Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2009ko maiatzaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3042

EBAZPENA, 2009ko apirilaren 20koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta bere ingurua, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrenda Orokorrean sartzeko espedienteari hasiera eman, eta jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondarearen gaiari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena.

Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta bere inguruak daukaten kultura-interesa azterturik, eta Kultura Ondarearen Zentroko Zerbitzu Teknikoek aurkezturiko ebazpen-proposamenari jarraituz, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Lekeitioko (Bizkaia) Mendieta ontziola, alboko eraikina eta bere ingurua, monumentu izendapenez, Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedienteari hasiera ematea, I. eranskineko mugaketarekin, II. eranskineko deskripzioarekin eta III. eranskineko baimendutako esku-hartzeen erregimenarekin bat etorriz.

Bigarrena.- Lekeitioko Mendieta ontziola, alboko eraikina eta bere ingurua Euskal Kultura Ondarearen Zerrendan sartzeko espedientea jendaurrean jartzea, ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta 20 eguneko epean alegazioak egin eta egokitzat jotzen diren agiriak aurkeztu ahal izateko, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 30/1992 Legearen 84. eta 86. artikuluetan oinarrituz. Aipaturiko espedientea Vitoria-Gasteizko Donostia-San Sebastián kaleko 1. zenbakian dagoen Euskal Kultura Ondarearen Zentroan dago ikusgai.

Hirugarrena.- Ebazpen hau interesdunei, Lekeitioko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Garraio eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari jakinaraztea, jakinarazpena egin eta 15 eguneko epean alegatu eta egokitzat jotzen dituzten agiriak eta frogagiriak aurkeztu ahal izateko.

Laugarrena.- Ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak ebazpen horren berri izan dezan.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 20a.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,

GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.

I. ERANSKINA

Mugaketa

a) Mugaketaren deskripzioa.

Mugaketak leku hauek hartzen ditu: ontziola, haren alboko eraikina, eraikina finkatuta dagoen harlangaitzezko plataforma, horiek Lea ibaiarekin lotzeko arrapalak eta 6212 eskualde-errepidearen euste-hormaren eta Lea ibaiaren artean dagoen ingurunea.

Beraz, muga hauek zehazten dute mugapen-eremua: iparraldean, alboko etxebizitzaren lorategitiko itxituratik hasita lerro bat, eraikinak Isuntza kaleko 1ean duen fatxadatik Lea ibaiaren ibai-ahora arte, eta Santa Elena 3 hiribideko alboko partzelaren muga-zatia; ekialdean, ibai-ahoa bera; hegoaldean, bi arrapalak ibaiaren ardatzera arte; eta mendebaldean, BI-3438 errepidearen euste-horma.

b) Mugaketaren arrazoiak.

Proposatutako mugaketa horren arrazoia da Lekeitioko Lea ibaiaren gainean kokatuta dagoen multzoa (Mendieta ontziola, alboko eraikina, lorategia eta ingurua) babestu beharra, hain zuzen, multzoaren aberastasun kulturala eta ingurumen aberastasuna.

Ondasunaren industria-eraikin berezitasunei eutsi nahi zaie, industriagune eta gune funtzional ezaugarriak dituen aldetik, eta eraikinaren inguru naturala ere zaindu nahi da, bertan etxebizitza-eraikinak unitate produktiboaren barruan baitoaz. Halaber, eraikuntzaren funtzionaltasunari eta bere kokapenari balioa eman nahi zaie; izan ere, itsas mareen eragineko leku batean egonagatik ere, olatu eta ekaitzetatik babestuta dago eta, horrenbestez, ezin hobea da eraikinaren jatorrizko jarduera aurrera eramateko.

II. ERANSKINA

Deskribapena

Mendieta ontziola.

Hainbat mendez, Euskadiko portu txikietako ontzigintza itsasertzeko portuetan han-hemen kokatutako ontziola txiki tradizionaletan oinarritu zen. Artisau ontziola haiek garaiko teknika eta teknologiak zerabiltzaten.

Andres Mendietak sortu zuen Mendietarren saga, 1884tik 1991ra arte lokal horretan lan egin zuten industrialari-familia.

Mendieta ontziolak bi lantoki izan zituen bere garaian, baina eskuineko ibaiertzekoa eraitsi egin zuten aurri zelako, eta ontziola hartatik oinarri zuen harlangaitzezko plataforma soilik ikusten da gaur egun.

Gaur egungo ontziolaren nabea 1917koa bada ere, ziur dakigu ontziola 1885etik zegoela leku horretan.

Gaur egun nabeak duen forma denboraren joanean izan dituen zenbait aldaketen emaitza da: handitu egin da, eraberritu, egokitu eta abar. Alabaina elementu bat beti berdin egon da, hain zuzen, egurrezko egituraren oinarria egiten duen harlangaitzezko plataforma.

Berrikuntza horien ondorioz, eraikuntzak, gaur egun, hiru horma-arte ditu. Erdikoa da altuena, 25 x 15 metro ditu, eta bi isuriko estalkia. Zutabe libreek eusten diote. Erdiko nabean dago harmaila ere. Harmailak plano inklinatua du, eta hortxe dago ontziak lehorreratzeko gurdiaren errailak. Alboko beste bi horma-arteak ere zutabe libreen bidez sostengatzen dira. Hiru horma-arteek egurrezko zertxak dituzte. Barnealdeak bi altuera ditu eta, bertan, makinak eta eserlekuak, bai eta txabolatxo txiki bat ere, harlagaitzezko paretez eginda, itsasadarretik gertuen gelditzen den alboan. Goiko solairura joateko, kanpoko eskailera bat igo behar da. Ontziolaren egitura guztia egurrezkoa da, teilatuak zeramikazko teila kurboz estalita daude, eta, zenbait tokitan, zeramikazko teila lauz.

Hauek dira eraikuntza-elementu nagusiak:

- Harlangaitzezko plataforma, harmailaren oinarri dena, eta ibaiko urekin lotzeko arrapalak.

- Egurrezko zutabeak, estalki osoari eusten diotenak.

- Hormak; irekiak, zenbait tokitan oholezkoak.

- Estalkia; bi isurialdekoa, zeramikazko teilez eta bi mantsarda txikiz egina.

- Sabaiak; ageriko zertxak.

Ez dagoenez espazio itxirik, ez dago sarbide finkorik, baina pabiloia itsasadarraren paraleloan kokatuta dagoenez, Isuntza kaletik sartzen da bertara.

Ontziolak egurrezko egitura arina daukanez, barruko espazioa malgua eta erabilera askotakoa da, ezinbestean, ontziola sortu zen garaiko premiei erantzuteko.

Ontziolatik gertu, beste lehorreratze-gurdi baten arrastoak ikusten dira. Bere garaian, estalia zegoen, baina gaur egun ez dago estaltzen zuen egitura horren arrastorik.

Nahiz eta egitura guztiak zutik dirauen, eta tipologia ondo kontserbatuta dagoen, teilatuak baditu oker batzuk, eta lokalaren gainerakoa utzita samar dago.

Mendietatarren etxea, alboan.

Gaur egungo eraikina 1917koa da. Ramon Mendietak eraiki zuen, eta Isuntzako hondartzan dutxak eta itsas bainuak hartzeko establezimendua zen, udalak ez baitzuen inongo obrarik baimendu nahi, bainuetxe egiteko ez bazen. Jakina da gerra zibila hasi zenerako bainu horiek ez zirela erabiltzen, eta eraikina bizitegi erabiltzen zela besterik gabe.

Duela gutxi, etxebizitza sute batek hartu du, eta barrua eta estalkia ia suntsituta geratu dira. Alabaina, fatxadek ez dute kalterik jasan.

Etxebizitzako sarrera nagusia Isuntza kalean dago. Eraikinaren kokapenagatik, ontziolaren iparraldea itxita geratzen da eta lan-eremurako sarrera irekita geratzen da. Etxebizitza hori ontziolarekin oso lotuta dago: funtzionalki, Mendieta familiaren ekoizpen-unitatearen parte da.

Bolumen exentua da, oinplano angeluzuzena dauka (10 x 18 metrokoa) eta erdisotoa, bi solairu eta teilatupea ditu. Ontziolaren oinarri den harlangaitzezko plataforma beraren gainean eraikita dago etxea ere. Bi isuriko estalkia egurrezkoa da, eta isurki handiak ditu.

Fatxadan, bao zabalak eta egurrezko begiratokiak ditu, eta kolore urdinez margotutako egurrezko bilbadurak.

Etxeak, hondartza aldera, lorategi bat du, gain batean dago, eta harrizko horma batek inguratzen du.

III. ERANSKINA

Baimendutako esku-hartzeen erregimena

1.- Mendieta ontziola birgaitzeko baimendutako esku-hartze mota, hain zuzen, Kontserbazioko Zaharberritza B mota definitutakoa izango da, Eusko Jaurlaritzaren 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuei buruzkoak, zehaztutako motetako lehen azpimultzokoa.

Birgaitze-lanak kontu handiz egin behar dira eraikinaren berezitasuna kontuan izanda. Esku-hartze horiek egin aurretik, dokumentu-analisi bat egin behar da, jatorrizko eraikuntza- eta antolamendu-tipoak aztertu, eta eraikuntza lehenera ekartzeko.

2.- Baimendutako eraikuntzako esku-hartzeek bi helburu izango dituzte, batetik, eraikina babestea, eta bestetik, eraikuntzaren funtzionaltasuna ziurtatzea. Horretarako egingo diren lanek, edonola ere, eraikinaren tipologia-, forma-, egitura- eta eraikuntza-elementuak errespetatu behar dituzte.

Erabilera berriak bat etorri behar du eraikin-multzoaren balioekin, eta, hori horrela izan dadin:

- Eraikin nagusia finkatuko da: bolumena, estalkiaren tipologia, itxitura eta barruko egitura, jatorrizko materialak eta egitura-tipologia errespetatuta.

- Egitura-elementuak (euskarriak, habeak, besoak, habexkak...) zaharberritu, egokitu edo finkatuko dira, beharrezko den heinean, baina ontziolaren eraikuntza-ezaugarriak eta -tipologia aldatu gabe.

- Espresuki debekatuko da txapazko edo uralitazko estalkiak erabiltzea eta hormigoizko zutabeak jartzea.

- Etxebizitza erantsiaren kasuan, gaur egungo fatxada eta bolumena errespetatu behar dira, eta egurrezko egitura-sistema konpondu.


Azterketa dokumentala