Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2009ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6106

AGINDUA, 2009ko urriaren 29koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, Mondragon Unibertsitatean Gradu, Master eta Doktorego titulu ofizialak ezartzeko eta kentzeko baimena ematekoa.

Unibertsitateei buruzko abenduaren 21eko 6/2001 Lege Organikoak (apirilaren 12ko 4/2007 Lege Organikoak aldatua) 8.2 artikuluan dio estatuko lurralde osorako balioa izango duten titulu ofizialak lortzeko irakaskuntzak ezartzea eta kentzea autonomia-erkidegoak erabakiko duela, bai Gizarte Kontseiluak proposatuta, bai erkidegoaren beraren ekimenez, kontseilu horren adostasunarekin, eta, betiere unibertsitatearen Gobernu Kontseiluak txostena eman ondoren.

Euskal Unibertsitate Sistemaren 3/2004 Legeak, otsailaren 25ekoak, 51. artikuluan arautu du Goi-mailako Hezkuntzako Europako Esparrura egokitzea. Unibertsitateen gaietan eskumenak dituen sailak eta unibertsitateek euskal unibertsitate-sistema goi-mailako irakaskuntzako Europako sisteman sartzeko eta tituluaren Europako gehigarriaren diploma emateko nahitaezko egokitzapenak bultzatuko dituzte ikasketa-planetan eta kredituen eta balorazioen sistemetan, eta haiekin batera beharrezkoak diren gainerako neurriak.

Titulu ofizialen ezarpena bi arauk arautzen dute: urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuak, unibertsitateko ikasketa ofizialak arautzekoak; eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuak, Gradu, Master eta Doktorego tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeari eta kentzeari buruzkoak.

Hain zuzen ere, 1393/2007 Errege Dekretuak, urriaren 29koak, 8. artikuluan xedatzen du estatu osoan izaera ofiziala eta baliozkotasuna duten tituluak lortzeko gauzatu behar diren unibertsitate-ikasketak hiru ziklotan egituratuko direla: Gradua, Masterra eta Doktoregoa izenekoetan, hain zuzen.

11/2009 Dekretuak, urtarrilaren 20koak, 16. artikuluan arautzen du zer prozedura jarraitu behar den Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzeko baimena lortzeko. Artikulu horren arabera, Unibertsitateen Kontseiluak egokiak direla ziurtatzen duen ebazpena eman ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio Gradu, Master eta Doktoregoko unibertsitate-ikasketa ofizialak ezartzea baimentzen duen Agindu-proposamena taxutzea. Ondoren, Agindu-proposamen hori Unibertsitateen Euskal Kontseiluari aurkeztuko zaio, hark txosten bat egin dezan. 2009ko ekainaren 30ean, Unibertsitateen Euskal Kontseiluari bildu eta Mondragon Unibertsitateak 2009-2010 ikasturterako sortu nahi dituen tituluen berri jaso zuen.

Aurretiaz onartu zituen Mondragon Unibertsitateko Kontseilu Errektoreak, 2008ko urriaren 30ean eta urte bereko abenduaren 19an, hain zuzen ere, 2009-2010 ikasturterako Gradu, Master eta Doktorego tituluak. Ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari helarazi zion landutako dokumentazio osoa, tituluok baimendu zitzan.

Hezkuntza Ministerioko Unibertsitateen Kontseiluak, urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuko 25.7 artikuluan xedatutakoarekin bat, eta behin Kalitate eta Ziurtapenaren Ebaluazio Agentzia Nazionalaren (Aneca) ebaluazio-txostena jaso duenean, Mondragon Unibertsitateak aurkeztutako Gradu, Master eta Doktorego tituluen proposamena egokia dela ebatzi du.

Behin dokumentazioa aztertuta eta urriaren 29ko 1393/2007 Errege Dekretuan, eta urtarrilaren 20ko 11/2009 Dekretuan araututako prozedurara egokitu dela ikusita, egokia da Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Mondragon Unibertsitateak Gradu, Master eta Doktorego titulu jakin batzuk ezarri eta beste batzuk ken ditzan baimentzea.

Eta, horregatik guztiagatik,

XEDATU DUT:

Lehenengo artikulua.- Mondragon Unibertsitateari baimena ematea 2009-2010 ikasturterako honako titulu ofizial hauek ezar ditzan:

- Telekomunikazio Sistemen Ingeniaritza Gradua.

- Ikus-entzunezko Komunikazio Gradua.

- Haur Hezkuntza Gradua.

- Lehen Hezkuntza Gradua.

- Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza Gradua.

- Enpresa Berrikuntza eta Proiektuen Zuzendaritza Master Ofiziala.

- Irakasleak Gaitzeko Master Ofiziala.

- Ekintzailetza, Kooperatibismoa eta Berrikuntza Kudeaketan Doktoregoa.

- Ingeniaritza Doktoregoa.

Bigarren artikulua.- Aurreko artikuluan baimendutako titulu ofizialei ebaluazio-prozedura bat egin beharko zaie sei urtetik behin, haien ziurtapenari eusteko.

Hirugarren artikulua.- Jarraian zerrendatutako titulu ofizialak, 2006ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak ezarriak izateko baimendu zituen, abuztuaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera; eta orain, prozedura laburtu baten bidez egiaztatu dira, eta hiru urtetik behin ebaluazio-prozedura egin behar zaie haien ziurtapenari eusteko.

- Informaziorako eta Komunikaziorako Teknologiak Master Ofiziala.

- Jarduera Mekanikoa eta Materialak Master Ofiziala.

- MBA Enpresa Zuzendaritzan Master Ofiziala.

- Kooperatiba-enpresen Kudeaketako Master Ofiziala.

Laugarren artikulua.- Jarraian zerrendatutako titulu ofizialak 2009-2010 ikasurtetik aurrera ken daitezen baimentzea. Titulu horiek 2006ko otsailaren 15eko Aginduaren bidez Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuak ezarriak izateko baimendu zituen, abuztuaren 21eko 56/2005 Errege Dekretuan xedatutakoaren arabera; eta ez zaie egiaztapen-prozedura laburtua egin.

- Bazkide Kooperatiboen Garapena Kudeaketan Master Ofiziala.

- XXI. mendeko hezkuntzaren erronkak: Kulturartekotasuna eta Eleaniztasuna Master Ofiziala.

- Hezkuntzaren Ikerketa Master Ofiziala.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Unibertsitateen Kontseiluari jakinaraztea autonomia-erkidego honek baimendu dituen ezarpen berriko unibertsitate-ikasketak, Ministroen Kontseiluaren erabaki bidez, Gradu, Master eta Doktorego tituluei izaera ofiziala onar diezaieten eta, ondoren, Unibertsitate, Ikastegi eta Tituluen Erregistroan sartu eta BOEn argitaratu daitezen.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra Agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 29a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala