Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

152. zk., 2008ko abuztuaren 12a, asteartea


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Jaurlaritzaren Lehendakariordetza
4726

16/2008 EBAZPENA, abuztuaren 1ekoa, Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko Harremanetarako zuzendariarena, Eusko Jaurlaritzak egindako zenbait hitzarmen, beherago zehaztutakoak, argitaratzea xedatzen duena.

Eusko Jaurlaritzak zenbait hitzarmen sinatu dituenez gero, publikotasun egokia izan dezaten, honako hau,

EBATZI DUT:

Artikulu bakarra.– Ondoko hitzarmenen testua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea:

– Kantabria eta Euskadiko autonomia erkidegoetako herri mugakideetan atentzio sanitarioa emateko lankidetza hitzarmena, Kantabriako Autonomia Erkidegoarekin (I. eranskina).

– Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Kantabriako Autonomia Erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena, bihotzeko eta biriketako transplanteari buruzkoa (II. eranskina).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko abuztuaren 1a.

Jaurlaritzaren Idazkaritzako eta Legebiltzarrarekiko

Harremanetarako zuzendaria,

JOSÉ LUIS ERREKATXO LABANDIBAR.

I. ERANSKINA, JAURLARITZAREN IDAZKARITZAKO ETA LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK ABUZTUAREN 1EAN EMANDAKO 16/2008 EBAZPENARENA.

Kantabria eta Euskadi autonomia erkidegoetako herri mugakideetan atentzio sanitarioa emateko lankidetza hitzarmena.

Santander, 2008ko uztailaren 29a.

BATZARTURIK:

Alde batetik, Luis María Truan Silva Jn., Kantabriako Gobernuko Osasun Sailburua, Kantabriako Osasun Zerbitzuko erakunde autonomoaren izenean eta ordezkaritzan, Kantabriako Parlamentuak Hitzarmen hau onartu eta gero, Kantabriako Autonomia Estatuko 31gn. artikuluan eta Kantabriako Parlamentuaren Erreglamenduko 142gn. artikuluan araututakoari jarraituz, eta Kantabriako Gobernuko Presidentearen ordezkari gisa Hitzarmen hau sinatzeko ahalmena dudala.

Eta beste aldetik, Gabriel María Inclán Iribar Jn., Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailburua eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Presidentea, Gobernu Kontseiluaren baimenarekin, ekainaren 30eko 7/1981 Legeak, Gobernu Legeari buruzkoak, 18. artikuluan, eta 268/2001 Dekretuak 3. artikuluan xedatzen dutenaren arabera.

ADIERAZTEN DUTE:

Administrazio Publikoak beren harremanetarako lankidetza eta kooperazio printzipioetan oinarritzen direla, beren jokabiderako irizpideak eraginkortasuna eta zerbitzua direlarik; eta horrexegatik, beren eremuan, beste Administrazioek, beren eginkizuna eraginkortasunez bete ahal izateko, eska liezaieketen laguntza eta lankidetza eman eskaini behar dutela; hori guztia Osasun Sistema Nazionalaren Kohesioa eta Kalitateari buruzko maiatzaren 28ko 16/2003 Legean, eta apirilaren 25eko 14/1986 Sanitateko Lege Orokorrean xedatzen denaren arabera.

Kantabriako eta Euskadiko Autonomia Erkidegoek beharrezko irizten diotela osasunaren arloan lankidetza eta kooperazioa sustatzeari, jokaera sanitarioak era koordinatuan eta eraginkortasunez gauzatu ahal izateko bi erkidegoetako baliabideak erabiltzea ezinbesteko gertatzen den gune geografiko mugakideetan, edozein dela ere esku hartzeko premia sortu den autonomia erkidegoa.

Lankidetza Hitzarmen honen bitartez, bi erkidegoetako gune mugakideetan atentzio sanitarioa eragotzi litzaketen eragozpenak gainditu nahi dira, baliabide sanitarioen koordinazioa hobetuz eta herritarrei asistentziarik onena bermatuz, edozein del ere euren egoitza, hori guztia osasun zerbitzuaren hobekuntza lortzeko azken helburuaz, eta Osasun Sistema Nazionalak oinarritzat hartzen dituen solidaritate, unibertsaltasun eta berdintasun printzipioak aintzat hartuta.

Ondorioz, alderdi biek, batak besteari erantzukizuna hartzeko gaitasuna aitortzen diotelarik, hitzarmen hau onartzen dute, baldintza gisa jarriz ondoko

KLAUSULAK:

Lehenengoa.– Helburua.

