Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

247. zk., 2008ko abenduaren 26a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
7159

213/2008 DEKRETUA, abenduaren 16koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SA (SPRI) sozietatearen kapital-gehikuntzan parte hartzeko baimena ematen diona.

SPRI, Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuaren Administrazio Kontseiluak, 2008ko urriaren 9an egindako bileran, erabaki zuen Akziodunen Batzar Orokorrari sozietatearen kapitala 16.167.300 euroz gehitzeko proposamena egitea.

SPRI, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioa Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua SA sozietatearen bazkide denez, lehentasunezko eskubidea du sozietatearen Akziodunen Batzar Nagusiak jaulkitzen dituen akzio berriak harpidetzeko, Sozietate Publikoei buruzko Legearen testu bategina onartu zuen abenduaren 22ko 1564/1989 Legegintzako Errege Dekretuaren 158. artikuluan agindutakoarekin bat.

Azaroaren 6ko 2/2007 Legegintza Dekretuak -Euskadiko Ondareari buruzko Legearen Testu Bateratua onartzen duenak- honako hau ezartzen du 110.1 artikuluan: Enpresa-ondarea osatzen duten ondasunak eta eskubideak eskuratzeko, aurretiaz, Jaurlaritzaren Kontseiluaren baimena beharko da, dekretu bidez emana, eta horretarako proposamena, berriz, ondareari buruzko eskumenak dituen saileko buruak eta, zuzenean nahiz bitarteko erakunde baten bidez, sozietatea loturik duen edo loturik izango duen saileko buruak egin beharko dute, biek batera. Dekretu hori Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da, baina, edonola ere, ematen den egunetik aurrera izango da indarrean.

Kapitala ordezkatzen duten baloreak eskuratzeko baimena ematen duen dekretuak halabeharrez adieraziko ditu, non eta ez den doako titulu modura eskuratzen, sozietatearen helburua eta EAEk sozietatean, izan zuzenean zein zeharka, zenbateko partaidetza-portzentajea izango duen.

Ondokoak dira SPRI Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatea SA sozietatearen helburu sozialak:

«a) Industria sustatzen laguntzea, ikerketen bidez, eta kudeaketa, ekonomia, teknika eta industriarako interesa duten bestelako arloetan zerbitzu-aholkularitza emanez.

b) Enpresa berrien sorrera sustatzea, hala nola jada martxan daudenen zabalkundea, garapen teknologikoa eta esportazioari arreta berezia eskainiz.

c) Enpresen arteko jarduera komunak eta kooperaziokoak sustatzea, horrek lehiakortasuna indartzera eramaten duenean.

d) Enpresen onbideratze eta birmoldaketa prozesuetan inplikatutako alderdien indarrak era osagarrian laguntzea, betiere bideragarritasun baldintza objektiboak biltzen badituzte.

e) Ikerketa eta garapeneko proiektuak sustatzea, izan prozesu berrietan zein produktu industrialetan eta honi loturiko zerbitzuetan.

f) Sozietatearen helburuekin zerikusia duen bestelako edozein.»

Ondorioz, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuak eta Industria, Merkataritza eta Turismo sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko abenduaren 16an egindako bilkuran aztertu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.- Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioari baimena ematea SPRI Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietateko Akziodunen Biltzar Nagusiak erabakitzen duen kapital-gehikuntzaren hamasei milioi ehun eta hirurogeita zazpi mila eta hirurehun euroko (16.167.300) harpidetza egiteko. Halaber, baimena ematen zaio aipatu ordainketa biltzarrak ezarritako epeetan eta moduan egiteko, bai eta sozietatearen estatutuak aldatzeko ere. Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren zuzeneko partaidetza SPRI Industri Sustapen eta Birmoldaketarako Sozietatean % 98,56koa izango da.

2. artikulua.- Ondare eta Kontratazio zuzendariari ahalmena ematea aurreko artikuluan xedatutakoa burutzeko beharrezkoak diren jarduerak gauzatzeko eta agiriak izenpetzeko.

AZKEN XEDAPENA

Dekretu honek onartzen den egunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteizen, 2008ko abenduaren 16an.

Lehendakaria,

JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua,

ANA AGUIRRE ZURUTUZA.


Azterketa dokumentala