Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

228. zk., 2008ko azaroaren 27a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saila
6605

AGINDUA, 2008ko urriaren 24koa, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuarena, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak hautatzeko hauteskundeetarako deia egiten duena.

«Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» jatorrizko deituraren arautegia aldatu eta horren testu bategina onartzen duen Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuaren 2008ko ekainaren 17ko Aginduaren 32.1. artikuluak Kontseilu Arautzailearen osaera ezartzen du. Lehendakari eta lehendakariordearekin batera honako hauek osatuko dute Kontseilua: mahats-ekoizleen bi ordezkarik, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» izendurako ardoa egiteko mahatsa hornitzen duten mahastizainek, erregistro egokian inskribatuek, euren artean hautatuak, eta beste bi ordezkarik elaboratzaileen ordez, erregistro egokian inskribatutako upeltegien jabeek euren artean hautatuak. Artikulu beraren 3. paragrafoan ezartzen denez, Kontseiluko kideen karguak lau urterik behin berritu behar dira, eta lehengo kideak berriz hauta daitezke.

Oraingo kontseilu-kide hautatuen agintaldia bukatu denez, bidezkoa da hurrengo hauteskundeak arautzea eta hauteskunde horietarako deialdia egitea.

Horren indarrez, honako hau

ERABAKI DUT:

I. KAPITULUA

ARAU OROKORRAK

1. artikulua.- 1.- Agindu honen bidez, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kontseilu-kideak hautatzeko prozedura ezarri eta hartarako deia egiten da. Kontseilu-kide horiek Jatorrizko Deituraren Arautegiaren 32. artikuluko 1. paragrafoko c) eta d) idatz-zatietan aipatutako sektoreen ordezkariak izango dira, bi mahats-ekoizleen ordez eta beste bi ardogile eta botilatzaileen ordez.

2.- Hauteskunde-prozesurako egutegia, egun naturaletan emana, agindu honen I. eranskinean dago.

3.- Hauteskunde-egutegian finkatutako egunen bat igandea, jaieguna edo larunbata bada, haren ordez hurrengo egun balioduna erabiliko da.

2. artikulua.- «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea (JDHB) sortzen da.

3. artikulua.- 1.- Hauteskunde Batzordeak Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzan (Donostia kalea, 1 - 01010 Vitoria-Gasteiz) izango du egoitza eta honakoek osatuta egongo da:

Lehendakaria: Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailaren Elikagaien Kalitateko zuzendaria.

Lehendakari-ordea: Arabako Foru Aldundiko Nekazaritzako foru diputatuak izendatuko du.

Kontseilu-kideak edo bokalak:

- (1) Aholkulari juridiko bat, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Elikagaien Kalitateko zuzendariak izendatuta.

- (1) Ordezkari bana, jatorrizko deituraren lurraldean kokaturiko sindikatu-erako nekazaritza-erakunde profesionalek izendatuta.

- (1) «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava » Jatorrizko Deituraren idazkaria - kudeatzailea.

- (1) Idazkari bat, Elikagaien Kalitateko zuzendariak izendatuta.

2.- Hona hemen Hauteskunde Batzordearen eginkizunak:

a) Jatorrizko deituraren erregistroetan inskribaturiko hautesleen erroldak argitaratzea eta jendaurrean jartzea, horretarako zehaztuko diren tokietan, hain zuzen ere.

b) Aipatutako erroldei buruzko erreklamazioak lehenengo auzialdian ebaztea, eta ebazpen horien aurka aurkezten diren errekurtsoen berri ematea Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari, zuzendaritza horrek ebazpena eman dezan.

c) Behin betiko zerrendak onestea.

d) Kontseilu-kide izateko hautagaien aurkezpen-paperak jasotzea.

e) Hautagaiak aldarrikatzea.

f) Hauteskunde Mahaia izendatzea.

g) Bozketak zaintzea.

h) Kontseilu-kide hautatuak aldarrikatzea.

i) Hauteskunde-prozesu osoa bermatzea, harik eta Kontseilu Arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea proposatu arte.

3.- Agiriak zaintzea eta erabakiak betetzea izango da idazkariaren zeregina.

II. KAPITULUA

HAUTESLE-ERROLDAK

4. artikulua.- 1.- Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileak prestatuko ditu hautesle-erroldak edo/eta azpi-erroldak, Jatorrizko Deituraren Arautegiko 15. artikuluan jasotako erregistroetan inskribaturik dauden pertsonekin:

A) Ekoizleen erroldan bi (2) azpi-errolda ezarri dira:

A.1.- Ekoizleen azpi-errolda; gehienez 5 hektarea mahasti dutenentzat, aginduaren eragin-datan inskribaturik; pertsona bat hautatuko da kontseilu-kide gisa.

A.2.- Ekoizleen azpi-errolda; 5 hektareatik gorako mahastiak dutenentzat, agindu honen eragin-datan inskribaturik; pertsona bat hautatuko da kontseilu-kide gisa.

B) Ardogile eta botilatzaileen erroldan bi (2) azpi-errolda ezarri dira:

B.1.- Ardogile edo elaboratzaile eta botilaratzaileen azpi-errolda, 50.000 litro gehienez, 2008-2009 kanpainarako aurreikusitako elaborazio edo/eta botilatzailearen arabera; pertsona bat hautatuko da kontseilu-kide gisa.

B.2.- Ardogile eta botilaratzaileen azpi-errolda, 50.000 litrotik gora, 2008-2009 kanpainarako aurreikusitako elaborazio edo/eta botilaratzearen arabera; pertsona bat hautatuko da kontseilu-kide gisa.

2.- Jatorrizko Deituraren Erregelamenduaren 32,1.c) eta d) artikuluan zehazten da zenbat kide dagokion ekoizleen erroldari eta zenbat elaboratzaileen erroldari.

5. artikulua.- Hautesleen erroldetan agertu ahal izateko, baldintza hauek bete behar dira:

a) Agindu hau indarrean jartzen denean, Kontseilu Arautzailearen erregistroetan inskribaturik egon behar da.

b) Ezin egon daiteke eskubide zibilez baliatzeko desgaiturik.

Kontseilu Arautzailearen erregistroetan azaltzen den pertsona bera izango da eskubidearen jabea.

c) Egunean izatea Jatorrizko Deiturari dagokionez ezarritako kuotak eta gainerako betebeharrak.

6. artikulua.- Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak ezarritako ereduaren arabera egingo dira hautesle-erroldak. Errolda horietan, ordena alfabetikoaren arabera azalduko dira hautesleak udalerri bakoitzean.

7. artikulua.- 1.- Kontseilua Arautzaileak Hauteskunde Batzordeari bidaliko dizkio hautesle-erroldak, jendaurrean jartzeko behar den beste ale bidali ere. Hauteskunde Batzordeak, bestalde, bidezkotzat jotzen dituen egiaztapen guztiak egin ondoren, bete beharreko eginbideak beteko ditu hautesle-erroldak bideratzeko, betiere, Batzordeko idazkariaren izenpearekin eta batzordeburuaren oniritziarekin. Batzordeak Kontseilu Arautzailearen egoitzan, Arabako nekazaritzako eskualde-bulegoetan eta Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzan jarriko ditu erroldak jendaurrean;

Erroldei buruzko erreklamazioak eta errekurtsoak egiteko, I. eranskineko egutegiari lotu beharra dago.

2.- Aldi berean ekoizleen (Mahastien Erregistroa) eta elaboratzaileen (Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroa) hautesle-erroldetan inskribatuta dauden titularrek bi erroldetarako botoa eman ahal izango dute.

III. KAPITULUA

KONTSEILU ARAUTZAILEKO KIDEA IZATEKO HAUTAGAIEN AURKEZPENA: HAUTAGAIAK ALDARRIKATZEKO MODUA

8. artikulua.- 1.- Errolda edo/eta azpi-errolda bakoitzeko kontseilu-kideak aukeratzeko prozesuan, errolda eta azpierrolda bakoitzean daudenak izango dira hautesle eta hautagai.

2.- Kontseilu-kideak eta ordezkoak hautatzeko hautagai-zerrendak irekiak izango dira errolda eta azpi-errolda bakoitzerako.

3.- Talde bakoitza ordezkatu behar duten kontseilu-kideak aukeratzeko hautagai-zerrendak Hauteskunde Batzordeari aurkeztu behar zaizkio. Horretarako, aldarrikapen-eskabidea aurkeztu behar da I. eranskinean zehaztutako epean.

4.- Inork, ez norberaren izenean ez besteren baten izenean, ezingo du kidetza bat baino gehiago izan Kontseiluan.

9. artikulua.- 1.- Nekazaritzako erakundeek, nekazaritzako lanbide-elkarteek eta independenteek aurkeztu ahal izango dituzte hautagai-zerrendak; baina, dena delako errolda edo azpierroldako hautesleen ehuneko hogeiren (% 20) abala beharko dute edonola ere.

2.- Ezein erakundek edo lanbide-elkartek ezin izango du hautagai-zerrenda bat baino gehiago aurkeztu errolda bakoitzeko. Hautagaien zerrendak aurkeztean, ezin izango da erabili alderdi politikoen ikur edo bereizgarririk.

10. artikulua.- 1.- Baldin eta nekazaritzako lanbide-elkarte bat beste handiago batean sarturik badago, ezin izango du hautagai-zerrendarik aurkeztu, handiago horrek aurkeztuz gero.

Nekazaritzako lanbide-elkarteek hautagai-zerrendarik aurkeztuz gero, haien estatutuen arabera ordezkari direnek izenpetu beharko dituzte zerrendok. Gainerako hautagai-zerrenden kasuan, sustatzaileek aurkeztu beharko dituzte.

Zerrendak hautesleek aurkeztuz gero, izenpetzaileen nortasuna egiaztatuko zaio Hauteskunde Batzordeari, eta, orduan, proposatutakoak eta atxikimendua adierazi dutenak azaldu beharreko erroldetan edo/eta azpi-erroldetan azaltzen ote diren egiaztatuko du Batzordeak.

2.- Hauteskunde Batzordeari aurkeztuko zaizkio zerrendok, honako datu hauek argi azalduko direlarik:

a) Proposamena egiten duen erakundearen edo elkartearen izena eta hautagai-zerrendarena.

b) Sartutako hautagaien izen-abizenak.

c) Zerrenda bakoitzeko hautagaien eta ordezkoen hurrenkera.

Hauteskunde Batzordeko idazkariak eginbide-agiria beteko du, hautagai-zerrenda zein egunetan eta ordutan aurkeztu den adieraziko duena.

3.- Hautagaiek hautagarri izateko baldintzak bete behar dituzte, eta, horrez gain, zerrenda onartzen dutelako adierazpena izenpetu behar dute, adierazpen hori zerrendarekin batera aurkeztu behar baita.

4.- Hauteskunde Batzordeak hautagai-zerrendak onartzeko, ezinbestekoa da zerrenda bakoitzak ordezkari bat izendatzea, jakinarazpenak berari bidaltzeko. Ordezkari horrek ez du zertan hautagai izan. Zerrenda aurkezten denean, ordezkariaren helbidea adieraziko zaio Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzari, aurrerantzean jakinarazpenak ordezkari horri bidaltzeko.

11. artikulua.- Agindu honen I. eranskinean jasotakoaren arabera, hautagaiak aurkezteko epea bukatzen denean, hautagaien zerrendak irmoak izango dira, eta Hauteskunde Batzordeak hala aldarrikatuko ditu. Batzordeak, halaber, bere arioz edo erreklamazioren batek eraginda, bazter utziko ditu hautagarritasun-baldintzak hausten dituzten hautagai-zerrendak edota aurkezteko nahiz aldarrikatzeko eskatzen diren baldintzak betetzen ez dituztenak.

12. artikulua.- 1.- Hautagai-zerrendak aldarrikatutakoan, Hauteskunde Batzordeak jendaurrean jarriko ditu, 7.1. artikuluan hautesle-erroldak ikusgai jartzeko adierazitako tokietan, hain zuzen ere.

2.- Hautagai-zerrendak aldarrikatu eta jendaurrean jarri ondoren, haren aurkako errekurtsoak aurkeztu ahal izango zaizkio Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari, beti ere I. eranskineko epeen arabera.

3.- Erroldaren batean hautagai-zerrenda bakarra aurkezten bada, Hauteskunde Batzordeak -aurreko paragrafoan aipatutako errekurtsoak ebatzitakoan, halakorik egonez gero- zerrenda horretako hautagaiak aldarrikatuko ditu kide eta ordezko, eta kide postuak esleituko dizkie, bozketarik egin gabe. Eta hori bera kasu guztietan gertatuz gero, hauteskunde-prozesuak aurrera egingo du: aldarrikatutako hautagaiak karguez jabetuko dira eta lehendakaria eta lehendakariordea hautatuko dituzte zehazten den egunean.

IV. KAPITULUA

HAUTESKUNDE MAHAIAREN ERAKETA,

BOZKETA ETA BOTO-ZENBAKETA

13. artikulua.- 1.- Hauteskunde Mahaiaren zereginak hauek dira: bozketaren buru jardutea, botoak zenbatzea eta bozketaren garbitasuna zaintzea.

2.- Hauteskunde Batzordeak izendatutako mahaiburu batek eta bi mahaikidek osatuko dute Hauteskunde Mahaia. Agindu honetako I. eranskinean azaltzen den egunean, zozketaren bidez hautatuko dira karguok hautesleen artetik. Jardunbide bera erabiliz, mahaiburuaren eta mahaikideen bina ordezko izendatuko dira.

Kontseilu-kide izateko hautagaiak eta haien ordezkoak ezin izan daitezke Hauteskunde Mahaiko kide.

3.- Hautagai-zerrendek ikuskatzaileak izendatu ahal izango dituzte (Hauteskunde Batzordeari jakinaraziko diote), bozketa eta boto-zenbaketa ikus ditzaten eta Hauteskunde Mahaian parte har dezaten. Ikuskatzaileok hautesle-erroldan egon behar dute, baina ezin dira hautagaiak izan.

14. artikulua.- Hauteskunde Mahaiko kide izatea egokituz gero, derrigorrez bete beharko da eginkizuna. Izendapena egin ondoren, interesatuei jakinaraziko zaie, eta horiek, izendapena ez onartzeko arrazoirik izanez gero, delako arrazoi hori azaldu eta agiri bidez frogatu behar izango dute I. eranskinean ezarritako epearen barruan. Hauteskunde Batzordeak, horrelakoetan, ebazpena emango du, eta ezingo zaio errekurtsorik jarri.

Mahaian egotea galarazten duen arrazoia geroago sortzen bada, berehala ohartaraziko da, eta beti Mahaia eratu baino lehenago. Horrelako kasuetan ere, batzordeak berehala emango du ebazpena.

Mahaia osatzeko behar diren kide guztiak ager ez badaitez, agertutako kideren batek hala jakinaraziko dio Hauteskunde Batzordeari; batzordeak, jarraian, hauteskundeak eta boto-zenbaketa ondo egiteko pertsona egokiak izendatu ahal izango ditu askatasunez.

15. artikulua.- Bozketa-egunean, mahaiburua eta mahaikideak, bai eta ordezkoak ere, 09:00etan bilduko dira Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bozketa egingo den tokian, alegia.

Mahaiburua azaldu ez badadi, lehenengo ordezkoak hartuko du haren lekua; azken honek huts eginez gero, bigarrenak. Bigarren ordezkoa ere azaldu ez badadi, lehenengo mahaikideak eta bigarrenak, hurrenez hurren. Mahaiburuaren tokian diharduen mahaikidearen eta bertaratzen ez direnen tokiak haien ordezkoek beteko dituzte.

Hauteskunde Mahaia osatzeko ezinbestekoa izango da mahaiburua eta bi mahaikide egotea.

Bozketa-eguneko 09:30ean, mahaiburuak mahaiaren eraketako akta egingo du, eta berak, mahaikideek eta, egotekotan, ikuskatzaileek izenpetuko dute.

Aktan ondoko hauek zehaztu behar dira: batetik, zein pertsonek osatu duten mahaia kide moduan, eta, bestetik, ikuskatzailerik baldin badago, haien izenen zerrenda, ikuskatzaile bakoitzak ordezkatzen duen hautagai-zerrenda adierazita.

Mahaiburuak, bozketa-tokiaren barruan, aginte-ahalmen osoa izango du ordena zaintzeko, hautesleen askatasuna bermatzeko eta legea begiratzen dela ziurtatzeko.

16. artikulua.- 1.- Hauteskunde Mahaiak bete eta Hauteskunde Batzordeari bidali behar dizkion agiriak hauek dira:

- Mahaiaren eraketako akta.

- Ikuskatzaileen zerrenda.

- Boto-zenbaketaren akta.

2.- Zerrenden ordezkariek, hautagai-zerrendetako kideek edo mahaiko ikuskatzaileek eskatuz gero, Hauteskunde Mahaiak boto-zenbaketaren aktaren ziurtagiriak egingo ditu.

17. artikulua.- Hauteskunde Batzordeak boto-paperak eta gutun-azalak emango dizkio Hauteskunde Mahaiari, mahaiburuak izenpetutako jaso-agiriaren truke. Hautagai-zerrenden ordezkariei ere emango zaizkie, errolda bakoitzean inskribatutako hautesle-kopuruaren heinean, eman ere.

18. artikulua.- Mahaiaren eraketako akta egindakoan, 10:00etan hasiko da bozketa, eta 15:00ak arte iraungo du, etenik gabe.

Ezinbesteko arrazoia beharko da bozketa ez hasteko, eta hasita badago, bertan behera uzteko; horren erantzulea mahaiburua izango da. Mahaiburuak, idazki arrazoituaren bidez, horri buruzko ebazpena emango du. Idazki hori berehala bidaliko zaio Hauteskunde Batzordeari, azaldutako arrazoiak azter ditzan eta, bidezkoa bada, kontuak eska ditzan. Aipatutako idazkiaren kopia mahaiburuaren esku geratuko da.

Bozketa bertan behera geratuz gero, ordura arte emandako botoak ez dira kontuan hartuko, ez eta zenbatuko ere. Mahaiburuak hautestontzietako boto-paperak suntsitzeko aginduko du, eta horrela jasoko da aurreko paragrafoan aipaturiko idazkian.

19. artikulua.- 1.- Botoa emateko eskubidea egiaztatzeko, beharrezkoa da hauteslea erroldako zerrenda ziurtatuan inskribaturik egon dadin eta bere nortasuna agiriaren edo pasaportearen bidez froga dezan.

2.- Mahastien erroldan (ekoizleak), agindu honek ondorioak sortzen dituen egunean Deituraren Erregistroan inskribatutako 0,0703 mahasti-hektareako unitate adina boto dagozkio hautesle bakoitzari, eta ez da ez goitik ez behetik borobilduko.

3.- Ardogile eta Botilaratzaileen erroldan, inskribatutako pertsona bakoitzak boto bat izango du.

20. artikulua.- 1.- Ez bozketa-tokian, ez inguruetan, ezin izango da inolako propagandarik egin ezelango hautagai-zerrendaren alde.

2.- Bozketa egiten den lekuan, «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailearen egoitzan, bi hautestontzi jarriko dira: - hautestontzi bat, Mahastien Erregistroaren Erroldan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko, eta, beste bat, Ardogintzan eta Botilatzen diharduten Upeltegien Erregistroan inskribatutako pertsonen botoak jasotzeko.

3.- Bozketa pertsonala eta isilpekoa izango da, eta mahaiburuak emango dio hasiera: «bozketa hasten da» esanez. Hautesleak banan-banan urreratuko dira mahaira, eta, mahaikideek edo ikuskatzaileek hauteskunde-erroldako zerrendak begiratuko dituzte, bertan hauteslearen izena dagoen ala ez ikusiko dute, hauteslearen nortasuna egiaztatuko dute, eta hauteslea botoa ematera aurkeztu dela idatziko dute. Jarraian, hautesleak boto-papera emango dio eskuaz mahaiburuari, dagokion gutun-azal koloredunaren barruan. Mahaiburuak hauteslearen izena esango du, «botoa eman du» esan eta hautestontzian sartuko du boto-papera.

4.- 15:00etan mahaiburuak bozketa bukatzeko dagoela iragarriko du eta ez dio inori sartzen utziko bozketa-tokira. Bozketa-tokian hauteslerik geratuz gero, mahaiburuak galdetuko du ea baten bat botoa eman gabe dagoen, eta, horrela izanez gero, bozketa-tokiaren barruan dauden horien botoak onartuko ditu.

Ondoren, mahaiburuak, mahaikideek eta -egonez gero- ikuskatzaileek emango dute botoa. Eta haiek guztiek izenpetuko dituzte aktak.

21. artikulua.- Boto-paperak eta gutun-azalak II. eranskinean adierazitako ezaugarrien arabera egingo dira.

Mahaiburuak jasotako boto-paperen kopuruak, gutxien-gutxienez, hautesle-kopurua bi halako izan behar du.

22. artikulua.- Kontseilu Arautzailearen barruko errolda edo/ea azpi-errolda bakoitzari kontseilu-kide kopuru jakin bat dagokio, eta, gehienez ere, beste horrenbeste hautagairi eman ahal izango zaio botoa eredu ofizialeko boto-paperen bidez. Hortaz, hortik gorako boto-kopurua dakarten boto-paperak baliorik gabe utziko dira.

23. artikulua.- 1.- Bozketa bukatutakoan, mahaiburuak bozketa itxita dagoela adieraziko du eta botoak zenbatzeari ekingo zaio. Horretarako, banan-banan aterako dira boto-paperak hautestontzitik, eta ozenki irakurriko dira aukeratutako hautagaien izenak. Mahaiburuak boto-paperak irakurriko dizkie mahaikide eta ikuskatzaileei; jarraian, boto-paperak erakutsiko dizkie; eta, azkenean, egiaztatuko da boto-paperen kopurua eta zenbatutako hautesleena bera ote den.

2.- Baliogabeko botoak hauek izango dira:

a) Ofiziala ez den boto-paperean emandako botoa.

b) Edozein arrazoi dela eta, aukeratutako hautagaia argi zehazten ez dutenak, edo erroldari dagokion kontseilu-kide kopurutik gorako boto-kopurua dakartenak.

3.- Ezein hautagairen aldeko aukerarik adierazten ez duten boto-paperak hartuko dira boto zuritzat.

24. artikulua.- 1.- Goiko jarraibideen arabera botoak zenbatuta, mahaiburuak galdetuko du proposamenik ote dagoen boto-zenbaketaren aurka. Proposamenik egin ez badadi, edo egindakoak Mahaiko kideen gehiengoz ebatzi ondoren, mahaiburuak ozenki adieraziko du bozketaren emaitza: boto-emaileen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabeko boto-paperena, boto zuriena eta hautagai bakoitzak lortutako botoena.

2.- Bertaratutako guztien aurrean apurtuko dira hautestontzietatik ateratako boto-paperak. Hala ere, baliogabeko bototzat jotakoak edo erreklamazioren bat izan dutenak gorde egingo dira, beti ere mahaiko kide guztiek izenpetuta eta bozketako aktari erantsita.

3.- Zeregin guztiak amaituta, mahaiburuak, mahaikideek eta ikuskatzaileek (ikuskatzailerik badago) bozketako akta izenpetuko dute. Akta horretan honako hauek zehaztu beharko dira: erroldaren araberako hautesle-kopurua, botoa eman duten hautesleen kopurua, boto-paper baliodunena, baliogabekoena, boto zuriena eta aldarrikatutako hautagai bakoitzak lortutako botoena. Horrekin guztiarekin batera, ondoko hauek azalduko dira laburki: egindako erreklamazioak edo protestak, mahaiak emandako ebazpenak eta gertatutako gorabeherak (halakorik egonez gero), beti ere gorabehera horiek sorrarazi dituztenen izen-abizenak adierazita (III. eranskina, boto-zenbaketako akta-eredua).

25. artikulua.- Jarraian, emaitzen ziurtagiria egingo da eta bozketa egin den egoitzako leku ageri batean jarriko da. Boto-zenbaketako jatorrizko akta Hauteskunde Batzordeari igorriko zaio, bai eta bozketaren eraketako akta, eta baliogabeko boto-paperak eta erreklamazioa izan dutenak ere.

V. KAPITULUA

HAUTATUTAKO KONTSEILU-KIDE TITULAR

ETA ORDEZKOEN ALDARRIKAPENA

A) Hautatutako kontseilu-kide titular eta ordezkoen aldarrikapena.

26. artikulua.- Hauteskunde Mahaiaren hauteskunde-aktak jasota, Hauteskunde Batzordeak kontseilu-kide karguak esleituko ditu, ondoko irizpide hauen arabera:

a) Errolda bakoitzean boto gehien lortu dituzten hautagaiak izango dira kontseilu-kideak; eta ordezkoen postuak boto-paperetan ordezko agertzen direnei esleituko zaizkie.

b) Berdinketarik egonez gero, zozketaren bidez egingo da hautatutako karguen esleipena.

27. artikulua.- Karguak esleitu ondoren, Hauteskunde Batzordeak -batzordeburuaren bitartez- Kontseilu Arautzaileko kide hautatuak aldarrikatuko ditu, 12.3 artikuluan aurreikusitako aukera baztertu gabe.

Kontseilu-kideen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak egiteko, I. eranskineko egutegia errespetatuko da.

Kontseilu-kideak aldarrikaturik, dagozkien izendapen-agiriak igorriko zaizkie hautatutakoei, beti ere I. eranskineko egutegiaren arabera.

B) Kontseilu Arautzaileko lehendakaria eta lehendakariordea hautatzeko bidea:

28. artikulua.- Hauteskunde-egutegian zehaztutako egunean (I. eranskina), Kontseilu Arautzaileak osoko bilkura egingo du, eta, horretan, hautatutako kontseilu-kideak eta Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuak zein Arabako Foru Aldundiko nekazaritzako foru-diputatuak izendatutakoak karguaz jabetuko dira.

Segidan, eta bilkura berean, kontseilu-kideek kontseiluburua hautatuko dute Osoko Bilkurako kide hautetsien bi herenaren gehiengoz. Lehendakariak ez du zertan izan kontseilu-kidea; lehendakariordeak, aldiz, Kontseilu Arautzaileko kidea izan behar du. Izendapen horien berri eman beharko zaio Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Sailari izendatu ditzan. Berriemate horretan, hautagaiek lortutako boto-kopurua jasoko da.

Horietako baten bat kontseilu-kideen artetik hautatu bada, parekotasunari eusteko, kontseilu-kide horren tokia ez da beteko eta, lehendakariaren kasuan, kalitatezko botoa galduko du.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.- Arau hau ezartzean zalantzarik sortuz gero, Hauteskundeen Araubide Orokorrari buruzko ekainaren 19ko 5/1985 Lege Organikoaren arabera ebatziko da.

Bigarrena.- Baldin eta, hautatutako kontseilu-kideen agintaldiko lau urteetan zehar, arau honek xedatu legez hautatutako pertsonetariko edozeinek hauts badeza ordezkatzen duen enpresarekiko lotura, edo utz badiezaio hautagai proposatu duen erakundekoa izateari, orduan baja hartuko du kide moduan eta dagokion ordezkoak hartuko du bere tokia. Irizpide bera erabiliko da honako kasuotan: a) Kontseilu-kideren bat agintaldian zehar Kontseilu Arautzaileak bere eginkizunetatik baztertzen badu zehapen moduan, jatorrizko deituren arloko arau-hauste larria egin duelako, dela berak zuzenean, dela beraren enpresak edo sozietateak, edo b) agintaldian zehar hiltzen bada, edo ordezkatutako enpresa edo sozietatea amaitzen bada.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.- Agindu honen aurka, aukeran, interesatuek berraztertzeko errekurtsoa jar dezakete, Nekazaritza Arrantza eta Elikadura sailburuari zuzenduta, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita; edo bestela Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa EAEko Auzitegi Nagusian, Administrazioarekiko auzietarako Salan, bi hileko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Bigarrena.- Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean izango ditu ondorioak agindu honek.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko urriaren 24a.

Nekazaritza, Arrantza eta Elikadurako sailburua,

GONZALO SÁENZ DE SAMANIEGO BERGANZO.

I. ERANSKINA

«ARABAKO TXAKOLINA/TXAKOLI DE ÁLAVA/CHACOLÍ DE ÁLAVA» JATORRIZKO DEITURAREN KONTSEILU ARAUTZAILERAKO HAUTESKUNDEAK

HAUTESKUNDE-EGUTEGIA

0.- Hauteskundeen deialdia egiteko aginduaren ondorio-data.

0 + 5.- Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordean erakundeen ordezkari izateko hautagaiak aurkeztuko zaizkio Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Saileko Nekazaritzako Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzari.

5 + 5.- Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordean erakundeen bokal ordezkari direnak izendatuko ditu Nekazaritzako Elikagaien Kalitateko Zuzendaritzak.

10 + 3.- Hauteskunde Batzorderako izendatutako ordezkariak direla eta, Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari errekurtsoak aurkezteko aukera.

13 + 3.- Errekurtsoak ebatziko dira, eta Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzak Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordearen behin betiko osaketa zehaztuko du.

16 + 5.- Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordea eratu eta horren osaeraren berri emango zaio Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari.

21 + 3.- Behin-behineko erroldak ikusgai jarriko dira, 7.1 artikuluan zehaztutako tokietan.

24 + 3.- Hauteskunde Batzordeari behin-behineko errolden aurkako erreklamazioak aurkeztuko zaizkio.

27 + 4.- Hauteskunde Batzordeak erreklamazioak ebatziko ditu.

31 + 3.- Errolda irmoak ikusgai jarriko dira.

34 + 3.- Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari errolda irmoen aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio.

37 + 5.- Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzak errolda irmoen aurkako errekurtsoak ebatziko ditu.

42 + 3.- Errolda irmoak ikusgai jarriko dira.

45 + 4.- Kontseilu Arautzaileko kide izateko hautagaiak aurkeztuko zaizkio Hauteskunde Batzordeari.

49 + 4.- Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordeak hautagaien aldarrikapena egingo du.

53 + 5.- Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari hautagaien aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio.

58 + 4.- Aurkeztutako errekurtsoak ebatziko dira.

62 + 3.- Hautagaien behin betiko zerrendak jendaurrean jarriko dira.

65 + 4.- Hauteskunde Batzordeak Hauteskunde Mahaiko kideak izendatuko ditu, eta hala jakinaraziko die interesatuei.

69 + 3.- Hauteskunde Mahaiko kideen izendapenaren inguruko desenkusak aurkeztuko zaizkio Hauteskunde Batzordeari.

72 + 5.- Hauteskunde Batzordeak desenkusak ebatziko ditu.

77 + 6.- Hauteskunde Mahaia eratu eta bozketa egingo da.

83 + 2.- Hauteskunde Mahaiak bilkura eratzeko akta bidaliko dio Hauteskunde Batzordeari eta, bertan, boto-paper baliogabeen edo erreklamazioa eragin dutenen kopurua adieraziko du. Orobat, boto-zenbaketako jatorrizko akta ere igorriko dio.

85 + 5.- Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordeak bokalen aldarrikapena egingo du.

90 + 4.- Elikagai Politika eta Industriako Sailburuordetzari bokalen aldarrikapenaren aurkako errekurtsoak aurkeztuko zaizkio.

94 + 3.- Jatorrizko Deituraren Hauteskunde Batzordeak lehengo errekurtsoak ebatzi eta mahaikideak esleituko ditu.

97 + 5.- Mahaikide hautetsiei dagozkien kredentzialak bidaliko zaizkie.

102 + 6.- «Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava», Jatorrizko Deituraren Kontseiluaren osoko bilkura egingo da, mahaikide hautetsiak karguaz jabetuko dira eta Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari lehendakari eta lehendakariorde gisa proposatuko zaizkion pertsonak hautatuko dira.

108 + 6.- Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura sailburuari lehendakari eta lehendakariorde gisa proposatutako pertsonak aurkeztuko zaizkio.

II. ERANSKINA

BOTO-PAPER OFIZIALAREN EREDUA

«Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava » Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzailean ekoizleen (mahastiak)/elaboratzaileen (ardogileak eta botilatzaileak) ordezkari izateko hauteskundeak.

SEKTOREA: (1)

AZPIERROLDA (2)

Honako hautagai hauei ematen diet botoa (3):

Titularra:

Ordezkoa:

Titularra:

Ordezkoa:

(Adierazi botoa ematen diezun hautagaiak)

(1) Ekoizleak edo elaboratzaileak.

(2) Ekoizleak:

A.1.- 5 mahasti-hektarea gehienez

A.2.- 5 hektareatik gora

Elaboratzaileak:

B.1.- 50.000 litro gehienez

B.2.- 50.000 litrotik gora

(3) Hautagai bakoitzaren izen eta abizenen ondoan, parentesi artean, hautagai-zerrendaren izena agertuko da.

III. ERANSKINA

BOTO-ZENBAKETAKO AKTA-EREDUA

«Arabako Txakolina/Txakoli de Álava/Chacolí de Álava» Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arautzaileko kideak aukeratzeko bozketako ________________(e)ko Hauteskunde Mahaikook elkarturik (mahaiburua eta mahaikideak -eta ikuskatzaileak, halakorik egonez gero-), honako hau

EGIAZTATZEN DUTE:

Gaur egindako bozketako boto-paperak zenbatu ondoren, Hauteskunde Mahai honetan honelako emaitzak lortu dira:

Hautesleak

Botoa eman duten hautesleak

Boto-paper baliodunak:

Baliogabeko boto-paperak:

Boto zuriak:

Boto baliodunak honela daude banatuta:

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

Azpi-errolda:

(Hizkitan):

(Zenbakitan)

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

Azpi-errolda:

(Hizkitan):

(Zenbakitan)

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

Azpi-errolda:

(Hizkitan):

(Zenbakitan)

jauna/andrea

(Hautagai-zerrenda):

Azpi-errolda:

(Hizkitan):

(Zenbakitan)

Eta hau dagokion lekuan ager dadin, .......................(e)n, .......ko ....................ren ....n, izenpetzen dugu.


Azterketa dokumentala