
231. zk., 2008ko abenduaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
6688
AGINDUA, 2008ko azaroaren 11koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta ikerketa sailburuarena. Honen bidez, hezkuntza-administrazioaren mendeko ikastetxeak dituzten udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuen finantziazioa arautzen da (Udalaguntza-2009).
Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak 1. artikuluan jasotzen dituen printzipioen artean hezkuntza-administrazioen eta toki-korporazioen arteko lankidetza aurreikusten du hezkuntza-politikaren plangintzan eta inplementazioan. Era berean, 8. artikuluko 1. idatz-zatian ezartzen denez, hezkuntza-administrazioek eta toki-korporazioek beren jardunak koordinatuko dituzte (bakoitzak bere eskumenen eremuan), hezkuntzarako baliabideen eraginkortasun handiagoa lortzeko eta Lege honetan ezarritako helburuak lortzen laguntzeko.
Euskal Eskola Publikoari buruzko otsailaren 19ko 1/1993 Legearen bederatzigarren xedapen gehigarrian ezartzen da toki-korporazioen eta Hezkuntza Administrazioak lankidetzan jardun behar dutela ikastetxeak sortu, eraiki eta mantentzeko, beti ere indarrean dagoen legediari jarraiki.
Bestalde, lankidetza hori esker, lehendik zeuden baliabide publikoak optimizatu ahal izan dira, bai eta administrazioak egindako ahalegin eta jarduerei ahalik eta etekin gehien atera ere.
Beraz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak komenigarritzat jotzen du udalaren jabetzako zentroetan obrak egiteko jarduerak sustatzea, horrela hezkuntzaren hobekuntzari lagunduko baitio.
Bestalde, diru-laguntza hauek emateko, kreditua egokia eta nahikoa egon beharko du Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko aurrekontuetan, hori xedatzen baitu Ogasun eta Administrazio Publikoko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko Aginduak, gastu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak.
Horregatik guztiagatik,
EBATZI DUT:
1. artikulua.- Xedea.
Agindu honen xedea da hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dituzten udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuen finantzazioa arautzea.
Agindu honen ondorioetarako, finantzagai diren obrak honako hauek izango dira:
a) Sektore Publikoko Kontratuei buruzko urriaren 30eko 30/2007 Legearen 106. artikuluan jasotakoak, mantentze-obrak izan ezik.
b) Abenduaren 5eko 1537/2003 Errege Dekretua betetzeko obrak; errege-dekretu horren bidez, araubide orokorreko irakaskuntza ematen duten zentroen gutxieneko baldintzak ezartzen dira.
c) Irisgarritasuna sustatzeko abenduaren 4ko 20/1997 Legea betetzera bideratutakoak.
d) Jolastokiak sortu edo hobetzeko obrak, baita ikasgelak sortu edo eraberritzekoak ere.
Aurreko deialdien babesean diru-laguntza jaso duten obrak ezin izango dira deialdi honetan sartu.
Obrak 2008ko irailaren 1a eta 2009ko abenduaren 31 bitartean hasi behar dira eta 2010eko irailaren 30a baino lehenago bukatu.
Obrak bukatzeko epeari dagokionez, obrak luzatzea justifikatzeko arrazoiak egonez gero eta udal onuradunak epea bukatu baino lehen idatziz eskatuz gero, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak epea luzatzea onartu ahal izango du, horretarako emandako ebazpen baten bitartez; gehienez ere bi hilabete luzatu ahal izango dira obrak.
2. artikulua.- Finantzatzea.
Agindu honetako diru-laguntzetarako hamabi milioi (12.000.000) euro erabiliko dira, honela banatuta: 2009. urtean milioi bat eta zortziehun mila (1.800.000,00) euro ordaintzeko kreditua eta 2010. urterako hamar milioi eta berrehun mila (10.200.000) euroko konpromiso-kreditua, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan horretarako ezarritako aurrekontu-partidatik.
Artikulu honetan jasotako guztirako zenbatekoa laguntzak ebatzi aurretik aldatu ahal izango da, eskatutako laguntzen kopuru osoa kontuan izanda, aurrekontuan erabilgarri dagoen zenbatekoaren arabera. Deialdia ebatzi aurretik egin beharko da hori. Aldaketa horren berri, Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordearen ebazpenaren bidez emango da.
3. artikulua.- Erakundeak.
1.- Deialdi honen onuradun izan daitezke Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, baldin eta proposamenak egiten badituzte hezkuntza-sistemaren menpeko ikastetxeak dituzten udal jabetzako eraikinetan obrak egiteko eta obrak 1. artikuluan jasotzen badira.
2.- Udalak bere gain hartuko du proiektu osoa idazteko, obrak esleitzeko ardura eta obren zuzendaritza fakultatiboaren ardura. Horretaz gain, eraikuntza-lanetan Segurtasun eta Osasun araudia betetzen dela zaindu beharko du.
4. artikulua.- Diruz lagundu daitekeen zenbatekoa.
1.- Bi administrazioek hartuko dute beren gain obren finantzaketa; Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eskarian aurkeztutako lanaren zenbatekoaren % 60 emango du.
2.- Obraren kostuen artean ez dira sartuko proiektuaren idazteko eta obra-zuzendaritzaren ordainsariak, azpikontratatu edo udal-korporazioz kanpoko bitartekoen bidez egiten direnean izan ezik. Horrelakoetan ere, aurreko atalean finkatutako proportzioan banatuko dira kostuak.
Halaber, udaleko bereko plantilakoa den beste edozein pertsonaren ordainsariak ere ezin izango dira obraren kostuetan sartu.
Proiektu idazteko gastuek ezin izango dute finantzaketa autonomoa jaso, dagozkion obrak betetzen ez badira. Zentzu horretan, idazte- edota zuzendaritza-ordainsarien eskaerak ezin izango dira baliagarritzat jo. Gastu horiek gauzatze-obrei dagokien eskaeran sartu beharko dira.
5. artikulua.- Eskabideak.
1.- Diru-laguntzak eskatzeko epea hilabetekoa izango da, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera.
2.- Eskabideak Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetan aurkeztu beharko dira, behar bezala beteta eta agindu honi atxikita dagoen ereduarekin bat etorri beharko dute.
Bestalde, aukera egongo da eskaera aurkeztu ahal izateko Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan -4/1999 Legeak aldatutakoa- ezarritako edozein eratan.
3.- Ikastetxe baterako baino gehiagorako finantzaketa eskatu nahi duten udalek agiri guztiak aurkeztu beharko dituzte ikastetxe bakoitzerako. Ikastetxe bakar batean zenbait obra egin behar izanez gero, bi aukera daude: eskaera bakarra edo ikastetxe horretan egin beharreko obra adina eskaera aurkeztea.
6. artikulua.- Agiriak.
Eskabidearekin batera, honako agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Bi obra mota bereiziko dira, exekuzio-proiektua aurkeztu behar den edo ez kontuan hartuta, azaroaren 5eko 38/1999 Legeak, Eraikitzearen Antolamenduari buruzkoak, 2. artikuluaren 2. puntuan xedatutakoaren arabera:
- Proiekturik behar ez duten obretarako: azalpen-memoria eta aurrekontu xehatua, teknikari eskudunak sinatuak.
- Proiektua behar duten obretarako: exekuzio-proiektua, teknikari eskudun batek sinatua eta elkargo profesionalak bisatua.
Oinarrizko proiektua ere aurkeztu ahal izango da, teknikari eskudunak sinatua. Kasu horretan, eskatzaileak exekuzio-proiektua aurkeztu beharko du, teknikari eskudunak sinatuta eta elkargo profesionalak ontzat emana. Proiektu hori ez da oinarrizkoa baino garestiagoa izango eta eskabidea aurkeztu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da.
Proiektu bat erredaktatu duen arkitektoak udalarekin lan-harremana baldin badu, ez du elkargoaren oniritzirik beharko.
b) Aurkeztu den proiektua edo aurrekontua onartzen duen udal-organo aginpidedunaren akordioa aurkeztu beharko da betiere.
7. artikulua.- Eskariak aztertzea.
1.- Balorazio-batzorde batek egingo du eskarien behin betiko aukeraketa. Hona hemen batzordeko partaideak:
- Baliabide Material, Informatika eta Antolamendu zuzendaria; batzordeburua izango da.
- Ikastetxeen zuzendaria.
- Hezkuntzako lurralde-ordezkariak.
- Baliabide Material, Informatika eta Antolamendu Zuzendaritzako teknikari bat; idazkari jardungo du, eta hitza izango du baina botorik ez.
2.- Hezkuntzako lurralde-ordezkaritzetako unitate-teknikoek balorazio-batzordera bidaliko dituzte bertan jasotako eskabide guztiak, behar bezala baliozkotuta. Horrekin batera, egin beharrekoaren premia, eraikinaren eta instalazioen segurtasuna eta hondatze-mailari buruzko txostenak aurkeztu behar dira. Txosten horietan irizpide horiek puntuatu eta arrazoitu beharko dira.
- Egin beharrekoaren premia: % 50 arte.
- Eraikinaren eta instalazioen segurtasunaren balorazioa: % 30 arte.
- Hondatze-maila: % 20 arte.
Txosten horiek aztertuko ditu balorazio-batzordeak eta lehentasun hurrenkera bat ezarriko, irizpideen arabera.
3.- Deialdi honetan aurreikusitako aurrekontu-zuzkidura nahikoa izango ez balitz aurkeztutako eskari guztiak betetzeko, balorazio-batzordeak lehentasun hurrenkera finkatuko luke hezkuntzako premien arabera, 2. artikuluan jasotako eta 2. puntuan jasotzen diren balorazioaren arabera.
8. artikulua.- Bateragarritasuna.
Deialdi honen xede diren diru-laguntzak eta bestelako finantzaketa-iturrietatik lortutakoak bateragarriak izango dira. Baina diru-laguntza eman duten entitateetatik jasotako laguntza obra beraren gastua baino handiagoa bada, diferentziari dagokion kopurua kendu egingo zaio agindu honen bidez emandako diru-laguntzari.
9. artikulua.- Udalen betebeharrak.
Agindu honetan arautzen diren diru-laguntzen udal onuradunek honako betebehar hauek bete beharko dituzte betiere:
a) Emandako diru-laguntza onartzea. Horretarako, diru-laguntza eman zaiola jakinarazten duen ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria argitaratzen denetik hamabost eguneko epearen barruan erakundeak uko egiten ez badio idatziz eta berariaz laguntzari, onartu duela joko da.
b) Diru-laguntza eman den xederako erabiltzea.
c) Diru-laguntza hau dela eta, Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak euren egitekoak burutzeko eska dezaketen informazioa eskuratu beharko die onuradunak.
d) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari obraren kartel deskribatzaile bat jartzen laguntzea.
10. artikulua.- Ebazpena.
1.- Balorazio-batzordeak ebazpen-proposamena egingo dio Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari, eta horrek ebazpena emango du sei hilabeteko epean, eskabideak aurkezteko epea amaitzen denetik hasita. Ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da interesatuei jakinarazteko.
Epearen barruan berariazko ebazpenik ematen ez bada, gaitzetsitzat jo beharko dira eskariak, hala agintzen baitu Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 44. artikuluan; hori horrela izanik ere, lege horren arabera, administrazioak berariazko ebazpena eman beharko du.
2.- Ebazpenaren aurka gorako errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen denetik hilabeteko epearen barruan, betiere 30/1992 Legearen 114. artikuluan eta ondorengoetan xedatutakoari jarraituz.
11. artikulua.- Finantzaketa-erregimena.
1.- Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari dagokion zenbatekoa bi epetan ordainduko zaio udalari:
a) % 15 deialdiaren ebazpena ematen denean, 9.a idatz-zatian ageri den epean diru-laguntzari uko egiten ez bazaio.
b) Gainerako % 85a, berriz, egindako inbertsioa justifikatu ondoren. Horretarako Hezkuntzako dagokion lurralde-ordezkaritzan honako hauek aurkeztu beharko dira:
- Obra-zuzendaritzaren azken ziurtagiria edo obra amaitutzat jotzen duen udal ziurtagiria, diru-kopuru eta guzti.
- Behar izanez gero, proiektua idaztearren eta obra zuzentzearren ordaindutako ordainsarien minutak.
- Helburu bererako bestelako finantzabideak jaso direla edo ez direla adierazten duen aitorpena, agindu honetako 8. artikuluan aurreikusita bezala, behar izanez gero zenbatekoak azalduta.
2.- Finantzatutako obra amaitu eta gehienez ere hilabeteren buruan aurkeztu behar dira ziurtagiri horiek, eta betiere 2010eko urriaren 31 baino lehen.
Era berean, agindu honetako 1. artikuluan aurreikusitakoaren arabera luzatzea onartu zaien obren kasuan, obra bukatu eta gehienez ere hilabeteko epean aurkeztu beharko dira frogagiriak, eta beti ere 2010eko abenduaren 31 baino lehen.
3.- Laguntza honen kopurua aldatu egingo da baldin eta udalean aurkeztutako frogagirien bidez egiaztatzen bada obren azken eta benetako kostua, atal guztiak harturik, laguntza eskatzeko unean aurkeztutako aurrekontua (laguntza kalkulatzeko erabilitakoa) baino txikiagoa dela. Horrela, azkenean emango den benetako laguntzak ez du gaindituko agindu honetako 4. artikuluan adierazitako ehunekoa azken kostuarekin alderatu ondoren.
12. artikulua.- Egiaztapenak.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak obrak gainbegiratu, ikuskatu eta egiaztatu ahal izango ditu, eta, horrela, diru-laguntzari buruzko arauak eta baldintzak behar bezala betetzen direla ziurtatu.
13 artikulua.- Baldintzak ez betetzea.
Euskal Autonomia Erkidegoko Herriogasuntza Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan eta abenduaren 17ko 698/1991 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraituz, diru-laguntzaren onuradunak agindu honetan jasotako baldintza eta xedeak betetzen ez baditu, diru-laguntza jasotzeko eskubidea galdutzat jo ahal izango da eta, halakorik gertatuz gero, jasotako zenbatekoak eta haiei dagozkien interes legalak itzuli egin beharko zaizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Ogasun eta Herri Administrazioko sailburuaren 2007ko apirilaren 26ko aginduak, Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorren kontura diren gastu-espedienteen aldez aurreko tramitazioa arautzen duenak, 5.3 artikuluan xedatzen dituen ondorioetarako, Euskal Autonomia Erkidegoko 2009. urteko aurrekontu orokorretan kreditu egokia eta nahikoa egon behar du agindu honetako diru-laguntzak ebazteko.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.- Agindu honetan aurreikusi ez den guztian, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean xedatutakoa ezarriko da.
Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean izango ditu ondorioak Agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko azaroaren 11.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
ERANSKINA
Hezkuntza-administrazioaren menpeko ikastetxeak dituzten udalaren jabetzako eraikinetan obrak egiteko gastuak finantzatzeko laguntza-eskabidea
Udal eskatzailea: .........................................................
Kalea: ..........................................................................
Posta-kodea: ....... Herria: ...................... LH: .............
Telefonoa: ....................... Faxa: ..................................
Hel. el.: ...................... Web gunea: ............................
Alkate-udalburuaren izen-abizenak: .......................................................................... .....................................
Eskabide honetan jasotako obrak ..................... eurokoak dira (BEZa barne eta ordain-sariak kanpo).
Erantsitako dokumentazioa (jarri X aurkeztutako dokumentazioan):
1.- Obraren dokumentazio teknikoa:
1.1.- Proiekturik behar ez duten obrak:
" azalpen-memoria eta aurrekontu xehatua, teknikari eskudunak sinatuak.
1.2.- Proiektua behar duten obrak:
" Exekuzio-proiektua, teknikari eskudun batek sinatua eta elkargo profesionalak ontzat emana.
" Oinarrizko proiektua, teknikari eskudunak sinatuta. Kasu honetan, eskatzaileak exekuzio-proiektua aurkeztu beharko du, teknikari eskudunak sinatuta eta elkargo profesionalak ontzat emana. Proiektu hori ez da oinarrizkoa baino garestiagoa izango eta eskabidea aurkeztu eta bi hilabeteko epean aurkeztu beharko da.
2.- Udal organo aginpidedunaren erabakia. Bertan jasoko da:
" Aurkeztutako proiektu eta aurrekontuaren onarpena.
Ondorioz, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren 2008ko azaroaren 11ko Aginduari jarraituz, ikastetxe publikoan obrak egiteko eskatutako diru-laguntza ematea eskatzen dut, eta hitz ematen dut gai honi buruz agindu horretan jasotako guztia beteko dudala.
...................., 200...(e)ko ...................ren ...a.
(Izenpea)
Obra hauetarako eskatzen da laguntza (ikastetxeka batuta)
Ikastetxearen izena Ikastetxearen kodea (6 digitu):
Obra non egingo den (eraikina edo kalea) Obraren izena
Adierazi:
- Obra mota (eraberritzea, konpontzeko obrak, etab.)
- Zer konponduko den (ikasgelak, komuna, jolastokia, egitura, estalkia, etab.) Obrak hasteko aurreikusitako eguna Obrak amaitzeko aurreikusitako eguna Zenbatekoak ordain-sariak proiektua idaztea eta obrak zuzentzea Obraren kostua guztira (BEZa eta kanpoko ordain-sariak barne)
Ikastetxeko gastuak, guztira:
Ikastetxearen izena Ikastetxearen kodea (6 digitu):
Obra non egingo den (eraikina edo kalea) Obraren izena
Adierazi:
- Obra mota (eraberritzea, konpontzeko obrak, etab.)
- Zer konponduko den (ikasgelak, komuna, jolastokia, egitura, estalkia, etab.) Obrak hasteko aurreikusitako eguna Obrak amaitzeko aurreikusitako eguna Zenbatekoak ordain-sariak proiektua idaztea eta obrak zuzentzea Obraren kostua guztira
(BEZa eta kanpoko ordain-sariak barne)
Ikastetxeko gastuak, guztira:
Oharra: egin behar beste kopia
RSS