Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

103. zk., 2009ko ekainaren 2a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakaritza
3200

EBAZPENA, 2009ko apirilaren 21ekoa, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoan emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egiten duten gizon-elkarteei 2009ko ekitaldian diru-laguntzak ematea arautzeko dena.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea sortzeari buruzko otsailaren 5eko 2/1988 Legearen 2. artikuluan xedatutakoaren arabera, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen helburu nagusia da emakumeen eta gizonen artean berdintasun benetakoa eta eraginkorra lortzea, Euskal Autonomia Erkidegoko esparru guztietan: politikagintzan, ekonomian eta gizartean. Emakunderen helburuak dira, beraz, sexuen arteko berdintasuna bideratzeko baldintzak sustatzea; berdintasun hori, izatez eta zuzenbidez, osotasunez garatzeko dauden oztopoak kentzea; eta emakumea baztertzeko edozein modu deuseztatzea Euskadin.

Otsailaren 18ko 4/2005 Legeak eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako IV. Planak esparru juridiko aproposa osatzen dute herri administrazioek ekimenak planteatu ditzaten, beren-beregi gizonek gizarte zuzenago eta berdinzaleago baten aldeko borrokarekin bat egin dezaten eta zeregin horretan benetan konprometitu daitezen (4/2005 Legea, emakumeen eta gizonen berdintasunerakoa; IV. Plana, Eusko Jaurlaritzak 2006ko irailean onartua).

Hain zuzen ere, otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 35. eta 3.1.c) artikuluetan, hurrenez hurren hau esaten da: «euskal herri-administrazioek, hain zuzen, gizonek etxeko lanetan ere erantzukizunak har ditzatela sustatuko dute» eta «ez dira sexuaren ziozko bereizkeria kontsideratuko justifikazio objektiboa eta zentzuzkoa duten neurriak, emakumeei eta gizonei tratamendu ezberdina ematea badakarte ere. Neurri horien artean helburu hauek dituztenak sartu behar dira: (...) gizonek etxeko lanetan eta pertsonen zainketan parte har dezaten sustatzea»

IV. Planean beren-beregi gizonentzat egindako aurreikuspenak batez ere honako hauei dagozkie: II. Ardatzari, alegia, Emakumeen Ahalduntzearen eta Gizarte eta Politikaren arloko Parte-hartzearen ardatzari, eta III. Ardatzari, alegia, Bateragarritasun eta Erantzunkidetasunaren ardatzari. Jarduerak egin beharra eskatzen dute: batetik, gizon-taldeak sortzeko, hain justu ere, azterketa-lana egin dezaten eta maskulinotasunaren ereduak aldatzeko eta gizarte-sistema berdinzaleago batera hurbiltzeko lana egin dezaten; eta bestetik, informazio-, sentsibilizazio- eta prestakuntza-ekintzak egiteko (kanpainak, tailerrak, jardunaldiak, ikastaroak...e.a.). Horren bidez lortu nahi da bai gizonengan kontzientziazioa eta jakituria handitzea, etxeko lanetan erantzunkide izan daitezen -beharrezkoa baita-, bai gizonak motibatzea, mendetasunak dituzten pertsonak zaintzeko lizentziak, baimenak, eszedentziak eta lanaldi-murrizketak eska ditzaten.

Testuinguru honetan, 2007ko azaroan, Gizonduz ekimena jarri zen abian, lehendakariak gidatuta eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bultzatuta. Ekimen horretan hainbat sustapen-neurri dago, hain justu ere, etxeko erantzunkidetasunaren, sentsibilizazioaren eta prestakuntzaren arloetan emakumeen eta gizonen berdintasunaren alde gizonak gehiago inplikatu daitezen lortzeko eta gizonen artean masa kritiko bat sortuz, helburu hura iristeko aurrerapauso handiagoak ahalbidetzeko.

Gizonduz ekimenak, besteak beste, berdintasunaren aldeko gizon-taldeak sustatzeko diru-laguntzak ematea aurreikusten du.

Horiek horrela, 2009an, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak diru-laguntzen deialdi hau arautuko du, publizitate-, lehia- eta objektibotasun-irizpideen arabera, eta EAEko 2009ko Aurrekontu Orokorren kontura.

Horrenbestez, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Ebazpen honen xedea da gizonen elkarte eta federazioei Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak emango dizkien diru-laguntzak arautzea; elkarte eta federazio horiek irabazi-asmorik gabekoak izan behar dute eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzea izan behar dute jardute-eremu eta helburu bakar. Aipatu diru-laguntzen bidez, Erakundeak 2009ko ekitaldirako dituen helburuen eta xedeen araberako proiektu zehatzak egin beharko dira, hurrengo artikuluek xedatutakoari jarraiki eta Erakundearen aurrekontuaren IV. kapituluan ezarritako kreditu-mugetatik atera gabe.

2. artikulua.- Diru-baliabideak.

Emakunderen aurrekontuetan horretarako ezarritako aurrekontu-kredituetatik aterako dira aurreko artikuluan adierazitako xedeak lortzeko jarritako diru-baliabideak. Zenbatekoa, hasieran behintzat, hamazortzi mila (18.000,00) eurokoa izango da.

Eskatutako laguntza guztien zenbatekoa kontuan hartuta, artikulu honetan esandako zenbatekoa handitu egin daiteke, baldin eta Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen beste laguntza-programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontu-baliabideak geratzen badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko ebazpena hartu aurretik egin beharko da. Gora-behera hori argitaratu egingo da Emakundeko zuzendariaren ebazpen baten bidez.

3. artikulua.- Laguntzak emateko prozedura.

1.- Aurkeztutako laguntza guztiak aldi berean esleituko dira, ekitaldi berean, lehiaketa-bidea erabili gabe. Izan ere, programaren helburua da eskabideak garaiz eta behar bezala aurkezten dituzten elkarte guztiei ematea diru-laguntzak, baldin eta ebazpen honetan onuradun izateko eskatzen diren baldintza guztiak betetzen badituzte.

Horretarako, garaiz eta behar bezala aurkeztutako eskaerak aztertuz esleituko dira laguntzak. 10. artikuluan zehaztutako irizpideei jarraiki, onartzen den aurrekontuaren % 100 finantzatu daiteke, baina eskaera bakoitzak 12.000 euro jasoko ditu, gehienez ere. Hor, programatutako ekintza guztiak sartuko dira.

2.- Aurreko lerroaldean aipatutako aurrekontua onartzeko, besteak beste, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

- Ebazpen honetan zehaztutako erregimenaren babespean, funtzionamendu-gastu arruntak jotzen dira diruz lagun daitezkeen gastutzat. Gastu horiek erakunde eskatzaileak aurkezten duen aurrekontu banakatuan azaldu beharko dira, eta zuzeneko zerikusia izan behar dute jarduera garatzearekin.

- Lagundutako proiektua garatzen -eta ez beste ezertan- diharduten pertsonen soldata eta lansariak baino ez dira sartuko.

- Diruz lagun daitezkeen gastutzat ezingo da jarri BEZ kengarriaren zenbatekoa, erakunde eskatzailea zerga horren deklarazioa egitera behartuta badago. Inbertsio-gastuak ere ez dira lagunduko.

3.- Erakunde eskatzaileak aurkeztutako aurrekontuan artikulu honen arabera diruz lagundu ezin diren gastuak agertzen badira, hautaketa-batzordeak ez ditu zenbatuko diruz lagundu daitezkeen gastuen aurrekontua zehazteko; izan ere, aurrekontu hori hartuko da kontuan ebazpen-proposamenean diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko.

4.- Aurreko atalean zehaztutakoari jarraiki diru-laguntzen zenbatekoa kalkulatu ondoren, deialdi honetarako ezarritako aurrekontua horiek guztiak emateko iristen ez bada, hasieran kalkulatutako diru-laguntzen zenbatekoen araberako proportzioan hainbanatuko da deialdiaren zenbateko guztia.

4. artikulua.- Erakunde onuradunak.

1.- Ebazpen honek araututako diru-laguntzak erakunde hauek eska ditzakete: Euskadiko Elkarteei buruzko ekainaren 22ko 7/2007 Legearen aplikazio-eremuan dauden irabazi-asmorik gabeko gizonen elkarte zein federazioek; beharrezkoa izango dute, batetik, jarduera Euskal Autonomia Erkidegoaren lurralde-eremuan garatzea eta egoitza soziala ere Euskal Autonomia Erkidegoan edukitzea, eta bestetik, emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren sustapena izatea euren helburu eta jardute-eremu bakarra.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta horren organo autonomoek emandako izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzei dagokienez, itzulketa- edo zehapen-prozeduraren bat hasita badago eta oraindik izapidetzen ari bada, aipatu prozedura amaitzea ezinbestekoa izango da diru-laguntzak ordaindu ahal izateko.

5. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

Emakumearen eta Gizonaren Berdintasunerako IV. Planaren arabera eta Erakundearen helburuei jarraiki, diruz lagunduko diren proiektuak 2009ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egin beharko dira, eta honako hauek egiteko bideratuko dira:

a) Sentsibilizazio-kanpainak: egungo maskulinotasun-ereduei heldu beharko die eta gizonek emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egin dezaten bultzatu beharko dute.

b) Gizonen eta emakumeen arteko aukera- eta tratu-berdintasuna bultzatuko duten prestakuntza-programak, alor hauetan: hezkuntza, kultura, kirola, heziketa-enplegua, osasuna eta gizarte-zerbitzuak.

c) Berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako ekintzetan gizonen partaidetza bultzatzen duten ekimen, jardunaldi eta topaketak.

6. artikulua.- Eskabideak aurkeztea.

1.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera.

2.- Laguntza hauek eskatzen dituzten pertsonek ebazpen honen eranskinean agertzen diren ereduen arabera egin beharko dute eskabidea, eta, horrekin batera, hurrengo artikuluan eskatzen diren agiriak aurkeztu beharko dituzte. Horiek guztiak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari bidali behar dizkiote (Manuel Iradier, 36. zk., 01005 Vitoria-Gasteiz), zuzenean, nahiz azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezartzen den beste edozein prozedura erabiliz (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

7. artikulua.- Agiriak.

Eskabideekin batera, agiri hauek aurkeztu behar dira:

a) Eskabidea egiten duen erakundeari buruzko datuak (I. eranskina).

b) Estatutuen fotokopia.

c) Elkarteko kide kopurua; hala badagokio, Kideen Liburuaren fotokopiaren bidez egiaztatuko da.

d) Eskabidea egin duen erakundearen legezko ordezkari den pertsona fisikoaren NANaren fotokopia.

e) 2009ko abenduaren 31 baino lehen egin beharreko jardueren programa. Laguntza eskatu den jarduera bakoitzeko II. eranskina osorik bete beharko da.

f) Talde teknikoak edo jarduerak burutzeko kontratatuko diren pertsona fisikoek nahiz juridikoek genero-ikuspegiaren gainean duten prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila egiaztatzen duen curriculuma.

g) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren zinpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, pertsona horrek eta erakunde eskatzaileak ez dutela administrazio-zehapenik edo zehapen penalik sexu-bereizkeria egiteagatik; eta bestetik, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legearen itzalpean ez zaiela horrelako debekurik ezarri (VI. eranskina).

h) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren zinpeko adierazpena, egiaztatzeko batetik, izenpetzen duen pertsonari edo erakunde eskatzaileari laguntza edo diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez zaiela ezarri, eta bestetik, ez dutela laguntzak jasotzeko gaitasuna kentzen dieten lege-debekurik (VI. eranskina).

i) Eskabidea izenpetzen duen pertsonaren zinpeko adierazpena: berariaz adierazi beharko da xede bererako beste diru-laguntzarik eskatu den eta, horrela bada, zein erakunderi eskatu zaion eta eskabide horren egoera zein den (VI. eranskina).

j) Egiaztagiri eguneratua, dagokion foru ogasunak egina, gehienez jota, eskabidearen egunaren aurreko hiru hilabete lehenago egina: zerga-betebeharrak ordainduta daudela egiaztatu beharko da. Zor bat atzeratzea lortzen duen elkarte edo federazioak ordainketak eguneratuta dauzkala joko da, baina agirien bidez egiaztatu beharko du hori guztiori.

k) Elkarteen Erregistroan izena emanda daudela frogatzen duen agiria.

l) Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

m) «Datuen alta/Hirugarren interesatua» inprimakia (V. eranskina).

n) Egiaztagiri eguneratua, dagokion foru ogasunak egina, erakunde eskatzailea BEZaz salbuetsita dagoela egiaztatzeko.

8. artikulua.- Aurkeztutako eskabideetan egindako akatsak zuzentzea.

Diru-laguntzarako eskabideak behar bezala betetzen ez badira edo 7. artikuluan eskatutako agiriren bat falta badute, Emakundek falta den agiria aurkezteko edo antzemandako hutsa zuzentzeko eskatuko dio eskatzaileari, eta hamar eguneko epea emango dio, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Horrez gain, eskatutakoa egin ezean eskaera ezetsi egingo dela ohartaraziko zaio eskatzaileari; ezesteko, aurretiaz ebazpena emango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluan agindutakoari jarraiki (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

9. artikulua.- Hautaketa-batzordea.

Hautaketa-batzordea osatuko da aurkeztutako eskaerak aztertzeko eta ebaluatzeko. Deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatuko du, eta ondoren, esleipen-proposamena egingo dio Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, horrek laguntzak emateko ebazpena eman dezan. Hautaketa-batzordearen kideak:

Lehendakaria:

- Idazkari nagusia.

Batzordekideak:

- Administrazio eta Zerbitzuen arduraduna.

- Generoaren arloko Plangintza eta Ikerketaren arduraduna.

- Aholkularitza Juridikoko Arlo-arduraduna.

Idazkaria:

- Aholkularitza Juridikoko arduraduna izango da.

10. artikulua.- Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko irizpideak.

Eskabidean jarritako jarduerak egiteko diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Aurkeztutako programak duen kalitate teknikoa, kontuan hartuta helburuak, metodologia, jarduerak, aurrekontua, aurreikusitako eragina (hartzaileak eta lurralde-eremua) eta ebaluatzeko adierazleak. 40 puntu, gehienez.

b) Talde teknikoak edo jarduerak burutzeko kontratatuko diren pertsona fisikoek nahiz juridikoek genero-ikuspegiaren gainean duten prestakuntza teorikoa eta lanbide-profila. 20 puntu, gehienez.

c) Berdintasunaren aldeko gizon-elkarteen arteko lankidetza-sareak sustatzea. 20 puntu, gehienez.

d) Etorkinen, ezinduen eta gizartean baztertuta dauden edo baztertuta geratzeko arriskuan dauden beste talde batzuen egoerak eta beharrak kontuan hartzea programak diseinatu, gauzatu eta ebaluatzerakoan. 10 puntu, gehienez.

e) Euskara eta gaztelania erabiltzea jardueraren publizitatea egitean edo jarduera garatzean. 10 puntu, gehienez.

Erakunde eskatzaile bakoitzak aurkeztutako ekintzen programak baloratzen direnean, diru-laguntzaren zenbatekoa zehazteko, lortutako ehunekoa aplikatuko zaio jarduerarako onartutako aurrekontuaren guztirakoari.

11. artikulua.- Beste diru-laguntza edo laguntza batzuekiko bateragarritasuna.

Deialdi honetan ezarritako diru-laguntzak bateragarriak dira gainerako erakunde publiko edo pribatuek helburu berarekin ematen dituztenekin, baldin eta gainfinantzaketarik ez badago. Gainfinantzaketa gertatuz gero, dagokion gehienezko mugaraino murriztuko da diru-laguntza.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak laguntzak esleitzeko hartuko duen ebazpenak amaitu egingo du prozesua, eta emandako eta atzera botatako laguntzak adieraziko ditu. Ebazpena banan-banan jakinaraziko zaie erakunde eskatzaileei. Hala ere, emandako diru-laguntzen zerrenda Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian ere argitaratuko da, jendeak horren berri izan dezan.

2.- Eskabideak ebazteko eta ebazpena jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Epe horretan erakunde interesatuari ez bazaio ebazpenik jakinarazi, diru-laguntzarako eskaera ezetsi egin dela esan nahiko du, hala agintzen baita azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44.1 artikuluan (30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

13.a) artikuluan zehaztutako epean norbaitek laguntzari uko egiten badio, dotazioaren soberakina elkarte onuradunen artean banatuko da, proportzioan, ebazpen honen 3.4 artikuluan ezarritakoa kontuan hartuta.

13. artikulua.- Erakunde onuradunen betebeharrak.

