Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2008ko abenduaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila
7167

216/2008 DEKRETUA, abenduaren 16koa, Arabako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, Etxaguengo Zeharbidean A-3608 errepidea egokitzeko proiektua gauzatzeko behar diren ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu behar dituela adierazteko dena.

Arabako Foru Aldundiko diputatuen kontseiluak 2008ko martxoaren 11n izandako bilkuran hartu zuten 143. Erabakian, hau ebatzi zuten: «Etxaguengo Zeharbidean A-3608 errepidea egokitzeko proiektua» gauzatzeko behar ziren ondasun eta eskubideak nahitaez hartzeko legezko izapideei ekitea; erabaki horren baitan zegoen proiektuak eragiten dien ondasun eta eskubideak herri-erabilerarako zirela adieraztea eta horien zerrenda banakatua jendaurrean jartzeko erabakia. Beraz, berriro jarri ziren jendaurrean. Ondoren, 2008ko uztailaren 8an Arabako Foru Aldundiko diputatuen Kontseiluak egindako bilkuran erabaki zen, Eusko Jaurlaritzari nahitaezko desjabetzearen eraginpean dauden ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla adierazteko eskatzea, 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Lehenbailehen hartu beharreko ondasun eta eskubideak banakatuta eta xehatuta agertzen dira espedientean jasotako zerrendan, zeintzuk diren jakiteko beharrezkoak diren datuekin. Zerrenda hori jendaurrean jarri zen zegokion garaian eta, administrazio espedientean adierazten denez, alegazio batzuk aurkeztu eta ebatzi ziren.

Zerbitzu teknikoek ikusi dutenez, ez dago espedientea izapidetzeko inolako hirigintza-oztoporik.

Ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da honako arrazoi hauengatik:

A-3608 errepidea Etxaguendik igarotzean 5,50 metroko zabalera du bere trazaduraren zatirik handienean, eta 4 metro baino estuagoa elizaren parean. Ondorioz, gune horretan pasabide arriskutsua da oinezkoentzat. Proiektu honekin A-3608 zati hori egokitu nahi da ibilgailuak eta oinezkoak denak segurtasunez ibil daitezen. Proiektuaren bidez, geometria hobetu, espaloi berria, argiztapena eta drainatze-sarea jarri, eta argindar nahiz telekomunikazioko lineak lurpean kanalizatuko dira.

Adierazitako guztiarengatik, eta dagoeneko igaro den denbora kontuan izanda, ondasun eta eskubide horiek hartzea luza ezinezkotzat jotzen da.

Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 31ko 4/1990 Legearen 26.1.f) artikuluan xedatzen denaren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio nahitaez desjabetu beharreko ondasun eta eskubideak lehenbailehen hartu beharrekoak direla, adieraztea nahitaezko desjabetzeak honako hauek hartzen dituenean: burutze-unitate osoak, lurraldearen hirigintza-antolamenduari dagozkion sistema orokorrak edo antolaketa horren elementuren bat eta hiri-lurzoruan egin beharreko banakako egintzak. Goian aipatutako Lege horrek 26.2 artikuluan ezarritakoaren arabera, orduko Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurugiro sailburuari zegokion horretarako proposamena Jaurlaritzaren Kontseiluari aurkeztea.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren proposamenez eta Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legearen 26.ean xedatutakoari jarraituz, adieraztea Arabako Foru Aldundiak, nahitaez desjabetzeko, lehenbailehen hartu behar dituela Etxaguengo Zeharbidean A-3608 errepidea egokitzeko proiektua burutzeko beharrezkoak diren ondasunak eta eskubideak. Berariaz hasarazitako espedientean jasotako zerrendan daude zehaztu eta banakatuta ondasun eta eskubide horiek.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburua,

ESTHER LARRAÑAGA GALDOS.


Azterketa dokumentala