Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

84. zk., 2009ko maiatzaren 7a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Osasun Saila
2419

HUTSEN ZUZENKETA, ondoko aginduarena: Agindua, 2009ko martxoaren 24koa, Osasun sailburuarena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria arautzen duen abenduaren 23ko 217/2008 Dekretuak 18.2.b) artikuluan xedatzen duenez, argitaratzeko bidalitako testuan dauden hutsak edo omisioak Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako Zuzendaritzak zuzenduko ditu, baldin eta nabarmenak badira, dokumentuen esanahia aldatzen ez badute, eta nahasbiderik ez sortzeko komeni bada. Zuzenketa egiteko eskaria testua argitaratzeko agindua eman duen organoak egingo du.

Osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiten duen Osasun sailburuaren 2009ko martxoaren 24ko Agindua 2009ko apirilaren 16an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, 71. zenbakian, eta bertan, lehen aipatutakoen moduko akatsak gertatu direnez, aginduaren testua oso-osorik argitaratzen da ondoren:

AGINDUA, 2009ko martxoaren 24koa, Osasun sailburuarena, osasun-arloko profesionalak prestatzeko bekak eta laguntzak emateko deialdia egiteko dena.

Osasun Sailaren helburuetariko bat sanitate-taldearen prestakuntzaren bidez sanitate-zerbitzuen kalitatearen hobekuntza sustatzea da. Halaber, ikerketa funtsezko elementutzat jotzen da Euskadiko sistema sanitarioaren garapenean.

Hori dela eta, Osasun Sailak epe luzerako estrategia bat planteatu du bai pertsonal sanitarioa bere lan-praktikan gaitzeko, bai ikerketan prestakuntza bultzatzeko ere, gerora Euskadiko Sistema sanitarioaren ikerketa-komunitatean partaide izan dadin.

Deialdia helburu horiek betetzeko egiten da, espezializazio-ikastaroak eta egonaldiak nola ikerketako prestakuntzarako planak diruz lagunduz.

Horiek horrela, hauxe

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Xedea.

Agindu honen bitartez, osasunaren arloan ikerketako prestakuntzako planak gauzatzeko bekak eta laguntzak emateko araubidea arautzen da eta horien deialdia egiten da. Prestakuntzako planak 2009an hasiko dira, honako bi modalitate hauekin:

A) Egonaldiak atzerriko zentroetan eta ikastaroak egiteko bekak eta laguntzak.

B) Osasunaren arloan ikerketako prestakuntza-planak gauzatzeko bekak eta laguntzak.

Prestakuntza-planak, teknikoak nahiz praktikoak izango diren jarduera-multzo bat bereganatu beharko du. Jarduerek, ikerkuntza sanitarioan hasteko beharrezkoak diren ezagutzak emango dizkiote onuradunari. Zenbait gradu-ondoko ikastarok osatuko dute programa teorikoa eta osasun arloan parte hartzen duten elementu metodologiko zein instrumentalak erakustera bideratutakoak izango dira.

2. artikulua.- Onuradunak.

Agindu honetan begiesten diren bekak eta laguntzak erdi edo goi mailako unibertsitate-tituludunek jaso ahal izango dituzte, eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenagotik gutxienez Euskal Autonomia Erkidegoko udalen batean erroldaturik badaude.

Beka eta laguntzak emateak eta hartzeak ez du kontratu edo estatutu bidezko inongo harremanik ezarriko onuradunaren eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren artean.

Jasotzaileei ezingo zaie diru-laguntzarik eman, baldin eta Euskal Autonomia Erkidegoak eta bere erakunde autonomoetako Administrazio Orokorrak emandako laguntzen edo diru-laguntzen esparruan, izaera bereko itzultze edo zigortze prozeduraren bat bukatu gabe badago.

3. artikulua.- Diru-laguntzak emateko prozedura.

Bekak eta laguntzak ematea 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 51.4 artikuluan aurreikusitako lehiaketa prozeduraren bidez gauzatuko da. Dekretu hori azaroaren 11koa da eta onartu egiten du Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina. Hori horrela, modalitate batean eta bestean aurkeztutako eskabideak erkatuko dira eta, 11. artikuluan finkatutako balorazio-irizpideak aplikatuz, eskabideak lehentasun hurrenkeran jarriko dira. Diru-laguntzak, balorazio-fasean gutxienez hirurogei (60) puntu lortzen dituzten eskaerei emango zaizkie, horretarako dagoen diru kopurua agortzen den arte.

4. artikulua.- Baliabide ekonomikoak.

Deialdi hau finantzatzeko erabiliko diren baliabide ekonomikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan helburu horretarako bideratutako aurrekontu kredituetatik datoz, eta guztira berrehun eta hamazortzi mila hirurehun eta hirurogei (218.360) euro dira. Modalitate bakoitzari % 50na emango zaio.

Aipatu zenbatekoa gehitu ahal izango da, eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontutan hartuta, deialdi hau ebatzi aurretik Osasun Sailaren beste laguntza-programa batzuk gauzatutakoan, aurrekontuan agortu gabe gera daitezkeen diru-baliabideen arabera. Osasun zuzendariordearen ebazpen baten bidez emango da horren berri.

Modalitateetako baten deialdia behin ebatziz gero, baliabide-geldikinik geldituko balitz, ebatzi gabeko beste modalitatearen dotazioa areagotzeko erabil liteke. Egoera hori gertatzen bada, horren berri emango da Osasun sailburuordearen ebazpenaren bidez.

5. artikulua.- Jarduera eta gastu finantzagarriak.

Emandako diru-laguntza beka edo laguntza motakoa izan daiteke.

1.- Hauxe da bekaren helburua: onuradunaren mantenu-gastuak finantzatzea prestakuntza-planak irauten duen bitartean.

2.- Laguntza onuradunak, prestakuntza-planaren garapenean, sortutako gastuetarako emango da, esate baterako: bidaia-gastuak, matrikula, ostatua, materiala erostea, etab.

3.- Onuradunak prestakuntzako jarduerak ordaindutako jarduerarekin aldi berean egiten dituen bestelako kasuetan, gastuetarako laguntza ekonomikoa baino ezingo du eskuratu.

4.- Onuradunak ordaindutako jarduerarik egiten ez duenean, gastuetarako laguntza ekonomikoarekin osatutako beka bat edukitzeko aukera izango du.

5.- Emango den beka edo laguntza urtebetekoa izango da gehienez. Prestakuntza-planak iraupen luzeagoa izango balu, onuradunak, diru-laguntza edukitzeko epea amaitu ondoren, beste beka bat eskatu ahal izango du, hurrengo deialdiak ezarriko duenaren arabera.

6. artikulua.- Beken eta laguntzen diru-hornidura.

1.- Beken diru-hornidurak ezingo du hileko mila eta bostehun (1.500) euroko gehienezko kopurua gainditu.

Atzerriko egonaldiak edo ikastaroak hiru hilabetetik gorakoak direnean, familiarekin batera egiten badira, hilero 300 euro arteko laguntza gehigarria, ez gehiago, jaso ahal izango da diru-sarrera propiorik ez duen seme-alaba bakoitzeko. Kasu horretan, eskabide-egileari bakarrik ordainduko zaizkio bidaia-gastuak, eta ez berarekin joango diren familiartekoei.

2.- Gastuetarako laguntzen diru-hornidura gehienez hileko zazpi mila eta berrehun (7.200) eurokoa izango da.

7. artikulua.- Beken eta laguntzen bateragarritasun araubidea.

1.- Agindu honen babespean ematen den bekaren bat eskuratuz gero, ezin izango da ordaindutako lanik egin, ez helburu bererako (prestakuntza) beste erakunde publiko nahiz pribatu batek emandako beste beka edo laguntzaren bat hartu, edo ez beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunen bat izan.

2.- Bestalde, laguntza hau helburu bereko beste edozein diru-laguntza batekin bateragarria izango da; betiere, finantzatutako jardueratik ez bada gain-finantzaketarik ondorioztatzen. Horrelakorik gertatuz gero, gehienez murritz dakiokeen kopurua murriztuko zaio diru-laguntzaren zenbatekoari.

8. artikulua.- Eskabideak: aurkezteko lekua, bidali beharreko agiriak eta onartze epea.

1.- Agindu honetako bekez eta laguntzez baliatzeko eskabideak, Agindu honen I. eta II. eranskinetan jasotzen diren eredu normalizatuan formulatuko dira eta Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendariari bidaliko zaizkio. Helbidea: Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz. Era berean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan adierazitako gainerako moduetan aurkeztu ahal izango dira.

2.- Aurreko atalean aipatutako eskabide-orria honako web orrialde honetan aurki daiteke: http://www.osanet. euskadi.net, «Profesionalak» izeneko atalean.

3.- Eskabidearekin batera, ondoko agiriak ere aurkeztu beharko dira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

b) Curriculum Vitae laburtua.

c) Prestakuntza-plana honako hauekin: gauzatzeko aurreikusitako jarduerak, B modalitatearen kasuan prestakuntza-plana zuzenduko duenaren ontzat emana edo txosten positiboa eta aipatutako jarduerek sortuko lituzketen gastuen estimazioa.

d) Errolda ziurtagiria.

e) Zinpeko adierazpena, helburu bererako beste finantzaketa-iturri batzuk eskuratu edo eskatu dituen ala ez argitzeko. Adierazpenak jasoko du ordaindutako lanik ez dagoela, helburu bererako beste erakunde publiko nahiz pribatu batek emandako beste beka edo laguntzarik ez dela hartu, edo beka horiek berez eskatzen duten lana behar bezala burutzea galaraziko duen beste eginkizunik ez dela.

f) Eskatzailearen Lan-zentroko Zuzendaritzaren aldetiko prestakuntza-plana egiteko baimena, hala behar bada.

g) Eskatzaileak aitortuko du ez duela zigor administratiborik edo penalik laguntza edo diru-laguntza publikoak lortzeko eskubidea galtzeko, eta ez duela laguntza horiek jasotzen uzten ez dion legezko debekurik.

Eskatzaileari beka edo laguntza ematen bazaio, Hirugarrenaren Alta-inprimakia beteta aurkeztu beharko du (III. eranskina).

4.- Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, agindu hau indarrean sartzen denetik.

9. artikulua.- Eskabidean egindako akatsen zuzenketa.

Laguntzen eskabidea ez badago bere termino guztietan beteta edo exijitutako dokumentazioa falta badu, errekerimendua egingo zaio eskatzaileari, hamar eguneko epearen barruan akatsa zuzentzeko edo agindutako agiriak aurkezteko, zera ohartaraziz: eskatutakoa egiten ez badu, eskabidea bertan behera utzi duela ulertuko dela. Dena den, Administrazioa behartuta dago eskabideen gainean ebazpen adierazi bat hartzera eta ebazpena jakinaraztera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 eta 42.1 artikuluetan xedatutakoaren arabera.

10. artikulua.- Eskabideen ebaluazioa.

1.- Aurkezten diren eskabideen ebaluazioa egiteko Balorazio Batzorde bat eratuko da, honako hauek osatua: Osasun Saileko Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria, lehendakari gisa jardungo duena, eta laguntzaile gisa, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Etengabeko Prestakuntzako arduraduna, eta Osasun Sailaren I+G Laguntzetako arduraduna, azken honek idazkari gisa ere jardungo duena. Batzorde horrek, eskabideen balorazio egokirako beharrezkotzat joko dituen aholkuak eskatu ahal izango ditu.

2.- Batzordeak prestakuntza-plana osorik ulertzeko beharrezkotzat jotzen dituen dokumentazio osagarria aurkezteko eskatu ahal izango dio eskatzaileari.

3.- Azkenik, Batzordeak, aurreikusitako balorazio-irizpideak aplikatuz, formulatutako eskabideak baloratuko ditu eta Osasun sailburuordeari dagokion ebazpen-proposamena helaraziko dio.

11. artikulua.- Esleipenerako eta kuantifikaziorako irizpideak.

1.- Beken eta laguntzen esleipena irizpide hauetan oinarriturik eta ondoko baremo honen arabera egingo da:

a) Atzerriko zentroetan egonaldiak eta ikastaroak egiteko beka eta laguntzen A) modalitateari atxikitako eskabideak.

- Eskatzailearen Curriculum Vitaea: 20 puntu gehienez.

- Ikasketak egingo diren zentroaren edo erakundearen prestakuntza-kalitatea: 20 puntu gehienez.

- Egin beharreko ikasketen hurbiltasuna ondoan zehazten diren lehentasun-arloekiko:

Zerbitzu sanitarioen antolamendua eta kudeaketa,

Sanitateko eta teknologia berriko zerbitzuen ebaluazioa,

Osasun Publikoa eta Osasunaren Sustapena,

Erizaintzaren antolamendua, kudeaketa eta ebaluazioa,

Osasun Planaren lehentasun-helburuak eta, 20 puntu gehienez.

- Egin beharreko ikasketen kalitatea eta eskatzailearen lan-jarduera horietara egokitzea: 40 puntu gehienez.

b) Osasunaren esparruan ikerketari buruzko prestakuntza-planak egiteko beken eta laguntzen B) modalitateari atxikitako eskabideak.

- Eskatzailearen Curriculum Vitaea: 20 puntu gehienez.

- Proposatutako Prestakuntza Planaren kalitatea: 50 puntu gehienez.

- Prestakuntza Plana iraupen luzeagoko espezializazio programa batean sartuta egotea: 10 puntu gehienez.

- Eskatzailea Euskadiko sistema sanitariokoa izatea; edo osasunaren profesionala izatea, bere espezialitatea azken bi urteetan eginda eta egoiliar gisa egonda: 20 puntu gehienez.

2.- 6. artikuluan ezarri diren gehienezko zenbatekoak eta finantza daitekeen gehienekotzat joko den aurkeztutako aurrekontua errespetatuz, bekaren dotazioa Prestakuntza Planaren iraupenaren eta plana burutuko den tokietan dagoen bizimoduaren kostuaren arabera zehaztuko da.

Laguntzaren dotazioa, Prestakuntza Plana gauzatzeko gastuaren premiak kontuan hartuta zehaztuko da.

12. artikulua.- Ebazpena.

1.- Deialdia Osasun sailburuordeak ebatziko du, Balorazio Batzordearen proposamena aintzat hartuz.

2.- Ebazpenak onuradunen zerrenda, emandako diru-laguntza mota (beka edo laguntza ekonomikoa) eta horren zenbatekoa adieraziko ditu.

3.- Hartutako Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratuko da, eskabideak aurkezteko epea amaitu eta bost hilabeteko epean. Epe hori igaro ondoren argitaratuko ez balitz, interesdunek euren eskabidea ezetsitzat jo dezakete Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

4.- Onuradunei dagokien onarpen-agiria bidaliko zaie, bete ostean Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari itzuli beharko diotena, jaso zutenetik hilabete bateko epean.

5.- Osasun sailburuordearen ebazpen horren aurka interesdunek gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute Osasun sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik; betiere, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta hurrengoetan ezarritakoaren arabera.

6.- Eskabideari ezezkoa ematen bazaio, aurkeztutako agiriak berreskuratzeko epea hilabetekoa izango da, dagokion ebazpena argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita; betiere, ez bada errekurritua izan. Errekurtsorik aurkeztu bada, ezesteko ebazpenaren jakinarazpena egiten denetik aurrera hasiko da epea.

13. artikulua.- Onuradunen betebeharrak.

Bekak edo laguntzak jasotzen dituzten onuradunek, nolanahi ere, honako betebehar hauek izango dituzte:

a) Emandako beka edo laguntza onartzea. Zentzu horretan, berau jasotzen denetik hasita hilabeteko apean Osasun Saileko Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaritzari ez bazaio aurreko artikuluaren 4. atalean aipatzen den onarpen-agiria helarazten, beka edo laguntzari uko egiten diola ulertuko da.

b) Beka edo laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiari deialdi honetako diru-laguntzen inguruan eskatzen diren argibide guztiak ematea, berez dagozkien eginkizunen jardunean.

d) Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari, gertatzen denetik hilabeteko gehienezko epean, eskabidean adierazitako datuetan gerta litekeen edozein aldaketen berri ematea. Bereziki, 7. artikuluan begietsitako bateragarritasun araubideari eragiten diotenak.

e) Onuradunek beren prestakuntza-jardueren garapenari buruzko hiruhileko txosten bat bidali beharko dute.

14. artikulua.- Ordainketa.

Ematen diren beka eta laguntzen ordainketa zatika egingo da, era honetan.

Emandako diru-laguntzaren zenbateko osoaren ehuneko hirurogeita hamabosteko (% 75) lehen ordainketa 12.4 eta 13.a) artikuluetan aipatzen den onarpen-agiria, jaso eta behar bezala bete ondoren, berehala emango da.

Gainontzekoa onuradunak, Prestakuntza Plana amaitu eta gehienez bi hilabeteko epean, hurrengo artikuluan adierazten den dokumentazioa bidali ostean.

15. artikulua.- Beken eta laguntzen justifikazioa.

Beka eta laguntzen onuradunak diru-laguntzari emandako erabilera justifikatzera behartuta daude, Osasun Plangintza eta Antolamenduko Zuzendaritzari ondoko agiriak bidaliz:

1.- Atzerriko zentroetan egonaldiak eta ikastaroak egiteko beka eta laguntzen A) modalitatean emandako bekak eta laguntzak.

a) Bekak:

- Bukaerako memoria, egindako prestakuntza-jardueren deskribapena eta zentro hartzailearen irakaskuntza-kalitatearen balorazioarekin.

- Zentro hartzaileak emandako aprobetxamendu-ziurtagiria edo titulua.

b) Laguntzak:

Beketarako aipatu diren agiriez gain, gastu osoen zerrenda eta justifikatu beharreko fakturen originalak ere aurkeztu beharko dira: bidaiak, matrikulak, ostatuak, material bibliografikoaren eskurapena, eta abar.

2.- Osasunaren esparruan ikerketari buruzko prestakuntza-planak egiteko beken eta laguntzen B) modalitatean emandako bekak eta laguntzak.

a) Bekak:

- Bukaerako memoria, egindako jarduerekin eta lortutako emaitzekin (deialdi publiko eta pribatuetara aurkeztutako ikerketa-proiektuak, kongresuetako aurkezpenak, argitalpenak, eta abar), Prestakuntza Plana zuzendu duen pertsonaren oniritziarekin.

- Aprobetxamendu-ziurtagiriak edo zentroek emandako tituluak, ikastaroak edo egonaldiak egin badira.

- Lanaren emaitzak argitaratu badira, argitalpen horien separatak edo kopiak bidaliko dira.

b) Laguntzak.

- Beketarako aipatu diren agiriez gain, gastu osoen zerrenda eta justifikatu beharreko fakturen originalak ere aurkeztu beharko dira: bidaiak, matrikulak, ostatuak, material bibliografikoaren eskurapena, eta abar.

16. artikulua.- Diru-laguntza emateko baldintzak aldatzea.

Beka edo laguntza emateko aintzat hartutako baldintzen aldaketa orok, betiere horien xedea betetzat jotzen denean eta, beste laguntza batzuen aldibereko lorpena gertatzen ez denean, diru-laguntzaren aldaketa ekar dezake ondoriotzat. Horretarako, Osasun Plangintza eta Ebaluazioko Zuzendaritzak laguntza gutxitzeko dagokion ebazpena emango du, eta bertan emandako diru-laguntzaren zenbatekoa berriro doituko da.

17. artikulua.- Baldintzak ez betetzea.

Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginak, hots, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuenak, ezarritakoaren arabera, batetik, eta, bestetik, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, hots, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren bermea eta sarreren araubidea erregulatzen duenak, ezarritakoarekin bat eginez, onuradunak ez baditu Agindu honetan ezarritako eskakizunak, baldintzak eta epeak betetzen, laguntza beste helburu baterako erabiltzen badu edo aprobetxamendu akademikoa ez bada nahikoa, prozedura izapide egokiak bideratu ostean, laguntza eskuratzeko eskubidea galdu duela emango da aditzera. Horretaz gainera, ordura arte eskuratutako diru-zenbatekoak gehi horien legezko interesak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dizkio, bidezko gainerako ekintzen kalterik gabe. Aipatutako diru-kopuru guztiak diru-sarrera publikotzat hartuko dira ondorio guztietarako.

Ez-betetzeagatiko txostena hasteko eta ebazteko aginpidedunak Osasun Plangintza eta Antolamenduko zuzendaria eta Osasun sailburuordea izango dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen aurka, administrazio-bidea agortzen baitu, interesdunek Osasun sailburuaren aurrean berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango dute, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hilabeteko epean, edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, bi hilabeteko epean, agindua aldizkari ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Ebazpen honetan aurrez zehaztu ez diren gaiak direla-eta, azaroaren 26ko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritakoa beteko da, zehazki, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak emandako idazkera duena.

Hirugarrena.- Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera izango du eragina.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 24a.

Osasun sailburua,

GABRIEL M.ª INCLÁN IRIBAR.

I. ERANSKINA

PRESTAKUNTZA-BEKAREN ESKABIDEA (A Modalitatea)

(Ikus .PDF)

EGIN NAHI DUZUN PRESTAKUNTZA-JARDUERARI BURUZKO DATUAK

(Ikus .PDF)

II. ERANSKINA

OSASUN-IKERKUNTZAN PRESTATZEKO BEKAREN ESKEBIDEA (B Modalitatea)

(Ikus .PDF)

PRESTAKUNTZA PLANAREN DATUETARAKO INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)

PRESTAKUNTZA PLANAREN DATUETARAKO INPRIMAKIA

(Ikus .PDF)

DATUEN ALTA/ DOAKION HIRUGARRENA

ALTA DE DATOS /TERCERO INTERESADO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala