Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2009ko apirilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Euskal Herriko Unibertsitatea
2222

EBAZPENA, 2009ko martxoaren 27koa, Euskal Herriko Unibertsitateko idazkari nagusiarena. Honen bidez agindua ematen da Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren aldizkarian argitaratzeko.

Unibertsitateak bere araubide propioa dauka erakundea antolatzeko, bere interesen defentsan aritzeko balio diona, Konstituzioak 27.10. artikuluan onartzen duen unibertsitateen autonomiatik eratorria. Araubide horri atxikita dago bere arauak egiteko erakundeak daukan ahalmena. Ahalmen horrez baliatuta, Unibertsitateak bere Estatutuak dauzka, erakundearen antolaketaren ezaugarri berezi diren arlo eta organoak erregulatzen dituzten oinarrizko arauak.

Euskal Herriko Unibertsitatearen Estatutuetako 199. artikuluak dioenez, sailek arautegi bat izango dute euren gobernurako. Arautegia Saileko Kontseiluak egingo du, Gobernu Kontseiluak emandako oinarrizko arautegiari jarriki. Bestalde, Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak idazkari nagusiari eskuordetzen dio arautegiak onesteko eskumena, baldin eta txosten guztiak aldekoak izanik berariazko eskaririk egin ez bada Gobernu Kontseiluan aurkezteko.

Gobernu Kontseiluak martxoaren 16an egin zuen bileran jakinarazi zen Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailaren arautegiari buruzko txosten guztiak aldekoak zirela eta, beraz, interesatuek zazpi eguneko epea zutela arautegia Gobernu Kontseilura bidaltzea eskatu nahi bazuten. Aipatutako epea igaro denez eskaerarik aurkezteke, arautegia onartutzat eman behar da, idazkari nagusiaren Ebazpenaren bidez (Sailen Oinarrizko Arautegiko 4.2. artikuluak eskuordetutako eskumena).

2004ko martxoaren 12an Euskal Unibertsitate Sistemaren 2004ko otsailaren 25eko 3/2004 Legea argitaratu zen. Lege horrek 10.2. artikuluan dioenez, unibertsitateko gobernu organoek ematen dituzten aplikazio orokorreko xedapenak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko ditu unibertsitateak, eta ez dira jarriko indarrean beren testu osoak argitaratu arte.

Aipatutako guztia kontuan hartuta, honako hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- UPV/EHUko Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailaren Arautegia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea agintzea.

Bigarrena.- Arautegia indarrean sartuko da argitaratzen den egunean.

Hirugarrena.- Ebazpen honek administrazio bidea agortzen du, eta honen kontra, gura izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa aurkez dakioke idazkari nagusiari hilabeteko epean, ebazpena argitaratzen denetik hasita. Bestela, administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar daiteke Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietako Salan, hilabete biko epean.

Leioa, 2009ko martxoaren 27a.

(Eskuordetzaz, 2005eko urriaren 26ko EHAA)

UPV/EHUko idazkari nagusia,

EVA FERREIRA GARCÍA.

EUSKAL HERRIKO UNIBERTSITATEKO ZOOLOGIA ETA ANIMALIA ZELULEN BIOLOGIA SAILAREN ARAUTEGIA

HITZAURREA

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Estatutuei jarraiki, Gobernu Kontseiluak Oinarrizko Arautegi bat onartu du, gero sail bakoitzak bere arautegietan garatu beharrekoa. Oinarrizko Arautegi horretako lehen xedapen iragankorrak dio lehen lana dela sail bakoitzak bere arautegia egitea. Ezinbestekoa genuen, beraz, Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailaren Arautegia egitea. Gauzak horrela, arautegi honetan bildu ditugu UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegian jasotako arauak eta, eguneroko lanean ikusi bezala, erregulatu beharra zeuden beste gai batzuk; hori guztia Estatutuak kontuan hartuta.

I. TITULUA

KONTZEPTUA, HELBURUAK, EGINKIZUNAK ETA EGOITZA

1. artikulua.- Definizioa.

Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saila UPV/EHUko berariazko sail bat da. Saileko irakasleen jakintza arloak dira zoologia eta zelulen biologia. Sailak, beraz, bi jakintza arlo horietako irakaskuntza koordinatzen du eta eskolak ematen ditu UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultatean eta Farmazia Fakultatean, titulazio hauetan: Biologia, Farmazia, Ingurumen Zientziak, eta Giza Elikadura eta Dietetika. Sailak eskolak ematen ditu, baita ere, UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak bi jakintza arlo horiek atxikitako titulazio berrietan. Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailak, gainera, aipatu bi jakintza arlo horietako irakasleen irakaskuntza eta ikerketa jarduera eta ekimenak babesten ditu. Orobat, saila saiatzen da euskal gizartearen eskariei erantzuten, jakintza zientifikoa sortuz, kritikatuz eta helaraziz; profesionalak trebatuz eta prestatuz; kultura zabaltzeko jarduerak garatuz, gizartea sustatze aldera; eta garapen sozioekonomikoan lagunduz, ikerketaren bidez eta inguruko profesionalekin elkarlanean. Sailaren funtzionamenduak eta ebazpenek UPV/EHUko Estatutuetako, Sailen Oinarrizko Arautegiko, Arautegi honetako eta aplikatu beharreko gainerako arauetako xedapenak errespetatu behar dituzte.

2. artikulua.- Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailaren eginkizunak.

Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailaren eginkizunak hauek dira:

a) Zoologia eta zelulen biologia jakintza arloetako irakaskuntza koordinatu eta ematea graduko unibertsitate ikasketetan, eta masterretako, doktoregoko eta berezko tituluak edo titulu espezializatuak lortzeko ikasketak antolatu eta garatzea.

b) Zoologia eta zelulen biologia jakintza arloetako ikerkuntza sustatu eta laguntzea.

c) Elkarlanean aritzea UPV/EHUko eta beste erakunde publiko edo pribatu batzuetako sailekin, ikastegiekin eta unibertsitateko ikerketa institutuekin, bai irakaskuntzan bai ikerketan.

d) Zientziaren, teknikaren, giza zientzien edo artearen alorreko eginkizunak sustatzea, bai eta espezializazioko edo unibertsitate hedakuntzako ikastaroak ere, eta horretarako behar diren lanak kontratatu eta burutzea, indarrean dagoen legediaren esparruan betiere.

e) Kideen eguneratze zientifikoa eta pedagogikoa sustatzea, zuzenean edo beste sail eta ikastegi batzuekin batera.

f) Aurrekontua gestionatzea, baliabideak administratzea eta saileko langileak gidatzea.

g) Urteko plana garatu eta betetzea.

h) Urteko oroitidazkia egitea.

i) UPV/EHUko gainerako organoei dagozkien eginkizunak betetzen laguntzea.

j) Ikasketa planak egiten eta saileko jakintza arlo guztietako jarduerak antolatzen parte hartzea, dagozkion eskumenen esparruan.

3. artikulua.- Sailaren egoitza.

1.- Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia sailaren egoitza administratiboa UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko Zientzia eta Teknologia Fakultatea da (Sarriena auzoa z/g, 48940 Leioa, Bizkaia).

2.- Gobernu Kontseiluaren baimena behar da egoitza aldatzeko, eta aldaketa saileko kontseiluak proposatu behar du, arautegiari jarraiki.

