
231. zk., 2008ko abenduaren 2a, asteartea
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
6685
EBAZPENA, 2008ko irailaren 18koa, Energia eta Meategien zuzendariarena, Repsol Butano SAk Aulestiko udalerrian kanalizazio bidez gas propanoa banatzeko egindako eskabideari baimena ematen diona.
Erreferentzia: GUD-P-Aul - CG-B-07/18 - GH/BMR
Repsol Butano SA enpresaren izenean eta ordez Isidro Fernández Etxabe jaunak, 2007-05-17an, aldez aurretiko administrazio-baimena eskatu du Aulestiko udalerrian kanalizazio bidez gas propanoa banatzeko sarearen instalazioak eraikitzeko.
Espedientea ebazterakoan beharrezkoa da honako hauek aintzat hartzea eta aipatzea:
AURREKARIAK
Bat.- Repsol Butano SAk 2007ko maiatzaren 17an Aulestiko udalerrian Petrolio-Gas Likidotua biltzeko zentroa eta banaketa-sarea eraiki eta instalatzeko proiektua eta aldez aurretiko administrazio baimenaren eskabidea aurkeztu zituen.
Bi.- Espedientea jendaurrean jarri zen eta iragarkia 2007-07-03ko El Correon, egun bereko Deian, 2007-08-03ko EHAAn eta 2007-06-15eko BAOn argitaratu zen; bestalde, Aulestiko Udalari igorri zitzaion, eta bertako iragarki-oholean jarri zen 2007-06-08tik 2007-06-30era, biak barne. Lehia egiteko proiekturik ez da aurkeztu ez eta aurkeztutako proiektuari buruzko alegaziorik ere.
Hiru.- Repsol Butano SAk 2008ko abuztuaren 25ean Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailaren Ondare Historikoaren Zerbitzuaren txostenaren kopia aurkeztu zuen, eta bertan adierazten denez, aurkeztutako proiektuak hartzen duen eremua interes arkeologiko txikikoa da. Lanen hasiera erakunde horri jakinarazi beharko zaio.
Ebazpenak oinarri hauek ditu:
ZUZENBIDEKO OINARRIAK
Bat.- Espediente hau ebaztea Energia eta Meategien Zuzendaritzari dagokio, hain zuzen ere, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren Egitura Organikoa eta Funtzionala ezartzen dituen urriaren 11ko 284/2005 Dekretuan ezarritakoarekin bat etorriaz (2005-10-27ko EHAA).
Bi.- Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeak (1998-10-08ko BOE) eta Erregai Gasen Zerbitzu Publikoaren Arautegia onartzen duen urriaren 26ko 2913/1973 Errege Dekretuak (1973-11-21eko BOE) ezartzen dutenez, ezinbestekoa izango da aurretiko administrazio-baimena gasa banatzeko instalazioak eraikitzeko.
Hiru.- Espedientearen izapideketari zein edukiari dagokienez eta Repsol Butano SAk aurkeztutako argibideei dagokienez, egiaztaturik dago bete direla legeriak ezarritako betekizun eta baldintzak.
Lau.- Proiektua egiteko, eskatzaileak, hau da, Repsol Butano, SAk arlo ekonomikoan, finantzarioan, legezkoan eta teknikoan gaitasuna duela egiaztaturik dago.
Aipatutako lege-manuak, eta, oro har zein berariaz, gai honetan aplikagarri diren gainerako xedapen guztiak aintzat hartuta, honakoa
EBATZI DUT:
Bat.- Repsol Butano SAri Aulestiko udalerrian merkataritzarako gas propanoa banatzeko sarea eta biltzeko instalazioa eraikitzeko baimena ematea; instalazioak honako ezaugarri hauek izango ditu:
- Gas propanoa biltzeko lurgaineko bi depositu, bakoitzak 22,00 m3-ko edukiera duela.
- Erregulazio-linea bi, unitateko eta orduko 250 kg-ko edukiera eta sarerako irteeran 1,75 kg/cm2-ko gehieneko presioa dutenak.
- Dentsitate ertaineko polietilenozko hodien bidezko banaketa-sarea, SDR 11 motakoa; hodiak 90, 63 eta 40 mm-ko diametrokoak eta, hurrenez hurren, 150, 145 eta 2.040 metroko luzerakoak izango dira. Sare osoan zehar eta desbideraketa guztietan mozketa-balbulak egongo dira. Hartuneetarako material berbera erabiliko da, eta 20 eta 32 mm-ko diametroa izango dute.
- Kanalizazioa presio hauetarako diseinatzen da: gehienekoa 4 kg/cm2, eta laneko gehienekoa 1,75 kg/cm2.
- Aurkeztutako proiektuko memorian eta planoetan deskribatu beharko dira sarearen ibilbide osoa eta ezaugarriak.
Bi.- Baimen honek honako baldintzak bete beharko ditu:
1.- Horniketa egingo den aldea mugatzea eta bai alde horretan eskatzaileak sarea hedatzeko dituen konpromisoak ere, 2006ko maiatzaren 30eko 02 zenbakiko planoan zehaztu beharko dira.
2.- Baimen honen bidez berretsitako konpromisoaren ondoriozko obligazioak betetzeko berme gisa 4.991 (lau mila bederatziehun eta laurogeita hamaika) euroko fidantza aurkeztu beharko du Repsol Butano SAk, bi hilabeteko epean, betiere urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73.4 artikuluan aurreikusitakoarekin bat etorriaz. Uztailaren 21eko 1775/1967 Dekretuko 11. artikuluaren 3. paragrafoan xedatutakoarekin bat etorriaz, eskudiruan edo Estatuko baloretan edo banku-abalen bidez aurkeztu beharko da fidantza hori, Euskal Autonomia Erkidegoaren Gordailuen Kutxa Nagusian; edo, bestela, aseguru-kontratuaren bidez, Aseguru Pribatua antolatzeari buruzko abuztuaren 2ko 33/1984 Legearen eta Espainia EEEri atxikitzeko itunaren ondoriozko konpromisoei egokitzeari buruzko ekainaren 6ko 1255/1986 Legegintzako Errege Dekretuaren menpeko aseguru erakundeek emandakoa. Instalazioak baimendu eta horiek egiteko baimenean ezarritako epeetan eraiki ondoren eta, halaber, eskudun lurralde organoak haiek martxan jartzeko akta edo aktak formalizatu ondoren, Repsol Butano SAri fidantza itzuliko zaio.
3.- Instalazioak burutzeko epea 12 hilabetetik beherakoa izango da, baimena azkenekoz argitaratzen denetik hara.
4.- Instalazioak guztiz edo zati baten, martxan jartzeari buruzko akata formalizatzen den egunetik harako 30 egunetik beherako epean hasi beharko du gasa eroaten Repsol Butano, SAk.
5.- Instalazioek honako arautegi honetan ezarritakoa bete beharko dute: Industria eta Merkataritza Ministerioaren 2006ko uztailaren 28ko 919/2004 Errege Dekretua (2006-09-04ko BOE, 211. zenbakia), Gas-erregaiak erabili eta banatzeko arautegi teknikoa onartu zuena.
6.- Banaketa-sareko adar bakoitzak bereizketa-giltza izan beharko du.
7.- Arauzko arrazoiak direla-eta eraikineko giltza bazter baliteke ere, hartune-giltzak eduki beharko ditu sareak.
8.- Horniketa seguruago eta malguagoak erdiesteko eta gasaren alorreko aurrerakuntza teknikoei erantzuteko taxutu beharko dira instalazioak, eta, bereziki, gas naturala kanalizatzeko ere erabili ahal izateko.
9.- Hasierako baimena eman zuen agintaritzari jakinarazi beharko zaio instalazio hauek transmititzearena.
10.- Eskatzen duten kontsumitzaile guztiei egingo zaie kanalizatutako gas erregaien horniketa, betiere proiektuari doakion eremuko alde geografikoetan eta arauzko kalitate eta segurtasun baldintzetan.
Hiru.- Olga González Fernández industri ingeniari teknikoak izenpetutako eta Peritoen eta Industriako Ingeniari Teknikoen Gipuzkoako Elkargo Ofizialak 2007-05-10ean bisatutako proiektuari jarraituz egin beharko dira baimentzen diren instalazioak.
Lau.- Baimen honek emateak ez du esan gura gas-instalazioen lanak egiteko beharrezko den beste baimen edo lizentziarik ematen denik, ez udal- edo probintzia-mailakorik ez eta bestelakorik ere; eta, berariaz, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saileko Ondare Historikoaren Zerbitzuari dagokionik.
Bost.- Edozelan ere, baimen hau ez da ematen monopolio-erregimenean eta ez du ekarriko eskubide esklusiborik.
Sei.- Abian jartzeko akta lortzeko, Bizkaiko Lurralde Bulegoan honako hauek aurkeztu beharko dira: obra zuzendaritzari dagozkion ziurtagiriak, eraginpeko erakundeen proba eta baimenei dagozkienak, eta «as built» planoak, non gas-sarearen egoera eta sare hori beste zerbitzu batzuekin non gurutzatzen den zehaztuko baita.
Ebazpen honek ez dio administrazio-bideari amaiera ematen, eta, ondorioz, gora jotzeko errekurtsoa ezar daiteke Berrikuntza eta Energia Sailburuordetzan, honako ebazpen honen jakinarazpena jaso eta hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean; halaxe dago ezarrita Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatzen duen 4/1999 Legean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko irailaren 18a.
Energia eta Meategien zuzendaria,
TXABER LEZAMIZ CONDE.
RSS