Ebazpen honetan arautzen diren diru-laguntzen erakunde onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartu behar dute. Horrela, diru-laguntza eman zaiela jakinarazteko idazkia jaso eta hamabost eguneko epean pertsona edo erakunde onuradunek diru-laguntzari beren-beregi eta idatziz uko egiten ez badiote, diru-laguntza onartu egin dutela esan nahiko du.

b) Diru-laguntza zertarako eman den, horretarako erabili behar dute, non eta 15. artikuluan ezarritakoa aplikatzen ez den, eta gertu egon behar dute diruz lagunduko diren jarduerak Emakundek noiznahi egiaztatu ditzan onartzeko.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari, beren eginkizunetan dihardutela, deialdi honen kontura jasotako diru-laguntzen inguruan eskatutako informazioa eman behar diete.

d) Diruz lagundutako jardueretan aldaketak egiteko, Emakunderi idatziz jakinarazi beharko diote; izan ere, Emakundeko zuzendariaren berariazko onespena behar da aldaketa horiek egiteko.

e) Diruz lagundutako jarduerei buruzko publizitate orotan, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen laguntza jaso dela azaldu behar da (III. eranskina). Jardueraren edukiak bere gain hartzen dituena elkartea edo federazioa dela adierazi behar da jardueraren publizitatean edo diruz lagundutako argitalpenetan.

14. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzea eta ordaintzea.

1.- Diru-laguntza zatika ordainduko da: ehuneko hirurogeita hamabost 13.a) artikuluan azaltzen den epea amaitutakoan ordainduko da, erakundeak uko egin ez badu; eta gainerakoa, ehuneko hogeita bosta, diruz lagundutako jarduerek sortutako gastu guztiak egiaztatu ondoren. Gastuak egiaztatzeko, agiri hauek aurkeztu behar dira 2010eko otsailaren 28a -egun hori barne- baino lehen:

- Jasotako funts publikoak nola erabili diren justifikatzeko memoria. Memoria horretan, egindako jarduerak eta lortutako emaitzak deskribatuko dira, proiektuan aurreikusitako egutegia kontuan izanda (IV. eranskina).

- Diruz lagundutako jardueratik ateratako produktua, halakorik badago.

- Balantze ekonomikoa, diruz lagundutako jarduera bakoitzeko (IV. eranskina).

- Diru-laguntza jaso duten jarduerei dagokienez, egindako gastuaren jatorrizko fakturak edo agiriak; edo Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak konpultsatutako fotokopiak -kasu horretan, Emakundek jatorrizko fakturei zigilua jarriko die, eta berriro ere erakunde interesatuari itzuliko dizkio-, funtsak behar bezala erabili direla egiaztatzeko behar beste xehetasun jarrita. Faktura edo agirietako gastuen data ezin da izan 2009ko abenduaren 31z gerokoa.

- Soil-soilik lagundutako proiektua garatzen -eta ez beste ezertan- diharduten pertsonen soldata eta lansariak justifikatzeko agiriak.

- Funtzionamendu-gastu arrunten egiaztagiriak; gastu horiek erakunde eskatzaileak aurkeztutako jardueraren aurrekontu banakatu eta xehatuan agertu beharko dira, eta lotura zuzena izan behar dute jardueraren garapenarekin.

- Diruz lagundutako jardueren publizitatean Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen lankidetza agertu dela eta jarduerak elkarteek edo federazioek bere gain hartu dituztela egiaztatzen duten egiaztagiriak.

- Erakunde jasotzaile bakoitzeko, 3.000 eurotik gora ematen diren diru-laguntzetan: egiaztagiri eguneratua, zerga-betebeharrak ordainduta daudela egiaztatzeko; dagokion foru ogasunak egin beharko du, artikulu honetan jasotako agiriak aurkeztu aurreko hiru hilabete lehenago, gehien jota.

2.- Diruz lagundutako jardueraren behin betiko kostu osoa gutxitzen bada (diru-laguntza kalkulatzeko kontuan hartu zen kostuaren aldean) edo gastuaren egiaztagirien bidez (besteak beste, faktura eta ordainagirien bidez) justifikatzen den zenbatekoa emandako laguntza baino txikiagoa bada, dagokion zati proportzionala kenduko da diru-laguntzaren zenbatekoan.

15. artikulua.- Diru-laguntza emateko inguruabarrak aldatzea.

