Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2009ko otsailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
738

EBAZPENA, 2009ko urtarrilaren 14koa, Ingurumen Sailburuordetzarena, Santurtziko Udalak sustatutako «Santurtziko HAPOaren aldaketa, AOR 406-El Villar jarduketa-eremuan» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko ebaluazio bateratua egiteko erreferentzia-dokumentua egiten duena.

Euskal Herriko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 41. artikuluaren arabera, I. eranskinaren A) paragrafoan azaltzen diren planek ingurumenean duten eraginari buruzko ebaluazio bateratua beharko dute, plangintzako lehen faseetan alternatiba egokienak aukeratzeko eta ingurumenean izango duten eraginaren analisia eta balorazioa egiteko, jarduera desberdinen ondorio metagarri eta sinergikoak kontuan hartuz.

Era berean, zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko apirilaren 28ko 9/2006 Legearen aplikazio eremuan dago «Santurtziko HAPOaren aldaketa, AOR 406-El Villar jarduketa-eremuan». Aipatutako arauaren 9. artikuluan ezarri zenez, ingurumen iraunkortasunari buruzko txostenaren xehetasun maila eta zehaztasun gradua ingurumeneko organoak ezarriko ditu, ukitutako administrazio publikoak eta publiko interesduna identifikatu eta haiei galdetu eta gero, erreferentziako agiri bat emanez. Agiri horretan, gainera, kasu bakoitzean aplikatu beharreko ingurumen irizpide estrategikoak, ingurumen helburuen adierazleak eta iraunkortasun printzipioak adieraziko dira.

Santurtziko Udalak 2008ko urriaren 6an hasi ditu izapideak «Santurtziko HAPOaren aldaketa, AOR 406-El Villar jarduketa-eremuan» izeneko planak ingurumenaren gainean izango duen eraginari buruzko erreferentzia-dokumentua egiteko.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 25eko 340/2005 Dekretuaren arabera, Ingurumen Sailburuordetzak du planek eta programek ingurumenean izango duten eraginari buruzko txostenak egiteko eskumena.

Espedienteko agiriak aztertu ondoren eta zenbait plan eta programak ingurumenean dituzten ondorioak ebaluatzeko 9/2006 (1) Legearen 9. artikuluan aurreikusitako izapideak betez, Ingurumen Sailburuordetzak honakoa

EBATZI DU:

1.- Ingurumen ondorioetarako soilik, Santurtziko Udalak sustatutako «Santurtziko HAPOaren aldaketa, AOR 406-El Villar jarduketa-eremuan» izeneko planaren erreferentzia-dokumentua egitea.

2.- Txostena honakoa da:

2.1.- Aurrekariak.

Aldaketaren helburu nagusia antolamendu-area berri bat definitzea da, etxebizitza babestuko programa bat garatzeko. Eremua Villarreko landa-nukleoen inguruan kokatuta dago. Mendebaldeko muga porturako sarbidea den autobiako Komunikazio Sistema Orokorra da; ekialdean, Kabiezeseko hirigunea; iparraldean, El Bullonekin duen lotura-ibarbidea eta Cuetoko hegala; eta hegoaldean Ballontiko errekasto-ibarbidea.

Afektatutako eremuaren definizioak guztira 298.687 m2 azalera barne hartzen du, eta egungo hiri-egoera hurrengoa da:

a) Dentsitate baxuko lur urbanizagarriko 46.656 m2.

b) Villarreko landa-nukleoen 45.904 m2.

c) Eremu askeen sistema orokorreko 39.982 m2.

d) Ekipamendu komunitarioaren sistema orokorreko 110.084 m2.

e) Erabilera definitua ez duen lur urbanizaezineko 56.061 m2.

Bere aldetik, antolamenduko proposamen berriak hurrengo sailkapenak eta azalerak barne hartzen ditu:

a) Dentsitate baxuko lur urbanizagarriko 134.545 m2.

b) Hiri-lurreko 19.525 m2 Villarreko landa-nukleoetan.

c) Eremu askeen sistema orokorreko 76.124 m2.

d) Ekipamendu komunitarioaren sistema orokorreko 68.493 m2.

Hiri urbanizagarriaren eraikuntza-dentsitateari dagokionez, proposamen horrek 50 etxebi/Ha-koa izango dela kontsideratu du. Horrek 670 etxebizitza berri egiteko aukera emango luke.

2.2.- Egindako kontsultak.

2008ko urriaren 19an, iragarki bat argitaratu zen prentsan, publiko interesduna identifikatzeko eta kontsultatzeko, eta publiko horren eskura jarri zen espedienteko dokumentazio guztia, bai Ingurumen Sailburuordetzaren egoitzan eta baita Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saileko web orrian ere.

Interesatu gisa akreditatzeko eta alegazioak aurkezteko epea 2008ko azaroaren 25ean amaitu zen. Izapide horretan inor ez da publiko interesatu gisa akreditatu.

Era berean, Ingurumen Sailburuordetza honek ondorengo erakunde hauei egin die kontsulta:

- Eusko Jaurlaritzako Kultur Ondarearen Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Biodibertsitaterako eta Ingurumen Partaidetzarako Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kalitatearen Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko Zuzendaritza.

- Eusko Jaurlaritzako Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza.

- Uraren Euskal Agentzia.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Kulturako Zuzendaritza.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumeneko Zuzendaritza.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Hirigintzako Zuzendaritza Nagusia.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Mendietako eta Natura Inguruneko Zuzendaritza Nagusia.

- Bizkaiko Foru Aldundiaren Nekazaritza eta Abeltzaintza Zuzendaritza Nagusia.

- IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikoa.

- Ekologistak Martxan elkartea.

Arauzko epea bukatuta, Eusko Jaurlaritzako Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko Zuzendaritzatik, Osasun Publikoko Zuzendaritzatik eta Kultur Ondarearen Zuzendaritzatik eta IHOBE Ingurumena Kudeatzeko Sozietate Publikotik proposamenak jaso dira.

2.3.- HAPOaren aldaketari aplika daitezkeen ingurumen-irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak.

Santurtziko HAPOaren aldaketa egiteko, nagusiki honako hauek hartuko dira oinarritzat: Garapen Iraunkorraren Euskal Ingurumen Estrategia (2002-2020), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparru Programa (2007-2010), Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorra eta ekainaren 20ko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretua. Dekretu horren bidez, Lurzoruari buruzko Legearen testu bategina onartzen da; eta Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legean jasotako irizpide estrategikoak eta ingurumen-helburuak oinarritzat hartuko dira.

Zehazki, hurrengo ingurumen-irizpideak ingurumen-irizpide estrategikoak kontsideratuko dira, aldaketak ingurumenean izan ahal dituen eragin garrantzitsuekin lotura dutelako eta horiengatik ingurumen-ebaluazioa egin delako:

1) Dagoeneko artifizializatutako lurzoruak erabiltzeari lehentasuna eman behar zaio. Ahalegin berezia egin behar da nekazaritzako lurzoruak eta lurzoru naturalak babesteko (2). (modu egokian justifikatu beharko da ez dagoela artifizial bihurtutako lurrik proposatutako ekintzetarako):

a) Herriaren jatorrizko nukleoetan eraikitako eta urbanizatutako ondarearen biziberritzea eta etxebizitza hutsen erabilera hazkunde berriaren aurretik lehenetsi behar dira (3) (modu egokian justifikatu beharko da ez dagoela ondare eraikirik proposatutako ekintzarako).

b) Lurzoru urbanizaezina birkalifikatu aurretik lur kutsatuen berreskuratzea lehenetsi behar da. Kutsatuta egon daitezkeen lurzoruak berreskuratu behar dira, hiri-plangintzak erabilera edo jarduera berri bat aurreikusten duenean edo, modu subsidiario batean, aurreikusten ez duenean (4) (modu egokian justifikatu beharko da ez dagoela kutsaturik egon litekeen lurzorurik proposatutako jarduerarako).

2) Hirietan bereizketa eta sakabanatzea saihestea, erabilerak eta jardunak era askotakoak izanik, horiek guztiak espazioan egokiro uztartzea eta ezkontzea ahalbidetuz, jendea ahalik eta gutxien mugiarazita (5).

3) Hiri-egitura irmoak, konpaktuak eta konplexuak sustatzea, planteatutako beharrei erantzuteko. Nahiko altuak diren eraikuntza-dentsitateak sortzea (6).

4) Pertsonen mugikortasun-eskaerari erantzuteko, oinez ibiltzea, bizikleta hartzea eta garraio kolektiboa erabiltzea sustatzea (7). Motorrik gabeko mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzea (8).

5) Hiri-nukleoen ingurumen-kalitatea hobetzea, berdeguneak sustatuz eta handituz (9).

6) Udalerriaren eremuan Eraztun Berdeak sortzea (100.

7) Energia-aurrezpena, energiaren eraginkortasuna eta energia berriztagarrien erabilera sustatzea (11).

8) Lurpeko zein gainazaleko ur kontinentalei, beren oheei, ibilguei, ur-bazterrei eta ertzei, trantsizio-urei eta kosta-urei eragin diezaieketen edozein izaerako planek, programek edo jarduerek, lehenik eta behin, baliabidearen eta ingurunearen babesa, zaintza eta berriztapena zaindu beharko dute. Bereziki, lurralde eta hirigintza antolamenduko planek eta tresnek beren eta inguruaren kontserbaziorako beharrezko neurriak ezarri beharko dituzte. Gainera, sor daitezkeen eskaerak aurreikusi behar dituzte, eta baita behar horiek ingurumenari dagokionez modu onargarrian asetzea bermatzeko beharrezkoak diren bitarteko tekniko eta finantzarioak ere (12).

9) Hondakinen ekoizpena murriztean eta berriz erabiltzean eta birziklapenaren sustapenean oinarritutako hondakinen kudeaketa bermatzea.

10) Landaredia kontserbatzen dela zaintzea, bereziki, basoak, landare-multzoak, hesiak, eta ertzetako landaredia (13).

11) Dibertsitate biologikoaren galera gelditzea habitat eta ekosistemen funtzionamendu iraunkorra lehengoratuz eta babestuz; horretarako, Espazio Natural Babestuetatik kanpo dauden eremuen nahikotasun, koherentzia eta konektibitateari arreta jarri behar zaie (14).

12) Paisaia-faktorea udal-plangintzaren barruan sartzea, bere babesa, kudeaketa eta antolamendua sustatuz, Paisaiaren Europako Hitzarmenak ezartzen duen bezala (15).

13) 1367/2007 (16) Errege Dekretuan ezarritako kalitate akustikoko helburuak betetzea.

Aldaketak modu esplizituan ingurumen-irizpide estrategiko horiek guztiak nola eta zein neurritan garatzen dituen identifikatu behar du.

2.4.- Iraunkortasun-txostenaren hedadura, xehetasun-maila eta zehaztasun-maila.

Zenbait plan eta programak ingurumenean duten eraginaren ebaluazioari buruzko apirilaren 28ko 9/2006 Legean aipatzen den ingurumen-iraunkortasunari buruzko txostena ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazio bateratuari (IEEB) buruzko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuan adierazitako ingurumenaren gaineko ebaluazio bateraturako azterlanean sartuta dagoela ulertu behar da.

Beraz, Santurtziko HAPOaren aldaketak, AOR 406-El Villar jarduketa-eremuan ingurumenean duen eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlana izango du eta ondorengo araudian ezarritako gutxieneko edukiak eta egiturak jasoko ditu: uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskina eta apirilaren 28ko 9/2006 Legearen I. Eranskina.

Aurrekoarekin bat etorriz, ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanean garatzen diren atalek ondoko metodologi eskema hau izan behar dute:

1) Aldaketaren helburu estrategikoak eta helburu horiek lortzeko beharrezkotzat jotzen diren bideak deskribatzea.

2) Beste plan eta programa batzuekiko elkarreraginen analisia.

3) Aldaketak eragina izango duen eremuko ingurumena aztertu, diagnostikatu eta baloratzea.

4) Teknikoki arrazoizkoak diren alternatiben ingurumen-azterlana. Aukeratu den konponbidearen justifikazioa.

5) Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikatu eta baloratzea.

6) Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

7) Aldaketaren eraginak gainbegiratzeko programa.

8) Laburpen-dokumentua.

9) Dokumentazio grafikoa.

Aztergai dugun dokumentuaren ezaugarriak eta egin ditugun kontsultetatik aterarako ondorioak kontuan izanda, ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratuaren azterlanak aipatutako atalak garatu behar izango ditu, ondoren adierazten den zabalera eta zehaztasun-mailarekin:

2.4.1.- Aldaketaren helburu estrategikoen eta helburu horiek lortzeko kontsideratutako alternatiben deskribapena.

Atal honetan Aldaketaren helburuak jaso behar dira, gertakarietatik abiatuz eta horien existentzia eta ezaugarriak diren moduan identifikatu behar dira. Era berean, horiekin bat datozen eta egin diren proposamenak justifikatzeko aukera eman behar dute, modu labur baino egoki batean. Ingurumen-helburuak bereziki azpimarratu behar dira, eta 2.3 atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoetan nola sartu diren modu esplizituan adieraziko da.

Ingurumen alorreko irizpide estrategiko horiek aldaketa lantzean txertatuta, ingurumenean sortutako kalteei aurre hartu nahi zaie, ondoren konpontzen ibili beharrean. Horrela, garapen iraunkorra sustatu eta neurri zuzentzaile eta konpentsaziozkoen beharra gutxitu nahi da. Hori dela eta, aukerak (kokapeneko edota garapeneko edo beren ekintzetako edota aldi baterako eremuen proposamenen alternatibak) bilatu behar dira aldaketan aurreikusitako helburuak, eta batez ere, aipatutako ingurumeneko irizpide estrategikoak beste era batera garatzeko.

Aldaketako proposamenak, gutxienez, lurzoruaren antolamenduko eta proposatutako ekintzen kokapeneko alternatiba posibleak jaso behar ditu, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

2.4.2.- Beste plan eta programekin dituen elkarrekintzen analisia.

Aldaketak aplikazio-eremu bera duten beste planekin duen ingurumen-bateragarritasuna justifikatu behar da. Ingurumen-eraginaren ebaluazio bateratua izan duten hierarkia maila altuago batean dauden planak identifikatuko dira, eta horrela izanez gero, Aldaketak aipatutako ebaluazioetan ezarritako jarraibideekin duen bateragarritasuna aztertuko da.

Beste batzuen artean, hurrengo plan eta programekin duen bateragarritasuna aztertuko da, eta egokia bada, baita ingurumen-inpaktuaren gaineko ebaluazio bateratuarekin duena ere:

a) EAEko Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak.

b) Bilbo Metropolitarreko Lurraldearen Zatiko Plana.

c) Bizkaiko Errepideen Arloko Plana.

d) Bizkaiko Uri Hondakinak kudeatzeko II. Plan Integrala (2005-2016).

e) EAEko Ibaien eta Erreken Ertzak Antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana (isurialde kantauriarra).

f) EAEko Nekazaritza eta Basoak antolatzeko Lurraldearen Arloko Plana.

g) EAEko Uholdeak Saihesteko Plan Integrala eta EAEko hiriguneak urpean geratzeko arriskua aztertzeko lana (2001-2005).

h) Arriskuan dauden Espezieak Kudeatzeko Planak.

i) Klima Aldaketaren aurkako Euskal Planak 2008-2012.

Ingurumen-alorreko bateraezintasunik baldin badago goragoko maila bateko plan eta programekiko, baliogabetu edo ordeztu egin behar dira hartutako erabakiak.

2.4.3.- Aldaketak eragiten duen eremuaren ingurumen-analisia, diagnostikoa eta balorazioa.

Gaur egungo ingurumen egoeraren alderdi garrantzitsuenak aipatuko dira (lurzoruak aurreikusitako erabilerak hartzeko izango duen ahalmena) eta baita horiek izan dezaketen bilakaera ere; gainera, beharbada nabarmen kaltetuko diren eremuen ezaugarriak azpimarratuko dira.

Horretarako, eremuaren balioa identifikatu behar da beharrezko xehetasun mailarekin, honako aspektuen analisiaren bitartez:

1) Eragin handia jasan dezaketen (17) guneetako ingurumen-ezaugarriak (landaredia, fauna, hidrologia, geologia, hidrogeologia, kultura-ondarea,&).

2) Plan Berezirako garrantzitsuak izan daitezkeen ingurumen-arazoak (urak har ditzakeen aldeak, kutsatutako, eraldatutako edo higadura handiko lurzoruak, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa eta abar). Honako hau kontuan hartuko da:

2.a) Lurzoruaren legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 20eko 2/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren 15. artikuluan ezarritakoaren arabera, Plan Bereziak arrisku naturalen mapa bat jaso behar du.

2.b) Kutsadura atmosferikoari dagokionez, inguruaren aire-kalitatea (18) kontuan izan behar da, Aldaketan aurreikusitako erabilerekin duen bateragarritasuna egiaztatzeko helburuarekin. Santurtziko udalerriak Airearen Kalitatea hobetzeko Ekintza-Plan bat abian duela kontuan hartu beharko da.

2.c) Ekainaren 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.1 artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren aurretik plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori Euskal Autonomia Erkidegoko interes orokorreko lanen eta udalerriaren plangintzaren arteko harremanari buruzkoa izango da esklusiboki. Santurtziko Udalak Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

2.d) Ekainaren 23ko 1/2006 Uren Legearen 7.k artikuluak Uraren Euskal Agentziaren funtzioen artean, funtzio bat, izaera loteslea duena, hasierako onespenaren ondoren plan orokorren, arau subsidiarioen, zati-planen eta plan berezien berri ematea dela ezartzen du. Txosten hori udalerriaren plangintzaren eta jabari publiko hidraulikoaren babesaren eta erabileraren arteko harremanari buruzkoa izango esklusiboki. Santurtziko Udalak Aldaketaren hasierako onespenaren ostean Uraren Euskal Agentziari aipatutako txostena igortzea eskatu beharko dio.

2.e) Aldaketak hurrengoa hartu beharko du kontuan: lurzoruaren prebentzio eta zuzenketarako otsailaren 4ko 1/2005 Legearen 17.1.a) eta b) artikulu-zatien arabera, prozeduraren hasieran lurzoruaren kalitate aitorpenaren prozedurari hasiera eman beharko zaio, jarduera edo instalazio kutsagarri bat jasaten duen edo jasan izan duen lurzoru batean jarduera bat instalatu behar bada, eta baita lurzoruaren jarduera edo instalazio kutsagarri bat jasan izan duten eta egun ez-aktiboak dauden lurren mugimenduko proiektuak aurrera eraman behar badira ere. Gainera, aipatutako artikuluaren 2. atalaren arabera, bi suposamenduetan lizentzien, baimenean eta jarduera baten instalazioa eta hedatzea edo lurren mugimendu bat aurrera eramatea ahalbidetzen duten beste xedapenak eman aurretik, ingurumen organoak lurzoruaren kalitate aitorpena egin behar du.

2.f) 37/2003 (19) Legeak eta 1367/2007 Errege Dekretuak xedatutakoari jarraiki, Aldaketak eremuaren zonakatze akustiko bat jasoko du, bertan dauden azpiegitura anitzen zortasun akustikoa kontuan hartuz. Aipatu zonakatzeak lehen aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 5. artikuluan adierazitako metodologia jarraitu beharko du.

Aipatu zonakatzea eginda, kalitate akustikoko helburu aplikagarriak aipatutako 1367/2007 Errege Dekretuaren 14. artikuluan adierazitakoak izango dira. Kalitate akustikoko helburu horiek betetzen direla egiaztatu beharko da, 1367/2007 Errege Dekretuaren IV. Eranskinean ezarritakoarekin bat etorriz.

Aldaketa-eremuak N-644-aren zortasun akustikoaren eraginik izanez gero, azpiegituraren organo substantibo eskudunari bidali beharko zaio, derrigorrezko txostena igorri dezan.

Era berean, 37/2003 Legeak, bere arrazoien azalpenean, hiri-plangintzak eremu akustiko bakoitzaren kalitate akustikoko helburuak beti kontuan izan behar dituela ezartzen du, lurzoruaren edozein sailkapen, plangintza-onarpen edo antzerako neurriak aurrera eramaterako orduan. Kalitate akustikoko helburu horiek kontuan hartu beharko dira eta eremuaren harrera-ahalmena zehazterakoan eta alternatibak sortzerakoan eta aukeratzerakoan irizpide gisa erabili beharko dira.

3) Ingurumen mailan garrantzi berezia duten aldeak:

3.a) Eremua Schreiber muskerraren (Lacerta schreiberi) eta Baso-igel iberiarraren (Rana iberica) Lehentasuneko Banaketa Zona da.

3.b) Balio agrologiko handiko lurzoruak.

3.c) Hostozabaleko zuhaiztiak.

3.d) Akuiferoak betetzeko lekuak, baita akuiferoak kutsatzeko arrisku handia duten eremuak.

3.e) Jabari Publiko Hidraulikoa eta baita poliziarenak diren zonak eta afektatutako ibaietako ertzen zortasun-zona ere. Aldaketaren eremutik gertu Ballonti ibaia dago.

3.f) Erabilera publikokotzat katalogatutako mendiak eta mendi babesleak.

3.g) Korridore ekologikoak. Lekuko eremuarekin lotura-interesa duten paisaiako elementuak identifikatzea iradoki da, korridore ekologikoen eskala anitzeko sare bat garatzea posible izateko. Lekuko korridore horien helburuak honakoak izango lirateke: lotura-intereseko paisaiako elementuak identifikatzea eta babestea, horien gaineko inpaktuen prebentzioa egitea eta horien arteko konektibitatea hobetzea.

Beharrezko informazioa biltzerakoan izan diren zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientzia mailakoak identifikatuko dira, eta zailtasun horiek nola gainditu diren azalduko da.

Ingurumenaren aldetik interes berezikoak diren baliabideak eta espazioak eta planaren esparruan ingurumenaren arloan dauden arazoak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

2.4.4.- Alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien ingurumen-azterketa. Hartutako irtenbidearen justifikazioa.

9/2006 Legearen 8.1 artikuluan arrazoizko alternatibak, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak direnak, identifikatzeko, deskribatzeko eta ebaluatzeko obligazioa ezartzen da. Horiek ez egotea bidegabekoa da, horiek irrazionalak direla frogatu ezik, aurretik ezarritako bideragarritasuneko irizpide teknikoak betetzea ezinezkoa dela kontuan hartuta.

Begietsitako alternatibek, sustatzailearen eskumen juridikoan eta geografikoan sartzen direnak, planean aurreikusitako helburuak modu ezberdinean garatzea bilatu behar dute. Helburu horien artean nahitaez ingurumen helburuak agertu behar dira, eta zehazki ingurumen helburu estrategikoak. Egindako alternatiben hautaketa behar den mailan motibatu behar da, eragin posible askoz ere negatiboagoak izango lituzketen alternatibak nahita aukeratzearen bidez nahi den alternatiba sustatzea saihestuz. Aipatutako alternatiben identifikazio, deskribapen eta ebaluaziorako erabili diren ingurumen-irizpideak eta bideragarritasun teknikoko irizpideak espresuki adierazi beharko dira.

Planteatutako alternatiba bakoitzerako planoak aurkeztuko dira, kasu bakoitzaren egungo egoera eta aurreikusitako etorkizuneko irudia alderatzeko.

Era berean, alternatiba guztien eta bakoitzaren eragin garrantzitsu posibleak modu konparatiboan identifikatzea, deskribatzea eta ebaluatzea ezinbestekoa da. Ebaluazioa ez da horietako bakar batean zentratu behar eta ezin ditu gainerakok aldez aurretik baztertu. Aztertutako arrazoizko alternatiben, hots, teknikoki eta ingurumenari dagokionez bideragarriak diren alternatiben, irudi zehatza eskaini behar da, eta baita horiek aukera onena ez izatea egiten duten arrazoiena ere.

Azken finean, hartutako irtenbidea beste alternatiba tekniko eta ingurumen-alternatiba bideragarrien aurrean justifikatu behar da, eskua ez hartzeari buruzko 0 alternatiba barne.

2.4.5.- Aldaketak izan ditzakeen eraginak identifikatzea eta baloratzea.

Proposamenak ingurunearen hainbat aldagaitan izan ditzakeen eraginak identifikatuko dira, batez ere, eragin kritikoak, hau da, oro har onartutako arau eta azterlan teknikoetan ezarrita dauden muga-balio edo gidak gainditu ditzaketen aldaketaren jarduerak, horiek leuntzeko inolako aukerarik gabe, irailaren 30eko 1131/1988 Errege Dekretuko kontzeptu teknikoen arabera (Errege Dekretu horren bidez onartu zen ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua burutzeko araudia).

Ahaleginak egin beharko dira aldaketak eta haren jarduketek ingurumenean eragin ditzaketen kalterik garrantzitsuenak eta haien arteko erlazioa identifikatzen. Ingurumenaren gaineko eraginaren garrantzia zehazteko irizpideak izango dira apirilaren 28ko 9/2006 Legearen II. eranskinean (zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa) eta urtarrilaren 11ko 1/2008 Legegintzako Errege Dekretuaren III. eranskinean (proiektuek ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzko legearen testu bategina onesteko dena) finkatu direnak.

Zentzu horretan, arreta berezia emango zaie honako alderdiei:

1) Mehatxatutako fauna eta floraren gaineko eragina.

2) Bertan dauden hostozabalen zuhaiztien gaineko eragina.

3) Balio agrologiko handiko lurzoruen gaineko eragina eta nekazaritza-produktibitatearen galera.

Nekazaritzako ekoizpen-erabilerari eusteak eta, edonola ere, lurzoruak berriro erabiltzeak lehentasuna izan beharko dira (20), hortaz, arreta berezia eskainiko zaio planak nekazaritzarako lurzoruan izan dezakeen eraginari eta lurzorua ahalik eta gutxien okupatzea ahalbidetzen duten aukeren alde egingo da. Planteatuko diren proposamenek gune horretara atxikitako nekazaritza ustiategietan izango duten eragina ebaluatuko da, gaur egun hasierako onespena daukan Euskal Autonomia Erkidegoko Nekazaritza eta Basozaintzaren Lurraldearen Arloko Planean dagokion atalean, hots, nekazaritzaren sektorean izango duen eraginaren ebaluazioari buruzkoan, definitu diren nekazaritzako aldagaietan oinarrituta. Ebaluaziorako kontuan hartu behar diren nekazaritzako aldagaiak honako hauek dira:

3.a) Antolamendu-kategoria bakoitzean eragindako azalera.

3.b) Eragindako nekazaritzako ustiategien kopurua eta horien orientazio tekniko eta ekonomikoa.

3.c) Ustiategi bakoitzean izango duen eragina: partzelen zatiketa, azalera osoaren neurriak, forma, irisgarritasuna eta balio agrologikoa.

3.d) Etorkizunean nekazaritzako unitate iraunkor gisa hartuta, zona horrek izango duen eragin orokorra.

4) Paisaiaren gaineko eragina.

5) Akuiferoen gaineko eragina.

6) Lurzoru artifizializatua gehitzea.

7) Baliabideen kontsumoa (ura, energia) areagotzea.

8) Hondakin gehiago sortzea.

9) Ibilgailuen trafikoa areagotzea.

Ebaluatzeko erabiliko den metodologia adierazi beharko da eta horretarako, hala badagokio, kalteak balioesteko izandako zailtasun teknikoak, ezagutzazkoak edota esperientziazkoak zehaztuko dira eta zailtasun horiek nola gainditu diren.

Aldaketak eta beren jarduerek ingurumenean izan ditzaketen eragin esanguratsuak eta horien arteko harremanak era kartografikoan jaso beharko dira, informazio hori bizkor eta erraz eskuratu ahal izateko.

2.4.6.- Neurri babesle, zuzentzaile eta konpentsaziozkoen proposamena.

Aldaketa egiterakoan ingurumen-irizpide estrategikoak sartzeak, besteak beste, konpentsazio-neurri edota neurri zuzentzaileak ezartzeko beharra mugatu beharko luke. Zentzu horretan, eragin negatibo garrantzitsuak egon direlako neurri zuzentzaileak ezarri beharra, ingurumeneko irizpide estrategikoak planean gaizki txertatu izanaren adierazle garbitzat ulertuko da. Hori dela eta, behar beste justifikatu beharko da neurri zuzentzaileak edo osabidezkoak eskatzen dituzten eragin negatibo nabarmenak egotea, nahiz eta txosten honetan dagokion atalean adierazitako ingurumen-irizpide estrategikoak egoki integratu diren.

Ingurumenaren gainean gerta daitezkeen eragin negatibo esanguratsuak murrizteko diren planaren alternatiben garapena edo kokapena teknikoki behar bezala justifikatzen den kasuetan bakarrik, dagozkion neurri zuzentzaile edota konpentsatzaileak ezarriko dira. Ez da ahaztu behar neurri horiek ingurumenean eragin negatibo nabarmenak izan ditzaketela ere bai eta horrenbestez horiek identifikatu beharko dira eta beharrezkoa bada, ebaluazioa egin beharko da.

Neurriak proposatuz gero, horien aplikazioaren kostu ekonomikoa kalkulatu beharko da, eta horien gauzatzea denboran planifikatu beharko da.

Besterik ezean, osabidezko neurriak hartuko dira, atalase onargarria gainditzen ez duen, hau da, arauetan edo onarpen orokorreko ikerketa teknikoetan ezarritako muga- edo gida-balioen azpitik dagoen eragin negatibo nabarmen bat ekiditea edo behar bezala arintzea ezinezkoa denean. Kasu horietan, beren eragina konpentsatu beharko da bidezko ingurumen-neurriekin, kontrako-ikurrekoekin edo esanahi berekoekin. Zehazki, azkenean aurrera eraman eta izadi-kapitalaren galeraren bat dakarten ekintzak daudenean aipatu izadi-kapitalaren handitzearen edo hobekuntzaren bidez konpentsatu beharko dira (21).

HAPOaren aldaketaren formulazioan bezala, eta agiri honetan jaso den moduan, kalteak konpondu beharrean aurre hartzeko printzipioari jarraituz, ingurumeneko jarraibideak ezarri behar dira berrikuspena garatzeko agirietan; jarraibide horiek aurreikusitako jardueren kokagunean eta garapenean txertatuz gero, kalte esanguratsuak mugatu, eta horrenbestez, ondoren neurri zuzentzaileak eta konpentsaziozkoak hartzeko beharra gutxitzeko. Beraz, eta ahal den neurrian, aurretiaz identifikatu behar da, aldaketan aurreikusi diren jardueren artean, zeini egin ahal izango zaion ingurumen ebaluazioa eta zeini ez.

Aldaketaren garapeneko dokumentuetarako proposatutako ingurumen-jarraibideek erreferentzia egingo diete gutxienez hurrengo aspektuei:

1) Energia berriztagarrien erabilera eta aprobetxamendua sustatzea.

2) Energia-eraginkortasuna sustatzea.

3) Hondakinen sorrera murriztea.

4) Hiriko sistemetan natura-baliabideak aurreztea.

5) Mugikortasun iraunkorra sustatzea.

6) 2010. urterako berotegi-efektua eragiten duten gasen emisio guztiak, Kyotoko Protokoloan araututakoak, mugatzea.

7) Dibertsitate biologikoa mantentzea.

2.4.7.- Planaren eraginak gainbegiratzeko programa.

Gainbegiratzea egitean ingurumenaren gainean izan daitezkeen eragin garrantzitsuenei, bai positiboei bai negatiboei, aurreikusitakoak zein aurreikusi ez direnak, horrela identifikatu badira, erreparatuko zaie. Horretarako, beharrezkoa da, aldez aurretik, bakoitzari adierazle bat ezartzea (kualitatiboa edota kuantitatiboa). Adierazle horiek zehazteko, honako hauek behintzat aztertuko dira:

a) Oinarrizko adierazleak.

b) Goiburuko ingurumen-adierazleak.

c) EAEko iraunkortasunaren adierazleak.

d) Europako egitura-adierazleak.

e) Bizkaiko Iraunkortasunaren adierazleak. XI. Taldea.

f) Tokiko Agenda 21en adierazleak.

Adierazle horiei jarraipen zuzena egin ahal zaie, hau da, ingurumenean gerta daitezkeen aldaketen jarraipenaren bitartez (kausa-ondorioaren arteko harremana zehazteko zailtasuna), edo zeharkakoa, presio-faktoreen edo leuntzeko neurrien jarraipenaren bitartez.

Aldaketak eta bere jarduerek ingurumenaren gainean izan ditzaketen eragin garrantzizkoenen adierazleak finkatu ondoren, planean adieraziko da nor arduratuko den adierazle bakoitza gainbegiratzeaz. Gainbegiratze hau ohiko planifikazio-sisteman integratu ahal izango da baina, ziurtatu beharko da edozein unetan jakin ahal izango dela zein den planak adierazle horri egin dion ekarpena edo, horrela izan ezean, zehaztuko da gainbegiratzeak zenbat iraungo duen eta zenbateko aldizkakotasunaz egingo den.

2.4.8.- Laburpen-agiria.

Laburpen-agiri bat idatziko da ingurumen-eraginaren ebaluazio bateraturako prozedura arautzen duen 2003ko uztailaren 22ko 183/2003 Dekretuaren eranskinean ezartzen diren baldintzen arabera. Bertan argituko da, zehatz-mehatz eta publikoak, oro har, ulertzeko moduan, nolakoa izango den programa eta nolako eragina izango duen ingurumenean. Halaber, dokumentazio grafikoa sartzea ere gomendatzen da, batez ere, jendeari informazioa emateko.

2.4.9.- Dokumentazio grafikoa.

Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlanak dokumentazio grafiko nahikoa sartuko du, informazioa azkar eta erraz ikusi ahal izateko. Dokumentazio grafiko hori izan daiteke: taulak, grafikoak, figurak, argazkiak, eskala egokia duten planoak, eta abar.

2.5.- Informazioa jasotzeko eta kontsulta egiteko moduak.

Informazio eta kontsultarako moduari dagokionez, erakunde sustatzaileak honako jarduerak burutuko ditu:

a) Eragindako administrazio publikoei eta herritar interesatuei kontsulta egiteko, Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlana bidaliko zaizkie. Gutxienez, erreferentzia-dokumentuaren 2.2 atalean aipatutako eta identifikatutako Administrazio Publikoei eta herritar interesatuei egingo zaie kontsulta eta, gutxienez, 45 eguneko epea edukiko dute agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

b) Aldaketaren lehen agiria eta Ingurumenaren gaineko Eraginaren Ebaluazio Bateratuaren Azterlana jendaurrean jarriko dira Bizkaiko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den iragarkiaren bidez, eta gutxienez 45 eguneko epea egongo da agiri horiek aztertu eta oharrak egiteko.

2.6.- Ingurumenaren gaineko Eraginaren Aurretiazko Txostenaren eskabidea.

183/2003 Dekretuaren 17. artikuluan ezarritakoa aplikatuz, «Santurtziko HAPOaren aldaketaren, AOR 406-El Villar jarduketa-eremuan» hasierako onespenaren aurretik, Aldaketaren behin-betiko onespenerako duen organo eskudunak, kasu honetan Santurtziko Udalak, ingurumen-organo honi Ingurumenaren gaineko Eraginaren Aurretiazko Txostena igortzea eskatuko dio. Aipatu eskabidea Aldaketaren Aurrerakinarekin edo lehenengo dokumentuarekin eta ingurumen-inpaktuaren ebaluazio bateratuaren ikerketarekin batera bidaliko da, Erreferentziako Dokumentuan espezifikatutako eduki minimoekin.

3. Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aipatutako erreferentzia-dokumentua argitaratzea.

Vitoria-Gasteiz, 2009ko urtarrilaren 14a.

Ingurumen sailburuordea,

IBON GALARRAGA GALLASTEGUI.

OHARRAK

(1) Apirilaren 28ko 9/2006 Legea, zenbait plan eta programak ingurumenaren gainean duten eraginaren ebaluazioari buruzkoa.

(2) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatu bat lortzea.

(3) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3.b) artikulua.

(4) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 3. Helburu Estrategikoa: Lurzoruaren kutsaduraren prebentzioa eta zuzenketa.

(5) Lurzoru eta Hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 3. artikulua.

(6) Hiri-plangintza jasangarritasun-irizpideak kontuan izanda idazteko eskuliburua. IHOBE, Ingurumen Kudeaketako Sozietate Publikoa. Ingurumen eta Lurralde Antolamenduko Saila. 2005.

(7) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 8. Helburu Estrategikoa: Beste mugikortasun kudeaketa eredu baterantz.

(8) Klima-aldaketaren aurka borrokatzeko Euskal Plana 2008-2012. 1.Programa: Karbono gutxiago. «Karbono gutxiago eta energia garbiagoak erabiliz produzitzea eta kontsumitzea, eta karbono-hustulekuak kudeatzea». Garraio-Sektorea, Lerroa: «Aurrezpena eta eraginkortasuna garraiobideetan eta horien erabileran». 16. Ekintza.

(9) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

(10) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 4. ekintza-lerroa, 9. Helburu Estrategikoarena: Lurraldearen erabilera orekatua lortzea.

(11) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 5. Helburu Estrategikoa: Energia kontsumo eta ekoizpen iraunkorrak sustatzea.

(12) Urei buruzko ekainaren 23ko 1/2006 Legearen 29.2 artikulua.

(13) Euskal Herriko Izadiaren Kontserbazioari buruzko ekainaren 30eko 16/1994 Legearen 2.e) artikulua.

(14) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 7. Helburu Estrategikoa: Gure biologia-dibertsitatea mantentzea.

(15) Aipatu Hitzarmena 2008ko martxoaren 1ean indarrean sartu zen, Paisaiaren Europako Hitzarmenaren Berrespenaren INSTRUMENTUARI jarriki (Europako Kontseiluaren 176. zenbakia), 2000ko urriaren 20an Florentzian egina (BOE, 31. zenbakia, 2008ko otsailaren 5ekoa).

(16) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legeak garatzen duen urriaren 19ko 1367/2007 Errege Dekretua, zonakatze akustikoari, kalitate-helburuei eta igorpen akustikoei dagokienez.

(17) Kontuan izan beharreko ingurumen-eraginak arrazoizko probabilitate-maila batekin aurreikusi daitezkeenak izatea iradokitzen du. Arreta-printzipioa aplikatzea: ez da eragin esanguratsuak sortu behar direla ziurtasunarekin jakin behar, aldiz, horiek emateko dauden probabilitateak hartu behar dira kontuan.

(18) 1073/2002 Errege Dekretua, urriaren 18koa, ingurumenaren aire-kalitatearen ebaluazioari eta kudeaketari buruzkoa, sufre-dioxidoari, nitrogeno dioxidoari, nitrogeno-oxidoei, partikulei, berunari, bentzenoari eta karbono monoxidoari dagokienez.

(19) Zarataren azaroaren 17ko 37/2003 Legea.

(20) Euskal Herriko Ingurumenaren Babeseko otsailaren 27ko 3/1998 Lege Orokorraren 28.a) artikulua.

(21) Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumeneko Esparruaren II. Programa 2007-2010. 2. Lehentasuna.


Azterketa dokumentala