Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2009ko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saila
6053

AGINDUA, 2009ko azaroaren 3koa, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuarena, 2009ko Gabonetako kanpainan merkataritza eta ostalaritza arloak indarberritzeko eta lehiakortasuna sustatzeko pizgarrietarako dei egiten duena.

Gaur egungo krisialdi ekonomikoak eragin handia du Euskadiko enpresa-ehunean eta gobernuan, gure gobernuak sentiberatasun handia baitu gai horrekin. Hasiera batean, gastua doitu eta egokitzeko fase bati ekin ondoren, indarberritzeko ohiz besteko plan bat prestatu du gastu horri aurre egiteko; haren izena: «+Euskadi 2009».

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren iritziz, plan horren barruan dauden ekintzen artean, neurri-multzo bat plazaratu behar dela, enpresen iraunkortasuna bermatzeko eta kreditua sustatzeko, enpresen lehiakortasuna handiagotuz eta merkataritza eta ostalaritza arloetan kontsumoa eta inbertsioa berpiztuz. Neurri horien bidez, sail honek uste du ezin direla finantza jatorriko nazioarteko krisialdiak eragindako merkatu-desorekak zuzendu. Hori dela eta, beharrezko ikusten du neurri-sorta bat plazaratzea enpresen iraunkortasunari eusteko eta kreditua sustatzeko, enpresen lehiakortasuna bultzatuz eta merkataritza eta ostalaritza arloetan kontsumoa eta inbertsioa indarberrituz. Horretarako, dagoeneko badiren programa batzuen dotazioa handitu du, neurrien eragina azkarrago nabaritu dadin, eta ekimen berriak bultzatu ditu, besteak beste, hemen aztergai duguna, ekimen horien helburua Gabonetako kanpainan lehiakortasuna sustatzea eta arlo horietako jarduera berpiztzea baita.

Ondorioz, honako hau

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- 2009ko Gabonetako kanpai­nan merkataritza eta ostalaritza arloak indarberritzeko eta lehiakortasuna sustatzeko laguntzak emateko deialdi hau oinarri-arauak izeneko eranskinean jasota dauden bezala onartzea, horretarako, zenbait neurri emango baitira arlo horiek babesteko, arlo horiei behar dituzten tresnak eman nahi zaizkie-eta eskariaren ahuleziari aurre egiteko. Izan ere, horrela indartu nahi da enpresen lehiakortasun-ahalmena.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honetan aurreikusi gabe­koari dagokionez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea apliatu beharko da.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du, eta haren aurka berraztertzeko erre­kurtsoa aurkez dakioke Industria, Berrikuntza, Merka­taritza eta Turismoko sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko azaroaren 3a.

Industria, Berrikuntza, Merkataritza

eta Turismoko sailburua,

BERNABÉ UNDA BARTUREN.

ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1. artikulua.- Xedea.

Laguntza-deialdi honen bitartez, merkataritza eta ostalaritza arloetako enpresen lehiakortasuna hobetu eta enpresen egiturari eutsi nahi zaio, Gabonetako kontratazio berrien soldata-kostuen zati bat diruz lagunduz.

2. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

1.- Aurreko artikuluan aipatutako helburuak lor­tzeko baliabide ekonomikoak 2.400.000 eurokoak dira, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuan horretarako ezarritako aurrekontu-dotazioetatik hartuko direnak. Aurrekontu-ekitaldian emango diren laguntzen guztizko zenbatekoa ez da izango aipatu kontsignaziotik gorakoa edo hura berritzetik ateratzen denetik gorakoa, betiere aurrekontu-aldaketak onartzen badira indarrean dauden legee­kin bat etorriaz, eta laguntzak ebatzi baino lehen. Horrelakorik gertatuz gero, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak horren berri emango du, ebazpen baten bidez.

2.- Laguntzak ordenan emango dira, espedientea noiz osatzen den kontuan harturik, harik eta horretarako gaitutako aurrekontu-kreditua agortu arte. Administrazio-ebazpen bidez, laguntzak ukatu egingo dira, baldin eta diru-laguntzak emateko erabiliko den aurrekontu-atalean kreditu egokirik edo nahikorik ez badago, helburua lortu ahal izateko. Horiek horrela, agindu hau indarrean dagoen bitartean, laguntzak emateko gaitutako kreditua agortzen bada, egoera hori ezagutaraztearren, administrazio-ebazpena emango du Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak; ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, eta, bertan, kreditua zein egunetan agortu den adieraziko da.

3. artikulua.- Diruz laguntzeko moduko ekin­tzak.

Diruz laguntzeko moduko ekintzatzat hartzeko, ekintzen helburua hau izan behar da: 2009ko Gabonetako kanpainan merkataritza eta ostalaritza arloak indarberritzea eta lehiakortasuna sustatzea. Gainera, eginkizun horietarako, onuradunek langa­beak kontratatu beharko dituzte, betiere laguntzak eskatu baino 30 egun lehenago gutxienez. Langabe horiek Gizarte Segurantzako araubide orokorrean sartuta eta Euskal Autonomia Erkidegoan erroldatuta egon behar dira eta ezin dira izan enpresa kontrata­tzailearen titularrarekin edo gehiengoa duten bazki­deekin bigarren maila arteko odolkidetasun eta ezkontza-ahaidetasuneko senide. Gainera, kontratazio-aldia etengabea izan behar da, 45 egunekoa edo luzeagoa, arau hauek indarrean sartzen diren egunetik 2010eko urtarrilaren 31ra bitartekoa, egun biak barne, eta kontratazioak ezin dira lanaldi partzialekoak izan.

4. artikulua.- Onuradunak.

1.- Jardunean diharduten enpresak izan daitezke laguntzen onuradun, baldin eta merkaritza arloan ari badira, Euskal Autonomia Erkidegoko leku finkoetan, edo ostalaritza arloan ari badira, hau da, ostatu eta sukaldaritza arloetan. Kasu batean zein bestean, alta emanda egon beharra dago Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan, eta ostalaritzaren kasuan, Euskadiko enpresen eta turismo-establezimenduen erregistroan ere inskribatuta egon beharra dago.

2.- Onuradunei laguntzak emateko eta, hala badagokio, ordaintzeko, amaituta egon beharko da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Oroko­rrak eta bere erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan hasita oraindik bideratzen ari den edozein itzultze-prozedura edo zigor-prozedura.

5. artikulua.- Diru-laguntzen izaera eta zenba­tekoa.

1.- Laguntzak itzuli beharrik gabeko diru-laguntzatzat hartuko dira.

2.- Laguntza, gehienez, 1.200 eurokoa izango da, langile bat kontratatzea dakarren jarduera bakoitzeko. Gehienez ere 12.000 euro emango dira enpresako.

6. artikulua.- Beste laguntza batzuekin bateragarri izatea.

1.- Agindu honetan ezarritako laguntzek honako arauak errespetatu beharko dituzte: EE Ituneko 87. eta 88. artikuluak mínimis laguntzei aplikatzeari dago­kionez, Batzordearen abenduaren 15eko 1998/2006 (EE) Erregelamenduan ezarritako mínimis arauak, edo Europar Batasunaren markoan arlo horretarako emandako beste gida-lerro eta xedapen batzuk.

2.- Agindu honen bidez laguntza jasotzen duten jarduerek, berekin pertsona bat kontratzea badakarte, ezin dute bestelako laguntzarik jaso, zernahi dutelarik izaera eta zernahi delarik laguntza ematen duen organoa edo administrazioa, baldin eta agindu honen ondoriozkoei erantsita Europar Batasunaren araubidean aurreikusitako laguntza-pilaketari buruzko mugak gainditzen badira. Haien berri Merkataritza eta Turismoko Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, eta ezin izango da inola ere kontratazio osoa baino handiagoa izan; hala gertatuz gero, xedapen honen bitartez jasotako laguntzaren zenbatekoa txikiago egingo da, hain zuzen ere, gehiegizko kopuruaren hein berean.

7. artikulua.- Eskariak eta dokumentazioa.

1.- Agindu honetan ezarritakoari jarraituz lagun­tzak jasotzeko baldintzak betetzen dituztenek eskaria aurkeztu beharko dute, bai eta gainerako dokumentazio osagarria ere, Industria, Berrikuntza, Mertakataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzetan. Horretarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legean ezarritako edozein bide erabili ahal izango da. Eskariak aurkezteko epea gehienez ere 2009ko abenduaren 15ean bukatuko da.

Laguntzaren bat jaso nahi duen erakundea ordez­katzeko legezko gaitasuna duen pertsonak izenpetu behar du eskabidea.

2.- Erakunde eskatzaileek eskari bana bete beharko dute, eta eskari horretan zinpeko adierazpen bat jasoko da, honako hauek biltzen dituena:

a) Eskatutako edo beste erakunde publiko edo pribatuetatik jasotako laguntzen zerrenda, baldin eta laguntza horietan kontratazio bera jasota badago, ezin dira-eta kontratatutako pertsonaren kontratazio osoaren kostua baino handiagoak izan.

b) Laguntza-eskatzaileak enpresaren izenean jardu­teko beharrezko ordezkatze-ahalordearen jabe izan behar du.

c) Enpresa, ostatu eta sukaldaritza arloetakoa bada, inskribatuta egon behar da Euskadiko enpresen eta turismo-establezimenduen erregistroan.

d) Minimis laguntza gisa edo Europar Batasunaren barruan horretarako emandako beste jarraibide edo xedapen batzuen gisa jasotako laguntzen zenbateko osoa gehienez ere 200.000 eurokoa bada, hiru urteko aldian.

e) Eskatzaileak, ondokoan zigortuta ez egoteari buruzko adierazpena aurkeztu beharko du: diru-laguntza publikoak eskuratu ahal izateko zigor penal edo administratiboren baten edo horretarako ezgaitzen dituen lege-debekuren baten eraginpean egotea, edo sexu bazterkeriagatik zigortuta izatea, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean xedatutakoaren arabera.

3.- Enpresa eskatzaileek honako agiri hauek ere aurkeztu beharko dituzte:

a) Pertsona juridikoaren identifikazio fiskaleko txartelaren fotokopia edo pertsona eskatzailaren NANaren fotokopia.

b) 2009ko Gabonetako kanpainan merkataritza eta ostalaritza arloak indarberritzeko eta lehiakortasuna sustatzeko egiten diren lan-kontratuen kopia non kontratuen iraupena eta lanaldia azalduta dauden.

c) Gizarte Segurantzaren araubidean kontratatutako pertsonen alta-agiriaren kopia.

d) Agindu hau dela-eta kontratatu diren pertsonak gutxienez laguntza eskatu baino 30 egun lehenago lanik gabe zeudela dioen ziurtagiria.

e) Pertsona horien NANaren kopia.

f) Hirugarrenentzako alta-agiria (erakunde eska­tzai­learen banku-datuen inprimakia, laguntza helbi­deratzeko).

g) Jarduera Ekonomikoen gaineko zergan izandako alten eta bajen kopia.

h) Zerga-betebeharrak egunean daudela dioen ziurtagiria, diru-laguntza 3.000 eurotik gorakoa bada.

8. artikulua.- Eskariak aztertu eta zuzentzea.

1.- Aurreko artikuluan aipatutako dokumentazioa aurkeztu beharko da, eskaria onartuko bada.

2.- Eskariak eskatzen diren datu guztiak barnean hartzen ez baditu, edo aurreko artikuluan adiera­zitako dokumentazioa aurkezten ez bada, 10 eguneko epearen barruan okerra zuzen dezan edo aginduzko dokumentuak aurkez ditzan eskatu ahal izango diote Industria, Berrikuntza, Mertakataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzek erakunde interesdunari; hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela adieraziko zaio, betiere hura ebatzi ostean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 71.1 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz.

3.- Industria, Berrikuntza, Mertakataritza eta Turismo Sailaren lurralde-ordezkaritzetan egingo dira aurkeztutako eskariak aztertu eta balioztatzeko lanak. Eskabide horiek egoki ulertu eta balioztatzeko, beharrezko irizten diren argibide eta agiri osagarri guztiak eskatu ahal izango dizkiote eskatzaileari.

9. artikulua.- Diru-laguntza ebatzi eta ordaintzea.

1.- Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak ordenan ebatziko ditu eskariak, eta espepediente noiz betetzen den kontuan harturik. Ebazpena emateko eta erakunde interesdunari jakinarazteko epea, gehienez ere, sei hilabetekoa izango da, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita.

Ebazpena emateko aurreikusitako epea bukaturik, ebazpena erakunde interesdunari jakinarazi ez bazaio, eskatutako laguntza ezetsi dela ulertu ahal izango da. Hala ere, administrazio-organo eskudunak berariaz ebazpena eman ahal izango du, eskatutako diru-laguntzari buruz. Halaber, eskariak laguntzak jaso ahal izateko baldintzak betetzen ez baditu, eskatutako laguntzak ukatzeko ebazpena emango du Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak.

2.- Eskatzaileetako bakoitzari diru-laguntzak ema­teko ebazpenak banan-banan jakinarazteaz gain, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian onura­dunen zerrenda eta emandako diru-laguntzen zenbatekoa argitaratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legean xedatutakoari jarraituz.

3.- Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak ematen duen ebazpenean ezarriko da dagokion diru-laguntza, eta agindu honetan ezarritako 45 eguneko gutxieneko kontratazio-aldia bukaturik ordainduko da diru-laguntza, baina lehenago enpresa kontratatzaileak aurkeztu beharko du 2009ko Gabonetako kanpainan merkataritza eta ostalaritza arloak indarberritzeko eta lehiakortasuna sustatzeko kontratatzen diren pertsonengatik Gizarte Segurantzari laguntza ematen den aldirako egindako kotizazioen kopia (TC1 eta TC2). Beranduenez, 2010eko maiatzaren 31n aurkeztuko da dokumentazio hori.

4.- Ebazpenak ez du administrazio-bidea amaituko. Beraz, horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoko sailburuari.

10. artikulua.- Enpresa onuradunaren betebeha­rrak.

Agindu honetan araututako diru-laguntzen onura­dunek azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretu bidez onartutako Euskadiko Ogasun Nagusiaren Anto­larauei buruzko Legearen Testu Bateginaren 50.2 artikuluan ezarritako betebeharrak bete beharko dituzte. Honako baldintza hauek ere bete beharko dituzte:

1.- Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo hone­tan, laguntza eman izanaren jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean onuradunek berariaz eta idatziz laguntzari uko egiten ez badiote, laguntza onartutzat joko da.

2.- Laguntza emateko kontuan izan den helburu­rako erabiltzea hura.

3.- Laguntzen zertarakoa fiskalizatzeko dituzten zereginak aurrera eramanez, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Eusko Jaurlaritzako Ogasun, Ekonomia eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak edota Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dieten informazio guztia ematea.

4.- Beste edozein administraziotatik edo erakunde publiko zein pribatuetatik, helburu berbera buru­tzeko, diru-laguntzak edo laguntzak, sarrerak edo errekurtsoak jaso badira, horren berri eman beharko diote Merkataritza eta Turismo Sailburuordetzari.

5.- Diru-laguntza emateko orduan kontuan hartu den edozein gorabehera objektibo nahiz subjektibo aldatu bada, horren berri jakinaraztea.

11. artikulua.- Ikuskatzea.

Diruz lagundutako jarduerak aurrera nola doazen ikusteko egoki deritzen ikuskatze eta egiaztapen guztiak egin ahal izango ditu Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak.

12. artikulua.- Diru-laguntzaren baldintzak aldatzea edo ez betetzea.

1.- Laguntza eman zuen ebazpena alda daiteke, baldin eta laguntzak ematerakoan zeuden baldintzetakoren bat aldatzen bada, betiere laguntza jasotzeko arauan ezarritako gutxienezko baldintzak betetzen badira. Horretarako, Merkataritza eta Turismo Zuzendaritzak ebazpena emango du eta, bertan, emandako diru-laguntzen zenbatekoak egoki­tuko dira.

2.- Enpresa onuradunak betetzen ez baditu laguntza emateko ebazpenean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan ezarritako baldintzak, Merkataritza eta Turismoko sailburuordeak, behar den ebazpena emanez eta ez-betetze horri buruzko espedientea egin ondoren, onartutako diru-kopuruak eskuratzeko eskubidea galdu duela deklaratuko du, eta aginduko du Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzultzeko jasotako zenbatekoak, bai eta legezko interesak ere, hala baitiote Euskal Herriko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartzen duen 1/1997 Legegintza Dekretuak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekre­tuak. Itzulitako kopuruak sarrera publikotzat joko dira legezko ondorio guztietarako.


Azterketa dokumentala