Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2008ko abenduaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Kultura Saila
7163

215/2008 DEKRETUA, abenduaren 16koa, «Merkataritza Idaztegia» izeneko lokala (Erribera kalea 4 eta 5, Bilbao) eta lokal barruko ondasun higikorrak sailkatutako kultura ondasun izendatzen dituen deklarazioa indarrik gabe uzteko dena.

Abenduaren 15eko 1557/1989 Errege Dekretuaren bidez, Bilboko Erribera kaleko 4 eta 5 zenbakietako lehen solairuan dagoen «Merkataritza Idaztegia» izeneko lokala eta lokal barruko ondasun higikorrak monumentu kategoriako kultura ondasun deklaratu ziren (1989ko abenduaren 21eko BOE, 305. zk.).

Konstituzioaren 148.1.16 artikuluan eta Autonomia Estatutuaren 10.19 artikuluan xedatutakoaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoak eskumen esklusiboa bereganatu zuen kultur ondarearen alorrean, eta eskumen horren indarrez onartu zen uztailaren 3ko 7/1990 Legea, Euskal Kultur Ondareari buruzkoa. Bada, Legearen lehenengo xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, aurreko araudiari segituz kultura interesdun deklaratutako ondasunak sailkatutako kultura ondasun izatera pasatzen dira.

«Hormibal, S.A.» entitate sustatzaileak, Surbisa-Bilboko Berregokipenerako Hirigintza Elkartea, S.A.ren bitartez, bidezko desafektazio-espedientea bideratzeko eskaera bidali zuen Euskal Kultura Ondarearen Zentrora.

Kultura ondasunaren ikuspuntutik egindako balorazio-txostenaren ondoren, «Merkataritza Idaztegia» izeneko lokalak eta lokal barruko ondasun higikorrek ez dutela eman zaien mailako babes-neurririk merezi ondorioztatzen da.

Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen 2008ko ekainaren 9ko Ebazpenaren bitartez (2008ko uztailaren 8ko EHAA, 129. zk.), hasiera eman zitzaion eta jendaurrean jarri zen «Merkataritza Idaztegia» izeneko lokala (Erribera kalea 4 eta 5, Bilbao) eta lokal barruko ondasun higikorrak sailkatutako kultura ondasun izendatzen dituen deklarazioa indarrik gabe uzteko espedienteari, bai eta interesdunei entzuteko epea zabaldu ere.

Informazioa jendaurrean jartzeko eta interesdunei entzuteko izapidea egin ondoren, Ondare eta Herri Laneko Euskal Elkarteak alegazio-idazki bat aurkeztu du epearen barruan, «Merkataritza Idaztegia» izeneko lokalak sailkatutako kultura ondasunaren deklarazioa galtzearen kontra agertuz, ondasunaren balio historiko eta ondarezkoak indarrean daudela iruditzen zaiolako.

Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek alegazioen gaineko bidezko txostenak egin ondoren, ondorioztatu da Bilboko Erribera kaleko 4 eta 5 zenbakietako eraikinaren lehen solairuan ez banaketa ezta bertako higigarriak ere ez direla jatorrizkoak eta, hortaz, deklarazioa arrazoitu zuten balioak galdu egin direla. Ondorioz, bidezkoa da kultura ondasunaren deklarazioa indarrik gabe uztea, Euskal Kultura Ondarearen Legearen lehenengo xedapen gehigarrian xedatutakoari jarraiki.

Hala eta guztiz ere, Dekretu honek ez dio eragiten «Merkataritza Idaztegia» kokatuta dagoen eraikinak abenduaren 29ko 543/1995 Dekretuaren arabera jaso duen erdi-mailako babesari. Dekretu horren bidez, Bilboko hirigune historikoa sailkatutako kultura ondasun gisa izendatzeko espedienteari Euskal Kultura Ondarearen uztailaren 3ko 7/1990 Legean adierazitako babes-araubidea eta gainerako gorabeherak erantsi zitzaizkion (1996ko urtarrilaren 16ko EHAA, 11. zk.).

Hori dela-eta, Euskal Kultura Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legearen 11.1, 12 eta 15. artikuluetan ezarritakoaren arabera, Kultura Ondarearen Zentroko zerbitzu teknikoek egindako aldeko txostena ikusirik, Kultura sailburuaren proposamenari jarraituz eta Jaurlaritzaren Kontseiluak gaia 2008ko abenduaren 16ko bilkuran aztertu ondoren, honako hau

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.- Bilboko (Bizkaia) Erribera kaleko 4 eta 5 zenbakietako lehen solairuan dagoen «Merkataritza Idaztegia» izeneko lokala eta lokal barruko ondasun higikorrak sailkatutako kultura ondasun izendatzen dituen deklarazioa indarrik gabe uztea.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Kultura Sailak Euskal Kultura Ondarearen Zentroari honako hau eskatuko dio: behin-behineko ohartarazita dagoen ondasun higiezin hori Zentroari atxikita dagoen Sailkatutako Kultura Ondasunen Erregistrotik ezaba dezala.

Bigarrena.- Kultura Sailak dekretu honen berri emango die interesdunei, Bilboko Udalari, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura eta Hirigintza Sailei eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailari.

Hirugarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta Bizkaiko Aldizkari Ofizialean argitaratzea, jende guztiak honen berri izan dezan.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Administrazio-bidea amaitzen duen dekretu honen aurka, lehenik, nahi izanez gero, berraztertzeko errekurtsoa jar dakioke Jaurlaritzaren Kontseiluari hilabeteko epean, edo, bestela, zuzenean, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzietarako salan bi hilabeteko epean. Epeak Dekretu hau azkenekoz argitaratzen den egunaren biharamunetik hasiko dira kontatzen.

Bigarrena.- Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Kultura sailburua,

MIREN KARMELE AZKARATE VILLAR.


Azterketa dokumentala