Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2008ko abenduaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7160

EBAZPENA, 2008ko azaroaren 19koa, Turismo sailburuordearena, lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planetarako laguntzak 2009ko ekitaldian emateko deialdia argitaratzeko dena.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduak (maiatzaren 21eko EHAA, 98. zk.) lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planak burutzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren laguntzen esparrua ezartzen du. 2005eko apirilaren 6ko Aginduak aldatu zuen agindu hori (apirilaren 13ko EHAA, 69. zk.).

Diru-laguntza horiek emateko erabiliko diren diru-baliabideak Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko Aurrekontu Orokorretan horretarako izendatutako aurrekontu-ataletatik aterako dira.

Aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritakoaren arabera, egoki da hor iragarritako diru-laguntzak emateko, 2009ko ekitaldirako deialdia egitea, eta, horretarako, eman beharreko arau guztiak ematea.

Horiek horrela, aipatutako aginduaren 10. artikuluan ezarritako eskumenaren arabera, hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.- Helburua.

Ebazpen honen xedea da Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuaren 2003ko apirilaren 16ko Aginduan (2005eko apirilaren 6ko Agindu bidez aldatua) aurreikusitako laguntzak eskuratzeko 2009ko ekitaldirako deialdia egitea, horren bidez arautzen baitira lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planak burutzeko laguntzak.

Helburu horretarako 2.832.346 euro bideratuko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009ko Aurrekontu Orokorretan horretara bideratutako aurrekontu-kredituaren arabera.

Diru-kopuru hori aldatu ahalko da, betiere diru-laguntzei buruz ebazpena eman aurretik, eskatutako laguntzak guztira zenbatekoak diren ikusi ondoren, eta, baldin eta Industria, Merkataritza eta Turismo Sailak beste programa batzuk burututakoan aurrekontuko diru-kopururik ahitu gabe geratzen bada. Horrelakorik gertatuz gero, egoera horren berri jakinaraziko da Turismo sailburuordearen ebazpena argitaratuta.

2. artikulua.- Betekizunak.

Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-mailako turismoa indarberritzeko planak burutzeko laguntzak arautzen dituen 2003ko apirilaren 16ko Aginduan (2005eko apirilaren 6ko Aginduaren bidez aldatua) aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko, eskatzaileek agindu horren 3. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte.

3. artikulua.- Eskabideak eta epea.

1.- Eskabidearen eta inprimakien ereduak Industria, Merkataritza eta Turismo Saileko lurralde-bulegoetan jaso daitezke, edo web-orri honetan: www.euskadi.net/turismo.

2.- Eskaria egin nahi dutenek, laguntzaren bat jaso ahal izateko, eskabide-orria eta gainerako agiri osagarriak Turismo Administrazioko eta Lehiakortasuneko Zuzendaritzari zuzenduta bidali beharko dituzte, eta, aurkeztu, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren lurralde-bulegoetan aurkeztu behar dituzte, edo, bestela, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako lekuetan.

3.- Eskabideak aurkezteko epea deialdia egiteko ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da eta 2009ko otsailaren 16an bukatu.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduarekin bat etorriz, hain zuzen, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren kontura emandako gastu-espedienteak aurretiaz izapidetzea arautzeari buruzkoa, ebazpen honetan jasotzen diren laguntzak emateko EAEko Aurrekontu Orokorretan 2009ko ekitaldirako kreditu egokia eta nahikoa egon beharko du.

2009rako EAEko Aurrekontu Orokorretan azkenik finkatzen den kreditua ebazpen honetako 1. artikuluan jasotako zenbatekoa baino txikiagoa balitz, aldatu egingo litzateke benetan dagoen zenbatekora egokitzeko. Hori jakinarazteko Turismo sailburuordeak ebazpena eman beharko du.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Deialdia egiteko ebazpen hau, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Bigarrena.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 19a.

Turismo sailburuordea,

KORO GARMENDIA GABETE.


Azterketa dokumentala