Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

30. zk., 2009ko otsailaren 12a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
735

5/2009 EBAZPENA, otsailaren 3koa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, zabalkunde egokia izan dezaten, honako hau,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Ondoko hitzarmenen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

- Hernaniko Udalarekin lankidetza hitzarmena izenpetzeko baimena ematekoa. Helburua: udalerri horretako SU 5.1 Txantilla eremuan etxebizitza babestuak eta SUE 14.8 Antziolan alojamenduak sustatzea (ikusi I. eranskina).

- Lankidetzarako protokolo orokorra, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioarekin egindakoa, Jarduera ikertzailean sartzeko eta hori areagotzeko sustapen programaren barruan (13 Programa), (ikusi II. eranskina).

- Lankidetza hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren eta Arluzeko Kontzejuaren artekoa, meteorologiaren eta klimatologiaren arloko prestakuntza-ekintzak burutzeko lokal bat zaharberritzeko obrak finantzatzeko eta lokal horren erabilera-lagapena erabakitzeko, (ikusi III. eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2009ko otsailaren 3a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK OTSAILAREN 3AN EMANDAKO 5/2009 EBAZPENARENA.

LANKIDETZA HITZARMENA, 2008KO AZAROAREN 5EKOA, EUSKO JAURLARITZAKO ETXEBIZITZA ETA GIZARTE GAIETAKO SAILAREN ETA HERNANIKO UDALAREN ARTEKOA. HELBURUA: HERNANIKO UDALERRIKO TXANTXILLA 5.1 EREMUAN, ETXEBIZITZA BABESTUA ETA, ANTZIOLA 14.8 EREMUAN, ZUZKIDURA ALOJAMENDUA SUSTATZEA.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 5a.

BILDU DIRA:

Alde batetik, Javier Madrazo Lavín jauna, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua.

Eta bestetik, Hernaniko Udaleko alkate-lehendakari M.Ş Angeles Beitialarrangoitia Lizarralde andrea.

BERTARATU DIRA:

Lehenengoa, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburu gisa eta sailaren legezko ordezkari-lanetan ekitaldi honetarako, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko azaroaren 4an egindako bilkuran hartutako erabakiaren bidez.

Bigarrena, Hernaniko Udalaren alkate-udalburu gisa eta Udalaren ordezkari-lanetan, 2008ko uztailaren 24ko osoko bilkurak hartutako erabakiaren bidez egintza honetarako baimendua.

Bi bertaratuek elkarri onartu diote Lankidetza Hitzarmen hau egiteko beharrezkoa den legezko gaitasun nahikoa, eta horretarako, honako hau

AZALDU DUTE:

Lehenengoa.- Euskadiren Autonomia Estatutuaren 10.31 artikuluak zera zehazten du: Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa du lurraldearen eta itsasertzaren antolamenduaren, hirigintzaren eta etxebizitzaren arloetan.

Ildo horretan, 2005-2009 legealdirako Eusko Jaurlaritza eratzeko izenpetutako Koalizio Akordioaren helburu programatikoen artean, etxebizitza babestuen eskaintza handitzea bilduta dago, batez ere alokairuan lagatzeko etxebizitza sozialena.

Hori bermatu ahal izateko, lurzoruaren kontrol publiko arduratsu eta eraginkorra lortu behar da, eta kontrol hori lurzoru publikoa eskuratu eta kudeatzeko ekintza irmoarekin osatu beharko da. Hori dela-eta, botere publikoek (Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Hernaniko Udalak, kasu honetan) batera esku hartu behar dute (eta horretara behartuta daude) beharrezkoak diren babes ofizialeko etxebizitzak egin ahal izateko baldintzak sortzeko, eta bizilekutarako beharrezkoa den eta espekulazioa eragotziko duen lurzoru-ondare publikoa eratzeko.

Helburu horri jarraiki, bi herri-administrazioek honako dokumentu hauek sinatu zituzten:

A.- 1994ko uztailaren 1eko Lankidetza Hitzarmena, SUE 14.8 sektorean babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.

B.- 1996ko ekainaren 3ko Lankidetza Hitzarmena, SUE 16.7 sektorean babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.

C.- 2002ko otsailaren 1eko Lankidetza Hitzarmena, Sagastiya auzoan babes ofizialeko etxebizitzak sustatzeko.

Bigarrena.- Era berean, bi erakunde publiko horiek aurreko idatz-zatian adierazitako alderdietan batera eta koordinatuta egin beharreko jarduna baieztatzeko eta berresteko, Autonomia Erkidegoak alde batetik, eta Tokiko Erakundeek bestetik, elkarren arteko harremanetan euren zereginak eraginkortasunez betetzeko behar duten lankidetza eta laguntza aktiboa eskaini beharko diote elkarri, nork bere esparruan.

Hirugarrena.- Hernaniko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aldaketa puntuala (Txantxilla SU.5 eta Karabel SU.19 eremuei dagokiona) 2007ko maiatzaren 16an onartu zen behin betiko.

Aldaketa horren garapenaren ondorioz, Hernaniko Udalak, 2008ko apirilaren 24ko osoko bilkuran, behin betiko onartu du SU-5.1 -Txantxilla eremuko Hiri-antolamenduko plan berezia.

Plan horren arabera, P.R. 4 lursaila gordeko da babes ofizialeko 56 etxebizitza eta dagozkien eranskinak eraikitzeko (5.656 m2 (t)).

Eremu horren kudeaketa urbanistikoaren barruan, Hernaniko Udalari dagokio—legez—hirigintza-jarduketak eragindako gainbalioetan Komunitateak duen partaidetza.

Euskal Autonomia Erkidegoko lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 27. artikuluan xedatutakoari jarraiki, Hernaniko Udalak interesa agertu du partaidetza hori gauzatzeko babes ofizialeko etxebizitzak sustatzera bideratutako lur-zatian.

Horretarako, eremuak barne hartzen dituen lursailetako jabeekin dagokion Hirigintza Hitzarmena izenpetu du. Aipatutako Toki Korporazioari dagozkio ondorengo hirigintza-eraikigarritasunak (P.R.4 lursaila), lehen adierazitako babes ofizialeko 56 etxebizitzei eta haien eranskinei dagozkienak:

- 5.656 m2t gainaldean.

- 2.520 m2t sestrapean.

Hiri Jardueraren Programa eta SU-5.1 eremuko Itunpeko Hitzarmena onartu da, baita Hitzarmen-batzarra. Horrela bada, bi aldeen arabera, laster behin betiko onartuko denez Birpartzelatze Proiektua, behar adina aldiz hitz egin beharko dute, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eremu horretako etxebizitza babestuen sustapenean izango duen partaidetza zehazteko, eta bereziki, prezioa eta ondare-eragiketarako eta horren sustapenerako garrantzitsuak diren beste ezaugarri guztiak zehazteko, betiere Sail horrek erosi eta gauzatu dezan.

Bi herri-administrazioen helburua da etxebizitza babestua sortzea, betiere errenta-ahalmen txikia duten familien mesedetarako; hortaz, bi aldeak ados jarrita, errentamendu babestuaren erregimeneko etxebizitza sozialaren eskaintza sortu behar dela erabaki dute eta lur-zatian ateratzen diren etxebizitza guztien % 50, gutxi gorabehera, horretara bideratzea (bestela esateko, bi atarietatik bat).

Azkenik, aipatu behar dugu Hernaniko Udalak lehiaketa publikoaren deialdia egingo duela 56 etxebizitza babesturen itunpeko sustapenerako; 56 horietatik, 28 erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean sustatuko dira, eta 28 etxebizitza sozialen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak interesa du etxebizitza sozial horiek erosteko, gero errentamendu babestuan jartzeko; hori dela-eta, itunpeko sustapenaren lehiaketa zuzenduko duen baldintza-agirian honako betebehar hau zehaztuko du Hernaniko Udalak: etxebizitza sozialak eta horiei lotutako eranskinak Sail horri besterendu behar dizkio esleipendunak, betiere eskuratzeko prezioa behin betiko kalifikaziokoa izanik.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza horiek eskuratzeko konpromisoa hartu du, deskribatutako baldintzen arabera. Dena den, konpromiso hori Jaurlaritza partaide den Alokabide sozietatearen bidez gauza daiteke.

Laugarrena.- Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak, etxebizitzaren arloan dituen eskumenak baliatuz, babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko lurzorua behar du etxebizitzen premia egiaztatua duten udalerrietan (eta, horien artean, Hernanin), errenta-ahalmen txikia izanik etxebizitzaren merkatu librera jotzerik ez duten familientzat.

Bosgarrena.- 2/2007 Legegintzako Dekretua, azaroaren 6koa, Euskadiko Ondareari buruzko Legearen testu bategina onartzeko denaren 43. artikuluak agintzen duenez, ondare higiezinak eskuratzeko jardunbidea lehia-prozedura da. Baina artikulu bereko 1. zenbakian, zuzeneko kontratazioa ere ahalbidetzen da, aldez aurretik Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena emanda, erosteko premia eta merkatu-baldintzak nabarmenak direnean—kasu honetan bezalaxe—.

Aipatutako Legegintzako Dekretuak, 38. artikuluan agintzen duenez, Jaurlaritzaren Kontseiluaren onespena behar da ondasun higiezinak doan eskuratzeko, betiere Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak proposatuta, eskuratzeak baldintza edo erabilera konpromiso bereziren bat badakar berarekin--kasu honetan bezalaxe-.

Seigarrena.- Lurzoruari eta hirigintzari buruzko ekainaren 30eko 2/2006 Legearen 17. eta 81. artikuluek adierazten dutenez, plangintzak komunitate-ekipamendu gisa sailkatu ahal izango ditu lurrak, bereziki bizitegi-erabilera duten areetan zuzkidura-alojamenduak ezartzeko, aldi baterako alojamenduak eta premia larria duten kolektiboentzako alojamendu sozialak barnean hartuta. Gainera, hiri-lurzoru finkatuan une honetan eskuragarri dauden lursailak ere xede horretara bideratzeko aukera izango da, betiere bestelako gizarte-beharrei erantzuteko behar adinako ekipamendu-lursailak eskuragarri daudela egiaztatzen bada.

Bi herri-administrazioen ustez, etxebizitza babestua sustatzeko orain artean elkarrekin garatu duten politika osatu egin behar da, zuzkidura-alojamendu horiek gauzatuz.

Horri dagokionez, uste dute SUE 14.8 - Antziola eremuak badituela zuzkidura alojamenduen sustapena hartzeko beharrezkoak diren ezaugarriak.

Zortzigarrena.- Bien interesak, konpromisoak eta ekarpenak egoki bideratzeko, bi aldeek Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute honako klausula hauen arabera:

KLAUSULAK:

Lehenengoa.- Hona hemen Lankidetza Hitzarmenaren helburu bikoitza:

- Batetik, SU 5.1 Txantxilla eremuan etxebizitza babestua sustatzeko programa ezartzea.

- Bestetik, SU 14.8 Antziola eremuan zuzkidura alojamenduen garapena sustatzea.

Bigarrena.- Hernaniko Udalak eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartzen dute beharrezkoak diren hirigintzako dokumentuak izapidetuko dituztela, behin betiko onartu arte: antolamendu xehatuko planak, xehapen-azterlanak eta oinarrizko eta egikaritzako eraikuntza-proiektuak, besteak beste.

Hirugarrena.- Hernaniko Udalak lehiaketa publikoaren deialdia egiteko konpromisoa hartu du, SU 5.1- Txantxilla eremuko P.R. 4 lursailean aurreikusitako 56 etxebizitza babesturen itunpeko sustapenerako, eta esanbidez adierazi du 56 etxebizitza horietatik, 28 erregimen orokorreko babes ofizialeko etxebizitzen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean sustatuko direla, eta 28 etxebizitza sozialen erregimen juridiko eta ekonomikoaren pean.

Halaber, lehiaketa zuzenduko duten baldintza-agirietan ere honako hau txertatzeko konpromisoa hartu du: esleipendunak Euskal Autonomia Erkidegoari saldu behar dizkiola 28 etxebizitza sozialak, haiei loturiko eranskin eta guzti, eta besterentzeko prezioa etxebizitzen kalifikazio-prezioa izango dela, dagokion BEZ erantsita.

Konpromiso hori betetzeko, aldez aurretik behin betiko onartu behar da Birpartzelatze Proiektuaren dokumentua; izan ere, dokumentu horren bidez egiaz gauzatuko da hirigintza-jarduketak eragindako gainbalioetan Udalak duen partaidetza.

Bestalde, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak etxebizitza horiek erosteko konpromisoa hartu du, lehen aipatutako baldintzei jarraiki, betiere errentamendu babestuaren erregimenean esleitzeko. Dena den, konpromiso hori Jaurlaritza partaide den Alokabide sozietatearen bidez gauza daiteke.

Ondare-eragiketa horrek eragindako gastu guztiak (Lurren Balio Gehitzearen gaineko Udal Zerga izan ezik) Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaiak hartuko ditu bere gain.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Hernani izendatzeko SU 5.1- Txantxilla eremuan etxebizitzak sustatzeko interesa duen udalerri bakartzat; hori dela-eta, Hernanin erroldatutako jendeak soilik parte hartu ahal izango du esleipen-prozesuan.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak zuzenean esleituko ditu errentamendu babestuko etxebizitza sozialak.

Laugarrena.- Hernaniko Udalak honako konpromiso hau hartu du: SUE 14.8- Antziola eremuko 9. lursaila, aldi baterako alokairuko zuzkidura alojamenduetarako gordetzea. Sustapena Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak egingo du.

Hori horrela, Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak lursail hori aztertzeko konpromisoa hartu du, baita alojamendu horiek diseinatzeko, eraikitzeko eta kudeatzeko proposamena egitekoa ere.

Proposamenari oniritzi eman eta gero, Hernaniko Udalak honako hau egiteko konpromisoa hartu du: lursaila ematea, horretarako egingo den doako lagapen-akordioaren bitartez. Era berean, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak akordio hori betearazteko konpromisoa hartu du.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak konpromisoa hartu du Hernaniko Udalaren Osoko Bilkuraren erabakia Eusko Jaurlaritzaren Ogasun eta Herri Administrazio Sailari jakinarazteko, Sail horrek Jaurlaritzaren Kontseiluaren bidezko onarpena izapidetu dezan.

Klausula honetan aurreikusitako ondare-eragiketa eskritura publikoan formalizatuko da, adierazitako doako lagapena onartzen duen Jaurlaritzaren Kontseiluaren erabakiaren egunetik hasi eta hilabeteko epean.

Bosgarrena.- Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak bere gain hartu dituen konpromiso guztiak (Konpromiso Akordio honetan zenbateko ekonomikoa zehaztu gabe dutenak), aldez aurretik bidezko aurrekontu-izendapenak egin izanaren baldintzapean egongo dira.

Seigarrena.- Bi Herri Administrazioek beharrezko iritzi diote Akordioaren Jarraipen Batzordea eratzeari. Batzorde hori erakunde bakoitzeko bi ordezkarik osatuko dute, eta bere eginkizunak honako hauek izango dira: ezarritako aurreikuspenak eta konpromisoak gauzaraztea, horiek zorrotz betetzeko neurriak proposatzea, etxebizitza babestuen sustapenak egitean sor daitezkeen gatazkak eta/edo interferentziak konpontzea, sustapenen babes-erregimenak une bakoitzean dauden etxebizitza-premietara egokitzea eta/edo mailakatzea eta, oro har, etorkizunean sor daitezkeen gorabehera guztiei erantzutea.

Zazpigarrena.- Agiri honetan jasotako betebeharrak ez betetzea kontratua deuseztatzeko arrazoia izango da, eta aldeak lehengo egoera juridikora itzuliko dira. Era berean, bai beste aldeari bai uste oneko besteri eragin ahal izan zaizkien kalte eta galerak ordaindu beharko ditu aipatutako deuseztapena eragiten duenak.

Eta adostasuna eta uste ona erakusteko, dokumentu hau izenpetu dute lau aletan, idazpuruan adierazitako lekuan eta egunean.

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,

JAVIER MADRAZO LAVÍN.

Hernaniko Udaleko alkate-lehendakaria,

M.Ş ANGELES BEITIALARRANGOITIA LIZARRALDE.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK OTSAILAREN 3AN EMANDAKO 5/2009 EBAZPENARENA.

PROTOKOLO OROKORRA, ZIENTZIA ETA BERRIKUNTZA MINISTERIOAREN ETA EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIO OROKORRAREN ARTEKO LANKIDETZA EZARTZEKO, JARDUERA IKERTZAILEAN SARTZEKO ETA HORI AREAGOTZEKO SUSTAPEN PROGRAMA GARATZEKO (I3. PROGRAMA).

Madril, 2008ko azaroaren 26a.

PARTE HARTZEN DUTE:

Alde batetik, Cristina Garmendia Mendizábal andrea, Zientzia eta Berrikuntza ministroa, apirilaren 12ko 436/2008 Errege Dekretuz izendatua kargu horretarako, eta honako arau hauen bitartez eman zaizkion eskumenak erabiliz: Estatuko Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamendurako apirilaren 14ko 6/1997 Legearen 12.2g) artikulua eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hamahirugarren xedapen gehigarria.

Bestetik, José Antonio Campos Granados jauna, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua, kargu horretarako ekainaren 27ko 15/2005 Dekretuz izendatua, Jaurlaritzari buruzko ekainaren 30eko 7/1981 Legearen 26. eta 28. artikuluaren bitartez eman zaizkion eskumenak erabiliz; orobat Lehendakariaren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren arabera Sailari dagozkion egiteko eta jardun-arloen barruan indarreko legeriak ematen dizkion guztiak, baldin eta beste edozein organori atxiki ez bazaizkio.

Alde biek elkarri onartzen diote Protokolo hau sinatzeko gaitasuna, eta hori dela eta honako hau

ADIERAZTEN DUTE:

Lehenengoa.- Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak areagotu egin nahi dituzte ikerketarako, garapenerako eta teknologia-berrikuntzarako jardueren lankidetza- eta koordinazio-harremanak. Izan ere, helburu estrategiko zehatz hori jasota dago Zientzia Ikerketa, Garapen eta Teknologia Berrikuntzako (I+G+B) 2008-2011 Plan Nazionalean.

Bigarrena.- Ahalegin handia egin behar da Europako goi mailako hezkuntza- eta ikerketa-alorren inplementazioak eragin dituen erronka berriei erantzuteko eta ezagutzan oinarritutako gizarteak aurrera egiteko. Horretarako, irakasle eta ikertzaile gehiago behar dira, eta horiek potentzial handiagoa izatea unibertsitateetan eta gainerako I+G zentroetan ere.

Hirugarrena.- Espainiako Konstituzioaren 149.1.15. artikuluaren arabera, Estatuari dagokio «Ikerkuntza zientifiko eta teknikoa bultzatu eta koordinazio orokorra egitea». Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eskuduna da Gobernuaren ikerketa zientzia-ikerketa, garapen, teknologia eta berrikuntzako politika proposatzeko eta betetzeko, hori ezartzen baitu uztailaren 11ko 1183/2008 Errege Dekretuak. Dekretu horren bitartez, Ministerioko oinarrizko egitura organikoa garatzen da; politika horren diseinua, berriz, I+ G+B 2008-2011 Plan Nazionalean gauzatzen da, eta plan hori Ministroen Kontseiluak onartu zen, akordioz, 2007ko irailaren 14an egindako bileran. Plan honek begiesten dituen helburu estrategikoen artean giza baliabide kualifikatuen gehikuntza dago, Giza baliabideen Suspertze Programa Nazionalaren bidez.

Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren barruan, Ikerketako Estatu Idazkaritzari dagokio autonomia-erkidegoekin lankidetzan aritzea, Plangintza eta Koordinazio Zuzendaritza Orokorraren bitartez.

Laugarrena.- Euskal Autonomia Erkidegoak eskumena esklusiboa du «zientzia- eta teknika-ikerketan, Estatuarekin koordinaturik», abenduaren 18ko 3/1979 Lege Organikoak, Euskal Herriaren Autonomia Estatutuarenak, bere 10.16 artikuluan xedatutakoaren arabera. Zehazki, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokio, Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzaren bitartez, Jaurlaritzako sailek ikerketaren arloan burutzen dituzten egintzak koordinatu eta bultzatzea, Sailaren oinarrizko egitura organikoa ezartzen duen uztailaren 16ko 222/2001 Dekretuan xedatzen denari jarraiki. Hori guztia Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza 2010 Planean jasotzen da, eta plan hori Jaurlaritzaren Kontseiluak onartu zuen 2007ko uztailaren 24ko bileran, eta helburu estrategikoen artean, giza baliabide gaituak areagotu beharra jasotzen du.

Bosgarrena.- Hezkuntza eta Zientziaren Ministerioaren maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduz, Jarduera Ikertzailean Sartzeko eta hori Areagotzeko Sustapen Programa (I3 Programa) ezarri dela.

a) Programa horrek honako helburu hauek ditu: Ikerketa-jarduera nabarmena duten irakasle eta ikertzaileak unibertsitateetan, CSICn eta ikerketarako bestelako erakunde publikoetan eta gainerako I+G zentroetan modu egonkorrean sar daitezen sustatzea.

b) Aitortutako esperientzia duten ikertzaile espainiar edo atzerritarrak erakartzea edo berreskuratzea, Espainiako zientzia- eta teknologia-sisteman sartzeko.

c) Talde emergente eta finkatuetan diharduten ahalmen handiko ikertzaile gazteak I+G sistema nazionalean sar daitezen bultzatzea.

d) Irakasle eta ikertzaile iraunkorren jarduera ikertzailea areagotu dadin sustatzea, ikertzaileen eta ikerketa-taldeen kantitatea eta kalitatea handitzeko.

Seigarrena.- Maiatzaren 26ko CIN/1579/2008 Aginduaren lehenengo xedapen gehigarriak, programa I3 arautzen duen maiatzaren 26ko ECI/1520/2005 agindua indarrean dagoela jotzen du, Zientzia Ikerketa, Garapen eta Teknologia Berrikuntzako 2008-2011 Plan Nazional berriaren esparruan. Hala, autonomia-erkidegoekin egiten diren protokolo orokor berriak egokitu egin behar dira Plan Nazional berriaren lehentasun eta helburu berrietara.

Zazpigarrena.- Helburu horiek erdiesteko, I3 Programa unibertsitateko eta gainerako I+G zentroetarako laguntzen bidez garatuko da, autonomia-erkidegoek kudeatuta, elkarren osagarri diren bi jarduera-lerroren bitartez: sartze egonkorreko lerroaren bitartez eta areagotze-lerroaren bitartez, maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduaren hirugarren atalari jarraiki.

Zortzigarrena.- I+G+B 2008-2011 Plan Nazionalaren hamabigarren atalean jasotzen denez, Estatuko Administrazio Orokorraren eta autonomia-erkidegoen arteko hartu-emanek lankidetzan, koordinazioan eta elkartasunean oinarritu behar dute, eta helburua izango da betetzea eskualdeetako planak eta Zientzia eta Teknologiako Estatuko Estrategia eta Estatuko I+ G+B Planean, indarrean dagoenean, definitutako programazioa.

Hori dela, eta, alderdiek erabakitzen dute protokolo orokor hau sinatzea, honako klausula hauek zuzenduko dutena:

KLAUSULAK:

Lehenengoa.- Protokolo Orokorraren helburua.

Lankidetzako Protokolo Orokor honen helburua da erabakitzea Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak zer-nolako parte-hartzea izango duen Jarduera Ikertzailean Sartzeko eta hori Areagotzeko Sustapen Programan (I3 programan). Erakunde sinatzaileen arteko koordinazio- eta kooperazio-harremanen nondik norakoa ere finkatu nahi da.

Bigarrena.- Programaren garapena.

1.- Maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduan, Protokolo Orokor honetan eta urtero formalizatutako hitzarmen espezifikoetan ezarritakoaren arabera garatu eta gauzatuko da programa, indarrean dagoelako maiatzaren 26ko CIN/1579/2008 Aginduaren arabera.

2.- Honako hauek izan daitezke programaren laguntzen eta ekintzen onuradunak: maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduaren laugarren atalean adierazitako erakundeen lanpostu iraunkorrak, baldin eta bosgarren ataleko hautagarritasun-baldintzak betetzen badituzte eta zazpigarren atalaren arabera eta aplikagarriak zaizkien estatutuetako arauetan eta erregimen juridikoaren arabera betetzen badira, beti ere Lankidetzarako Protokolo Orokor honetan eta urtero garatutako hitzarmen zehatzetan ezarritakoaren barruan.

3.- Programa betetzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak lehentasuna eman behar die ekoizkortasun gehien eta handiena duten zentroei. Ikerketak egiteko aukeratutako zentroek ikertzaileen eskura jarri beharko dituzte haiek behar bezala lan egiteko behar dituzten instalazio eta material guztiak.

Hirugarrena.- Sarrera egonkorreko lerroa.

1.- Maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera, laguntza-lerro honen helburua da ikerketan ibilbide nabarmena egin duten irakasle-ikertzaile espainiar edo atzerritarrak Espainiako zientziaren eta teknologiaren sisteman sartzea eta bertan gelditzea.

2.- Lanpostu hautagarriko, laguntza bat emango da Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren aurrekontuen kontura. Laguntza horrek honako maila hauek izan ditzake:

* Lehen maila, unibertsitateko irakasle titularren ordainsariaren parekoa.

* Bigarren maila, unibertsitateko irakasle katedradunen ordainsariaren parekoa.

3.- Urteko hitzarmen zehatzean -Euskal Autonomia Erkidegoak eskatuta eta, dagokionean, finantzaketan haren laguntza jasota-, lerro honen diru-kopuruaren zati bat erabili ahal izango da programaren helburuak betetzen lagunduko duten ekintza osagarriak finantzatzeko.

4.- Zientzia eta teknologiako euskal sisteman modu egonkorrean sartu nahi duten eta aparteko merezimenduak dituzten ikertzaile espainiarrak edo atzerritarrak erakartzeko, ordainsari osagarri bat finkatu ahal izango da, zati batean programaren laguntzen kontura, indarrean dagoen araudiaren arabera.

Laugarrena.- Areagotze-lerroa.

1.- Maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduaren hirugarren atalean ezarritakoaren arabera, finantzaketa-lerro honen helburua da ikerketa-jarduerari emandako dedikazio intentsiboa areagotzea, ikerlari eta ikertzaile-talde berrien eta finkatuen potentziala eta gaitasuna ahalik eta gehien aprobetxatzea, eta, era berean, talentu gazteak bultzatzea.

2.- Urteko hitzarmen espezifikoan ezarritako ekarpen ekonomikoa egingo zaio unibertsitateari konpentsazio moduan, irakasle-ikertzaileen lehentasuna ikertzea izan delako.

3.- Areagotze-lerroan egindako ekarpen ekonomikoak erabiliko dira batez ere ikerketan buru-belarri aritutako irakasle-ikertzaileei dagokien irakaskuntza betetzeko langileak kontratatu eta ordaintzeko.

4.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak aukera izango du programaren jardute-lerro hau finantzatzen parte hartzeko. Halakoetan, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko ekarpen ekonomikoa, laguntza-ildo horretan, modulatu ahal izango da, ezarritako baterako finantziazio-irizpideen oinarria aintzat hartuta.

5.- Gainerako I+G zentroek, unibertsitatez kanpokoek, jarduera ikertzailea sustatzeko ekintzetan laguntzeko aukera izango dute, aldi baterako irakasle-ikertzaileak sartuz euren zentroetan, eta ikertzaileen mugikortasuna erraztuz.

Bosgarrena.- Ikerketa-eremuak. Euskal Autonomia Erkidegoan, I3 programarako lehentasunezko jotzen diren ikerketa-esparruak urtean urteko hitzarmen zehatzetan zehaztuko dira, Lankidetzako Protokolo Orokorra garatuko dutenetan.

Seigarrena.- Hitzarmen zehatza.

1.- Protokolo hau sinatzen duten erakundeek urtero hitzarmen zehatz bat egingo dute. Bertan zehaztu egingo da zenbat diru jarriko den Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren aurrekonturen kontura eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak programaren finantzaketan parte hartzen duenean, zenbat EAEko Administrazioaren konpromiso ekonomikoak ere jasoko dira.

2.- Lankidetzarako Protokolo Orokorra indarrean dagoela, urtero formalizatutako hitzarmen zehatzetan, gauzatzeko beharrezkoak diren konpromiso guztiak ageriko dira, eta, gutxienez, maiatzaren 26ko 1520/2005 ECI Aginduaren bederatzigarren atalean aurreikusitako baldintzak zehaztu beharko dira bertan.

3.- Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak, hitzarmen zehatza sinatu ondoren, Euskal Autonomia Erkidegoari dagozkion transferentziak egingo dizkio, urtero zer zenbateko dagokion aintzat hartuta. Horretarako, hitzarmenean ezarritako baldintzak eta indarrean dagoen legeria beteko ditu.

Zazpigarrena.- Funtsen justifikazioak eta zuzkiduren soberakinak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoak ziurtagiri bat aurkeztuko dio Zientzia eta Berrikuntza Ministerioari hurrengo aurrekontu-ekitaldiko martxoaren 31 baino lehen. Agiri horretan honako hauek egiaztatuko dira: aurreko klausulan adierazitako transferentzia aurrekontuan sartu dela eta programaren helburuak —maiatzaren 26ko ECI/1520/2005 Aginduaren bigarren atalean zehaztuak—finantzatzeko erabili dela.

2.- Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak egiaztatu egin beharko ditu Programaren laguntzen onuradun diren unibertsitateen eta beste I+G zentro batzuen justifikazioak, eta hala dagokionean, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioaren eta kontuak fiskalizatzeko eta kontrolatzeko organoen esku utziko ditu, azaroaren 26ko 47/2003 Aurrekontuen Lege Orokorrean ezarritako moduan.

3.- Ekitaldia amaitzean, konprometitu gabe geratu diren soberakinak, Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorraren esku daudenak, zertarako transferitu ziren, berariazko helburu horri eutsiko diote, eta hurrengo ekitaldietan erabiliko dira.

Zortzigarrena.- Programaren jarraipena eta ebaluazioa egiteko batzordea.

1.- Maiatzaren 26ko 1520/2005 Aginduko hamahirugarren atalean adierazitako batzordeak, programaren segimendua eta ebaluazioa egitekoak, honako kide hauek izango ditu:

Estatuko Administrazio Orokorra ordezkatuz:

- Plangintza eta Koordinazio zuzendari nagusia.

- Koordinaziorako zuzendariordea.

- Zientzia eta Berrikuntza Ministerioko aholkulari bat.

- Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko Ordezkaritzako ordezkari bat, apirilaren 14ko 6/1997 Legeak "Estatuko Administrazio Orokorraren Antolamendu eta Funtzionamenduari buruzkoak" 27.1.b) artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren izenean:

- Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, batzorde-buruordea.

- Unibertsitate zuzendaria.

- Zientzia Politikarako zuzendaria.

2.- Ordezkaritza beste inoren esku uzteko aukera egongo da, eta, betetzen den karguaren arabera eramaten bada, aldatu ere egin ahal izango da.

Bederatzigarrena.- Informazioa trukatzea.

Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazio Orokorrak programaren bilakaeraren eta gorabeheren berri emango dio Plangintza eta Koordinazioko Idazkaritza Nagusiari, programa nola gauzatzen ari den eta zer emaitza lortzen ari diren azaltzeko asmoz. Halaber, datu-base bat eguneratzeko balioko duen informazioa ere emango dio. Datu-base hori Zuzendaritza Nagusiak kudeatuko du, autonomia-erkidegoekin koordinatuta.

Hamargarrena.- Lankidetzarako Protokolo Orokorraren iraunaldia.

1.- Lankidetzarako Protokolo Orokor hau sinatzen den egunean sartuko da indarrean eta 2011ko abenduaren 31 arte egongo da indarrean. Protokoloa ebaluatu, berrikusi eta lau urteko aldietarako luzatu ahal izango da, unean indarrean dagoen I+G+Bko Plan Nazionalak ezarritakoaren arabera.

2.- Dena dela, Protokolo Orokorra alderdi bien adostasunez suntsiaraz daiteke, edo bestela, alde batek protokoloa bete ez duela salatzen bada; kasu horretan, alde horrekin hitz egin ondoren, eta bi hilabete aurretik gutxienez, aipatutakoaren berri eman beharko zaio modu frogagarrian. Edonola ere, bete egin beharko dira protokolo honen esparruan unibertsitateekin eta I+Gko beste zentro batzuekin hartutako konpromisoak.

Hamaikagarrena.- Aldeen arteko desadostasunen erregimen juridikoa eta desadostasunak ebaztea.

1.- Protokolo Orokor hau administratiboa da: Sektore Publikoetako Kontratuen urriaren 30eko 30/2007 Legearen 4.1.c) artikuluan aurreikusita dago eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 6.4 artikuluan ezarritakoaren babesean egingo da.

2.- Hitzarmena aldatu, interpretatu eta ebaztean edo hitzarmenaren ondorioetan gerta daitezkeen auziak alderdi bien adostasunez ebatziko dira, jarraipen-batzordearen bitartez. Adostasunera iritsi ezean, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren ardurapekoak izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 8.3 artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hamabigarrena.- Argitaratzea.

Protokolo hau Estatuko Aldizkari Ofizialean eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.

Eta aurreko guztiarekin ados daudela agertzeko, alderdiek Lankidetzako Protokolo Orokor hau jatorrizko bi aletan -biak baliozkoa- sinatzen dute goian adierazitako tokian eta egunean.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

Zientzia eta Berrikuntza ministroa,

CRISTINA GARMENDIA MENDIZÁBAL.

III. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK OTSAILAREN 3AN EMANDAKO 5/2009 EBAZPENARENA.

LANKIDETZA HITZARMENA, EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO ADMINISTRAZIOAREN ETA ARLUZEKO KONTZEJUAREN ARTEKOA, METEOROLOGIAREN ETA KLIMATOLOGIAREN ARLOKO PRESTAKUNTZA-EKINTZAK BURUTZEKO LOKAL BAT ZAHARBERRITZEKO OBRAK FINANTZATZEKO ETA LOKAL HORREN ERABILERA-LAGAPENA ERABAKITZEKO

Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 3a.

BILDU DIRA:

Batetik, Idoia Zenarrutzabeitia Beldarrain andrea, Ogasun eta Herri Administrazio sailburua eta Nuria Lopéz de Guereńu Ansola andrea, Garraio eta Herri Lan sailburua, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren izenean, 2008ko uztailaren 8ko Jaurlaritzaren Kontseiluak horretarako baimena eman baitie, eta bestetik, Julio Egurcegui Rituerto jauna, Arluzeko kontzeju-burua, Kontzejuaren legezko ordezkari gisa, Arabako Lurralde Historikoko Kontzejuen martxoaren 20ko 11/1995 Foru Arauan aurreikusitako onarpen eta baimenak eskuratu ondoren.

Aldeek lankidetza-hitzarmen hau sinatzeko beharrezko legezko gaitasuna onartzen diote elkarri eta

ADIERAZI DUTE:

1.- Euskal Herrirako Autonomia Estatutuaren 10.32 artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokio, besteak beste, Euskal Herriko trenbideko, lehorreko, itsasoko, ibaietako eta kable bidezko garraioaren eta portu, heliportu, aireportu eta meteorologia zerbitzuaren arloko eskumen esklusiboa, horrek Konstituzioaren 149.1.20 artikuluan xedaturikoa ezertan galarazi gabe.

2.- Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintzako Dekretuak, Euskadiko Ondarearen testu bategina onartzekoak, 118. artikuluan ezartzen duenez, Lege horren 1. artikuluan jasotako erakundeek hitzarmenak egin ditzakete beste herri-administrazio batzuekin edo zuzenbide publikoko nahiz zuzenbide pribatuko pertsona juridikoekin ondareari eta hirigintzari dagokienez arlo jakin batean elkarrekin dituzten harremanak antolatzeko, edo, bakoitzaren ondareak dituen ondasunak eta eskubideak direla-eta, lege horretan adierazitako jardunak burutzeko.

3.- Bestetik, aipaturiko arlo horietan Euskal Autonomia Erkidegoak dituen eskumenak Garraio eta Herri Lan Sailaren eta Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren esku utzi ziren ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuaren 16. eta 7. artikuluen bidez (Dekretu horrek Euskal Autonomia Erkidegoaren Administrazioko sailak sortu, ezabatu eta aldatzen dituen eta horien egitekoak eta jardun-arloak finkatzen ditu).

4.- Garraio eta Herri Lan Sailaren eta, bereziki, Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzaren helburuen artean sartzen da meteorologiaren arloko prestakuntza eta zabalkundea.

5.- Arluzeko Kontzejua toki-entitate bat dugu, eta Meteorologia eta Klimatologia Zuzendaritzak radar meteorologiko bat jarri du haren lurretan.

6.- Radar hori jartzeko baimena baldintza batekin eman zuen Kontzejuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak okupazioagatiko kanon bat ordainduko zuela, eta gainera, konpentsazio gisara, bi erakundeen artean adostutako beste hobekuntza osagarri batzuk egingo zirela Arluzean.

7.- Aurreko guztia kontuan izanik, aldeek erabaki dute hitzarmen hau sinatzea. Hona hitzarmenaren

KLAUSULAK:

Lehenengoa.- Hitzarmenaren xedea.

Hitzarmen honen helburua da Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren eta Garraio eta Herri Lan Sailaren bitartez, eta Arluzeko Kontzejuak Kontzejuaren jabetzako eraikineko lokal bat zaharberritzeko proiektua nola finantzatu behar duten zehaztea, lokal hori meteorologia eta klimatologiaren arloko prestakuntzarako erabiltzeko utziko baitu Kontzejuak.

Bigarrena.- Eusko Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan Sailaren konpromisoak.

1.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Garraio eta Herri Lan Sailaren bidez, hitz ematen du berrogeita hamalau mila euro (54.000,00) jarriko dituela, Alfredo Plaza arkitektoaren proiektuari jarraituz, Arluzeko Administrazio Batzarraren gizarte-etxea birgaitzeko obren kostuaren zati bat finantzatzeko.

2.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak, Garraio eta Herri Lan Sailaren bidez, meteorologiaren eta klimatologiaren arloko prestakuntzako ekintzak egin ahal izateko, bitarteko didaktikoak, ikus-entzunezko baliabideak eta interneterako konexioa duten informatikako tresnak jarriko ditu lehenengo solairuko aretoan.

3.- Dirulaguntza hitzarmen hau sinatutakoan ordainduko da, obra amaitu eta obra-ziurtagiriak aurkeztu ondoren.

Hirugarrena.- Arluzeko Kontzejuaren konpromisoak.

1.- Kontzejuaren eraikineko lehenengo solairua proiektuari jarraituz zaharberritzeko obrak kontratatuko ditu.

2.- Baimena emango dio Garraio eta Herri Lan Sailari zaharberritutako eraikineko lehenengo solairua erabil dezan, meteorologia eta klimatologiaren arloko ekintzetarako.

3.- Lehenengo solairuko aretoko atea ireki eta ixteaz arduratuko da, Garraio eta Herri Lan Sailak egindako plangintzaren arabera, meteorologiaren eta klimatologiaren arloko prestakuntzako ekintzak behar bezala gauzatu ahal izateko.

Laugarrena.- Laguntzaren xedea eta baldintzak.

1.- Arluzeko Kontzejuak obren benetako kostua finantzatzeko baino ez du erabiliko dirulaguntza. Beraz, ezin izango dira dirulaguntzaren kontura ordaindu Kontzejuari dagozkion kontratu bidezko betebeharrak ez betetzeagatik eragindako gastuak.

2.- Dirulaguntza hau helburu bererako beste pertsona fisiko edo juridiko batzuk eman ditzaketen dirulaguntza edo laguntzekin bateragarria da; baina laguntza edo dirulaguntzatan jasotako diru kopuruak ezingo du, inondik ere, Kontzejuak obraren kostu gisa benetan egiaztatutakoa gainditu.

Bosgarrena.- Hitzarmenaren araubidea eta interpretazioa.

1.- Hitzarmen hau administrazio arlokoa da, eta beraz, hura interpretatu eta garatzeko, lankidetza-hitzarmenei aplikatu beharreko araubide juridikoa bete beharko da.

2.- Hitzarmen honen inguruan sortzen diren interpretazio-arazoak konpontzeko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 84.4 artikuluan xedatutakoari jarraituko zaio.

Seigarrena.- Hitzarmenaren iraupena eta iraungitzea.

1.- Hitzarmen hau sinatutako egunean bertan sartuko da indarrean eta 10 urteko indarraldia izango du, ekintza horiek burutzeko lokala behar den heinean, eta aldeek beren gain hartutako konpromisoak bete arte.

2.- Aldeetako batek, onartutako konpromisoak betetzen ez baditu, besteak eskubidea izango du hitzarmena suntsi dadin eskatzeko. Hitzarmena hausten bada, zein baldintzatan bukatu eta burutzen ari diren obrak nola ordaindu erabaki beharko dute aldeek.

Eta bildutakoek, ados daudela adierazteko, hitzarmenaren hiru ale sinatu dituzte idazpuruan adierazitako leku eta egunean.

Garraio eta Herri Lan sailburua,

NURIA LÓPEZ DE GUEREŃU ANSOLA.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Arluzeko Kontzejuko lehendakaria,

JULIO EGURCEGUI RITUERTO.


Azterketa dokumentala