1.- Diru-laguntza emateko kontuan izandako inguruabarren bat aldatzen bada, Emakundeko Zuzendaritzari jakinarazi behar zaio. Diru-laguntzak emateko ebazpena aldatu egin daiteke, baldin eta diru-laguntza emateko kontuan izan diren inguruabarrak aldatu badira -betiere, diru-laguntzaren helburua bete bada- eta bestelako erakunde publiko edo pribatu batek, aldi berean, laguntzarik edo diru-laguntzarik eman badu.

2.- Aurreko artikuluan aipatutako agiriak edo, bestela, artikulu honetako aurreko zatian aipatutakoak jaso, eta agiriak aztertu eta ebaluatu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak emandako diru-laguntza aldatu eta/edo likidatuko du, administrazio-bidea amaitutzat emango duen ebazpen baten bidez; horrez gainera, hala badagokio, diru-laguntzen zenbatekoak egokituko ditu, itzuli beharreko zenbatekoa zehaztuko du eta 15 eguneko epea emango du dirua itzultzeko.

16. artikulua.- Ez-betetzeak.

Diru-laguntza emateko kontuan hartu ziren baldintzetako bat edo batzuk betetzen ez direla egiaztatzen bada, jasotako zenbatekoak eta zenbateko horri dagozkion legezko interesak itzuli egin beharko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan ezarritakoaren arabera. Horretaz gain, dagozkion gainerako ekintzak gauzatuko dira.

17. artikulua.- Dirua itzultzeko prozedura.

Ezarritako baldintzak edota betebeharrak betetzen ez direnean, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan agindutakoari jarraituko zaio emandako diru-laguntza itzultzeko. Dekretu horrek hau ezartzen du:

a) Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak prozeduraren hasiera eta prozedura oinarritzeko arrazoiak jakinaraziko dizkio erakunde interesatuari eta 15 egun balioduneko epea emango dio, interesatuak egokitzat jotzen dituen alegazioak egiteko.

b) Alegazioak jaso edo alegaziorik egin gabe epea amaitu ondoren, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariak amaitutzat joko du prozedura, ebazpen baten bidez. Ebazpen horrek administrazio-bidea amaituko du.

Ebazpenean baldintzak ez direla bete adierazten bada, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat joko da, eta, beharrezkoa bada, jasotako zenbatekoak eta aplikatzekoak diren legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzultzeko aginduko da. Dirua hil biko epean itzuli beharko da, jakinarazpena egiten den egunetik hasita. Epe hori borondatezko alditzat joko da.

c) Borondatezko aldian itzulketarik egiten ez bada, Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Saileko organo eskudunari jakinaraziko zaio, premiamendu-bideari ekin diezaion, aplikatzekoa den legezko araudian xedatutakoari jarraituz.

d) Aplikatzekoak diren arauak ez betetzeagatik emandako diru-laguntzak itzultzeko prozedura -artikulu honetan arautzen dena- ebazteko eta jakinarazteko epea sei hilekoa izango da, gehienez ere.

18. artikulua.- Datu pertsonalen tratamendua.

Deialdi honetan parte hartzen dutenen datu pertsonalak Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen fitxategi automatizatu batean sartuko dira. Fitxategi hori Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakora lotuta dago eta Erakundeak sustatzen dituen laguntzak kudeatzeko bakarrik erabiliko da. Interesatuek eskubidea dute datuak ikusteko, zuzentzeko, datuen aurka egiteko eta datuak indarrik gabe uzteko, legearen arabera. Eskubide horiek gauzatzeko, idazki bat bidali beharko diote fitxategiaren arduradunari, hau da, Azterlan, Plangintza eta Dokumentazio Arloari: Manuel Iradier kalea, 36, 01005 Vitoria-Gasteiz.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Ebazpen honek amaitu egiten du administrazio-bidea. Horren aurka interesatuek berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke zuzenean, dagokion Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, hil biko epean, ebazpena EHAAn argitaratu eta biharamunetik aurrera.

Bigarrena.- Ebazpen honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean emango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 21a.

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendaria,

IZASKUN MOYUA PINILLOS.

I. ERANSKINA

DATU OROKORRAK

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

JARDUEREN PROIEKTUA

(jarduera bakoitzerako)

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundearen markaren ezaugarriak

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA

JUSTIFIKATZEKO MEMORIA

(jarduera bakoitzerako)

(Ikus .PDF)

ANEXO V

DATUEN ALTA / DOAKION HIRUGARRENA

ALTA DE DATOS / TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala