
231. zk., 2008ko abenduaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Kultura Saila
6691
EBAZPENA, 2008ko urriaren 23koa, Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearena, Kultura sailburuaren 2008ko apirilaren 23ko Aginduan finkatzen den gehienezko zenbateko orokorra aldatzen duena. Agindu horrek arautu egiten du nazioarte mailako arte-azoketan stand-ak alokatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena.
AURREKARIAK
1.- Kultura sailburuaren 2008ko apirilaren 23ko Aginduak arautu egiten du nazioarte mailako arte-azoketan stand-ak alokatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena. Aipatu Aginduaren 2. artikuluan, laguntza horien zenbateko orokorra laurogeita bost mila (85.000) eurotan finkatzen du.
2.- Halaber, agindu horren lehenengo xedapen gehigarriak honako hau aurreikusten du:
«Eskatutako diru-laguntzen zenbateko osoa kontuan hartuta, 2. artikuluan ezarritako zenbateko globala aldatu ahal izango da, baldin eta Kultura Sailaren beste programa batzuk gauzatu ondoren aurrekontuetako izakinak agortu ez badira. Aldaketa hori eskabideei buruzko erabakia hartu aurretik egin beharko da. Adierazitako aldaketaren berri Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordearen ebazpen bidez eman beharko da.»
3.- 2008ko irailaren 19an itxi zen deitutako diru-laguntzetarako eskabide-epea, eta jasotako eskabideen erregistro, azterketa eta kuantifikazioa hasi zen. Epe honetan ikusi da jasotako eskabide kopurua eta eskatutako diru-laguntza kopurua direla-eta komenigarria izango litzatekeela aginduari zegokion zenbateko orokorra handitzea.
Horren ondorioz,
EBATZI DUT:
Lehenengoa.- Lau mila bostehun eta lau (4.504) eurotan handitzea nazioarte mailako arte-azoketan stand-ak alokatzeko Euskal Autonomia Erkidegoko arte-galeriei diru-laguntzak emateko erregimena arautzen duen 2008ko apirilaren 23ko Aginduan finkatutako gehienezko zenbateko orokorra.
Horren ondorioz aipaturiko aginduaren 2. artikuluan aurreikusitako diru kopurua laurogeita bederatzi mila bostehun eta lau (89.504) eurotan finkatzen da.
Bigarrena.- Ebazpen hau EHAAn argitaratzea.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Kultura sailburuari, EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hilabeteko epean.
Bigarrena.- Ebazpen honek hartzen den momentutik aurrera izango du eragina.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 23a.
Kultura, Gazteria eta Kirol sailburuordea,
GURUTZ LARRAÑAGA ZUBIZARRETA.
RSS