Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2008ko abenduaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
7168

AGINDUA, 2008ko abenduaren 5ekoa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko sasoiko langileentzako bizilekuetarako laguntzei heltzeko deialdia egiten duena 2009. ekitaldirako.

Nekazaritza eta abeltzaintzako sektorean sasoiko lana egiten dutenentzako ostatuak diruz laguntzen dituen apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren xedea da Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategietan sasoiko zerbitzuak eskaintzen dituzten langileei ostatu ematera bideratutako higiezin eta ekipamendu guztiek bete behar dituzten gutxieneko baldintzak zehaztea.

2004ko ekainaren 30ean Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren burutzapean izandako Euskal Autonomia Erkidegoko Sasoiko Lanaren Erakunde Arteko Mahaiak onartutako Sasoiko Langileen Arretarako 2004-2007ko Plan Integrala betearazteko neurri gisa onartu eta argitaratu zen dekretu hori. Izan ere, dekretuak helburu dauka, besteak beste, Sasoiko langileentzako bizitoki komunitarioak sortu edo mantentzeari dagokionez, laguntza eta subentzio plana mantentzea.

8 artikuluak zehaztutakoaren arabera, urtero irekiko da eskaerak aurkezteko epea Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren Aginduaren bidez. Agindu horretan, besteak beste, honako eduki hauek zehaztuko dira: eskabideak aurkezteko epea, dirulaguntza guztietarako gehienezko dotazio orokorra; eta, behar izanez gero, horren hainbanaketa urteetan zehar, dirulaguntzaren zenbatekoa eta horren ponderazioa finkatzeko erabilitako irizpide objektiboak zehaztea, eta 7. artikuluko 2. paragrafoan adierazitako agirietatik aurkeztu behar direnak zehaztea, deialdi bakoitzean aukeratutako irizpide objektiboen arabera.

2007ko abenduan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren burutzapean izandako Euskal Autonomia Erkidegoko Sasoiko Lanaren Erakunde Arteko Mahaiak II. Sasoiko Langileen Arretarako 2008-2012ko Plan Integrala onartu zuen. Izan ere, plan horren esparruan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailak finantzatu beharreko ekintzen artean, sasoiko langileentzako bizitoki komunitarioak sortu edo/eta mantentzea daude, urtean 100 toki berri sortzeko xedez.

Agindu hau onartu eta argitaratu da apirilaren 17ko 62/2007 Dekretua eta II. Sasoiko Langileen Arretarako Plan Integrala 2008-1012 betetzeko.

Bestaldetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduan ezarritakoaren arabera, 2009. urteari dagokion aurrekontu-ekitaldian laguntza hauetarako jarritako aurrekontuko diru-izendapenaren menpe dago laguntza-deialdi hau.

Horregatik guztiagatik,

EBATZI DUT:

Lehenengoa.- Helburua.

Agindu honen xedea da apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitakoaren arabera nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreko sasoiko langileentzako bizilekuetarako laguntzei heltzeko deialdia egitea 2009. ekitaldirako.

Bigarrena.- Eskabideak eta dokumentazioa aurkezteko epea.

1.- Bada, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuan aurreikusitako laguntzetara biltzeko eskabideak aurkezteko epea, 2009ko ekitaldian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasi eta 2009ko otsailaren 27an amaituko da.

2.- Eskabideak apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuaren 7. artikuluan zehaztutakoaren arabera aurkeztuko dira.

a) Eskabide-egilearen nortasun-agiriaren fotokopia, pertsona fisikoa izanez gero.

b) Eskari-egilea pertsona juridikoa baldin bada, legezko ordezkariaren nortasun-agiriaren fotokopia eta eskari-egilea ordezkatzeko duen indarra egiaztatzen duen ahalordetze-idazkia, bai eta erakundearen estatutuen eta berauen erregistro-inskripzioaren fotokopia.

c) Burutzekoa den inbertsioa edo gastua zehazten duen memoria. Bertan proiektua burutzeko epeen aurreikuspena, kokapena, finantzaketa eta aurrekontu xehatua jaso beharko dira.

d) Hirugarrenentzako Altaren Inprimakia.

e) Obra-proiektuaren, lizentziaren eta udal baimenaren kopia, hala badagokio.

f) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan egunean egotearen egiaztagiri eguneratuak.

g) Jatorriko kontratazio-programari atxikita dagoela erakusten duen «konpromisoa»ren kopia, hala badagokio.

h) Hala badagokio, errenta-aitorpenaren kopia eta Gizarte Segurantzaren nekazaritzako erregimeneko inskripzioaren kopia.

i) Aurkezten diren agiri guztiak egiazkoak direla dioen zinpeko aitorpena; eskatzaileak ez duela diru-laguntza publikoak eskuratzea eragozten dituzten zehapen administratiborik edo penalik jaso, eta ez daukala horretarako legezko inolako debekurik, sexu-bereizkeriagatiko debekuak barne, Emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen amaierako seigarren xedapenean zehaztutakoarekin bat etorriz, eta Laneko Segurtasun eta Higieneari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legea hausteagatik; bai eta aurreko bi urte fiskaletan eta aurtengo ekitaldian jasotako «minimis laguntzak» ere.

Hirugarrena.- Laguntzen zenbatekoa, guztira.

Agindu hau betez emango diren laguntzen zenbateko osoa Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorren kontura joango da eta ez da 500.000 eurotik gorakoa izango. Edonola ere, indarrean dauden legeekin bat etorriz aurrekontuetan aldaketak egitea onesten bada, zenbateko hori eguneratu ahal izango da.

Halakorik gertatuz gero, aldaketa horietatik datorren aurrekontuko diru-izendapena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, Elikagai Politika eta Industriako sailburuordearen ebazpen baten bidez argitaratu ere, laguntzen inguruko ebazpena egin aurretik.

Laugarrena.- Diru-laguntzen zenbatekoa zehazteko eta neurtzeko irizpide objektibo zehatzak.

Jarraian adierazi dira laguntzaren zenbatekoa zehazteko eta neurtzeko irizpide objektiboak 2009ko ekitaldirako:

- Ostatuaren kokapen-eremua zenbait eremutan dauden aterpetxeen beharrak direla-eta: 5 puntu.

- Jatorrian kontratatzeko programari atxikita egotea: 10 puntu.

- Nekazari gaztea izatea. Agindu honen ondorioetarako, nekazari gazteak zein diren definizioa abenduaren 15eko 1857/2006 (EE) Erregelamenduaren 11. idatz-zatiko 2. artikuluan zehazten da (produktuak ekoizten dituzten enpresa txiki eta ertainentzako estatuko dirulaguntzei EE Ituneko 87. eta 88. artikuluak aplikatzeari buruzkoa da erregelamendu hori). 10 puntu.

- Ostatu hartzeko toki-kopurua: 5 puntu.

- Kostuaren eta tokien arteko erlaziorik onena: 5 puntu.

- Nekazaritza ogibide nagusia izatea (ATP): 5 puntu.

- Etxebizitza edo ostatua noraino egokitzen zaion sasoiko langileentzako ostatuetan bete beharreko gutxieneko baldintza materialak eta funtzionalak eta haien baimentzea, erregistroa eta egiaztapena arautzen dituen azaroaren 28ko 248/2006 Dekretuan ezarritakoari, dekretu horren bigarren xedapen iragankorra aplikatuz: 10 puntu.

Bosgarrena.- Burutzeko epea.

2009ko ekitaldian, apirilaren 17ko 62/2007 Dekretuko 2. artikuluan aipatzen diren diruz laguntzeko moduko jarduerak gauzatzeko epea, gehienez ere 2009ko abenduaren 31n amaituko da.

Seigarrena.- Errekurtsoak.

Administrazio-bidea agortzen duen agindu honen aurka interesdunek aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkez diezaiokete Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari hilabeteko epean. Bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epearen barruan. Kasu bietan, agindua argitaratu eta hurrengo egunetik hasiko da kontatzen epea.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren 5.3. artikuluan aurreikusitako ondorioetarako, 2009. urteari dagokion aurrekontu-ekitaldian laguntza hauetarako jarritako aurrekontuko diru-izendapenaren menpe dago agindu honen laguntza-deialdi hau.

AZKEN XEDAPENA

Agindu honek Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2003ko abenduaren 5a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.


Azterketa dokumentala