3.- Saileko zuzendaritza lekuz aldatzea edo saileko kontseiluak zuzendari berria hautatzea ez da nahikoa arrazoi sailari egoitzaz aldatzeko baimena emateko.

4.- Beharrezkoa bada, gerentziak hartu behar ditu neurriak sailaren egoitzaren eta zuzendaritzaren arteko komunikazioa bermatzeko.

II. TITULUA

ARAUBIDE JURIDIKOA

4. artikulua.- Sailaren araubide juridikoa.

1.- Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Saila arautegi honek gobernatuko du, betiere Sailen Oinarrizko Arautegian, UPV/EHUko Estatutuetan eta aplikatu daitezkeen erkidegoko edo estatuko legerian xedatutakoa errespetatuz.

2.- Gobernu Kontseiluari dagokio arautegi hau behin betiko onestea eta, horretarako, beharrezko txostenak -nahitaezko legezkotasun txostena barne- egin behar ditu aurrez.

3.- Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia Sailak honako printzipio hauetara egokitu behar ditu egitura eta funtzionamendua:

a) Unibertsitateko kide anitzeko eta kide bakarreko organo orokorren azpiko mendekotasunera.

b) Sailaren barruan, kide anitzeko organoek kide bakarrekoen aldean duten nagusitasunera.

c) Sail atalen antolakuntza autonomiaren eta autonomia funtzionalaren errespetura, haien eta osatzen dituzten kideen arteko orekari eta elkarlanari kalterik egin gabe.

d) Katedra, ikerketa eta ikasketa askatasunaren bermera.

III. TITULUA

EGITURA

5. artikulua.- Arloak.

Sailaren jakintza arloak dira zoologia eta zelulen biologia.

6. artikulua.- Saileko kideak.

1.- Honako hauek dira Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko kideak: sailari atxikitako irakasleak, ikertzaileak eta administrazioko eta zerbitzuetako langileak edo sailak bere baliabideen kontura kontratatutakoak, baita bekadunak, hirugarren zikloko ikasleak eta lehen eta bigarren zikloetako ikasleen ordezkariak ere.

2.- Irakasleak eta ikertzaileak Unibertsitateko Ikerketa Institutuetara atxikitzeko Sailen Oinarrizko Arautegiko 9.2 artikulua bete behar da.

3.- Irakasleak aldi baterako beste sail batzuetara edo beste sail batzuetatik atxikitzeko saileko kontseiluko gehiengo soilaren onarpena behar da eta, betiere, Sailen Oinarrizko Arautegiaren 9.3 artikulua bete behar da.

4.- Ez da baimenik emango atxikipena aldatzeko, baldin eta horrek Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko irakats betebeharrak bete gabe geratzea badakar.

5.- Artikulu honi dagokionez, bekadunei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen UPV/EHUko Estatutuetako 115.3. artikuluan aipatutako bekadun lankideak.

IV. TITULUA

GOBERNU, ORDEZKARITZA ETA ADMINISTRAZIO ORGANOAK

LEHENENGO KAPITULUA

DEFINIZIOA

7. artikulua.- Gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

1.- Sailaren gobernua kontseiluari eta zuzendariari dagokie.

2.- Saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak saileko kontseilua eta batzorde iraunkorra dira.

3.- Zuzendaria eta idazkari akademikoa dira saileko kide bakarreko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoak.

4.- Saileko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organo osagarriak dira biologia zelularra eta zoologia jakintza arloetako arduradunak.

BIGARREN KAPITULUA

KIDE ANITZEKO ORGANOAK

I. ATALA

SAILEKO KONTSEILUA

8. artikulua.- Saileko kontseiluaren osaera.

1.- Honako hauek dira Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko kontseiluko kideak: zuzendaria, idazkaria, saileko irakasle funtzionario eta lan kontratuko irakasle iraunkor guztiak, irakasle doktore ez iraunkor guztiak, sailera atxikitako doktore guztiak, sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkari bat, hirugarren zikloko ikasleen ordezkari bat, bigarren zikloko ikasleen ordezkari bat, lehenengo zikloko ikasleen ordezkari bat eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat.

2.- Irakasleen, ikertzaileen eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ordezkarien agintaldia lau urtekoa da, eta ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa.

3.- Sailera atxikitako gainerako irakasleen ordezkariak irakasleek eta ikertzaileek aukeratu behar dituzte beren artean. Ordezkari horien agintaldia lau urtekoa izango da.

4.- Lehenengo eta bigarren zikloko ikasleen ordezkarien agintaldia urtebetekoa da, eta saileko irakasleek eskolak ematen dituzten ikastegietako ikasle kontseiluen bitartez aukeratu behar dira, Ikastegietako Ikasle Kontseiluen Oinarrizko Arautegiak xedatutako prozedurari jarraiki.

5.- Hirugarren zikloko ikasleen ordezkaria aukeratu behar da saileko zuzendaritzak horretarako deitutako bileran. Bilera urtero egingo da, azaroaren 15a eta abenduaren 15a bitartean, eta zuzendaritzak deitu behar ditu doktorego tesian izena emanda dauden ikasleak, trebatzen ari diren ikertzaileak eta graduondoko titulua daukaten ikertzaile laguntzaileak (sailera atxikitakoak). Horretarako, doktoregoko ikasleek erroldan sartzeko eskatu behar diote saileko kontseiluari, urtero, bilera egin baino lehen.

9. artikulua.- Ordezkari izateari uztea.

1.- Ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira, eta honako hauek dira kargua uzteko arrazoiak:

a) Hiltzea edo ezintasunen bat izatea.

b) Saileko kide izateari uztea.

2.- Kontseiluko ordezkari hautetsiek ordezkari izateari utzi beharko diote, gainera, arrazoi hauengatik:

a) Hauteskundeak baliogabetzea.

b) Agintaldia amaitzea.

c) Dimisioa aurkeztea.

d) Ordezkaria aukeratu zuen taldekoa izateari uztea.

3.- Kontseiluko ordezkari izateari ez zaio utziko organoaren bileretara justifikaziorik eman gabe ez agertzeagatik.

10. artikulua.- Saileko kontseiluaren eginkizunak.

1.- Saileko kontseiluaren eginkizunak hauek dira:

a) Saileko zuzendaria hautatzea, arautegi honetan eta UPV/EHUko Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

b) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren gaineko oroitidazkia eta jarduera plana onartzea.

c) Urteko irakats eskaintza programatu eta ebaluatzeko irizpideak onartzea.

d) Saileko langileen irakats zamaren esleipena eta aldaketak berrestea, batzorde iraunkorrak onartuak Sailen Oinarrizko Arautegiko 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

e) Irakasgaien oinarrizko programak ezartzea, dagozkien ikasketa planen barruan.

f) Hirugarren zikloko, doktoregoko eta gainerako ikasketetako (unibertsitateko berezko tituluetara bideratutako ikasketak izan edo ez) eskaintzak proposatzea, horretarako proposamenak egitea eta bere gain dituen programen ezarpen eta koordinazio akademikoaz arduratzea. Betiere, graduondoko programetako irakats zama kasuan kasuko saileko kontseiluak entzun ondoren esleitu behar da.

g) Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideak ere.

h) Batzorde iraunkorrak babestea adostutako irakasle eta ikertzaileen ikerketa jarduera eta ekimenak berrestea.

i) Batzorde iraunkorrak gai hauetan adostutako akordioak berrestea: plaza berriak jartzeko eskariak eta lanpostuen zerrendak aldatzeko proposamenak.

j) Beharrezko bitartekoak sortu eta ekimenak gauzatzea, saileko jardunaren kalitatea sustatu eta hobetzeko, baita gestio eraginkorra bermatzeko ere Europako, Estatuko eta Euskal Autonomia Erkidegoko programen baitan. Horretarako, Unibertsitatean ezarritako ebaluazio prozesuak sustatu eta horietan parte hartu behar dute.

2.- Orobat, honako eginkizun hauek ditu saileko kontseiluak:

a) Gobernu Kontseiluari arautegien proiektuak eta, dagokionean, arautegien erreforma proiektuak aurkeztea.

b) Irakaskuntzaren ezaugarriak kontuan hartuta egoki denean, irakaskuntzaren parte bat beste erakunde batzuetan emateko proposamena egitea Gobernu Kontseiluari, Gobernu Kontseiluak baimendutako hitzarmeneko baldintzei jarraiki.

c) Jarduerak ikastegiekin koordinatzeko programak onartzea.

d) Dagokionean, sailaren gune fisikoak esleitzeko irizpideak onartzea.

e) Arautegi honetan jasotako eskumenen esparruan, ordezkariak hautatzeko arauak ematea. Hauteskundeak saileko zuzendaritzak deitu behar ditu, Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki.

f) Indarrean dagoen legediak, UPV/EHUko Estatutuek eta horiek garatuko dituzten arauek zehaztutako gainerako guztiak, baita eskuordetzen zaizkionak ere.

II. ATALA

BATZORDE IRAUNKORRA

11. artikulua.- Batzorde iraunkorraren osaera.

1.- Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko batzorde iraunkorra osatuko dute zuzendariak, idazkariak eta bederatzi irakaslek; irakasleak kontseiluak aukeratu behar ditu kideen artean.

2.- Batzorde iraunkorreko kide izango dira, baita ere, bekadunen eta ikasleen ordezkari bat eta administrazioko eta zerbitzuetako langileen ordezkari bat; biak ala biak kontseiluak aukeratu behar ditu, kideen artean.

3.- Artikulu honi dagokionez, prestatzen ari diren ikertzaileei buruzko aipamenak ez ditu barne hartzen bekadun lankideak.

4.- Batzorde iraunkorreko ordezkariak Hauteskunde Araubide Orokorrean xedatutakoari jarraiki aukeratuko dira.

5.- 9. artikuluan araututako arrazoiren bat badago, batzorde iraunkorreko ordezkariek ordezkari izateari utzi behar diote.

12. artikulua.- Batzorde iraunkorraren eginkizunak.

1.- Batzorde iraunkorrak bere gain hartuko ditu, eskuordetuta, arautegi honetan saileko kontseiluari egokitutako eginkizunak, artikulu honetako 2. puntuko salbuespenak kenduta. Batzorde iraunkorrak onartutako akordioak, hala badagokie, saileko kontseiluak berretsi behar ditu hurrengo ohiko bileran. Hona hemen batzorde iraunkorrari eskuordetutako eginkizunak:

a) Saileko langileei irakats betebeharrak eta balizko aldaketak esleitzea, Sailen Oinarrizko Arautegiaren 36. artikuluari eta hurrengoei jarraiki.

b) Legediak baimentzen dituen baldintzetan, doktorego tesiak ebaluatu behar dituzten pertsonak izendatzeko proposamenak onartzea, baita bestelako epaimahaietako kideak ere.

c) Irakasleei eta ikertzaileei ikerketa eginkizunetan eta ekimenetan laguntzea.

d) Plaza berriak eskatu eta saileko langileen lanpostuen zerrendan egin beharreko aldaketak proposatzea.

e) Irakasleen lanari buruzko txosten arrazoituak egitea, irakaskuntza merezimenduak esleitzeko eta kontratuak berritzeko.

f) Zientziaren, teknikaren eta artearen alorreko lanak egiteko Estatutuetako 141. artikuluan xedatutako kontratuak egiteko baimenak ematea, betiere, dagozkion eskumenen esparruan eta gobernu kontseiluak onartutako araudiari jarraiki.

g) Venia docendi eman behar bada, aurrez jakinaraztea.

2.- Eginkizun hauek ezin dira inola ere batzorde iraunkorraren esku utzi:

a) Saileko zuzendaria hautatzea, arautegi honetan xedatutakoari jarraiki.

b) Zentsura mozioak eztabaidatzea eta bozketa bidez ebaztea.

c) Urteko txosten ekonomikoa, saileko irakaskuntzaren eta ikerketaren oroitidazkia eta jardueren plana onartzea.

d) Saileko arautegia onartzea edo aldatzea.

e) Estatutuek eta unibertsitateko legeria orokorrak kontseiluaren eskumen esklusibo eta eskuordetuezintzat dauzkaten eginkizunak.

3.- Saileko kontseiluak batzorde iraunkorraren esku utz ditzake legeriaren arabera saileko kontseiluarenak diren eginkizunak, salbu aurreko puntuan agertzen direnak.

4.- Saileko kontseiluko kideek batzorde iraunkorrak hartutako ebazpenen berri izan behar dute unean-unean.

III. ATALA

KIDE ANITZEKO ORGANOEN FUNTZIONAMENDUA

13. artikulua.- Bilera motak eta bileren aldizkakotasuna.

1.- Bilerak ohikoak eta ezohikoak izan daitezke.

2.- Deialdiak ohiko bileretarako egin behar dira, oro har. Saileko kontseiluak urtean gutxienez bitan egin behar du ohiko bilera, eta batzorde iraunkorrak, berriz, gutxienez bi bilera seihileko bakoitzean.

3.- Ezohiko bilera egingo da bileran aztertuko den gaiak hala eskatzen duenean eta, baita ere, aplikatzen den arautegiak xedatutako kasuetan. Ezohiko bileretako gai zerrendan ezin dira honako gai hauek sartu: aurreko akten onespena eta galde-eskeak.

4.- Presako bilerak ezohikoak dira eta deia gutxienez 24 ordu lehenago egin behar da. Halakoetan, bileraren hasieran berretsi egin behar da bilera egiteko arrazoia benetan premiazkoa dela; berresten ez bada, bilera bertan behera geratuko da besterik gabe.

14. artikulua.- Bilerarako deia egitea.

1.- Kide anitzeko organoetako buruak egin behar du bileretarako deia. Gainera, kide anitzeko organoetako kideen edo sailetako irakasleen herenak eskatzen badu, organoaren bilerarako deia egin behar da. Bilera horiek ezohikoak dira eta eskaera egin eta zazpi egun balioduneko epean egin behar dira gehienez.

2.- Bilerarako deiak idazkaritzak bideratu behar ditu, aurrerapen nahikoaz eta, edonola ere, bilera egin baino hiru egun lehenago, gutxienez. Bilerak non egingo diren, zein ordutan eta zein gai aztertuko diren adierazi behar da deialdian. Aztertu beharreko gaiei buruzko dokumentuak aurrerapen nahikoaz eskuratzeko aukera izan behar dute organoko kideek, eta, edonola ere, bilera baino 24 ordu lehenago jaso behar dituzte.

3.- Gai zerrenda osatzen duten puntuak zehatz-mehatz jaso behar dira deialdietan. Gai-zerrendan sartu behar dira, betiere, 48 ordu lehenagora arte organoetako kideen gutxienez % 10ak eskatutako gaiak. Ezin dira hartu gai zerrendan agertzen ez diren puntuei buruzko ebazpenak; hala ere, organoko kideen bi heren baino gehiago badaude bileran, eta bozkatu eta gehiengo osoak gaia premiazkoa dela uste badu, ebazpena har daiteke.

4.- Guztiak jakitun egon daitezen, deialdiak argitara eman behar dira organoari dagokion egoitzan eta gainerako gune guztietan, eman ere organoetako kideei bileretarako deia egiten zaien egun berean. Kide anitzeko organoko kideei jakinarazpena idatziz edo posta elektroniko bidez egin behar zaie.

5.- Gai-zerrendan izapideei buruzko puntu bat sar daiteke, izapide gisa sailaren onespena behar duten gaiak jorratzeko eta onartzeko. Puntu horretan ezin dira sartu izapide administratibo soila baino zerbait gehiago behar duten ebazpenak eta akordioak.

15. artikulua.- Kide-izaera eta plaza hutsak betetzea.

1.- Kide anitzeko ordezkari eginkizunak pertsonalak eta besterenezinak dira.

2.- Organoa eratu ostean, hutsik geratzen diren lekuak dagozkien zerrendetako ordezkoek bete behar dituzte. Aipatutako irizpideari jarraiki bete ezin den leku kopurua dagokion estamentuko kide kopuruaren % 50 edo handiagoa, edo organoko kideen % 30 edo handiagoa bada, hauteskunde partzialak egin behar dira lekuak betetzeko. Modu horretara hautatutakoek ordezkatu beharreko kideen agintaldia amaitu arte bete behar dituzte ordezkari eginkizunak.

16. artikulua.- Kide anitzeko organoetako kideen eskubideak eta betebeharrak.

1.- Kide anitzeko organoko kideek organoaren bileretara joateko eskubidea eta betebeharra dute, eta UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiak ezartzen dizkien eginkizunak bete behar dituzte. Bileretara joanez gero, organoetako kideek ez dituzte unibertsitateko gainerako eginkizunak bete behar, baina kasuan kasuko organoek beharrezko neurriak hartu behar dituzte betebehar horiek bete egiten direla eta zerbitzua ematen dela bermatzeko.

2.- Kide anitzeko organoko kideek dagozkien eginkizunak betetzeko behar duten dokumentazio eta informazioa eskatzeko eta eskuratzeko daukaten eskubidea bermatzeko, sailak erregistro liburu bat edukiko du eta liburu horretan idatziko dira sarrera edo irteera daukaten dokumentu guztiak. Kide anitzeko organoko kideek eskura edukiko dituzte, kontsultatzeko, erregistro liburu hori eta erregistratutako dokumentuen (edo kopien) artxiboa. Horretarako, eskaria egin behar zaio idazkaritzari, idatziz, 7 egunen buruan.

17. artikulua.- Kide anitzeko organoen osaera.

1.- Kide anitzeko organoak balioz eratzeko, beharrezkoa da kideen gehiengo osoa egotea lehen deialdian, edo kideen gutxienez heren bat egotea bigarren deialdian. Bigarren deialdia lehenengoa egin eta hamabost minutura egingo da. Edonola ere, organoko buruak eta idazkariak beti egon behar dute edo, bestela, euren ordezkoek.

2.- Organoa eratzeko quorumari dagokionez, ez dira kontuan hartuko 19. artikuluari jarraiki eskuordetutako botoak.

3.- Kontseilua bigarren deialdian eratzeko quoruma bozketa guztietan da beharrezkoa.

18. artikulua.- Bileren nondik norakoak.

1.- Kide anitzeko organoko buruak bermatu behar du bilera behar bezala betetzen ari dela eta, arrazoirik egonez gero, bertan behera uzteko ebazpena har dezake.

2.- Eztabaidak gai zerrendari jarraiki egin behar dira. Dena dela, beharrezkoa izanez gero eta organoko buruak hala proposatzen badu, kide anitzeko organoak bileraren ordena aldatzea erabaki dezake.

3.- Beharrezkotzat joz gero, organoko buruak erabaki dezake gai baten inguruan zenbat denbora eztabaidatu behar den eta zenbat esku hartze egongo diren bozketa egin aurretik.

4.- Kide anitzeko organoko buruak egoki irizten badio, organoko kide ez diren pertsonak gonbidatu ditzake bilerara, gai zerrendako punturen batekin zerikusia duen iritzia edo informazio interesgarria eman dezaten. Aktan bilerara gonbidatutakoak bertaratu direla jaso behar da; gonbidatuek ez dute, inola ere, botoa emateko eskubidea izango.

19. artikulua.- Botazioa.

1.- Ebazpenak hartu ahal izateko, emandako boto baliodunen artetik gehiengo soila beharko da, Estatutuek, arautegi honek edo gainerako lege xedapenek beste gehiengoren bat eskatzen duten kasuetan izan ezik. Horrenbestez, proposamen bakarra izanez gero, onartu egingo da kontrako boto baino aldeko gehiago baditu. Bi proposamen badaude, aldeko boto gehien lortzen dituena onartuko da. Bi proposamen baino gehiago daudenean, emandako botoen gehiengoa lortzen duena onartuko da edo, lehenengo botazioan boto gehien lortu dituzten bi proposamenen artean, bigarren botazioan boto gehien lortzen dituena. Berdinketa izanez gero, berriro egin behar da botazioa; orduan ere berdinketa izanez gero, organoko buruak kalitatezko botoa izango du.

2.- Botazioak isilpekoak izan behar dute kide anitzeko organoko kideren batek hala eskatzen badu. Horren harian, botazioek beti izan behar dute isilpekoak pertsonei buruzkoak badira.

3.- Aurkako botoa ematen dutenek ez dute erantzukizunik izango kide anitzeko organoak hartutako ebazpenetan, baldin eta aurkako botoa emateko arrazoia jasota geratzen bada. Botazioa isilpekoa denean, interesdunak botoaren arrazoia azaltzen duen idatzia eman behar dio organoko idazkariari, boto txartelarekin batera. Boto txartelak eta idatziak aktari erantsi behar zaizkio. Botorik ematen ez dutenek ez dute erantzukizunik izango.

4.- Botoa kide anitzeko organoko beste kide baten edo batzuen esku utz daiteke, arrazoiak azaltzen badira eta saileko kontseilua kontra ez badago. Kide anitzeko organoko kideek boto bakar bat izan dezakete eskuordetua. Eskuordetzea idatziz jaso behar da eta idatzi hori bilerako aktari erantsi behar zaio.

5.- Kide anitzeko organoko kideek beren botoa eta botoaren zergatiak aktan jasotzea eska dezakete; azalpena idatziz eman behar dute bozkatzeko garaian. Unibertsitateko beste organo batzuei egindako proposamenak badira, kideen boto bereziak beti jaso behar dira proposamenekin batera.

20. artikulua.- Bileretako aktak.

1.- Idazkariak bilerako akta egin behar du. Akta bileran bertan edo hurrengo bileran onartu behar da, eta aktaren zirriborroa bilerako gai zerrendari dagozkion dokumentuekin batera jarriko da. Akta onartu ostean, idazkariak sinatu eta organoko buruak ontzat eman behar du.

2.- Aktan honako hauek jaso behar dira nahitaez: bilerara etorri direnen zerrenda eta azalpena eman ondoren bilera amaitu aurretik utzi dutenen berariazko aipamena; gai zerrenda; bilera non eta zein ordutan egin den; bileran aztertutako puntuak; botazioak nola egin diren eta emaitzak; hartutako ebazpenen edukia eta, egoki joz gero, arrazoien azalpen laburra.

3.- Boto bereziak ere jaso egin behar dira aktan, baldin eta boto berezia eman duten kideek hala eskatzen badute. Kide anitzeko organoko kideek bileran esan edo proposatu dutena aktetan hitzez hitz jasotzeko eska dezakete. Horretarako, esku hartzea edo proposamena idatziz aurkeztu behar dute segituan edo, bestela, organoko buruak adierazitako epean.

4.- Kide anitzeko organoko kideek aktetan aldaketak egiteko proposamenak egin ditzakete akta onartzeko unean. Idazkariak egiaztatu egin behar ditu proposatutako aldaketak eta, gehiengoak aldeko botoa ematen badu, onartu egin behar dira.

5.- Kide anitzeko organoa berritu baino lehen, bilera egin behar da onartzeko dauden akta guztiak onartzeko. Bilera ezin bada egin, akten zirriborroak bidali behar zaizkie kide anitzeko organoko kide zirenei eta hamar egun emango zaizkie edukiari buruzko erreklamazioak egiteko. Denbora horretan ez bada erreklamaziorik jasotzen, aktak onartutzat joko dira; erreklamazioren bat aurkeztuz gero, kide anitzeko organo berriak hurrena egiten duen bileran onartu behar dira.

6.- Behin onartuta, aktak idazkaritzako iragarki oholean argitaratuko dira eta saileko kideek kontsultatzeko moduan egongo dira idazkaritzan; pertsonen intimitatea errespetatu egingo da, betiere.

21. artikulua.- Ebazpenak argitaratzea.

1.- Idazkariak kide anitzeko organoak hartutako ebazpenen fede eman behar du eta ziurtagiriak egin behar ditu.

2.- Hartutako ebazpenak hiru egun baliodunen buruan argitaratuko dira, gehienez, Zoologia eta Animalia Zelulen Biologia saileko iragarki ohol ofizialean, eta posta elektroniko bidez jakinaraziko dira, pertsonen intimitatea errespetatuz, betiere. Edonola ere, organoko idazkariak eta buruak ebazpenak argitaratu egiten direla bermatu behar dute, eta argitaratu eta hilabetez daudela jendaurrean gutxienez.

22. artikulua.- Ebazpenak betearazi eta jakinaraztea eta errekurtsoak.

1.- Kide anitzeko organoak hartutako ebazpenek onartzen direnetik aurrera dute eragina, ebazpenean bertan kontrakorik adierazi ezean. Ebazpenen berri eman behar zaie kasuan kasuko organoei.

2.- Pertsonei buruzko ebazpenak, irakats betebeharrak esleitzekoak eta lanpostuen zerrendan edo kontratuko langileen zerrendan eragina dutenak zuzenean jakinarazi behar zaizkie eragindakoei. Ebazpenek jakinarazpena egiten den unetik aurrera dute eragina, eta jakinarazpenak Administrazio Prozedurako Legean xedatutako moduan egin behar dira.

3.- UPV/EHUko Sailen Oinarrizko Arautegiko IV. tituluko II. kapituluak aipatzen dituen kide anitzeko organoek hartzen dituzten ebazpenen kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, ebazpena hartu zen bilerako akta argitaratu eta hilabete baten buruan.

4.- Pertsonei buruzko ebazpenen kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, ebazpena interesdunari jakinarazi eta hilabeteko epean.

HIRUGARREN KAPITULUA

KIDE BAKARREKO ORGANOAK

23. artikulua.- Xedapen orokorra.

1.- Saileko kide bakarreko organoak zuzendaria eta idazkaria dira.

2.- Saileko kide bakarreko karguetan aritzeko, arduraldi osoz aritu behar da, legedian xedatutako salbuespenetan izan ezik. Ezin da, inolaz ere, kargu batean baino gehiagotan aritu.

I. ATALA

SAILEKO ZUZENDARIA

24. artikulua.- 1.- Zuzendaria saileko kontseiluak aukeratu behar du unibertsitatearekin lotura iraunkorra duten irakasle eta ikertzaile doktoreen artean, eta UPV/EHUko errektoreak izendatu behar du.

2.- Sailean zuzendaririk ez badago, horren berri eman beharko dio idazkari nagusiari saileko idazkariak edo, bestela, saileko kategoria eta antzinatasunik handieneko kideak, eta batzorde iraunkorraren bilerarako deia egin edo, bestela, saileko kontseilua bilerara deitu berehala, xedatutako baldintzak betetzen dituztenak izenda dezaten saileko behin behineko zuzendari. Halakoetan, kategoria eta antzinatasunik handieneko kidea izango da bilerako buru, eta saileko zuzendari eginkizunak beteko ditu. Artikulu honetan xedatutako eginkizunak betetzen ez badira, edo hiru hilabete baino gehiago igaro eta, dena delakoagatik, ez bada zuzendaririk aukeratu, errektoreak ofizioz izendatuko du behin behineko zuzendaria, kasuan kasuko erantzukizunei kalterik egin gabe.

3.- Agintaldia lau urtekoa izango da. Ez da onartuko ondoz ondoko berrautaketarik, salbu kontseiluko gehiengo osoak hirugarren agintaldia edo agintaldi gehiago onartzen baditu.

4.- Zuzendariak Estatutuetako 250. artikuluan jasotako arrazoiengatik utziko du kargua.

5.- Zentsura mozioa. Zentsura mozioa idatziz aurkeztu behar da, arrazoiak azalduta, saileko idazkaritzan. Mozioa kontseiluko kideen % 20ak sinatu behar du, gutxienez; horrez gain, zuzendaritzarako hautagaiaren izena jarri behar da. Behin zentsura mozioa aurkeztu eta eskatutako baldintzak betetzen dituela egiztatu ondoren, zuzendariak saileko kontseilua deituko du, 72 orduren buruan; bilera egingo da zentsura mozioa aurkeztu eta hamabost egunera, gehienez. Eztabaida hasteko, saileko kontseiluko kide batek zentsura mozioaren aldeko argudioak emango ditu. Ondoren, zuzendarigaiak hartuko du hitza, proposamena egiteko eta zertan den azaltzeko. Gero, zentsuratutakoak erantzungo du eta, segidan, hitza eskatzen duten Saileko Kontseiluko kideek esku hartuko dute, mozioaren aldeko eta kontrako txandak eginez. Zentsura onartuko da kontseiluko kideen aldeko botoak kontrakoak baino gehiago direnean. Saileko kontseiluak mozioa onartzen badu, zuzendariak dimisioa aurkeztuko du berehala. Onartutako zentsura mozioan proposatutako zuzendarigaia aukeratuko da zuzendaritzat.

25. artikulua.- Irakats betebeharretatik salbuestea.

