Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2009ko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Euskal Herriko Unibertsitatea
6062

EBAZPENA, 2009ko urriaren 19koa, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordearena. Honen bidez arautu egiten da atzerriko enpresetan praktikak egiteko mugikortasun beken EPEZ IV programa (Enpresetan Praktikak Europan Zehar), eta 2009-2010 ikasturteko deialdia eman da argitara.

Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU), BBK Gazte Lanbidean Fundazioarekin eta Durangaldeko Behargintza, Getxolan eta Lanbide/Euskal Enplegu Zerbitzuarekin elkarlanean, UPV/EHUko tituludun berriek atzerriko enpresetan praktikak egiteko ekimen berria antolatu du, EPEZ programa, alegia. Programa hori Leonardo da Vinci Agentziaren mugikortasun programak babesteko deialdiaren esparrukoa da.

UPV/EHUk tituludunen laneratzeko aukerak hobetzen laguntzeko gogoa du eta hortik, hain zuzen, sortu da programa hau, tituludunek ikasketak bukatu eta gero lan-munduari berme handiagoz aurre egin diezaioten. Beste alde batetik, ekimen hau Bolognako prozesuari aurre egiteko neurriak finkatu nahi dituen erakunde-mailako estrategia zabalago baten barruan sartzen da. Azkenik, programaren asmoa da, baita ere, mugikortasunari bultzada sendoa ematea eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko aukera-desberdintasuna gutxitzea.

OINARRIAK

I.- Xedapen orokorrak.

1.- Helburua.

1.1.- Ebazpen honen xedea da EPEZ IV progra­maren oinarriak arautzea eta 2009-2010 ikas­turteko progra­maren deialdia argitara ematea. EPEZ Progra­mak UPV/EHUko tituludun berrien mugi­kor­tasuna atzerriko enpresetara sustatu nahi du, haien lanbide eta laneko gaitasunak jakintza-alor anitzeko nazioarteko taldeetan hobetu, haien enple­gagarritasuna edo ekintzailetza erraztu, eta azken finean, tutorepeko praktiken bidez haien prestakuntza osatzeko asmoz.

1.2.- EPEZ IV programak 45 beka izango ditu, herrialdeko hauetako enpresetan praktikak egiteko: Erresuma Batua, Italia, Frantzia, Portugal, Txekiar Errepublika eta Alemania.

1.3.- Programa honetako mugikortasun-bekak itzuli beharko ez diren diru-laguntzak izango dira, beken emakida agerikotasunaren, lehiaren eta objektibotasunaren printzipioen arabera egingo da, eta bekok lehiaketa banaren bidez adjudikatuko zaizkie eskatzaileei. Hortaz, ebazpen honetan agertzen diren balorazio-irizpideak eta hautaketa-prozesuak aintzat hartuta, lehiaketa gaindituko duten hautagaiei bakarrik emango zaizkie bekak, denak banatu arte.

2.- Baliabide ekonomikoak.

2.1.- EPEZ programako gastua, guztira, 179.251,15 eurokoa da; zenbateko horretatik 122.926 euro Leonardo da Vinci Agentziak jarriko ditu (Bizkaiko Errektoreordetza agentziak egindako mugikortasun proiektuen 2008 deialdira sustatzaile gisa aurkeztu zen, baita lehiaketa irabazi ere) eta gainerako 56.325,15 euroak BBK Gazte Lanbidean Fundazioak, Bizkaiko gazteei lan-munduratzen laguntzeko politikaren esparruan, eta Bizkaiko Cam­puseko Errektoreordetzak finantzatuko dituzte. BBK-k 35.000 euro eta Bizkaiko Campuseko Errek­toreordetzak 21.325,15 euro.

3.- Beka-kopurua, iraupena eta zenbatekoa.

3.1.- 2009-2010 ikasturteko EPEZ IV programan gehienez ere 45 beka emango dira. Beka horiek atzerriko egonaldirako gastuak ordaintzeko dira: bidaiak, aseguruak, prestakuntza, ostatua, mantenua, kudeaketa, antolaketa eta abar.

3.2.- Beken esleipendunek tutore bana izango dute harrera-herrialdean, egonaldiko jarduerak anto­latze eta ikuskatze aldera. Tutoreak egonaldiaren segi­mendua eta ebaluazioa egiteaz arduratuko dira. Halaber, programako onuradun bakoitzari enpresa har­tzaileak tutore bat egokituko dio, enpresako egonaldia ikuskatzeko eta praktikan zehaztutako hel­buruak betetzen direla ziurtatzeko.

3.3.- Mugikortasun beken iraupena hamalau astekoa izango da, bi zatitan banatua: lehen hiru asteetan praktikak egingo diren enpresako hizkuntzan trebatzeko ikastaro bat egingo da, eta azken hamaika asteetan onuradunak egindako ikasketekin zerikusia duten praktikak egingo dira. Bekak 2010eko martxo/apiriletik ekain/uztailera bitartekoak izango dira.

II.- Beken onuradunen hautaketa.

4.- Hautagaien betekizunak.

4.1.- Hautagaiek, eskaria egiterakoan, baldintza hauek bete behar dituzte:

a) UPV/EHUko tituluduna izatea.

b) Helbide fiskala Bizkaiko Lurralde Historikoan izatea.

c) Langabezian egotea.

d) Harrera-herrialdeko hizkuntzan ahoz komuni­katzeko gai izatea, eta gaitasun hori frogatzeko moduan izatea. Erresuma Baturako, Italiarako, Txekiar Errepublikarako eta Portugalerako nahikoa da ingelesez jakitea. Frantziako eta Alemaniako egonaldietarako ezinbestekoa da frantsesa eta alemana jakitea, hurrenez hurren.

e) Gizonezkoa izanez gero, 35 urtetik beherakoa izatea; eta emakumezkoa izanez gero, 40 urtetik beherakoa.

f) Ikasketak, hirugarren ziklokoak izan ezik, 2005-2006 ikasturtean edo ondorengoetan bukatuta izatea.

5.- Eskarien aurkezpena eta bekak esleitzeko proze­dura.

5.1.- Eskariak 2009ko abenduaren 4ra arte aurkez daitezke, UPV/EHUren Bizkaiko Enplegu Zentroan. Zentro hau Sarrikoko Campusean dago, Basoko Etxean, Ekonomia eta Enpresa Zien­tzien Fakultatearen ondoan. Ordutegia hau da: aste­lehe­netik ostegunera, 09:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era; eta ostiraletan, 09:00etatik 14:00etara. Kasu honetan, eskaria aurkeztu aurretik, sarrera eman behar zaio UPV/EHUko Erregistro Orokorreko edozein bulegotan (bulego bat dago Larrako Etxean, Sarrikoko Campusean).

Programari buruzko informazioa UPV/EHUn eskura daiteke 94 601 36 79 eta 94 601 36 81 telefono-zenbakira deituta, enplegubizkaia@ehu.es helbidera idatzita, edo Interneteko http://www.ehu.es/enplegugunea helbidean. Halaber, Durangaldeko Behargintzan eskura daiteke informazioa (telefonoa, 94 623 25 22; e-mail: mdurango@bizkaia.org; Interneteko helbidea, http://www.amankomunazgoa.com/) bai eta Getxolanen ere (Getxoko Udala - telefonoa, 94 466 01 40; Interneteko helbidea http://www.getxo.net/getxolan) ere.

Eskabideak, honako ebazpen honen 6. oinarrian aipatzen den Hautaketa Batzordeko buruari zuzenduta, Araba, Gipuzkoa edo Bizkaiko campusetako edozein erregistro orokorretan, edo UPV/EHUren 2007ko maiatzaren 28ko Ebazpenean aipatzen den edozein bulegotan aurkez daitezke (2007ko abuztuaren 3ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria); bai eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan zehaztutakoaren arabera ere.

5.2.- Eskabidearekin batera dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

a) NANaren edo pasaportearen fotokopia.

b) Argazki bi, nortasun agirirako erabiltzen direnen tamainakoak. Argazkiok duela gutxikoak izan behar dira eta atzealdean izena jarrita izan behar dute.

c) Eskatzaileak administrazio-egoitza Bizkaiko Lurralde Historikoan duela egiaztatzen duen agiria.

d) Currículum Vitaea.

e) Egindako ikastaroen eta laneko esperientziaren egiaztagirien fotokopia konpultsatua. Eskabidea aurkezterakoan agiri bidez frogatzen ez diren ikas­taroak edo esperientzia ez dira kontuan hartuko.

f) INEMeko txartela.

g) Merezimenduak neurtzeko bestelako agiri garran­tzitsuak.

