Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2008ko abenduaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
7162

AGINDUA, 2008ko abenduaren 3koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena 2008-2009 ikasturteko Urruzuno literatura-lehiaketarako dei egiten duena.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ikasten ari diren gazteen artean euskara sustatzeko tresna baliagarria dela uste du literatur sorkuntza lana. Hori dela eta, ikasmaila horietako gazteek langintza horretarako pizgarri eta bultzagarri gisa hartu eta euskara beren gogoeta eta sentimenduak adierazteko tresna moduan landu dezaten, zera

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.- Urruzuno Literatura-lehiaketarako deialdia onartzea, Agindu honen eranskinean zehazten diren oinarri-arauen arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura egiten diren gastu-espedienteen aurretiko izapidetzea araupetzen duen Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduaren ondorioetarako, agindu honetako diru-laguntzei buruzko ebazpena emateko garaian, Euskal Autonomia Erkidegoaren 2009 urteko aurrekontu orokorretan kreditu egoki eta nahikoa egotea edo ez egotearen menpe geratuko da.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Oinarri-arauek jardunbide kontuan begiz jo gabeko orotarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak dioena hartuko da oinarri.

Bigarrena.- Interesatuak deialdia eta oinarri-arauak inpugnatu ahal izango ditu, bai eta horien ondorioz Administrazioak egin ditzan egintza oro ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Administrazioarekiko Auzietarako Jurisdikzioko Legean ezarritako epean eta eran.

Hirugarrena.- Agindu hau EHAAn argitaratzen den egunaren hurrengoan sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abenduaren 3a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

I. ERANSKINA

OINARRI-ARAUAK

1.- Bigarren Hezkuntzako 2009ko Urruzuno Literatura-lehiaketarako deia egiten da.

2.- Deialdi honetan 2008-2009 ikasturtean Bigarren Hezkuntzan diharduten eta hurrengo ataletan zehazten diren mailetako ikasleek soilik hartu ahal izango dute parte.

Ezingo dute deialdi honetan parte hartu Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko legearen testu bateratuaren 50. artikuluko 5. paragrafoak, Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legeak aldatuak, ezarritako arrazoiren baten eraginpean daudenak. Honen haritik, Lege horrek aipatu artikuluan ezarritako arrazoiren baten eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko aitormena egin beharko du eskatzaileak.

3.- Ikasle horien artean bi kategoria bereziko dira: B gaztetxoentzat (DBHko 3. eta 4. mailak) eta A gazteentzat (Batxilergoetako 1. eta 2. mailak edo Erdi Mailako Heziketa Zikloak).

4.- Literatura-lanek orijinalak, aurrez saritugabeak, argitaratu gabeak eta euskaraz sortuak izan behar dute, nahiz prosaz nahiz poesiaz, bertso paperak barne, betiere Euskaltzaindiak onartuta dauzkan ortografi eta gramatika arauak betez; bestelako literatura-saririk irabazi gabeak izan behar dute. Gaia librea izango da.

5.- Egileak lanaren paperezko alea eta ordenadore-disketta edo CDa aurkeztu behar ditu. Lan hauek «Times New Roman 12» edo «Arial 10» letra tipoa gutxienezko erreferentzia izango dute neurriari dagokionean. Lehen orrialdean soilik lanaren izenburua, egilearen izengoitia, arloa eta kategoria jarriko dira, dena ere letra larriz, egilea nor den ager lezakeen aztarrenik gabe. Lanarekin batera eta gainean izengoiti bera beste ezer ez daukan sobre itxi baten barruan erantsita doan parte hartze orria (II. eranskina) bidali behar da.

6.- Lanen neurriak hauek izango dira:

a) Prosa.

- B kategoria: 4.000-12.000 karaktere, 1,5eko lerroartearekin (2 eta 6 orrialde bitartean 12ko hizkiarekin).

- A kategoria: 5.000-15.000 karaktere, 1,5eko lerroartearekin (3 eta 8 orrialde bitartean 12ko hizkiarekin).

b) Poesia.

- B kategoria: gutxienez 50 lerro.(Olerki bat baino gehiagoz osa daitezke).

- A kategoria: gutxienez 75 lerro.(Olerki bat baino gehiagoz osa daitezke).

7.- Ikastetxe berean lehiaketan parte hartu nahi duen ikasle kopuru handia egonez gero, ikastetxeko bertako literatur irakasle edo departamentuak aurre-aukeraketa egin eta onenak bidaltzea komeni da.

8.- Guztira 20 sari izango dira, kategoria bakoitzean 10: 5 prosa lanik onenentzat eta 5 poesia lanik onenentzat.

9.- Sari bakoitzak honako hauek izango ditu barne: 10 egun inguruko bidaia, bidaiako norbere gastuetarako 300 euro eta oroigarria. Ikasle batek sari bat baino gehiago irabaztea suertatzen bada, sari bati dagokion bidaia eta bidaiako norbere gastuetarako dirua jasoko du soilik; bere aukera saririk gabe geratu den lanik onenaren egileari emango zaio.

Halaber, azken urteotan ikasleak lehiaketa honetan parte hartzera bultzatu eta lagundu dituzten ikastetxeak saritu nahian, honetan nabarmendu diren bi ikastetxek bidaia eta oroigarri bana jasoko dute. Ikastetxeek eurek izendatuko dute bidaiara joango den irakaslea.

Bidaiariek laguntzaile izango dute bidaia osoan zehar euskal idazle bat. Aukera eman nahi zaie irabazleei idazle honekin gertuko eta zuzeneko harremana izateko. Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean idazle gazte hauen aurrerabiderako literatura-tutoretza bideak aztertu nahi dira.

10.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lanen bilduma gisa, Sagastiberri sailean.

11.- Idazlana, dagokion disketta edo CDa eta parte hartzeko orria bidaltzelko epea, agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik 2009ko martxoaren 2ra artekoa,egun hau barne izango da. Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailean aurkeztu behar dira, honako helbide honetan:

Eusko Jaurlaritza (Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila)

Euskara Zerbitzua-Urruzuno lehiaketa

Donostia kalea, 1

01010 Vitoria-Gasteiz

12.- Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak dioena betez, parte hartzaileak Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari baimena ematen dio, eskabidean jasotako datuak bere informatika-fitxeroetan sar ditzan. Parte-hartzaileak, datuetara sartzeko, datuak aldatzeko eta deuseztatzeko eskubidea erabili nahi badu, Hezkuntza Sailburuordetzara jo dezake: Donostia kalea, 1. 01010 Vitoria-Gasteiz.

13.- Hezkuntza Sailburuordeak idazlanak aztertu eta sariak nori eman proposatzeko epaimahaia izendatuko du. Epaimahaia sortzean, Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen 20.5 artikuluan agindutakoari jarraituz, bermatu egingo da trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izango dela.

14.- Idazlan onenak zein diren erabakitzeko, ondoko irizpideok izango ditu kontuan epaimahaiak:

- Idazlanaren arintasuna eta lotura.

- Hizkuntzaren erabilera zuzena eta aberastasuna.

- Sorkuntza eta irudimena.

- Testuaren ezaugarri literarioak (irudi literarioen erabilera).

15.- Hezkuntza Sailburuordeak sarien behin betiko adjudikazioa erabaki eta deialdi hau argitaratu denetik hasi eta sei hilabeteko epean EHAAn argitaratuko du. Epe horretan erabaki espresurik ematen ez bada, parte hartzaileek ezin izango dute inola ere ulertu sarituak izan direnik. Aipaturiko epaimahaia literatura eta/edo irakaskuntzan nor diren euskal kulturaren munduko bost kidek eta Hezkuntza Saileko Euskara Zerbitzuko bi lagunek osatuko dute.

16.- Aurkeztutako lanek epaimahaiaren ustez gutxienezko mailarik ez balute, sariak eman gabe utzi ahal izango dira. Hala gertatzen bada, kategoria edo arlo batean eman gabe utzitako sariak beste kategoria edo arlo batean adjudikatzea erabaki dezake epaimahaiak, beste horretan saria merezi duten bost lan baino gehiago baldin badaude.

II. ERANSKINA

2008-2009 IKASTURTEKO URRUZUNO LITERATURA LEHIAKETAN PARTE HARTZEKO ORRIA

Lanaren datuak

Arloa: Prosa Poesia

Kategoria: A B

Egilearen izengoitia:

Lanaren izenburua:

Egilearen datuak

Izen-Abizenak:

Mutila Neska

Ikasmaila:

Helbide elektronikoa:

Kalea: Zkia:

Herria: PK: Tf.:

Ikastetxearen datuak

Ikastetxea: Ikastetxearen kodea:

Kalea: Zkia:

Herria: PK: Tf.:

Idazlearen sinadura

........................(e)n, 2009ko .............aren .....(e)an.

Zinpeko aitormena:

Eskabide hau sinatzen duenak zera aitortzen du: sexuaren ziozko bereizkeria egiteagatik ez duela zigor administratibo edo penalik jaso, ez eta Emakumeen eta Gizonen berdintasunerako Legea dela bide inolako debekurik.


Azterketa dokumentala