Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

99. zk., 2009ko maiatzaren 27a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
3040

AGINDUA, 2008ko azaroaren 27koa, Kultura sailburuarena, Bizkaiko Lurralde Historikoan aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasunak gordetzeko Arkeologia Museoa (Bizkaiko Arkeologia Museoa) gordailu-zentroa izendatzeko dena.

Euskadiko Autonomia Erkidegoak, Konstituzioaren 148.1.16 eta Estatutuaren 10.19 artikuluen arabera, Kultura Ondasunari buruzko eskumen osoa eskuratu zuen. Hartutako eskumena egikaritzeko, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea onartu zen.

Aipatutako 7/1990 Legeak bere 47.1 artikuluan dionez, arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasun eta aztarnak, Euskal Autonomia Erkidegoaren lurraldean aurkitu direnak, jabari publikoa dira; halaber, lege horren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera, baimendutako lanetan aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesgarriak diren ondasunak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatuko dituen lurralde-museoeta edota gordailu-zentroetan gordeko dira.

Artikulu hori garatzeko, urriaren 5eko 341/1999 Dekretua onartu zen, Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan aurkitutako interes arkeologikoa edo paleontologikoa duten ondasunak garraiatu, entregatu eta gordailuan uzteko baldintzei buruzkoa. Agindu horren 8. artikuluan halako ondasunak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak izendatutako lurralde-museo edota gordailu-zentroetan gordetzeko beharra ere ezartzen da.

Kultura sailburuaren 2001eko abenduaren 13ko Aginduaren bitartez, Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoa gordailu-zentro izendatu zen Bizkaiko Lurralde Historikoan aurkitutako arkeologia eta paleontologiarako interesgarriak diren ondasunak gordetzeko; izan ere, ia eratu zenetik gordailu-funtziotan aritu izan baita eta jarduera horretan esperientzia luzea baitu.

Denboraren poderioz, orain arte Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan zaindutako bilduma arkeologikoen kopurua hainbesteraino hazi da, non bilduma berriak hartzeko erabil daitekeen lekurik ez baitago. Egoera hori dela-eta, Bizkaiko Foru Aldundiak erabaki du gune berri bat sortzea -Arkeologia Museoa (Bizkaiko Arkeologia Museoa)-, aipatu gordailu-funtzioak hartzeko.

Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura foru diputatuak eskatu zuen Arkeologia Museoa (Bizkaiko Arkeologia Museoa) Bizkaiko Lurralde Historikoan aurkitutako arkeologia eta paleontologia ondasunak gordailuan uzteko zentro izendatzea.

Izendapen hori egiten da kontuan hartuz Museo berria sortzen dela berariaz material arkeologikoak kontserbatzeko, babesteko eta zabaltzeko, han gordeko den arkeologia- eta paleontologia-ondarea era egokian kontserbatzeko beharrezko baliabideak eta instalazioak baititu.

Horregatik guztiagatik, Euskal Kultura Ondare Zentroko Zerbitzu Teknikoek egindako txostena eta Kultura Ondarearen zuzendariaren proposamena ikusita, eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 legearen 47. artikuluak eta aipatu den urriaren 5eko 341/1999 Dekretuaren 8. artikuluek ezartzen dutenarekin bat, honako hau

XEDATU DUT:

Lehenengoa.- Arkeologia Museoa (Bizkaiko Arkeologia Museoa) Bizkaiko Lurralde Historikorako interes arkeologiko eta paleontologikoa duten ondasunen gordailu-zentro izendatzea.

Bigarrena.- Izendapen-agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratua izan dadila, guztiek horren berri izan dezaten.

Hirugarrena.- Bizkaiko Lurraldean aurkitu diren eta arkeologia edo paleontologiarako interesa dituzten ondasunak dauzkaten guztiei eskatzea material horiek izendatu den zentrora eraman ditzatela.

Laugarrena.- Bizkaiko Foru Aldundiak Euskal Kultura Ondarearen Zuzendaritzari beharrezkoa den baimena eskatu beharko dio egun Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoan diren materialak Arkeologia Museora (Bizkaiko Arkeologia Museoa) eraman ahal izateko, betiere zerrendei, katalogazioari eta agiriei buruz (gordailu-agiria, memoriak, txostenak) urriaren 5eko 341/1999 Dekretuak ezartzen duenari jarraiki.

Bosgarrena.- Hamar urteko izendapen-epea ezartzea, eta epea bukatu ondoren izendapena berrikusia izan dadila.

Seigarrena.- Izendapenaren berri ematea Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailari, Bilboko Udalari, Arkeologia Museoari (Bizkaiko Arkeologia Museoa) eta Bilboko Euskal Arkeologia, Etnografia eta Kondaira Museoari.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu hau onartu den egunean jarriko da indarrean.

Bigarrena.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka, interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Kultura sailburuari hilabeteko epean, edo bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietako salan bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 27a.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala