Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

34. zk., 2009ko otsailaren 18a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
869

20/2009 DEKRETUA, otsailaren 3koa, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko dena.

Administrazioaren baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoei dagokienez, Sektore Publikoko Kontratuei buruzko Legeak (azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak onartutako testu bategina) ezarritako araudi berriaren arabera, herri administrazioen eta bestelako botere esleitzaileen baliabide propio eta zerbitzu tekniko gisa jarduten duten sozietateak Sektore Publikoko Kontratuei buruzko legean zehazten diren betebeharretara egokitu behar dira. Egokitze hori gauzatzeko, aipatutako sozietateen estatutuak aldatu behar dira.

Merkataritza-sozietateak eratzea eta horien estatutuak onartzea merkataritza-legediaren menpe egonik ere, Autonomia Erkidego honetako ondarearen gaineko legediak honako hau ezartzen du: aipatutako sozietate horietako zuzendaritza- eta kudeaketa-organoetan Administrazioak dituen ordezkariek zenbait erabaki hartu aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko dute.

Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA sozietate publikoa Ogasun eta Herri Administrazio Sailari atxikita dago eta bere sorrera otsailaren 1eko 60/1982 Dekretuaren bidez onartu zen. Dekretu horrek, gainera, sozietatearen estatutuak onartu zituen.

Euskadiko Ondareari buruzko Legearen 111.2 artikuluan ezartzen denez, Administrazioaren titularitateko akzioen ordezkariek sozietatearen estatutuen aldaketa onartu aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko dute. Aurretik, ondareari buruzko eskumena duen sailburuak eta kasuan kasuko sozietatea loturik duen saileko sailburuak, biek batera, aldaketa-proposamena egingo dute.

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren proposamenez, eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2009ko otsailaren 3an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA sozietate publikoaren estatutuak aldatzeko baimena ematea.

1.- Baimena ematen da Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA sozietate publikoaren estatutuetako 1. artikuluari beste atal bat -hirugarrena- gehitzeko. Hona hemen atal horren edukia:

«3.- Urriaren 30eko Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeak 24.6 artikuluan xedatutakoaren ondorioetarako, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoa da; eta ez bakarrik administrazioarena, baita sozietatearen kapital sozialean partaide diren gainerako entitateena eta entitate horien menpeko erakunde autonomo eta gainontzeko erakunde publikoena ere.

Kapital osoa titulartasun publikokoa izango du sozietateak eta, zenbait erakunderen baliabide propio eta zerbitzu tekniko izanik, jarduera behinenak erakunde horiekin egingo ditu.

Sozietatea Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zenbait sailen eta beste erakunde batzuen baliabide propioa eta zerbitzu teknikoa denez, horiek lanak, zerbitzuak eta haren helburuarekin loturiko beste edozein jarduera egiteko eskatu ahal izango diote sozietateari, betiere, jarduera horietan administrazio-ahalak baliatu behar ez baditu.

Sail edo erakundeek kasuan kasuko kudeatzeko gomendioaren bidez eskatzen dizkioten lanak nahitaez egin beharko ditu sozietateak, eta egin ere, sail edo erakunde horiek euren aldetik finkatutako irizpideen arabera.

Aipatutako kudeatzeko gomendioek izaera instrumentala eta ez-kontraktuala dute eta, hortaz, barne-gomendioak, dependentziazkoak eta mendekotasunezkoak dira ondorio guztietarako. Sozietateak nahitaez bete beharko ditu gomendiook, eta erreferentziazko tarifen arabera ordainduko zaizkio. Tarifak, sozietatea atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren arau organikoetan zehazten den organoak ezarriko ditu, kaudimen ekonomiko eta finantzarioko irizpideak erabiliz. Gainerako erakundeek ere -alegia, sozietatea baliabide propio eta zerbitzu tekniko gisa baliatzen duten gainerako erakundeek- parte hartuko dute horretan.

Baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoa den aldetik, sozietateari agintzen zaizkion nahitaezko jarduerak, kasuan-kasuan, proiektu, memoria edo beste dokumentu tekniko batzuetan definituko dira eta dagokien aurrekontuaren bidez balioetsiko, betiere finkatutako tarifen arabera.

Zenbait erakunderen baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoa izanik, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SAk ezingo du parte hartu erakunde horiek deitutako lizitazio publikoetan. Nolanahi ere, halakoetan lizitatzailerik aurkezten ez bada lizitazioen lana bere ardurapean hartu dezake sozietateak.»

2.- Dekretu honen eranskinean dagoen testuak ordezkatu egiten du otsailaren 1eko 60/1982 Dekretuaren eranskinean jasotako sozietatearen estatutuen testu osoa.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu hau onartzen den egunean sartuko da indarrean; nolanahi ere, dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharra dago.

Vitoria-Gasteizen, 2009ko otsailaren 3an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

ERANSKINA,

OTSAILAREN 3KO 20/2009 DEKRETUARENA.

«EUSKO JAURLARITZAREN INFORMATIKA ELKARTEA SA» SOZIETATE ANONIMO PUBLIKOAREN ESTATUTUAK

I. TITULUA

SOZIETATEAREN IZENA, HELBIDEA, HELBURUA ETA IRAUNALDIA

1. artikulua.- Eraketa, izena eta araubide juridikoa.

1.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA deritzon izaera anonimoko sozietate publikoa eratu da, merkataritza-sozietateen kategoriaren barruan.

2.- Estatutu hauen bitartez arautuko da sozietatea, eta euretan aurreikusi gabekoari dagokionez, indarrean dagoen Sozietate Anonimoen Legera joko da.

3.- Urriaren 30eko Sektore Publikoko Kontratuei buruzko 30/2007 Legeak 24.6 artikuluan xedatutakoari dagokionez, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SA Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoa da; eta ez bakarrik administrazioarena, baita sozietatearen kapital sozialean partaide diren gainerako entitateena eta entitate horien menpeko erakunde autonomo eta gainerako erakunde publikoena ere.

Kapital osoa titulartasun publikokoa izango du sozietateak eta, zenbait erakunderen baliabide propio eta zerbitzu tekniko izanik, jarduera behinenak erakunde horiekin egingo ditu.

Sozietatea Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren zenbait sailen eta beste erakunde batzuen baliabide propioa eta zerbitzu teknikoa denez, horiek lanak, zerbitzuak eta haren helburuarekin lotutako beste edozein jarduera egiteko eskatu ahal izango diote sozietateari, betiere, jarduera horietan administrazio-ahalak baliatu behar ez baditu.

Sail edo erakundeek kasuan kasuko kudeatzeko gomendioaren bidez eskatzen dizkioten lanak nahitaez egin beharko ditu sozietateak, eta egin ere, sail edo erakunde horiek euren aldetik finkatutako jarraibideen arabera.

Aipatutako kudeatzeko gomendioek izaera instrumentala eta ez-kontraktuala dute eta, hortaz, barne-gomendioak, dependentziazkoak eta mendekotasunezkoak dira ondorio guztietarako. Sozietateak nahitaez bete beharko ditu gomendiook, eta erreferentziazko tarifen arabera ordainduko zaizkio. Tarifak, sozietatea atxikita dagoen Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorreko sailaren arau organikoetan zehazten den organoak ezarriko ditu, kaudimen ekonomiko eta finantzarioko irizpideak erabiliz. Gainerako erakundeek ere -alegia, sozietatea baliabide propio eta zerbitzu tekniko gisa baliatzen duten gainerako erakundeek- parte hartuko dute horretan.

Baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoa den aldetik, sozietateari agintzen zaizkion nahitaezko jarduerak, kasuan kasuan, proiektu, memoria edo beste dokumentu tekniko batzuetan definituko dira eta dagokien aurrekontuaren bidez balioetsiko, betiere finkatutako tarifen arabera.

Zenbait erakunderen baliabide instrumental propio eta zerbitzu teknikoa izanik, Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, SAk ezingo du parte hartu erakunde horiek deitutako lizitazio publikoetan. Nolanahi ere, halakoetan lizitatzailerik aurkezten ez bada lizitazioen lana bere ardurapean hartu dezake sozietateak.

2. artikulua.- Helbidea.

Sozietatearen helbidea hau da: Saihesbide kalea 14, Vitoria-Gasteiz. Administrazio-organoari dagokio udalerri beraren barruan helbidea aldatzeko erabakia hartzea, bai eta sukurtsalak, agentziak edo ordezkaritzak sortu, itxi edo tokiz aldatzea bai lurralde nazionalean, bai atzerrian, betiere enpresaren jarduera garatzeko beharrezkoa bada.

3. artikulua.- Helburua.

1.- Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea, Ejie, SA sozietatearen helburuak honako hauek dira:

a) Datuak prozesatzeko teknikak aztertu eta garatu.

b) Zerbitzu informatikoa eskaintzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administraziori (nagusia, lurraldeetakoa edo instituzionala).

c) Komunikazioen arloan, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari segurtasun-zerbitzuak eta zerbitzu tekniko eta administratiboak eskaini, teknika eta baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidez.

d) Aurreko idatz-zatietan adierazitako zerbitzuak Euskal Autonomia Erkidegoaz besteko pertsona edo entitate publiko zein pribatuei eskaini, baldin eta horrela erabakitzen badu sozietatearen administrazio-kontseiluak.

2.- Aurreko atalean zehaztutako jarduerak, osorik nahiz zati batean, garatu ahal izango ditu sozietateak zeharkako eran, helburu antzekoa edo berbera duten sozietateetako akzioen edo partaidetzen titulartasunaren bitartez. Beste enpresa batzuekin batera ere jardun lezake aldi baterako -denbora jakinean edo zehaztugabean- enpresa-elkarketen bitartez edo interes ekonomikoa duten elkarteen bidez (apirilaren 30eko 12/1991 Legea).

Kasuan kasuko izapideak bete beharra kontuan hartuz, atal honetan jasotako jarduerek nahitaez beharko dute Akziodunen Batzar Nagusiak aldez aurretik eta espresuki emandako baimena.

4. artikulua.- Sozietatearen jardueren hasiera eta iraunaldia.

Sozietatearen iraunaldia mugagabea da, eta eratzen den egunean hasiko ditu bere jarduerak.

II. TITULUA

KAPITALA

5. artikulua.- Sozietatearen kapitala.

Sozietatearen kapitala hamazortzi milioi laurehun eta berrogeita bat mila seiehun eta laurogeita hamaika euro eta zentimo batekoa (18.441.691,01) izango da, eta hiru milioi eta hirurogeita zortzi mila bostehun eta bat (3.068.501) izendun akziok ordezkatzen dute, bakoitzak sei euro eta zentimo bateko (6,01) balio izendatua dutenak, serie eta mota bakarrekoak. Akzio horietako bakoitzak bere zenbakia izango du, eta dagokion hurrenkeran izan ere, bi milioi bostehun eta laurogeita bost mila bederatziehun eta hirurogeita hamahirutik (2.585.973), hiru milioi eta hirurogeita zortzi mila bostehun eta batera (3.068.501) bitartean, biak barne, guztiz harpidetu eta ordainduak.

III. TITULUA

SOZIETATEAREN ORGANOAK

6. artikulua.- Sozietatearen organoak.

Akziodunen batzar nagusia eta administrazio-kontseilua dira sozietatearen organoak.

1. ATALA

AKZIODUNEN BATZAR NAGUSIA

7. artikulua.- Izaera, erabakiak betetzeko beharra eta batzarreko karguen izendapena.

1.- Legearen arabera deitu eta eratutako akziodunen batzar nagusia da sozietatearen organo erabakigarria. Horrek baliotasunez hartutako erabakiak akziodun guztiek bete beharko dituzte nahitaez, baita batzarrean agertu ez direnek eta disidenteek ere.

2.- Lehendakaria Batzar Nagusiak berak aukeratuko du sozietatearen akziodun diren bazkideen edo entitate juridikoetako ordezkarien artetik. Kasuan kasuko idazkaria ere batzar nagusiak aukeratuko du.

3.- Sozietate Anonimoen Legean ezarritakoa betez egingo da batzarretarako deia; eta modu berean aztertuko dira gaiak eta hartuko erabakiak.

2. ATALA

ADMINISTRAZIO-KONTSEILUA

8. artikulua. Izaera eta egitekoak.

Administrazio-kontseiluak osatzen du sozietatearen organo kolegiatua. Bere egitekoa da sozietatea modurik zabalenean kudeatzea eta ordezkatzea epaiketetan eta horietatik kanpo. Batzar nagusiaren erabakien eta legeek edo estatutuek batzarrari egotz diezazkioten ahalmenen araberako mugak baino ez ditu izango bere jardunean.

9. artikulua.- Osaera, izendapena, karguak eta iraupena.

1.- Gutxienez hiru administratzailek eta gehienez hemeretzik osatuko dute administrazio-kontseilua. Ez dute nahitaezkoa izango sozietatearen akziodun izatea.

2.- Batzar nagusiaren eskumenak: kontseilari-kopurua finkatzea, horiek izendatzea eta nahi duenean kargutik kentzea, eta kntseiluko karguak (lehendakaria, lehendakariordea eta idazkaria) izendatu eta aldatzea.

3.- Sozietatea eratzerakoan izendatutako administratzaileek legedian ezarritako iraupen-aldia izango dute euren karguetan. Beste era batera izendatutakoen agintealdia batzar nagusiak mugatuko du kasuan-kasuan. Hala ere, batzuk zein besteak, epemuga zehatz barik aukera daitezke, edo edozein unetan kendu ditzake euren karguetatik batzar nagusiak.

4.- Kontseiluko kideak, gehienez ere, bost urterako izendatuko dira. Behin eta berriro aukeratu daitezke epealdi horretarako.

10. artikulua.- Batzarretarako deialdiak.

1.- Administrazio-kontseilua biltzeko deia lehendakariak egingo du, edo Administratzaileen herenak eska dezake bilera egitea. Sozietatearen jardunerako egoki iritzitako beste bider bildu daiteke kontseilua, eta, gutxienez, hiruhilabetetik behin.

2.- Gutxienez berrogeita zortzi ordu lehenago egingo da deialdia; edo lehendakariak egoki deritzonean, premiazko kasuetan. Aztergaien zerrenda finkatu beharko da.

3.- Kontseilurako aldez aurretik deia egitea ez da beharrezkoa izango. Erabakiak hartzeko nahikoa izango da kontseilari guztiak bertan egotea eta aho batez bilera egitea onartzea.

4.- Ezingo dute kargurik bete sozietatean legezko debeku edo bateraezintasunen barruan daudenek -batik bat abenduaren 26ko 25/1983 Legearen eraginpekoek-.

11. artikulua.- Batzarrak eta erabakiak.

1.- Kontseilua baliotasunez eratzeko, kontseilu-kideen erdiak eta bat gehiago bertaratu beharko dira, izan kideak eurak edo euren ordezkariak.

2.- Sozietatearen edozein direktibo edo langile joan daiteke kontseiluko bileretara -hitz egiteko eskubidez, baina botorik gabe-, baldin eta kontseiluko lehendakariak bidezkotzat jotzen badu horiek bertan egotea, aholkuak edo argibideak emateko.

3.- Administrazio-kontseiluko lehendakaria izango da bileretako buru, eta berak zuzenduko ditu. Berori ez balego -kargua betetzeke dagoelako, gaixo dagoelako edo beste eragozpenen bat duelako-, lehendakariordeak edo, bestela, kontseilaririk zaharrenak beteko du lehendakariaren lekua.

Kontseiluko idazkariak izapidetuko ditu deialdiak eta prestatuko ditu bilerak. Bileren aktak egingo ditu eta, lehendakariaren oniritziarekin, izenpetuko egingo ditu. Hartutako erabakien ziurtagiriak ere emango ditu.

Idazkaria ez badago -kargua betetzeke dagoelako, gaixo dagoelako edo beste eragozpenen bat duelako-, kontseilaririk gazteena jarriko da haren ordez.

4.- Kideen botoen gehiengo osoz hartuko ditu erabakiak kontseiluak, eta berdinketa gertatuz gero lehendakariaren botoak ebatziko du. Kontseiluko ahalmenak era iraunkorrean delegatu ahal izateko, nahitaezkoa izango da kontseilarien bi herenen aldeko botoa ematea.

5.- Bileretako akta-liburu bat izango du sozietateak. Horren zaintza eta kontserbazioa kontseiluko idazkariaren ardura izango da.

12. artikulua.- Administrazio-kontseiluaren eskumenak.

Kontseiluaren eskumenak honako hauek dira:

a) Sozietatearen jarduna antolatu, zuzendu eta gainbegiratu.

b) Batzar nagusiaren erabakiak bete.

c) Epaiketetan edo epaiketetatik kanpo sozietatea erantzukizun osoz ordezkatzea, ekintza eta kontratu guztietan eta bai pertsona edo entitate publiko edo pribatuen aurrean ere.

d) Langileen plantilla gauzatzeko eta langileak aukeratu eta ordaintzeko irizpideak proposatu batzar nagusiari.

e) Sozietatearen langileak kontratatu eta ordainsariak finkatu, batzar nagusiak adierazitako irizpideen ildotik

f) Sozietatearen helburua den jarduerarekin lotutako negozio, sozietate edo enpresetan parte hartzeko proposatu batzar nagusiari.

g) Sozietatearen helburuak betetzeko beharrezkoak edo egokiak izan daitezen ekintzak burutu eta kontratuak izenpetu; hor sartzen direla, besteak beste, higiezinak erosi eta saltzea. Horretaz gain, eskubide errealak sortu, aldatu eta iraungi, hipotekarena eta errentamenduko bereziarena barne izanik.

h) Sozietatearentzat onuragarriak izan daitezkeen kreditu-eragiketak eta beste eragiketa finantzario batzuk erabaki.

i) Sozietatearen fondoak zelan erabili, non kokatu eta nola inbertitu behar diren zehaztu; gordailuak eratu; kontu korronteak -eskudiruak edo kredituak- ireki sozietatearen izenean, edozein banku- edo kreditu-entitate publiko edo pribatutan; eskudirua edo, oro har, baloreak atera; truke letrak eta kredituko edo igorpeneko gainerako efektu merkantilak jaulki, endosatu, bermatu, onartu, ordaindu, aurkatu eta negoziatu. Azken baten, bankuen eta merkataritzaren munduko eragiketa guztiak burutu, inolako mugari gabe.

j) Sozietatearen urteko ekitaldia amaitzen denetik kontatzen hasi eta gehienez ere hiru hilabeteko apean, honako hauek formulatu: urteko kontuak, kudeaketa txostena, emaitza aplikatzeko proposamena eta, beharko balitz, kontuak eta kontsolidatutako kudeaketa txostena.

k) Euskal Autonomia Erkidegoko sozietate publikoek nahitaez aplikatu beharreko xedapenetan eskatzen diren programak, aurrekontuak eta gainerako dokumentazio ekonomikoa eta finantzarioa prestatu.

l) Sozietateari dagozkion eskubide, akzio, erreklamazio eta errekurtsoez baliatzerakoan egokiena erabaki, era, maila eta jurisdikzio guztietako epaitegi eta auzitegietan eta Estatuko, autonomia-erkidegoetako, probintzietako, udalerrietako eta beste ente publiko batzuetako agintari eta bulegoen aurrean; eta batzuei zein besteei uko egin bidezko irizterakoan. Ildo horretatik, letratu eta prokuradoreen alde ahalmenak eman sozietatea defendatzeko.

m) Edozein izaeratako ondasun eta eskubideei buruzko gaiak bideratu. Zuzenbidearen arbitrajera edo ekitatera jo, prozedura hori beharko luketen gatazka guztietan.

n) Sozietatearen helburuarekin bat datozenean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaz besteko pertsonei edo administrazio publiko zein pribatuei zerbitzuak eskaintzea erabaki.

2.- Aurreko idatz-zatietan aipatutako eskumenek ez dituzte mugatzen administrazio-kontseiluak dituen ahalmenak, sozietatearen negozioak eta interesak gobernatu, zuzendu eta administratzerakoan, baldin eta ez badaude beren-beregi gordeta akziodunen batzar nagusiarentzat.

13. artikulua.- Kontseiluak ahalmenak eskuordetzea.

1.- Bere egitekoak egoki gauzatzeko, honako hauek egin ditzake administrazio-kontseiluak:

a) Bere kideen artetik batzorde betearazle bat edo gehiago osatu, bere ahalmen guztiak, edo batzuk, betiko edo aldi baterako eskuordetuz. Osatzeko orduan finkatuko da euren eginkizuna eta, beharko balitz, jardunerako arauak.

b) Aholkularitzarako batzorde bat edo gehiago osatu. Ez da izango beharrezkoa kide guztiak sozietateko kontseilari izatea. Osatzerakoan finkatuko dira eginkizunak eta, beharko balitz, jardunerako arauak. Aipatutako aholkularitza- eta betearazpen-batzordeetako buru sozietateko lehendakaria edo honek eskuordetutako kontseilaria izango da.

c) Zenbait eginkizun betiko edo aldi baterako eskuordetu.

d) Egoera jakin batzuetarako ahalordetze bereziak eman, inolako mugarik gabe kopuruaren aldetik.

2.- Aurreko artikuluko lehenengo paragrafoko d), f), j) eta k) idatz-zatietan ezarritakoaren arabera, kontseiluari dagozkion ahalmenak ezingo dira eskuordetu.

14. artikulua.- Kontseiluko lehendakariaren ahalmenak.

Estatutu hauetako beste artikulu batzuetan esleitutakoez gain, honako ahalmen hauek dagozkio administrazio-kontseiluko lehendakariari.

Lehenengoa.- Sozietatearen eta administrazio-kontseiluaren ordezkaritza iraunkorra.

Bigarrena.- Sozietatearen zerbitzu guztiak gainbegiratu eta sozietatearen jarduera zaindu.

Hirugarrena.- Estatutuetan agindutakoa eta batzar nagusiak, kontseiluak eta bere batzordeek hartutako erabakiak betetzen diren al ez zaindu.

Laugarrena.- Administrazio-kontseiluak eskuordetzen dizkion ahalmenak.

15. artikulua.- Kontseiluko lehendakariordea.

Lehendakariaren kargua betetzeke badago, edo lehendakaria ez badago, bere ordez lehendakariordeak jardungo du haren ahalmenekin, gehi administrazio-kontseiluak eskuordetu diezazkiokeenekin.

IV. TITULUA

ERREGIMEN EKONOMIKOA ETA FINANTZARIOA

16. artikulua.- Xedapen arautzaileak.

Sozietate horrek Euskal Autonomia Erkidegoko Sozietate Publikoaren izaera duen aldetik, bere erregimen ekonomikoa eta finantzarioa arlo horretan dauden arau bereziei egokituko zaie. Abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuan agindutakoari eta Sozietate Anonimoen Erregimen Juridikoko xedapen arautzaileei ere egokituko zaie, baldin eta ez badute arestian aipatutako arau horien kontra jotzen.

17. artikulua.- Sozietatearen ekitaldiaren iraupena.

Urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra arte iraungo du, urtero, sozietatearen ekitaldiak. Lehenengo urtean, hala ere, sozietatea sortzen den egunetik hasiko da ekitaldia.

18. artikulua.- Ekonomiari eta kontabilitateari buruzko agiriak.

Sozietatea Euskal Autonomia Erkidegoko Sozietate Publikoa den bitartean, nahitaez egin behar diren beste agiri ekonomiko eta kontable batzuez gain, honako hauek ere burututa izan beharko ditu urte bakoitzeko ekitaldia amaitu ondorengo (urte bakoitzeko abenduaren 31 epemugatzat hartuta) hiru hilabeteren barruan: urteko kontuak, kudeaketa txostena, emaitza aplikatzeko proposamena eta, beharko balitz, normalizatutako kontuak eta kudeaketa txostena.

19. artikulua.- Kontuen zentsura.

Administrazio-kontseiluak, sozietatearen kontuak batzar nagusiari aurkeztu baino lehen, zentsuratu egin beharko ditu kontuok entitate edo espezialista independienteen bitartez.

Hala ere, administrazio-kontseiluak zentsuratzeko obligazio hori kendu liezaioke batzar nagusiari ekitaldi jakin baterako, baldin eta batzarrak, eskatu duen txosten teknikoa ikusi eta gero, ez dela beharrezkoa uste badu. Gerta liteke, ostera, Sozietate Anonimoen Legearen arabera zentsura hori nahitaezkoa izatea.


Azterketa dokumentala