Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2009ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
1445

58/2009 DEKRETUA, martxoaren 3koa, honen bidez adierazten baita Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela honako proiektu hau egiteko behar diren ondasunak eta eskubideak, nahitaez desjabetzeko: errepideak egokitzeko eraikuntza-proiektua: A-3314 errepidea, Izarrako zeharbidean; eta A-3612 errepidea, Beluntzan A-2521 errepidearekin gurutzatzen den tokitik Izarrarako tartean.

Herrilan eta Garraio Saileko diputatuak 2008ko uztailaren 1ean emandako Foru Aginduaren bidez, ondoko proiektu hau onartzeko legezko izapideei ekitea erabaki zen: «Errepideak egokitzeko proiektua: A-3314 errepidea, Izarrako zeharbidean; eta A-3612 errepidea, Beluntzan A-2521 errepidearekin gurutzatzen den tokitik Izarrarako tartean». Proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideen zerrenda banakatua jendaurrean jartzeko erabakia ere hartu zen, nahitaez desjabetzeko. Ondoren, 2008ko abenduaren 30ean Diputatuen Kontseiluak egin zuen bilkuran, ondasun eta eskubide horiek okupatzeko beharra adieraztea erabaki zen, eta Eusko Jaurlaritzari lanen premiazkotasunaren adierazpena eskatzea, desjabetze-dosierrak eragiten dien ondasun eta eskubide horien okupazioa Nahitaezko Desjabetzearen Legearen 52. artikuluaren arabera egin ahal izateko.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian, zenbait alegazio aurkeztu ziren, eta administrazio-dosierrean adierazten den moduan ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luzaezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

Bai A-3314 errepideak eta bai A-3612 errepideak hainbat akats dituzte trazatuan, ibilbide osoan zehar, eta zeharkako sekzio estua. Hori dela eta, neurri batean arriskutsuak dira, bertatik igarotzen diren ibilgailuentzat.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denez, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla deklaratzea, nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: egikaritzapen-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolaketari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurrean egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen sailburuari zegokion horretarako proposamena Gobernu Kontseiluari aurkeztea.

Hori dela bide, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuak proposatuta, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 3an egindako bilkuran aztertu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, honako proiektu hau burutzeko beharrezkoak diren ondasun eta eskubideak Arabako Foru Aldundiak lehenbailehen hartu behar dituela adieraztea: errepideak egokitzeko proiektua: A-3314 errepidea, Izarrako zeharbidean; eta A-3612 errepidea, Beluntzan A-2521 errepidearekin gurutzatzen den tokitik Izarrarako tartean. Berariaz hasiarazitako dosierrean jasotako zerrendan daude zehaztuta eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta

Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala