Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

180. zk., 2008ko irailaren 22a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5342

AGINDUA, 2008ko uztailaren 23koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikastetxe publikoetan Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. eta 2. zikloak) egiten ari diren ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egiten duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ikasleak garraiatzeko zerbitzua antolatzen du ikasturte oro, irakaskuntzaren zerbitzu osagarri modura.

Zerbitzu horrek zenbait ibilbide barne hartzen ditu; honako hauek hartzen dira kontuan ibilbide horiek zehazterakoan: ikastetxera dagoen distantzia, ibilbide hori burutzen behar den denbora eta ikasle kopurua.

Zenbait ikasle ez dira egokitzen aipaturiko ibilbide horien ezaugarrietara; horregatik, beharrezkoa da egunero ikastetxera joan ahal izateko alternatiba bat bilatzea. Bada, alternatiba hori, ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdiaren bidez, joan-etorri horien kostua ordaintzea da.

Ikasle horientzat da, beraz, ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia.

Deialdi hau abenduaren 28ko 15/2007 Legearen babesean izapidetu da, izan ere. Lege horren bitartez Euskal Autonomia Erkidegoaren 2008ko ekitaldiko Aurrekontu Orokorrak onartu baitziren.

Horregatik, hau

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Deialdiaren xedea.

Ikastetxe publikoetan 2008-2009 ikasturtean Haur Hezkuntzan (2. zikloa), Lehen Hezkuntzan eta DBHn (1. eta 2. zikloak) matrikulatutako ikasleak garraiatzeko banan banako diru-laguntzetarako deialdia egiten da. Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan izendatzen diren kredituen arabera egingo da hori; hain zuzen ere, 1.400.000,00 euro erabiliko dira horretarako.

Artikulu honetan esleitutako zenbateko orokorra aldatu ahal izango da, guztira eskatutako laguntzen zenbatekoa kontuan hartuta, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beste laguntza-programak gauzatu ondoren gerta litezkeen aurrekontu agortu gabeen arabera. Horren berri Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeak emango du ebazpen baten bitartez.

2. artikulua.– Betebeharrak.

2.1.– Haur Hezkuntza (2. zikloa), Lehen Hezkuntza eta DBH (1. zikloa) egiten ari diren ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntza hauetaz baliatu ahal izateko:

a) 2008-2009 ikasturterako ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea.

b) Eragin-eremuaren arabera ikasleari dagokion ikastetxera joan beharra izatea.

c) Doaneko garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

d) Joan-etorri horren beharra izatea ikasleak bere herrian ikastetxe publikorik ez duelako, edo, izanda ere, plazarik ez egotea; kasu horretan, eragin-eremuaren arabera dagokion ikastetxe publikoan egon behar du eskolatuta. Bestela, hizkuntza eredua dela eta, etxetik gertuen duen eragin-eremuko beste ikastetxe publiko batera joan beharra izatea.

e) Ikastetxea 2 km edo gehiagora egotea (oinez joanda). Etxetik ikastetxera -edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira- dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua.

f) Salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean eskolatuta egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, ikaslea bizi deneko eragin-eremuan bere hezkuntza-mailari eta hizkuntza ereduari egokitzen zaion ikastetxerik ez egoteagatik.

g) Ikastetxe itundu batean eskolatua egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eskolatze Batzordeak hala aginduta.

h) Baldintza bereziak direla medio, eskolaratzeko garraioa jartzea ezinezkoa den kasuak ere aztertuko dira.

2.2.– DBHko 2. zikloko ikasleek baldintza hauek bete beharko dituzte diru-laguntza hauetaz baliatu ahal izateko:

a) 2008-2009 ikasturterako ikastetxe publiko batean matrikulatuta egotea.

b) 2008ko abenduaren 31n 18 urte baino gehiago ez izatea.

c) Eragin-eremuaren arabera ikasleari dagokion ikastetxera joan beharra izatea.

d) Doaneko garraiorik edo entitate publikoek edo pribatuek erabat ordaindutako garraiorik ez izatea.

e) Joan-etorri horren beharra izatea ikasleak bere herrian ikastetxe publikorik ez duelako, edo, izanda ere, plazarik ez egotea; kasu horretan, eragin-eremuaren arabera dagokion ikastetxe publikoan egon behar du eskolatuta. Bestela, hizkuntza eredua dela eta, etxetik gertuen duen eragin-eremuko beste ikastetxe publiko batera joan beharra izatea.

f) Ikastetxea 4 km edo gehiagora egotea (oinez joanda). Etxetik ikastetxera -edo ikastetxetik gertuen dagoen geltokira- dagoen tartearen arabera egingo da distantziaren kalkulua.

g) Salbuespen gisa, ikastetxe itundu batean eskolatuta egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak hala aginduta, ikaslea bizi deneko eragin-eremuan bere hezkuntza-mailari eta hizkuntza ereduari egokitzen zaion ikastetxerik ez egoteagatik.

h) Ikastetxe itundu batean eskolatua egotea, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Eskolatze Batzordeak hala aginduta.

i) Baldintza bereziak direla medio, eskolaratzeko garraioa jartzea ezinezkoa den kasuak ere aztertuko dira.

2.3.– Diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera galtzea ekar lezakeen zigor- edo administrazio-zehapena dutenek ezingo dute parte hartu deialdian, ez eta horretarako gitasungabetzen dituzten lege-debekuren bat dutenek ere.

3. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

3.1.– Ikaslearen etxetik ikastetxera garraio-zerbitzu publikoren bat egonez gero, horixe ordaintzeko izango da diru-laguntza.

3.2.– Ikaslearen etxetik ikastetxera zerbitzu publikorik egon ezean, diru-laguntza kalkulatzeko, 0,29 euro kilometroko ordainduko da eta, ibilbide hori motoan eginez gero, 0,15 euro kilometroko.

3.3.– Laguntza horiekin batera beste era bateko diru-laguntza edo laguntzak, -publikoak zein pribatuak-, eskuratu ahal izango dira. Deialdi honetan aurreikusitako helbururako beste laguntzaren bat jasoko balu onuradunak, horren zenbatekoa kendu egingo litzaioke laguntzari.

4. artikulua.– Balorazio Batzordea.

Eskabideak aztertzeko eginkizuna Balorazio Batzorde bati emango zaio. Honako kide hauek osatuko dute batzordea:

Lehendakaria: Administrazio eta Dirubideen zuzendaria, edo horrek eskuordetzen duen pertsona.

Bokalak:

– Aukera Berdintasun Zerbitzuko arduraduna.

– Lurralde Ordezkaritzetako Aurrekontu-Kudeaketa Ekonomikoko arduradunak.

– Lurralde Ordezkaritzetako Aukera Berdintasun Zerbitzuetako arduradunak.

Idazkaria:

– Aukera Berdintasun Zerbitzuko teknikari bat, Administrazio eta Dirubideen Zuzendariak izendatuta.

5. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

5.1.– Ikasleak bere ikastetxeko zuzendariari egingo dio eskabidea, I. eranskineko eredua erabiliz.

5.2.– Ikastetxeek aurkeztuko dute diru-laguntza hauetaz baliatu nahi duten ikasleen zerrendaren proposamena, II. eranskinean ematen den ereduaren arabera beteta. Eskabide horiek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzetan edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legez aldatua- 38.4 artikuluan adierazitako lekuetako batean aurkez daitezke. 2008ko urriaren 22an amaituko da proposamenak aurkezteko epea.

5.3.– Garraiorako banan banako diru-laguntzetarako eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, diru-laguntza eman ala ez erabakitzean funtsezko eragina duen ezer berezirik gertatuz gero, agiri bidez azaldu eta egiaztatu beharko da, eta ikastetxeak ziurtatu, kontuan hartu ahal izateko. Horrelakorik gertatzen bada, eskabidea 2008-2009 ikasturtea amaitu aurretik egin beharko da, eta kreditu nahikoa baldin badago emango da laguntza.

5.4.– Datu Pertsonalak Babesteari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoarekin eta Datu Pertsonaletarako Jabetza Publikoko Fitxategiei eta Datuak Babesteko Euskal Bulegoa Sortzeari buruzko otsailaren 25eko 2/2004 Legearekin bat etorriz, deialdi honen tramitazioan jasotako datu pertsonalak, parte-hartzaileek erabiltzea eta argitaratzea baimenduko dituztenak, fitxategi batean jasoko dira. Fitxategi honen helburua diru-laguntzen deialdi hau eta horrekin zerikusia duen beste edozein prozedura edo espediente administratibo kudeatzea izango da, eta baita deialdi honetara aurkezten diren pertsonei deialdiaren garapenari buruz informatzea ere. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritza da fitxategi honen arduraduna. Aurka egin, sartu, zuzendu eta ezabatzeko eskubideak Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzan gauzatu ahal izango dira (Donostia kalea, 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

Halaber, deialdi honetan parte hartu duten pertsonek fitxategian dauden datu pertsonalak Euskal Autonomia Erkidegoko beste herri-administrazioei uzteko baimena ematen dute -deialdi honen xede bererako bakarrik- eta, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Administrazio eta Dirubideen Zuzendaritzari baimena ematen diote, beste erakunde publiko batzuetan, aurkeztutako dokumentuen benetakotasuna egiaztatzeko.

6. artikulua.– Laguntzei buruzko ebazpena.

Txostena egindakoan, aipatu diren proposamenak Administrazio eta Zerbitzuen sailburuordeari bidaliko zaizkio, aurkezteko epea amaitzen denetik 30 egun naturaleko epearen barruan. Sailburuordeak 2008ko abenduaren 1a baino lehenago eman beharko die ebazpena; erreklamazioak eta agindu honen 5.3 artikuluan jasotzen diren kasuak, berriz, 2008-2009 ikasturtea amaitu baino lehen ebatzi beharko dira.

Laguntza eman edo ukatu zaien eskatzaileen zerrendak lurralde ordezkaritzetan argitaratzeko aginduko dira. Horren berri, aldez aurretik, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuz emango da.

Horretarako ezarritako epean ebazpen adierazirik ematen ez bada, eskabidea baietsi egin dela ulertu behar da.

Ebazpen horren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, hilabeteko epean.

7. artikulua.– Laguntza ordaintzea.

Izendatu diren diru-laguntzen ordainketa aldi batean egingo da, deialdiari ebazpena eman ondoren. Ikasle onuradunek ikasketak egiten dituzten zentroetara bidaliko da diru-zenbateko osoa. Zentroek dena batera ordainduko diete ikasleei, deialdiari ebazpena emandakoan. Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzaren aurrean justifikatu beharko du zentroak ordaindu izana, ordezkaritzak emandako aginduei jarraituz.

8. artikulua.– Diru-laguntzen kontrola.

Ondorio hauetarako, Lurralde Ordezkaritzek egokitzat jotako agiriak aurkez ditzatela eskatu ahal izango diete onuradunei.

Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak beren fiskalizazio-eginkizunak betez informaziorik eskatuz gero, diru-laguntzen onuradunek eman egin beharko diete informazio hori.

Onuraduna zentrora joaten ez bada edo zentroan baja ematen badu, ikastetxeek Hezkuntzako Lurralde Ordezkaritzari itzuli beharko diote emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eta, ordainketa eginda badago, zenbateko osoa edo justifikatu gabeko zatia itzul dezala eskatuko diote ikasleari.

Itzultzeko espedienterik zabaltzen bada, abenduaren 27ko 698/1991 Dekretuko bigarren tituluari jarraituko zaio; Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen du dekretu horrek.

Halaber, 2008-2009 ikasturtea amaitu baino lehen, diru-laguntzaren zenbatekoa egunero edo astero ikastetxera joan beharrak sortu dituen gastuak ordaintzeko erabili dela justifikatu dezatela eskatuko diete ikasle onuradunei.

Justifikazio-agiri horiek (txartelak, fakturak, zinpeko deklarazioa ibilgailu partikularra erabiltzen bada, etab.) ikastetxean artxibatuko dira, behar izanez gero konprobatu ahal izateko.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Agindu honetan arautzen ez direnetarako, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak -urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatuak- xedatutakoa aplikatuko da horren osagarri.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenengoa.– Agindu honen kontra aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal zaio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera, hilabeteko epean; bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkeztu ahal da Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, bi hilabeteko epearen barruan.

Bigarrena.– Agindu honek EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera izango ditu ondorioak.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko uztailaren 23a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

IKASLEAREN ESKABIDEA

BANAN BANAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDI OROKORRA 2008-2009 IKASTURTERAKO

(Ikus .PDF)

IKASTETXEAREN ESKABIDEA
BANAN BANAKO DIRU-LAGUNTZETARAKO DEIALDI OROKORRA 2008-2009 IKASTURTERAKO

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala