Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2009ko maiatzaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3041

AGINDUA, 2009ko apirilaren 30ekoa, Kultura sailburuarena, musika jarduera profesionaletarako diru-laguntzak emateko modua arautzen duena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Sailak sortzeko, kentzeko eta aldatzeko eta horien zereginak eta jarduteko alorrak zehazteko ekainaren 27an emandako 8/2005 Dekretuaren 14.1.f) artikuluaren arabera, Kultura Sailaren eskumenekoak dira arte- eta kultura-jarduerei dagozkien zereginak eta horien zabalkundeari dagozkionak. Aipatutako zereginak, Kultura Sailaren barruan eta bere egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 14ko 25/2006 Dekretuaren bitartez, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari esleitu zitzaizkion.

Zuzendaritza horrek egoki deritzo musika-jarduerak sustatzeko aukera emango duen bidea antolatzeari, jarduketa hori bere eskumenen esparruan sartzen den heinean, jarduera profesional hauek burutzeko laguntzak emanez: musika-sorkuntza, musika partituren edizio inprimatuak, musika-ekoizpena, musika-birak, musika zabaltzeko enpresa-proiektuak eta musika-azoketara joatea. Neurri horren bitartez, euskal musikarien sorkuntza-lana sustatzeko formula lortu nahi da eta, bide batez, beren ahalegina aintzatetsita ikusteaz gain, beren finantzabideak areagotzeko aukera emango dieten beste merkatu batzuk jorratzea.

Ondorioz, hauxe

EBATZI DUT:

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen bitartez, 2009an zehar burutuko diren edo, modalitate batzuetan, 2009 eta 2010ren artean garatzen diren musika-jarduera profesionaletarako diru-laguntzak nola emango diren arautuko da.

2. artikulua.- Modalitateak, laguntzak emateko prozedura eta baliabide ekonomikoak.

1.- Deialdi honetan, laguntza-modalitate hauek egongo dira:

a) Musika sortzeko proiektuetarako laguntzak.

b) Musika-partituren edizio inprimatuak egiteko laguntzak.

c) Musika ekoizteko proiektuetarako laguntzak.

d) Musika-biretarako laguntzak.

e) Musika zabaltzeko enpresa-proiektuetarako laguntzak.

f) Musika-azoketan parte hartzeko laguntzak.

2.- Aurreko paragrafoko a), b), c), d) eta e) modalitateei dagozkien laguntzak emateko prozedura lehiaketa izango da; horretarako, modalitate horietan ezarritako irizpideak aplikatuta, eskabideak baloratu eta laguntzak banatuko dira, deialdi honen 7. artikuluan aurreikusten den bezala.

Musika-azoketan parte hartzeko laguntzak modulu eta hainbanaketa sistema baten bitartez esleituko dira, agindu honetako VII. kapituluan zehazten den bezala.

3.- Agindu honen babesean emango diren laguntzen zenbatekoa laurehun eta hogeita hemeretzi mila eurokoa (439.000,00) izango da, honela banatuta: a) hogeita hamalau mila euro (34.000,00) musika sortzeko; b) hogeita hamar mila euro (30.000,00) partituren edizio inprimatuak egiteko; c) ehun mila euro (100.000,00) musika ekoizteko; d) ehun eta hirurogeita bost mila euro (165.000,00) musika-biretarako; e) ehun mila euro (100.000,00) zabalkunde enpresa-proiektuetarako eta f) hamar mila euro (10.000,00) musika-azoketan parte hartzeko.

Deialdi honetan emango diren zenbatekoak garbiak izango dira.

4.- Modalitate bakoitzean adierazitako zuzkidura dena dela ere, eskabiderik ez dagoelako, eskakizunak betetzen ez dituztelako edo aurkeztutako proiektuen kalitatea eskasa delako, ondoren aipatzen diren modalitateetan ezarritako diru-kopurua agortzen ez bada, Balorazio Batzordeak modalitate horietarako diru-laguntzen zenbatekoa handitzea proposa dezake, betiere delako modalitate hori artean erabaki gabe badago. Hona zeintzuk diren modalitate horiek: Sorkuntza, Edizioa, Ekoizpena eta Zabalkundea.

Irizpide bera erabili ahal izango da bi modalitate hauen artean: Birak eta Azoketan parte hartzea.

5.- Herri administrazio desberdinetatik jasotako diru-laguntza guztiek ezingo dute gainditu diruz lagundutako jardueraren kostuaren % 70.

6.- Aurkeztutako proiektuak ekonomia aldetik bideragarriak direla egiaztatzeko, sarrera eta gastuen aurrekontu doitua aurkeztu behar da, non laguntza publikoaren portzentajeak ezingo baitu artikulu honetako 5. puntuan ezarritako muga gainditu.

3. artikulua.- Pertsona onuradunak eta diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Laguntza hauek eskatu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

- Musika sortzeko modalitatea:

Euskadin jaioa izatea edo deialdi hau indarrean jartzen denean administrazio egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan izatea.

- Beste modalitateetan baldintza bi hauek bete behar dira:

a) Helbidea edo sozietate-egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duen pertsona fisiko edo juridiko-pribatua izatea edo, bestela, aurkezten den proiektuaren helburua Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikarien lanak ekoiztea edo zabaltzea izatea.

Betebehar honi dagokionez, ez dira kontuan hartuko «Ondasunen erkidegoa» formapean aurkeztutako eskaerak.

b) Eskabideak aurkezteko epea ixten denean, jarduera ekonomikoen zergako dagokion epigrafean altan egotea eta, pertsona juridikoen kasuan, sozietatearen xedeak zerikusia izatea musika-jardueren garapenarekin.

2.- Pertsona onuradunei laguntzak ematea eta, hala dagokionean, horien ordainketa, baldintzaturik geratuko dira Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere erakunde autonomoek ematen dituzten izaera bereko laguntzen edo diru-laguntzen esparruan dirua itzultzeko edo zehapenen bat ezartzeko espedientea hasi baldin bada, eta oraindik izapideak amaitu gabe baldin badaude, prozedura hori burutu arte.

3.- Modalitate bakoitzean zehaztu eta deskribatzen diren jarduerek jaso ahal izango dituzte diru-laguntzak deialdi honen babesean.

4.- Ezin dute deialdi honetan parte hartu diru-laguntza edo laguntza publikoak jasotzeko aukera galtzearekin administratiboki edo penalki zigortutako erakunde eskatzaileek, ezta horretarako gaitasuna kentzen duen legezko debekurik dutenek, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunari buruzko otsailaren 18ko 4/2005 Legezko azken xedapenetako seigarrena urratuz sexu-diskriminazioa egiteagatik debeku horrekin zigortuta daudenak barne.

4. artikulua.- Eskabideak eta aurkezteko epeak.

1.- Eskatzaile guztiek bete beharko dute eskabide-fitxa orokorra, agindu honen I. eranskina, eta horrekin batera, II. eranskinean azaltzen den gainerako agiri eta eranskinak ere, aurkezten den proiektuari dagokion modalitatearen arabera.

Eskabideak eta gainerako agiri guztiak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari zuzenduko zaizkio eta lurralde guztietan dauden Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko dira, zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena).

2.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da agindu hau indarrean sartzen denetik aurrera modalitate guztietarako, Biretako modalitaterako izan ezik. Azken honetarako epea irailaren 5era arte zabalik egongo da.

5. artikulua.- Laguntzen kudeaketa eta proiektuen kontrola eta jarraipena.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari dagokio deialdi honetan aurreikusitako laguntzen kudeaketa-zereginak egitea.

Era berean, Zuzendaritza horrek egingo du proiektuen edo planen kontrola eta jarraipena. Hori gauzatzeko, egoki iritzitako ikuskapenak egin ahal izango ditu, diru-laguntza lortu duten proiektuak modu egokian gauzatzen direla ziurtatzeko; horretarako, pertsona onuradunak eskatzen zaien dokumentazioa eta informazioa aurkeztera behartuta daude.

6. artikulua.- Aurkeztutako eskaeretako akatsen zuzenketa.

Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa ez egiteak eskabideari uko egitea ekarriko duela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

7. artikulua.- Eskabideen azterketa eta ebazpen-proposamena.

1.- Lehiaketaren bitartez ebatzi behar diren modalitateetan aurkeztutako eskabideak aztertzeko eta ebaluatzeko, Balorazio batzorde bat eratuko da. Horko kideak Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez izendatuko dira eta ebazpen hori EHAAn argitaratuko da batzordeak lehenengo bilkura egin baino lehen.

2.- Musika-azoketan parte hartzeko laguntzen modalitatea modulu eta hainbanaketa sistema baten bitartez ebatziko da, agindu honetako VII. kapituluan zehaztutako eran.

3.- Balorazio Batzordeko lehendakari Kultura Sustatzeko zuzendaria izango da eta idazkari Zuzendaritza bereko teknikari bat, zuzendariak aukeratua. Idazkariak hitza izango du baina botorik ez.

Modalitate bakoitzeko balorazio batzordeko kideak, hiru gutxienez eta zazpi gehienez, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak izendatuko ditu musikarekin edo kultur kudeaketarekin zerikusia duten profesionalen artetik. Pertsona horiek independenteak edo Euskal Autonomia Erkidegoko entitateetako kideak izan daitezke eta esanguratsuak izango dira modalitate bakoitzaren alorrean.

Musika sorkuntza eta ekoizpenerako modalitateetarako, Foru Aldundiek bokal bana proposatuko dute.

4.- Balorazio batzordeak, modalitate bakoitzerako ezarritako irizpideak kontuan, ebazpen-proposamena aurkeztuko dio Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeari.

5.- Balorazio Batzorde bakoitzak, aurkeztutako eskaerak behar bezala ebaluatu ahal izateko beharrezkoa irizten dionean, egoki iritzitako argibideak azaltzeko eskatu ahal izango die eskatzaileei, proiektuen arduradunekin horretarako elkarrizketak hitzartuz ere bai, behar izanez gero. Halaber, musika-ekoizpenaren modalitatean eta musika zabaltzeko enpresa-proiektuen modalitatean, eskabidea egiten duten pertsonek edo erakundeek Batzordearen aurrean beren proiektua defendatzeko aukera izango dute horrela eskatuz gero (VIII. eranskina). Proiektu bakoitzari 15 minutuko denbora emango zaio gehienez.

6.- Modalitate bakoitzari dagokion balorazio-baremoaren arabera puntuen % 45 lortzen ez duten proiektuak baztertu egingo dira eta ezin izango dira hautatuen artean sartu.

7.- Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko, proportzionaltasun-irizpidea erabiliko da. Horri jarraiki, modalitate bakoitzari dagokion kopurua aurreko atalean ezarritako gutxieneko puntuaziora heldu diren proiektuen artean banatuko da, lortutako puntuazioarekiko proportzioan.

Nolanahi ere, laguntzak ez du inoiz eskatutako kopurua gaindituko eta gehienez ezarritako ehuneko- eta kopuru-mugak errespetatuko ditu. Gainera, irizpide orokor gisa, Batzordeak arreta berezia jarriko du azkenean ematen diren diru-laguntzek kasuan kasuko proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa modu eraginkorrean ahalbidetu dezaten.

8.- Balorazio batzordeak, aurkeztutako eskaerek nahikoa kalitate ez dutela edo beste edozein eskakizun betetzen ez dutela ikusten badu, proiekturik ez onartzeko edo diru-zuzkidura ez agortzeko proposamena aurkeztu ahal izango du.

8. artikulua.- Beste diru-laguntza batzuekiko bateragarritasuna eta modalitateen artekoa.

1.- Agindu honetako 2.5 artikuluan adierazitakoa errespetatuz, deialdi honetako diru-laguntzak bateragarriak dira beste erakunde publiko zein pribatuek helburu berbererako emandakoekin, betiere gainfinantzaketarik gertatzen ez bada. Gainfinantzaketarik badago, diru-laguntzaren zenbatekoa murriztu egingo da, dagokion gehienezko mugaraino.

2.- Deialdiko modalitateren batean laguntza jasotzen duen proiektu musikal batek ezingo du beste modalitateetako laguntzarik jaso, bateraezinak baitira.

Era berean, bateraezinak izango dira erakunde berari musika zabaltzeko enpresa-proiektuetarako laguntzak eta musika-azoketan parte hartzeko laguntzak.

9. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdi honetako diru-laguntzak esleitzeko ebazpena Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak emango du, Balorazio Batzordearen proposamena ikusita, eta sei hilabeteko epean jakinaraziko da, agindu hau indarrean jartzen denetik.

2.- Ebazpen hori prozedurako interesatu guztiei jakinaraziko zaie, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, denek horren berri izan dezaten.

3.- Ebazteko epea amaituta, interesatuari inolako jakinarazpenik egin ez bazaio, eskabidea errefusatutzat joko da, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako ondorioetarako.

10. artikulua.- Betebeharrak.

Laguntzen onuradunek betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Ildo horretatik, pertsona/entitate onuradunek diru-laguntza eman zaiela adierazten duen jakinarazpena jaso eta hamabost eguneko epean berariaz uko egiten ez badiote, onartu egin dutela ulertuko da.

b) Diru-laguntza agindutako helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Ogasun eta Herri Administrazio Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari diru-laguntzen erabilera kontrolatzeko behar duten informazio guztia ematea.

d) Aurkeztutako proiektuan aldaketaren bat eginez gero, onuradunak horren berri emango dio Kultura Sustatzeko Zuzendaritzari hilabeteko epean, esleipen-ebazpena jasotzen denetik aurrera. Zuzendaritzak, bere aldetik, 15 egun balioduneko epea izango du, aldaketaren berri jasotzen duenetik, erantzuna emateko. Epe hori amaituta inolako jakinarazpenik jaso ez bada, aldaketa onartutzat joko da.

e) Agindu honetan ezarritako diru-laguntzen onuradunek, laguntzari buruzko esleipen-ebazpena jasotzen duten egunetik aurrera, diru-laguntza jaso duen lanari buruz argitaratzen diren disko, katalogo, programa, iragarpen-kartel eta gainontzeko material grafikoaren ale guztietan Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza espresuki adierazteko konpromisoa hartzen dute. Material hori, Euskal Autonomia Erkidegorako denean, hizkuntza ofizial bietan egingo da gutxienez.

11. artikulua.- Diru-laguntzen ordainketa eta justifikazioa.

1.- Agindu honen kontura ematen diren laguntzak datozen kapituluetan modalitate bakoitzerako ezartzen den prozeduraren arabera ordainduko dira.

2.- Pertsona edo entitate onuradunek ondoren zehazten diren agiriak aurkeztu beharko dituzte jakinarazpenaren datatik aurrera eta jarduera amaitu eta hurrengo hiru hilabeteetan:

12. artikulua.- Diru-laguntza justifikatzeko dokumentazioa.

Emandako diru-laguntza justifikatzeko, honako agiri hauek aurkeztu beharko dira:

1.- Egindako jarduerari buruzko txosten laburra eta ebaluazioa.

2.- Ondoren zerrendatzen diren agiri edo materialak, betiere agindu honetako 10. artikuluko e) puntuak Kultura Sailaren babesaren aipamenari buruz dioena kontuan hartuta:

a) Musika-sorkuntza: sortutako lanaren ale bat eta konposizioa Jabetza Intelektualaren Erregistroan inskribatu izana egiaztatzen duen agiria.

b) Kontzertuak: II. eranskineko 6. argibidean azaltzen diren zehaztepenekin, hauetariko dokumentu bat aurkeztu beharko da: Kontratuaren kopia; Kontratatzailearen ziurtagiria; Aretoaren alokairuaren faktura -autoekoizpenak-.

c) Ekoizpen eta edizio grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak: editatutako edo ekoitzitako materialaren aleak.

d) Jarduera sustatzeko edo zabaltzeko katalogoak, programak eta landutako beste edozein material.

e) Musika-azoketan parte hartzea: azokaren akreditazioaren fakturaren kopia.

3.- Justifikazio ekonomikoa (Musika sorkuntzako modalitatea izan ezik):

a) Egindako jardueraren gastu eta sarreren balantzeari buruzko zinpeko aitorpena.

b) Justifikatutako gastuen laburpena, kontzeptuka banatuta.

c) Diruz lagundutako jardueraren gastu eta sarreren egiaztagiriak, aurkeztutako aurrekontuaren araberakoak eta 2009ko urtarrilaren 1etik aurrerakoak. Agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo Kulturako lurralde zerbitzuetan konpultsatutako fotokopiak.

Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontuen kontura emandako laguntza aurkeztutako aurrekontuaren % 50 gainditzen ez duenean, nahikoa izango da emandako diru-laguntzaren zenbatekoari dagozkion gastuak justifikatzea. Dena den, Kultura Sustatzeko Zuzendaritzak eskatuz gero, onuradunek aurrekontu osoaren zenbatekoari dagozkion gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dituzte.

4.- Onuradunak zerga-betebeharrak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiriak.

5.- Helburu berbererako jasotako beste laguntzen aipamena, baldin eta eskabidea aurkeztu zen unean, onuradunak horien berri ez izanagatik aitortu ez bazituen.

13. artikulua.- Likidazio-ebazpena.

Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatuz gero (betiere, helburua bete dela iritziz gero) edo beste edozein erakunde publiko zein pribatutik ere diru-laguntzaren bat jasoz gero, diru-laguntzak esleitzeko emandako ebazpena aldatu egin ahal izango da. Horrelakoetan, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordeak likidazio-ebazpena emango du, diru-laguntzen zenbatekoak doitzeko.

14. artikulua.- Ez-betetzeak.

1.- Hauek izango dira ez-betetzeak:

a) Jasotako diru-laguntza osoa edo zati bat agindu honetan adierazitako jarduerez bestelakoetan erabiltzea.

b) Agindu honetan edo laguntza emateko egintzan adierazitako betebeharrak ez betetzea.

c) Diru-laguntzaren likidazioa egiteko ebazpenean adierazitako zenbatekoa epearen barruan ez itzultzea (hala badagokio).

d) Xedapen orokorretan nahitaez bete beharrekotzat jotako beste edozer ez betetzea.

2.- Ez betetzeren bat gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko zaizkio, betiere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren eta abenduaren 17ko 689/1991 Dekretuaren arabera.

II. KAPITULUA

MUSIKA-SORKUNTZARAKO LAGUNTZAK

15. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen alorrak eta proiektuaren zirriborroa.

1.- Laguntza-modalitate honen bitartez, 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean egin eta erregistratutako musika-konposizioak finantzatuko dira. Musika-konposiziotzat partituran jasotako jatorrizko lana joko da -grabaketan, musika elektroakustikoaren kasuan-.

2.- Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agirien artean (II. eranskinekoak), obraren zirriborroa aurkeztea borondatezkoa izango da. Edonola ere, zirriborroa ez aurkezteak dagokion zigorra ekarriko du balorazio prozesuan, 17.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan zehatzen den moduan.

16. artikulua.- Laguntzen muga, sailkapena eta kopurua.

1.- Modalitate honetan eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentzat jaso ahal izango du diru-laguntza.

2.- Hiru laguntza modulu finkatuko dira, proiektuen era eta iraupenen arabera:

a) Gehienez 6.000,00 euroko laguntzak, izaera sinfonikoko obretarako, hamabost minutu baino gehiagoko iraupenaz.

b) Gehienez 3.000,00 euroko laguntzak, hamabost minutu baino gutxiagoko iraupeneko izaera sinfonikoko obretarako, baita kamera obretarako obretarako, edozein interprete kopuru eta iraupena delarik.

c) Gehienez 1.500,00 euroko laguntzak, gehinez, bi interpreterentzako, hamar minutu baino gutxiagoko iraupeneko obretarako.

Musika elektroakustiokoa soilik erabiltzen duten proiektuak b) edo c) kategorietan sailkatuko dira.

3.- Aurreko atalean finkatutako parametroak aplikatuz, Balorazio Batzordeak aurkeztutako proiektu guztiak sailkatuko ditu eta laguntzak emateko proposamena egingo du 17. artikuluan azaltzen diren irizpideen arabera.

17. artikulua.- Hautapena eta balorazioa egiteko irizpideak.

Sorkuntzako proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.- Proiektuaren kalitatea eta interes kulturala eta musikala (guztizko puntuazioaren % 40).

Horretarako, alderdi tekniko eta artistikoak hartuko dira aintzat, bai eta originaltasuna eta gaur egungo musika-sorkuntzari egiten dion ekarpena ere.

Obraren zirriborroa (edo obra osoa) aurkezten ez duten proiektuek atal honetako puntuazioaren % 50 gehienez lortu ahal izango dute.

2.- Prestakuntza eta lanbidearen alorrean eskatzaileak izan duen ibilbidea eta proiektua egiterakoan egin dituen ikerketak eta izan dituen kanpo-harremanak (guztizko puntuazioaren % 30).

3.- Proiektua zabaltzeko plana (guztizko puntuazioaren % 30).

Ildo horretatik, obra estreinatzeko eta zabaltzeko izandako harremanak eta aurreikuspenak baloratuko dira.

18. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

Diru-laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 65ekoa, 10.a) artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 35ekoa, agindu honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, beharreko dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, betiere, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

III. KAPITULUA

MUSIKA-PARTITUREN EDIZIO INPRIMATUAK EGITEKO LAGUNTZAK

19. artikulua.- Laguntzen diren jarduerak.

1.- Modalitate honetan musika partituren edizio inprimatuak egiteko laguntzak emango dira, zuzeneko emanaldien bidez zabalduak izateko. Aurkezten diren proiektuak, osorik edo zatika, 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean garatu behar dira.

2.- Espresuki geratuko da deialdi honetatik kanpo material didaktikoen edizioa.

20. artikulua.- Laguntzetako mugak eta lagun daitezkeen gastuak.

1.- Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak hiru proiektu desberdinetarako laguntza jaso ahal izango du gehienez, eta, orotara, hamar mila euroko kopurua (10.000,00).

2.- Modalitate honetan laguntza jaso dezaketen gastuak eta justifikatu beharrekoak edizioarekin soil-soilik loturiko lanak izango dira.

21. artikulua.- Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Argitalpen proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.- Kultura eta musika aldetik, ondare eta/edo arte aldetik proiektuak duen interesa (guztizko puntuazioaren % 50).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) argitaratu beharreko objektua -egilea eta lana-; b) proiektua argitaratzeko eta zabaltzeko plana; c) aurrekontuaren koherentzia.

2.- Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2008. urtea erreferentzitzat hartuta (guztizko puntuazioaren % 30).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.- Proiektuaren autofinantzaketa maila (guztizko puntuazioaren % 20).

22. artikulua.- Laguntzaren ordainketa.

Laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, laguntza osoaren % 65, 10. artikuluan ezarritako epea ukorik gabe igaro eta gero.

b) Gainerako % 35a, agindu honetako 12. artikuluan ezarritako dokumentazioa aurkeztu eta gero eta, betiere, 2010eko urtarrilaren 1etik hara.

