Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

218. zk., 2009ko azaroaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ekonomia eta Ogasun Saila
6051

AGINDUA, 2009ko urriaren 27koa, Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko ogasun nagusiaren diru-bilketaren araudian aurreikusitako zenbait zenbateko finkatzekoa.

Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuak 1998ko urriaren 2an emandako Aginduaren bidez, 1998ko abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduaren artikulu jakin batzuk garatu ziren. Zehatzago esan, Araudiaren 26.1 eta 58.4 artikuluetan aipatutako zenbatekoak finkatu ziren. Zorren ordainketak atzeratzeko edo zatikatzeko eskaeretan, milioi bat pezetatan ezarri zuen 1. artikuluak bermeak emateko betebeharraren salbuespen-muga. Bestalde, hamar mila pezetako kopurutik behera berandutza-interesengatiko likida­ziorik ez zela egingo ezarri zuen 2. artikuluak.

Administrazio-zamak murrizteko beharraz jabetuta eta denboraldi batez zailtasun ekonomiko eta finantzarioak jasaten ari diren herritarrei nahiz eragile ekonomikoei ordainketa-betebeharrak errazteko asmoz, egoki iritzi da bermeak emateko betebeharraren salbuespen-muga 18.000 eurotan ezartzea ordainketak atzeratzeko eta zatikatzeko eskaeretan. Hartara, gainera, arindu egingo da ordainketak zatikatzeko edo atzerako eskaeren kudeaketa-prozedura.

Bide batez, 1998ko urriaren 2ko aginduaren 2. artikuluan ezarritako zenbatekoa euroari egokitzeko ere baliatuko da honako agindu hau.

Abuztuaren 31ko 212/1998 Dekretuak onartutako Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduaren 26.1 eta 58.4 artiku­luetan eta azken xedapenaren 2. paragrafoan emandako eskumenak baliatuta eman da agindu hau.

Azaldutako guztia delaeta, hauxe

XEDATZEN DUT:

1. artikulua.- Bermeak jarri beharretik salbuestea.

Zorren ordainketak atzeratzeko edo zatikatzeko eskaeretan ez da bermerik eskatuko ez borondatezko aldian ez betearazteko aldian, baldin eta zorren zenba­tekoa 18.000 euro baino gehiagokoa ez bada.

Adierazitako zenbateko hori zehazteko, honako hauek hartuko dira kontuan eskaera egiteko unean: eskaeran bertan adierazitako zorrak, batetik, eta, bestetik, zordun berak eskaera egin baina atzeratzeko edo zatikatzeko ebazpena jaso ez duten zorrak, bai eta atzeratutako edo zatikatutako zorrak ordaintzeko epemuga betetzeke duten zenbatekoak ere, baldin eta behar bezala bermatuta ez badaude.

2. artikulua.- Betearazte-aldiko berandutza-interesak.

Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagu­siaren Dirubilketa Erregelamenduaren 58.4 artiku­luan xedatutakoarekin bat, ez da betearazte-aldiko interesengatiko likidaziorik egingo, baldin eta kontzeptu horri dagokion zenbatekoa 60 eurokoa baino gutxiagokoa bada. Muga horrek ez die ordainketak atzeratzeagatik edo zatikatzeagatik sortu­tako interesei eragingo.

XEDAPEN IRAGANKORRA.- Izapidetze-aldian diren eskae­rak.

Agindu hau indarrean sartutakoan oraindik ebaz­teke dauden atzeratze- nahiz zatikatze-eskaerei agindu honetako 1. artikulua ezarriko zaie.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA.- Arauak indargabetzea.

Agindu hau indarrean sartutakoan, indargabetuta geratuko da 1998ko urriaren 2ko agindua, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregela­menduaren zenbait artikulu garatzeko emandakoa.

AZKEN XEDAPENA.- Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldiz­karian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urriaren 27a.

Ekonomia eta Ogasuneko sailburua,

CARLOS AGUIRRE ARANA.


Azterketa dokumentala