Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

51. zk., 2009ko martxoaren 13a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaa
1437

AGINDUA, 2009ko otsailaren 24koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena et Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena Honen bidez, enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz lan-kontratua eten zaien Euskal Autonomia Erkidegoko langileentzat prestakuntzarako 2009ko ekitaldiko laguntza ekonomikoen deialdia egiten da.

Enpresa industrialek eta merkataritzako zati handi batek euren hazkunde-itxaropenak hein handi batean murriztuta ikusi dituzte, ekonomiaren geldialdiaren ondorioz, bereziki eskaria murriztu izanagatik eta gure ehundura industrialarentzat funtsezkoak diren herrialdeetan hazkunderik izan ez delako.

Egoera hori bereziki nabarmentzen ari da enplegu-erregulazioko espedienteen kopuruak asko egin baitu gora, ez kontratuen etetean, behin-behineko etenaldietan baizik.

Lan-erritmoak, ordutegiek eta familia eta lana onez bateratzeko beharrak eragin dute orain arte etengabeko prestakuntzaren garapena. Lan-jardueraren behin-behineko etenaldien abagune honek pertsonen prestakuntzan aukera berriak eskain ditzake, eta horrekin langileen eta bazkide langileen kualifikazio-maila hazten lagundu dezake. Hala, enpresen lehiakortasuna hobetzea ekarriko du horrek guztiak.

Hortaz, enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz lan-kontratua eten zaien langileen etengabeko prestakuntza sustatzea da deialdi honen helburua, langileen kualifikazio profesionala areagotzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko balioko duelakoan.

Enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz lan-kontratua eten zaien langileen prestakuntza-planak finantzatzeko eta aipatu prestakuntza-planetan probetxuz parte hartu duten langileei eta bazkide langileei laguntza indibidualak emateko balioko dute agindu honen bitartez araututako diru-laguntzek.

Adierazitako guztia kontuan hartuta, honakoa

XEDATU DUGU:

1. artikulua.- Deialdiaren xedea:

Agindu honen xedea da baimendutako enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) jasan duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresentzako laguntzak arautzea, baita Euskadiko Kooperatiben ekainaren 24ko 4/1993 Legearen 103.1. artikuluan xedatutakoekin bat datozen lan elkartuko kooperatibentzako laguntzak ere, izan ere, agindu honen xedeetarako enplegu-erregulazioko espedientea jasandako enpresatzat joko baitira, aurrez Lan Agintaritzan eskaera egin, txostena aurkeztu eta arrazoiak egiaztatu badira.

Modu berean, aipatu prestakuntza-planetan parte hartzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko langileei emateko diru-laguntza indibidualak ere arautzen dira, horrekin parte-hartzea sustatuko delakoan.

2.- Agindu hau garatzeko eskainiko den baliabide ekonomikoa 15.000.000 euro izango da guztira. Funts horiek Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioari transferituko zaizkio, ordainketa bakarrean, Agindu honetan zehaztutako laguntzak esleitzeko ebazpena hartutakoan.

Zenbateko hori moldatu ahal izango da, guztira eskatutako diru-laguntzak kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren laguntza-programak gauzatzerakoan agortu gabe gelditu diren aurrekontuen arabera, eta horiek ebatzi aurretik. Egoera horri buruzko jakinarazpena igorriko du Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Administrazio eta Zerbitzu sailburuordeak, ebazpen bidez.

3.- Aipatutako funtsen kontura enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz lan-kontratua eten zaien langileen eta bazkide langileen (sozietate kooperatiboen kasuan egiaztapen-espedientea medio) prestakuntza-planak finantzatuko dira, baldin eta horien finantzaketa aipatu espedienteen eragina izan duten enpresek eskatu badute, Agindu honen babesean eskatu bada, Aginduan zehaztutako eskakizunak betetzen badira eta bertan barne hartutako baldintzak eta lehentasunak betetzen badira. Modu berean, EEE jasan duten langile eta bazkide langileek laguntza osagarriak eskuratzeko aukera izango dute.

4.- Agindu honetan aurreikusitako laguntzak bateraezinak izango dira prestakuntza-ekintza berak gauzatzeko enpresek jaso ditzaketen bestelako laguntzekin eta langileek edo bazkide langileek berauetan parte hartzeagatik jaso ditzaketen bestelako laguntzekin.

2. artikulua.- Aplikazio-esparrua.

1.- Lurralde-esparrua.

Agindu honetan adierazitako laguntzekin enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz lan-kontratua eten zaien langileen eta bazkide langileen prestakuntza-planak finantzatuko dira, plan horiek Euskal Autonomia Erkidegoko Lan Zentroek sustatutakoak badira, eta gainera EEE jasan duten eta prestakuntza-plan horietan probetxuz parte hartu duten langile eta bazkide langileentzako laguntza osagarri indibidualak ere finantzatuko dira, prestakuntza-ekintza horietan parte hartzea sustatzeko.

2.- Langile-esparrua.

Enplegu-erregulazioko espedientearen ondorioz lan-kontratua eten zaien langile eta bazkide langileak izango dira laguntza horien onuradunak, baita EEE bat jasan duten Euskal Autonomia Erkidegoko enpresak ere, Agindu honetan adierazi den moduan kontratuak eten behar izatera iritsi badira.

3.- Denbora-esparrua.

Deialdi honetan diru-laguntza jaso ahalko dute 2009ko ekitaldian eta EEEk indarrean dirauen bitartean garatzen diren prestakuntza-planek. Langileek eta bazkide langileek Agindu honen esparruko laguntza indibidualak jaso ahal izango dituzte baldin eta diru-laguntzak jasotzeko baldintzak betetzen dituen prestakuntza-ekintzaren batean parte hartzen badute.

3. artikulua.- Prestakuntza-ekintzak.

1.- Agindu honetan adierazietarako, enpresaren barruko prestakuntza-proiektuaren (Prestakuntza Plana) irakaskuntza/ikaskuntza prozesutzat jotzen da prestakuntza-ekintza bat; helburu, eduki eta iraupen sistematizatua izango dute.

2.- Oro har, aurkezten diren prestakuntza-ekintzek, indibidual nahiz taldekakoek, gutxienez 40 ordu eta gehienez 160 orduko iraupena izango dute parte-hartzaile bakoitzeko. Gainera, prestakuntza-ekintzan eskola emateak ezingo du egunean 6 ordu baino gehiagoko iraupena izan.

Parte-hartzaile bakoitzeko astean gutxienez 10 ordu eta gehienez 20 ordu emango dira.

Salbuetsitako kasuetan paragrafo honetan adierazitako gutxieneko eta gehieneko orduak moldatuko dira, beti ere eskaera egiteko orduan antolakuntza eta prestakuntzaren xedeak hala eskatzen duela arrazoitu bada.

3.- Prestakuntza-ekintzengatik Agindu honetan adierazitako diru-laguntza jaso nahi bada, eskolek presentziazkoak izan beharko dute.

Presentziazkoak direla esango dugu eskolak ematen dituen erakundearen ikasgelan edo enpresan bertan burutzen badira, beti ere prestakuntzaren beharretara egokituta, irakaslea bertan dela eta ikasle-talde bati aldi berean ezagutzak transmititzen dizkiola, erabilitako baliabide didaktikoak edozein direla ere.

4.- Enpresak kontratatutako kanpoko agenteek emango dituzte prestakuntza-ekintzetako eskolak.

5.- Prestakuntza-ekintzako ikasgaiak espezifikoak izan daitezke lanpostu zehatz bati lotutakoak badira, edo zeharkakoak edo generikoak izan daitezke, oinarrizko gaitasunak eta kualifikazioak garatzeko.

6.- Euskal Autonomia Erkidegoko Lanbide Koalifikazioen Sistemarekin lotutako Modulu Katalogoaren inguruko prestakuntza-ekintzak balioetsiko dira, kontuan hartu behar baita ekintza horietako ziurtapenak Hezkuntza Sistemako Lanbide Heziketako titulu bat lortzera bidean erabili ahal izango dituztela langileek.

4. artikulua.- Eskaera egiteko betekizunak.

Hauek dira Hobetuz-ek www.hobetuz.com helbidean eskaintzen duen eredu bateratuaren bitartez eskaera egiteko betekizunak, eskaeran agertu behar dutenak:

1.- Enpresa eskatzailearen izena eta sozietate-izena, IFK, Gizarte Segurantzako zenbakia, Ekonomia Jardueren Sailkapen Nazionala (EJSN), sektoreko Hitzarmen Kolektiboa eta Agindu hau argitaratu zen dataren aurreko hamabi hilabeteetako batez besteko langile-kopurua. Behar bezala sinatuak eta zigilatuak aurkeztuko dira dokumentu horiek guztiak. Horrezaz gain, EEEren espediente-zenbakia, indarraldiaren hasiera eta amaiera, eta horrek eragindako langileen eta bazkide langileen kopurua eta izen-zerrenda (NANarekin) adieraziko dira. Sozietate kooperatiboen kasuan, Agindu honetako 1. artikuluan aditzera eman den prozeduraren egiaztapen-zenbakia.

2.- Bateratutako enpresen planean parte hartuko duten enpresa bakoitzaren eta guztien parte-hartze konpromisoa, eskaerarekin batera doan 2A eranskinaren bitartez. Planean parte hartuko denaren konpromisoa baliozkoa izateko, eranskin hori sinatuko duten pertsonek behar bezala ziurtatu beharko dute hirugarrengoen aurrean enpresa ordezkatzeko gaitasun nahikoa dutela.

3.- Aurkeztu den proiektuaren enpresako arduraduna.

4.- Beheko dokumentuak, aurreko deialdietan Hobetuzen eman ez badira, edo aurrez aurkeztutakoak izanik ere aldaketak jasan badituzte:

a) Planaren titular den enpresaren Identifikazio Fiskaleko Txartelaren fotokopia.

b) Erakunde eskatzailearen izenean eta ordezkaritzan jardungo duen legezko ordezkariaren gaitasunaren ziurtagiri originala, kopia konpultsatua edo Hobetuzek konpultsatzeko kopia.

5.- Garatuko diren prestakuntza-ekintzak, behar bezala lehenetsita (gauzatzeko lehentasuntzat joko da); ekintza bakoitzaren izena, iraupena eta parte-hartzaileen kopurua adieraziko da, horretarako egindako inprimaki normalizatuetan zehaztuko den desglosearen bitartez. Beheko alderdiak adierazi beharko dira:

a) Zein talderi zuzendutakoak diren, maila edo talde profesionalen arabera banatuta.

b) Prestakuntza-ekintzetarako aurreikusitako kostua.

c) Ekintzak burutzeko egutegia eta zenbat ordu eskainiko diren prestakuntzarako.

d) Prestakuntza-erakundeak, prestatzaileak, tokia, instalazioak eta prestakuntza-ekintzak gauzatzeko aurreikusitako baliabideak.

e) Parte-hartzaileen hautaketarako irizpideak.

f) Prestakuntza-ekintza bakoitzean parte hartuko duten langile eta bazkide langileen zerrenda (NANarekin).

g) Prestakuntza-ekintzaren batean parte hartuko duen langile bakoitzaren diru-laguntzei atxikitzea, bankuko datuak eta zinpeko aitorpena egiaztatuz Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela. Aurreko dena egingo da 4A eranskinaren bitartez.

h) Honakoak adieraziko dira langile bakoitzeko: zenbat egunetarako eragingo dion EEEak, edo sozietate kooperatiboen kasuan prozeduraren egiaztapena, hasierako eta amaierako data adierazita, parte hartuko duen prestakuntza-ekintzaren izena, egunean eta astean eskainiko dion ordu-kopurua eta guztira eskainiko dion ordu-kopurua.

i) Kontakturako pertsonaren izena eta programatutako prestakuntza-ekintzen jarraipena egiteko modua, eta gero prestakuntza-programaren ebaluazioa egiteko balioko duten irizpide eta metodologiak.

6.- Edozein herri-administraziok prestakuntza-arloan emandako diru-laguntzak itzultzeko prozeduran murgilduta ez dagoela edo eskatu zitzaizkion zenbatekoak itzuli dituela adieraziko duen erakunde eskatzailearen zinpeko aitorpena. Behar bezala sinatuak eta zigilatuak aurkeztuko dira dokumentu horiek guztiak.

7.- Sexu diskriminazioa egiteagatik administrazio-zigorrik edo zigor penalik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren (4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzkoak, aldatzen duena) 50. artikuluko 5. paragrafoan xedatutakoaren arabera, laguntza edo diru-laguntzen deialdietara ez aurkezteko zigorrik jaso ez dela ziurtatzen duen zinpeko aitorpena.

8.- Enpresa parte-hartzaile bakoitzak lantokien zerrenda osatzea, eskaeran horretarako dagoen atalaren bidez; bertan, lantoki bakoitzari dagokionez, zein ekintzatan parte hartzea aurreikusten den, non dagoen, langile guztien kopurua, lantoki bakoitzeko parte-hartzaileen kopurua, eta sindikatuen ordezkaririk ba ote dagoen adieraziko da.

9.- Ogasun, Gizarte Segurantza edota Gizarte Aurreikuspenerako Erakundeari guztia ordaindu izanaren ziurtagiri eguneratuak, aurkeztutako ekimenaren titularrari dagokionez.

10.- Langileen informazio edo kontsultarako dokumentua (3A eranskina, Hobetuzek eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko da), hurrengo paragrafoan xedatutakoaren arabera behar bezala sinatuta eta zigilatuta.

5. artikulua.- Langileei informatzeko eta kontsultatzeko baldintzak.

1.- Eskaera Hobetuzen aurkeztu aurretik, titularrak laguntzaren xede diren prestakuntza-ekintzak Langileen Ordezkaritza Legalari (LOL) azalduko dizkio. Horretarako, aurreko paragrafoaren arabera eskaerek bete beharreko 5., 6. eta 7. paragrafoen arabera aurkeztu beharreko eskaeraren kopia osoa emango dio, eta horrek 3A eranskina bete dezan eskatuko du.

Sozietate kooperatiboen kasuan, erakundearen Iragarki Taulan kokatuta emango zaie langileei prestakuntza-ekintzen berri.

2.- Dokumentazioa jasotzen den egunetik hasita 15 eguneko epea edukiko du LOLak txostena luzatzeko. Aipatutako txostena (3C eranskina) LOLak bidaliko du enpresara eta Hobetuzera.

3.- Ondorio horietarako, Langileen Ordezkaritza Legala (LOL), Planean parte hartzen duten lantegi guztiei dagokiena izango da. Enpresa-batzordeek edo langileen ordezkariek igorri beharko dituzte 3A eranskinak, betiere ehuneko 51tik gorako kopuruan.

Lantegiren batean edo guztietan, sindikatuen ordezkaririk ez dagoenaren adierazpena ziurtagiri gisa hartuko da ondorio guztietarako.

6. artikulua.- Baloratzeko irizpideak.

Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen balorazio teknikoa egiteko honako arlo hauek hartuko dira kontuan lehentasunez, 1. eranskinean ezarritako irizpideen arabera:

1.- Aurkeztutako proiektuaren lehentasuneko irizpideak proposatutako prestakuntza-ekintzekin erlazioan, xede diren langile eta bazkide langileak eta aurkeztutako prestakuntza ekintzen izaera.

2.- Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia, eta enpresaren proiektu estrategikoarekin duten lotura.

Zentzu horretan, garrantzi handikoak dira enpresaren prestakuntza-estrategia eta titularraren inplikazioa aurkezten duen proiektuan.

I. eranskinean adierazitako balorazio-irizpideak aplikatuta 50 puntuak gainditzen ez dituen ekimenik ez da diruz lagunduko.

7. artikulua.- Enpresei, langileei eta bazkide langileei eman beharreko laguntzak zehaztea.

Orokorrean, eskaeren finantziazioa, honako arau hauek aplikatuta zehaztuko da:

1.- Baliabide finantzarioen optimizazioa bateragarri egiteko aukera emango duten eta enpresen premia zehatzak betetzeko aukera emango duten eraginkortasun irizpideak aplikatuz zehaztuko da prestakuntza-ekintza bakoitzean parte-hartzaileen kopurua.

Prestakuntza-ekintzek gehienez jasoko duten diru-laguntza kalkulatzerakoan kontuan hartu behar da ondoko tarifa aplikatuko dela: 9 euro/prestakuntza-orduko/parte-hartzaileko. Espezializazioagatik prestakuntza goi-mailakoa dela ziurtatuta dagoenean 13 euro/prestakuntza-orduko/parte-hartzaileko tarifa aplikatuko da.

25 langile edo bazkide langile baino gutxiago duten enpresetan gehienez 20 euro/prestakuntza-orduko/parte-hartzaileko tarifa aplikatuko da.

Edozein kasutan ere, langile bakoitzeko prestakuntzagatiko gastuari dagokion diru-laguntzaren gehienezko zenbatekoak ez du 160 orduri dagokiona gaindituko, hau da, 13 euro/orduko, edo ez du 2.080 euroko muga gaindituko, 25 langile edo bazkide langile baino gutxiago duten enpresetan izan ezik, aurreko paragrafoaren arabera.

Diru-laguntzaren amaierako likidazioan gaitzat jo diren parte-hartzaileen kopuruaren arabera doituko da behin betiko laguntza, 11. artikuluan xedatutakoekin bat etorriz.

Langile edo bazkide langile bakoitzak ezingo du 160 ordu baino gehiagoko prestakuntza jaso, 3. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako kasuengatik muga hori salbuetsita dagoenetan izan ezik.

2.- Prestakuntza-ekintzetan parte hartuko duten langileei eta bazkide langileei emango zaien gehienezko laguntza kalkulatzeko oinarria prestakuntza-egun bakoitzeko 15 eurokoa izango da, beti ere langile bakoitzak gehienez 600 euroko diru-laguntza jasotzen badu, hau da, EEEk indarraldian dirauen bitartean gehienez 40 prestakuntza-egun.

3.- I. eranskinean xedatutako irizpideen arabera gutxienez 50 puntu lortzen duten eskaera guztiek jaso ahalko dute diru-laguntza, artikulu honetako 2. eta 3. paragrafoetan xedatutakoekin bat etorriz. Eskaerak jasotzeko epea amaitu aurretik eskuragarri dauden funtsak agortuko balira, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Administrazio eta Zerbitzu sailburuordeak ebazpena igorriko du eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

9. artikuluan ezarritakoaren arabera, agindu honen I. eranskinean ezarritako irizpideen arabera punturik gehien lortu dutenak lehenetsiko dira, baldin eta hilabeteko epean aurkeztutako eskabide guztiei erantzuteko beste dirurik ez badago.

8. artikulua.- Xede Prozedurari hasiera ematea.

1.- Eskaerak: eskaera-eredu normalizatuak www.hobetuz.com web-orrian eskura daitezke, edo Hobetuzen lurralde-bulegoetan.

2.- Eskaeren aurkezpena: EEE bat ireki duten enpresek (edo egiaztapen-espedientea, sozietate kooperatiboen kasuan) eskatu ditzakete laguntzak, dela langile eta bazkide langileentzat, dela prestakuntza finantzatzeko, Fundazio honen Egoitzetan:

- Arabako Lurralde Egoitza, Dato 14-16, 3. oina, 01005 Vitoria-Gasteiz;

- Bizkaiko Lurralde Egoitza, Kale Nagusia 35, 6. oina, 48009 Bilbao;

- Gipuzkoako Lurralde Egoitza, Manterola 4, l.a, 20007 Donostia-San Sebastián.

Bestalde, 30/1992 Legeak, 1992ko azaroaren 26koak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 38.4 artikuluan aurreikusitako bulegoetan aurkez daitezke eskaerak.

Eskaera horiek Hobetuzek agindu honetarako eskainitako euskarri informatikoan aurkeztuko dira, eta eskaera horiei enpresaren legezko ordezkariak behar bezala sinatuta eta zigilatuta aurkeztu beharko den dokumentazioa gaineratuko zaie, aurretik aditzera eman den moduan.

Paperean aurkeztutako datuen eta euskarri informatiko bidez aurkeztutakoen artean desadostasunik badago, paperean aurkeztutako datuak hartuko dira baliagarritzat.

3.- Agindu honen esparruko prestakuntza-planak finantzatzeko laguntzak aurkezteko epea 2009ko ekainaren 30ean amaituko da.

9. artikulua.- Instrukzioa eta erabakiak.

1.- Prestakuntza-ekintzetako eskaerak aurkeztuta, Hobetuzek, aurkeztutako informazioa baino informazio gehiago eskatu ahal izango du.

Pertsona interesdunari hamar eguneko epea utziko zaio falta diren agiriak aurkezteko edo osatzeko; horrela egiten ez badu, atzera botako da aurkeztutako eskaera, betiere azaroaren 26ko 30/1992 Legeak, Herri Administrazioen Araubide Juridikoa eta Administrazio Prozedura Erkidea ezartzen duenak, bere 42. artikuluan ezartzen duen moduan, eskaera bertan behera uzteko ebazpena hartu ondoren.

Bestalde, eskabideari osotasunean eragiten dioten baldintzei buruzko eskaerak direnean (4. artikuluan jasotakoak), espedientea artxibatuko da, ebazpena hartu ondoren.

Enpresa parte-hartzaile baten edo batzuen baldintzei buruzko, edo Planaren prestakuntza-ekintzei buruzko 4.5. artikuluan eskatutakotik kanpoko informazioaren eskaerak direnean, bertatik kanpo geratuko dira enpresa edo ekintza horiek, eta eskaeraren gainerako zatia izapidetuko da.

2.- Hilabete natural bakoitzean, Hobetuzek aurkeztutako eskaera bakoitza, osorik edo neurri batean, artxibatu, ukatu edo onartzeko beharrezko akordioak hartuko ditu, eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari luzatuko dizkio proposamenak, kasuan kasuko ebazpenak emateko.

3.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak dagozkion ebazpenak hartuko ditu, hilero eta Hobetuz-ek egindako proposamenen arabera, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da enpresa onuradunen zerrenda eta esleitutako kopuruak.

Aipatutako ebazpena enpresa eskatzaileei eta langileei jakinaraziko die Hobetuzek, eskaerak aurkezteko epea itxi eta gehienez ere 6 hilabeteko epean. Jakinarazpen honekin batera, enpresa bakoitzaren kasuan eranskin banakatuak emango dira eta bertan adieraziko dira onartutako zein atzera botatako ekintzak eta, hala badagokio, atzera botatzeko arrazoiak. Epe hori amaituta jakinarazpenik egin ez bada, aurkeztutako eskaera atzera bota dela ulertuko da.

Ebazpena aldekoa denean, honako alderdiak jakinaraziko zaizkio: onartutako prestakuntza-ekintzak garatu behar dituzten espezialitateak, onartutako diruz lagundu daitekeen kostua, talde eta parte-hartzaileen kopurua eta ordu kopurua.

10 eguneko epea izango du erakunde eskatzaileak akordioa onartzeko, aipatutako akordioa jasotzen duen egunetik hasita. Pertsona interesdunek ebazpenaren aurkako gorako errekurtsoa aurkez dezakete Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren aurrean, aipatutako ebazpena jaso eta hilabete bateko epean.

10. artikulua.- Laguntzak ordaintzea.

1.- Emandako finantzazioaren ordainketa egingo da, laguntzaren onuradunek aurkeztu ondoren, eta Ogasunean eta Gizarte segurantzan edota dagokion Gizarte Aurreikuspeneko Erakundearen aurrean obligazioak bete izanaren ziurtagiri eguneratuen ordainketa bakoitza baino lehen, betiere aipatutako dokumentazioa eskaerarekin batera aurkeztu ez bada, edo urteko ekitaldia aldatu bada, edo eskaera aurkeztu denetik lortutako finantziazioaren ordainketa jaso bitartean sei hilabete baino gehiago igaro badira.

2.- Ordainketak, honako prozedura honen arabera egingo dira:

a) Prestakuntzagatiko laguntzaren % 60ra bitarteko lehen ordainketa, ebazpena hartzeko unean.

Lehen ordainketa hau 180.303,64 euro baino gehiagokoa bada, ordainketa hori egin aurretik, titularrari erabakiarekin batera jakinaraziko zaizkion oharrak jarraituta, laguntzaren titular horrek dagokion banku abala aurkeztu beharko du, edo prestakuntza-ekintza nahikoak egiteagatik dagoeneko eman diren gastuak justifikatuko dira, justifikatu gabeko gainerakoak 180.303,64 euro gainditu ez ditzan.

b) Bigarren ordainketa, behin betiko diru-laguntzaren gainerakoagatik, onartutako ekintza guztiak amaitzerakoan, justifikazio-memoria aurkeztu eta Hobetuzek azken likidazioa onartu bezain laster. Aitortutako laguntza kasu guztietan osorik ordainduko zaio laguntzaren enpresa onuradunari.

c) Gaitzat jo diren langile eta bazkide langileentzako laguntzak ordainketa bakarrean emango dira, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu ondoren.

Prestakuntza-ekintzak hilabete natural bat baino gehiago irauten badu, hilabete amaieran ordainketak egingo dira beti ere hilabete horri dagokion prestakuntza-orduen % 80 gutxienez bete duela ziurtatzen badu langileak.

11. artikulua.- Prestakuntza-plana gauzatzea.

1.- Emandako finantziazioa onarpen-erabakian adierazitako prestakuntza-ekintzak burutzeko erabiliko da.

Berau hartzeko eta zenbatekoa gauzatzeko, agindu honetan eta laguntza emateko dagokion erabakian aurreikusitakoaren arabera eskatzaileari dagozkion betebeharrak bete beharko dira.

Agindu honen bidez finantzatutako prestakuntza ekintzek doan izan beharko dute bertan parte hartzen duten langileentzat eta bazkide langileentzat.

2.- Jasotako prestakuntzan langile bat gaitzat jotzeko gutxienez orduen % 80 bete duela ziurtatu beharko du eta prestatzailearen aburuz jasotako prestakuntzarekin gutxieneko probetxua ateratzeko moduan den ziurtatu beharko da. Horretarako prestakuntza-eskola bakoitzean langileen eta bazkide langileen bertaratzearen erregistroa egin beharko da, bakoitzaren sinadura bilduta. Modu berean, prestakuntza-ekintza bakoitzeko prestatzaileak akta bat egin beharko du ekintza amaitzean, langile bakoitzaren bertaratzeari buruzko ehunekoa eta probetxu-maila (gai edo ez-gai) aditzera emanez.

Prestakuntzaren iraupena hilabete bat baino gehiagokoa bada, langile edo bazkide langile bakoitzaren bertaratzeari buruzko ehunekoa biltzen duen akta egin beharko da.

3.- Parte-hartzaile bakoitzari prestakuntza-ekintzan parte hartu izanaren ziurtagiria emango zaio. Hobetuzek ezarritako ereduari jarraitzen dion ziurtagiri hori deialdi honetarako diseinatu den aplikazio informatikoak inprimatuko du. Ziurtagiri horretan gutxienez prestakuntzaren edukiak, prestakuntza egin den egunak eta jasotako prestakuntza-orduak zehaztuko dira. Titularrak ziurtagiri horren kopia gordeko du, parte-hartzailearen «jaso izanarekin» batera.

Aurreko paragrafoan aipatzen diren parte hartzeko ziurtagiriak, parte-hartzaileei eman beharko zaizkie, eta, horretarako, parte hartu duten prestakuntza-ekintza amaitu eta bi hilabeteko epea utziko da.

4.- Onartutako ekintzei dagozkien multzoetako bakoitzari hasiera emateko unean, eta gehienez prestakuntzako bigarren egunean, enpresak honako datuak jakinarazi beharko dizkio Hobetuzi: prestakuntzak emateko lekuari buruzko datuak, prestakuntza emango duen entitatea, multzoa/ekintza egiteko eguna eta ordua, eta Hobetuzek kasu bakoitzean eskatzen dituen parte-hartzaileen datuak. Zeregin horretarako, Hobetuzen web-orrian www.hobetuz.com eskura egongo den tresna informatikoa jarriko du titularren esku, eta, hala, Hobetuzek datu guztiak euskarri informatikoan jasoko ditu, ondorio horietarako ematen diren argibideen arabera. Onartutako ekintzetako bakoitza amaitzen denean, titularrak aplikazio informatiko horren bitartez eman beharko die aditzera ikasleei prestakuntza-jarduera amaitu dela, eta gai diren ala ez zehaztuko da bertan.

Aplikazio informatiko horren bitartez islatzen den informazioak ez du aldaketarik onartuko, ekintza/multzo hori amaitu eta 10 eguneko epea igaro ondoren.

Izan ere, Hobetuzek informazio hori joko du baliagarritzat emandako laguntza behin betiko likidatzeko.

Prestakuntza-ekintza bati hasiera eman izana jakinarazi ezean eta/edo aurreko paragrafoan aipatutako epeetan dagokion parte-hartzaileen zerrenda jakinarazi ezean, Planaren likidazioaren ondorioetarako «burutu gabetzat» joko da prestakuntza-ekintza hori.

5.- Enpresa onuradunak, agindu honen kargura, behin bakarrik kontratatu ahal izango du prestakuntza-ekintza finantzatuak egitea. Debekatuta daude hornitzaileekin egin daitezkeen kontratuak, baldin eta ordaindu beharreko zenbatekoa azkenean lor daitekeen diru-laguntzaren zenbatekoaren ehunekoetan adierazten bada.

Nolanahi ere, onuraduna laguntzen aplikazio zuzenaren arduraduna izango da, eta jarraipen-erakundeen eta kontrol-erakundeen zereginak behar bezala garatzen direla ziurtatu beharko du.

6.- Laguntzaren titularrak, Hobetuzera igorritako idatziaren bidez eta garaiz, onartutako prestakuntza ekintzak egitean, egin behar den edozein aldaketa jakinaraziko du, batez ere eskaintzen duen erakundearekin lotutakoak, edukian emandako aldaketa, edo prestakuntza-ekintzen ezaugarrietan emandakoak.

Aldaketa hori, Hobetuzek espresuki eta idatzizko baimena jaso ondoren egin ahal izango da Baimen hori, aldaketa-eskaera Hobetuzen jaso eta 10 eguneko epean eman ezean, titularrak baimendutzat eman dezake aldaketa.

Egindako aldaketa inoiz ez da onartuko, artikulu honen 1. paragrafoaren aurka doan bitartean.

12. artikulua.- Laguntzen justifikazioa eta likidazioa.

1.- Emakida-erabakian onartutako prestakuntza-ekintzak egitean justifikatu beharko ditu onuradunak egindako gastuak. Horretarako, diru-laguntzaren azken justifikaziorako finantza/aukera daitezkeen kostu onartuen zerrenda eta Agindu honetako II. eranskinean ezarritako egozte-irizpideak hartu beharko ditu kontuan.

Kostuak, zuzenbidean dokumentu frogatzaile baliagarrien edo fakturen bidez justifikatuko dira, beti, funtsen aplikazio zuzena ziurtatzeko behar den xehetasunarekin, eta horren inguruan emango diren eta justifikazio-memoriaren eskuliburuan zehaztuko diren arauekin bat etorrita.

Prestakuntzako hornitzaileek luzatuko dituzten fakturek, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzitako kostu finantzagarriak bereizteko modua izan behar dute.

2.- Laguntzen likidazioa, ikastaroa amaitu duten parte-hartzaileen kopuruarekiko eta egin dituzten eskola-ordu eraginkorren kopuruarekiko proportzioan egingo da, prestakuntza-ekintza bakoitzerako ezarritako eta onartutako kostu/ordu/kurtsotan banatutako modulu ekonomikoen arabera, 7. artikuluan ezartzen diren tarifak eta II. eranskinaren arabera egiaztatutako kostuak gainditu gabe.

3.- Onartutako prestakuntza-ekintza bakoitza bukatzean enpresa onuradunak ondokoak igorri beharko dizkio Hobetuzi, hartarako diseinatutako euskarri normalizatuen bitartez, gehienez 10 eguneko epean: gaitzat jo diren langile edo bazkide langileen zerrenda, prestakuntza-ekintza bakoitzaren hasiera eta bukaerako datak eta bakoitzak prestakuntzan jaso duen ordu-kopurua.

4.- Dagokion azken likidazioa burutzeko, prestakuntza-plana amaitu eta hilabete bateko epean onuradunak inprimaki normalizatuak bete, eta Hobetuzera igorri beharko ditu, horretarako ematen diren aginduak bete ondoren:

a) Egindako prestakuntza-ekintza bakoitzaren, eta bere garaian hasi zela jakinarazitako ekintzaren amaiera-ziurtagiria (burutzapena).

b) Deialdi honetako II. eranskinean ezarritako kostu finantzagarrien eta egozte-irizpideen arabera, diruz lagundutako prestakuntza-ekintzei buruzko kostuak gutxienez ziurtatuko dituen dokumentazioa.

5.- Aurkeztutako burutzapen-ziurtagirietan zuzen betetako informazioa duten, eta agindu honetako 11.4. artikuluan aipatzen den parte-hartzaileen zerrendan sartu diren parte-hartzaileek bakarrik hartuko dituzte kontuan.

6.- Aurkeztutako dokumentazioa aztertu ondoren, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak erabakitako azken likidazioaren ebazpena jakinaraziko dio Hobetuzek enpresa onuradunari.

7.- Egindako likidazioa onuradunari aurreratutako kopurua baino txikiagoa bada, onuradunak dagokion kopurua itzuli beharko du, erabakia hartzen den datatik hasi eta 15 eguneko epean. Horrelako kasuetan agindu honen 15. artikuluan zehaztutako prozedura aplikatuko da.

8.- Behin betiko likidazioaren ondorengo 15 eguneko epean, Titularrak jatorrizko agiriak aurkezteko prest egon beharko du edo, hala badagokio, emandako laguntzaren ondorioetarako kontuan hartutako ordainketei dagozkien ordainagirien fotokopiak aurkezteko.

13. artikulua.- Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratzeko eta gordetzeko baldintzak.

Laguntza jasotzeko eskubidea eskuratu eta gordetzeko, onuradunak honako betebehar hauek bete beharko ditu:

1.- Baiezko erabakia jaso ondoren, Hobetuzi diru-laguntza eta dagokion burutzapen-konpromisoa onartua izan dela jakinaraztea.

2.- Hobetuzi jakinaraztea, enpresa eskatzaileak edo enpresa partikularrek lege, hitzarmen kolektibo edo beste edozein arau-xedapenen ondorioz, euren enpresan prestakuntza egiteko baliabide ekonomikoak erabili behar dituzten. Kasu horretan, laguntza ezin izango da eskaini beharreko baliabide ekonomikoen murrizketa izan.

3.- Agindu honen oinarri, baldintza eta betebehar formal eta materialen arabera, laguntza ematea oinarritzen duten prestakuntza-jarduerak egitea; kontzeptu horrengatik esleitutako funtsak ezin izango dira berau ematera bultzatu duten helburuetarako ez diren gauzetan erabili.

4.- Hobetuzen aurrean jarduera egin dela egiaztatzea, baita laguntza ematea edo gozatzea zehaztuko duten betebeharrak eta baldintzak bete direla ere. Horretarako, dagozkion elementu justifikatzaileak aurkeztuko dituzte, eta prestakuntza-ekintzari buruz eskatuko zaizkien datuak eta dokumentuak aurkeztuko dituzte prestakuntza-ekintza horiek amaitu ondoren; horrenbestez, ekintza egin dela, emandako finantziazioa erabili dela, eta lortutako emaitzen ebaluazioa egin dela behar bezala egiaztatu ahal izango da.

5.- Argitalpenetan edo onartutako ekintzen komunikazio- eta hedadura-bideetan egiaztatzea, agindu honen esparruan egindako ekintzak direla.

6.- Agindu honetako baldintzaren bat betetzen ez denean, eta Fundazioak eskatzen dionean, jasotako laguntzaren zati bat edo osorik itzultzea.

14. artikulua.- Jarraipena eta kontrola.

1.- Laguntzen onuradunek honakoak onartu behar dituzte: Hobetuzek zuzenean edo berak izendatutako pertsona batek egingo dituen egiaztatze- eta kontrol-jarduerak, Ogasun eta Eusko Jaurlaritzako Herri Administrazio saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoak, Justizi, Lan eta Gizarte Segurantza sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak egingo dituenak. Horrez gain, behar izanez gero, horretaz arduratzen diren pertsona fisikoei, ikuskapena edo kontrola egin behar den lokal eta instalazioetara sartzen lagunduko zaie, baita parte-hartzaileekin, Langileen Ordezkaritza Legaleko (LOL) kideekin eta elkarrizketatu beharko diren beste hainbat pertsonekin harremanak errazten ere.

Kontrol-jarduera hauek onartzeko betebehar orokor honen esparruan, onuradunak honakoa bete beharko du:

a) Hobetuzek eskatuta, finantzatutako ekintzak edo bere bideragarritasuna burutzeari buruzko informazioa aurkeztea, eta eskatuko zaion jarraipen-dokumentazioa bete eta igortzea; egingo zaizkion eskaerei erantzuteko 10 egun izango ditu. Era berean, Estatuko ereduaren baitan hobaria emandako ekintzen kasuan bete beharko dira aipatutako baldintzak.

b) Hobetuzek finantzatutako prestakuntza-ekintza osoan edo zati batean eragingo duten beste hainbat erakunderen diru-laguntzak edo laguntzak eskatu edo lortu direla Hobetuz berari jakinaraztea.

2.- Hobetuzek, aginduan ezarritako baldintzak betetzen direla baieztatzera, eta diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintza errealak egiaztatzera zuzendutako kontu-ikuskapenen Plana ezarriko du.

Plan horren barne sartuko dira, ondoriozko estatistika-irizpideen, eta bereziki, egingo den arriskuen analisiaren arabera Hobetuzek aukeratuko dituen espedienteak.

Halaber, Ikuskapen Planaren barne sartuko dira, behar bezala identifikatutako pertsonek oinarritu eta izenpetutako salaketen ondoriozko jarduerak.

15. artikulua.- Diru-laguntzak itzultzea.

1.- Zenbait kasutan ezin izango da laguntzaren ordainketa eskatu eta, hala badagokio, onuradunek, jasotako laguntzak osorik edo zati batean itzuli beharko dituzte, eta berandutze-interesak eskatuko dira laguntza ordaintzen den unetik. Honakoak dira kasu horiek:

a) Laguntza eman zenerako helburua edo laguntza hori emateko agindutako baldintzak ez betetzea.

b) Jarduera egitea, eta laguntza ematea eta laguntzaz gozatzea zehazten duten baldintzak eta betebeharrak justifikatzeko obligazioa ez betetzea.

c) Behar diren baldintzak bete gabe lortzea laguntza.

d) Hobetuzek edo horretarako legitimazioa duten erakundeek egindako jarraipen- eta kontrol-jarduerak ukatzea edo oztopatzea.

e) Errealitatearekin bat ez datozen diruz lagundutako ekintzak burutzeko baldintzei buruzko datuak eskaintzea.

f) Agindu honetan zehaztutako beste edozein obligazio, baldintza edo betebehar errespetatu ez izatea.

2.- Hobetuzek, edo hala badagokio, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak laguntzaren onuradunari igorritako idatziarekin emango zaio hasiera itzultze-prozesuari. Bertan, bete ez dituen puntuak adieraziko zaizkio, eta hamabost eguneko epean alegazioak edo beharrezkoak iruditzen zaizkion dokumentazioak aurkez ditzala eskatuko zaio. Hori dena 1991eko abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren arabera egingo da. Dekretu horren bidez Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen da.

3.- Epea amaituta, alegaziorik aurkeztu ez bada, edo aurkeztutakoak atzera bota badira, Lanbide Heziketa eta Etengabeko Ikaskuntzako sailburuordeak hartuko du ebazpena, eta dirua itzultzea eskatuko du. Ebazpen horretan adierazitako epean itzuli beharko da laguntzaren zenbatekoa. Hala ere, Hobetuzek dagokion espedientea igorriko dio Eusko Jaurlaritzari, eskaera-idatziarekin eta alegazioekin batera -eta, hala badagokio, alegazio horiek gaitzesteko proposamenarekin batera-, administrazio eskudunak zenbateko hori itzultzeko eskakizuna erabaki dezan.

4.- Epea amaitutakoan dirua itzuli ez bada, administrazio eskudunak premiamendu bidez berreskuratzeko behar diren izapideak egingo ditu. Itzuli beharreko zenbatekoak sarrera publikotzat hartuko dira.

16. artikulua.- Datuen tratamendu automatizatua.

Abenduaren 13ko 15/1999 Legean, Izaera Pertsonaleko Datuak Babestekoan, aurreikusitakoaren arabera, agindu honen barruan sartu diren prestakuntza-ekintzen partaidetzak berekin ekarriko ditu legean aipatzen diren baimenak.

Datuak babesteko gaian indarreko araudiaren mendean geratuko da Agindu honen barruan aurkeztutako eskaeretan jasotako informazioa.

Izaera pertsonaleko Datuak Babesteko Lege Organikoan aurreikusitakoaren arabera, laguntza-eskaera betetzean interesdunak datu horiek Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren fitxategi automatizatuetan sartzeko baimena ematen duela ulertuko da. Aipatu Legean aurreikusten diren datuak eskuratzeko, zuzentzeko, ezabatzeko eta alderatzeko eskubideak Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren aurrean gauzatu daitezke (Kale Nagusia 35 - 6.a, 48.009 Bilbao).

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Entitate laguntzaile izendatzea.

Hobetuz, Fundación Vasca para la Formación Profesional Continua - Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioa izendatzen da agindu honetan arautzen diren diru-laguntzaren kudeaketarako eta ordainketarako entitate laguntzaile, Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluaren arabera.

Aipatutako 52. artikuluak dioenez, agindu honetan aipatzen diren funtsak ematen dituen organoaren kontura eta izenean jardungo du Hobetuz, Fundación Vasca para la Formación Profesional Continua - Langileen Prestakuntzarako Euskal Fundazioak. Haatik, funts horiek ez dira, inola ere, Hobetuzen ondaretzat hartuko.

Bigarrena.- Hobetuz, Fundación Vasca para la Formación Profesional Continua - Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak.

Agindu honetan zehaztutakoez eta Euskadiko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuko 52. artikuluan ezarritako betebeharrez gain, Hobetuz, Fundación Vasca para la Formación Profesional Continua - Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioaren betebeharrak izango dira ondorengoak:

a) Etengabeko prestakuntzaren jarduerak egiteko funtsak amaierako onuradunen artean banatzea.

b) Funts horiek emateko baldintzak edo eskakizunak betetzen diren eta eraginkortasunik duten egiaztatu.

c) Diru-laguntzei esker prestakuntza-jarduerak egin direla egiaztatzen duten ziurtagiriak eskatzea, eta lau urtez gordetzea.

d) Jaso diren funtsak zertan aplikatu diren justifikatzea Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari, 2010eko ekainaren 30a baino lehen, eta zerrenda izenduna ematea. Zerrenda horretan honako alderdiak jaso beharko dira: azken onuradunen izen-abizenak, emandako diru-laguntzak, egindako ordainketak, eta, oro har, funts horiekin egindako etengabeko prestakuntzako jardueren memoria orokorra osa dezaketen bestelako datu kuantitatiboak zein kualitatiboak.

e) Funtsen kudeaketa dela-eta, honako erakundeek egin ditzaketen egiaztatze-jarduerei men egitea: Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailaren eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoaren bitartez; Herri kontuen Euskal Epaitegiak; eta Europako Gizarte Funtsak.

Hirugarrena.- Diru-laguntzaren amaierako likidazioa.

Agindu honetan arautzen diren laguntzen onuradunek 2010eko ekainaren 30erako aplikatu ez dituzten finantzazio-soberakinak eta Agindu honetan aurreikusten den dirua itzultzeko prozeduraren ondoriozko funtsak Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusira itzuliko ditu Hobetuz-Langileen Etengabeko Prestakuntzarako Euskal Fundazioak.

Laugarrena.- Agindu honetako 1. artikuluan adierazi den egiaztapen-prozeduraren inguruan arautu gabeko alderdi guztietan Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoak aplikatuko dira.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen agindu honen aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete interesdunek Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, eta, horretarako, hilabeteko epea izango dute, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko Auzietako Salan, eta horretarako ere bi hilabeteko epea izango dute, honako agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita.

Bigarrena.- Honako Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 24a.

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,

JOSEBA AZKARRAGA RODERO.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

PLANAK BALORATZEKO IRIZPIDEAK

I.- Lehentasun Orokorreko Irizpideak:

1.- Batez ere, honako ezaugarri hauetakoren bat izango duten prestakuntza-ekintzak hartuko dira kontuan:

a) Prestakuntza ekintzen jatorriari dagokionez:

- Ekintzen edukiaren izaera estrategikoa, beharren azterketaren bat duten enpresetarako.

- Euskararen erabilera lan-munduan normalizatzeko helburua duten Planetatik edo beste edozein ekintza-motatik ondorioztatutako Prestakuntza Ekimenak.

b) Zer langile- eta bazkide langile-motari daude zuzenduta:

- Langileen lehiakortasuna eta enplegu-aukera areagotzera daude zuzenduak. Zentzu horretan, balioetsiko dira Lanbide Koalifikazioen Sistemarekin lotutako Modulu Katalogoaren inguruko prestakuntza-ekintzak.

c) Ekimenen beren jatorriari dagokionez:

- Metodologia, eduki edo beste edozein ezaugarrirengatik Etengabeko Prestakuntzarako berritzaileak izan daitezkeen ekimenak.

2.- Inprimakietan betetzen den informazioa edozein izanik, aurkeztutako ekintzen lehentasuneko tratamendurako aukera izateko, ekimenaren titularrak beharrezkotzat jotzen den dokumentazio gehigarri guztia aurkeztu beharko du laguntza-eskaerarekin batera.

3.- Prestakuntza-ekintzei lehentasuna eman zieten baldintzak ekimena egiten den bitartean asko aldatzen badira, lehentasunagatik jasotako finantziazio gehigarria osorik edo zati batean aztertu egingo da.

4.- Atal honetan jasotako irizpideek, balorazio osoan 100 puntutatik 35eko pisua izango dute.

II.- Kalitate eta koherentziako irizpideak:

1.- Aurkeztutako prestakuntza-ekintzen kalitatea eta koherentzia baloratzeko, honako alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a) Enpresaren prestakuntza-estrategia:

- Premiak hautemateko azterlan eta analisi bat edukitzea, enpresak berak egindakoa; bertan deskribatuko dira proposatutako prestakuntza-ekintzak.

- Enpresan egindako hausnarketa-prozesua; horren ondoren erabakiko da prestakuntza-ekintzen lehentasuna.

- Lehen aipatu den azterlanean barne hartutako ekintzen deskribapena eta kokapena.

- Ekintza bakoitzarekin bete nahi diren helburuak.

- Prestakuntza-ekintzen ebaluazioa.

- Aurkeztutako ekintzen koherentzia orokorra.

b) Titularrak aurkeztutako proiektuaren gainean duen inplikazioa.

- Aurkeztutako proiektua kudeatzeko enpresa eskatzaileak bideratutako baliabide propioak.

- Langileak eta bazkide langileak ekintzen diseinuan inplikatzea.

- Hornitzaileak modu eraginkorrean aukeratzea eta kudeatzea.

2.- Atal honetan jasotako irizpideek, balorazio osoan 100 puntutatik 65eko pisua izango dute. I. eta II. paragrafo hauetan gutxienez 50 puntu lortzen ez dituzten eskaerak ez dira finantzatuko.

II. ERANSKINA

DIRU-LAGUNTZAREN JUSTIFIKAZIORAKO FINANTZA/AUKERA DAITEZKEEN KOSTU ONARTUAK ETA EGOZTE IRIZPIDEAK

Honakoak izango dira Hobetuzek finantza/aukera ditzakeen kostuak:

a) Prestakuntza-ekintzak ematera zuzendutako enpresatik kanpoko zerbitzuen kontratazioari dagozkion kostua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuak aurkeztu behar dira.

b) Material suntsikorraren kostua, babesteko eta segurtasuneko materiala barne hartuta.

c) Material didaktikoen kostua. Gastu horiek, prestakuntza-ekintza bidez behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira, eta parte-hartzaileen kopurura egokituko dira.

d) Prestakuntza jasotzen ari diren langileen asegurua. Gastu horiek prestakuntza-ekintzen arabera behar bezala xehatuta aurkeztu beharko dira eta egoztea parte-hartzaileen kopurua kontuan hartuta egingo da.

e) Amortizazioak, prestakuntza-ekintza bakoitzari egotzi dakizkiokeen proportzioa, eta prestakuntza-ekintzen garapenari egotz dakizkiokeen instalazio eta ekipamenduen alokairuak.

f) Kudeaketa-kostua (prestakuntza-ekintzak abian jartzea eta garatzea) gehienez kostu finantzagarrien % 10 izango da. Kostu hori finantzatutako proiektuari behin baino ez zaio egotziko, osotasunean.


Azterketa dokumentala