Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2009ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
1442

54/2009 DEKRETUA, martxoaren 3koa, Bilboko (Bizkaia) Grandes Molinos Vascos higiezina kultura ondasun, monumentu kategoriarekin, sailkatzeko eta haren babes-araubidea ezartzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoak, Konstituzioko 148.1.16 eta Estatutuko 10.19 artikuluen babesean, eskumen osoa bereganatu zuen Kultura Ondareari dagokionez. Aipaturiko eskumen horretaz baliatuz, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legea, kultura-interesa duten Euskal Autonomia Erkidegoko ondasunak deklaratzeko prozedurak arautzen dituena, onartu zen.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2007ko abenduaren 14ko Ebazpenaren bitartez (2008ko otsailaren 4ko EHAA, 24. zk.), Bilboko Grandes Molinos Vascos (Bizkaia) sailkatutako kultura ondasun, monumentu kategoriarekin, deklaratzeko espedientea birbideratu egin zen eta informazioa jendaurrean jarri eta interesdunei entzuteko izapide berri bat egin zen.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak alegazio-idazkia aurkeztu zuen.

Hona zertan datzan Industria Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkartearen alegazioa:

Ondasuna babesteko araudiari dagokionez, elkarteak dio 2005. urtean berak proiektu museografiko bat landu zuela, instalazio horietan Euskal Industria Museoa kokatzeko, gehien bat Kultura Sailak diruz lagundutako proiektua alegia. Elkartearen aburuz proiektu hura baldintzatuta zegoen, ez baitzegoen ebatzita, alde batetik, zein erabilera zehatz eta posible ezar zitezkeen bertan, eta, beste aldetik, zein babes-araudi aplikatu behar zen. Proiektua aurrera eramateko, azkenik, babes-araudian honako klausula hau sartzea proposatzen dute:

«edonola ere, xedapen horietakoren bat salbuetsi ahal izango da baldin eta esku-hartzearen helburua bada herri-administrazioek edo irabazi asmorik gabeko erakundeek lursail osoa edo, bestela, higiezin nagusia museo-ekipamendu publiko bihurtzea, betiere salbuespen horren oinarrian ekipamendua ezartzeko edo indarrean jartzeko nahitaezko lege-betebeharrak badaude. Kasu horretan, ahalik eta eragin txikiena egin beharko lioke esku-hartzeak higiezinari, aldez aurretik aldaketa funtsatzen duten arrazoiak berariaz azalduta».

Alegazio horren aurrean, hauxe esan beharra dago: alegazioak justifikatzen du babes-araudiak hitzez hitz agintzen duenarekiko salbuespenak egiteko beharra, non eta ekipamendua ezartzeko edo indarrean jartzeko nahitaezko lege-betebeharrak dauden. Baina ez du esaten lege-betebehar horiek zein diren; alegia, ez da zehazten, beraz, zeintzuk diren aztertu eta baloratu beharreko alderdi eztabaidagarri horiek.

Esan dezagun ezen, 7/1990 Legearen 23. artikuluaren arabera, sailkatutako ondasunaren erabilerak haren kontserbazioa bermatu behar duela. Hau da, erabilera ondasunaren zerbitzura dago eta ez alderantziz; horrenbestez, erabilerak ondasunaren kontserbazioa bermatu behar du. Horretan bat datoz zaharberritzeari buruzko nazioarteko hainbat gutun. Agindu hori, hain zuzen, Babes Araudiaren 6. eta 7. artikuluetan garatzen da, non, eraikuntza eta irisgarritasunari buruzko arauak direla-eta, honakoa esaten den: «Babestutako ondasunean egokitutako erabilera berriek eta burututako jarduerek, gai honen inguruan indarrean dagoen araudiko irizpideez gain, Babes Araubide honen III. kapituluan ezarritako mugak beteko dituzte».

Aipaturiko kapitulu horrek erabilera berriak ezartzerakoan beharrezkoak diren neurriak aipatzen ditu eta, adibidez, funtsezko instalazio higieniko-sanitarioak jartzea baimentzen du, betiere Babes Araudiaren gainerako aginduak betez gero, bai eta erabilera berriei begira barne-banaketa eta -antolamendu eraberritzea ere, baldin eta eraberritze horrek ez badio eragiten sostengu-egiturari, siloei barne. Horrekin batera, irisgarritasunaren alorreko araudiak eskatzen dituen instalazioak jartzea ere aurreikusten du.

Esan beharra dago, bestalde, eraikuntzarekin zerikusia duten lege-xedapen eta -arauetan bereizgarritasun bat jasotzen dela higiezin babestuez ari direnean edo, gutxienez, birgaitzeez oro har ari direnean. Ekar dezagun hona, adibide gisa, Eraikuntzaren Kode Teknikoa, zeinaren I. zatian haren aplikazio-eremua mugatzen den (I. kapitulua, Xedapen Orokorrak): «Eraikuntzaren Kode Teknikoa aplikatuko da, halaber, dagoeneko dauden eraikinak handitzeko, aldatzeko, eraberritzeko edota birgaitzeko lanak egiterakoan, betiere lan horiek bateragarriak badira esku-hartzearen izaerarekin eta, hala badagokio, eragindako eraikinek duten babes-mailarekin. Aplikazioa bateraezina bada, horren justifikazioa jaso beharko du proiektuak eta, behar izanez gero, beste neurri alternatibo bideragarrien bitartez konpentsatu».

Ez da egiaztatzen, bestalde, ondasunaren kultura-balioak babesteko irizpideak aplikatzerakoan salbuespenik egin behar denik. Izan ere, berrerabiltzera berariaz zuzendutako determinazioak daude eta soluziobideak kontserbazioaren eta balioestearen mendean daude uneoro, horretarako beharrezkoak diren elementuek baldintzatuta.

Horregatik guztiagatik, alegazioak ez duela espediente-aldaketarik justifikatzen jotzen dugu.

Ondorioz, uztailaren 3ko Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 11.1 eta 12. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena aztertu ondoren, eta Kultura sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko martxoaren 3ko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Bilboko Grandes Molinos Vascos higiezina (Bizkaia) kultura ondasun deklaratzea, monumentu kategoriarekin.

2. artikulua.- Ondasunaren mugaketa Dekretu honen I. eranskinean ezarritakoa izango da, bertan adierazitako arrazoiak oinarri dituela.

3. artikulua.- Sailkatutako ondasunaren deskribapena egitea, kultura ondarearen alorrean indarrean dauden legeek diotenaren arabera, Dekretu honen II. eranskinean adierazitako eran.

4. artikulua.- Bilboko Grandes Molinos Vascos (Bizkaia) higiezinaren babes-araubidea onartzea, Dekretu honen III. eranskinean adierazitako eran.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Euskal Kultura Ondareari atxikitako Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistroan inskribatuko du Kultura Sailak Bilboko Grandes Molinos Vascos higiezina (Bizkaia).

Bigarrena.- Kultura Sailak dekretu honen berri emango du Jabetza Erregistroan, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 26. artikuluan ezarritakoa betetzeko, eta, horrekin batera, interesdunei eta honako erakunde hauei jakinaraziko die: Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei, eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari.

Hirugarrena.- Kultura Sailak eskaera egingo dio Bilboko Udalari udal hirigintza-araudia egokitu dezan monumenturen babes-araudiak ezartzen dituen betebeharretara, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12.2 artikuluak hala xedatzen duelako.

Laugarrena.- Argitara dadila dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean, jende guztiak horren berri izan dezan.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Monumentuaren mugaketak hartzen duen eremuan egin beharreko esku-hartzeek aldez aurretik Bizkaiko Foru Aldundiko organo eskudunen baimena beharko dute, eta baimen horren ondotik eskuratu behar da udal lizentzia, halaxe xedatzen du-eta Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 29.1 artikuluak.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Dekretu honek administrazio-bidea amaitzen du. Beraz, aurretik bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango diote interesdunek Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo bestela zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko jurisdikzio horretako salan bi hilabeteko epean, azkenekoz argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.

Bigarrena.- Dekretu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan sortuko ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko martxoaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.

I. ERANSKINA

MARTXOAREN 3KO 54/2009 DEKRETUARENA

MUGAKETA

Mugaketaren esparrua.

Agiri honi atxikitako planoan grafiatu da babestutako ingurunearen mugaketa, eta Grandes Molinos Vascos enpresak hartzen duen lursail osoa jasotzen du, gutxi gorabehera.

Mugaketaren justifikazioa.

Honako hauek barne hartzen dira mugaketa horretan: irindegiaren instalazioak, eraikin nagusia eta lehenagotik zeuden beste eraikin batzuk, atzera enpresak erabiliak (Real Astillero de Zorroza-renak zirenak).

II. ERANSKINA

MARTXOAREN 3KO 54/2009 DEKRETUARENA

DESKRIBAPENA

Kadagua eta Ibaizabal ibaiek bateratzean osatzen duten Zorrotzako Puntan kokatu zen Grandes Molinos Vascos enpresa 1920. urtean, Euskadiko ontzigintzan zentrorik garrantzitsuenetako bat izan dena betez, hain zuzen. Izan ere, eremu horrek hartzen zuen Zorrotzako Ontziola XV. mendetik.

Federico de Ugalde arkitektoak proiektatu zuen eraikuntza nagusia 1924. urtean bukatu zuten eraikitzen, eta bertan, labore-biltegia eta ehotzeko lantegia kokatu ziren. L formako eraikina da. Ezkerraldeko hegalean, motzenean, siloak kokatu zirenez ez dago solairurik. Eskuinaldeko hegaleko 5. solairutik, siloen dorrera hel daiteke eskailera batzuetatik. Gainera, pabiloiaren aurrealde eta atzealdeko fatxadetan bi markesina daude itsatsirik. Siloak, oinplanoa baino irtenago daude eta fazetadun zirkuluerdiak osatzen dituzte. Eraikinak 5 solairu eta bi dorre ditu, eskuinaldeko solairu bakoitzak bi hormarte eta ezkerraldeko dorreak espazio bakun bat osatzen duela. Eskuinaldeko solairu bakoitzaren azalera 600 m2-koa da. Lantegiak adinako luzera eta 12 metroko zabalera zeukan patio bat zegoen porturantz. Han trenbide estu eta zabaleko bagoiak sartzen ziren. Patio hau harlanduzko hormaz inguratua zegoen, Portu Autonomotik desjabetu zuten kordeldegiaren egitura bereko hormaz.

Eraikuntzaren ezkerraldeak 23 silo hartzen ditu, hamabost beste zortziak baino handiagoak, eta bosteko hiru errenkatan lerrokaturik kokatu zituzten. Handiek bost metroko diametroa dute eta 75 Tn. ale sartzeko tamaina.

Eraikinaren egitura hormigoi armatuzkoa da, eskuineko hegalean, solairuetan, erdigunean lau pilareko lerroa agertzen da, solairua bi hormartetan banatuz, pilare horien jarraipena perimetroko itxitura-hesian pilastra batzuk bilakatzen direlarik. Horma hauek zatika kokaturiko hormigoi armatuzkoak dira. Eraikinaren estalkia bi uretara dago eratua, hasiera batean teila lauzkoa zen eta egun uralitazkoa, zurezko oholeriaren gainean ezarrita, egurrezko pendoloi arruntak dituen zinbrietan sostengatuz. Kanpoko aldetik hegaletan egurrezko tirante batzuk ikus daitezke.

Eraikinaren sarbidea erdiko patiora eta portuko bost karga-nasetara jotzen duten sei karga-tunelen bitartez gauzatzen da. Aurreko eta atzeko fatxadei atxikita dauden aterpe batzuek babesten dituzte nasak.

Pabilioiaren fatxadan bano ugari dago zabalik, baina ez siloen aldean. Aurreko fatxadan sei leiho-ardatz daude eta atzeko fatxada ibairantz gorputz horizontal baten gisara antolatzen da, non komunikazioen dorrea kokatzen baita zertxobait deszentraturik, aurreko fatxadako modu bereko hutsuneak errepikatuz, eraikuntzaren altuera guztia hartuz, azpadura bertikaletan.

Eraikuntzaren barruan zenbait eskailera aurkitzen dira eta dorrearen gorputzean karga-igogailu batzuk.

Grandes Molinos Vascos enpresaren lursailak, Astillero Real de Zorrotza-k erabili zituen hainbat egitura gordetzen ditu oraindik ere. Azken urteetan ere berrerabili diren horien artean, honako hauek nabarmen daitezke:

- Kordeldegi zaharra zegoen eraikina edo Soka Lantegia. XVIII. mendeko azken laurdenean eraiki zuten. 400 metro luze eta 13 metro zabal izan omen zituen jatorrizko eraikinak. Bertan, ontzietarako sokateria egiten zen, kalamua irun eta txirikordatuz. 200 bat lagun jarduten ziren lan horretan. Gaur egun, 70 bat metroko luzerako zatia baino ez dago, ipar-iparraldean zegoena. Gainera, kontserbazio-egoera aintzat hartzen badugu, bi segmentu bereiz ditzakegu. Lehenengoak, iparraldeko muturretik hasita, 30 metroko luzeradunak, egoera onean ditu itxuraz jatorrizkoak diren 3 fatxadak, barrualde zein kanpoaldetik, zein estalkiaren zurezko egitura. 40 metroko bigarrenak, berriz, jatorrizko eraikinak baino 2/3 altuago ditu hormak, estalita. Hormen azken heren hori eta estalkia berriagoak dira, eta baliteke errotak abiarazi zirenean edo ondoren eraiki izatea: jatorrizko hormek hormigoi armatuzko egitura bati eusten diote, eta horri esker, bao handiak egin ahal izan zituzten zabaletara. Hormigoi armatuzko egituran, gainera, jatorrizkoen ordez jarri ziren metalezko zinbriak ere oraindik hortxe daude.

Barrutik, zati biek eremu jarraitu eta bakuna dute, garai bateko solairuak galduta baitaude, baina, hormetan utzi dituzten arrastoen arabera, iparraldeko zatian, behintzat, hiru ziren soaliru horiek. Bi isuriko estalkia dute, luzetarakoa, jakina, eta iparraldeko muturrean triangelu-formako isurki txiki bat dauka, iparralderantz hormapiko handiegia jartzea saihestuz.

Harlangaitzezko hormez eginak daude eraikinaren fatxadak, eta harlandua bao eta ertzetarako baino ez da erabili. Hormek ez dute zabalera bera altuera osoan, zenbat eta gorago, orduan eta estuagoak baitira. Hormaren barrualdetik estutu dira hormak, eta hurrengo solairuaren irtenguneari eusteko erabiltzen zen. Leihoburudun baoak hiru estaitan daude banaturik, 7,5 bat metrora denak, eta goitik behera lerrokatuta daude.

Ybarra y Cía. Enpresak erabiltzen zuen eraikin hau XIX. mendearen amaiera aldera. 1923ko urtetik 1924ra bitartean, eraikinaren zati handi bat eraitsi zuten. Iraun duen zatiaren hegoaldeko muturrean, Molinos Vascos-erako sarbidearen ondoan, fatxada berri bat egin zen, eta horretan, bao handiak ireki ziren zabaletara. Sarrera honen erdi-erdian, egun oraindik antzeman daitekeen autoentzako sarbidea zegoen, eta alboetan, oinezkoentzako beste bi estuago.

- Iparraldeko itxitura-horma eta sarbidea. Francisco de Oleagaren 1787ko plano batean ageri den bezalaxe mantendu da Astilleros Reales de Zorroza-ren instalazioen iparraldeko itxitura-horma. Plano haren arabera, barrualdeko luzera osoan, horma horrek teilape bati eusten zion. Halaber, bertan jarraitzen dute barrutirako sarbide nagusia omen zenak zituen harlanduek. Planoaren arabera, gainera, hiru pinakuludun arku eta erlaitz batek estaltzen zuten sarbide hori.

- Iturria edo putzua, Grandes Molinos Vascos enpresaren eraikinaren eta iparraldeko itxitura-horma horren artean kokatuta dago.

III. ERANSKINA

MARTXOAREN 3KO 54/2009 DEKRETUARENA

BABES ARAUBIDEA

I. KAPITULUA

BABES-ARAUBIDEAREN XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.- Babes-araubidearen helburua.

Babesteko araubide hau Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 12. artikuluan esaten denaren arabera idatzi da.

2. artikulua.- Aplikazio-esparrua.

Ondoren zehazten den babes-araubidea, hurrenez hurren, I. eta II. eranskinetan ezarritako mugaketaren eta deskribapenaren arabera aplikatuko da.

3. artikulua.- Babes berezia behar duten elementuak zehaztea.

Babes berezia honako elementu hauek izango dute: laborea biltegiratu eta ehotzeko solairudun lantegiaren eraikin nagusiak (Federico Ugaldek 1924. urtean proiektatutakoak); Kordeldegia zegoen eraikinak edo soka-lantegiak; Reales Astilleros ontziolak zeuden lursaila iparraldetik ixteko horma, eta ate zaharraren aztarnak; putzua edo iturria, eta ontziola zaharretako gainerako elementu interesagarri guztiak.

4. artikulua.- Izaera loteslea.

Babes-araubide honetako manuek lotzeko indarra izango dute, eta eraikina araudi horiek begiratuz kontserbatu beharko da. Era berean, araubide honetako manuek lotu egiten dituzte hirigintza-plangintzako tresnak, eta, beraz, tresna horiek ere bete egin beharko dute babes-araubide hau, Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legeak 28.1 artikuluan ezartzen duen bezala. Aipatu lege-arau hori betetzeko, babes-araubide honen helburu den eraikinari aplikatu beharreko hirigintza-planeamenduak nahitaezkoa izango du onartu aurretik Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren aldeko txostena lortzea.

5. artikulua.- Manu orokorrak.

1.- Babes-araubide honek babesten duen ondasuna Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legean ezarritakoaren menpe egongo da baimen, erabilera, jarduera, defentsa, zehapen, arau-hauste eta bestelakoei dagokienez.

2.- Babes araubide honen eraginpean dagoen ondasunaren jabeek Euskal Kultura Ondareari buruzko 7/1990 Legearen 20. eta 35. artikuluek eta Lurzoruaren 6/1998 Legearen 19. artikuluak ezartzen dituzten kontserbazio-, zaintza- eta babes-betebeharrak bete beharko dituzte.

3.- Ondasuna osorik edo horren zati bat botatzea Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 36. artikuluan xedatutakoaren arabera baino ezin izango da baimendu.

II. KAPITULUA

ERABILERAK

6. artikulua.- Baimendutako erabilerak.

1.- Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 23. artikuluan xedatutakoa betetzeko, ondorengo erabilerak baino ez dira baimenduko: eraikinaren ezaugarrietara egokitzen direnak eta higiezina modu egokian zaintzen uzten dutenak, eta horrekin batera, babesteko araubide honen 3. artikuluan aipatzen diren elementuetarako babes zuzen eta berezia eskainiko duten erabilerak.

2.- Debekatuta egongo dira aurreko pasartean sartzen ez diren gainerako erabilera guztiak.

7. artikulua.- Arauei egokitzea, hala nola irisgarritasunari buruzko legeari, eraikuntzari buruzko oinarrizko arauei, instalazioen erregelamenduei, jarraibide tekniko osagarriei eta beste batzuei.

Babestutako ondasunean egokitutako erabilera berriek eta burututako jarduerek, gai honen inguruan indarrean dagoen araudiko irizpideez gain, Babes Araubide honen III. Kapituluan ezarritako mugak beteko dituzte.

III. KAPITULUA

ESKU HARTZEKO ARAUBIDEA

1. ATALA

ESKU HARTZEKO IRIZPIDE OROKORRAK

8. artikulua.- Esku hartzeko proiektuak.

Babes araubide honen xede den ondasunean inolako esku-hartzerik egin aurretik, dagokion esku hartzeko proiektua egin beharko da. Proiektu horrek ondorengo edukia izan beharko du:

a) Eraikinaren egungo egoeraren analisi-lana, haren deskripzioa eta kontserbazio-egoeraren azterketa eginez; azterlan horrek diagnosiaren, ondorioen eta jarduteko oinarrizko gomendioen txosten bat ere eduki behar du.

Analisi-lan horretan, deskripzioari dagokion atalean, oinen, altxaeren eta sekzioen dokumentazio grafikoa sartu beharko da 1/50 eskalan gutxienez, eta arkitektura-zehaztasunena 1/20 eskalan; orobat, dokumentazio fotografiko osoa, plano historikoak, eta abar ere sartuko dira eta, gainera, egitura-sistemaren berri jaso beharko da zehaztasun osoz, neurriak eta akotazioak adieraziz. Dokumentazio horrekin batera azalpen-memoria bat aurkeztuko da, eta, hala badagokio, dagokion bibliografia ere bai.

Kontserbazio-egoeraren analisia erabateko analisi-lanaren eranskin edo gehigarri moduan aurkez daiteke. Honako hauek eduki beharko ditu, besteak beste: egitura-sistemari eragiten dioten edo eragin diezaioketen patologien azterlana eta elementu horiek zaintzeko aurreikusten diren neurriak.

b) Honako hauek deskribatuko dituzten dokumentu grafikoak: zer esku-hartze egin behar den, zein material erabiliko den, lanak burutzeko aldiak eta proiektua amaieran nola geratuko den, eta, hori, eskala egokiak erabiliz adierazita, gutxienez aurreko atalean aipatutakoen antzekoak erabiliz.

c) Honako hauek azalduko dituzten idatzizko agiriak: egin beharreko esku-hartzearen helburuak, zein lan egingo diren eta zein teknika erabiliko diren, materialak zehaztuz eta gainerako osagaien ondoan zer egonkortasun izango duten eta elkarri nola eragingo dioten aztertuz.

d) Eraikinaren bizitza ziurtatzeko eta behar bezala mantentzeko beharrezko teknikak eta baliabideak zehaztea.

e) Esku-hartzearen aurrekontua, lanak babes-araubide honetako manuen arabera behar bezala gauzatzeko behar diren teknika eta bitarteko guztiak kontuan hartuta.

9. artikulua.- Debekatutako esku-hartzeak.

Eraikinetan egin daitezkeen esku-hartzeak mugatuta daude, eraikinaren balio historiko-arkitektonikoak babeste aldera. Hori dela eta, babes berezia behar duten oinarrizko elementuen ezaugarriak aldatuko lituzketen obra edo esku-hartzeak debekatu egin dira, ezaugarri horiek ematen baitiete balioa, Babes Araubide honetako 3. artikuluan aipatutako eraikinei.

Oro har, ezin izango dira egin segidan aipatzen diren esku-hartzeak, ezta eraikinaren balio historiko-arkitektonikoei kalte egin diezaieketenak eta babes-araubide honetako beste edozein xedapenen kontra doazenak ere. Hartara, jarduera hauek debekatuta egongo dira berariaz:

1.- Eraikinen bolumena aldatzea.

2.- Jatorrizko eraikinei erantsitako eraikuntzekin zerikusia duten azalera-aldaketak, edo oinaren luzera edo zabalera handitzea.

3.- Aldaketak egitea fatxadetan edo horien osagaietan, deskribatutako eraikinen jatorrizko antolaeran edo fatxadako hutsarteen kopuruan. Izan ere horien jatorrizko forma, neurri eta proportzioei eutsi behar zaie.

4.- Estalkien jatorrizko antolaera aldatzea, esate baterako, etxea jasotzeko obrak, malda nahiz faldoiak aldatzea, bai antolaketan bai kopuruz.

5.- Egitura-antolaketa orokorra aldatzea.

6.- Babes-araubide honetako 3. artikuluan aipatutako babes bereziko elementuei dagokienez, estilo-eransketak egitea, baita obra amaituaren itxura nolakoa izan den edo nola azaldu behar duen aditzera eman dezaketen dokumentu grafiko edo plastikorik egon arren ere.

7.- Oro har, babes-araubide honetako 2. atalean (esku hartzeko irizpide espezifikoak) aipatzen ez diren esku-hartze guztiak, babes berezia duten elementuen gain egin beharrekoak.

2. ATALA

ESKU HARTZEKO IRIZPIDE ESPEZIFIKOAK

10. artikulua.- Esku hartzeko irizpide espezifikoak.

1.- Babes-araubide honetako 3. artikuluan babes bereziko modura aipatutako elementuetan, 317/2002 Dekretuan berriztapen zientifikorako ezarritako lanak bakarrik egin ahal izango dira. Dekretu horrek ondare urbanizatu eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen ditu.

2.- Eraikinei erabilera berria ematen baldin bazaie, egokitze-lanek ezingo dituzte egitura-antolaketaren ezaugarriak aldatu.

3.- Baimentzen diren obretarako beharrezkoa izango da baldintza hauek betetzea:

a) Saihestu egingo dira eraikinaren kanpo-ehundura edo akaberen osaera ezin berreskuratzeko moduan alda dezaketen garbiketa-tratamenduak. Garbitzen hasi aurretik eta materialen osaera aztertu ondoren, elementurik ahulenak babestu egingo dira eta zirrikitu eta junturak itxi egingo dira.

b) Harrizko hormak egoera txarrean edo hondatuta badaude, horiek nola sendotu aztertuko da, erabil daitezkeen teknika guztiak aintzat hartuta. Horma desmuntatzea edo berreraikitzea saihestuko da, non eta horiek ez diren aukera bakarrak.

c) Instalazioak: instalazioen garraiobideak erraz iristeko modukoak izango dira eta, aldi berean, ez oso agerikoak.

d) Ondare babestuan egindako esku-hartze orotan, etorkizuneko zaharberritzeko esku-hartzeak oztopatuko ez dituzten teknika eta materialak erabiliko dira. Babestutako ondasuna zaharberritzeko egin beharreko lanen ardura profesional eta enpresa espezializatuei emango zaie, lan horiek egiteko behar den gaitasun teknikoa badutela erabateko bermeekin egiaztatzen dutenei, hain zuzen.

11. artikulua.- Baimenduko diren eraikitzeko esku-hartzeak.

Baimendutako esku-hartzeak ondorengoak izango dira, baina eraikinaren elementu tipologiko, formal eta egiturazkoak errespetatzekotan beti:

a) Arkitektura-espazioa zaharberritzea eta aldatutako zatiak leheneratzea, ondokoen bitartez:

- Barneko edo kanpoko fatxaden zaharberritzea.

- Ontziolak hartzen zuen lursaila ixteko hormak eta horretarako sarbidea zaharberritzea.

- Barne-espazioak zaharberritzea.

- Eraitsitako edo behera botatako eraikinaren zatia edo zatiak berreraikitzea, lengoaia eta material harmonikoa baina aldi berean bereizia erabiliz.

- Barne-espazioen jatorrizko banaketa eta espazio-antolaketa gordetzea eta leheneratzea.

- Eraikuntza-unitatearen zati diren lur eraikien jatorrizko egoera gordetzea edo leheneratzea. Horien artean ditugu, eraikinak hartzen dituen eremuaren historia hobeto ulertze aldera, I. eranskinean ezarritako mugaketaren barruan direnak. Horretarako, materialen (garia edo irina) zamaketa-lanekin zerikusirik duten eremuetan ez da eraikuntzarik egingo, ezta kordeldegia hartzen zuen eraikina eta honek Ontziolarekin zuen zerikusia behar bezala ulertzea eragotz dezakeen bestelakorik.

b) Eraikina finkatzea, berreskuratu ezin diren zatiak ordezkatuz, ondoko egitura-elementu hauen kokalekua edo kota aldatu gabe:

- Kanpoaldeko eta barrualdeko euste-hormak.

- Egurrezko egitura.

- Hormigoi armatuzko egitura, siloak barne.

- Metalezko egitura.

- Eskailerak.

- Estalkia, jatorrizko estaldura-materiala berrezarrita.

c) Eranskin itsusgarriak kentzea, baita interesik ez duten edo eraikinaren, eraikuntza unitatearen edo berorren ingurunearen jatorrizko ezaugarri arkitektonikoekin bat ez datozen obra guztiak desegitea ere. Horiek kentzen ez diren bitartean honako esku-hartzeak bakarrik baimenduko dira: 6/1998 Legearen, Lurzoruaren Legearen, 19. artikulutik, higiezinak kontserbatzeko betebeharraren ingurukotik, eratorritakoak, eta abenduaren 30eko 317/2002 Dekretuak, ondare urbanizatua eta eraikia birgaitzeko jarduketa babestuak arautzen dituenak, definitutako kontserbazioaren eta apaingarrien inguruko esku-hartzeak.

d) Oinarrizko instalazio higieniko-sanitarioak jartzea, betiere babes-araubide honetako gainerako manu guztiak errespetatuz.

e) Erabilera berritara egokitzeko espazioen banaketa eta barne-antolaketa aldatzea, betiere eraikinen (siloak barne) sostengu-egituran, eragiten ez bada.

f) Hondatutako bestelako akabera-elementuren bat konpontzeko obrak.

g) Barruko lanak: entokatua eta pintura; zoladurak eta sabaiak egin eta konpontzea; zurgintzako barne lanak; iturgintzako lanak, berogailua jartzea eta fumisteria-lanak egitea, sukaldeak eta aparatu sanitarioak aldatzea eta abar, betiere hori ez bada babesteko araubide honen aukakoa.

h) Irisgarritasunaren alorrean indarrean dagoen araudia aplikatzeko behar diren instalazioak jartzea, era honetan: irin-fabrikan, pertsona zein materialetarako, goitik beherako komunikaziorako dauden baoak erabili beharko dira.

i) Babestutako ingurunean eraikuntza berriak egitea. Beharrezkoak diren eraikuntzak eraiki ahal izango dira, betiere, antzina hartutako eremuak aprobetxatuz eta honako baldintza hauek betez: orubeko eraikuntza-aldi ezberdinak bereizten lagunduko duten lengoaia, eraketa eta materialak erabiliko dira; suertatzen diren bolumen eta formei dagokienez, 3. artikuluan deskribatutako babes bereziko elementuenei eutsiko zaie; Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 28.1. artikuluan aipatutako txostena egin beharko da, eta horretan, edozein jarduketaren inguruko harmonia-mailari buruzko azterketa barne hartu.

12. artikulua.- Ondasun babestua berreraikitzeko edo berreskuratzeko esku hartzeak.

Aurreko artikuluan ezarritakoa betez erabat, babestutako ondasunak nolabaiteko hondamena pairatuz gero, ondasun hori leheneratzeko lanak egiteko teknikarik aurreratuenak eta ziurrenak erabiliko dira, ondasunaren kultur balioen babesik eta ulermenik handiena bermatzen dutenak, hain zuzen. Esku-hartze horiek, oro har, irizpide hauen arabera egin beharko dira, betiere egokitzat jotako teknika aurreratuenak bide diren horien arabera beste irizpide batzuk hartu behar ez badira:

1.- Dokumentu bidez egiaztatutako egitura-zatiak leheneratzeko lanak egiteko, leheneratu beharrekoaren ingurunea argi zehaztuko da, eta bestelako materiala erabiltzea hobetsiko da. Material hori harmonikoa izango da eta lehen begiratuan zaharretik bereizteko modukoa, batez ere zati zaharrekin bat egiten duen puntu horietan.

2.- Zatikatuta dauden lanen dekorazioa berrosatzeko, eta zatiren bat galdu duten lanak finkatzeko, hutsune txikiak berreraikiko dira lehen begiratuan erraz bereizteko moduko teknikak erabiliz, edo jatorrizko zatiekin maila ezberdinetan lotzen diren gune neutroen bidez, edo jatorrizko euskarria agerian utziz. Baina, batez ere, gune figuratiboak ez dira inoiz «ex novo» leheneratuko, ez eta obraren figurazioari eragiten dioten elementuak sartuko ere.


Azterketa dokumentala