1.- Errektoreak irakats betebeharretatik salbuets dezake zuzendaria, arduraldia gehienez ere erdira murriztuta.

2.- Agintaldia amaitutakoan, zuzendariak irakats betebeharren salbuespen bera edukitzeko eskubidea du uneko lauhilekoa bukatu arte, ohiko azterketa aldia barne. Horretarako, hiru urte edo gehiago eman behar ditu karguan.

26. artikulua.- Saileko zuzendariaren eginkizunak.

1.- Honako eginkizun hauek ditu saileko zuzendariak:

a) Sailaren ordezkari izatea.

b) Saileko kontseiluko buru izatea eta, dagokionean, baita saileko batzorde iraunkorreko buru ere, saileko arautegiari jarraiki.

c) Saileko kideen eskariak eta iradokizunak jaso eta bideratzea.

d) Saileko administrazio eta zerbitzuetako langileen funtzioak zuzentzea.

e) Sailaren urteko oroitidazkia, eginkizunen plana eta txosten ekonomikoa egitea.

f) Saileko kontseiluak eta batzorde iraunkorrak hartutako ebazpenak betearaztea.

g) Sailak eta saileko kideek irakats betebeharrak eta gainerako eginkizun akademikoak behar bezala betetzen dituztela bermatzea.

h) Sailean zientziaren, teknikaren, giza zientzien eta artearen alorreko ikerlanak egiteko beharrezko diren kontratuak sinatzea.

i) Hirugarren zikloko eta doktoregoko ikasketak koordinatzea programen arduradunekin batera.

j) Eginkizunak betetzeko egoki diren batzordeak eratzea.

k) Isilpeko informazioa jasotzea eta diziplina espedientea irekitzeko proposamena egitea.

l) Saileko beste organoei agindu ez zaizkienak, unibertsitateko gobernu organoek eskuordetutakoak eta Estatutuek edo indarrean dagoen legediak zehaztutako gainontzeko guztiak.

2.- Era berean, lankidetza hitzarmenak sinatzea, Gobernu Kontseiluaren jarraibideetan zehaztutako baldintzen arabera.

II. ATALA

SAILEKO IDAZKARIA

27. artikulua.- 1.- Errektoreak izendatu behar du idazkaria, saileko zuzendariaren proposamenari jarraiki. Jardunean dauden irakasleak eta ikertzaileak izan daitezke idazkari.

2.- Honako hauek dira idazkari kargua uzteko arrazoiak: dimisioa aurkeztea, heriotza, lege ezintasuna, saileko kide izateari uztea eta zuzendariaren proposamenari jarraiki errektoreak hala erabakitzea.

3.- Idazkariari dagokio saileko idazkaritza akademikoak berezkoak dituen eginkizunak betetzea, baita zuzendariari laguntzea ere.

4.- Idazkariak saileko kide anitzeko gobernu, ordezkaritza eta administrazio organoen jardunaren eta ebazpenen fede ematen du; akta liburuak egin eta zaintzeko ardura dauka eta ziurtagiriak egiten ditu, hala ebazpenenak, nola saileko dokumentazio ofizialean ageri diren gertakarienak edo ekimenenak.

HIRUGARREN KAPITULUA

ORGANO OSAGARRIAK

28. artikulua.- Jakintza arloko ordezkaria.

1.- Jakintza arlo bakoitzeko irakasleek beren ordezkaria aukeratuko dute, dagokien jakintza arloko irakasleen artean. Ordezkaria, betiere, batzorde iraunkorrak onartu behar du gero.

2.- Jakintza arloko ordezkarien eginkizunak hauek dira:

a) Jakintza arloaren ordezkari izatea, sailak eskatuta. Ordezkaritza lan hori beste edozein irakasleek egin dezakeenaren antzekoa da.

b) Saileko zuzendariari irakaskuntza plangintza egiten laguntzea.

c) Jakintza arloko irakaskuntza plangintza saileko kontseiluari aurkeztea, onartu dezan edo irakaskuntza esleitzeko irizpideak aldatu ditzan.

d) Saileko beste organoei egokitu gabe dauden eginkizunak, saileko kontseiluak ematen eta berresten dizkionak, betiere.

V. TITULUA

IRAKASKUNTZA

29. artikulua.- Printzipio orokorrak.

1.- Saileko kontseiluak antolatu behar du saileko ziklo, jakintza arlo eta ikasketa guztietako irakaskuntza, kasuan kasuko atalek egindako proposamenei jarraiki. Irakaskuntza fakultate eta ikastegietako zuzendaritzekin batera antolatu behar da, irakasleen eskariak oinarri hartuta. Edonola ere, ikasleek kalitateko irakaskuntza jasotzeko eskubidea dutela izan behar da kontuan. Koordinazioa errazteko, saileko kontseiluak ordezkari bat izendatuko du Farmazia Fakultatean irakaskuntza antolatzeko.

2.- Sailak aparteko arreta eman behar dio pixkana-pixkana euskarazko irakaskuntza ezartzeari eta euskaraz irakatsi eta ikertzeko oinarrizko material espezifikoak prestatzeari. Horretarako, unibertsitatean hizkuntzaren normalizazioan lan egiten duten organo orokorrek eta eskolak ematen dituen ikastegitako euskara batzordeek egindako plangintzak izan behar ditu kontuan.

3.- Sailak irakasgai guztiak esleituta daudela bermatu behar du, edozein dela ere hizkuntza. Euskarazko irakaskuntza guztia esleitu ostean, gaztelaniazkoa esleitu behar da. Alde horretatik, ezin da bereizketarik egin hizkuntza eskakizunagatik, eta artikulu honetako hurrengo atalean aipatzen den proportzionaltasuna bermatu behar da. Beste hizkuntzetako irakasgaiak ere modu berean esleitu behar dira, beste hizkuntzarik baldin badago.

4.- Irakaskuntza proportzionalki banatu behar da saileko irakasleen artean, alderik izan litekeen arren ikastegien, jakintza arloen eta hizkuntzaren arabera. Ikasturte berean proportzionaltasuna errespetatzerik ez dagoenean, ikasturte anitzeko epean ahalegindu behar da printzipio hori errespetatzen.

5.- Betiere, irakasle guztiek irakasteko daukaten eskubidea bermatu behar da.

30. artikulua.- Irakasleen arduraldia.

1.- Irakasleen arduraldia urteka neurtu behar da.

2.- Ikasturte osorako kontratuetan bakarrik bana daitezke modu ez orekatuan eskolak; dena dela, irakaskuntza edo ikerkuntza arloko arrazoiekin justifikatu behar da hori. Betiere, irakaskuntza salbuespenezko egoeretan ere emango dela bermatu behar da; hau da, ikasleak ezin dira eskolarik gabe utzi. Irakaslan osoa lauhileko bakar batean pilatuta duen irakasleren batek (batez ere irakaslana bigarren lauhilekoan pilatua dutenen kasuan) bat-batean ordezkoa behar badu, sailak hartu beharko du bere gain ordezkoak kontratu bidez hartu ezin duen irakats zama. Horren ondorioz irakasleek zama gehiegi badute, urte anitzeko ikuspegiarekin orekatuko da.

3.- Saileko kontseiluak lan baldintzen alorrean hartzen diren ebazpenak hartu behar ditu kontuan, batik bat, irakasle kategoria jakin batekoek asteko eskola orduak murrizteko hartzen diren ebazpenak eta lana eta familia bateratzeari buruzko edo beste egoera berezi batzuei buruzko ebazpenak.

31. artikulua.- Eskolak esleitzeko irizpide orokorrak.

1.- Sailak dagozkien jakintza arloetako gaietako irakats betebeharrak egokitu behar dizkie irakasleei.

2.- Berez, irakasleek atxikitako ikastegian emango dituzte eskolak. Hala ere, zerbitzuaren premiak eta ikasleen interesak kontuan hartuta, irakasleak beste ikastegi batean eman ditzake eskolak; ebazpen hori, ordea, arrazoitu egin behar da. Premia dela eta ebazpen hori zuzendariak hartzen badu, zuzenean aplikatuko da, baina saileko kontseiluak edo, hala badagokio, batzorde iraunkorrak berretsi beharko du.

3.- Arduraldi partzialean ari diren eta aldi berean beste jarduera batean aritzeko baimena duten irakasleen kasuan, saileko kontseiluak bateragarritasun baimenean adierazitako ordutegia errespetatu behar du, irakasleak bestelakorik berariaz onartu ezean. Horrek ez du esan nahi irakasle horiek eskolak ordutegi jakin batean emateko eskubidea dutenik, edo UPV/EHUk unibertsitateaz kanpoko lanpostuan izan ditzakeen aldaketak besterik gabe onartu behar dituenik.

32. artikulua.- Eskolak esleitzeko ebazpena eta lehentasun irizpideak.

1.- Urtero, UPV/EHUk irakaskuntza plangintzaren prozedurarako onartutako epean, saileko zuzendariak lan zirriborro bat bidaliko die jakintza alorretako irakasleen ordezkariei. Zirriborro horretan taldeen eta irakasgaien banaketa agertuko da, saileko irakaskuntza ahalmenaren arabera egina.

2.- Irakasleek beren lehentasunak adierazi aurretik, saileko kontseiluak eskolak esleitzeko irizpide osagarri eta orokorrak erabaki ditzake, arrazoitu egiten baditu eta titulu honetan xedatutakoa errespetatzen badu, betiere. Horretarako, aurrez, saileko kontseiluak jakintza alorren ordezkarien proposamenak entzun behar ditu.

3.- Eskolak esleitzeko azken ebazpenak irakasgai guztiak hartu behar ditu eta, ahal dela, alderdi guztiek eman behar dute ontzat hein batean. Era berean, UPV/EHUn kide bakarreko karguak dituzten saileko irakasleen egoera hartu behar da kontuan.

4.- Ebazpenik ez bada adosten eta irakasle batek baino gehiagok irakasgai bera eskatzen badute, honako lehentasun ordenaren arabera banatuko dira ikasketa planetako enborreko, nahitaezko eta hautazko irakasgaiak:

a) Karrerako irakasle funtzionarioek eta kontratuko irakasle iraunkorrek lehentasuna dute bitarteko eta aldi baterako irakasleen aldean.

b) Kategoria akademikorik handieneko irakasleek lehentasuna dute, honako ordena honetan: - Unibertsitateko katedradunak eta irakasle osoak. - Unibertsitateko irakasle titularrak, unibertsitate eskolako katedradunak eta irakasle agregatuak. - Unibertsitate eskolako irakasle titularrak, irakasle lankideak eta irakasle elkartuak. - Irakasle atxikiak. - Laguntzaileak.

c) Diplomaturetan, ingeniaritza teknikoetan eta arkitektura teknikoan izan ezik, irakasle doktoreek lehentasuna dute, sailetako arautegiek bestelakorik adierazi ezean titulazio horiei buruz.

d) Kidegoko antzinatasun edo kontratu kategoriarik handieneko irakasleek lehentasuna dute. Antzinatasuna neurtzeko, arduraldi partzialeko zerbitzuak 0,5eko koefizienteaz haztatu behar dira.

5.- Aurreko irizpideen bitartez lehentasuna ezartzerik ez badago, zozketa egin behar da.

6.- Irakasgai bat baino gehiago direnean adostasunik gabekoak, irakasleek adierazitako prozedurari jarraiki aukeratuko dute lehenengo irakasgaia, eta, ondoren, txanda pasatuko dute eta lehentasun hurrenkeran azkenak izango dira.

7.- Irakasleek eskatu gabeko irakasgaiak eta taldeak esleitzeko, artikulu honetako 3. ataleko irizpideak alderantzizko ordenan aplikatu behar dira, sailak bestelako irizpiderik xedatu ezean. Aurreko irizpideen bitartez irakasleen artean lehentasunak finkatzerik ez badago egoera berean daudelako guztiak, zozketa egin behar da.

8.- Sailen Oinarrizko Arautegiari jarraiki, irakats betebeharrak eta betebehar horien aldi baterako aldaketak saileko kontseiluak erabakitzen ditu. Arautegi honetan eginkizun hori batzorde iraunkorrari eskuordetzen zaion arren, batzordeak hartzen duen ebazpena betearazlea izango da saileko kontseiluak, hala badagokio, berresten edo aldatzen duen arte.

33. artikulua.- Ebazpenak argitaratzea eta errekurtsoak.

1.- Saileko kontseiluak eskolak eta urteko irakats betebeharrak esleitzeko irizpideei buruz hartzen dituen ebazpenak berehala argitaratu behar dira, azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 57.2., 59.5.b eta 60. artikuluetan xedatutako ondorioetarako. Saileko idazkaritzan jaso behar da zein egunetan argitaratu diren ebazpenak saileko iragarki oholetan; eta argitalpen egunetik aurrera hasiko da kontatzen errekurtsoak jartzeko epea, baldin eta errekurtsorik jartzeko aukerarik badago. Sailak ebazpenen edukiaren edo ebazpen horiek eskuratzeko moduaren berri eman behar die irakasleei.

2.- Irakasle bakoitzaren irakats betebeharrak interesdunei jakinarazi behar zaizkie, eta jasota geratu behar du sailak jakinarazpena egin duela edo interesdunak jakinarazpena jasotzeari uko egin diola.

3.- Saileko kontseiluek egindako eskola esleipenaren kontra gorako errekurtsoa aurkez dakioke errektoreari, ebazpena argitaratu eta hilabeteko epean.

34. artikulua.- Tutoretzak.

1.- Sailak ikasleen interesak eta beharrizanak hartu behar ditu kontuan ikasleentzako tutoretza orduak finkatzerakoan. Halaber, ikasleek zerbitzu hori behar bezala erabil dezaten ahalegindu behar du eta, horretarako, astean gutxienez bi egun finkatu behar ditu, irakaskuntza jarduerak irauten duen aldirako.

2.- Irakasleek, kontratatutako irakaskuntza osoa esleitu ez arren, tutoretza ordu guztiak bete behar dituzte. Ordu horiek ezin dira pilatu, eta ikasturte osoan bete behar dira.

35. artikulua.- Ezintasunen bat duten ikasleak.

Ezintasunen bat duten ikasleen egoera dela-eta, sailak behar adina egokitu behar du metodologia, eta ikasle horien beharrizanen araberako tutoretza orduak finkatu behar ditu.

