Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2009ko ekainaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Iragarkiak

SPRI SA
3228

IRAGARKIA, «Autonomoen lanari jarraipena» emateko laguntza programaren aldaketari dagokiona.

Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua S.A.k 2009ko martxoaren 30ean eginiko bileran adostu du «Merkataritzako Autonomoen Lanari Jarraipena» emateko laguntza programaren 1., 3., 4. eta 7. artikuluak aldatzea, zeina EHAAn argitaratu baitzen 2008ko azaroaren 20an. Aldaketa hauen helburua da onuradunaren kontzeptua zabaltzea eta onuraduntzat hartzea ezintasun iraunkorren bat daukaten enpresari emaileak, jarduera eskualdatzen badiete 45 urte baino gutxiago daukaten pertsona fisikoei, lehen graduko odol-ahaidetasuna daukaten senideei, langile bati, edozein dela ere bere adina, edo kide bakarreko sozietate bati, baldin eta bazkidea pertsona fisikoa bada eta aurreko baldintzetakoren bat betetzen badu.

Adostutako aldaketen ondoren, hauxe da aipatutako artikuluen erredakzio berria eta testu osoa:

1. artikulua.- Xedea.

Programa honen xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) merkatari autonomoen belaunaldi arteko ordezkatze prozesuak sustatzea, betiere merkataritzaren jarraipenari laguntzeko. Sustapen-programa hori honela gauzatuko da: enpresen iraupena bermatuz, adineko enpresariak edo ezintasun iraunkorren bat dutenak ordezkatuz eta merkataritza-egiturari eta enpleguari eusteko laguntza emanez.

3. artikulua.- Onuradunak.

EAEn bizi eta bertan merkataritza-jarduera garatzen duten pertsona fisikoak izan daitezke laguntza hauen onuradun, honako baldintza hauek betetzen badituzte: laguntza hau eskatzen duten ekitaldian 65 urte beteta izatea edo ezintasun iraunkorren bat izatea (emailea), azken 10 urteetan merkataritza-jardueran aritu izana, Gizarte Segurantzako langile autonomoen erregimenean alta emanda egotea eta, azkenik, negozioaren titulartasuna eskualdatzea ondokoetakoren bati:

- 45 urtetik beherako pertsona fisikoei (hartzailea),

- edo lehen mailako odol-ahaidetasuna duen senideari, edozein dela ere bere adina.

- edo emaileak kontratatutako langile bati, edozein dela ere bere adina.

- edo kide bakarreko sozietate bati, baldin eta bazkide bakarra pertsona fisikoa bada eta aurreko baldintzetakoren bat betetzen badu.

Laguntza-eskabidea aurkezten den momentuan bete beharko dira aipatutako baldintzak.

4. artikulua.- Diruz lagundutako jarduera.

Diruz lagunduko da merkataritza-jarduera beste pertsona fisiko bati eskualdatzea, baldin eta pertsona hori autonomoen erregimenean erregistratzen bada, edo baita ere kide bakarreko sozietate bati eskualdatzea.

7. artikulua.- Eskabideak. Dokumentazioa eta aurkezteko modua.

1.- Laguntzak eskatzeko, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzte onuradunek kasuan kasuko merkataritza-ganberan:

• Laguntzak eskatzeko inprimakia, beteta.

• NANaren kopia (biena) / IFZ hartzailea kide bakarreko sozietatea denean.

• Ogasunaren ziurtagiria; bertan adieraziko dira Ekonomia Jardueren gaineko Zerga (EJZ) eta noiztik dagoen alta emanda emailea.

• Hartzailea EJZn alta emanda dagoela egiaztatzeko agiria.

• Zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak beteta izatea egiaztatzeko agiria (biena).

• Aurreko hiru urteetan jasotako laguntzen gaineko zinpeko aitorpena.

• Beste erakunde batek helburu berarekin emandako laguntzarik jaso ez izanaren zinpeko adierazpena.

• Onuradunaren adierazpena, laguntza publikoak jasotzeko indarrean dagoen legedian ezarritako baldintzak betetzen dituela zehazten duena.

Merkataritza ganberek akats, hutsegite edo zehaztasun-faltarik aurkitzen badute aurkeztutako dokumentazioan, eskatzaileari jakinarazi, eta 10 eguneko epea emango diote zuzendu dezan. Gainera, berariaz ohartaraziko diote hala egiten ez badu, eskabidean atzera egin duela ulertuko dela.

2.- Eskatzaileek emandako dokumentazioa erabiliz, merkataritza-ganberak eskabideko datuak beteko ditu, SPRIk horretarako prestatutako aplikazio informatikoan. Ganberak berak ziurtatuko du datuen egiazkotasuna.

3.- Eskabidea bete ostean, merkataritza ganberak baliabide telematikoz tramitatu eta inprimatuko du, onuradunek izenpetu dezaten zinpeko adierazpenarekin batera.

4.- Eskabidea, behar bezala izenpetuta, eta Ogasun eta Gizarte Segurantzako betebeharrak konplituta izateari buruzko ziurtagiriak SPRIra bertara bidali beharko dira.

Bilbao, 2009ko martxoaren 30a.

Zuzendari nagusia,

MAURICIO LAZCANO BROTONS.


Azterketa dokumentala