lagun daitezkeen kostuen % 40raino hel daiteke.

2.- Aurrekoa horrela izanik ere, Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz, enpresa txiki edo ertainen izendapena eduki ez, baina 750 langile baino gutxiago edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena duten enpresek egindako inbertsio-proiektuen laguntzak, gehienez, diruz lagun daitezkeen inbertsioen balioaren % 20koak izango dira.

Hamaikagarrena. - Proiektuen balorazioa.

Proiektuak baloratzean, proiektu bakoitzari eman beharreko puntuazio zehatza emango da, eta puntuazio horren bidez laguntza kalkulatuko da agindu honen hamabigarren ebazpen-zatian ezarritakoaren arabera, hurrengo helburuak kontuan hartuta:

1.- Oro har, proiektu guztietarako:

a) Proiektuak edo inbertsioak estrategikoa izatea eta sektorea bultzatu egitea: 30 puntu gehienez.

b) Proiektuak edo inbertsioak aterakuntzazko sektoreak edo elkarte-izaerako erakundeek sustatzea: 20 puntu gehienez.

c) Proiektuak edo inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko lonjetatik eta portuetatik, batez ere, datorren arraina maneiatzen edo merkaturatzen duten enpresek sustatzea: 20 puntu gehienez.

d) Proiektuek edo inbertsioak enplegu finkoa sortzea, batez ere emakumeentzat eta laguntza premia dutenentzat, behar bezala ordezkatuta ez dauden sektoreetan. Laguntza eskatu denetik inbertsioaren azken ziurtagiria egin arteko aldian sortu behar dira lanpostuak: 15 puntu gehienez.

e) Proiektuen edo inbertsioen ondorioz, enplegu finkoari eustea. Inbertsioa erabili den jarduerako lanpostu finkoen kopurua ez gutxitzea ekarri behar du lanpostuei eusteak: 15 puntu gehienez.

f) Proiektua edo inbertsioa neurri handi batean arrantzaren mende dagoen udalerri batean egitea, bai eta bere eragin esparruan ere, azaroaren 21eko 234/2000 Dekretuan ezarritakoarekin bat: 15 puntu gehienez.

g) Proiektuak edo inbertsioak enpresaren bideragarritasunean eta errentagarritasunean eragin garrantzitsua izatea: 10 puntu gehienez.

h) Erakunde juridiko komunen bidez elkarrekin egindako ekintzen ondorioz, bi enpresek edo gehiagok hasitako proiektuak izatea: 10 puntu gehienez.

i) Proiektuak edo inbertsioak kalitatearen kudeaketarako sistemak ezartzea edota prozesu berritzaileak edo arrantza- eta akuikultura-sektorean aplikatutako metodo berrien garapenekoak txertatzea: 10 puntu gehienez.

j) Proiektua edo inbertsioa Teknologia Gune Egiaztatuek egindako I+G+Bko programa baten berehalako ondorio izatea: 10 puntu gehienez.

k) Diruz laguntzeko inbertsioan guztizko inbertsioaren % 50 baino gehiago makinak eta instalazioak izatea: 15 puntu gehienez.

l) Jardueren ondorioz, merkatua hobeto ezagutzea: 10 puntu gehienez.

m) Jardueren ondorioz, kudeaketa eta enpresa eta komertzio-kooperazioa hobetzea: 15 puntu gehienez.

n) Jardueren ondorioz, produktuak funtsean aldatzea diseinuaren eta kalitatearen aldetik: 10 puntu gehienez.

2.- Eraldatze-proiektuetarako bereziki:

a) Proiektuak edo inbertsioak hauek sustatzea: ingurumena eta baliabide naturalak zaintzea eta hobetzea, baliabideen kontsumo hondakinak tratatzeko sistema eraginkorragoak, azpi-produktuak hobeto kudeatzea eta aprobetxatzea, kostaldeko baliabideak eta ezaugarri tradizionalak gordetzen laguntzea. 15 puntu gehienez.

b) Proiektuaren edo inbertsioaren ondorioz, produktu eta/edo elikatzeko osagai berriak lortzea: 10 puntu gehienez.

c) Proiektuaren edo inbertsioaren ondorioz, gutxi aprobetxatutako espezieak erabiltzea: 15 puntu gehienez.

d) Proiektuak edo inbertsioak instalazioak hirigunetik kanpo berriro kokatzea: 20 puntu gehienez.

3.- Merkaturatze-proiektuetarako bereziki:

a) Proiektuak edo inbertsioak arrantza-produktuen lehenengo eraldaketa sustatzea, balio erantsi handiagoa sortzeko: 20 puntu gehienez.

b) Proiektuak edo inbertsioak enpresen ekintzen nazioartekotzea sustatzea, merkatu berriak gehitzeko aukera emanez: 15 puntu gehienez.

c) Proiektuak edo inbertsioak Euskal Autonomia Erkidegoko beste sektoreekin kontratu-harremanak sustatzea: 15 puntu gehienez.

d) Proiektuak edo inbertsioak merkatuaren dibertsifikazioa sustatzea produktu eta aurkezpen berriak txertatuz: 10 puntu gehienez.

Hamabigarrena.- Laguntzaren zenbatekoa.

1.- Aurreko xedapen-zatian ezarritakoa aplikatuta, proiektu bakoitzak lortutako puntuazioaren araberakoa izango da zenbatekoa, modu honetan:

- 15 puntura arte: eman daitekeen diru-laguntzaren % 0

- 16 - 35 puntu: eman daitekeen diru-laguntzaren % 5

- 36 - 60 puntu: eman daitekeen diru-laguntzaren % 10

- 61 - 75 puntu: eman daitekeen diru-laguntzaren % 15

- 76 - 85 puntu: eman daitekeen diru-laguntzaren % 20

- 86 - 110 puntu: eman daitekeen diru-laguntzaren % 25

- 111 - 130 puntu: eman daitekeen diru-laguntzaren % 30

- 130 puntu baino gehiago: eman daitekeen diru-laguntzaren % 40

2.- Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko 2003/361/EE Gomendioan ezarritakoarekin bat etorriz, enpresa txiki edo ertainen izendapena eduki ez, baina 750 langile baino gutxiago edo 200 milioi eurotik beherako negozio-bolumena duten enpresek egindako inbertsio-proiektuen laguntzak, gehienez, diruz lagun daitezkeen inbertsioen balioaren % 20 izango dira.

Hamahirugarrena.- Diru-laguntzen kudeaketa.

1.- Agindu honetan arautzen diren laguntzak kudeatzeko organo eskuduna Elikagai Industrien Zuzendaritza izango da.

2.- Proiektuak balioztatze aldera, hiru kideko Balorazio Batzordea osatuko da. Kideok Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren mendeko zuzendaritzetako pertsonak izan behar dute (sekula ez Elikagai Industrien zuzendaria). Batzordekide horiek hitz egin eta botoa emateko eskubidea izango dute, eta Elikagai Politika eta Industriako sailburuordeak izendatuko ditu, ebazpen bidez. Ebazpen horretan, halaber, batzordeko idazkaria eta lehendakaria zein izango diren adieraziko du.

Batzordeak, dagokion zeregina aurrera eramateko, gaian adituak diren pertsonei dei diezaieke, hala bileretan parte hartzeko nola aholkularitza emateko.

3.- Balorazio Batzordeak bideragarritasun-azterketa egin eta espedienteak balioztatu aurretik, Elikagai Industrien zuzendaritzari atxikitako teknikari batek eskaera bakoitza aztertu beharko du. Teknikariak, bada, azterketa teknikoa eta ekonomikoa egin beharko du, xedapen-zati honetako 4.a) idatz zatian xedatutako irizpideei jarraituz. Azterketa horren ondoren, proiektua agindu honetan eta deialdi bakoitzean ezarritako baldintzei nola egokitzen zaion ebaluatzeko txostena idatziko du, eta Batzordeari aurkeztuko dio.

4.- Balorazio Batzordeak zeregin hauek izango ditu:

a) Aurkeztutako eskaeren ebaluazioa eta proiektuaren bideragarritasun teknikoaren eta ekonomikoaren azterketa, irizpide hauek aplikatuz:

- Aplikatu beharreko araudia betetzea.

- Proiektuak sortutako lehiatzeko hobekuntza. Enpresaren egungo egoerarekin lotuta sartutako produktu eta prozesuak eta aurreikusitako merkatuak.

- Arrantza-sektorea eta sektore akuiferoa bultzatzea.

- Proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa: proiektuaren eta bere bideragarritasunaren azterketa, eta, eskatutakoen artean, diruz lagun daitezkeen inbertsioak eta gastuak zehaztea.

- Proiektuaren balorazioa. Hamaikagarren xedapen-zatian ezarritako irizpide objektiboen betetze-maila.

- Proiektuaren merkatuaren bultzada eta balorazioa: kudeaketa komertziala, merkatu berrien ikerkuntza, produktuak eta abar.

b) Hamahirugarren xedapen-zatian laguntza-mota bakoitzarentzat ezarritako balorazio- eta kuantifikatze-irizpide objektiboetan oinarrituta, onuradun bakoitzari eman beharreko laguntzaren zenbatekoa ebaluatzea.

5.- Balorazio Batzordeak ebazpen-proposamen bakarra aurkeztuko dio Elikagai Industrien zuzendariari. Proposamenak, gutxienez, agindu honetako hamabosgarren xedapen-zatian adierazitako edukia izan beharko du.

6.- Balorazio Batzordeak, bere zereginak bete behar horretan, Elikagai Industrien Zuzendaritzako teknikariek egindako txostenak balioztatu (xedapen-zati honetako 3. idatz zatian daude aipaturik), eta, egoki iritziz gero, aurkeztutako eskabideen espedienteetan dauden agiriak aztertu ahal izango ditu.

7.- Balorazio Batzordeak bere funtzionamendu-arau propioak ezartzeko aukera izango du. Horiek xedatzen ez dituzten alderdiei dagokienez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 22tik 27ra bitarteko artikuluetan jasotakoari jarraituko dio.

Hamalaugarrena.- Laguntzak esleitzeko eta zenbatzeko prozedura.

1.- Laguntzak esleitzeko prozedura lehiaketa bidezkoa izango da.

2.- Laguntza jasotzeko eskubidea izango dute agindu honetan ezarritako betebeharrak eta baldintzak betetzen dituzten proiektuek eta, betiere, agindu honetako hamabigarren xedapen-zatian ezarritakoaren arabera, diru-laguntza eskuratzeko gutxieneko puntuazio lortzen badute.

3.- Eskatzaile bakoitzari emango zaion laguntzaren hasierako zenbatekoa hamabigarren ebazpen-zatian ezarritako irizpideak aplikatzearen bitartez kalkulatuko da. Aurreko araua aplikatu ostean, onuradunen zerrenda egingo da, egokituko litzaiekeen hasierako laguntza adieraziz.

Urteko deialdiko diru-horniketa aurreko idatz zatian ezarritakoaren arabera kalkulatutako zenbatekoei erantzuteko adinakoa bada, dagokien diru-laguntzen zenbatekoa emango zaie.

4.- Gehieneko diru-horniketa osoa (hirugarren xedapen-zatian dago ezarrita) ez bada aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko adinakoa, horniketa hori egindako eskabide guztien artean banatuko da, hasieran haietako bakoitzarentzat kalkulatu ziren kopuruen arabera, baina osorik ordaintzeko behar den guztizko zenbatekoari zegokiokeen proportzio berean.

Hamabosgarrena.- Ebazpena.

1.- Aurkeztutako eskabide eta agirien azterketaren ostean, Balorazio Batzordeak egindako proposamena ikusita, Elikagai Industrien zuzendariari dagokio deialdi honen ebazpena ematea. Halaber, erabaki hori arrazoitu dezala eskatuko zaio ebazpen-proposamenetik aldentzen denean.

2.- Ebazpenak arrazoituta egon behar du, eta informazio hau jaso behar du, gutxienez:

a) Aintzat hartutako eskabideei buruz:

- Onuradunen izena edo sozietatearen izena, IFK edo NAN.

- Diruz lagun daitekeen inbertsioaren edo gastuaren zenbatekoa.

- Diruz lagundutako kopurua eta nola banatu behar den, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eta Arrantzarako Europako Funtsaren kontura.

- Hainbat urtetarako proiektuen kasuan, urte bakoitzari dagozkion zenbatekoak zehaztuko dira.

- Dena delako ekintzak zein epetan egin behar diren, eta urtekako banaketa.

b) Aintzat hartu ez diren eskabideei buruz:

- Eskaera gin duen pertsonaren edo sozietatearen izena, IFK edo NAN.

- Zergatik ez den eskabidea onartu.

3.- Ebazpena agindu honek ondorioak eragiten dituenetik sei hilabete igaro aurretik eman eta jakinarazi behar da. Epealdi horretan berariazko ebazpenik izan ezean, interesdunek eskabideak ezetsi direla pentsatu ahal izango dute, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 44. artikuluaren arabera.

4.- Laguntza emateko edo ukatzeko emandako ebazpenaren aurka interesdunak gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dio Elikagai Politika eta Industriako sailburuordeari. Horretarako hilabeteko epea izango du, ebazpenaren jakinarazpena jaso eta biharamunetik aurrera edo hiru hilabeteko epea administrazio-isiltasunak ondorioak izan eta biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedatuarekin bat etorriz.

5.- Aurreikusitako laguntzei buruzko ebazpena banan-banan jakinarazi behar bada ere, Elikagai Industrien zuzendariaren ebazpen baten bidez EHAAn argitaratuko da agindu honen babespean laguntza jasoko duten enpresen zerrenda; bertan, emandako kopuruak ere adieraziko dira, publizitatea dela-eta.

Hamaseigarrena.- Onuradunen betebeharrak.

Agindu honetan araututako laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Laguntzaren xede den inbertsioa edo gastua emakida-ebazpenean eta, hala dagokionean, luzapen-ebazpenean ezarritako epean gauzatzea, agindu honen hamazazpigarren xedapen-zatian ezarritako gehienezko mugarekin.

b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.

c) Emandako diru-laguntza onartzea. Onuradunak, laguntza eman zaiola dioen jakinarazpena jasotzen duen egunetik aurrera, hamabost egunetan ez badio berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten, onartu egin duela ulertuko da.

d) Diru-laguntzaren xede diren inbertsioak eta gastuak gauzatu ondoren gutxienez zazpi urtez mantentzea ondasun higigarriei dagokienez (makinak eta tresnak) eta 10 urtez ondasun higiezinei eta obra zibilekoei dagokienez; denboraldi horretan ezingo dira besterendu edo amortizatu, ezta diru-laguntza ematea eragin zuen xedea ez den beste xede baterako erabili ere. Hori egiaztatzeko, aipatutako epearen amaieran, betebehar hori bete dela ziurtatzen duten agiriak aurkeztuko dira (jabetzaren erregistroko ohar arrunta, kontabilitateko agiriak, etab.)

e) Elikagai Industrien Zuzendaritzari jakinaraztea inbertsioa partzialki edo osorik gauzatu dela eta haren esku jartzea inbertsioa gauzatu dela eta gastua egin dela egiaztatzeko beharrezkoak diren agiri guztiak.

f) Diru-laguntzak lanpostuak sortu edo haiei eusteko bide eman badu, lanpostuen kopuruari hiru urtez, gutxienez, eustea, inbertsioaren azken ziurtapena eman denetik zenbatzen hasita.

g) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari, Herri Kontuen Euskal Epaitegiari eta Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari jasotako laguntzak nola erabili diren eta haien helburuak bete diren fiskalizatzeko eskatzen duten informazio guztia eman beharko diete.

h) Administrazio baten edo erakunde publiko zein pribatu baten beste laguntza edo diru-laguntzaren bat lortuz gero helburu bera betetzeko, horren berri ematea idatziz Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.

i) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzetako bat, objektiboa zein subjektiboa, aldatuz gero, horren berri ematea idatziz Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailari.

j) Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onartu duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 50. artikuluan zehaztutako betebeharrak betetzea.

Hamazazpigarrena.- Ekintzak gauzatzeko gehienezko epeak.

1.- Proiektuak urtebetean edo hainbat urtetan egin ahal izango dira.

2.- Urtebeteko proiektuak gauzatzeko epea ekitaldi honetako abenduaren 31n amaituko da. Nolanahi ere, luzatu egin ahal izango da, hogeigarren ebazpen-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, eta luzatutako proiektuak gauzatzeko gehienezko epea hasiera batean aurreikusitakotik bi urtera amaituko da, irailaren 30ean, hain zuzen.

3.- Hainbat urtetarako proiektuak gauzatzeko gehienezko epea abenduaren 31 izango da, deialdi hau egiten denetik bi urtera. Dena den, luzatu egin ahal izango dira, hogeigarren ebazpen-zatian xedatutakoarekin bat etorriz, eta luzapena hasiera batean aurreikusitako epetik eta bi urte beranduago arte izan daiteke, irailaren 30a arte.

Hamazortzigarrena.- Inbertsioaren edo gastuaren justifikazioa.

1.- Laguntza inbertsioak edo gastuak egiteko erabili dela frogatzeko, jarraian adieraziko diren agiriak aurkeztu behar zaizkio Elikagai Industrien Zuzendaritzari:

a) Gauzatutako jardueren justifikazio-memoria; bertan, proiektua betetzeari eta horren gauzatze-mailari buruzko informazioa bilduko da.

b) Dagokion Foru Ogasunarekin dituen zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketak egunean dituela erakusteko ziurtagiria.

c) Ordainketaren fakturak eta ziurtagiriak.

d) Lan finkoa sortzearen edo hari eustearen aldeko proiektu eta inbertsioen kasuan, enpresaren lan-bizitzari buruzko egiaztagiriak, kotizazio-kontu guztiei dagokienez. Gizarte Segurantzak edo erakunde baimenduak emango ditu egiaztagiri horiek.

e) Diru-laguntza ondasun higiezinak eskuratzeko erabili bada, erosketa egiaztatzen duen agiri publikoaren kopia aurkeztuko da. Agiri horrek Jabetza Erregistroan behar bezala inskribatuta egon beharko du.

f) Inbertsioak obra zibila, hirigintzako lizentzia edo establezimenduko obra dakarrenean, lizentzia eta baimen horiek nahitaezkoak ez diren kasuetan, inbertsioak kokatuta dauden udalak emandako ziurtagiria edo eskumena duen teknikariak emandakoa aurkeztu beharko da, dagokion elkargoak behar bezala ikus-onetsia.

2.- Laguntzak modu egokian kudeatu eta ordaintzen direla egiaztatze aldera, inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezteko epea, gehienez, sei hilabetekoa izango da, onuradunak inbertsioa gauzatu eta ordaintzen duenetik zenbatzen hasita. Ahalik eta gehien luzatutako proiektuen kasuan, epea luzapena amaitzen den ekitaldiko urriaren 31n bukatuko da.

3.- Jatorrizko agiriak edo, halakorik ezean, fotokopia konpultsatuak baino ez dira onartuko.

4.- Elikagai Industrien zuzendariak agiri gehiago eskatu ahal izango ditu, egoki irizten badio. Eskaera horrek arrazoitua izan behar du.

5.- Honako baldintzaren bat gertatzen bada, Elikagai Industrien zuzendariak txosten gehigarria aurkez dadila eskatuko du:

a) Laguntza jaso duten inbertsioak 1.000.000 eurotik gorakoak izatea.

b) 200 faktura baino gehiago egotea.

c) Gaztelania eta euskara ez diren beste hizkuntza batzuetan idatzitako agiriak egotea.

Hemeretzigarrena.- Ordainketa.

1.- Aurreko idatz zatian aipatutako agirien bidez inbertsioa edo gastua justifikatu ondoren eta inbertsioen egiaztapena egin ondoren egingo dira ordainketak. Ordainketa horiek Elikagai Industrien Zuzendaritzako teknikariek egingo dituzte gehienez ere 2 hilabeteko epean, inbertsioa osorik edo partzialki gauzatu dela jakinarazten denetik aurrera.

2.- Ez da diru-laguntzen aurrerakinik emango.

3.- Hainbat urtetarako proiektuak direnean, urte bakoitzean eginiko inbertsio edo gastuen ordainketa ekitaldi bakoitzean egingo da, dagokion ekitaldiko aurrekontuen kontura.

4.- Urte bakoitzaren barruan ordainketa partzialak egin ahal izango dira; pertsona interesdunak eskaera egin ondoren gauzatuko dira, eta gehienez ere hiru ordainketa partzial egingo dira urte bakoitzean.

Ordainketa partziala egiteko eskaerarekin batera, hamazortzigarren xedapen-zatiko 1. paragrafoko a, b, c eta d idatz zatietan aipaturiko agiriak aurkeztu behar dira.

5.- Diru-laguntzak onartzeko eta, hala badagokio, onuradunei ordaintzeko, ezinbestekoa izango da Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren eta haren erakunde autonomiadunek emandako antzeko diru-laguntzaren bat dela-eta, oraindik itzulketa edo zigor prozeduraren bat izapidetzen ari bada, prozedura horri amaiera ematea.

6.- Inbertsioa ezarritako epeen barruan egiten ez bada, ezta luzapen-epeen barruan ere, edo epe horretan inbertsioa egin dela egiaztatzen duten agiriak aurkezten ez badira, horrek honakoak ekarriko ditu berekin:

- Arrantzaren Europako Funtsaren (AEF) kontura finantzatutako laguntzaren zatiari dagokionez, AEFren konturako ordainketa-konpromisoa kentzea, Kontseiluaren 1198/2006 (EE) Erregelamenduaren 90. artikuluan AEFri buruz ezarritakoarekin bat etorriz.

- Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen kontura finantzatutako laguntzari dagokionez, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzea eta, hala badagokio, agindu honen hogeita bigarren xedapen-zatian aurreikusitako itzultze-prozedurari ekitea.

Hogeigarrena.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea eta inbertsioa egiteko epea atzeratzea.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan hartutako inguruabarretako bat aldatzen bada, beste erakunde publiko nahiz pribatu batek beste laguntza edo diru-laguntzaren bat ematen badu edo inbertsio-proiektua aldatzen bada, Elikagai Industrien Zuzendaritzari jakinarazi eta justifikatu behar izango zaio idatziz, eta gerta liteke ondorioz diru-laguntza emateko ebazpena aldatzea; kasu horretan, dena dela, agindu honetan ezarritako gutxieneko eskakizunak eta laguntza ematea eragin zuen xedea bete behar izango dira. Horretarako, Elikagai Industrien zuzendariak dagokion likidazio-ebazpena emango du, emandako diru-laguntzaren zenbatekoak doitzeko. Hala bada, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzultze-prozedurari ekingo zaio.

2.- Baldin eta gastuaren behin betiko eta benetako kostua onetsitako gastuaren aurrekontua (laguntza zehazteko baliatu zena) baino gutxiago bada, diru-laguntzaren zenbatekoa txikitu egingo da, Elikagai Industrien zuzendariaren ebazpenaren bidez, eta gero diru-laguntzaren portzentajea oinarri txikituari aplikatuko zaio.

3.- Salbuespen gisa, pertsona onuradunak aldez aurretik idatziz eskatu eta arrazoitu ondoren, beranduenean laguntza emateko ebazpenean xedatutakoarekin bat etorriz inbertsioa bukatu behar den urteko abenduaren azken hamabostaldia baino lehen, Elikagai Industrien zuzendariak, hala badagokio, inbertsioaren gauzapena atzeratu ahal izango du ebazpen bidez, eta bertan ezarriko du luzapenaren gehienezko epea, betiere, hasieran onartutako diru-laguntza mantenduta. Proiektuak gauzatzeko gehienezko epeak inoiz ez du agindu honen hamazazpigarren xedapen-zatian ezarritako epea gaindituko.

4.- Justifikatutako kausarik ezean, onartutako inbertsioa aurreikusitako epean ez gauzatzeak edo aurreikusitako inbertsioaren eta azkenean egindakoaren artean % 20ko edo gehiagoko beheranzko desbideratzea izateak ez betetzeagatiko espedientea hastea eragin dezake. Aurkeztu eta onetsitako proiektu bat partzialki betetzen ez bada, eta Elikagai Industrien zuzendariaren ustez horrek proiektu osoa indargabetzen badu, horrek diru-laguntza deuseztatzea ekar dezake.

Hogeita batgarrena.- Atzera egitea eta uko egitea.

1.- Laguntza eskatu duen pertsonak eskaeran atzera egin ahal izango du. Hori eskatutako laguntza emateko prozeduraren ebazpena jakinarazi aurretik egin behar da. Atzera egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Elikagai Industrien zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

2.- Laguntzaren onuradunak uko egin ahal izango dio laguntzari. Hori emandako laguntza onartu eta gero egin dezake, hamaseigarren xedapen-zatiko c) idatz zatian ezarritakorekin bat etorriz, baita inbertsioa amaitu edo gastua gauzatu aurretik ere, betiere, Administrazioak inolako ordainketarik egin ez badu. Uko egiteko asmoa idatziz aurkeztuko zaio Elikagai Industrien zuzendariari eta hark, ebazpen bidez, bete-betean onartuko du eta hari dagokion prozedura amaitutzat emango du.

Behin ukoa onartuta, onuradunak hasierako ebazpenean onartu zitzaion eskubidea galduko du automatikoki.

Ukoa onartu ondoren, eta bidezkoa denean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan aurreikusitako itzulketa-prozedurari ekingo zaio.

Hogeita bigarrena.- Ez-betetzeak.

1.- Onuradunak betetzen ez badu agindu honetan eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako eskakizunetako bat edo, hala bada, diru-laguntza emateko ebazpenean ezarritako baldintzetako bat, edo are proiektua partzialki betetzen ez badu eta, ondorioz, laguntza emateko aintzat hartutako xedea erabat hutsaltzen badu, edo Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritako itzultze-arrazoietako batean erortzen bada, laguntzak eman zituen organo eskudunak, itzulketa-espedientea izapidetu ondoren (interesduna entzunda), beste ebazpen bat emango du eta bertan diru-laguntzarako eskubidea erabat edo partzialki galdu dela aldarrikatuko eta, behar bada, jasotako laguntzak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli behar zaizkiola aginduko, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren kontura ematen diren diru-laguntzen bermeei eta itzulketei buruzko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legeko 53. artikuluan ezarritakoaren arabera. Nolanahi ere, ez dira baztertuko gainerako bidezko ekintzak. Aipaturiko diru-kopuruak diru-sarrera publikotzat joko dira lege-ondorio guztietarako.

2.- Administrazioko arau-hauste baten ondorioa bada itzulketa-prozedura, eskumena duen organoari jakinaraziko zaio dagokion zehapen-prozedura hasteko.

Hogeita hirugarrena.- Bateraezintasunak.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailak, beste administrazio publiko batzuek edo erakunde pribatuek agindu honetan jasotakoen moduko xedeetarako ematen dituzten laguntzak bateragarriak izango dira, betiere, guztira agindu honetan ezarritako mugak gainditzen ez badituzte. Muga horiek gaindituz gero, agindu honi jarraiki emandako laguntzari gehiegizkoa kenduko zaio Elikagai Industrien zuzendariak emandako ebazpenaren bidez.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 6a.

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantzako sailburua,

MARÍA DEL PILAR UNZALU PÉREZ DE EULATE.

I

2009KO EKITALDIKO ESKAERA

SOLICITUD EJERCICIO 2009

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

TXOSTEN TEKNIKO ETA EKONOMIKOAREN EDUKIA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala