Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2009ko irailaren 18a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
5101

AGINDUA, 2009ko irailaren 16koA, Herrizaingo sailburuarena; horren bidez, genero-indarkeriaren biktimei arreta, solidaritatea eta laguntza emateko zerbitzua sustatzen duten erakunde eta elkarteentzako laguntzak arautu eta horietarako deialdia egin da.

Genero-indarkeriak giza eskubideak eta emakumeen funtsezko askatasuna haustea dakar; horrenbestez, emakumeek ezin dute gizartean bete-betean parte hartu, ez eta beren giza potentziala garatu ere.

Genero-indarkeriak emakume eta gizonen arteko aldearen egitura du oinarri, eta, horrenbestez, erantzun integrala eta jakintza-arlo anitzekoa behar du.

Zentzu horretan, genero-indarkeriaren biktimentzat abian jarritako programak, erakunde publikoek ez ezik, irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteek ere lantzen dituzte.

Erakunde horiek zerbitzuak emateko dituzten ekonomia-beharrizanak kontuan hartuta, Herrizaingo Sailak, agindu honen bidez, genero-indarkeriaren biktimei arreta, babesa eta laguntza emateko egintzentzako laguntzak arautu ditu.

Adierazitakoari jarraituz, eta indarrean dagoen lege-antolamenduak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz, honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

1.- Agindu honen helburua da 2009. urterako ekonomia-laguntzak arautu eta horietarako deialdia egitea, genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta, babesa eta laguntza emateko jarduerak prestatzen dituzten erakunde eta elkarteentzat.

2.- Genero-indarkeriatzat hartzen da emakumearen aurkako edozein indarkeriazko egintza: «sexuagatiko indarkeriazko egintza oro, emakumeari kalte fisikoa, sexuala edo psikologikoa nahiz sufrimendua eragiten diona, edo eragin liezaiokeena, bizitza publikoan nahiz pribatuan gauzatzen dena, horien barruan sartzen direlarik egintza horiek gauzatzeko mehatxu egitea, derrigortzeak edo askatasun gabetze arbitrarioak» (Emakume eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legean jaso bezala).

3.- Jarduerak diruz lagundu ahal izateko, proiektu eta jardueren xedeak honakoa izan beharko du: genero-indarkeriaren biktima diren emakumeenganako arreta eta babesa hobetzeko jarduerak egin eta horiei arreta, laguntza eta laguntza juridikoa eta psikosoziala eman.

4.- Erakunde onuradunek jasotako laguntzak, hain zuzen ere agindu honek araututakoak, honako jarduera hauetan erabili beharko dira:

a) Harrera, laguntza, lan-orientazioa eta laguntza juridikoa eta psikosoziala, herri-administrazioek arlo honetan antolatutako egintzak eta prestazio arautuak osatzeko.

b) Informaziorako, sentsibilitate publikoaren sustapenerako eta genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak gizartean aintzatetsiak izateko programak.

c) Genero-indarkeriaren biktima diren emakumeak indarkeriarik gabeko bizitza askean bizi ahal izateko bestelako jarduerak eta prebentzio-programak, berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren printzipioak oinarri hartuta, beren garapena eta ongizatea eragiteko.

5.- Diruz lagundu daitezkeen eta agindu honen babesean dauden proiektu eta jarduerak 2009ko ekitaldian egin beharko dira.

2. artikulua.- Diru-kopurua. Betekizunak.

1.- Agindu honetan ezarritako diru-laguntzak finantzatzeko 400.000 euro jarriko dira guztira.

2.- Eskatzaile bakoitzeko, diruz lagun daitekeen kopurua, gehienez, aurrekontuaren % 75 izango da, proiektua gauzatzeko.

3.- Eskatzaileen arteko sailkapena egiteko, agindu honen 6. artikuluan ezarritako balorazio-irizpideak hartuko dira kontuan.

4.- Laguntza emateko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da; horrela, diru-kopurua eskabide guztien artean banatuko da, balorazio-fasean lortutako puntuak kontuan hartuta eta ezarritako gehieneko zenbatekoa eta portzentajeak gainditu gabe, eskatutako zenbatekoa gainditu gabe.

5.- Diru-laguntzaren zenbatekoak ezingo du, inolaz ere, erakunde onuradunak egin beharreko jardueraren balioa gainditu, ez berak bakarrik, ez beste administrazio batzuek edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek emandako diru-laguntza edo laguntza batzuekin batera.

3. artikulua.- Erakunde eta elkarte onuradunak.

1.- Agindu honen helburu diren laguntzen onuradun izan ahalko dira Euskal Autonomia Erkidegoko irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteak, baldin eta horien helburu eta xedea genero-indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta ematea bada.

2.- Ezingo dute deialdian parte hartu laguntza edo diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik jaso duten erakunde edo elkarteek, ez eta horretarako legezko debekuren batean daudenek ere, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

3.- Nolanahi ere, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu bategina onetsi duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 50.4 artikuluarekin bat etorriz, onuradunei diru-laguntzak eta laguntzak eman eta, hala badagokio, ordaintzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta hauen erakunde autonomoek emandako izaera bereko laguntza edo diru-laguntzen arloan hasi eta oraindik ere izapidean den itzultze- edo zehapen-prozedura orok amaituta egon beharko du.

4. artikulua.- Eskabideak eta agiriak.

1.- Agindu honen ondorioz egingo den laguntzen deialdian parte hartu nahi duten erakunde eta elkarteek Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailaren Erregistro Orokorrean (Donostia-San Sebastián kalea, Vitoria-Gasteiz) edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako edozein egoitzatan aurkeztu beharko dituzte eskabideak, hilabeteko epean, deialdia Euskal Herriko Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

a) Eskabidea sinatu duen pertsonaren NANaren edo IFZren fotokopia.

b) Erakunde eskatzailearen eraketa-aktaren, estatutuen edo arautegi ofizialen kopia eta dagokion erregistroan inskribatu izanaren kopia.

c) Erakundearen organo eskudunaren ziurtagiria, horren izenean jarduteko duen gaitasuna egiaztatzeko, edo izaera horrekin jardutean duen ordezkaritza egiaztatzeko agiria.

d) Jarduera eta proiektuaren memoria; bertan, honakoa zehaztu beharko da:

- Helburua.

- Metodologia.

- Aurreikusitako hartzaileak.

- Biktimei arreta emateko lekua.

e) Proiektua garatu behar duen taldea osatzen duen erakundeak dituen giza baliabideak eta baliabide materialak.

f) Proiektua gauzatzeak ekarriko duen kostuaren aurrekontu zehatza; bertan, proiektua bera finantzatzeko gainerako bideak adieraziko dira, horrelakorik izanez gero.

g) Dagokion Foru Ogasunaren eta Gizarte Segurantzako Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiri eguneratuak; horiek originalak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Horien bidez, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak betetzen direla egiaztatuko da. Irabazi-asmorik gabeko erakunde eta elkarteak Gizarte Segurantzan enpresaburu gisa erregistratuta egon ezean, horien legezko ordezkariak sinatutako idazkia aurkeztu beharko dute; idazki horretan, erantzukizunpeko adierazpena egingo da, eta Gizarte Segurantzarekiko edo Gizarte Segurantzaren ordezko sistemekiko betebeharrak betetzen dituztela adieraziko da.

h) Eskatzaileak eskatutako bestelako laguntzen zerrenda; halaber, diru-laguntza zein jarduera gauzatzeko eskatu den adierazi beharko da. Bertan, zein erakunde publiko edo pribaturi eskatu zaion laguntza zehaztu beharko da, bai eta laguntza horiek ukatu edo eman diren edota oraindik ebatzi gabe dauden. Bestela, diru-laguntzaren helburu diren jardueretarako, beste inolako diru-laguntzarik ez duela eskatu egiaztatzen duen agiria.

i) Identifikazio Fiskaleko Kodearen fotokopia.

j) Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eredu normalizatuaren originala: «Hirugarren Interesatuaren Datuen Alta»; hori Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan jaso ahalko da. Agiri hori dagokion banku-erakundeak eta eskatzaileak behar bezala zigilatuta eta sinatuta aurkeztu beharko da, aurretik Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren beste diru-laguntza edo kalte-ordainik jaso ezean.

k) Eskatzaileek 6.2.a) artikuluan ezarritako aurrekontuak egiaztatzeko beharrezkotzat jotzen dituzten agiri guztiak, baremazioa egiteko.

l) Legezko ordezkariaren zinpeko aitorpena, diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten duen zehapen administratiborik edo penalik ez duela adierazten duena, eta horretarako legezko debekuren batean ez izatea, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen seigarren azken xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz.

2.- Agindu honen 3,1. artikuluak zehaztutako elkarteek kide-kopurua adierazi beharko dute, bai eta beren jardunen pertsona hartzaileen kopurua ere.

5. artikulua.- Eskabideetako akatsak zuzentzea.

Eskatzaileek aurkeztutako agiriak aztertu ondoren, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak agiri guztiak ez daudela edo daturen bat falta dela egiaztatuz gero, erakunde edo elkarte interesdunari, hamar eguneko epean, akatsa zuzentzeko edo nahitaezko agiriak aurkezteko eskatuko zaio; gainera, jakinaraziko zaio, hala egin ezean, eskabideari uko egin diola ulertuko dela. Horrela, bada, administrazioak eskabide horren gaineko esanbidezko ebazpena eman eta hura jakinarazi beharko du, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoari jarraiki.

6. artikulua.- Diru-laguntzak esleitzeko Epaimahai Kalifikatzailea eta irizpideak.

1.- Aurkeztutako eskabideak aztertu eta ebaluatzeko Epaimahai Kalifikatzailea eratuko da. Hauek izango dira bertako kideak:

a) Lehendakaria: Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendaria.

b) Batzordekideak: Herrizaingo sailburuak izendatutako Herrizaingo Saileko bi teknikari.

c) Idazkaria: Herrizaingo sailburuak izendatutako Herrizaingo Saileko funtzionario bat; horrek hitzarekin baina botorik gabe jardungo du.

Epaimahai horrek gehiengo soilez hartuko ditu erabakiak, diru-laguntzak esleitzeko hurrengo paragrafoan ezarritako irizpideei jarraiki, eta ebazpen arrazoitua emango du eta Herrizaingo sailburuari aurkeztu.

2.- Diru-laguntzen zenbatekoa eman eta zehazteko irizpideak honako hauek izango dira, jarraian zehaztutako puntuazio-baremoen arabera:

a) Eskatzaileak genero-indarkeriaren aurkako jardueretan aldez aurretik egindako ibilbidea eta esperientzia, eta, batez ere, Erakunde eskatzaileak dituen jarraipena, egonkortasuna eta kaudimena, proposatutako jarduera edo programa garatuko den arloari dagokionez (20 puntu, gehienez).

b) Aurkeztutako proposamenak eta ezarritako helburuak betetzeko egokiak izatea (helburuak, metodologia, jarduerak, aurrekontua, hartzaileengan eta lurralde-eremuan aurreikusitako eragina eta ebaluatzeko adierazleak direla-eta, aurkeztu den programak duen kalitate teknikoa): (50 puntu gehienez).

c) Erakunde eskatzaileak aurkeztutako programan ezarritako ekintzak garatzeko eta gauzatzeko jarritako giza baliabideak eta baliabide pertsonalak, jarduerak egiteko aurreikusi den taldeak genero-ikuspegiaren gainean duen prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila barne: (20 puntu gehienez).

d) Dagokion arloan egingo den programa originala izatea eta programa hori egingo den lekuan ez izatea antzeko programarik, edo jarduera zehatz bakoitza berritzailea izatea: (10 puntu gehienez).

7. artikulua.- Laguntzen bateragarritasuna.

1.- Deialdi honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak dira eskatzaileek Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura 2009ko ekitaldi honetan jasoko dituzten edo jaso dituzten beste diru-laguntza batzuekin, betiere diruz lagundu ahal den jarduera edo proiektua berbera bada eta diru-laguntzaren gaia eta xedea berbera bada.

2.- Deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko edo pribatu batzuek helburu bererako eman ditzakeen beste diru-laguntza batzuekin, betiere ez bada gainfinantzaketarik gertatzen. Gainfinantzaketarik izanez gero, diru-laguntza behar den gehieneko mugaraino murriztuko da.