VI. TITULUA

IKERKETA, GARAPENA ETA BERRIKUNTZA

36. artikulua.- Honako hauek dira saileko ikerkuntza lanaren helburu nagusiak:

a) Saileko irakasleen eta ikertzaile taldeen ikerkuntza lana bideratu eta sustatzea.

b) Ikertzaile berrien trebakuntza sustatzea.

c) Ziklo guztietako ikasleak ikerkuntza arloekin harremanetan jartzea.

d) Doktorego tesiak eta ikerketak zuzen daitezen eta haien segimendua egin dadin bultzatzea, eta lan hori kontatzea irakasleen gutxieneko betebeharretan.

e) Zientzia arloko harremanak izatea beste sail, unibertsitate eta ikerketa, garapen eta berrikuntza zentroekin eta haiekin batera askotariko jakintza arloetako proiektuak egin daitezen bultzatzea.

f) Unibertsitateko ikerkuntza eta testuinguru sozio-ekonomikoa lotzea. Horretarako, irakasleek eta ikertzaileek ikerkuntza eta aholkularitza kontratuak eta hitzarmenak sinatu behar dituzte.

g) Gizarteak unibertsitateko ikerlanen emaitzen berri izan dezan bideratzea.

37. artikulua.- 1.- Saileko kontseiluak urte anitzetarako ikerkuntza planak egin behar ditu. Plan horietan baliabideen eta langileen alorreko beharrizanak azaldu behar dira eta, gero, beharrizan horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeari aurkeztu behar zaizkio.

2.- UPV/EHUren berezko ikerketa funtsek balio behar dute, besteak beste, sailei eta bertako ikertzaile taldeei ikerlanak egiteko behar dituzten giza baliabideak eta baliabide tekniko eta materialak emateko. Baliabide horiek kasuan kasuko deialdietan xedatutako irizpideen arabera esleitu behar dira, eta aurkeztutako eskaeren gainean kanpoko ebaluatzaileek emandako iritzia ere hartu behar da kontuan.

38. artikulua.- Ikerketa jarduerei buruzko oroitidazkiak.

1.- Estatutuetako 147. artikuluan xedatutakoarekin bat, saileko kontseiluak urtean egindako ikerkuntza lanei eta horien emaitzei buruzko oroitidazkiak onartu behar ditu urtero. Oroitidazki horiek Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza Batzordeak onartutako eredu orokorraren arabera egin behar ditu eta, jarraian, hari aurkeztu behar dizkio, baliabideak esleitze aldera.

2.- Unibertsitateko irakasleek eta ikertzaileek lankidetza hitzarmenen edo kontratuak medio unibertsitatekoak ez diren ikastegietan egindako ikerkuntza jarduerak unibertsitateko ikerkuntzatzat hartu behar dira ondorio guztietarako, eta sailak urteko oroitidazkian jaso behar ditu.

VII. TITULUA

ARAUBIDE EKONOMIKOA ETA ADMINISTRATIBOA

39. artikulua.- Autonomia.

Helburuak bete eta berezko dituen ekimenak gauzatzeko, sailak behar beste langile izan behar ditu, baita partida berezituak ere UPV/EHUko aurrekontu orokorrean. Gainera, autonomia izan behar du partida horiek kudeatzeko.

40. artikulua.- Aurrekontua.

1.- Saileko aurrekontu orokorra kontseiluak finkatzen duen moduan banatu eta kudeatu behar da.

2.- Saileko aurrekontuko diru sarrerak honakoak izango dira, UPV/EHUk berak esleitutakoez gain:

a) Antolatu eta gauzatzen dituen irakaskuntza eta ikerketa jarduerek emandako etekin garbiak eta jarduera horietatik sortutako produktuak ustiatzetik datozenak.

b) Zientzia, teknika eta arte lanak egiteko, espezializazio ikasketak emateko eta prestakuntza ekimen espezifikoak egiteko kontratuetatik sortutako diru sarreretatik dagokion partea.

c) Helburu jakin batzuetarako jasotzen dituen diru-laguntzak, kasuan-kasuan zehaztuta dauden baldintzetan.

d) Modu agerian eta beren-beregi egiten dizkioten dohaintzak eta legatuak, eman zaizkion baldintza berberetan.

3.- Sailak UPV/EHUren aurrekontu orokorrean agertzen ez diren bestelako baliabideak baditu, zuzendariak horren berri eman beharko dio gerenteari; ondoren, baliabide horiek sailaren aurrekontuetan sartu eta gastatzeko proiektuak aurkeztu behar dizkio saileko kontseiluari, ontzat eman ditzan.

41. artikulua.- Gestio ekonomiko eta administratiboa.

1.- Saileko jarduera ekonomikoa gauzatuko da UPV/EHUko sarreren eta gastuen aurrekontuan zehaztutakoari eta UPV/EHUko aurrekontuak betearazteko arauetan xedatutakoari jarraiki.

2.- Aurrekontuan jakintza arlo bakoitzari dagokion hornidura bereizi behar da. Denek erabiltzeko partidak eta partida orokorrak alde batera utzita, gainerako hornidurak modu proportzionalean banatuko dira, partidei dagozkien irizpide zuzentzaileen arabera, Unibertsitateko Aurrekontu Orokorrei jarraiki.

42. artikulua.- Langileak kontratatzea.

1.- Ikertzaile taldeek eta sailek eskatzen badute, UPV/EHUk ikertzaileak kontratatu eta onar ditzake aldi baterako. Langile horiek ikerketa programen arabera eta ikerketarako berariazko funtsen eta kanpoko finantziazioaren kontura kontratatu behar ditu.

2.- Betiere, saileko berezko funtsen kontura aldi baterako kontratatzen diren langileak Errektoreordetzaren bidez kontratatu behar dira, UPV/EHUn halako kontratazioetarako xedatutako baldintzekin eta prozedurekin bat.

VIII. TITULUA

ARAUTEGIA ALDATZEA

43. artikulua.- Arautegia aldatzeko prozedura.

1.- Saileko arautegia aldatzeko ekimenak zuzendariari edo arautegian ezarritakoaren arabera kontseiluko kideen ehuneko jakin bati dagokio. Dena dela, arautegian ez badago zehaztuta horretarako ehunekorik, kontseiluko kideen % 20 beharko da. Aldaketarik eskatuz gero, ordezko testua edo testu gehigarria aurkeztu behar da eta proposamena nork egin duen adierazi. Paragrafo honetan agertzen den azken kasuan, saileko zuzendariak kontseiluari bilerarako deia egin behar dio hilabeteko epean, kontseiluak aldaketa horri buruzko iritzia eman dezan.

2.- Arautegiaren aldaketak kontseiluak horretarako beren-beregi egindako ezohiko bileretan onartu behar dira, emandako boto baliodunen gehiengo osoarekin. Horren ondoren, eta legaltasun kontrola behin eginda, aldaketak Gobernu Kontseiluari aurkezten zaizkio, ontzat eman ditzan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

UPV/EHUko Gobernu Kontseiluak arautegi hau behin betiko onartu bitartean, Zoologia eta Animalia Zelulen Biologiaren funtzionamendua Sailen Oinarrizko Arautegiak eta indarrean dauden gainerako arauek gobernatuko dute.

AZKEN XEDAPENA

Arautegi honetan zehaztutakoa beteko da Sailen Oinarrizko Arautegiari eta aplikatu daitekeen beste edozein araudiri jarraiki.


Azterketa dokumentala