Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2009ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila
6110

EBAZPENA, 2009ko irailaren 21ekoa, Ingurumeneko sailburuordearena, Ermuko Udalak sustatutako «Ermuko soberakinentzako biltegi bati buruzko Plan Berezia» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek (eta plan horien barne dago «Ermuko soberakinentzako biltegi bati buruzko Plan Berezia» delakoa) ingurumenean duten eraginari buruzko Ebaluazio Bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, «Ermuko soberakinentzako biltegi bati buruzko Plan Berezia» izeneko plana hainbat planek eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio-eremuan dago. Lege horren 9. artikuluan ezartzen denez, ingurumeneko organoak ezarriko ditu ingurumenaren iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun-maila eta zehaztasun-gradua erreferentzia-dokumentu bat emanez, eragindako herri-administrazioak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero. Dokumentu horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Ermuko Udalak 2009ko uztailaren 9an hasi ditu izapideak «Ermuko soberakinentzako biltegi bati buruzko Plan Berezia» delakoak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzari dagokio Plan eta Programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

EBATZI DU:

1.- Ingurumen ondorioetarako soilik, Ermuko Udalak sustatutako «Ermuko soberakinentzako biltegi bati buruzko Plan Berezia» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

2.- Txostena honakoa da:

2.1.- Aurretiazko konsiderazioak.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailaren Sailburuordetzan 2009ko uztailaren 9ko datarekin sartu zen idazkiaren bidez, Ermuko Udalak Ermuan dagoen soberakin-gordetegi batekin lotutako Plan Bereziaren ingurumen inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuaren prozedurari hasiera ematea eskatu zuen. Idazki horrekin batera, Ingurumen Inpaktuaren gaineko Ebaluazio Bateratuaren Ikerketa egiteko Aurretiazko Kontsulten dokumentua atxiki zen, Izaskun Larzabal arkitektoak eta Araydi, Aholkularitza Juridikoa, Lurralde Plangintza eta Ingurumena 2009ko ekainean idatzikoa.

Aurreko paragrafoan aipatutako dokumentua aztertu ondoren, Sailburuordetza honen iritziz inguru fisikoaren analisiaren gaineko lehenengo hurbilketa bat egiten da. Hala ere, aipatu dokumentuak ez du Plan Bereziaren gaia behar bezala justifikatzen eta ezta definitzen ere. Hori dela eta, ondorengo faseetan, horren zehaztapenak eta ekintzak zehaztasun-maila handiago batekin idatzi beharko dira (beharraren justifikazioa, planaren gaia, jardueraren sailkapen-mota indarrean dagoen araudiaren arabera, ezaugarri teknikoak...), horrek planak ingurumenaren gainean izan ditzakeen efektuen balorazio hobeago bat egiteko aukera eman dezan.

2.2.- Egindako kontsultak.

2009ko abuztuaren 2an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.

- Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

- Uraren Euskal Agentzia.

- Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

- IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

- Ekologistak Martxan elkartea.

Arauzko epea bukatuta proposamenak jaso dira:

- Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza espedientearen gainean informatzea beharrezkoa ez dela irizten du.

Aipatu erantzunak Ermuko soberakinentzako biltegi bati buruzko Plan Berezia eta Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazio Bateratuaren ikerketa egiterakoan kontuan izan beharko dira.

2.3.- Planari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

Plana egiteko, nagusiki Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategian (2002-2020); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programan (2007-2010); Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorrean; ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuan. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.

Horretaz gain, Plangintza Urbanistikoa idazteko iraunkortasuneko irizpideak jasotzen dituen Eskuliburuaren gidalerroak jarraitu beharko dira (Eusko Jaurlaritza, Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. Martxoa, 2005). Horrek lehentasuna ematen die hiri eta herri trinko eta anitzei.

Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, planak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:

1) Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.

2) Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea.

3) Lurzorua arrazoizko moduan eta intentsiboki erabiltzea, hirigintza helburuetarako lurzoruen erabileraren intentsitate minimo bat bermatuz (2). Jada artifizial bihurtutako lurzoruen erabilerari lehentasuna emango zaio, bereziki, kutsatutako lurzoruak berreskuratuz eta nekazaritza- eta izadi-lurzorua babestuko da.

4) Aire garbia bermatzea. Inguruaren aire-kalitatea kontuan izan behar da, planean aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.

5) 1367/2007 Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak eta inmisio mugak betetzea (3).

6) Ur garbia bermatzea, hondakin-uren tratamenduak isuriari eta inguru hartzaileari egokituz.

7) Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia (4).

8) Paisaia-faktorea udal-plangintzaren barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala.

Plana modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

2.4.- Ingurumen-Iraunkortasun txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

Beraz, Planak ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta 9/2006 Legearen I. eranskina.

Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioko azterlaneko atal bakoitzean jasotzen diren alderdien edukia eta norainokoa, planak sustatzen dituen esparruari eta jarduera zehatzei berariaz dagozkienak izango dira.

Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

1) Planaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribapena.

2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

3) Planak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

4) Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

5) Planak izan ditzakeen eraginak identifikazioa eta balorazioa.

6) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

7) Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

8) Laburpen-dokumentua.

9) Dokumentazio grafikoa.

Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

2.4.1.- Planaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

Atal honetan Planaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta Erreferentziako Dokumentu honen 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.

Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek Plana lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira planean aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

Planaren proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

2.4.2.- Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

Planak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratua izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Planak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

a) EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

b) Debabarreneko eremu funtzionaleko lurraldearen zatiko plana.

c) EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

d) Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak.

e) Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.

f) Bizkaiko hiriko hondakinen kudeaketarako II. Plan Integrala 2005-2016.

g) Bizkaiko Errepideen Arloko Plana.

Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.

2.4.3.- Planak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

Lurralde-eremu horretako ingurumenaren egoerari buruzko alderdi garrantzitsuenak aipatu behar dira, aurreikusitako erabileretarako duen harrera-ahalmena eta plana aplikatu ezean egoera horrek izango duen bilakaera; eraginik handiena jasango duten aldeetako ezaugarriak azpimarratuko dira.

Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da beharrezko xehetasun mailarekin, hurrengo aldeen analisiaren bidez.

1) Eragin handia jasan dezaketen guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, hidrologia, geologia, hidrogeologia, kultura-ondarea,...).

2) Plan Berezirako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta abar). Honako hau kontuan hartuko da:

2.a.- 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Planak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du. Horretarako Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritzaren txostenean jasotzen den informazioa kontuan izango da.

Proposatutako eremuak oso aldapa handiak ditu eta higadura-arriskua, eta hori landarediaren desagerpenarekin handituko da.

2.b.- Atmosferiko kutsadurari dagokionez, Inguruaren aire-kalitatea (5) kontuan izan behar da, planean aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin.

2.c.- Ermuko Udalak Uraren Euskal Agentziari ekainaren 23ko Uren 1/2006 Legearen 7.l eta 7.k artikuluek ezartzen dituzten txostenak eskatu behar dizkio.

2.d.- Lurzoruaren kalitate aitorpenaren prozedurari hasiera eman beharko zaio, lurzoruaren kutsaduraren prebentzioaren eta zuzenketari buruzko otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17.1.a) eta b) artikuluak ezartzen dituen kasuetan. Horretaz gain, aipatutako artikuluaren 2. atalaren arabera, kasu horietan, ingurumen organoak lurzoruaren kalitatearen aurretiazko aitorpenak baldintzatuko ditu jarduera baten instalazio edo zabalketa bat edo lur-mugimendu bat egitea bideratzen duten lizentziak, baimenak eta ebazpenak.

2.e.- Hondakindegiaren instalazioak mendiarekiko sortu behar duen ekintza Mendien eta Babestutako Eremu Naturalen Administrazioaren gaineko ekainaren 2ko 3/1994 Foru Arauan (ekainaren 28ko BAO, 123. zk.) eta 3/94 Foru Araudia aldatzen duen martxoaren 20ko 3/2007 Foru Arauan (martxoaren 28ko BAO, 62. zk. ) zehazten denari egokitu beharko da.

3) Ingurumenari dagokionez berebiziko garrantzia duten eremuak:

3.a.- Hostozabalen zuhaiztiak. Proposatutako eremuaren iparraldeko zonan dauden haritzen basoak.

3.b.- Korridore ekologikoak. Lekuko eremuarekin lotura-interesa duten paisaiako elementuak identifikatzea iradokitzen da, korridore ekologikoen eskala anitzeko sare bat garatzea posible izateko. Lekuko korridore horien helburuak interes konektorea duen paisaiako elementuak identifikatzea eta babestea, horien gaineko inpaktuen prebentzioa egitea eta horien arteko konektibitatea hobetzea izango lirateke.

3.c.- Proposatutako eremuan «Unzamako San Martin Ermita» Arkeologia Presuntzioa duen Eremua kokatzen da.

Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta planaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

2.4.4.- Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

9/2006 Legearen 8.1 artikuluan, arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

Begietsi diren aukerak lege aldetik nahiz geografiaren aldetik sustatzailearen eskumenekoak direnean, Planaren helburuak planean begietsitakotik beste modu batera garatu beharko dira, plana eta bere baitako jarduerak burutzeko beste une eta toki batzuk proposatuz. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Gainera, alternatiba horren aukeraketa sustatu behar da, modu labur baina behar beste, planak eta bere ekintzek irizpide horiek nola eta zein neurritan garatu nahi dituzten espresuki adieraziz. Zentzu horretan, arrazoizko alternatibak sortzeko eta ondoren horien ebaluaziorako eta aintzat hartzeko erabili behar diren teknika- eta ingurumen-bideragarritasuneko irizpideen aurretiazko identifikazioak alternatiba horiek oinarri diren irizpideekin koherentzia dutela justifikatzeko aukera ematen du.

Planean proposatutako aukera guztiek eta bakoitzak izan ditzaketen ondorio esanguratsuak identifikatu, deskribatu eta ebaluatu egin behar dira, eta ez da alderik egongo ondorio batzuk eta besteak ebaluatzeko kontuan izango diren eskakizunetan. Horretarako, aztertu diren eta gauzatu daitezkeen zentzuzko aukera guztien irudi zehatza azalduko da, eta aukerarik onenak ez direla uste izateko arrazoiak emango dira.

Jasoko dituen hondakin mota kontuan hartzekoa denez eta horien jatorriaren hurbiltasuna neurtzea komenigarria denez gero, honako planean berebiziko garrantzia dauka kokapen aukera ezberdinak izateak.

Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

2.4.5.- Berrikuspenak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).

Ahaleginak egin beharko dira berrikuspenak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.

Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

1) Mehatxatutako fauna eta floraren.

2) Paisaiaren gaineko eragina.

3) Lurzoru artifizializatua gehitzea.

4) Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

5) Ibilgailuen trafikoa areagotzea. Zentzu horretan, aukeratutako kokapenak dauden sarbideak, dauden bideetaraino dauden distantziak edo sarbide berrien beharrak kontuan hartzea gomendatzen da.

6) Zarata arazoak.

Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

Planak eta berrikuspen partzialeko jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

2.4.6.- Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

Plana egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.

Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira.

Planaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, berrikuspenean aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.

Planaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:

1) Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

2) Energia-eraginkortasuna sustatzea.

3) Hondakinen sorrera murriztea.

4) Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

5) 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

6) Dibertsitate biologikoa mantentzea.

2.4.7.- Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

Ingurumenean eragin dezaketen ondorio esanguratsuek bai positiboek, bai neurri zuzentzaileak behar dituztenek, eta hala identifikatuta daudenek, izan dezakete jarraipenaren beharra. Horretarako, eragin bakoitzari aurrez adierazle bat esleitu behar zaio (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

a) Oinarrizko adierazleak (eredu kausalean oinarrituta).

b) Goiburuko ingurumen-adierazleak.

c) EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

d) Europako egitura-adierazleak.

e) Bizkaiko Iraunkortasunaren adierazleak. VII. taldea.

f) Tokiko Agenda 21en adierazleak.

Horiek jarraipen zuzena izango dute ingurumenean gertatzen diren aldaketen jarraipenaren bidez (kausa-efektu erlazioa ezartzeko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-neurrien eta neurri aringarrien jarraipena eginez.

Planak eta bere baitako jarduerek sor ditzaketen eraginik esanguratsuenak neurtzeko adierazleak ezarri ondoren, adierazle horietako bakoitza gainbegiratzeko arduraduna izendatuko da. Adierazle bakoitzak arduradun desberdina izan dezake, gainbegiraketa plangintza- sistemaren zein fasetan txertatzen den kontuan izanda, horrela beti identifikatu ahalko da planak adierazleari egiten dion ekarpen indibiduala.

2.4.8.- Laburpen-agiria.

Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuaren prozedura arautzen duen uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

2.4.9.- Dokumentazio grafikoa.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.

2.5.- Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

a) Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginari buruzko Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2 atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

b) Planaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren azterlana jendaurrean jarriko dira Bizkaiko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko. Bere publizitatea bermatzeko helburuarekin, bi dokumentuak organo sustatzaileak duen sare telematikoaren leku batean sartuko dira eta hori sarrera askekoa izango da, ekainak 30eko Lurzoru eta Hirigintzako 2/2006 Legearen 9.1 artikuluak ezartzen duen bezala.

2.6.- Ingurumen-inpaktuaren gaineko Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz Planaren hasierako onespenaren aurretik, Planaren behin betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Ermuko Udalak ingurumen-organo honi ingurumen-inpaktuaren aldez aurretiko txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea Planarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

3.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren 21a.

Ingurumeneko sailburuordea,

NIEVES TERÁN VERGARA.

Oharrak:

(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

(2) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen

(3) Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legea garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

(4) Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 2.e artikulua.

(5) 1073/2002 Errege Dekretua, urriaren 18koa, sufre dioxido, nitrogeno dioxido, nitrogeno oxidoen, partikula, berun, bentzeno eta karbono monoxidoari dagokienez giroko airearen kalitatearen ebaluazioa eta kudeaketari buruzkoa.


Azterketa dokumentala