8. artikulua.- Ebazpena.

1.- Ikusirik Epaimahai Kalifikatzaileak emandako proposamena, Herrizaingo Sailak ebazpena emango du gehienez ere hiru hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko eta formalizatzeko epea amaitzen denetik kontatzen hasita. Deialdi honetako diru-laguntzei buruz ebazten duen Agindua aipatutako epe horretan jakinaraziko zaie esleipendunei eta argitaratuko da guztiek ezagut dezaten Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkari Ofizialean.

2.- Epe horren barruan erabakiaren berri ematen duen jakinarazpenik jaso ezean, eskabidea ez dela onetsi joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan ezarritakoaren arabera.

3.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo erakunde autonomiadunek ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman izana dela-eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, prozesu hori amaitu egin beharko da onuradunei diru-laguntzak edo laguntzak eman eta ordaindu ahal izateko.

9. artikulua.- Erakunde eta elkarte onuradunen betebeharrak.

1.- Erakunde onuradunek diru-laguntza onartzeak agindu honetan ezarritako arau guztiak onartzea dakar, bai eta azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritako erlazio-bermeak eta itzulera eta zehapenen erregimena onartzea ere.

2.- Zehazki, erakunde onuradun bakoitzak honakoak bete beharko ditu:

a) Diru-laguntza ematea eragin zuen jarduera gauzatzea.

b) Egindako programa edo jardueraren memoria zehatza lantzea, bai eta izandako gastuak frogatzeko agiri original edo konpultsatuak aurkeztea ere, diruz lagundutako jarduerak amaitu eta hurrengo hilearen barruan.

c) Herrizaingo Sailak egingo dituen egiaztapenen menpe eta Ekonomi Kontroleko Bulegoak burutuko duen ikuskaritzaren menpe egotea, Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorren kontura eskuratu diren laguntza edo diru-laguntzei dagokienez. Era berean, Herri Kontuen Euskal Epaitegiaren araudi bereziko neurrien menpe ere egon beharko du.

d) Beste edozein administrazio, erakunde publiko edo pribatuk helburu bererako emandako diru-laguntzak, laguntzak, dirua edo baliabideak eskuratuz gero, horren berri ematea Herrizaingo Sailari..

e) Diru-laguntza emateko kontuan hartutako edozein gorabehera objektibo zein subjektibo aldatuz gero, horren berri jakinarazi beharko zaio Herrizaingo Sailari.

f) Agindu honen helburu diren programen hartzaileei Herrizaingo Sailak genero-indarkeriaren biktimei arreta emateko politiketan emandako laguntza adierazteko konpromisoa hartzea.

g) Diru-laguntzaren helburu diren proiektuek giza baliabideak eta pertsonen arteko bizikidetasun-balioak errespetatu beharko dituzte; ondorioz, proiektu horiek ezingo dute herritarrentzat iraingarria den, beren duintasunari kalte egiten dion edo indarkeriaren justifikazioa adierazten duen ikur edo elementurik erabili.

3.- Diru-laguntza emango dela jakinarazi eta hurrengo egunetik aurrera, hamabost eguneko epean, erakunde edo elkarte onuradunek ez badiote berariaz eta idatziz uko egiten laguntzari, onartu dela ulertuko da.

10. artikulua.- Ordaintzeko modua eta frogatzeko modu eta epea.

1.- Diru-laguntzaren zenbatekoa ordainketa bakarrean ordainduko da, diruz lagundutako jarduerak gauzatu ondoren, eta diru-laguntza ematearen helburua bete dela frogatzen duen dokumentazioa behar bezala beteta Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzan aurkeztu ondoren.

2.- Frogagiri horiek Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Saileko Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari igorri beharko zaizkio, 2010eko urtarrilaren 31 baino lehen.

11. artikulua.- Baldintzak aldatzea.

Diru-laguntza emateko kontuan izandako edozein baldintza aldatu egiten bada, eta edozein kasutan, beste administrazio batzuen edo erakunde publiko edo pribatuen diru-laguntzak eskuratu baldin badira aldi berean, eta, hala balegokio, helburu bera aurrera eramateko bestelako diru-sarrera edo baliabide batzuk lortu badira, laguntza ematea ekarri duen ebazpena aldatu beharra gerta daiteke, betiere, diru-laguntzaren arauak onuradun izateko ezartzen dituen gutxieneko baldintzei bere horretan eutsita.

12. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak ez betetzea.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan ezarritako kasuetan ez ezik, honako kasu hauetan ere ulertuko da arauak bete ez direla:

a) Diru-laguntzaren helburua izan ez den jarduerarako -bere garaian aurkeztutako proiektuaren arabera onetsitako jarduerarako- erabat edo zati batean erabiltzea.

b) Aukeratutako proiektuan aldaketak egitea, Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak funtsezkoak ez izateagatik aldaketa horiek egiteko baimena eman ezean.

c) Diru-laguntza emateko ebazpenean baimendutako partidak ez frogatzea.

d) Aurkeztutako eskabidean edo agirietan dauden datuak benetakoak ez izatea.

2.- Diru-laguntzaren onuradunak diru-laguntzak emateko aginduan edo agindu honetan ezarritako baldintzaren bat bete ezean, prozedura-izapide egokiak bideratu ondoren, laguntza jasotzeko eskubidea galduko da, eta, hala badagokio, Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari dagoeneko jasotako zenbatekoak itzuli beharko zaizkio, legezko interesekin eta bidezkoak diren gainerako egintzei kalte egin gabe. Hori guztia, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoa kontuan hartuta. Dekretu horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kargura emandako diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko araubide orokorra arautu da, eta, era berean, diru-laguntzon kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileek bete beharreko baldintza, araubide eta betebeharrak ezarri dira. Horrez gain, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan ezarritakoa ere aplikatuko da. Horren bidez, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bategina onetsi da.

13. artikulua.- Dirua itzultzeko prozedura.

Aurreko artikuluan aurreikusitako ez-betetze kasuetan, honako hau izango da jasotako diru-laguntzak itzultzeko prozedura:

a) Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak dirua itzultzeko prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzen deneko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesdunari, eta erakundeak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko 15 eguneko epea emango dio. Prozedura hasitakoan geldiarazi egingo dira egitear dauden ordainketak, halakorik izanez gero.

b) Alegazioak jaso ondoren, edo epea igaro eta alegaziorik egin ez bada, amaitutzat emango da prozedura Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko zuzendariaren Ebazpen bidez.

Aplika daitezkeen arauak ez betetzeagatik diru-laguntzak itzultzeko prozedura ebazteko epea sei hilabetekoa izango da gehienez.

Ebazpenean arauren bat bete gabe utzi dela iritziz gero, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat emango da, eta, hala badagokio, ebazpena jakinarazten denetik hasita gehienez bi hilabeteko epean, dagozkion diru-kopuruak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharra adieraziko da. Epe hori borondatezko epealditzat joko da.

c) Dirua borondatezko epealdian itzultzen ez bada, Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Ogasun eta Finantza Sailburuordetzari jakinaraziko zaio, aplikatu beharreko lege-araudian ezarritakoaren arabera jardun dezan.

14. artikulua.- Diruz lagundutako Proiektu edo Jardueraren jarraipen eta Kudeaketarako Organoa.

1.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzari dagokio Agindu honen babesean egiten diru-laguntzetarako deialdia kudeatzeko lanak gauzatzea.

2.- Genero Indarkeriaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzak egokitzat jotzen dituen egiaztapenak egin ahalko ditu, emandako diru-laguntzaren inguruan, eta bere esku izango ditu horren gaineko frogagiriak.

AMAIERAKO XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ordezko araubidea. Agindu honetan ezarri ez diren prozedurazko alderdi guztietarako, azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakora (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako testua) joko da.

Bigarrena.- Agindu honek administrazio-bidea agortzen du eta beraren aurka aukerako berraztertzeko errekurtso aurkez dakioke Herrizaingo sailburuari, hilabeteko epean, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita. Aginduaren aurka aurkeztu daiteke, baita ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzitarako Salan, bi hilabeteko epean, dagoeneko aipatutako aldizkari ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Hirugarrena.- Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko irailaren 16a.

Herrizaingo sailburua,

RODOLFO ARES TABOADA.


Azterketa dokumentala