IV. KAPITULUA

MUSIKA-EKOIZPENEKO PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK

23. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Modalitate honen bitartez, musika-ekoizpen profesionala sustatuko da. Aurkezten diren proiektuak, osoak edo partzialak, 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra garatu behar dira eta data bi horien artean, jendaurrean aurkezpenen bat egin beharko dute, bai zuzenean, bai formato diskografikoan.

2.- Diru-laguntza hauen ondorioetarako, hauek joko dira musika-ekoizpentzat: musika-konposizioa jendaurrean aurkezteko, aldez aurretik egin behar diren jarduera materialak eta entseguak.

24. artikulua.- Laguntzetako mugak eta lagun daitezkeen gastuak.

1.- Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak hiru proiektu desberdinetarako laguntza jaso ahal izango du gehienez, eta, orotara, hogeita hamabi mila euroko kopurua (32.000,00).

2.- Modalitate honen bitartez lagundu eta justifikatu beharreko gastuak jendaurreko aurkezpena egin aurreko ekoizpen-prozesuaren pertsonal eta funtzionamendukoak izango dira, inbertsio gastuak kanpo gelditzen direlarik.

25. artikulua.- Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Ekoizpen proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.- Kultura eta musika aldetik, ondare eta/edo arte aldetik proiektuak duen interesa (guztizko puntuazioaren % 50).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) argitaratu beharreko proiektuaren objektua -egilea, lana, interpreteak eta ekipo teknikoa-; b) proiektua ekoizteko eta zabaltzeko plana; c) aurrekontuaren koherentzia.

2.- Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2008. urtea erreferentzitzat hartuta (guztizko puntuazioaren % 20).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.- Proiektuaren autofinantzaketa maila (guztizko puntuazioaren % 20).

4.- Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (guztizko puntuazioaren % 10).

Irizpide hau ez zaie aplikatuko testurik ez duten proiektuei. Kasu horietan, hemen aurreikusitako ehunekoa gainerako irizpideen artean birbanatuko da.

26. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

Laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, laguntzaren % 65ekoa, ekoizpen lanak hasten direnean egingo da, onuradunak ekoizpen-lanak hasi dituela jakinarazten duenean.

b) Gainontzeko % 35ekoa, agindu honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, beharreko dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, betiere, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

V. KAPITULUA

MUSIKA-BIRETARAKO LAGUNTZAK

27. artikulua.- Diruz lagun daitezkeen jarduerak.

1.- Modalitate honetako laguntzak bideratuta daude Euskal Herrian jaio edo bizi diren musikariek 2009. urtean Euskal Autonomia Erkidegotik kanpo musika birak egin ditzaten laguntzeko.

2.- Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko 5 plaza ezberdinetan jotzea, gutxienez. Muga hori ez da aplikatzen musika azoka profesionalen barruan jotzen denean.

3.- Honakoetan ez da diru-laguntzarik emango:

a) Bira egiten duten pertsonak guztira 20 baino gehiago direnean.

b) Herriko festetako programetan sarturiko emanaldiak eta berbenak.

c) Emanaldiak kalean egiten direnean, kontraturik gabe.

28. artikulua.- Laguntzetako mugak eta lagun daitezkeen gastuak.

1.- Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak lau proiektu desberdinetarako laguntza jaso ahal izango du gehienez, eta, orotara, hogeita hamabi mila euroko kopurua (32.000,00).

2.- Modalitate honen bitartez lagundu eta justifikatu beharreko gastuek kontzeptu hauengatik soilik izan behar dute: bidaia-gastuak, dietak, birako langileen soldatak, kontzertuen sustapena eta aretoen alokairua.

29. artikulua.- Hautatzeko eta zenbatzeko irizpideak.

Bira-proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.- Biraren garrantzia eta eragina (guztizko puntuazioaren % 35).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) biran parte hartzen duen pertsona-kopurua; b) kontzertu-kopurua, non egingo diren eta haien garrantzia.

2.- Birako proiektuaren kalitatea eta interesa (guztizko puntuazioaren % 30).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) taldearen eta lanaren kalitatea; b) taldearen egonkortasuna; c) euskal egilerik ba ote dagoen jokatu beharreko lanetan.

3.- Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2008. urtea erreferentzitzat hartuta (guztizko puntuazioaren % 15).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

4.- Proiektuaren autofinantzaketa maila (guztizko puntuazioaren % 10).

5.- Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (guztizko puntuazioaren % 10).

Irizpide hau ez zaie aplikatuko testurik ez duten proiektuei. Kasu horietan, hemen aurreikusitako ehunekoa gainerako irizpideen artean birbanatuko da.

30. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

Emandako diru-laguntza ordainketa bakar batez egingo da, egindako bira exekutatu dela egiaztatu ondoren, agindu honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

VI. KAPITULUA

MUSIKA ZABALTZEKO ENPRESA-PROIEKTUETARAKO LAGUNTZAK

31. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Modalitate honetako laguntzak bideratuta daude ondoren aipatzen diren baldintzak betetzen dituzten erakundeek Euskadin ekoitzitako edo argiratatutako musikaren sustapena bultzatzera:

a) Musika ekoizpenaren arloan edo/eta errepresentazioarenean -arlo horietako edozein eremutan-jarduera profesionala garatzea.

b) 2008. urtean gutxienez Euskadiko hiru artista edo talde ezberdinentzako musika-ekoizpenak garatu izana.

2.- Aurkezten diren enpresa-proiektuak, osoak edo partzialak, 2009ko urtarrilaren 1etik 2010eko abenduaren 31ra bitartean burutuko dira eta honelako jarduera hauek kontuan hartuko dira:

- Musika-ekoizpenak edo argitalpenak promozionatzeko zerbitzuak martxan jartzea edota jarduera bereziak antolatzea.

- Material grafikoak (foiletoak, katalogoak eta abar), soinuzkoak, ikus-entzunezkoak edo informatikoak egitea eta editatzea.

32. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak eta modalitate honetako laguntzen gehienezko muga.

1.- Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak proiektu bakar batentazako jaso ahal izango du diru-laguntza, bertan ekintza deberdinak erlazionatu eta aurrekontuan sartu ahal direlarik. Onuradun batek ezingo du hogeita hamabi mila euro(32.000,00) baino gehiagoko laguntza jaso.

2.- Hauek dira modalitate honetako diru-laguntzekin ordain daitezkeen gastuak eta, beraz, justifikatu beharrekoak: langileen gastuak, funtzionamendu gastuak edota ekintzak antolatzeak edo sustapen-materialak editatzeak dakartzatenak.

33. artikulua.- Hautaketa eta balorazio irizpideak.

Zabalpeneko proiektuen balorazioa ondoko irizpideen arabera egingo da:

1.- Proiektuaren interesa eta planteamendua, Euskadiko musikaren zabalkundearen ikuspuntutik (guztizko puntuazioaren % 35).

Atal honetan kontuan hartuko da: a) proiektuaren helburuak eta edukiak; b) metodologia, planifikazioa eta ebaluazioaren aurreikuspena; c) aurrekontua koherentea izatea.

2.- Erakunde eskatzailearen balorazioa, Euskadiko musika-jarduera profesionala ekoizteko eta zabaltzeko entitate gisa, 2008. urtea erreferentzitzat hartuta (guztizko puntuazioaren % 40).

Atal honetan kontuan hartuko dira: a) antzinatasuna; b) entitatearen pertsonal-bolumena; c) ekoizpenaren bolumen orokorra; d) Euskadiko musikariei dagokien ekoizpen bolumena.

3.- Proiektuaren autofinantzaketa maila (guztizko puntuazioaren % 15).

4.- Musika-proiektuan euskarak duen presentzia (guztizko puntuazioaren % 10).

34. artikulua.- Laguntzen ordainketa.

Laguntzak honela ordainduko dira:

a) Lehenengo ordainketa, emandako laguntzaren % 65koa, ebazpena jakinarazten denetik aurrera egingo da, 10.a) artikuluan aipatutako epea igarota, laguntzari uko egin ez bazaio.

b) Gainontzeko % 35ekoa, agindu honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera, beharreko dokumentazioa aurkeztu ondoren egingo da, betiere, 2010eko urtarrilaren 1etik aurrera.

VII. KAPITULUA

MUSIKA-AZOKETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK

35. artikulua.- Diru-laguntza jaso dezaketen jarduerak.

1.- Diru-laguntza modalitate honen bitartez, musika alorreko enpresek musika-azoketan parte hartzea bultzatu nahi da. Horretarako bidai-burtsak emango dira 2009an feria profesionaletara doazen enpresei.

2.- Ondorio honetarako hara zer hartuko den azoka profesionaltzat: enpresen arteko elkarrekiko merkataritzako gune bat sortzen duten musika gertakariak, bertan parte hartzeko aurretik inskripzioa ordaindu behar bada.

3.- Modalitate honetan diruz lagundu daitezkeen gastuak eta gastu justifikagarriak azokaren batean parte hartzearekin lotutako joan-etorrietan, ostatu hartzean edo manetenuan eduki behar dute oinarri. Horietaz gainera, ferian akreditatzeko edo instalatzeko gastuak ere sartu ahal izango dira, betiere Kultura Sailak ez badu zuzenean enpresaren inskripzioa egin Euskadiko Soinuak programaren baitan.

36. artikulua.- Laguntzak banatzeko prozedura.

1.- Modalitate honetan, eskatzaile bakoitzak hiru ferietarako asistentzia-laguntza, gehienez, jaso ahal izango du.

2.- Hasierako erreferentzia gisa honako laguntza-moduluak ezarriko dira, azoka bakoitzeko: a) Euskadiko stand komun bat duten Estatuko azokak: 350 euro; b) Euskadiko standik ez duten Estatuko azokak: 500 euro; c) Euskadiko standa duten gainontzeko azokak: 800 euro eta d) Euskadiko standik ez duten gainontzeko azokak: 1.000 euro.

3.- Laguntzen zenbatekoa zehazteko, zuzkidura osoaren eta onartutako eskari-kopuruaren arteko hainbanaketa egingo da, alegia, aurreko puntuan aipatutako moduluak gorantz edo beherantz egokituz, betiere agindu honetako 2.5 artikuluan aipatutako muga gainditu gabe.

37. artikulua.- Diru-laguntzaren ordainketa eta justifikazioa.

Diru-laguntza osoa batera ordainduko da jarduera burutu eta justifikatu ondoren, agindu honetako 12. artikuluan xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbatekoak aldatu ahal izango dira, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen baten bitartez, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Sailburuordearen ebazpena EHAAn argitaratuko da.

Bigarrena.- Laguntza-programa hau Batzordearen 2006ko abenduaren 15eko 1998/2006 araudian ezarritako minimis arauaren mendean dago (araudi hori Tratatuko 87. eta 88. artikuluak minimis laguntzei aplikatzeari buruzkoa da). Ondorioz, Kultura Sailak beharrezkoak diren mekanismoak jarriko ditu abian, bermatzeko enpresa jakin bati emandako laguntza osoa ez dela izango 200.000 eurotik gorakoa edozein alditako hiru ekitaldi fiskaletan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honek amaiera ematen dio administrazio-bideari. Bere aurka interesatuek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal diote Kultura sailburuari hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera, edo bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 30a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA / ANEXO I

MUSIKA-JARDUERA PROFESIONALENTZAKO DIRU-LAGUNTZEN DEIALDIA

CONVOCATORIA DE SUBVENCIONES PARA ACTIVIDADES MUSICALES PROFESIONALES

DIRU-LAGUNTZA-ESKABIDEA / SOLICITUD DE SUBVENCIÓN:

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

AURKEZTU BEHARREKO DOKUMENTUEN ZERRENDA / RELACIÓN DE DOCUMENTOS A PRESENTAR

(eta argibideak / y Notas aclaratorias)

(Ikus .PDF)

III. ERANSKINA / ANEXO III

ENTITATEAREN PORFILAREN AITORPENA: AKTIBITATE OROKORRA 2008AN

DECLARACIÓN DEL PERFIL DE LA ENTIDAD: ACTIVIDAD GENERAL EN 2008

(Ikus .PDF)

IV. ERANSKINA / ANEXO IV

PROIEKTUAN PARTE HARTZEN DUEN ARTISTA EDO TALDEAREN OINARRIZKO DATUAK

DATOS BÁSICOS DE LA FORMACIÓN MUSICAL IMPLICADA EN EL PROYECTO

(Ikus .PDF)

V. ERANSKINA / ANEXO V

AURREKONTUAREN LABURPENA / RESUMEN DE PRESUPUESTO

(Ikus .PDF)

VI. ERANSKINA / ANEXO VI

BIRA MUSIKALARI BURUZKO DATUAK / DATOS SOBRE LA GIRA MUSICAL

(Ikus .PDF)

VII. ERANSKINA / ANEXO VII

AZOKETAN PARTE-HARTZEARI BURUZKO DATUAK

DATOS SOBRE LA PARTICIPACIÓN EN FERIAS

(Ikus .PDF)

VIII. ERANSKINA / ANEXO VIII

BALORAZIO BATZORDEAREN AURREAN PROIEKTUAREN DEFENTSA (BORONDATEZKOA)

-MUSIKA-EKOIZPENA EDO ZABALPEN PROIEKTUEN MODALITATEETAN SOILIK-

DEFENSA DEL PROYECTO ANTE LA COMISIÓN DE VALORACIÓN (VOLUNTARIA)

-SÓLO EN LAS MODALIDADES DE PRODUCCIÓN MUSICAL O DE PROYECTOS DE DIFUSIÓN-

(Ikus .PDF)

IX. ERANSKINA / ANEXO IX

ORDAINKETETARAKO DATUAK / DATOS PARA LOS PAGOS

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala