Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2009ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6113

EBAZPENA, 2009ko azaroaren 9koa, Ingurumeneko sailburuordearena, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresak Donostia-San Sebastiángo udalerrian sustatzen duen hondakinen balorizazio energetikoa egiteko jarduerari dagokion ingurumen baimen bateratua lortzeko aurkeztu duen proiektua, eta proiektuak berak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana, jendaurrean jartzen duena.

Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen xedea atmosferaren, uraren eta zoruaren poluzioa ekiditea da, eta hau posiblea ez denean, murriztu eta kontrolatzea. Horrela poluzioaren prebentzioari eta kontrol integratuko sistema bat ezartzen du, ingurumena bere osotasunean babesteko.

Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ezarritakoari jarraituz, instalazioen eraikuntzak, muntaiak, ustiaketak edo lekualdaketek, eta baita funtsezko aldaketek ere, ingurumeneko baimen bateratua behar dute, baldin eta lege horren I. eranskinean jasota badaude. Ingurumeneko baimen bateratuaren helburua araua bete behar duten instalazioek bere xedea bete dezaten beharrezkoak diren baldintzak ezartzea da, hain zuen, baimena ematerakoan parte hartu behar duten Herri Administrazio desberdinen lankidetza bermatuko duen eta hiritarren administrazio beharrak arintzen dituen prozedura baten bitartez gauzatuko dena.

Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 3. artikuluak ezarritakoari jarraituz, proeiktuek, publiko zein pribatu izan, obrak, instalazioak edo aipatutako I. eranskinean jasotako edozein jarduera burutzeko, ingurumenean izan dezaketen eraginaren ebaluazioa behar dute, legean adierazitako moduan eginda.

Ingurumen organo honetan izapideak hasi dira Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresak Donostia-San Sebastiángo udalerrian sustatzen duen hondakinen balorizazio energetikoa egiteko proiektuari dagokion ingurumeneko baimen bateratua lortzeko eta proiektuak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko, proiektua Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 1. eranskinean eta Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren I. eranskinean jasotzen baita.

Ingurumeneko baimen bateratua lortzeko aurreikusten den prozeduraren arabera, eskariarekin batera aurkeztu behar den dokumentazioa osotu ondoren, jendaurrean jarri behar da gutxienez 30 eguneko epean.

Proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuak eta xedapen hori garatzeko Arautegia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuak aurreikusten duten prozeduraren arabera ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana jendaurrean jarri behar da.

Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak xedatutakoaren arabera Autonomia Erkidegoek beharrezkoak diren neurriak hartuko dituzte ingurumenaren gaineko eragina ebaluatzeko jardunak, derrigorrezkoa direnean eta eskumena Autonomia Erkidegoari dagokionean, ingurumeneko baimen bateratua emateko prozeduran barneratzeko.

Ondorioz, Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legeak ezarritakoari jarraituz, Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresak Donostia-San Sebastiángo udalerrian sustatzen duen hondakinen balorizazio energetikoa egiteko proiektua, eta proiektuak berak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana, jendaurrean jarri behar dira.

Euskal Herriko Ingurugiroa babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra; Poluzioaren Prebentzioari eta Kontrol Integratuari buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legea; proiektuek ingurumenaren gainean duten eragina ebaluatzeko Legearen testu bateratua onartzen duen urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretua; xedapen hori garatzeko Arautegia onartzen duen irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretua; Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko egitura organikoa ezartzeko den urriaren 25eko 340/2005 Dekretua; Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legea, eta oro har eta bereziki aplikagarri den araudiak xedatutakoari atxikiz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa SAU enpresak Donostia-San Sebastiángo udalerrian sustatzen duen hondakinen balorizazio energetikoa egiteko proiektua, eta proiektuak berak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den hurrengo egunetik hasi eta 30 egun balioduneko epean. Epe horretan bidezko iritzitako arrazoibideak aurkeztu ahal izango dira.

2. artikulua.- Aurreko artikuluan aurreikusitakoa betetzeko, proiektua eta proiektuak berak ingurumenean duen eragina ebaluatzeko azterlana Eusko Jaurlaritzako Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Ingurumenaren Kalitatearen Zuzendaritzan egongo da eskuragarri (Donostia kalea, 1, 2. solairua, Vitoria-Gasteiz), bai eta Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Gipuzkoako Lurralde Bulegoan (Infanta Cristina, 11 - Villa Begoña, Donostia-San Sebastián).

Era berean, adierazitako dokumentazioa hiritarrek errazago eskura dezaten, aipatutako espedientea Donostia-San Sebastiángo Udalari bidaliko zaio, horrek espedientea erakusteko, jendaurrean jartzeko epean.

Era berean, adierazitako dokumentazioa Ingurumena, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Sailaren web orrialdean (www.ingurumena.ejgv.euskadi.net) izango da, hiritarrek errazago eskura dezaten.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 9a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.


Azterketa dokumentala