Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2009ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
Kultura Saila
1441

AGINDUA, 2009ko martxoaren 4koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena eta Kultura sailburuarena, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako aurtengo deialdia egiteko dena.

Euskadiko gazteen artean elkartasuna indartzeko eta kontuan hartuta Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek azken urteotan hegoaldeko herriak garatzen laguntzeko bultzatu dituzten lankidetza-jarduerak, egokitzat jo da 1993. urtean eratutako Euskadiko Gazteak Lankidetzan programari jarraipena ematea.

Euskadiko gazteak garapenerako elkarlanean sentsibilizatzea da aipatutako Programaren helburua. Aurtengo ekitaldi honetan ere, Euskadiko gazteak lankidetza kontzeptura hurbil daitezen lortu nahian jarraitzen dugu, era berean, ekintza horiek nola burutzen diren bertatik ezagutzeko aukera emanez. Horretaz gainera, esperientzia hori informazio eta orientazio jardunaldi batzuen bidez zabaldu eta osatuko da.

Euskadiko Gazteak Lankidetzan deritzon programa garapenerako lankidetzaren arloari zein gazteria arloari lotuta dagoenez, zerikusia du bai Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren jardun arloekin, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren bidez, bai Kultura Sailaren jardun-arloekin, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren bidez. Beraz, ekitaldi honetan bidezko da sail biek batera jokatzea, programaren deialdia egiteko.

Horrenbestez,

EBATZI DUGU:

1. artikulua.- Helburua.

1.- Agindu honen bitartez 2009ko ekitaldian Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako dei egiten da, bai eta bertan parte hartzeko modua arautu ere. Programaren xedea da, instituzioek eta garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek antolatuta, lankidetza jarduerak martxan dauzkaten hegoaldeko herrialde jakinetara 20 eta 30 urte bitarteko 100 pertsona gehienez, joateko erraztasunak ematea.

2.- Programa honen laguntza gauzatan mamituko da, ez dirutan. Alegia, pertsona onuradunak ez du zuzenean jasoko aurreko puntuan adierazitako gastuen diru-kopurua, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak kudeatuko baititu laguntzari dagozkion bidaia-txartelak eta gainerako prestazioak.

2. artikulua.- Zuzkidura.

Bidaia-gastuetarako eta, hala badagokio, hautatutako pertsonak destinoko herrialdean sartzeko bisaren gastuetarako programa honek 2009ko ekitaldirako guztira duen gehieneko zenbatekoa 140.000 eurokoa da. Zenbateko hori handitu egin ahalko da agindu honen Xedapen Gehigarrian zehaztutakoaren arabera. Kopuru horretatik kanpo dago hautatutako parte-hartzaileen istripu eta gaixotasun poliza.

3. artikulua.- Bete beharreko baldintzak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio orokorrak edo bere erakunde autonomiadunek onuradunari ezaugarri bereko beste laguntza edo diru-laguntzaren batzuk eman badizkiote eta horiek itzultzeko edo zigortzeko prozesuren bat oraindik ere izapidetzen ari bada, diru-laguntzaren esleipena eta, hala badagokio, ordainketa egoera hori konpondu arte baldintzatua egongo da.

2.- Horrez gain, eskatzaileek ondorengo baldintzak ere bete behar dituzte:

a) 2009ko urtarrilaren 1a baino lehenagotik Euskal Autonomia Erkidegoan egoitza izatea edo, bestela, euskal izaera politikoa izatea, Autonomia Estatutuaren 7. artikuluan ezarritakoaren arabera.

b) 2009ko urtarrilaren 1ean 20 urtetik gorako adina izatea eta 2009ko abenduaren 31ra arte 31 urtetik beherakoa izatea.

c) Jarduera egingo den herrialdean hitz egiten duten nazioarteko hizkuntza jakitea.

d) Ezingo dute deialdi honetako diru-laguntzarik eskatu laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik duten pertsona fisiko zein juridikoek, ezta ere horretarako gaitasuna kentzen dien legezko debekurik, sexu-bereizkeriaren ziozko zigor administratibo edo penalak barne hartuta, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen Azken Xedapenetatik seigarrenaren indarrez (II. eranskina).

4. artikulua.- Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izango da, deialdia arautzen duen Agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

5. artikulua.- Eskabideak eta aurkeztu beharreko agiriak.

1.- Eskabideak bi modutara egin daitezke: bai on line, bai deialdi honen I. eranskinean txertatzen den inprimaki ofiziala aurkeztuta.

a) Eskabidea on line eginez gero, www.gazteaukera.euskadi.net atari gaztean aurki daitekeen formulario elektronikoa bete beharko da. Eskabide elektronikoak KZgunea zentroen saretik ere igorri ahal izango dira.

Edozein kasutan ere, formularioa elektronikoki bete eta bidali ondoren, eskatzaileak bere izenemate-eskabidea (PDF) inprimatu beharko du, aurrehautatua izanez gero, eskabide hori sinatuta aurkeztu beharko baitu.

b) I. eranskinean txertatuta dagoen inprimaki ofiziala aurkeztea erabakiz gero, inprimaki ofizial hori Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan aurkeztuko dira (Donostia kalea 1, Vitoria-Gasteiz; Kale Nagusia 85, Bilbao; Andia kalea 13, Donostia-San Sebastián) zuzenean edo 30/1992 Legean ezarritako edozein bidetatik (30/1992 Legea, azaroaren 26koa, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena), beti ere Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariari zuzenduta.

2.- Aurrez hautatutako pertsonak, hautaketa aldiko biltzarra hasi baino lehen, eskabide orrian adierazitako merituak agirien bidez egiaztatu beharko ditu. Halaber, laguntza publikoak lortzeko zigor administratibo edo penalik ez duela, eta horretarako gaitasuna kentzen dion legezko debekurik ere ez duela dioen adierazpena aurkeztu beharko du (II. eranskina).

Hori egin ezean, eskabidea ezetsitzat joko da.

6. artikulua.- Akatsak zuzentzea.

Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak eskabidean zerbait gaizki dagoela edo zerbait falta dela ikusten badu, hamar eguneko epea emango dio interesatuari akatsa zuzentzeko edo aurkeztu beharreko agiriak aurkezteko, eta ohartaraziko dio eskatutakoa bete ezean eskabidea ezetsitzat joko dela. Uko-egite hori ebazpen baten bidez gauzatuko da.

7. artikulua.- Hautaketa Batzordea.

1.- Parte-hartzaileak aurrez proposatzeko eta, ondoren, azken hautaketa-proposamena egiteko, Hautaketa Batzordea eratuko da. Hautaketa Batzordeko kideak hauek izango dira:

- Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako burua, edo berak izendatutako pertsona bat. Batzordeburua izango da eta, kalitate botoa izanik, azken hitza izango du boto berdinketa gertatuz gero.

- Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzako teknikari bat, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Garapen Lankidetzarako zuzendariak izendatua.

- Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko ordezkari bat, kontseiluak proposatua eta Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak izendatua.

- Garapenerako lankidetza-programetan diharduten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeetako hamar ordezkari, gehienez, Kultura Sailak proposatuak eta Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak izendatuak.

- Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzako teknikari bat, idazkari gisa, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak izendatua; hitza izango du baina ez, ordea, botorik.

Hautaketa Batzordeak, egoki iritziz gero, arlo horretako beste aditu batzuei ere eska diezazkieke aholkuak eta laguntza. Laguntzaile horiek, ordea, hitza bai baina ez dute boto eskubiderik izango.

2.- Batzordekideak abstenitu egingo dira edo errefusatu egin daitezke, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 28. eta 29. artikuluetan ezarritakoari jarraituz.

3.- Hautaketa Batzordearen osaera Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren berariazko ebazpen baten bitartez jakinaraziko da.

8. artikulua.- Hautaketa prozedura.

1.- Hautaketa prozedurak hiru fase ditu: aurrehautaketa, hautaketa eta informazio eta orientazio aldia.

Batzordeak, aurrehautaketa proposatzerakoan, gehienez jota 170 parte-hartzaile aukeratuko ditu hautaketa prozesuaren bigarren faserako, eta honako ezaugarri hauek baloratuko ditu:

a) Aurten egiten ari diren lankidetza jardueretarako egokienak izan daitezkeen titulazio akademikoak, lanbide ezagutzak eta bestelako ikasketak, % 30 gehienez.

Nahiz eta lanbide bat edo bestea izatea baztertzailea ez den, hauek dira lankideek parte hartuko duten garapen proiektuetarako pertsona egokienak:

- informatikariak

- ekonomilariak

- kontulariak

- medikuak

- farmazialariak

- erizainak

- osasun-laguntzaileak

- pedagogoak

- begiraleak/gizarte-hezitzaileak

- sistema-ingeniariak

- industria ingeniariak

- agronomoak

- psikologoak

- elebitasunean adituak diren hezitzaileak

- albaitariak

- tornero mekanikoak

- argiketariak

- arotzak

- iturginak

- gizarte-langileak

- diseinugile industrialak

- nutrizionistak.

b) Garapenerako Lankidetzarekin zerikusia duten esperientziak eta jakintza-arloak, % 20 gehienez.

c) Garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bateko borondatezko kide izatea (bertan betetzen den kargua adierazi behar da), % 20 gehienez.

d) Gazte-elkarte batekoa zein helburu soziala duen beste erakunde bateko borondatezko kide izatea (bertan betetzen den kargua adierazi behar da), % 30 gehienez.

Batzordeak, egoki iritziz gero, elkarrizketa pertsonala egin diezaieke hautagaiei aipatutako gai horiei buruz eta bakoitzak aurkeztutako dokumentazioaren arabera.

2.- Prozeduraren bigarren fasea edo hautaketa-fasea aurrez aukeratutakoekin egin beharreko batzar-egonaldia da, barnetegi batean hiru egunez nahitaez egin beharrekoa, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan. Egonaldi horretan Batzordeak 100 lagun aukeratuko ditu gehienez, hirugarren fasera pasa daitezen, eta horretarako honakoak baloratuko ditu:

a) Aurrez hautatutako pertsonen egokitasuna, batzarrean egindako proben emaitza aintzat hartuta: % 50 gehienez.

b) Aurrez hautatutako pertsonek zenbaterainoko ezaugarri egokiak dituzten ala ez garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek deialdi honetarako aurkeztutako lankidetza-ekintzetarako, barne hartuta ekintzotan integratzeko duten astia ere: % 50 gehienez.

3.- Hautaketaren hirugarren fasean (informazio eta orientazio aldian) beren proiektuetan gazteak hartuko dituzten gobernuz kanpoko erakundeek hiru formazio-jardunaldi eskainiko diete aukeratutako gazteei, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak ezartzen dituen baldintzetan, eta aukeratutako gazteek nahitaez parte hartu beharko dute formazio-jardunaldi horietan. Bertan, lankide boluntario moduan burutuko dituzten lankidetza-proiektuen gaineko informazioa eta orientazioa emango zaie hautatutako pertsonei.

4.- Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu batzar-egonaldi horietan sor litezkeen ostatu eta mantenu gastuak; aitzitik, ez ditu ordainduko batzar-egonaldietara joateko eskaintzen dituen garraiobide eta ibilbideak erabiltzen ez dituzten pertsonen garraio-gastuak.

9. artikulua.- Aurrehautaketa fasearen ebazpena.

1.- Batzordeak egindako aurrehautaketarako proposamena ikusita, Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak Ebazpena emango du zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak dagokion aurrehautaketarako proposamenaren berri ematen dionetik hasita. Ebazpen horretan, hautaketa faserako aurreaukeratutako partaideen zerrenda emateaz batera, fase hori non eta noiz egingo den zehaztuko da.

2.- Aurrehautatutako pertsonei banan-banan eta berariaz horren berri jakinarazteaz gainera, hautatutakoen zerrenda Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan jarriko da ikusgai, 9.1. artikuluan Ebazpena emateko jarritako epea bukatzen denetik aurrera; www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atarian ere argitaratuko da, interesdunek horretarako baimena idatziz emanez gero.

3.- Aurrehautaketa honetarako onartu ez diren eskabideak ezetsitzat joko dira.

10. artikulua.- Hautaketa prozeduraren ebazpena.

1.- Hautaketa prozeduraren bigarren fasean aurreikusitako egonaldia (aurreaukeratutako pertsona guztiei zuzendua) bukatu eta zazpi egun balioduneko epean, Batzordeak beraren iritziz egokienak diren gazteak proposatuko dizkio Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariari. Gehienez, 100 gazte aukeratuko dira, 8.2 artikuluan xedatutakoaren arabera. Batzordearen proposamena jaso eta zazpi eguneko epean, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak Ebazpen arrazoitua emango du, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programako lankidetza-ekintzetan parte hartzeko aukeratutako gazteen zerrenda adierazteko. Ebazpen horretan aukeratu ez diren gazteen zerrenda ere agertuko da.

2.- Lankidetza jarduera, ahal dela, uztailetik aurrera egingo da eta hiru bat hilabeteko iraupena izango du, salbu eta aparteko kasuetan, jardueraren tutore den garapenerako gobernuz kanpoko erakunde bakoitzarekin adostutako baldintzen arabera.

3.- Interesdunei, banan-banan, Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren Ebazpenaren berri emango zaie. Horretaz gainera, 10.1. artikuluan Ebazpena emateko zehaztutako epea bukatzen denetik aurrera, aukeratutakoen zerrenda EHAAn argitaratuko da, baita www.gazteaukera.euskadi.net gazte-atarian ere, interesdunek baimena idatziz emanez gero. Halaber, Lurralde Historikoetako Kulturako Lurralde Zerbitzuetan ikusgai jarriko da.

4.- Epea igarota, Kultura Saileko Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariak berariazko ebazpenik eman ez badu, eskabidea ezetsitzat jo ahal izango da, azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 44. artikuluaren arabera.

11. artikulua.- Lankidearen konpromisoak.

Garapen lankidetzako jardueran parte hartzeko aukeratutako gazte bakoitzak, aldez aurretik, Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzan aurkeztuko duen dokumentuan, honako hauek beteko dituela hitz emango du:

a) Hegoaldeko herrietan esperientzia hasi aurretik, garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreak antolatutako prestakuntza fasean parte hartuko du.

b) Bete beharreko jarduerak eskatzen duen bizimodura moldatuko da.

c) Jarduera egin behar den herrialdean egongo da, esperientzia-aldia bukatu arte.

d) Osasunari dagokionez emandako aholku guztiak beteko ditu.

e) Esperientzia-aldia bukatu ondoren, balorazio txostena aurkeztuko du; bertan, bizi izandako jarduera nolakoa izan den eta nola burutu den azalduko du eta, aurrerantzean antolatzen diren beste proiektu batzuetarako, akatsak eta hutsuneak nola konpon daitezkeen zehaztuko du.

f) Aurtengo egitasmoa amaitu ondoren, esperientzia bakoitzaren eta programaren garapenaren ebaluazio-jardunaldietan parte hartuko du.

g) Urte betez, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Eusko Jaurlaritzako Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eta Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak antolatutako sentsibilizazio-jardueretan parte hartzeko prest egongo da.

h) Gutxienez 30 ordu eskaintzea garapenerako gobernuz kanpoko erakunde tutoreari, bueltan iritsi eta biharamunetik kontatzen hasita 30 eguneko epearen barruan.

12. artikulua.- Ordainduko diren gastuak.

1.- Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu jarduera egin behar den herrialdeko garapenerako gobernuz kanpoko erakundearekin elkartu arteko bidaia-gastuak (joan-etorrikoak), herrialde horretara joateko behar den bisa barne. Halaber, Eusko Jaurlaritzak ordainduko ditu hautatutako parte-hartzaileetako bakoitzarentzako aseguruak: erantzukizun zibilari eta istripuei aurre egiteko asegurua eta bidaiako laguntzako asegurua.

Esperientzia bakoitzaz arduratzen den garapenerako gobernuz kanpoko erakundeak egindako proposamena eta bere baliabideak kontuan hartuta, jarduera-tokiko ostatu eta janari kontuak haren esku geratuko dira eta dituen bitartekoen araberakoak izango dira, beti ere, kasuan kasu, horretarako izenpetuko diren Hitzarmenetan ezarritakoak errespetatuz. Gazteak, bere baliabideak kontuan harturik, ahal duen neurrian lagunduko du gastu horiei aurre egiten.

13. artikulua.- Arauak onartzea.

Esperientzia honetan parte hartzeak berari dagozkion arau guztiak onartzea dakar. Boluntarioaren partaidetza, batez ere, berari egokitutako proiektuan garatzen diren zereginetan gauzatuko da, baita itzulitakoan ere, zeren eta 11. artikuluan ezarritakoaren arabera, garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek nahiz Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eta Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak antolatzen dituzten ekintzetan parte hartuko baitute.

14. artikulua.- Baldintzak ez betetzea eta eskubideak galtzea.

Hautatutako pertsonetako batek Agindu honetan ezarritako baldintzak errespetatu ezean, bete gabetzat joko da Agindua eta galdu egingo du zehaztutako onurak jasotzeko eskubidea. Halaber, Euskal Herriko Diruzaintza Nagusiari itzuli beharko dio bidaia- eta aseguru-gastuei dagokien diru-kopurua, baita horri dagozkion interes legalak ere, aldez aurretik azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuan, eta, hala badagokio, abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan adierazitako prozedurari jarraituz.

15. artikulua.- Kudeaketa.

Agindu honen bidez deitutako Programa kudeatzeko lanak Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzari dagozkio.

16. artikulua.- Datu pertsonalen tratamendua.

1.- Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen duten gazteen datuak Euskadiko Gazteak Lankidetzan izeneko fitxategian sartuko dira. Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritza da fitxategiaren arduraduna. Fitxategia Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatzeko baino ez da erabiliko, eta programa horretan parte hartzen duten garapenerako gobernuz kanpoko erakundeei jakinaraziko zaizkie datuak.

Gainera, programarako izena ematerakoan baimena ematen duten gazteen datuak Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzaren ardurapekoa den harremanetarako fitxategian sartuko dira. Gazteria eta Gizarte Ekintza Zuzendaritzak eskaintzen dituen zerbitzu eta programei buruzko informazioa gazteei jakinarazteko baino ez ditu erabiliko datu horiek.

Aipatutako bi fitxategiak Kultura Saileko eta HABEko datu pertsonalen fitxategiak arautzen dituen 2006ko uztailaren 27ko Aginduari jarraiki sortu dira (2006ko irailaren 11ko 173. zenbakiko EHAA), eta Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikopean daude.

2.- Bestalde, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programan parte hartzen dutenek beren datu pertsonalak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari eta Osasun eta Kontsumo Ministerioaren Atzerrirako Osasuneko Zuzendariordetza Nagusiari jakinarazteko baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintzako Zuzendaritzari, betiere jakinarazpen edo datu-lagatze hori Euskadiko Gazteak Lankidetzan programa kudeatu ahal izateko ezinbestekoa baldin bada.

3.- Hautaketa faseen ondoren, aurrez hautatutako edo betiko hautatutako pertsonen izen-abizenak argitaratuko ditu Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintzako Zuzendaritzak www.gazteaukera.euskadi.net web gunean, beti ere interesdunek horretarako baimena eman eta gero.

4.- Edozein modutan, Euskadiko Gazteak Lankidetzan programarako izena ematen dutenek baimena ematen diote Eusko Jaurlaritzako Kultura, Gazteria eta Kirol Sailburuordetzako Gazteria eta Gizarte Ekintzako Zuzendaritzari hautaketa prozesua emaitzak ezagutzera emateko EHAAn argitaratuko diren hautatuen edo hautatu ez dituztenen zerrendetan beren izen-abizenak sartzeko.

5.- Datu Pertsonalak Babesteko 15/1999 Lege Organikoan jasotzen den moduan, interesatuak bere datuak ikusi, zuzendu edo ezabatu ahal izango ditu, baita fitxategian ez sartzeko eskatu ere; horretarako, Eusko Jaurlaritzako Kultura Saileko Zerbitzu Zuzendaritzara idatzi beharko du (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

XEDAPEN GEHIGARRIA

Bigarren artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta hasieran aurreikusitako diru-kopurua gainditzen bada pertsona lankide boluntarioak hautatzearen ondorioz joan-etorriko txartela -eta, hala badagokio, herrialdean sartzeko bisa- erosteaz arduratzen den enpresa esleitzean. Zenbateko hori aldatu ahal izango da, halaber, Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Gazteria eta Gizarte Ekintza zuzendariaren ebazpen baten bitartez jakinaraziko da hori.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Kultura sailburuari agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta hilabeteko epean edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzitarako Salan, agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik hasi eta bi hilabeteko epean.

Bigarrena.- Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko martxoaren 4a.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Kultura sailburua,

MIREN AZKARATE VILLAR.

I ERANSKINA / ANEXO I

EUSKADIKO GAZTEAK LANKIDETZAN PROGRAMAN IZENA EMATEKO ESKABIDEA

SOLICITUD DE INSCRIPCIÓN EN EL PROGRAMA JUVENTUD VASCA COOPERANTE

(Véase el .PDF)

II. ERANSKINA / ANEXO II

(Véase el .PDF)


Azterketa dokumentala