
78. zk., 2009ko apirilaren 27a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Haurreskolak
2227
09/03-2009 ERABAKIA, Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen 2009ko martxoaren 18koa. Erabaki honen bidez, 235 hezitzaile-plaza betetzeko oposizio-lehiaketa deitzen da. Plaza horiek langile finkoen bidez edo kontratu mugagabeen bidez beteko dira.
Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen 08/03-2009 Erabakiak onartzen du hezitzaileen lan-eskaintza publikoa; dagokion hautaketa-prozesuaren bidez beteko dira eskaintza horretan jasotzen diren plazak.
Helburu horrekin, Haurreskolak Partzuergoaren Estatutuko 18. artikuluan xedatutakoaren arabera, honako hau
ERABAKI DA:
Lehenengo artikulua.- Haurreskolak Partzuergoan hezitzaileen lan-kategoriari dagozkion lanpostuak hornitzeko oposizio-lehiaketa deitu eta prozedurari ekitea.
Bigarren artikulua.- Erabaki honek xede duen oposizio-lehiaketari dagozkion prozesuak zuzenduko dituzten oinarriak —erabaki honen I. eranskinean jasotzen direnak— onartzea.
Hirugarren artikulua.- Deitutako lanpostuei dagokion baremoa eta ikasgai-zerrendak —erabaki honen II. eta III. eranskin gisara jaso direnak— onartzea.
Laugarren artikulua.- Oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskari-orria onartzea.
AZKEN XEDAPENA
Lehenengoa.- Administrazio-bidea agortzen duen erabaki honen aurka, aukerako berraztertze-errekurtsoa jarri ahal izango diote interesdunek Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeari, hilabeteko epean Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita; edo zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jarri ahal izango diote EAEko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari, bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita.
Bigarrena.- Erabaki honek eragina izango du Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
Eibar, 2009ko martxoaren 18a.
Haurreskolak Partzuergoko gerentea,
MAITE LARRAÑAGA ORBEA.
I. ERANSKINA
Haurreskolak Partzuergoan hezitzaileen lan-kategoriari dagozkion lanpostuak hornitzeko oposizio-lehiaketako prozesuak zuzenduko dituzten oinarriak.
1.- Xedea.
1.1.- Oinarri hauek zera dute xede, hezitzaile kategoria profesionaleko lanpostuak oposizio-lehiaketa bidez hornitzeko arauak zehaztea, hezitzaile gizonezko zein emakumezkoak talde bakarrean lehiatuko direla kontuan hartuz.
1.2.- Deitutako hezitzaile-plazak 235 dira, horietatik 228 txanda irekikoak dira eta 7, ordea, urritasuna duten langileen txandakoak.
2.- Deskribapena.
2.1.- Oposizio-lehiaketa gainditu eta ondorioz kontratatzen diren hezitzaile lanpostuetarako langileen lan- eta ekonomia-baldintzak Haurreskolak Partzuergoko Lan Hitzarmenean ezarrita daude.
2.2.- Lanpostuaren berezko funtzioak:
a) Hezitzaileek jarduerak eta ebaluazio-prozesuak antolatu eta programatzen lagunduko dute, baita haur-eskola bakoitzaren egunoroko kudeaketan ere.
b) Hezitzaileek beren ardurapeko unitateko jarduerak antolatu eta programatuko dituzte.
c) Hezitzaileek haurraren garapen-prozesuko egoerak artatuko dituzte:
- Afektibitate-egoerak eta gizarte-harremanei eta inguruarekiko harremanei dagozkienak.
- Higiene-egoerak, elikadurari dagozkionak eta atsedenekoak.
- Garapen kognitiboari, adierazpen-garapenari eta haurrak bizi duen eboluzio-uneari dagozkienak.
d) Hezitzaileek familiak artatuko dituzte eta seme-alaben heziketa-prozesuari buruzko informazioa emango diete.
e) Hezitzaileak ikastetxeko koordinatzaile izendatu ahal izango dituzte. Kasu horretan, honako funtzioak ere izango dituzte esandakoez gain:
- Koordinatzaileak Partzuergoaren ordezkaritza betetzen du ofizialki haur-eskolan, eta azken horren ordezkaritza Partzuergoaren baitan, Udalaren, familien eta orokorrean beste hirugarren batzuen aurrean.
- Koordinatzaileak du, gainerako hezitzaileekin lankidetzan, hezitzaileen ordutegia eta egutegia antolatzeko ardura, eta baita ikastetxearenak antolatzekoa ere, Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzuak dituen beharren zein gurasoen eskarien arabera. Ordutegi eta egutegi horiek Partzuergoak onartu beharko ditu.
- Koordinatzaileak haur-eskolaren antolamendua, jardueren programazioa eta haur-eskolaren ohiko kudeaketa gauzatuko ditu, horiek ere gainerako hezitzaileekin lankidetzan.
- Koordinatzailea hezitzaileekin lankidetzan arituko da, haurren garapen osoarekin lotutako prozesuetako egoerak —aurreko ataletan zehaztutakoak— artatzeko funtzioei dagokienean.
2.3.- Lanpostuen banaketa.
Epaimahaiak prozesua amaitzean onartutako behin betiko zerrendetan aukeratutako izangaiek egingo dute hautaketa-prozesua eta hor esleituko dira LEPari dagozkion lanpostuak. Hautaketa horretarako, oposizio-lehiaketa prozesu honen bidez hornitu beharreko lanpostuen zerrenda emango da, postu bakoitza zein herritarako den adierazita.
3.- Izangaien betekizunak.
Hautapen-prozesuan onartuak izateko eskatutako baldintza guzti-guztiak bete behar dituzte eskatzaileek, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
3.1.- Betekizun orokorrak.
Hautapen-prozesuan parte hartzeko bete beharreko baldintzak honako hauek dira:
a) Nazionalitate espainiarraren edo Europar Batasuneko beste estatu kide bateko nahiz Europako Esparru Ekonomikoaren baitako estatu bateko nazionalitatearen jabe izatea; edo langileen joan-etorri askerako eskubidearen jabe izatea, Europar Batasunaren Itunaren edo Espainiak berretsitako beste itun batzuen arabera, edo eskubide hori lege mailako arau bidez onartua izatea.
Halaber, Espainiako eta Europar Batasuneko estatuetako edo Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzekoa zaion estaturen bateko herritarren ezkontideek parte hartu ahal izango dute, betiere zuzenbidearen arabera bananduta ez badaude, nazionalitatea duenaren ondorengoek eta haren ezkontidearen ondorengoek ere parte hartu ahal izango dute, baldin eta 21 urtetik beherakoak badira edo, adin horretatik gorakoak izanda ere, besteren kontura bizi badira.
Era berean, aurreko paragrafoetan aipatu ez, eta Espainiako Estatuan bizi diren atzerritarrek parte hartu ahal izango dute. Kontratuak zehazten duen jarduera betetzeko administrazioaren baimena badutela egiaztatu beharko dute horretarako.
b) Hamasei (16) urte beteta izatea eta nahitaezko erretirorako orokorrean ezarritako adina gainditua ez izatea.
c) Gaitasun psikiko eta fisiko egokia izatea hezkuntza alorreko langileei dagozkien eginkizunak normal bete ahal izateko. Gaitasun hori behin hautaketa-prozesua gainditu ondoren egiaztatuko da, medikuaren ziurtagiri bidez. Baldintza hau bete beharrekoa izango da onartua izateko.
d) Diziplina-espediente bidez zerbitzutik aparte geratu ez izana, hezkuntza alorreko edo administrazio publikoko edozein zerbitzutik aparte, alegia. Eta modu irmoan gaitasungabetuta ez egotea. Beste nazio bateko herritarra izanez gero, haren Estatuan Eginkizun Publikoak betetzeko gaitasungabetuta edo antzeko egoeran ez egotea, eta diziplina-zigorrik edo espetxe-zigorrik ez izatea Eginkizun Publikoak betetzeko.
e) Indarrean den legediaren arabera, ezgaitasunari edo bateraezintasunari buruzko kausa legalean ez egotea, legedi horrek berak ematen dion aukeratzeko eskubidea salbu utzita.
f) 3.2 atalean zehaztutako betekizun espezifikoetan eskatutako beste edozein.
3.2.- Betekizun espezifikoak.
3.2.1.- Adierazitako izaera orokorreko betekizunez gain, honako betekizun espezifikoak ere bete beharko dituzte izangaiek:
a) Deialdian eskatutako tituluen jabe izatea edo dagozkien tasak ordainduta eskarien epea amaitu baino lehen horien jabe izateko moduan egotea.
Eskatutako titulazioa ondoren azaldutakoren bat izango da:
- Haur Hezkuntzako berezitasuneko Maisu-maistra titulua edo irailaren 30eko 1954/1994 Errege Dekretuaren (BOE, 1994-11-17) eta araudi espezifikoaren arabera bere baliokidea den beste edozein.
- Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulua, edo apirilaren 30eko 777/1998 Errege Dekretuaren (BOE, 1998-05-08) eta araudi espezifikoaren arabera bere baliokidea den beste edozein.
- Hezkuntza Administrazioak antolatu edo homologatutako Haur Hezkuntzako espezializazio- edo homologazio-ikastaroak gainditu dituztenak, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, Hezkuntza Bereziko eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko irakasleentzako espezializazio-ikastaroak eta Haur Hezkuntzako lehen zikloko profesionalentzako irakasgaitze-ikastaroak homologatzen dituen 1996ko urtarrilaren 11ko Aginduaren arabera (BOE, 1996-1-23). Artikulu honen 1. atalean adierazitakoaren xedeetarako, pertsona horiek Haur Hezkuntzako maisu/maistra espezialistatzat edo Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikaritzat hartuko dira, egindako ikastaroaren arabera
b) Hezkuntzako 2. hizkuntza-eskakizunaren, EGAren edo horien baliokideen jabe izatea (informazio gehiagorako, ikus otsailaren 24ko 48/2009 Dekretua; 2009ko martxoaren 13ko EHAAn, 51. zk.).
3.2.2.- Urritasuna dutenentzako gordetako lanpostuetarako prozeduraren bidez parte hartzeko betekizun espezifikoak.
Euskal Funtzio Publikoari buruzko uztailaren 6ko 6/1989 Legearen zazpigarren xedapen gehigarriaren arabera, deialdian eskainitako lanpostu guztien kupo bat gordetzen da prozedura honen bidez esleitzeko. Prozedura honetan, deitutako kategoriarako txanda irekian eskatzen diren betekizun orokorrak eta espezifikoak betetzeaz gain, % 33ko edo gehiagoko ezintasun maila izan behar dute izangaiek, Foru Aldundietako, Lan eta Gizarte Gaietarako Ministerioko edo, hala badagokio, dagokion autonomia-erkidegoko Ongizate Sailetako organo eskudunek hala aitortuta. Urritasun horrek ez du dagozkion funtzioak betetzearekin bateraezina izan behar.
Gordetako lanpostu horietarako lehiatzeko hautua parte hartzeko eskaeran adierazi behar da, horretarako eskatutako baldintza betetzen dela berariaz aitortuz eta dagozkien organo eskudunen agirien bidez egiaztatu beharko da.
Edonola ere, Probak egiterakoan izangaiak eskuratu nahi duen lanpostu edo kategorian egin ohi diren jarduerak gauzatzeko gaitasunari buruz Epaimahaiari zalantzak sortzen bazaizkio, organo eskudunari dagokion irizpena eskatu ahal izango dio. Kasu horretan, irizpena iritsi bitartean hautapen-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du izangaiak, prozesua onartu edo lehiaketatik kanporatzeari buruzko behin betiko erabakia irizpena jaso arte atzeratuz.
Hautapen-prozedura txanda irekiko izangaiekiko berdintasun-baldintzetan gauzatuko da, deialdi honetako 6.7 atalean aurreikusitako egokitzapenak egin balitezke ere.
Abenduaren 3ko 2271/2004 Errege Dekretuan zehaztutakoaren arabera, urritasuna duen izangairen bat, urritasuna duten pertsonei gordetako kupoan aurkeztu, eta dagozkion probak gainditu ondoren, plazarik lortu gabe geratzen bada, baina bere puntuazioa txanda irekiko sistemako beste izangai batzuk lortutakoa baino handiagoa izango balitz, txanda irekiko sisteman sartuko litzateke bere puntuazio hurrenkeraren arabera.
3.3.- Oinarri honetan izendatutako baldintza guztiak bete beharko dira eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean, kontratua formalizatu arte. Horrela ez bada, besterik gabe prozesutik baztertuta geratuko da.
4.- Eskaerak.
4.1.- Hautapen-prozesu honetan parte hartu nahi dutenek internet bidez egin beharko dute eskaera, Haurreskolak Partzuergoko web orrian (http://www.haurreskolak.net).
Eskaera orrian hautapen prozesuan parte hartu nahi duenaren datu pertsonalak (NAN, izena eta abizenak) eta bere helbidea jarri beharko dira.
Eusko Jaurlaritzako KZGunea zentro publikoen bitartez egin ahal izango da Internet bidezko eskaera. KZGuneen zerrenda eta kokapena ondorengo helbide elektronikoan dago eskueran: www.kzgunea.net.
Era berean, salbuespen moduan, Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan bertan ere egin ahal izango da eskaera. Bulego bat egokituko da propio horretarako. Partzuergoaren egoitza helbide honetan dago: Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel 1 eraikina, Eibar (20600 posta-kodea). Horretarako, eskaerak aurkezteko ordutegia hau izango da: astelehenetik ostegunera 9:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan 9:00etatik 14:00etara.
Azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak zehaztutako beste edozein lekutan ere aurkeztu ahalko dira eskaerak. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea da aipatutako lege hori.
Posta-bulegoetan aurkeztutako eskaerek gutunazal irekian joan beharko dute, Postako funtzionarioak data eta zigilua jarri ahal izateko, gutuna ziurtatu baino lehen.
Prozesuan onartua izateko, eskabideak aurkezteko epearen barruan, denboran eta moduan, bete eta osatu behar da dagokion instantzia eta ordaindu behar dira izena emateko dagozkion eskubideak.
Pertsona bakoitzeko eskabide bakar bat aurkeztu ahal izango da, ez gehiago. Txanda bakarrean hartu ahal izango da parte, bai irekian, bai urritasuna duten pertsonen txandan. Eskarian bertan zehaztu beharko da zeinetara aurkezten den. Zein aukera hartu duen ez balitz berariaz agertuko, edo zuzen formulatutako aukera bat baino gehiago agertuko balira, izangaia txanda irekirako aurkezten dela emango litzateke ontzat.
4.2.- Urritasuna duten izangaiek izaera hori adierazi behar dute eskaera-orrian dagokion laukitxoan, eta baita probak egiteko denboran eta bitarteko materialei dagokienean, gainerako parte-hartzaileekiko berdintasun-baldintzetan jokatu ahal izateko eskatzen duten egokitzapena ere.
Eskatutakoa onartzea badagokion ala ez hautapen-organoak baloratu ahal izan dezan, ezgaitasun-maila kalifikatzeko eskumena duen organo teknikoak emandako Borondatezko Irizpen Teknikoa aurkeztu beharko du hautagaiak, aitortutako ezgaitasun-maila eragin duten urritasun iraunkorrak frogatzeko moduan egiaztatuz.
4.3.- Izangaiek zehaztu egin beharko dute zein eredutan egingo duten oposizio-proba, edo euskaraz edo gaztelaniaz.
Era berean, espainiarra ez den nazionalitatea duten izangaiek Nortasun Agiri Nazionalari dagokion atalean beren herrialdeko nortasun-txarteleko zenbakia edo pasaportekoa idatzi beharko dute.
4.4.- Izen emateko eskubidearen ordainketa.
Izangaiek 13,55 euro ordaindu beharko dute, azterketa egiteko eskubideari dagokion tasa modura.
Eskariak aurkezteko epearen barruan ordaindu beharko da tasa hori hurrengo banku laguntzaileetan: BBK, Euskadiko Kutxa, Kutxa eta Caja Vital banketxeko edozein bulegotan. Ordainketa egiteko, finantza-erakunde kolaboratzailean aurkeztu beharko da eskabide-orria; erakundeak, behin ordainketa eginda, mekanikoki balioztatuko du.
Ordainketa beste finantza-erakunderen batean egitekotan, eskabide-orria aurkeztu beharko da banketxean.
Eskaria internet bidez eginez gero, bi aukera daude:
a) OFF-LINE ordainketa: arestian aipatutako finantza-erakunde lankideetako edozein bulegotara jo eta hartu izanaren agiria edo agirian zehaztutako datuak aurkeztu. Sistemak berak emanak izango dira datu horiek. Hartu izanaren agiriek barra-kodea dutenez, ordainketa kutxazain automatikoaren bidez egin liteke, irakurketa optikoarekin edo datuak eskuz hartuta.
b) ON-LINE ordainketa: banku elektronikoaren bidez egin liteke ordainketa, banketxeko bulegora joan beharrik gabe, aipatutako erakundeetako banku elektronikoaren bezero izanda, betiere. Aukera hau zabalik dago eguneko 24 orduetan. Beraz, alferrikako joan-etorriak eta itxaronaldiak saihesteko modua ematen du.
Azterketa egiteko eskubideari dagokion tasa ez ordaintzeak edo epez kanpo ordaintzeak izangaia lehiaketatik kanpo uztea eragingo du. Dena dela, banketxean ordaindu eta ordainagiria aurkezteak ez du inolaz ere ordezkatuko eskaera oinarri hauetan finkatutako moduan aurkezteko tramitea, nola formari zein denborari dagokionean.
4.5.- Eskariak aurkezteko epea 2009ko ekainaren 8an irekiko da eta hogei egun naturalekoa izango da.
4.6.- Erreparatutako akats material, izatezko edo aritmetikoak edozein unetan zuzendu ahal izango dira, ofizioz edo interesdunaren eskariz, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 105.2 artikuluan zehazten duenarekin bat etorriz.
4.7.- Haurreskolak Partzuergoak Titulartasun Publikoko Datu Pertsonalen Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Euskal Legea oposizio-lehiaketaren prozesu guztian zehar bete dadin zainduko du; horrela, datu pertsonalen tratamenduari dagokionean, pertsona fisikoen askatasun publikoak eta oinarrizko eskubideak bermatu eta babes daitezen, haien ohoreari eta intimitate pertsonalari eta familiarrari dagozkionak, bereziki. Horretarako, datu pertsonalen segurtasuna bermatzeko beharrezkoa jarduera-prozedurak ezarriko dira.
Eskatzaileek aurkeztutako izaera pertsonaleko datuak datu pertsonaleko fitxategi automatizatu baten parte izango dira, bere helburua prozesu hautaketa prozesuaren gestioa izango delarik. Fitxategi honen arduraduna Haurreskolen Partzuergoa izango da eta bere aurrean sarbide, zuzenketa, deuseztapen eta aurkatze eskubideak egikaritu ahalko dira.
Eskatzaileek berariaz onartzen dute bere izaera pertsonaleko datuak oinarrietan ezartzen den moduan tratatuak izatea, eta Haurreskolen Partzuergoko web orrian (www.haurreskolak.net) eta bere egoitza sozialeko iragarki taulan publikatuak izatea (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, 20600, Eibar), beti ere oposaketa prozesu honetako berezko tramiteekin loturik. Era berean, baimena ematen diote Haurreskolen Partzuergoari Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa Sailari prozesurako beharrezkoa den informazio guztia eskatzeko.
5.- Izangaien onarpena.
5.1.- Onartuen eta baztertuen zerrenda.
Eskariak aurkezteko epea amaituta, Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak 20 egun naturaleko epean onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda adieraziz. Zerrenda hori Haurreskolak Partzuergoko web orrian (www.haurreskolak.net) eta egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea) argitaratuko da.
Zerrendan honako datu hauek agertu beharko dute: abizenak eta izena, nortasun agiri nazionalaren zenbakia edo horren antzekoa atzerriko nazionalitatea dutenen kasuan eta izangaiak zein txandatan hartzen duen parte; baztertuen kasuetan, baztertua izateko arrazoia.
Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda onartzen duen erabakia argitaratuz, egintzat joko da interesdunei egin beharreko jakinarazpena, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluak ezartzen duenaren arabera.
5.2.- Erreklamazioak.
Aurreko paragrafoan aipatutako zerrendaren aurka, izangaiek erreklamazioa aurkeztu ahal izango dute Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren aurrean hamar egun baliodunen buruan, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, edo baztertzea eragin duen akatsa zuzendu, hala badagokio. Era berean, beren datu pertsonalak idatziz jasotzerakoan akatsak aurkitzen dituztenek epe berean adierazi ahal izango dute.
Adierazitako epean eskatzaileak baztertzea eragin duen akatsa zuzentzen ez badu, bere eskaria bertan behera uzten duela ulertuko da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71.1 artikuluak dioenaren arabera.
5.3.- Onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda.
Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak hartutako erabakien bidez onartuko edo baztertuko dira aurkeztutako erreklamazioak. Gerentzia horrek berak emango du ontzat onartuak eta baztertuak izan diren izangaien behin betiko zerrenda. Haurreskolak Partzuergoaren web orrian (www.haurreskolak.net) eta egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea) argitaratuko da zerrenda hori.
Interesdunek gorako errekurtsoa jarri ahal izango dute erabaki horren aurka Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordearen aurrean. Hilabeteko epea izango dute horretarako, zerrenda argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.
Onartuei eta baztertuei buruzko behin betiko erabakian onartutzat jotzen diren izangaiak agertu ahal izango dira probak egitera, eta baita, baztertu gisara agertu arren, proba-ekitaldian ebazpen zain dagoen gorako errekurtsoa ezarri izana egiaztatzen dutenak ere.
5.4.- Onartuen zerrendan agertzeak ez du esan nahi deialdi honen bidez deitutako prozeduran eskatzen diren baldintzak betetzat aitortzen zaizkienik interesdunei. Hautatua izanez gero, aurkeztu beharreko dokumentazioan ikusten bada interesdunak ez duela betekizunetako bat betetzen, bertan behera geratuko dira prozedura honetan parte hartzetik sortu zitezkeen haren eskubide guztiak.
6.- Hautapen-organoa.
6.1.- Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen erabakiz berariaz horretarako izendatutako epaimahaiak edo epaimahaiek egingo dute parte-hartzaileen arteko hautaketa, hautapen-prozesu honetan.
6.2.- Epaimahaiak.
6.2.1.- Osaketa eta izendapena.
Epaimahai bakoitza zazpi kidek osatuko dute: epaimahaiburu batek eta sei kidek; idazkari-lanak kideen arteko gazteenak egingo ditu, Epaimahaiak edo epaimahaiek beste era batera zehaztea erabakitzen ez badute.
Epaimahaiaren edo epaimahaien izendapenean, trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadin bermatuko da, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, 20.4.b) eta 20.6 artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz.
Haurreskolak Partzuergoko Zuzendaritza Batzordeak aukeratuko du libreki epaimahai bakoitzeko Presidentea.
Epaimahai bakoitzeko lau kide Teknikari Espezialisten artetik hautatuta izendatuko ditu Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak.
Epaimahai bakoitzeko kideetako bat Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak izendatuko du, Haurreskolak Partzuergoan ordezkaritza zabalena duten erakunde sindikalen proposamenez.
Epaimahai bakoitzeko kideetako bat Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak izendatuko du, IVAPen proposamenez.
Epaimahaiko edo epaimahaietako kide bakoitzeko ordezko kide bat ere izendatuko da, prozedura beraren bidez.
6.3.- Hautapen-organoak eratzea. Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak aurrez deituta, izendatutako kide titular guztiak bertan direla eratuko da. Epaimahaiburua eta Idazkaria, edo horien ordezkoak, eta kideen erdia gutxienik bertan badira, eratuta geratuko da.
Epaimahaiburua eta Idazkaria ordezkatzea Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak baimenduko du, eta kideak ordezkatzea berriz, Epaimahaiburuak, baina izendatu dituen erabakian ordezko gisara ageri direnetako bat izan beharko du beti ere.
Edonola ere, Epaimahaiek lan egiteko ordua iristen denean hura eratu gabe baldin badago, horretarako aurreikusitako prozeduraren bidez saiatu arren hura eratzeko modurik egon ez delako, hautapen-prozesuan parte hartzea eskatu dutenen eskubideak bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditu Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak.
Epaimahaiko kideek uko egin beharko diote beren eginkizunari, eta deialdia egin duen arduradunari hala jakinarazi beharko diote, baldin eta azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. artikuluan zehazten diren egoeretako batean badaude; Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea da aipatutako hori. Gauza bera egin beharko dute deialdia argitaratu aurreko azken bost urteetan hautaketa-probetarako izangaiak prestatzeko lanean aritu izan badira.
Era berean, aurreko arrazoi horietako bat egokituz gero, interesdunek aukera izango dute Epaimahaiko kideak edozein unetan ezesteko, aipatutako lege-testu horretako 29. artikuluan xedatutakoaren arabera.
6.4.- Hautapen-organoen funtzioak.
Epaimahai bakoitzak erabateko autonomia izango du lanerako, prozedura legezkoa izatea zaindu beharko du eta prozedura horren beraren objektibotasuna eta inpartzialtasuna bermatzeko ardura ere izango du.
Halaber, ordenamendu juridikoarekin bat eginez, oinarri hauen aplikazioan sor litezkeen zalantza guztiak ebatziko ditu, eta deialdia zuzen garatzeko beharrezko diren erabakiak hartuko ditu. Oinarrietan aurreikusi gabeko balizkoen aurrean zein irizpide jarraitu ere ezarriko du.
Ondorioz, Epaimahaiaren ardura da:
a) Oposizio-aldiko frogen prestaketa eta gauzatzea.
b) Jarduteko irizpideak zehaztea, bai eta azterketako probak baloratzeko irizpideak zehaztea ere.
c) Hautapen-prozeduraren faseen garapena, deialdi honetan xedatutakoaren arabera.
d) Oposizio-aldiko probak baloratzea.
e) Deialdiaren II. eranskinaren 2. atalean jasotako merituak barematzea prozeduraren 9.2.1 atalaren arabera.
f) Oposizio-lehiaketaren fase bakoitzari dagozkion puntuazioak batzea, izangaiak ateratako puntuazioaren araberako hurrenkeran zerrendatzea eta lehiaketa gainditu dutenak zeintzuk diren adieraztea.
g) Hautatutako izangaien eta gainditu dutenen zerrenda egin eta argitaratzea, eta zerrenda horiek Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen esku uztea.
h) Arau hauek betetzerakoan sor litezkeen zalantza guztien gaineko erabakiak hartzea, eta aurreikusi gabeko kasuetan nola jokatu argitzeko irizpideak zehaztea.
i) Oposizio-lehiaketako emaitzak neurtzeko formulak eta prozedurak aplikatzea, Zuzendaritzak Batzordeak horretarako emandako argibideen arabera.
Epaimahaiak edo epaimahaiek aholkulari espezialisten laguntza izan dezakete beharrezkotzat joz gero; aholkulari horiek ahotsa izango dute, baina botorik ez.
6.5.- Epaimahaiaren erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira eta berdinketa kasuan epaimahaiburuaren botoa erabakigarria izango da.
6.6.- Epaimahaiak behar diren neurriak hartuko ditu hori egitea beharrezkoa gertatzen denean, urritasuna duten izangaiek gainerako parte-hartzaileen antzeko aukerak izan ditzaten ariketak egiteko. Zentzu horretan, eta Lehendakaritzaren Ministerioaren 2006ko ekainaren 9ko 1822/2006 Agindua —urritasuna duten pertsonek enplegu publikorako sarbidea izateko hautapen-prozesuetan denbora egokitu eta luzatzeko irizpide orokorrak finkatzen dituena— betez, denbora eta baliabide aldetik beharrezkoak diren egokitzapenak egingo dira, urritasuna duten pertsonak izanik deialdi honetako 3.2 atalean aurreikusitako moduan horrela eskatzen dutenentzat, beti ere egokitzapen horiek dagozkien funtzioak normaltasunez garatzearekin bateraezinak ez badira eta probaren edukiaren izaera aldatzen ez badute.
6.7.- Epaimahaiko kideek dietak eta garraio-gastuak jasotzeko eskubidea izango dute beren bizilekutik mugitu beharra izanez gero. Era berean, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izango dute kasu guztietan, ondorengo dekretuak aintzat hartuta: otsailaren 2ko 16/1993 Dekretua, zerbitzuen ondoriozko kalte-ordainei buruzkoa eta abenduaren 19ko 267/2000 Dekretua, eta ekainaren 13ko 121/2006 Dekretuak araututako aldaketak.
Hautapen-prozeduran zaintza eta kontrol lanetan edo babesle eta kolaboratzaile lanetan jardungo duten laguntzaileek dagozkien kalte-ordainak jasoko dituzte, aurreko paragrafoan zehaztutako araudiaren arabera.
6.8.- Egoitza.
Jakinarazpenetarako eta bestelako gorabeheretarako, Haurreskolak Partzuergoaren egoitza bera izango da Epaimahaien helbidea: Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea.
7.- Probaren hasiera eta garapena
Behin Epaimahaia edo Epaimahaiak eratutakoan, Haurreskolak Partzuergoko Gerentziak, Zuzendaritza Batzordea kontsultatu eta gero, Haurreskolak Partzuergoaren web orrian eta egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea) jakinaraziko du probak noiz egingo diren, non egingo diren bai eta beharrezko beste xehetasun guztiak ere. Informazio horrekin batera, hautapen-probetarako onartuak izan direnen behin betiko zerrenda emango dute.
Egun berean egingo dira proba guztiak. Lehenengo eta bigarren ariketaren artean gutxienez bi orduko tartea egon beharko du.
Epaimahaiak edozein unetan eskatu ahal izango die izangaiei beren nortasuna egiaztatzeko, horretarako oposizio-aldiko probetara NANa eraman beharko dute edo Epaimahaiaren ustetan izangaien nortasuna egiaztatzen duten bestelako dokumentuak aurkeztu beharko dituzte (pasaportea edo gida-baimena).
Era berean, izangaietakoren batek deialdi honetarako eskatutako betekizun guztiak ez dituela betetzen jakingo balu, interesdunari aurrez entzun ondoren, lehiaketatik kanporatzea proposatu beharko dio Epaimahaiak Haurreskolak Partzuergoko Gerentziari, eta parte-hartzaile horrek onarpen-eskabidean zehaztutakotik zehatza ez dena zer den jakinarazi. Kasu horretan, irizpena iritsi bitartean hautapen-prozesuan parte hartzen jarraitu ahal izango du izangaiak, azken erabakiaren zain.
Parte-hartzailea kanporatzeko erabakia, bere eskaera orrian ezarritako helbidera idatzizko jakinarazpen bidez jakinaraziko zaio pertsona interesdunari, zeinaren auka gora jotzeko errekurtsoa ezarri ahal izango du hark, Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordearen aurrean, argitaratzen den biharamunetik hasita hilabeteko epean.
8.- Hautapen-sistema.
Hautapen-prozedura oposizio-lehiaketa izango da. Horren bidez izangaien prestakuntza ebaluatu nahi da.
8.1.- Oposizio-aldiaz.
Oposizio-aldian bi proba egin beharko dira:
1. proba: balizko egoera praktikoei eta programazioei buruzko galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, gehienez ere hiru orduko epean; jarduteko planteamendu didaktiko bat garatu beharko da erantzunean. III. eranskinean jasotako ikasgaien gainekoa izango da proba.
2. proba: gehienez bi orduko epean 100 galderako galdetegi bat eta beste erreserbako 10 galdera erantzun beharko dira idatziz, erantzunak aukeran izango dira, III. eranskinean jasotako ikasgai-zerrendan azaltzen diren gaien ingurukoak hain zuzen ere.
8.2.- Lehiaketa-aldiaz.
Lehiaketa-aldian parte-hartzaileek jakinarazitako merituak balioetsiko dira, deialdi honetako II. eranskinean aurreikusitakoaren arabera.
Lehiaketa-aldiko kalifikazioa oposizio-aldia gainditu duten izangaiei soilik erantsiko zaie.
Oposizio-aldiko behin betiko emaitzak argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita hamar egun baliodunetako epea irekiko da lehiaketa aldiko merituak eta lan eskaintza publikoan aurkezteko baldintzak betetzen direla ziurtatzeko.
Aurkezten diren merituek eta baldintzek eskaera orria aurkezteko epea amaitu aurreko data baino lehenagokoa izan behar dute.
9.- Kalifikazioa.
9.1.- Oposizio-aldiaren kalifikazioa.
9.1.1.- Zati bakoitza erabaki honen II. eranskinean zehazten denari jarraiki kalifikatuko da.
9.1.2.- Ezagutzak balioesteko aldia amaitutakoan, Epaimahaiak Haurreskolak Partzuergoko Gerentziaren esku utziko du izangai bakoitzaren Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia eta lortutako puntuazioa adierazten dituen zerrenda.
9.1.3.- Oposizio-aldian lortutako puntuazioaren publizitatea.
Partzuergoko Gerentziak hala erabakita, oposizio-aldian izangaiek lortutako puntuazioak publiko egingo dira Haurreskolak Partzuergoaren web orrian (www.haurreskolak.net) eta Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea).
Interesdunek Haurreskolak Partzuergoaren Gerentziari zuzendutako erreklamazio-idazkia aurkeztu ahal izango dute, jendaurrean jartzen den egunaren biharamunetik hasita hamar egun balioduneko epean.
Erreklamazioak ebatzita, oposizio-aldian lortutako behin betiko puntuazioak Partzuergoko Gerentziaren erabakiaren bidez egingo dira publiko. Emaitza horiek Haurreskolak Partzuergoaren web orrian (www.haurreskolak.net) eta Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea) argitaratuko dira.
9.2.- Lehiaketa-aldiko proben balorazioa.
9.2.1.- Izangaiei dagokien puntuazioaren zenbatekoa Epaimahaiaren ordezkaritzaren bidez egingo da, deialdi honen II. eranskinean jasotzen den baremoaren arabera. Haurreskolak Partzuergoaren Gerentziak izendatuko ditu hori aurrera eramateko pertsonak.
9.2.2.- Oposizio-aldiaren emaitzak argitaratu ondoren, eta merituak deialdi honetako II. eranskinean ageri diren baremoen arabera baloratzeari begira, 10 egun balioduneko epea ezarriko da oposizio-aldia gainditu duten izangaiek baremo horretan adierazten diren frogagiriak aurkez ditzaten. Epe horren barruan aurkezten diren eta, aipatutako eranskinean zehazten diren agirien bidez (originalak edo fotokopia konpultsatuak), behar bezala egiaztatzen diren merituak soilik balioetsiko direla ulertu behar da.
Aldi berean, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte:
a) Eskatutako tituluaren fotokopia konpultsatua edo titulua emateko eskubidearen ordainagiria. Atzerrian lortutako tituluen kasuan, titulua homologatua dagoela dioen egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu behar da.
b) Hezkuntzako 2. Hizkuntza Eskakizuna EGA edo ziurtagiri baliokideren baten fotokopia konpultsatua.
c) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
d) Ezintasun bat duten langileentzat gordetako lanpostuetarako lehiatu direnek % 33ko edo gehiagoko urritasuna aitortzen dieten ziurtagiria aurkeztu behar dute, Administrazio organo eskudunak emana.
e) Deialdiaren aurreko urteetan dosier zigortzaileren bat dela-medio inongo hezkuntza edo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatearen, eta modu irmoan gaitasungabetuta ez egotearen zinpeko aitorpena edo hitzematea.
Era berean, indarrean den legediaren arabera, ezgaitasunari edo bateraezintasunari buruzko kausa legalean nahasturik ez egotea ziurtatuko duen zinpeko aitorpena, legedi horrek berak ematen dion aukeratzeko eskubidea salbu utziz.
f) Espainiako naziotasuna ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo hitzematea aurkeztu beharko dute frogatzeko ez daudela gaitasungabetuta edo antzeko egoeran beren Estatuan Eginkizun Publikoak betetzeko, eta ez dutela bere gain diziplina-zigorrik edo espetxe-zigorrik aipatutako eginkizun horietan aritzeko.
g) Espainiako nazionalitatea izan ez eta Espainian bizi ez diren izangaiek Europar Batasunean bizileku-txartela eskatua dutela erakutsiko duen frogagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute eta hautatuak izaten badira, Europar Batasuneko erresidentzi baimena onartua aurkeztu beharko dute. Espainiako Estatuan bizi diren izangai atzerritarrek, berriz, kontratuek zehazten duen jarduera betetzeko administrazioaren baimena aurkeztu beharko dute.
h) Hezkuntza alorreko langileen berezko eginkizunak normal betetzeko gaitasun psikikoa eta fisikoa egiaztatuko duen mediku-ziurtagiria.
Izangaiek norberaren gain hartzen dute, espresuki, aurkezten dituzten agirien gaineko erantzukizuna. Agiriren bat gezurrezkoa edo manipulatutakoa baldin bada, deialdi honetan parte hartzeko eskubidea galduko du dagokion parte-hartzaileak, horregatik izan dezakeen erantzukizuna alde batera utzita.
Epaimahaiak beretzat gordetzen du beharrezko jotzen dituen agiriak edozein unetan eskatzeko eskubidea.
9.2.3.- Lehiaketa-aldian lortutako puntuazioen publizitatea.
Lehiaketa-aldian lortutako puntuazioak Haurreskolak Partzuergoaren web orrian (www.haurreskolak.net) eta Haurreskolak Partzuergoaren egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea) emango dira argitara.
10.- Gainditu duten pertsonen zerrenda.
10.1.- Deialdi honen 6.4 atalean xedatutakoaren arabera, oposizio-aldia amaitutakoan, Epaimahaiari dagokio fase bakoitzari dagozkion puntuazioak batzea, izangaiak guztira lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran zerrendatzea eta prozedura gainditu dutenak zeintzuk diren adieraztea. Horri dagokionean, Epaimahaiak hurrengo ataletan xedatzen denari egingo dio kasu.
10.2.- Epaimahaiak lehiaketa-aldiko puntuazioa gehituko die oposizio-aldian eskatutako gutxieneko puntuazioa lortu duten izangaiei, guztira lortutako puntuazioaren araberako hurrenkeran ezarriko dituzte, eta honako zerrenda hauek egingo dituzte:
a) Urritasuna dutenentzako gordetako lanpostuetarako txandan arituko diren parte-hartzaileen zerrenda.
b) Txanda irekian arituko diren izangaien zerrenda.
Izangaien hurrenkera zehazterakoan guztizko puntuazioetan berdinketarik gertatzen bada, hurrenez hurren honako irizpide hauek jarraituz argituko da:
a) Oposizio-aldian puntuaziorik onena duena.
b) Lehiaketa-aldiko merituen ataletan puntuazio onena duena, deialdi honetan agertzen diren hurrenkeran.
c) Lehiaketa-aldiko merituen azpiataletan puntuazio onena duena, deialdi honetan agertzen diren hurrenkeran.
d) Oposizio-aldiko zati bakoitzean puntuazio onena duena, deialdi honetan agertzen diren hurrenkeraren alderantzizkoan.
e) Puntuaziorik handiena Haurreskolak Partzuergoko ordezkoen zerrendan.
10.3.- Aipatutako zerrendak behin zehaztu ondoren, Epaimahaiak publiko egingo ditu Haurreskolak Partzuergoaren web orrian (www.haurreskolak.net) eta egoitzan (Otaola etorbidea, 29, Jaizkibel eraikina, 1. solairua, Eibar, 20600 posta-kodea).
Txanda bakoitzeko izangaien behin-behineko zerrenda horiek argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasita, hamar egun balioduneko epea izango dute interesdunek egoki jotzen dituzten erreklamazioak aurkezteko Haurreskolak Partzuergoko gerentearen aurrean.
10.4.- Erreklamazioen epea agorturik, eta, hala badagokio, aurkeztutakoak ebatzirik, Epaimahaiak argitara emango ditu txanda bakoitzeko izangaien behin betiko zerrendak.
10.5.- Epaimahaiak, aurreko ataletan ezarritako zereginak bete ondoren, selekzionatutako hautagaien zerrenda bat egingo du. Horretarako txandakako hautagaien zerrenda egingo du, lehena txanda askekoa eta bigarrena, ordea, ezgaitasunen bat duten pertsonalaren txandarako selekzionatutako hautagaiekin.
10.6.- Behin betiko zerrenda horiek argitaratu ondoren, izangaiak deituko dira plaza-hautaketa egiteko. Izangai bakoitzak lortutako puntuazioaren hurrenkeran deituko zaie hautagaiei, eskatutako baldintzak betetzen direla zainduz, betiere.
10.7.- Urritasuna duten pertsonentzako gordetako lanpostuen txandan eskainitako plazak hutsik geratuko balira, txanda irekira ekarriko dira eta txanda horretako parte-hartzaileen bidez beteko.
10.8.- Epaimahaiak ezingo ditu inolaz ere hautatutzat jo eskainitako lanpostu kopurua baino izangai gehiago.
Honela, Epaimahaiak hautatutako hautagaien zerrendarekin batera, beste zerrenda ordenatu bat aurkeztuko du hautatutako hautagai ordezko (hautaketa prozesuko behin betiko zerrendaren puntuazioaren arabera) kopuru berarekin, helegiteen onarpenarengatik, haietako batek izaera hori galtzen duenerako.
Zerrenda horien aurka, errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeari, argitara ematen den egunaren biharamunetik hasita hilabeteko epean.
10.9.- Finkaturiko dataren barne, halabeharrezko kasuak salbu, dokumentazioa aurkezten ez badute edota beraren azterketatik ondorioztatzen bada 3. oinarriko baldintzaren bat ez dela betetzen, kontratatu finkoak izateko aukera galduko dute; horrek ez du esan nahi, ordea, hasierako eskabidearen faltsutasunean erantzukizunik izango ez dutenik.
Honelako kasuetan, Epaimahaiak dagokien hautagaien kontratazio osagarria proposatuko du, behin betiko zerrendako puntuazioaren araberako gainditu dutenen artean. Horretarako, aurreko atalean aipatutako egoeren arabera hutsik gelditutako plazetarako hautagaiak hautatuko ditu esleitu gabe gelditu diren plaza-kopuru zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat.
11.- Hautatutako izangaien kontratazioa.
10.4 eta 10.8 ataletan aipatutako izangaiei Haurreskolak Partzuergoko egoitzara joateko deituko zaie, zehaztutako plazak esleitzeko lehiaketan parte har dezaten. Horretarako, ondorengo protokoloa jarraituko da:
a) Interesdunak NANarekin joango dira egoitzara, edo, haren ordez, beren nortasuna egiaztatuko duen beste agiri ofizial batekin.
b) Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru lurraldeetan lortzeko aukera duten plazen zerrenda emango zaie.
c) Deialdi publikoa egingo da puntuazio-hurrenkera jarraituz. Urritasuna dutenen txandan eta txanda irekian aukeratutakoen zerrenda bateratu egingo da deialdian. Zein plaza betetzeko aurkeztu diren, hura hautatuko dute deitutakoek. Plaza guztiak esleitutakoan amaituko da prozesua.
d) Epeak edo datak finkatuko dira hautatutako pertsonen eta Haurreskolak Partzuergoaren artean lan-kontratu mugagabeak gauzatzeko.
Finkatutako epe horren barruan lan-kontratua hitzartzen ez dutenek, non eta ez den ezinbesteko kasua, galdu egingo dituzte Haurreskolak Partzuergoko langile mugagabe izateko eskubide guztiak.
Halakoetan eta plazaren bat esleitu gabe gelditzen denerako, epaimahaiak deialdi honetako 2 paragrafoko 10.8 artikuluaren arabera kontratazio-proposamen osagarria egingo du, esleitu gabe gelditu diren plaza-kopuru zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat.
12.- Probaldia.
Lan-kontratuetan sei hilabeteko probaldia erabakiko da, non eta kontratatutako pertsonak aurrez ere probaldirik ez badu pasa Haurreskolak Partzuergoan eginkizun beretan.
Hautatutako norbaitek ez balu probaldi hori gaindituko, hautaketa-prozesuan onartutakoen behin betiko zerrenda hartu eta puntuazio-hurrenkeraren arabera dagokion hautagaiaren alde kontratazio-proposamen osagarria egingo du Epaimahaiak. Horretarako, aurreko paragrafoan adierazitako arrazoiak direla medio hutsik geratu diren plaza-kopurua zenbat, hainbat izangai emango ditu aukeratutzat deialdi honetako 2. paragrafoko 10.8 artikuluaren arabera.
13.- Inpugnazioak.
Oinarri hauek, oinarrien deialdia bera eta deialditik sor litezkeen eginbide administratibo guztiak, bai eta epaimahaitik sortutakoak ere, inpugnatzeko aukera izango dute interesdunek azaroaren 26ko 30/92 Legean zehaztutako kasuetan eta moduan. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen legea da aipatutako hori.
14.- Interpretazioa.
Euskarazko bertsioaren eta erdarakoaren arte desadostasunik bada, euskarazkoak izango du balio osoa.
II. ERANSKINA
OPOSIZIO-ALDIKO ETA LEHIAKETA-ALDIKO BAREMOA
1.- Oposizio-aldikoa.
Oposizio-aldian bi proba egin beharko dira.
1. proba: balizko egoera praktikoei eta programazioei buruzko galdera batzuei erantzun beharko zaie idatziz, gehienez ere hiru orduko epean; jarduteko planteamendu didaktiko bat garatu beharko da erantzunean. III. eranskinean jasotako ikasgaien gainekoa izango da proba. Ariketaren helburua da hautagaiaren gaitasun pedagogikoa eta bere eginkizuna betetzeko oinarrizko teknikak zenbateraino menderatzen dituen ikustea.
Proba honetan, gehienez ere 12 puntu lortu ahalko dira.
2. proba: 100 galderako galdetegia (erreserbako beste 10 galdera ere izango dira) erantzun beharko da, gehienez ere bi orduko epean. Hainbat aukeren artean hautatu beharko da erantzun egokia. III. eranskinean jasotako ikasgaiei buruzkoak izango dira galderak.
Proba honetan, gehienez ere 8 puntu lortu ahalko dira.
Oposizio-aldian bi probetako emaitzak batuta 8 puntu lortu beharko dira gutxienez. Derrigorrezkoa da bi probetan aurkeztea oposizio-aldia gainditzeko.
2.- Lehiaketa-aldikoa.
Merituen ondorengo baremoaren arabera egokitutako puntuak batu ondoren zehaztuko da lehiaketa-aldiko kalifikazioa. Gehienez ere 9 puntu lortu ahalko dira.
2.1.- Esperientzia.
Baimendutako haur eskoletan hezkuntzako langile moduan emandako zerbitzua, gehienez ere 7 punturaino:
a) Haurreskolak Partzuergoan zerbitzua emandako hilabete oso bakoitzeko 0,14 puntu.
b) Lehen Zikloko Haur Hezkuntzako beste zentroetan emandako zerbitzuengatik, 0,070 puntu hilabete oso bakoitzeko.
30 eguneko zerbitzua hartuko da hilabete osotzat, egunak jarraian izan edo ez.
2.2.- Beste merituak.
Beste 2 puntu lortu ahal izango dira ondorengo irizpideei dagozkien puntuak batuta:
a) Lehen Zikloko Haur Hezkuntzako gaiekin zerikusia duten Prestakuntza-Ikastaroak. Haurreskolak Partzuergoak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak, Unibertsitateek eta bestelako administrazio publikoek eman, koordinatu edo homologatutako ikastaroak, zehazki.
15 ordu baino gutxiagoko ikastaroak modu honetan hartuko dira aintzat:
- 15 eta 40 ordu artean, 0,30 puntu.
- 40 ordu edo gehiago, 0,50 puntu.
b) Deitutako plazak betetze aldera aurkeztutako titulazioez apartekoak, gehienez ere puntu 1:
- Lehen Zikloko edozein titulaziorengatik edo hezkuntzako gaiekin lotutako Diplomaturengatik (irakasle-ikasketako espezialitateak): 0,50 puntu.
- Bigarren Zikloko edozein titulaziorengatik edo hezkuntzako gaiekin lotutako Lizentziaturengatik (Psikologia, Pedagogia, Psikopedagogia...): puntu 1.
Frogagiriak
1.- Emandako zerbitzuak, eranskin honetako 2.1 atalari dagozkionak:
a) Haurreskolak: Ofizioko bezala hartuko ditu kontuan Haurreskolak Partzuergoak.
b) Udal Haur Eskolak, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarentzat haur hezkuntzako lehen zikloan emandako zerbitzuak: Zerbitzua zenbat denboran eman den ziurtatzeko, langile-denboraren ziurtagiriaz gain, erakunde bakoitzak horretarako ezarrita duen eredua ere aurkeztu beharko da. Kasu guztietan, lan egindako aldiak bereiztu egin beharko dira zein postu bete den zehaztuz. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailetik menpeko zentroetan Haur Hezkuntzako lehen zikloa egiaztatzeko, ikastetxearen ziurtagiria aurkeztu beharko dute; Haur Hezkuntzako zein ziklotan egin duten lan eta zerbitzuen orria zehaztu beharko dute ziurtagiri horretan.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak baimendutako ikastetxe pribatuetan egindako lana dagokion ziurtagiriarekin eta lan-bizitzaren agiriarekin egiaztatuko da. Ziurtagiria ikastetxeko Zuzendaritzak emango du eta lan-bizitzaren agirian, berriz, zer lan egin duen eta zenbat denboran zehaztuko da. Dena den, zerbitzuak egiaztatzeko zerbitzua zenbat denboran eman den eta hauek Haur Hezkuntzako lehen zikloan egin direla ziurtatu behar dute.
Eskabide orriak aurkezteko hasiera-epean interesdunak lan egindako Haur Eskola itxita, deseginda edota izen soziala aldatua badu, esperientzia ziurtatu beharko du, interesdunaren zinpeko aitorpena, lan kontratua eta Gizarte Segurantzako ziurtagiria, non agertuko den alta data, zentroaren izena eta altan egondako epealdiak aurkeztu beharko ditu. Horretaz gain, Eusko Jaurlaritzako Heziketa, Unibertsitate eta Ikerketa Ikuskaritza Zerbitzuaren onarpena edota ikuskapena beharko da.
2.- Eranskin honen 2.2 atalari dagozkion prestakuntza-ikastaroak:
a) Ikastaroen ziurtagiria. Ikastaroak zenbat iraun duen, titulua zein den eta zein erakundek eman duen zehatz-mehatz agertuko da ziurtagiri horretan.
b) Tituluaren fotokopia konpultsatuaren bidez egiaztatuko dira titulazioak, edo, hala badagokio, hura emateko eskubideak ordaindu izanaren frogagiriaren bidez.
III. ERANSKINA
IKASGAI-ZERRENDA
1.- EAEko oinarrizko hezkuntzarako eta 0-3 ziklorako Curriculuma. Nola lagundu etapa horretan hark ezartzen dituen oinarrizko gaitasunak garatzen. Hurrengo etapetan garapen egokia izatea ahalbidetzen duten oinarrizko baldintzak. 0-3 zikloa haur hezkuntzaren eta helduen hezkuntzaren oinarri.
2.- Garai sozialen eta pedagogia- eta psikologia-korronte nagusien eragina haur hezkuntzaren ikuskeran. Esperientzia garrantzitsuak. Haien balorazio kritikoa. Gaur egungo hezkuntza-ikuspegiak.
3.- Haur-hezkuntzako 0-3 zikloaren xedeak eta helburuak. Hezkuntza oso edo integralaren hezkuntza-ikuspegia. Garapen pertsonala, soziala eta kognitiboa. Haien arteko erlazioa. Ikasgelako jardunerako ondorioak. Hezkuntza esku-hartzerako printzipioak. Entzutean eta esperimentazioan oinarritutako metodologia.
4.- Guztiontzako eskola. Oinarri dituen hezkuntza-printzipioak. Arrakastarako eta aukera-berdintasunean hezten. Guztiontzako eskolaren metodologia. Hezkuntza-elkarreraginaren balioa, aniztasuna aberastasun.
5.- 0-3 urteko haurraren garapen osoa (alderdi afektiboa, harremanen alderdia, alderdi kognitiboa). Esku-hartzeko estrategiak. Ekidin beharreko arriskuak. Onarpena eta mugak, goxotasun afektiboa, haurren garapen osasungarrirako estrategiak.
6.- Osasun-hezkuntza. Jarrerak eta ohiturak, atsedenarekin, higienearekin eta haurren jarduerarekin lotuta. Istripuen prebentzioa, lehen laguntzak eta haurren gaixotasunak. Ikastetxera joatea galarazten duten sintomak. Haurrentzako txertoen egutegia EAEn.
7.- Hezkuntza Premia Bereziak 0-3 zikloan. Arrunta dena eta berezia dena. Hezkuntza esku-hartzerako printzipioak. Ustezko urritasunaren aurreko jarduera-protokoloa. Ekidin beharreko arriskuak.
8.- Arreta berezia eskatzen duen zenbait hezkuntza-premia: Down sindromea duen haurra, garapenean atzerapen orokorra duen haurra, ikusmen-urritasuna, entzumen-urritasuna, mugitzeko urritasuna eta Autista espektroaren sindromea. Ezaugarriak, esku hartzeko eta laguntzeko jarraibideak. Haur Hezkuntzako ikastetxeen zeregina arrisku sozialeko egoeran dauden haurrekiko prebentzioan eta esku-hartzean.
9.- 0-3 urteko haurraren ezaugarri orokorrak. Haren garapenean esku hartzen duten faktore nagusiak. Etapa eta une esanguratsuenak. Bizitzako lehen urteak duen garrantzi berezia: atxikimendua. Gaur egungo teoriak.
10.- Identitatearen eta autonomiaren garapena. 0-3 urteko haurren garapen afektiboa. Hainbat autoreren ekarpenak. Balorazio kritikoa.
11.- Elikadura, nutrizioa eta dietetika. Elikadura orekatua eta menuen planifikazioa. Elikadurarekin lotutako haur-nahasteak. Jatorduak hezkuntzarako une.
12.- Sexu-heziketa haur-hezkuntzan. Gizonezkoen edo emakumezkoen rola eraikitzeko prozesua. Genero-diskriminazioa ekiditeko hezkuntza-estrategiak. Sexualitatea garapen osoaren baitan txertatua. Esku hartzeko jarraibideak.
13.- Hizkuntza-trataera 0-3 zikloan. Elebitasunak adin hauetan duen garrantzia eta helduaroko hizkuntza-gaitasunarekin duen erlazioa. Komunikazioaren eta harremanen goxotasuna eta kalitatea, harrerako berotasuna, onarpena eta errespetua, hizkuntza-gaitasun arrakastatsua lortzeko gakoak diren alderdiak. Gaur egungo teoriak.
14.- Ikastetxearen Proiektua 0-3 urteko zikloan, partekatutako proiektua. Hezkuntza-koherentzia. Kontuan hartu beharreko alderdiak. 0-3 urteko haurrentzako helburu, eduki eta metodologia egokiak. Ikasgelaren programazioa haur-hezkuntzako lehen zikloan. Ikastetxearen Proiektua beste programazioetan zehaztea eta ikastetxeko dokumentuen arteko erlazioa.
15.- Familia sozializaziorako lehen eragilea. Ikastetxearekiko familiak dituen itxaropenak. Familiaren eta haur-eskolaren arteko harremanak. Adostasunak lortu, formulatu, berrikusi eta ebaluatzeko beharra. Hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten heldu guztiak inplikatzea; koordinazioa, erantzukizunak, jarduera-eremuak.
16.- Denboraren antolamendua. Denbora modu egokian banatu eta antolatzeko irizpideak. Une garrantzitsuak: sarrera, irteera, biribila, bazkaria, haur-oihala aldatzea, atsedena. Hezkuntza esku-hartze egokirako jarraibideak.
17.- 0-3 urteko haur-eskolan garrantzi berezia duten uneak. Haurrak ikastetxera egokitzeko aldia. Esfinterrekiko kontrola. Hezkuntza esku-hartze egokirako jarraibideak.
18.- Eremuen antolamendua. Espazioa modu egokian banatu eta antolatzeko irizpideak. Ikastetxeko eremuak, haien hezkuntza-balioa: sarrera, jantokia, psikomotrizitate-gela, jolastokia eta abar. Ikasgela eta haren eremu-banaketa.
19.- Taldeak 0-3 urteko haur-hezkuntzan. Taldeak osatzeko irizpideak. Taldeak eta hezkuntza-proposamenak. Talde handiko jarduerak, talde txikikoak, eta banakakoak. Jarduera horiek aukeratu, antolatu eta uneak eta aukerak hautatzeko irizpideak.
20.- Materialak aukeratu eta antolatzea 0-3 urteko haur-hezkuntzan. Haiek aukeratu eta antolatzeko irizpideak. Materialak eta hezkuntza-proposamenak. Materialak non kokatu. Haiek egoera onean zaintzeko eta aldatzeko irizpideak.
21.- Jardueren antolamendua 0-3 urteko haur-hezkuntzan. Ikasgelako jardueretatik hezkuntza-proposamenetara. Ohiturak eta jolasa. Jolasak adin hauetan duen balioa. Jolas-motak: jolas heuristikoa, altxorren saskia eta abar.
22.- Psikomotrizitatea hezkuntza-estrategia. Egitea eta esku hartzea hazkuntza-iturri. Materialak psikomotrizitate-lanean. Psikomotrizitate-gela. Helduaren papera. Hezkuntza esku-hartzea.
23.- Hizkuntza-mota ezberdinak 0-3 urteko haur-eskolan:
- Gorputz-espresioa eta komunikazioa. Keinua eta mugimendua. Norbere gorputzak espresatzeko eta komunikatzeko zenbateko aukera duen deskubritzea. Gorputz-espresioa norberaren nortasuna eta autonomia lortzeko laguntza moduan. Hezkuntza alorreko esku-hartzeen garapena eta jarraibideak.
- Adierazpen plastikoa eta bisuala, adierazteko eta komunikatzeko nahi moduan. Hezkuntza alorreko esku-hartzeen garapena eta jarraibideak. Informazio eta Komunikazio alorreko Teknologien eragina adin horretako haurrekin egiten den lanean.
24.- Hizkuntza-mota ezberdinak 0-3 urteko haur-eskolan:
- Hizkuntzaren garapena. Hizkuntza eta pentsamendua. Ulermenaren eta espresioaren garapena. Komunikazio ez-ahozkotik ahozkora. Komunikazio ez-ahozkoaren garrantzia. Helduaren eginkizuna.
- Ipuina: haren balio hezitzailea. Ahozko eta idatzizko ipuinak aukeratzeko, erabiltzeko eta kontatzeko irizpideak. Liburutegia 0-3 zikloko gelan. Euskal kultura tradizionaleko ipuinen, poesien, izen-segiden eta abarren ezagutza eta erabilpena.
25.- Hizkuntza-mota ezberdinak 0-3 urteko haur-eskolan:
- Musika-hezkuntza. Soinuaz eta isiltasunaz jabetzea. Gorputzak, objektuek eta musika-tresna batzuek dituzten soinu-propietateak ezagutzea. Musika baliabide didaktiko. Musika-jardueren ezaugarriak eta horiek hautatzeko irizpideak. Euskal musika herrikoiari dagozkion abestiak ezagutu eta abestea.
- Hizkuntza matematikoa. Buru-eraikuntzarekin duen erlazioa. Objektuekiko esku-hartzea, zergatia/ondorioa erlazioa. Helduak esku hartzeko printzipioak.
26.- Hezitzaileak 0-3 urteko haur-eskolan duen funtzioa. Hezitzaileen profesionalizazioa. Hezkuntza-intentzioa. Haurraren eta helduaren arteko elkarreraginezko harremanak. Hezitzailea hezkuntza-taldeko kide; familiekiko harremana. Haurren hezkuntza-prozesuan esku hartzen duten heldu guztien esku-hartzerako printzipioak eta haien arteko harremanetarako jarraibideak.
Bibliografía.
Bibliografia hau orientabide gisara baino ez da ematen; beraz, ez da ez loteslea, ez erabatekoa.
Haurreskolak Partzuergoari buruzko dokumentazioa:
Haurreskolen printzipio eta helburuen liburua.
Hezkuntza Premia Berezien arretarako Haurreskolen liburua.
Hezkuntza eta Laguntza proiektuak.
Haurreskolaren antolakuntza eta funtzionamendu eskuliburua.
Lege-erreferentziak:
Titulua. Urriaren 29ko 1394/2007 Errege Dekretua, Haur Hezkuntzako Goi Mailako Teknikari titulua zehaztu, eta bere gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituena (2007-11-24ko BOE).
Curriculuma. Urtarrilaren 20ko 12/2009 Dekretua, Haur Hezkuntzako curriculuma zehaztu, eta Euskal Autonomia Erkidegoan ikaskuntza horiek ezartzen dituena (2009-01-30eko EHAA).
Oinarrizko curriculumaren garapena (MEC).
Euskal Eskola Publikoaren Legea. Eusko Jaurlaritza.
Bassedas, E.; Huguet, T. & Sole, I.: «Aprender y enseñar en Educación Infantil». Editorial Grao.
Willis, A. & Ricciuti, H.: «Orientaciones para la escuela infantil de cero a dos años». Escuelas Infantiles de Reggio Emilia: «La inteligencia se construye usándola». Ediciones Morata.
Stenhouse, L.: «La investigación como base de la enseñanza». Ediciones Morata.
Zabalza, M.: «Didáctica de la educación Infantil». Editorial Síntesis.
Gonzalez-Agapito, J.: «La educación Infantil, lecturas de un proceso histórico en Europa». Editorial Octaedro.
Aucouturier B. & Mendel, G.: «¿Por qué los niños y la niñas se mueven tanto?». Editorial Perspectivas.
Cabanellas, J. & Eslava, C.: «Territorios de la Infancia». Editorial Grao.
Dhlberg, G.; Moss, P. & Pence, Alán: «Más allá de la calidad en educación infantil». Editorial Grao.
Bonastre, M & Fusté, S.: «Psicomotricidad y vida cotidiana 0-3». Editorial Grao.
Cardo, C. & Vila, B.: «Material sensorial 0-3». Editorial Grao.
RSS