Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2009ko irailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5103

AGINDUA, 2009ko abuztuaren 28koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuarena, EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eta Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeak eta alde anitzeko topaketak egitea errazteko dotazio eta diru-laguntzetarako deia egiten duena.

EAEko unibertsitatez kanpoko ikastetxeen eta Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeek eta alde anitzeko topaketek, ondorengo helburuak lortu nahi dituzte, ikastetxeen arteko elkartzeen bidez:

- EAEko ikasleen hizkuntza-gaitasuna hobetzea.

- Nazioz haraindiko lankidetza bultzatzea, hezkuntza-metodo eta materialen kalitate global hobea lortzeko eta ezagutzaren gizartearen erronka berriei aurre egin ahal izateko.

- Europako identitatearen sentimendua indartzea, Europako hizkuntza eta kultura-aniztasunarekin harremanetan jarriz.

- Euskal kultura Europako eskoletan ezagutzera eman eta zabaltzea.

Horregatik, ondoko xedapenak kontuan hartuta: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginaren VI. titulua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren esparruan diru-laguntzak emateko moduari buruzkoa, eta Euskal Autonomia Erkidegoko 2009 urteko Aurrekontu Orokorrak onartu dituen abenduaren 29ko 19/2008 Legea, eta Hezkuntza Berriztapenerako zuzendariaren proposamenez, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Deialdiaren helburua.

1.- Agindu honen helburua da 2009-2010 ikasturterako dotazio eta diru-laguntzetarako deia egitea, Europar Batasuneko estatuetako ikastetxeen arteko eskola-trukeak eta alde anitzeko topaketak errazteko. Dotazio eta diru-laguntza horien zenbatekoak ezin izango du 480.000 euro baino gehiago izan.

2.- Kopuru hori gehitu ahal izango da, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatzetik atera daitezkeen baliabide ekonomiko agortu gabeen arabera, eta laguntzak ebatzi aurretik. Hori gertatuz gero, horren berri emango da Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez.

2. artikulua.- Onuradunak.

1.- Deitutako dotazio eta diru-laguntza hauen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitatez kanpoko ikastetxe publikoak eta pribatuak, baldin eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailak, Batxilergoak eta heziketa-zikloak ematen badituzte.

2.- Zigor- edo administrazio-arloko zigorra jaso duten, eta horren ondorioz, diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko aukera galdu duten edo horretarako ezgaitzen duen lege-debeku baten eraginpean dauden erakundeek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen arabera sexu-diskriminazioan erori izanagatiko lege-debekuak barne, ezin izango dute Agindu honetan araututako diru-laguntzen eta laguntzen deialdietara aurkeztu, zigorrak ezarritako aldian.

3. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen ekintzak.

1.- Eskola-trukeak:

Europako herrialde desberdinetako bi ikastetxeren arteko harremanari esango zaio eskola-trukea. Harreman hori lan-proiektu baten inguruan eratuko da, eta proiektu horren jarduerak bi herrialdeetan egin beharreko egonaldi-elkarraldia baino lehen, egonaldi-elkarraldian bertan eta ondoren egingo dituzte bi aldeek.

Eskola-trukeek ondorengo baldintzak bete beharko dituzte:

1.- Lan-proiektuetan, elkarren intereseko gai bat garatu beharko da, beste herrialde bateko ikasleekin batera. Gai horren bitartez, komunikazio-gaitasuna sustatuko da hainbat egoeratan: eskolan, familian, gizartean eta kulturan eta aisialdian.

2.- Lan-proiektuaren gaia edozein izan daiteke, baldin eta ondoko alderdiak ukitzen baditu: elkartasuna eta tolerantzia, bi hiritako migrazio-ereduak, herri edo eskualdeen kultura-agerpenak, artea, eskola gatazken eta indarkeriaren prebentzioa, ingurumenarekin zerikusia duten gaiak, edota beste edozein, aurreko paragrafoan aurreikusitako lankidetza-eremuan.

3.- Lan-proiektuarekin zerikusia duten jarduerak eta lanak ikastetxeko plan orokorrean eta ikasleen ikasketa-programan txertatuko dira, eta, beraz, horien barruan egongo dira. Diziplinarteko jarduerak bultzatuko dira, ahal dela.

4.- Proiektuaren ardura duten irakasleek prestatuko dute lan-proiektua bere fasetan, eta zerikusia duten ikasleen eta zuzendaritza-taldeen parte hartze aktiboa izango dute.

5.- Harremanetarako hizkuntza nagusia eskuarki erabiltzen denetako bat -ingelesa, frantsesa, alemana- izan daitekeen arren, harrera-herrialdeko hizkuntza eta kulturari buruzko prestakuntzarik ere aurreikusi beharko da.

2.- Alde anitzeko topaketak:

Lan-proiektu baten inguruan Europako herrialde desberdinetako bi ikastetxeren edo bi ikastetxe baino gehiagoren artean finkatutako harremanei esango zaie alde anitzeko topaketak. Izan ere, topaketa horiek proiektu horren jarduerak egitea eskatzen dute, proiektuan parte hartzen duten herrialdeetako batean egin beharreko egonaldi-elkarraldia baino lehen, egonaldi-elkarraldian bertan eta ondoren.

Eskola-trukeei buruzko aurreko atalean aipatzen diren baldintza berberak bete beharko dituzte alde anitzeko topaketek.

3.- Irakasleen aldez aurreko bilera:

Eskola-trukea edo alde anitzeko topaketa egin behar duten ikastetxeek aldez aurreko bilera bat eskatu ahal izango dute. Irakasleen aldez aurreko bileratzat hartuko da lan-proiektua diseinatzea eta eskola-trukea edo alde anitzeko topaketa prestatzea helburu izango dituena.

Aldez aurreko bilera bakarra eskatu ahal izango da proiektu bakoitzeko, 2009ko urtarrila eta 2010eko otsailaren artean eginda edo egitekoa. Bilera hori trukea egin baino gutxienez lau hilabete lehenago egin beharko da.

4. artikulua.- Betekizunak.

Eskola-trukeak eta alde anitzeko topaketak egingo badira, lan-proiektua aurkeztu beharko da, eta ondoko baldintzak bete beharko ditu:

a) Parte hartzen duten ikasleek ikasle hartzaileen etxeetan bizi beharko dute, atzerriko ikastetxeetako zuzendaritzek justifikatu beharko dituzten aparteko kasuetan izan ezik.

b) Euskal taldearen atzerriko jarduerak 7tik 15 egunera bitartean iraun beharko du, bidaia-egunak barne.

c) Euskal ikastetxeetako ikasleen atzerriko egonaldia 2009ko irailaren 1etik 2010eko ekainaren 30era bitartean egin beharko da.

d) Proiektu bakoitzeko gutxienez 10 ikaslek hartu beharko du parte atzerriko jardueretan.

e) Ikasleek jatorrizko ikastetxeko irakasleen laguntza izango dute bidaietan eta harrera-herrialdean emateko aldietan. Hartara, irakasle bat jarriko da 14 ikasleko edo 6 ikasle baino gehiagoko zatiki bakoitzeko.

5. artikulua.- Eskaerak eta agiriak.

1.- Aldez aurreko irakasleen bileretarako eskariak egiteko 1. formulario-eredua erabili beharko da, eta oso-osorik bete. Eredu hori Sailaren web orrialdean eskura daiteke, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, Europar eta Nazioarteko Programak atalean. Formulario horrek ondorengo agiriekin batera joan beharko du: Ordezkaritza-Organo Gorenaren onarpena jasoko duen akta edo ikastetxeko zuzendaritzaren ziurtagiria, jarduera hori ikastetxeko programazio orokorraren barruan dagoela agertu behar duena.

2.- Eskola-trukeak eta alde anitzeko topaketak egiteko eskaeretarako, berriz, 2. formulario-eredua erabili beharko da, eta oso-osorik bete. Eredu hori Sailaren web orrialdean eskura daiteke, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, Europar eta Nazioarteko Programak atalean.

Eskaria onartuko bada, nahitaez bete beharko dira eduki ekonomikoa duten atalak, honako hauek kontuan hartuta: trukearen edo topaketaren gastuen aurrekontua eta finantzaketa-plana orekatuta egongo dira; finantzaketa-planak beren-beregi jasoko ditu, Agindu honen 8.2 artikuluaren arabera kalkulatutako laguntza-zenbatekoaz gain, gainerako finantzaketa-iturri guztiak, ikasleen ekarpena barne, halakorik izatekotan. Finantzaketa-planak ez baldin badu aurreikusten gastu-aurrekontua bere osoan estaltzea, ezezkoa emango zaio laguntza-eskariari.

Formulario horrek ondorengo agiriekin batera joan beharko du:

a) Ordezkaritza-Organo Gorenak proiektua onartu izanaren ziurtagiria edo ikastetxeko zuzendaritzaren ziurtagiria, jarduera hori ikastetxeko plan orokorraren barruan dagoela agertu behar duena.

b) Atzerriko ikastetxeak edo ikastetxeek proiektua aurrera eramateko berariazko konpromisoa hartzea, lanaren gaia, trukea edo topaketaren datak eta ikasleak familiekin egotea onartuz.

c) Atzerriko ikastetxeko edo ikastetxeetako zuzendaritzaren ziurtagiria, ikasleak, horrela gertatuz gero, ezin direla familien etxeetan bizi agertu behar duena.

d) Zinpeko aitorpena, ondokoa egiaztatuz: ez egotea penal edo epaiketaren bidez zigortuta laguntza edo diru-laguntza publikoak galtzeko eta ez duela horretarako inongo legezko debekurik, eta ez egotea Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako 4/2005 Legeak ezarritako arrazoiren baten eraginpean.

6. artikulua.- Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

1.- Aldez aurreko bilerak, trukeak eta topaketak egitea eskatzeko epea 2009ko urriaren 19an amaituko da.

2.- Eskaerak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzako Pedagogia Berriztapenerako Zerbitzura bidaliko dira -Donostia kalea 1, 01010-Vitoria-Gasteiz-, edo bestela, Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean zehaztutako bulegoen bidez aurkeztuko dira.

3.- Ondorio horietarako, ikastetxeetako erregistroak ez dira aipatutako legeak 38.4. artikuluan zerrendatutako bulegoen multzoan sartuko. Eskaera posta-bulego batean aurkeztu nahi izanez gero, gutun-azal irekian egin beharko da, postako funtzionarioak eskaera-inprimakiari data jarri eta zigilatzeko, ziurtatu aurretik.

4.- Aipatutako azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71. artikuluan xedatutakoaren arabera, eskaerak baldintzak betetzen ez baldin baditu, hamar eguneko epea emango zaio interesatuari akatsa zuzentzeko edo derrigorrezko agiriak gehitzeko. Era berean adieraziko zaio, horrela egin ezean, bere eskarian atzera egin duela ulertuko dela, aurretik ebazpena emanez lege horretako 42. artikuluak jartzen duen moduan.

7. artikulua.- Laguntzak kudeatzeko organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari dagokio Agindu honetan eskaintzen diren dotazio eta diru-laguntzen kudeaketa.

8. artikulua.- Laguntzen zenbatekoa eta esleipen-prozesua.

1.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak, Hezkuntza Ikuskaritzako ordezkari baten lankidetzarekin, aztertu egingo du aldez aurreko bilerak, trukeak edo topaketak egiteko eskaerek baldintzak betetzen ote dituzten, eta Hezkuntza sailburuordeari helaraziko dio onartzeko edo, hala bada, ez onartzeko (arrazoi eta guzti, halakoetan) proposamena.

2.- Onartutako eskariei ondoko kopuruak emango zaizkie, horietako bakoitzean adierazitako aurrekontuaren mugen barruan, betiere:

2.1.- Ikasleen aldez aurreko bilera:

900 euro bilera bakoitzeko. Salbuespen izango dira ikastetxeren batekin izandako bilerak, baldin eta azken hiru ikasturteotan, eta deialdi honen barruan, SOKRATES programako COMENIUS 1.2 ekintzaren barruan edo ETENGABEKO IKASKUNTZARAKO PROGRAMAren aldebiko elkarte baten barruan, trukeren bat egin bada horiekin. Esandako bilera horiek ez dute eskubide ekonomikorik batere sorraraziko.

2.2.- Trukeak eta topaketak. Ondoko aldagaien arabera zehaztuko den kopurua:

Oinarrizko kopurua: 20 euro ikasleko eta eguneko.

Ikastetxeen arteko distantziari begiratuta, 600 km-tik aurrera eta hortik gorako 100 km bakoitzeko, aurreko oinarrizko kopuruari 0,6 euro gehituko zaizkio, ikasle bakoitzeko eta eguneko 38 eurora arte, gehienez.

Aurreko bi aldagaiak aplikatzetik ateratzen den kopurua honela emendatuko da, ikastetxearen egoera sozioekonomikoa kontuan hartuta: ikastetxeak duen bekadun-ehunekoaren bi halako portzentajea aplikatu, eta ateratako kopurua biribilduz gertueneko euro-kopuru osoaren arabera.

Ateratako azken kopurua izango da proiektu bakoitzari egokituko zaion laguntza-modulua, parte hartzen duen ikasle bakoitzeko eta eguneko.

Proiektu bakoitzari aitortuko zaion dotazio ekonomikoaren edo diru-laguntzaren guztizko zenbatekoa, beraz, honela aterako da: modulua bider trukean parte hartzeko diren ikasleen kopurua bider joan-etorriak iraungo duen egun-kopurua eginez.

3.- Aurreko irizpideak aplikatu eta hortik ateratzen den guztizko zenbatekoa (onartutako proiektu eta bisita guztiei dagozkien zenbatekoak batuz ateratakoa, zenbateko horiek aurreko 2.1 eta 2.2 puntuen aurreikusi dutenaren arabera kalkulatuta) handiagoa balitz 1. artikuluan adierazitako aurrekontu-kreditua baino, ikastetxe bakoitzari kalkulatu zaizkion kopuruak proportzioan gutxituko lirateke, dotazio ekonomiko eta diru-laguntzen guztizkoa aipatu mugara egokitu arte.

9. artikulua.- Deialdiaren ebazpena.

1.- Hezkuntza Berriztatzeko proposamena kontuan hartuta, Hezkuntzako sailburuordeak ebatziko du deialdia.

2.- Ebazpen horrek ondorengo puntuak zehaztuko ditu:

a) Aukeratutako ikastetxeen zerrenda, ondokoak argituz:

- laguntzaren kontzeptua: aldez aurreko bilera, trukea edo topaketa, edo biak.

- bidaia nora egingo den (herria eta herrialdea).

- proiektu bakoitzari onartu zaion moduluaren zenbatekoa, ikasleko eta eguneko.

- onartutako guztizko dotazio ekonomikoa eta/edo diru-laguntza (ikasleko modulua bider egun eta ikasle kopurua, gehi aldez aurreko bileretarako laguntza).

b) Kanpoan utzitako ikastetxeen zerrenda, arrazoia zein den adieraziz.

3.- Aipatu Ebazpen hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, gehienez ere sei hilabeteko epean, Agindu hau argitara eman eta biharamunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro eta ebazpenik argitaratu ez bada, ikastetxe eskatzaileek ezetsitzat jo ditzakete euren eskariak, azaroaren 26ko 30/1992 Legeak Administrazioari ezarri dion beren-beregi ebazteko beharraren kaltetan gabe.

4.- Gorako errekurtsoa jarri ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari ebazpen horren aurka, hilabeteko epean, argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

10. artikulua.- Dotazioen eta diru-laguntzen libramendua eta justifikazioa.

1.- Ikastetxe onuradunei eman beharreko dotazioak eta diru-laguntzak bi epetan ordainduko zaizkie:

a) Lehenengoa, ikastetxe onuradun bakoitzari dagokion dotazioaren eta/edo diru-laguntzaren % 80, gehienez ere bi hilabeteko epean, esleipen-ebazpena EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

b) Hurrengo paragrafoan aipatzen den dokumentazioa bere epean jaso ondoren, laguntza likidatuko da, ondokoak kontuan hartuta: parte hartu duten ikasleen eta bidaia-egunen benetako kopurua, eta aldez aurreko bileren guztizko gastuak, fakturen bidez egiaztatuak.

Ateratako guztizko emaitzari -inoiz ez da Ebazpenean onartutakoa edota egindako guztizko gastua baino gehiago izango- kendu egingo zaio lehen ordainketaren zenbatekoa, eta, kasuaren arabera, diferentzia ordaindu edo eskatuko da.

2.- Ikastetxeek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte 2010eko uztailaren 15a baino lehen:

a) Aldez aurreko bileren deskripzio-memoria, egindako gastuen jatorrizko fakturak ere sartuz.

b) Trukearen edo topaketaren deskripzio-memoria. Memoria horri ikastetxearen zuzendaritzak emandako egiaztagiria erantsiko zaio, zeinaren bidez adieraziko baita dotazio edo diru-laguntzaren helburua bete dela.

Aipatu memoria horren osagarri aurkeztuko da 3. formularioan jasotzen den dokumentazioa -Sailaren web orrialdetik, www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net, europar programen ataletik, eskura daiteke formularioa-, hain zuzen ere:

- Zerrenda izenduna, ondokoak jasoko dituena: ikastetxean proiektuaren ardura izan duten irakasleak, eta trukean parte hartu duten irakasle-ikasleak, zerrenda horretan agertzen direnetako bakoitzak izenpetua.

Zerrendan, halaber, ondokoak agertuko dira: bisitaturiko herrialdea eta egonaldiaren datak, zerrendan dauden pertsonen izen-abizenak, NAN eta telefonoa. Zerrendak, azkenik, ikastetxeko zuzendaritzaren onespena ere izan beharko du.

- Alderdi ekonomikoak, bai egindako gastu guztiari buruzkoak, bai trukera edo topaketara bideratutako baliabideen jatorria eta zenbatekoak ere.

Ikastetxe pribatuek dagozkien agiri edo fakturen fotokopiak erantsi beharko dituzte, diru-laguntza guztia erabili dela frogatzeko. Ikastetxeko idazkariaren sinaduraz abalatuko da kopia horien egiazkotasuna.

Finantza-iturri guztietatik ateratako guztizko kopurua handiagoa bada proiektuaren kostua baino, Administrazio honen laguntza dagokion proportzioan murriztuko da.

11. artikulua.- Bateragarritasuna.

1.- Deialdi honen bidez lortzen den diru-laguntza edo dotazioa bateragarria izango da beste edozein erakunde publiko zein pribatutik helburu bererako eskura daitekeen beste edozeinekin, salbuespen bakarrarekin: beste hezkuntza-administrazioren batetik jasotakoak.

2.- Finantza-iturri guztietatik ateratako guztizko kopurua handiagoa bada proiektuaren kostua baino, Administrazio honen laguntza dagokion proportzioan murriztuko da. Hasierako ebazpena aldatzeko espediente egokia izapidetuko da horretarako.

12. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginak (1998ko urtarrilaren 19ko EHAA) bere 50. artikuluan aurreikusi dituen gainerako betebeharrak ere hor direla, ikastetxe onuradunek ondoko betebeharrak izango dituzte:

1.- Emandako dotazio ekonomikoa eta/edo diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, eman izana jakinarazi eta hamabost eguneko epean uko egiten ez bazaio, beren-beregi eta idatziz egin ere, onartutzat joko da.

2.- 2010eko ekainaren 30a baino lehen egitea laguntza eman zaien bilerak, trukeak edo topaketak.

3.- Jasotako laguntza behar bezala inbertitu dela justifikatzea, Agindu honek aurrez ikusitakoaren arabera.

4.- Diru-laguntzak eta dotazioak ematen dituen Administrazioaren egiaztatze-jarduerak eta Administrazioaren Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren kontrol-jarduerak erraztea, aipatu testu bateginaren 50.2. artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondorio horretarako, jatorrizko fakturak ikastetxeetan gordeko dira.

13. artikulua.- Ez betetzea eta aldatzea.

1.- Emandako diru-laguntza edo dotazioa oinarri hauen arabera ez justifikatzeak, eta bereziki, memoria ez egiteak edota justifikaturiko arrazoirik gabe 2010eko uztailaren 15a baino lehen ez aurkezteak, ondorio ekarriko du justifikatu gabeko zenbatekoak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra, berandutza interesak eskatzearekin batera, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Testu Bateginak eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak (1992ko otsailaren 7ko EHAA) xedatutakoaren arabera.

2.- Dotazioak edo diru-laguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira —betiere, helburua beteta—, eta beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek, nazio edo nazioarteko mailakoek, diru-laguntzak eta dotazioak ematen baldin badituzte, aldatu ahal izango da diru-laguntza edo dotazioa emateko hartutako ebazpena.

14. artikulua.- Jarraipena eta ziurtagiria.

1.- Dotazioz eta diruz lagundutako proiektuak onartutako baldintzetan aurrera eramaten direla bermatzeko asmoz, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak zehaztuko ditu proiektuak jarraitu eta baloratzeko orduan Hezkuntza Ikuskaritzak kontuan hartu behar dituen irizpideak.

2.- Jarraipena egitean proiektuaren garapenean gorabeherarik gertatuz gero, Hezkuntza Ikuskaritzak egokitzat jotzen duen txostena bidaliko dio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari, honek neurriak har ditzan agindu hau behar bezala betetzeko.

3.- Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak ofizioz ziurtatu edo egiaztatuko du irakasleen parte-hartzea, bai lan-proiektua onartu zaion diruz lagundutako jarduera gauzatzeko ardurari dagokionez, bai truke-topaketetan ikasleei lagundu izanari dagokionez.

15. artikulua.- Datuen babesa.

Datu Pertsonalak Babesteari Buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua deialdi honetako diru-laguntzak eta deialdi honekin zer ikusia duten beste edozein prozedura edo espediente administratiboa kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Fitxategi honen arduraduna Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritza da. Lege horretan adierazitako sarbide, zuzenketa, ezabatze eta aurkatze-eskubideak erabiltzeko hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzara jo beharko da, helbide honetara: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz.

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute, deialdi honen xede berdinetarako bakarrik eta, Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

AZKEN XEDAPENAK

1.- Herri-Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legeak xedatzen duena aplikatuko da, osagarri gisa, prozeduraren arloan agindu honek arautzen ez dituen ataletan.

2.- Interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izango diote Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburuari administrazio-bidea agortzen duen agindu horren aurka, hilabeteko epean, Agindua EHAAn argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, Agindua argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

3.- Baimena ematen zaio Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzari behar diren jarraibideak eman ditzan agindu hau gauzatzeko.

4.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko abuztuaren 28a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketako sailburua,

MARÍA ISABEL CELAÁ DIÉGUEZ.


Azterketa dokumentala