Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

78. zk., 2009ko apirilaren 27a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
2221

AGINDUA, 2009ko apirilaren 1ekoa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena. Honen bidez, ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua finkatzen da eta ikastetxeek IKT arloan duten heldutasuna egiaztatzeko ziurtagiria nahiz zigiluak onartzen dira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren eta European Software Institute Fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmena aplikatu ondoren, jarduera-esparru globala garatzeko lanei ekin zitzaien, baita Euskal Hezkuntza Sisteman «ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua» diseinatzeko eta ezartzeko lanei ere. Lan horiek bukatu egin dira ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua ematearekin batera.

Teknologia-heldutasunaren ereduan, teknologia-baliabideen kopuruaz eta kalitateaz gain, honako ezaugarri hauek hartu dira kontuan:

- Ikasleen gaitasuna eta inplikazioa Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan (IKT), pertsona batek ez baitu sekula bere denboraren zati handiena prestakuntzan ematen, eta prestakuntzak ez baititu sekula hartzen hain oinarrizkoak diren ikasgaiak.

- Irakasleen gaitasuna. IKT ikastetxeetan, irakasleak eman behar dizkio ikasleari ezagutza eta trebezia berriak sortzeko baliabide nahiz tresnak. Ikasteko esparru berri horietatik eratorrita, beste funtzio eta profil batzuk agertu dira: IKT tresnak erabiltzen dituzten irakasleak, urruneko tutoreak, on-line aholkulariak, urruneko prestakuntza-plataformetarako edukiak lantzen dituzten irakasleak, zentroetako IKTren dinamizatzaileak, eta abar. Adierazle ona da profil horiei lotutako ezagutzak egiaztatzea, heldutasun teknologikoaren ereduan jasotako mailetara moldatutako egiaztatze-proba egokiak baliatuz.

- Hezkuntza-komunitateko gainerako eragileen inplikazioa (gurasoak, udala, enpresak, eta abar). Hezkuntza-prozesuaren ikuskera berri bati jarraitzea da helburua.

Hezkuntza-prozesuko eragileen parte-hartzeak maila bakoitzean izan ditzakeen graduak nahiz gradu horiek egiaztatzeko erak definitzen ditu ereduak, beharrezkoak baitira bikaintasuna erdieste aldera.

Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua onetsita, agindu honek zehaztuko ditu Euskal Hezkuntza Sistemako ikastetxeek IKTren arloko heldutasun-ereduan parte hartzeko bete behar dituzten baldintzak, maila bakoitzeko egiaztatze-agiriak lortzeko betebeharrak, eta, azkenik, egiaztapenaren ziurtagiria eta egiaztapen horri eutsiko zaiola bermatzen duen ziurtagiria, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emana.

Eta, horregatik guztiagatik,

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua onestea.

Ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua onetsi da.

Ereduaren egiturak bost maila ditu. Maila bakoitzean, ikastetxeetako prozesuen digitalizazio-maila handituz doa, eta, aldi berean, mailak berak ezartzen ditu goragoko heldutasun-mailak erdiesteko hezkuntza-komunitate osoak jarraitu behar dituen ildoak teknologiei, prozesuei eta gaitasunei dagokienez.

Honako giltzarri hauek definitzen dituzte maila horiek:

1. maila: «Azpiegiturak eta gaitasuna»: alde batetik, ikastetxeek badituzte Premia planak egun eskaintzen dituen azpiegiturak, eta, bestetik, irakasleen % 80k «IKTen arloan oinarrizko gaitasunak ditu». Irakaskuntza- eta kudeaketa-materiala digitalizatzen hasia da maila honetan.

2. maila: «Erabilera»: ikastetxean eskuragarri dauden informatika-baliabideak (IKT Ikasgelak) aldizka erabiltzen dituzte irakasleek ikasgelan. Ikasgela bakoitzak ordenagailu bana izango du. Ikasgelatik kanpo, hezkuntza-komunitatearekiko harremanetan, teknologia berriak baliatzen hasiak dira prozesuetakoren batean (adibidez, posta elektronikoa erabiltzea hitzik gabeko komunikazioetan, zuzendaritzaren eta irakasleen artean, irakasleen artean, nahiz zuzendaritzaren eta familien artean). Nolanahi ere, denbora batez, ohiko bideekin batera erabiliko dituzte.

3. maila: «Ikasgela digitalizatzea»: ikasgai bakoitzerako, IKT eta internet usu erabiltzen hasiak dira ikasgelan; ikasgeletan badaude internet egunero erabiltzeko behar diren teknologia-baliabideak. Ikasgelatik kanpo, ikasleek eta familiek aukera dute ikastetxeari nahiz ikasgaiei buruzko informazioa on-line eskuratzeko (adibidez, ikastetxearen web orriaren bidez, ikasgelaren web orriaren bidez, buletin elektronikoen bidez...). Informazioa noranzko bakarrekoa da funtsean. Hezkuntza-komunitateak ikastetxeko ikasgelak eta IKT baliabideak erabiltzeko aukera izan dezan, ikastorduetatik kanpo ere ordutegi zabala eskaintzen da.

4. maila: «ikasgela birtual bihurtzea»: ikasgelan, ikasleak gaitzeko prozesua nonahikoa eta iraunkorra izaten hasia da, eta ikastorduez gaindi doa. Ondorioz, ikasgela kanpora ireki eta ikasleen nahiz irakasleen arteko eztabaida iraunkorra piztu da, hezkuntza-plataformak erabiliz (urruneko informazio-plataformak, blogak, extranet, wikiak...). Ikasgelatik kanpo, ikastetxeak badu interneten bidez irits daitekeen hezkuntza-plataforma bat, eta, hari esker, hezkuntza-komunitateko gainerako eragileekin bi noranzkoko komunikazio iraunkorra lortzen da.

5. maila: «ikastetxea birtual bihurtzea»: ikasgelan, ikasleak gaitzeko prozesua nonahikoa da guztiz, eta urruneko prestakuntza-plataforma erabiltzen da prozesuaren euskarri-tresna gisa. Ikasgelatik kanpo, ikastetxea 24 orduz dago irekita interneten, eta, horrenbestez, hezkuntza-komunitatea gaitzeko eragile bihurtzen da, baita familiak eta are gizarte osoa hartzen duen gizarte-sarearen dinamizatzaile eta sustatzaile ere.

2. artikulua.- Edukia.

Ikastetxeek IKTren arloan dituzten teknologia-baliabideen araberakoak nahiz baliabide horiek erabiltzeko trebezien araberakoak izango dira IKTren arloko heldutasun-mailak. Maila bat erdiesteko, beharrezkoa izango da aurreko maila egiaztatua izatea.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren web orrian (http://www.hezkuntza.net) xeheki azalduta daude bideratu beharreko ekintza eta baldintza guztiak.

3. artikulua.- Ziurtagiria eta egiaztapen-zigilua.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ezarri ditu IKTren arloko heldutasuna egiaztatzeko ziurtagiria eta haren baitako 5 mailak egiaztatzeko zigiluak.

Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe publiko nahiz pribatuek lortu ahal izango dituzte IKTren arloko heldutasun-ziurtagiriak.

4. artikulua.- Egiaztatze-prozedura.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak emango du ziurtagiria, baldin eta ikastetxeak agindu honetan ezarritako baldintzen barruan, aginduzko auditoria gainditu badu.

European Software Institute Fundazioak kudeatutako IT txartela aplikatuz emango zaie irakasleei ziurtagiria.

Ziurtagiria lortu duten ikastetxeek jarraipen-auditoriak gainditu beharko dituzte aldizka, erdietsitako heldutasun-mailari eusten diotela egiaztatzeko.

5. artikulua.- Ziurtagiria lortu duten ikastetxeen zerrenda ofiziala.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak aldizka argitaratuko du IKTren arloko heldutasun-maila bakoitzeko ziurtagiriak jaso dituzten ikastetxeen zerrenda.

6. artikulua.- Egiaztapen-zigiluaren erabilera.

Ikastetxeek hitz hauek dituen zigilua erabili ahal izango dute beren logotipoetan eta barne- nahiz kanpo-agirietan: ikastetxe honek egiaztatua du IKT arloko X. heldutasun maila.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak korporazio-nortasunaren inguruan onesten dituen arauei jarraituz erabiliko da zigilua.

7. artikulua.- Kudeaketa-organoa.

Hezkuntza Berriztatzeko Zuzendaritzak kudeatzen du ikastetxeetako teknologia-heldutasunaren eredua, informazioaren eta komunikazioaren teknologien arlokoa. Baldintza espezifikoak ezarriko ditu ikastetxe guztiek IKTren arloko heldutasun-mailetan parte har dezaten, ziurtagiria lor dezaten, beren horretan iraun dezaten eta hobetu dezaten.

AZKEN XEDAPENA

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera jarriko da indarrean agindu hau.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko apirilaren 1a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.


Azterketa dokumentala