Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2009ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Justizia Administrazioa

Gernika-Lumoko Lehen Auzialdiko 2 Zenbakiko Epaitegia
1448

EDIKTUA, jabariari buruzko deklarazio-egintzaren gainean burututako 475/07 prozedura arruntaren ondoriozkoa.

JAKINARAZPEN ZEDULA

Gernika-Lumoko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko Epaitegian (Bizkaia), 475/07 prozedura arrunta bideratu da, Zakari Orbe Uskolak eta Edurne Orbe Uskolak eskatuta, José Roque Goitia Uriguenen jaraunsleen aurka, jabariari buruzko deklarazio-egintza eskatzeari buruz. Prozedura horren gainean epaia eman da. Idazpuruak eta epaitzak ondokoa diote:

96/08 EPAIA

Gernika-Lumo (Bizkaia), 2008ko maiatzaren 26a.

María Amaya Polo Pérez andreak, Gernika-Lumoko (Bizkaia) eta bere barrutiko Lehen Auzialdiko 2 zenbakiko epaile denak, ikusi ditu epaitegi honetan jabaria deklaratzeko bideratutako 475/07 hitzezko judizioaren autoak. Honakoak dira alderdiak: demandatzaile gisa Maria Nieves Orbe Uscola eta Zakari Orbe Uscola, Albizu prokuradorearekin eta Vitorica letraduarekin; eta demandatu gisa José Goitia Urigüenen jaraunsleak, auzi-ihesean direnak.

AURREKARIAK

Lehenengoa.- Maria Nieves Orbe Uscolaren eta Zakari Orbe Uscolaren izenean eta ordez Albizu prokuradoreak idazki bat aurkeztu zuen, bertan, gertaerak azaldu eta egoki iritzitako zuzenbideko oinarriak alegatu zituen, eta azkenik ondokoak deklaratzeko erregutu zuen: a) egun José Roque Gotilla Urigüenen izenean 1279 zenbakiarekin inskribatutako Markinako finkaren hamabiren zatiezinaren gainean auzi-jartzaileek duten jabetza-eskubidea, erdibana eta zati berdinetan, eskuratze-preskripzioz eskuratutako jabaria; b) egun José Roque Gotilla Urigüenen izenean 1280 zenbakiarekin inskribatutako Markinako finkaren hamabiren zatiezinaren gainean auzi-jartzaileek duten jabetza-eskubidea, erdibana eta zati berdinetan, eskuratze-preskripzioz eskuratutako jabaria; egun Jose Roque Gotilla Urigüenenak diren aipatu 1270 eta 1280 zenbakietako finken hamabiren zatiezinaren titulartasuna, erdibana eta parte berdinetan, Jabetza Erregistroan inskribatzeko auzi-jartzaileek duten eskubidea deklaratzea; eta demandatzaileen titulartasuna aipatu proportzioetan inskribatzeko eta Jabetza Erregistroan diren aurkako inskripzioak ezeztatzeko agintzea, eta kostuak deklaratzea.

Bigarrena.- 2007ko urriaren 30eko Autoaren bitartez, demandatua epatu egin zen, legezko epean, letraduak eta prokuradoreak lagunduta autoetan azal zedin eta demandari erantzun ziezaion; epe hori igaro da eta ez du esandako hori egin, beraz, 2007-12-07ko Probidentziaren bidez auzi-iheslari deklaratu da.

Hirugarrena.- Aldez aurretiko entzunaldia burutzeko alderdiei dei egin zitzaien; entzunaldi hori, hartarako ezarritako egun, ordu eta lekuan gauzatu zen auzi-jartzailea bertan zela, baina demandatua ez; idazkariak jasotako aktan eta audio-euskarrian jasotakoa izan zen emaitza. PZLb-ko 429. artikuluari jarraiki, epaia emateko autoak ikusita utzi ziren.

Laugarrena.- Legezko izapide eta agindu guztiak bete dira prozedura hau izapidetzerakoan.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Lehenengoa.- Auzi-jartzailearen prozesuko ordezkaritzak auzi-jartzaileak berak sustatutako demanda aurkeztu zuen, demandatuen aurka jabaria eskuratzeko egintza gauzatzeko, demandako lehen paragrafoan zehaztutako finkei dagokienez.

Bigarrena.- Auzitegi Gorenaren jurisprudentziako doktrinaren arabera, bi dira nagusiki jabetza-eskubidea zaindu edo babesten duten egintzak: errebindikazio-egintza, hau da, titularra ez den beste pertsona batek gauza kentzearen edo bidegabeki izatearen aurka jabaria babesten duena eta funtsean titularrak jabaria berreskuratzeko balio duena; eta deklarazio-egintza soila, hots, aurka egiten duen alderdia isilarazteko, gauzaren jabea demandatzailea dela deklaratzeko dena (Kode Zibileko 348. in fine artikulua). Eta bi egintza horiek aurrera egin dezaten, erreklamatutako gauzaren jabetza-titulua frogatu behar du auzi-jartzaileak, gauza identifikatu behar da eta, errebindikazio-egintzari dagokionez, demandatuak gauza izan eta eduki behar du; hala ere, deklarazio-egintzari dagokionez, aski da demandatuak auzigaiko jabetzaren gaineko eskubide eztabaidagarria ukatzea edo ez aitortzea (besteak beste, 1984-01-17, 1987-02-19, 1994-07-14, 1995-05-26, 1998-10-23, 1999-02-05 eta 1999-09-28ko epaiak). Jabariaren gaineko deklarazio- edo errebindikazio-egintzak aurrera egin dezaten titulua existitzeko, bada ezinbesteko baldintza bat, hau da, Auzitegi Gorenaren 1982-06-06, 1998-10-16 eta 1999-07-30eko Epaietan zehazten den legez, erreklamatutako gauza eskuratu izana justifikatu beharra; eta horretarako ez da nahitaez jabaria sortzen duten agiriak izan beharrik, aitzitik, gauzaren gaineko jabetza kausa egokiari jarraiki frogatu behar da, eskubide errealeko erlazioa sortzeko.

Kontsidera dezan, epaile honi aurkeztutako kasuan, usukapioaren institutua dela-eta, demandako lehen egitatean deskribatutako finken hamabirenaren jabea dela dio alderdi demandatzaileak, izan ere, hogei urte baino gehiagoz eduki izan baitu aipatu finka, 1926ko urtarrilaren 15etik aitzina. Data horretan, Epifanio Goitia Achurra, eta Clemente, Damaso, German, Santiago eta Cruz Goitia Urigüenek, lehengo jabeek, Maria Jesús Achurrarekin ezkondutako Zacarias Uscola Achurrari eman zioten salerosketa-eskritura; halaxe egiaztatu zen auzi hau sorrarazi duen demandarekin batera aurkeztutako agirien bidez.

Egitate soila zena eskubide bihurtuta -publikoki, bakez eta legeak ezarritako epean etenik gabe jabe gisa gauzak izatean oinarritua—, egonkortasun ekonomikoa ziurtatzeko ezinbesteko instituzioari dagokionez, eskuratze-preskripzioa edo usukapioa arrunta edo apartekoa izan daiteke; eta hori usukapitzaileak bidezko titulua izatearen araberakoa da, izan ere, Kode Zibileko 1952. artikuluaren arabera, preskripziopeko jabaria edo eskubide erreala eskualdatzeko legezko balioa du bidezko tituluak (Kode Zibileko 1940. eta 1959. artikuluak).

Beraz, eskuratzea legez zehaztu dezakeelako, edukitza jabe gisa izatea legeztatu eta justifikatzen duen egintza edo negozio juridikoa da bidezko titulua. Eta horrek, azken finean, eskualdatzea gertatzeko legegintzako edo izengabeko tipo egokiarekin bat, tituluak berez aski birtualtasun izatea esan nahi du, betiere hartaz legeek egiten duten aurreikuspen operatiboaren arabera. Eskualdatzeak, ordea, ez du eragingo aipatu ondorioa ekartzeko instituzionalki egokia ez den negozio-tipodun egintzarik, nahiz eta hori kasu konkretu honetan horretarako eraginik gabea izan, ez datorrelako titular batengandik edo usukapio bidez garbitu nahi den jatorrizko akatsik ez duelako. Honela, eskualdatzaileak ukateko duen eskubidean jatorrizko bizioa zuzentzeko mekanismoa litzateke eskuratze-preskripzio arrunta, titulu zuzen baten premisaren gainean diharduena; Kode Zibileko 1953. artikuluak zehazten dunenez, titulu horrek egiazkoa (usteko edo itxurazko tituluak bazter utzita) eta balioduna izan behar du. Bestalde, Kode Zibileko 1959. artikuluak jabariaren aparteko preskripzioa eta titulurik eta fede onik gabe hogeita hamar urtez etenik gabeko jabetza soilik eskatzen duten ondasun higiezinen gaineko beste eskubide errealak arautzen ditu -jabetza diogunean jabea ulertu behar da, izan ere, kontzeptu horren arabera, «ad usucapionem» gisa baita baliagarria, Kode Zibileko 557. artikuluan berariaz xedatzen denez-. Usukapio modalitate batek zein besteak Jabetza Erregistroan inskribatutako egintza edo eskubideetan eragin dezakete, izan ere, erregistroko zehaztasun gabezia sor dezakeelako aldi baterako, erregistroko titular gisa agertzen denak ez beste batek eskubidea eskuratzeagatik («usucapio contra tabulas»).

Horregatik, Kode Zibileko arau zibil eta juridikoak hipoteka-legeriaren aginduekin (HLko 35. eta 36. artikuluak) osatzen dira, izan ere, erregistroko titularraren aurkako eskuratze-preskripzioari buruz, lege hark figuraren ondorio kaltegarriak mugatzen ditu, HLko 34. artikuluan zehaztu betekizunak konplitzen dituen hirugarren hipotekarioaren kondizioa biltzen duen subjektuari dagokionez. Edonola ere, erregistroko titularraren aurkako usukapioa denez gero («usucapio contra tabulas»), HLko 35. eta 36. artikuluetan jasotako arau espezifikoek ez dakarte Kode Zibileko aginduetatik gai hauek kentzea: jabetzaren eskuratze-preskripzioko betekizun intrinsekoak eta gainontzeko eskubide errealak, Zuzenbide Zibileko gaiak izanik Zuzenbide Hipotekariotik kanpo izateagatik eta azken hau ondokoaz bakarrik arduratzeagatik: erregistroko fede publikoz babestutako eskuratzaileen aurrean, Jabetza Erregistrotik kanpo egindako usukapioa gailendu dadin, izan beharreko betekizunez. Esandakoaren arabera, usukapio edo eskuratze-preskripzioko bi modalitateek ezinbesteko premisa bat dute: gauza jabetzan izatea, publikoki, bakez, etenik gabe eta jabe gisa, zeren jabe gisa edukita bakarrik (edo dena delako eskubidearen titular gisa) balio du eskubide erreala edo jabaria eskuratzeko (Auzitegi Gorenaren 1992-01-24, 1992-07-10, 1994-10-29 eta 1997-02-07ko Epaiak, besteak beste).

Jabe gisa jabetza edukitzeko, ez da aski gauza edukitzea, izan ere, horretaz gain, «verus dominus» delakoaren aurka jardun gabe, gauza norberarena izateko asmoa ere behar baita, ezen, tolerantziagatik edo beste pertsona baten jabaria aitortzen duen titulu pertsonalagatik, edukitzaileak ezin baitu preskripzioz eskuratu, nahiz eta gisa horretan edukitzeari utzi nahi eta jabe gisa eduki nahi. Ildo horretan, «iuris tantum» presuntzioa ezartzen du Kode Zibileko 436. artikuluak, hau da, edukitzaileak edukitza eskuratu zuen gisa berean izaten jarraituko du, aurkakoa frogatu arte; beraz, edukitze-kontzeptuaren inbertsioa edo interbertsioa behar bezala kreditatu behar da, eta egintza argietan oinarritu, trafikoan kanpoko agerbide argiarekin.

Hala bada, KZko 1957. artikuluarekin bat etorriaz, aipatu aginduan usukapio arrunta arautzen da, honako betebeharrekin: edukitza -publikoa, bakezkoa eta etenik gabea- hamar edo hogei urtez, fede onez eta bidezko tituluaz.

Nahikoa kreditatua dago 1926ko urtarrilaren 15etik harako edukitze-epea, bai artikuluko preskripzio arruntean eta bai apartekoan ere; izan ere, hori frogatzeko, auzi-jartzaileak ondoko agiriak aurkeztu ditu: dohaintza-eskritura (5. agiria), jaraunspena onartzeko eskritura (6. agiria) eta jaraunspena zatitzeko eskritura (7. agiria). Edukitzaileari beti uste zaion galdegindako fede onari dagokionez (Kode Zibileko 434. artikulua), Kode Zibileko 1950. artikuluak alde positiboa definitzen du, hau da, gauza eman ziona gauzaren jabea zelako ustea eta jabaria eskualdatu zezakeela; eta Kode Zibileko 433. artikuluak alde negatiboa definitzen du, hau da, tituluan edo eskuratzeko moduan baliogabetzen zuen bizio bat zela ez jakitea. Bestalde, Jurisprudentzia-doktrinak sarritan agertzen duenez, eskubide errealen arloan, fede ona ez da jokabide-egoera bat, obligazioetan eta kontratuetan gertatzen den bezala, ezagutza-egoera bat baizik (bestek beste, AGren .....ko abenduaren 28ko Epaia).

Eskuartean dugun kasu honetan, demandatuei dagokie ezeztatzea, eta horiek, auzi-ihesean direnak, frogako kargaren banaketaren arabera, ez dute lortu aurkakoa demostratzea.

Titulu zuzenari buruz, burututako salerosketa-kontratuak zentzu horretan dihardu, izan ere, besterendu zuen finkaren zuzenbideko bitartekorik gabe ere, eskuratze-bizio hori da preskripzioak zuzentzen duena... «(AGren 2001eko abenduaren 28ko Epaia) ... eta inoren gauza saltzearen balioaren teoria ere ezin da bazter utzi, eta hasieran Jurisprudentzia kontra izan arren, gaur osorik onartzen da, izan ere, obligazioak sortzen dituen kontratua adostasunezkoa da. Obligazio horien artean nabarmena eta funtsezkoa da saltzaileak prezio baten trukean erosleari gauza bat ematea, eta ez da saldutako gauzaren jabea dela eskatzen duen inongo agindurik, aitzitik, gauza hori entregatu daiteke, saltzailea jada edukitzailea eta jabea izateagatik edo, erosleari entregatzeko gauza eskuratzea mugatua izateagatik...».

Ondorioz, auzi-jartzaileak aipatutako eskuratze-preskripzioa edo usukapioa onartu beharra daukagu, Kode Zibileko 1957. artikulua, Maria Nieves Orbe Uscolaren eta Zakari Orbe Uscolaren edukitza egiaztatu egin baita, jabe gisa, publikoki, bakez eta hogei urtez etenik gabe; izan ere, Zakarias Uscola Achurra eta bere emazte Maria Nieves Uscola Achurra gertaera eragileen edukitza-aldiak hazi egin dira seme-alaben kasuan, Kode Zibileko 1960.1 artikuluarekin bat eta erabaki egokiekin.

Hirugarrena.- Kostuei dagokienez, demanda nagusia onartu denez gero, bidezkoa da kostuak alderdi demandatuari ezartzea, Prozedura Zibileko Legeko 394. artikuluarekin bat etorriaz.

Aipatutako legezko artikuluak eta, oro har, aplikatu daitezkeen gainontzekoak ikusita, honakoa da

EPAITZA

Maria Nieves Orbe Uscolak eta Zakari Orbe Uscolak sustatutako demanda onesten denez gero, honakoa adierazten dut:

- Preskripzio arruntez, egun Jose Roque Gotilla Urigüenen izenean Markinako Jabetza Erregistroan 1279 zenbakiarekin inskribatua dagoen finkaren hamabirenaren jabeak dira Maria Nieves Orbe Uscola eta Zakari Orbe Uscola, erdibana eta parte berdinetan, eta baita, preskripzio arruntez, egun Jose Roque Gotilla Urigüenen izenean Markinako Jabetza Erregistroan 1280 zenbakiarekin inskribatua dagoen finkaren hamabirenarenak ere, erdibana eta aparte berdinetan. Jabari horiek Markinako Jabetza Erregistroan inskribatzeko eta jabariaren arloan aurka egiten duten erregistro-inskripzioak ezeztatzeko agintzen da; kostuak demandatuei ezartzen zaizkie.

Inpugnatzeko modua: apelazio-errekurtsoa, Bizkaiko Probintzia Auzitegian (PZLb, 455. artikulua).

Errekurtsoa prestatzeko, idazkia aurkeztu behar da epaitegi honetan bost egun balioduneko epean, jakinarazpena egin eta hurrengo egunetik aurrera. Idazki horretan, bestalde, honakoak adieraziko dira: apelatutako ebazpena, errekurritzeko nahia eta zein erabaki inpugnatzen den (Prozedura Zibileko 1/2000 Legearen 457.2 artikulua).

Nire epaia hori denez, erabaki, agindu eta sinatu egiten dut.

Aurreko epaia zuzentzen duen ondoko autoa eman zen 2008ko maiatzaren 30ean:

AUTOA

Epailea: Amaia Polo Perez.

Lekua: Gernika-Lumo (Bizkaia).

Eguna: 2008ko maiatzaren 30a.

AURREKARIAK

Kausa honetan 96/08 epaia eman da eta alderdiei jakinarazi zaie.

Epai horretan, José Roque Gotilla Uriguen esaten den tokian José Roque Goitia Uriguen esan behar da.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

Jurisdikzio-ordena guztietan aplikatzekoa den Botere Judizialari buruzko Lege Organikoaren 267.3 artikuluak ezartzen duenaren arabera, epaimahaiek edozein momentutan zuzendu ahal izango dituzte ageriko akats materialak eta akats aritmetikoak.

Kasu honetan ere, ebazpen honen aurrekarietan ageri den hitz okerra akats material sinple bat da, horixe ondorioztatzen baita jardueretatik; horregatik, akats hori hautemanda, zuzendu egin behar da aipatutako manuan ezarritakoaren arabera.

XEDAPENAK

2008ko maiatzaren 26ko 96/08 epaia idazterakoan egindako akatsa zuzendu egiten da: «José Roque Gotilla Uriguen» esaten den tokian «José Roque Goitia Uriguen» esan behar da.

Sar bedi ebazpen hau Epaien Liburuan eta bidal bedi testigantza auto nagusietara.

Inpugnatzeko modua: auto honen aurka ez dago errekurtsorik aurkezterik. Jatorrizko ebazpenaren aurka, ostera, hori jakinaraztean zehaztutako errekurtsoak jar daitezke (BJLO, 267.7 art.).

Aurreko paragrafoan aipatzen diren errekurtsoak aurkezteko epeak eten egingo dira, ebazpena zuzentzeko eskabidea aurkezten bada; dena den, auto hau jakinarazten den egunaren hurrengo egunetik aurrera zenbatu beharko dira (BJLO, 267.8 artikulua).

Epaileak ebatzi eta sinatu du. Fede ematen dut.

Argitarapena.- Epaiari dagokion egunean, jendaurreko entzunaldia egiten ari zelarik, epaia eman zuen epaile berberak agindu, irakurri eta argitaratu zuen. Fede ematen dut Gernika-Lumon.

Eta demandatuei behar bezalako jakinarazpena egiteko balio dezan ematen eta sinatzen dut hau, Gernika-Lumon (Bizkaia), bi mila eta bederatziko urtarrilaren hamabostean.

IDAZKARIA.


Azterketa dokumentala