Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2009ko urtarrilaren 21a, asteazkena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
267

EBAZPENA, 2008ko urriaren 24koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendariarena, RBE2-1203/08 espedientean Patricia Osorio Tomé andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ebazten duena.

AURREKARIAK

1.- Patricia Osorio Tomé andreak 2008ko martxoaren 5ean emantzipaziorako oinarrizko errenta eskatzearekin batera hasi ziren jarduketa hauek.

2.- 2008ko apirilaren 28an, Bizkaiko lurralde-ordezkariak ebazpena eman zuen Patricia Osorio Tomé andreari gazteen emantzipaziorako oinarrizko errenta eskuratzeko eskubidea ukatzeko, bizi den etxebizitzako errentamendu-kontratuaren titular ez izateagatik, eta modu frogagarrian ez egiaztatzeagatik errentamendu-kontratua ohiko etxebizitzari dagokiona dela.

3.- 2008ko ekainaren 10ean Patricia Osorio Tomé andreak ebazpen horren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen. Bertan, adierazten du ebazpenarekin bat ez datorrela eta alegatzen du ohiko etxebizitza dela frogatzen duen errolda-agiria eransten duela. Alokairuan hartzeko diru-laguntza behar izandako etxebizitzako errolda-ziurtagiria erantsi dio errekurtso-idazkiari. Ziurtagiriaren arabera, 2008ko otsailaren 21ean Patricia Osorio Tomé andrea Getxoko Erribera kaleko 41.ean erroldatuta dago. Errekurritutako ebazpena berraztertzeko eskatzen du.

Aurrekari horietan oinarrituz, hona hemen

OINARRIAK

1.- Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saileko Zerbitzu zuzendaria da aztertu beharreko gora jotzeko errekurtsoa ebazteko organo eskuduna, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren egitura organikoa ezartzen duen Eusko Jaurlaritzaren azaroaren 15eko 373/2005 Dekretuan xedatutakoaren arabera.

2.- Espediente hau izapidetzean gazteen emantzipaziorako oinarrizko errenta arautzen duen azaroaren 2ko 1472/2007 Errege Dekretuan xedaturiko prozedura arauak, arau osagarriak eta bat datozen arauak ikusi dira.

3.- Errekurtsogileak interesduna dela egiaztatu du, herri-administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 31. artikuluan ohartemandako ondorioetarako. Bestalde, arau horren 114. eta 115. artikuluetan zehaztutako epean eta eran aurkeztu da errekurtsoa.

4.- Hiri-errentamenduen Legearen 2. artikuluaren arabera, etxebizitza-errentamendua da errentan dagoena bizitzeko eraikin egokia denean, zeinaren funtsezko xedea errentariak etxebizitza izateko duen behar iraunkorra asetzea baita.

Eskariarekin batera aurkeztu den errentamendu-kontratuaren edukia aztertu ondoren, ikusi da kontratuaren lehen klausulan ezarrita dagoela errentamendu-kontratuaren helburu den etxebizitza familiako etxebizitza gisa erabiliko duela errentariak ...; laugarren klausulan ondokoa dago ezarrita:

«Errentamendua 5 hilabeterako hitzartua geratzen da, hain zuzen ere 2008ko otsailaren 1etik ekainaren 30era arte, eta azaroaren 24ko 29/1994 Hiri-errentamenduen Legean xedatutakoari lotuko zaio.

Errentariak adierazten du hitzaurrean zehaztutako udalerrian duela ohiko egoitza iraunkorra eta alokairuan hartutako etxebizitza aipatu denborarako soilik eta bigarren etxebizitza gisa erabiltzeko interesa duela. Horretarako, erroldatzea eta administrazio- eta zerga-helbidea egungo helbidean mantenduko ditu, eta beraz, ezingo ditu alokairuan hartutako etxebizitzara pasatu errentatzailearen idatzizko baimenik gabe.

Kontratu honen helburu nagusia ez da errentariaren etxebizitza-behar iraunkorra betetzea, beteta baitauka, alokairuan hartutako etxebizitza epe zehatz batean eskuragarri izatea baizik, denborapasarako, lan eta ikasketa kontuetarako, eta abarretarako. Horregatik, hitzartu den errentamendua 1994ko azaroaren 24ko HELaren 3.a artikuluaren babesean egin da, eta berariaz hitzartutakoaren arabera eta modu osagarrian Legearen III. tituluaren eta KZaren arabera arautuko da».

Kontratuaren testua ikusita ez dago zalantzarik eta, bestalde, errekurtsogileak laguntza eskatu zueneko errentan hartutako etxebizitzako errolda-agiria aurkeztu duen arren, agiri hori 2008ko otsailaren 21ean egina dago eta errekurtsoa, berriz, 2008ko ekainean jarrita. Beraz, errekurtsoa egin zeneko egunez ez da eguneratutako errolda-agiririk aurkeztu, ezta kontratuaren luzapenik ere; horrenbestez, ez da egiaztatuta geratu errentamendu-kontratuaren helburu den etxebizitza ohiko etxebizitza iraunkorra denik, ezta iraunkorra izatekoa denik ere, denboraldi baterako errentamendua baizik, behin eta berriz kontratuan berariaz esaten den bezala.

Azaldutako oinarriak, aipatutako xedapenak eta horiekin bat datozenak eta, oro har, aplikagarriak diren gainerakoak ikusita, hauxe

EBATZI DUT:

Patricia Osorio Tomé andreak aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa ezestea. Errekurtso hori Bizkaiko lurralde-ordezkariak RBE2-1203/08 espedientean emandako ebazpenaren aurka aurkeztu zen, zeina berretsi egiten baita, zuzenbidearekin bat datorrelako.

Ebazpen honek administrazio-bidea amaitzen du; hala ere, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkez daiteke Bilboko Administrazioarekiko Auzietako Epaitegian. Ebazpena jakinarazten den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da horretarako epea.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 24a.

Zerbitzu zuzendaria,

MIKEL ARANA ECHEZARRETA.


Azterketa dokumentala