5.3.- Eskabidea egiteko eredua Enplegu Zentroan eta web gune honetan eskura daiteke: http://www.ehu.es/enplegugunea. Beste alde batetik, Curriculum Vitaea eta hizkuntza-gaitasunen egiaztagiria Euro­passen ereduari jarraiki egin beharko dira. eredu hori Internet helbide honetan eskuragarri dago: http://europass.cedefop.europa.eu.

5.4.- Unibertsitateko titulazioa honako agiri hauetako baten fotokopia konpultsatu edo jatorrizko agiriaren bidez egiaztatu beharko da: a) titulua, edo b) titulua jasotzeko eskubideak ordaindu izanaren frogagiria.

5.5.- Hautaketa-prozesurako onartutako eta bazter­tutako hautagaien behin-behineko zerrenda: Enplegu Zentroan, Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren iragarki oholean, eta Interneteko http://www.ehu.es/enplegugunea helbidean argitaratuko da zerrenda, eskabideak aurkezteko epea bukatu eta ondorengo astean, Bizkaiko Campuseko errektoreordearen ebazpenaren bidez. Hala badagokio, zerrenda horretan jakitera emango dira agiri guztiak erantsi ez dituzten eskabideak eta zein agiri falta zaizkien ere zehatz-mehatz azalduko, 10 lanegunen epean hutsuneak zuzen ditzaten eta behar diren agiriak aurkez ditzaten (zerrenda gorago aipatu diren tokietan argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da epea). Halaber, adieraziko da aipatutako epea amaituta agiriok aurkeztu ezean, interesatuak eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

Eskabideak deialditik kanpo geratuko dira: a) eskabideak dagokion epez kanpo aurkezten badira; eta b) ebazpen honetan adierazitako baldintzak betetzen ez badira.

5.6.- Hautaketa-prozesurako onartutako eta bazter­tutako hautagaien behin betiko zerrenda: Amaituta behin-behineko zerrendaren kontrako erre­klamazioak jartzeko epea, hautaketa-prozesuan parte hartuko dutenen behin betiko zerrenda emango da argitara, esandako epea amaitu eta astebetera, Bizkaiko Campuseko errektoreordearen ebazpenaren bidez. Bertan adieraziko da, baita ere, hizkuntzen ahozko probak eta hautaketa egiteko elkarrizketak noiz eta non egingo diren.

Ebazpen honen kontra aukerako berraztertze-helegitea aurkeztu ahal izango zaio hilabetearen epean Bizkaiko Campuseko errektoreordeari edo, zuzenean, administrazioarekiko auzirako errekurtsoa arlo honetan legokiokeen epaitegi jurisdikzionalaren aurrean, bi hilabeteko epean.

5.7.- Hizkuntzen ahozko probak ebazpen honetako 5.6 puntuan zehaztutako egunean egingo dira. Probaren helburua izango da beka jasotzeko hautagaien hizkuntza-gaitasuna zehaztea. Ez dute proba hori egin beharrik HEOko laugarren maila edo baliokideren bat gainditu dutenaren ziurtagiria aurkezten dutenek hizkuntza hauetarako: frantsesa, alemana, italiera, txekiera edo portugesa.

5.8.- Hizkuntza-probak egingo diren egun berean, hautagaiek banako elkarrizketa izango dute EPEZ IV proiektuko antolatzaileekin, daukaten denbora, motibazio eta interesaren berri izateko eta, halaber, egonaldiari buruzko informazioa jasotzeko.

5.9.- Hautatuen behin-behineko zerrenda. Hauta­keta Batzordeak ebazpen honetako 7. oinarriak zehaz­tutako irizpideen arabera egingo du balioespena. Ondoren, gehienez ere astebeteko epean, proiektu honen jakinarazpenak egiteko aipatu lekuetan, hautatuen behin-behineko zerrenda argitaratuko da Bizkaiko Campuseko errektoreordearen ebazpenaren bidez, egindako neurketaren arabera lortutako puntuazioari jarraiki antolatuta. Interesatuek erre­klamazio edo alegazioren bat egiteko hamar egun balioduneko epea jarriko da, zerrenda gorago aipatu diren tokietan argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita; idatziak Hautaketa Batzordeko buruari zuzendu behar zaizkio eta 5.1 xedapenean zehaztutako lekuetan aurkeztu behar dira.

5.10.- EPEZ IV programarako hautatuen behin betiko zerrenda. Behin Bizkaiko Campuseko errektoreordeak aurreko atalari jarraiki aurkeztutako erreklamazioak eta alegazioak ebatzita, beka deial­diaren ebazpena argitaratuko da, 8. oinarrian aurrei­kusitakoaren arabera. Onartutakoen behin betiko zerrendarekin batera ordezkoen zerrenda argi­ta­ratuko da, herrialdeka antolatuta.

Ebazpen honen kontra aukerako berraztertze-helegitea aurkeztu ahal izango zaio hilabetearen epean Biz­kaiko Campuseko errektoreordeari edo, zuze­nean, adminis­trazioarekiko auzirako errekurtsoa arlo honetan legokiokeen epaitegi jurisdikzionalaren aurrean, bi hilabeteko epean.

6.- Hautaketa Batzordea.

6.1.- Ondoko hauek osatuko dute Hautaketa Batzordea:

a) Batzordeburua: UPV/EHUko Bizkaiko Campu­seko errektoreordea edo hark eskuordetutako per­tsona.

b) Idazkaria: Bizkaiko Enplegu Guneko Orienta­zioko teknikaria,

c) Batzordekideak:

- UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Kanpo Harre­manetarako zuzendaria.

- BBK Gazte Lanbidean Fundazioko arduraduna.

- Durangaldeko Behargintzako arduraduna.

- Getxolaneko arduraduna.

6.2.- Hautaketa Batzordea subiranoa izango da bere erabakiak hartzerakoan, eta erabakiok bozketa eginez onartuko dira. Oinarri honetan arautzen ez den guztirako Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen II. Tituluko II. Kapituluan xedatutakoa aplikatuko da.

7.- Balorazio-irizpideak.

7.1.- Hautaketa Batzordeak honako balorazio-irizpide hauek kontuan hartuko ditu:

a) Espediente akademikoa: % 25.

b) Kasuan kasuko herrialdeko hizkuntzaren jakite-maila: HEOko GAITASUN maila edo parekoa: % 25.

c) EPEZ IV proiektuari lotutako meritu espezifi­koak (sexua, titulazioaren laneratze-maila, eta 31 urte edo gutxiago izatea): % 20.

d) Proiektuan parte hartzeko motibazioa: % 20.

e) Aurreko urteetan egindako EPEZ deialdietan parte hartu eta eskaria ez onartu izana plaza gutxiegi egon izanagatik eskariari aurre egiteko: % 10.

7.2.- Espediente akademikoa baloratzeko, irakasgai guztietan lortutako kalifikazioak batuko dira eta batura hau zati erabili den deialdi-kopurua egingo da. Hau da kalifikazio bakoitzari eman behar zaion puntuazioa:

- Ohorezko matrikula: 4 puntu.

- Bikain: 3 puntu.

- Oso ongi: 2 puntu.

- Gainditua, baliozkotua, konpentsatua: puntu 1.

7.3.- Beka hauen ondorioetarako, kalifikazio kualitatiboez gainera, kalifikazio kuantitatiboak agertuko balira, kalifikazio kualitatiboak hartu eta lehen aipatu dugun puntuazioa aplikatuko litzateke.

8.- Ebazpena.

8.1.- Bizkaiko Campuseko errektoreordearen ebazpen baten bidez jakinaraziko da nortzuei eman zaizkien bekak eta nortzuei ez. Ebazpen hori argitara ematen den egunean bertan sartuko da indarrean, eta honako toki hauetan egongo da ikusgai: Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren iragarki-oholean, Bizkaiko Laneratze Zentroan eta web orrian http://www.ehu.es/enplegugunea.

8.2.- Halaber, esleipendunei eta ordezkoei banan-banan emango zaie ebazpenaren berri.

8.3.- Bekak emateko kontuan hartutako baldin­tzetako bat aldatuz gero, bekak emateko ebazpena alda liteke, baldin eta ebazpen honetan beka­ren onuraduna izateko zehaztu diren nahitaezko baldin­tzak betetzen badira.

III.- Mugikortasun bekei buruzko beste kontu batzuk.

9.- Esleipendunek dokumentazioa entregatzea, informazio-bilera berezia egitea, bekaren onarpena sinatzea eta beka hasteko behar den dokumentazioa entregatzea.

9.1.- Behin esleipendunen behin betiko zerrenda argitaratuta, 10 eguneko epean, antolatzaileek informazio pertsonal osagarria eskatuko die (osasun-txostena, ostatu-formularioa eta abar), profilaren arabera bakoitzari helbide egokiena emateko.

9.2.- Halaber, informazio hori ematen dutenean, esleipendunei eskatuko zaie beka onartzeari buruzko dokumentua sinatzea. Beka onartzea (ikusi eredua I. eranskinean) ezinbestekoa da beka jasotzeko. Beka ez bada onartzen ebazpen honetan adierazitako baldintzetan, beka ordezkoen zerrendan lehen postuan dagoenari emango zaio.

9.3.- 2010eko martxoan zehar esleipendunekin bilera egingo da, bakoitzari bere egonaldiari buruzko informazio zehatza emateko: ostatua, man­tenua, hizkuntza-trebakuntza, praktikak egiteko enpresa, osasun-laguntza eta asegurua, harrera-tutoreak, hegal­diak, joan-etorriak eta abar. Halaber, karpeta pertso­nalizatu bana emango zaie, bilerako infor­mazioaren euskarri gisa.

10.- Harrera-lekuko prestakuntza.

10.1.- Bekadunek, behin harrera-herrialdera hel­duta, ongietorri-bilera izango dute. Lehen bilera horren helburua izango da taldeari ongietorria ematea eta egonaldiari zein bestelako eduki interesgarriei buruzko informazioa eta orientazioa ematea. Harrera-bazkideek bekadunei dokumentu hauetako bana emango diete:

a) Jardueren programa. Programa horretan ager­tuko dira burutu behar dituzten jarduerak, ebalua­ziorako bilera formalak eta ez formalak eta programa profesionala.

b) Informazio orokorra. Harrera-hiriari buruzko informazio-liburuxkak eta mapa emango zaizkie; mapan bekadunentzat interes berezia duten lekuak egongo dira markatuta (ostatuaren helbidea, praktikak egingo dituzten enpresaren helbidea eta harrera-bazkidearen helbidea).

10.2.- Hizkuntza-prestakuntza egonaldiaren lehen hiru asteetan izango da. Ikastaro trinkoen edukia teknikoa eta partaidearen ikasketen alorrekoa izango da, helburua espezializatzea baita. Metodologia, funtsean, praktikoa izango da: elkarrizketak, egoeren adierazpenak eta hiztegi teknikoa.

10.3.- Egonaldiaren lehen astetan, partaideek prestakuntza kulturala izango dute, leku berriari egokitzeko eta enpresako praktikak hasi baino lehen hiriari neurria hartzeko. Prestakuntza horretan sartuko dira kultur jarduera programatuak egitea, herrialdeko kultura eta gizartea ezagutzea, hiria bisitatzea eta kulturarteko ikaskuntza ez formaleko saioak egitea.

10.4.- Lehen hiru asteetan, partaideek elkarriz­ketak izango dituzte beren profilaren eta harrera-enpresen interesei jarraiki aurretik hautatutako enpresekin. Partaide bakoitzak elkarrizketa bat baino gehiago edukitzeko aukera izango du, etorkizun profesionalerako eta lan-munduan sartzeko gehien komeni zaion praktika aukeratu dezan. Partaidea harrera-bazkideak jarritako tutorearekin batera joango da elkarrizketetara.

11.- Bekadunen betekizunak.

Honako hauek dira bekadunen betekizunak:

a) Adjudikazioaren jakinarazpena jaso eta 5 lane­guneko epean, beka onartzea, ebazpen honen I. eranskinean agertzen den ereduaren arabera.

b) Beka jasotzeko bateraezintasunik ez duela adie­razteko zinpeko aitorpena sinatzea, ebazpen honen II. eranskinari jarraiki.

c) Ezarritako epean arduratsu eta mugikortasun bekaren izaeraren arabera, agintzen zaizkion prestakuntza-zereginak burutzea.

d) Joan aurretik 120 euroko aurrerakin itzulgarria ordaintzea; aurrerakina bueltatzen denean itzuliko zaie, hegazkin-txartelaren frogagiria aurkeztu ondoren.

e) Bekan erabilitako hegazkin-txartelen edo ontzi­ratzeko txartelen frogagiriak entregatzea. EPEZ IV proiektuko antolatzaileek nahitaez aurkeztu behar dituzte dokumentu horiek, Leonardo da Vinci Agentziari gastuak justifikatzeko. Agentziari dokumen­tuak ez aurkeztuz gero, EHUk mugikortasun deialdia medio finantzatutako zenbatekoa bueltatu beharko du.

f) Harrera-herrialdean EPEZ IV programako anto­latzaileek proposatzen dizkioten ekimen guztietan parte hartzea (ongietorri-bilera, ebaluazio-bilera for­malak eta ez formalak, eta abar).

g) EPEZ IV programako antolatzaileek eskatzen dioten informazio guztia ematea, batik bat, beka ebaluatzekoak direnak, irauten duen denboran eta ondoren. Zehazki, esleipendunak egonaldiari buruzko txostena egin eta Leonardo Agentziak emandako ebaluazio-formularioa bete behar du.

h) EPEZ IV programaren antolatzaileei edozein zirkunstantzia objektibo zein subjektiboren alda­ketaren berri ematea, zirkunstantzia hori beka emateko orduan kontuan hartu bada edo bekaren garapen arruntari eragiten badio

i) EPEZ IV programaren antolatzaileei xede berbererako administrazio edo erakunde publiko zein pribatuetako diru-laguntzak edo laguntzak, diru-sarrerak edo baliabideak eskuratu diren jakinaraztea.

j) EPEZ IV programaren antolatzaileek jakina­razten dizkioten jarraibideak betetzea, bereziki beka jasotzen den bitartean sor daitekeen jabetza intelektual eta industrialari eta konfidentzialtasun eginbeharrari dagokienean.

k) Destinoko enpresan errespetatu beharreko konfidentzialtasun betebeharraren inguruan eska dakiz­kiokeen beste agiri sinatzea, eta nolanahi ere, praktiketan garatutako jarduerari buruz jakin ditza­keen beste informazio sekretuan gordetzea.

l) Beka jasotzen den bitartean egiten diren txostenak EPEZ IV programaren antolatzaileek argitara ditzaketela onartzea.

m) Haren tutorizazioaren eta prestakuntzaren ardura duten pertsonek jakinarazten dizkioten jarrai­bi­deak betetzea.

n) Bidezkoa den kasuetan, behar ez bezala jasotako diru-kopuruak itzultzea.

o) EPEZ IV programan parte hartzen duten tutore, lagun eta gainerakoak errespetuz tratatzea eta arduratsu izatea.

12.- Bateraezintasunak.

Beka jasotzea ordaindutako edozein lan egitearekin zein beste beka bat jasotzearekin bateraezina dela ulertuko da.

13.- Estatutu edo kontratu loturarik eza.

EPEZ IV mugikortasun beka jasotzeak ez dakar kontratu edo estatutu harremanik onuradunaren eta EPEZ IV proiektuaren antolatzaileen edota praktikak egingo diren enpresaren artean.

14.- Kontrola eta segimendua.

Bekadunek egin beharreko lanen kontrola eta segimendua EPEZ IV. Programaren antolatzaileei dagokie Antolatzaileek beken garapenaren inguruan egokitzat jotzen dituzten beste egiaztapen egin ahal izango dituzte.

15.- Bekadun izateari uztea.

15.1.- Bekaduna izateari utziko zaio bekaldia amai­tzen denean edo hurrengo arrazoietako baten­gatik:

a) Beren-beregi edo adierazi gabe uko egiteagatik.

b) Betebeharrak ez betetzeagatik edo beka emateko kontuan hartu ziren baldintzak aldatzeagatik.

c) Bat-batean etorritako bateraezintasunen baten­gatik.

Aipatutako arrazoiren batengatik uzten badio ikasleak bekaduna izateari, ez zaizkio itzuliko, aurre­ratu zituen 120 euroak.

15.2.- Bekaldia amaitzen denean izan ezik, bekaduna izateari uzteak bekagatik kobratutako eskubide ekonomikoak itzultzea ekarriko du berekin. Itzuli beharreko zenbatekoa garatu gabe geratu den beka jasotzeko denboraldia kontuan hartuta kalkulatuko da.

15.3.- Diru-laguntza emateko aintzat hartu ziren baldintzak ez direla betetzen egiaztatuz gero, EHUri itzuli egin beharko zaizkio jasotako zenbatekoak gehi bidezko legezko interesak abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretarako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duenak.

15.4.- Bekaduna izateari uzten zaiola adierazten duen Campuseko errektoreordearen ebazpenak ezarri beharko du bidezko ordezkoa hautatzea egokia den ala ez, deialdia amaitzeko geratzen den denbora edo beste hainbat gorabehera kontuan hartuta. Ordezko hori bekaduna izango da eta beka agortzeko falta diren hilabeteetan aurreikusitako jarduerak egin beharko ditu. Hala ere, plaza hutsen bat bete behar izatekotan, Hautaketa Batzordeari egokituko zaio ordezkoa hautatzeko ebazpena, jarraian aipatuko diren irizpideen hurrengo ordenari jarraiki:

a) plaza hutsean eskatutako hizkuntzak jakitea,

b) plaza hutseko profil profesionala, eta

c) hautaketa-irizpideen arabera lortutako puntua­zioa.

Beraz, ordezkapenen lehentasun-ordena kontuan hartuko bada ere, baliteke aurretik ezarritako ordez­koen ordena berrantolatzea.

16.- Jasotako eskumenak egiaztatzeko estrategia.

16.1.- Behin egonaldiak bukatuta eta egindako ebaluazioen eta alderdi bakoitzak (Hizkuntza Eskolak, harrera-bazkideek, tutoreek eta bekadunek) egindako txostenen arabera, partaideei ziurtagiri hauek emango zaizkie:

a) Hizkuntza-ziurtagiria. Eskolak, hizkuntza-ikastegiak edo irakasleak egingo du, ikasleak lortu duen maila zehaztuta.

b) Ziurtagiri profesionala. Harrera-enpresek ziurta­giri bat egingo dute, ikasleek egindako lana, praktiken iraupena eta aprobetxamendu-maila zehaz­tuta.

c) Euskal Herriko Unibertsitatearen ziurtagiria. Ziurtagiri horretan programan parte hartu izana eta programa eduki osoak zehaztu eta egiaztatuko dira.

d) Europass. Prestakuntza-ibilbide europarra zehaz­tuko da, ibilbide horretan jasotako lan-esperientzia edo trebakuntza adierazita. Zehazki, EPEZ IV proiektuaren esparruan gozatutako mugikortasun-denboraldia ziurtatzen duen dokumentu espezifikoa emango da.

17.- EPEZ proiektuaren antolaketa eta kudeaketa.

17.1.- EPEZ IV proiektuaren antolaketa kon­plexua da; hori dela eta, hainbat erakundek parte hartzen dute, haien baliabide eta gaitasunak eskainiz. Leonardo da Vinci Agentzia proiektua finantzatzen duen erakunde nagusia eta baldintzak arautzen dituena da. EHUren BIzkaiko Campuseko Errektoreordetza ekimenaren sustatzailea da; Errekto­reordetzaren zeregin nagusiak dira informazio-kanpaina egitea, hautagaiak aukeratzeko prozesua burutzea eta proiektua ebaluatzea. BBK Gazte Lanbidean Fundazioa ekimenaren garapenean eta finantzaketan laguntzen duen erreferentzia-bazkide bat da. Durangaldeko Behargintza eta Getxolan komunikazio eta hedapen-ekintzetan eta hautaketa-prozesuan elkarlanean aritzen dira. Azkenik, proiektua kudeatzeko ardura duen erakunde bat dago, Leonardo da Vinci IV/2009 Programaren esparruan Europako enpresetan praktikak egiteko EPEZ IV proiektuko zerbitzuak kontratatzeko baldintza teknikoen orriari jarraiki.

