
180. zk., 2008ko irailaren 22a, astelehena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
5339
AGINDUA, 2008ko ekainaren 18koa, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikasle ezgaituen unibertsitate-garraioaren 2008-2009 ikasturterako gastuak ordaintzeko laguntzetarako dei egin eta laguntzok arautzen dituena.
Gizarte Zerbitzuei buruzko urriaren 18ko 5/1996 Legearen 3. artikuluan eta Euskal Autonomia Erkidegoko Unibertsitate Antolamenduko ekainaren 29ko 19/1998 Legearen 3. artikuluan ezarritakoarekin bat etorriz, 2002ko abenduaren 3ko Agindua eman zen, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuarena eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, ikasle ezgaituen unibertsitate-garraioaren 2002-2003 ikasturterako gastuak ordaintzeko laguntzetarako dei egin eta laguntzok arautzen dituena.
Agindu hau behin baino gehiagotan aplikatzeak hobekuntza nabarmena ekarri dio ikasle ezgaituen egoerari, horri esker ez baitzaie kostu ekonomiko gehigarririk ezarriko beren joan-etorriei, mugikortasunean mugaturik ez dauden gainerako ikasleek halakorik ez dute jasan behar eta.
Halaber, laguntzaren zenbatekoa arautu beharra dago, eskuragarri diren baliabide ekonomikoek bermatu dezaten banaketa zuzen egingo dela, objetiboki zerga-tratamendu astunenekotzat jotzen diren egoerei lehentasuna emanez.
Horregatik, Euskal Unibertsitate Sistemaren otsailaren 25eko 3/2004 Legean eta Gizarte Zerbitzuen urriaren 18ko 5/1996 Legean ezarritakoa bete nahirik (bietan ere aukera-berdintasuna, unibertsitate-ikasketak jasotzeko eskubidea, eta herritar guztien integrazioa eta normalizazioa defendatzen baitira), komeni da araua dauden beharrei egokitzea, arauak berdintasun eta unibertsaltasun printzipioei benetan erantzun diezaien.
Araua erregulatu eta kudeatzeko, eta deialdia egiteko, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak batera jardungo dute, arauak bi sailen jarduera-eremuetan eragina duelako.
Araua prestatzeko orduan honako lege-xedapen hauek hartu dira kontuan: batetik, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Testu Bategina onesten duen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuan diru-laguntzei buruz jasota dagoen legeria, eta bestetik, Euskal Autonomia Erkidegoko 2008ko aurrekontu orokorrak onesten dituen abenduaren 28ko 15/2007 Legean jasotako baimenak.
Horren ondorioz,
XEDATU DUGU:
1. artikulua.– Xedea.
Agindu honen helburua hauxe da: Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeetako ikasleen garraio-gastuak ordaintzeko laguntza ekonomikoak arautzea. Ikasle horiek balioezintasuna legez aitortuta eduki behar dute eta, beren urritasunen bat dela eta, garraio normalizatua ezin dute beren kabuz erabili.
2. artikulua.– Onuradunak.
2008-2009 ikasturtean lehenengo eta bigarren zikloko goi-mailako ikasketa ofizialak eta graduatu-ondoko ikastaroak egiten ari diren pertsonek jaso ahal izango dituzte laguntza horiek. Euskal Autonomia Erkidegoko edozein unibertsitate-ikastetxetako ikasle izan behar dute eta, gainera, baldintza hauek bete behar dituzte:
1.– Euskal Autonomia Erkidegoko udalerri batean erroldatuta egotea.
2.– 2008-2009 ikasturtean Euskal Autonomia Erkidegoko unibertsitate-ikastetxeren batean edo goi-mailako eskola teknikoren batean matrikulatuta egotea.
3.– Beren ohiko bizilekutik unibertsitate-ikastetxera edo goi-mailako eskola teknikora joan behar izatea.
4.– Dagokion Foru Aldundiko Balorazio eta Orientazio Unitatean honako hauek aitortuta edukitzea:
a) % 33ko baliogabetasun-maila edo handiagoa.
b) Mugikortasun-arazoak izatea garraio kolektiboak erabiltzeko, hala jasota baitago minusbaliotasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen duen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren 4.b) atalean.
c) Hala badagokio, beste pertsona baten laguntza behar izatea, hala jasota baitago minusbaliotasunaren maila onartzeko, aitortzeko eta kalifikatzeko prozesua arautzen duen abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuaren 5. artikuluaren 4.a) atalean edo mendekotasun egoera baloratzeko baremoa xedatzen duen apirilaren 20ko 504/2007 Errege-dekretuaren I. eranskinean. Baremo hori mendekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia pertsonala bultzatu eta haiek zaintzeko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezartzen du.
3. artikulua.– Diru-baliabideak.
Agindu honek jasotzen dituen laguntzetarako ehun mila euro (100.000) ezarriko dira, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorretan propio ezarritako aurrekontu-izendapenaren kontura.
4. artikulua.– Dirulaguntzaren zenbatekoa.
1.– Erabilitako garraiobidea norbere ibilgailua bada, laguntzaren zenbatekoa honela kalkulatuko da: 0,29 euro bider egindako kilometro-kopurua.
2.– Erabilitako garraiobidea taxia edo beste edozein garraiobide publiko bada, zenbatekoa garraiobidea erabiltzeagatik ordaindutakoaren hainbatekoarena izango da.
3.– Bidaia egiteko beste pertsona baten laguntza beharrezko bada, orobat, bidaiaren kostua ordainduko da.
5. artikulua.– Epea eta ordaintzeko era.
1.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak onetsita ateratzen den aurrekontu osoa finantzatu ahal izango du; eskari bakoitzeko gehienez eman daitekeen laguntza 12.000 eurokoa izango da, harik eta horretarako propio gaitutako kreditua agortu arte. Kreditu hori, eskatutako eta onartutako diru-laguntzak ordaintzeko adina diru ez badago, onuradunen artean proportzionalki hainbanatuko da.
2.– Ordainketa zatika egingo da: laguntza onestearekin batera % 70a ordainduko da, berariaz uko egiten ez bazaio laguntza esleitu dela jakinarazi eta 10 eguneko epearen barruan; gainerako % 30a, ordea, izandako gastuak justifikatu ondoren (horretarako, jatorrizko agiriak aurkeztu beharko dira hamabost eguneko epean, ikasturtea bukatzen den egunetik zenbatzen hasita).
6. artikulua.– Beste dirulaguntza batzuekin bateragarritasuna.
Laguntza hauen izaera eta aplikazioa dela eta, bateragarri izango dira Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren beka eta laguntzekin, eta bereziki, helburu berbererako jaso litezkeen beste batzuekin, diru-sarreren zenbatekoak bidaiaren kostu osoa gainditzen ez badu betiere. Hala bada, laguntza murriztu egingo da, gehienezko mugaraino eramanez.
7. artikulua.– Aurkeztu beharreko agiriak.
1.– Eskabide-orria behar bezala beteta (I. eranskina).
2.– Hirugarren Interesdunaren Datuen Altaren inprimakia, baldin eta Hirugarrenaren Datuetan alta emanda ez badaude, edota alta emanda egonik, erakundearen kontu korrontea edo erakundeari buruzko beste edozein datu aldatzen badute (III. eranskina).
3.– Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.
4.– Errolda-egiaztagiria.
5.– Dagokion Foru Aldundiko Balorazio eta Orientazio Unitateak emandako ebazpenaren fotokopia, balioezintasun-maila aitortzen duena eta Agindu honen 2. artikuluaren 4. paragrafoan adierazitakoak egiaztatzen dituena.
6.– 2008-2009 ikasturteko matrikula-ordezkagiriaren fotokopia.
7.– Zinpeko adierazpena, ondokoa aitortzen duena: eskatzailea ez dago penalki edo administratiboki zigortuta eta, ondorioz, diru-laguntzak edo laguntza publikoak lortzeko aukera du, eta ez baitzaio inolako legezko debekurik ezarri, horretarako ahalmena kentzen dionik. Kontuan hartu dira, baita ere, sexu-bereizkeriagatik ezar litezkeen debekuak, Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako otsailaren 18ko 4/2005 Legearen azken xedapenetatik seigarrenean aurreikusitakoarekin bat etorriz.
8. artikulua.– Eskariak aurkeztea.
1.– Eskatzaile bakoitzak ikasten ari den unibertsitateko beka-unitateari zuzendu beharko dio bere diru-laguntza eskaria, I. eranskinaren ereduaren arabera. Horretarako, hilabeteko epea izango du, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera. Eskabideen aurkezpena Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak (urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatu zuen lege hori) 38.4 artikuluan ezartzen dituen moduen bidez egin ahalko da.
2.– Unibertsitateetako beka-unitateek 45 egun natural izango dituzte, Agindu hau argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, ikasle-zerrenda aurkezteko, II. eranskineko ereduari jarraituz. Zerrenda Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailean edo bere Lurralde Ordezkaritzetan aurkeztu ahal izango dute.
9. artikulua.– Laguntzei buruzko ebazpena.
1.– Gizarte Ongizateko zuzendariak hilabetean ebatziko du deialdia, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunetik aurrera.
2.– Ebazpena esleipendunei jakinaraziko zaie eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
3.– Epe barruan interesatuari ebazpenik jakinarazten ez bazaio, eskabidea ez onetsitzat hartuko da Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 43.2 artikuluan ezarritakoaren arabera.
4.– Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzak, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren Unibertsitate Zuzendaritzarekin batera, deialdi honetan aurreikusitako laguntzak kudeatzeko lanak egingo ditu, bai eta laguntzak eskuratzeko behar diren jarduera guztiak ere.
5.– Horretarako, Gizarte Ekintzarako Kabinete bat sortuko da. Kabinete horretan bi pertsona egongo dira, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuaren ordezkari bana, hain zuzen. Kabinete horrek, Gizarte Ongizateko Zuzendaritzaren bitartez, interesatuei eta unibertsitateetan ezinduak artatzeko dauden unitateei behar beste informazio eskatu ahal izango die, aurkeztutako eskabideen egiazkotasuna eta zehaztasuna ziurtatzeko.
10. artikulua.– Onuradunen betebeharrak.
1.– Emandako dirulaguntza onartzea, berariaz uko egiten ez bazaio, agindu honen 5.2 artikuluan ezartzen den bezala.
2.– Bideratzea laguntza dagokion helbururako.
3.– Egiaztatzea laguntza esleitzeko eta laguntza horretaz baliatzeko ezarrita zeuden baldintzak betetzen dituela.
4.– Azaltzea nolako beharra dagoen hautatutako garraiobidea erabiltzeko.
5.– Laguntza ematea bideratu zuten baldintzak bete direla egiaztatzeko beharrezko frogaketa jardueretara makurtzea, eta Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak, diru-laguntzen nondik norakoak fiskalizatzean eskatutako informazio guztia ematea.
6.– Jakinaraztea Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Ongizateko Zuzendaritzari helburu horretarako zein diru-laguntza edo laguntza jaso diren, zeinahi delarik laguntzak eman dituzten administrazioak edo erakundeak, publiko nahiz pribatu izan.
11. artikulua.– Gezurrezko datuak ematea edo datuak ezkutatzea.
Kasu bakoitzean diren gorabeherak kontuan hartuta, gerta daiteke sumatzea diru-laguntza emateko beharrezko baldintzak ematean datu faltsuak ematea edo laguntza ukatzea ekarriko luketen gorabeherak isiltzea. Kasu hauetakoren bat gertatuz gero, ukatu egingo da diru-laguntza, edo laguntza eman zeneko erabakia aldatu, edo dirua itzul dadila erabaki ahal izango da.
12. artikulua.– Dirua itzultzeko prozedura.
1.– Laguntzak osorik edo zati batean itzuliko dira, beren zenbatekoa ordainduta egon nahiz ez, honelakorik gertatuz gero:
a) Laguntza jasotzeko, datuak ezkutatu edo gezurrezko datuak eman izan badira.
b) Bateraezintasunik bada, beste pertsona fisiko edo juridiko batzuengandik datozen mota horretako beste onura batzuekin.
c) Laguntzak erabiltzen ez badira izendatuta zeukaten helbururako.
d) Ezarritako baldintzaren bat betetzen ez duten edo baldintzak behar bezala egiaztaturik ez dauzkaten pertsonei ematen bazaie.
2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 84. artikuluan xedatutakoaren arabera, ezin izango da diru-laguntza emateko behin betiko ebazpena aldatu, interesatuak espedientea ikusi aurretik eta hari entzun gabe. Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren Gizarte Ongizateko zuzendariak prozedura hasi dela eta zergatik hasi den adieraziko dio interesatuari, eta 15 eguneko epea emango dio egokitzat jotako arrazoibideak aurkez ditzan. Halaber Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari proposatuko diote diru-laguntza aldatzea eta, hala dagokionean, jasotako kopuruak itzultzea. Hori guztia, Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontuen pentzutan ematen diren diru-laguntzen bermeei eta horiek itzultzeari buruzko erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuko Bigarren Tituluan xedatutakoarekin bat etorriz.
3.– Hasitako espedientetik badator jasotako kopuruak itzuli beharra, bai eta legezko interesak ere, ebazpen bat emango da dirua ahalik eta erosoen eta errazen itzultzeko; horretarako, bi hilabeteko epea izango da, itzultzeko erabakia jakinarazten den egunetik aurrera.
4.– Borondatezko epean itzultzen ez bada, Ogasun eta Herri Administrazio Sailaren jakinaren gainean jarriko da gertaera hori, indarrean dauden xedapenek ezartzen dutenaren arabera premiamenduzko bidetik ekin dakion.
13. artikulua.– Errekurtsoak.
Horrenbestez, interesdunek berraztertzeko errekurtsoa jar diezaiokete Etxebizitza eta Gizarteko Gaietako sailburuari; horretarako, hilabeteko epea dute, agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik aurrera, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 116. eta 117. artikuluetan ezarritakoaren arabera. Orobat, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea ere badute Euskal Herriko Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzietarako Salan; horretarako, bi hilabeteko epea izango dute agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 10.1.b) eta 46. artikuluetan ezarritakoaren arabera (Administrazioarekiko Auzitarako Jurisdikzioa arautzen du lege horrek).
XEDAPEN OSAGARRIA
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailaren beste laguntza programetarako erabilitako diru-kopurutik dirua soberan gelditzen bada, 3. artikuluan adierazitako diru-kopurua alda daiteke, eskatutako diru-laguntza kopurua kontuan hartuta. Kopuru hori aldatzea edo ez aldatzea diru-laguntzei buruzko ebazpena hartu aurretik erabakiko da. Horretarako, eta oneste-ebazpena eman aurretik, Gizarte Ongizateko zuzendariak beharrezko aldatze-ebazpena emango du, eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
AZKEN XEDAPENA
Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko ekainaren 18a.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,
JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.
RSS