Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

221. zk., 2009ko azaroaren 17a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ekonomia eta Ogasun Saila
Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saila
6104

AGINDUA, 2009ko urriaren 23koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena eta Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuarena, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko kontratazio-mahaia sortzeari buruzkoa.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren kontratazio araubideari buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 4. artikuluak xedatzen duenaren arabera Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta kasuan kasuko sailburuak batera emandako aginduaren bitartez, kontratazio-mahai bakarra sortuko da sail bakoitzean.

2009ko maiatzaren 9an indarrean jarritako Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen, eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuak aldatu egin du Jaurlaritzaren egitura eta, ondorioz, eragina izan du lehendik zeuden kontratazio-mahaietan. Hori dela eta, beharrezko da sailen egungo kontratazio-mahaiak indarrean dagoen egitura berriari egokitzea.

Ondorioz, Administrazio Kontratazioaren Aholku Batzordeak egindako txostena jasota, honako hau:

XEDATU DUGU:

1. artikulua.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko kontratazio-mahaia.

1.- Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Saileko Kontratazio Mahaia sortzen da, Zerbitzu Zuzendaritzari atxikita, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailak egin beharreko kontratazioen gaineko espedienteei dagokienez, Euskal Autonomia Erkidegoko kontratazio-arauei buruzko ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 7. artikuluan jasotako egitekoak burutu ditzan, 5. artikuluan zehaztutako jardute-eremuan.

2.- Kontratazio Mahaia kide hauek osatuko dute (ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 6. artikulua):

Lehendakaria: Garraio eta Herri Lanetako sailburuordea.

Mahaikideak:

- Kontratua bultzatu duen Zuzendaritzaren ordezkari izango den teknikari bat.

- Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren ordezkari bat.

- Ondare eta Kontratazio Zuzendaritzaren ordezkari bat.

- Informatika eta Telekomunikazio Zuzendaritzaren ordezkari bat, zuzendariak izendatutakoa, ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 6.3 eta 6.5 artikuluetan zehaztutako kasu eta erregimenarekin bat etorriz.

Idazkaria: Zerbitzu Zuzendaritzara atxikitako teknikari bat, Zuzenbidean lizentziatua dena, Mahaiko idazkari eta lege-aholkulari lanak betetzeko. Idazkari-lan hori kontratazio arloaren arduradunak beteko du, aipatutako baldintzak betetzen baditu behintzat.

2. artikulua.- Ordezkapenen araubidea.

Kontratazio-mahaiko lehendakaria kanpoan, lanpostua hutsik edo legezko beste arrazoiren bat izanez gero, Zerbitzu zuzendariak ordezkoa izendatuko du bere Zuzendaritzako ekonomia eta aurrekontuen kudeaketaren edo lege-zerbitzuaren arlora atxikitako langileen artetik. Idazkaria kanpoan bada, Zuzenbidean lizentziatua eta Zerbitzu Zuzendaritzara atxikita dagoen langile batek ordezkatuko du.

Ekainaren 5eko 136/1996 Dekretuaren 6.2 artikuluaren 2. paragrafoan xedatutakoari jarraituz, Agindu honetan berariaz egiten ez diren izendapenak eta aurreikusten ez diren ordezkapenak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak erabakiko ditu. Izendatutako pertsonen artean ahalik eta alternantzia gutxien egon dadin saiatuko da, eta izendapenek espedientean agertu beharko dute.

3. artikulua.- Agindu honen bidez sortzen den kontratazio-mahaiak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen dituen Lehendakariaren maiatzaren 8ko 4/2009 Dekretuaren eta Dekretu hori aldatzeko uztailaren 30eko 20/2009 Dekretuaren bidez egungo Etxebizitza, Herri Lan eta Garraio Sailari, esleitu zaizkion eskumenen esparruko egitekoak burutzeko lehen sortutako kontratazio-mahai oro ordezten du.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 23a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.

Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburua,

IGNACIO MARÍA ARRIOLA LÓPEZ.


Azterketa dokumentala