IV.- Azken xedapenak.

18.- Publizitatea.

18.1.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, UPV/EHUko iragarki-oholetan, Bizkaiko Campuseko iragarki-oholean, Bizkaiko Campuseko zentro guztietan, Bizkaiko Laneratze Zerbitzuan, Bizkaiko Campuseko web orrian eta http://www.ehu.es/enplegugunea interneteko helbidean argitaratuko da, ebazpenaren 5.1 oinarrian ezarritakoaren kalterik gabe.

18.2.- Deialdi honi dagozkion gainerako ebazpenak eta ekintzak honako tokietan argitaratuko dira: UPV/EHUren Bizkaiko Campuseko Errekto­reordetzaren iragarki-oholean, Laneratze Zerbitzuan eta http://www.ehu.es/enplegugunea helbidean. Progra­mari buruz interesgarria den edozein infor­mazio ere ikusgai egongo da euskarri horietan, besteak beste, mugikortasun bekak gauzatzeko aukeran dauden lekuei buruzkoa.

19.- Datak.

Ebazpen honetan ezarritako datak, eskabideak aurkezteko azken eguna izan ezik, gutxi gora­beherakoak dira, eta EPEZ programaren antolatzaileak zehazten joango dira aurreko oinarrian adierazitako web gunean.

20.- Araubide juridikoa.

Honako hauek eraenduko dute EPEZ IV mugikortasun-programa: (1) ebazpen honen oinarriek; (2) azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuak, Euskadiko Ogasun Orokorraren Antolamendurako Printzipioen Legearen Testu Bategina onartzen duenak, batez ere «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoko Laguntza eta Diru-lagun­tzen Erregimena» izeneko VI. idazpuruak; eta (3) abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretako diru-laguntzen bermeen eta itzulketen jardunbide orokorra arautzen duenak; (4) Leonardo da Vinci Agentziaren Mugikortasun Programak; (5) ezar daitekeen gainerako araudia.

21.- Beren-beregiko ebazpenik eza.

Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldiz­karian argitaratu eta handik sei hilabetera dago­kien tauletan adjudikazio-ebazpenik argitaratu ez bada, interesdunek haien eskabidea atzera bota dela uler dezakete, Herri Administrazioen Araubide Juridi­koaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan zehaztutakoaren arabera.

22.- Errekurtsoak.

22.1.- Ebazpen honen kontra eta EPEZ IV programaren barruan beka lortu dutenen behin betiko zerrenda argitaratzeko emango den ebazpenaren kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke UPV/EHUri.

Berraztertzeko aukerako errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izango da, ebazpena argitaratzen den egunetik kontatzen hasita.

Hori guztia bat dator Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoarekin. Errekurtso hori beren-beregi ebazten ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.

22.2.- Aurrekoa gorabehera, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango da adminis­trazioarekiko auzietarako Bilboko epaitegietan. Horretarako, bi hilabeteko epea egongo da ebazpen hau argitaratzen den egunetik edo onartutakoen behin betiko zerrenda argitaratzeko ebazpena (ebazpen honetako 5.1 oinarrian adierazitakoa) ematen den egunetik kontatzen hasita. Berraztertzeko aukerako errekurtsoa jarriz gero, ezin izango da administrazioarekiko auzi-errekurtsorik jarri, berraz­tertzeko errekurtsoari buruzko beren-beregiko ebaz­penik edo ustezko ebazpenik eman artean.

Leioa, 2009ko urriaren 19a.

(Ebazpena, 2009-01-26koa, eginkizunak eskuorde­tzeko dena: 2009-02-24ko EHAA, 38. zk.)

UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea,

CARMELO GARITAONANDIA GARNACHO.


Azterketa dokumentala