Hitzarmen honen helburua atentzio eta asistentzia sanitarioaren koordinazioa, horretarako, Kantabria eta Euskadiko Autonomia Erkidegoetako gune mugakideetan baliabide asistentzialen eskuragarritasuna hobetuz.

Bigarrena.– Lankidetza eremua.

Lankidetza sanitarioak honako jokabide eremu

hauek edukiko ditu: Lehen Mailako Atentzioa, Atentzio Espezializatua eta Urgentziak eta Larrialdiak.

Asistentzia koordinazioa, Hitzarmen honetako

Estipulazioetan aurreikusten den intentsitate eta estaldurarekin, eremu geografiko honetara hedatuko da:

• Valle de Villaverdeko udalerria (Kantabria).

• Bizkaiko Lanestosako udalerria (Euskadi).

• Bizkaia-Kantabria Autobidearen zati bat, hain zuzen, Castro-Urdiales kantabriar udalerritik El Haya euskal udalerrira bitartekoa.

Hirugarrena.– Lehen Mailako Atentzioa.

1.– Valle de Villaverde udalerrian adin pediatrikoan dauden biztanleei Zalla eta Balmasedako Osasun Zentroetako pediatria zerbitzuek, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari dagozkionek, emango diete atentzioa.

2.– Lehen Mailako Atentzioko Urgentzietan:

• Valle de Villaverde udalerriko biztanleei Balmasedako (Euskadi) Etengabeko Atentzioko puntuan emango zaie atentzioa, bai Atentzio Medikoa eta bai Erizaintzakoa.

• Lanestosa udalerriko biztanleei Ramales-ko (Cantabria) Lehen Mailako Atentzioko Urgentzietako Zerbitzuak emango die atentzioa, bai Atentzio Medikoa eta bai Erizaintzakoa.

Laugarrena.– Atentzio espezializatua.

Atentzio Espezializatuari dagokionez, bai kanpoko kontsultetan eta bai ospitalizazioan, Valle de Villaverde udalerriko biztanleek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko baliabideak erabiliko dituzte, hain zuzen honako hauek: Ortuellako Anbulatorioa, Zalla, Areatza eta Deustuko Osasun Zentroak, eta Basurto eta Gurutzetako Ospitaleak.

Bosgarrena.– Emergentzietako atentzioa.

Bizkaia-Kantabria Autobidean, Castro-Urdiales kantabriar udalerritik El Haya euskal udalerrira bitarteko zatian sortzen diren emergentzia sanitarioko premien atentzioa, Hitzarmen honen eranskinean jasotzen den koordinazio protokoloaren arabera emango da.

Seigarrena.– Segimendu Batzordea.

1.– Hitzarmenaren Segimendua egiteko Batzorde bat sortzen da, honako kide hauez osatua:

a) Kantabriako Autonomia Erkidegoaren Aldetik:

• Antolamendu, Ikuskapen eta Atentzio Sanitarioko Zuzendari Orokor aginpideduna.

• Santander-Laredoko Lehen Mailako Atentzioko Gerentea.

• 061 Lehen Mailako Atentzioko Gerentea.

b) Euskal Autonomia Erkidegoaren aldetik:

• Antolamendu eta Atentzio Sanitarioko Zuzendari titularra.

• Finantzaketa eta Kontratazio Sanitarioaren arloko Zuzendaritza aginpideduneko titularra.

• Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko Asistentzia Sanitarioaren Zuzendaritzako titularra.

2.– Batzordearen eginkizuna Hitzarmenaren edukia behar bezala bete dadin laguntzea izango da, sor litezkeen zalantzak ebatziz eta haren aplikazioa sustatuz.

Zazpigarrena.– Kostu sanitarioa.

1.– Kantabriako Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko du Lanestosako populazioari emaniko atentzio sanitarioaren kostua, bai eta garraio sanitarioaren kostua ere.

2.– Bere aldetik, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak bere gain hartuko du Valle de Villaverdeko populazioari emaniko atentzio sanitarioaren kostua, bai eta Balmasedan emaniko Lehen Mailako Urgentzien asistentziari dagokion kostua ere.

3.– Hitzarmenaren indarraldiko urte bakoitzeko lehen hiruhilekoan, Segimendu Batzordean, aipatu jokaera sanitarioen kostuaren balorazioa egingo da eta, dagokion kasuan, konpentsazio ekonomikoen ordainketa 60 eguneko epe barruan egitea onartuko da, gastu ekonomiko handiena egin duen Autonomia Erkidegoaren alde.

Zortzigarrena.– Koordinazioa eta antolaketa neurriak.

Kantabriako Osasun Zerbitzuak eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuak ezarriko dituzte asistentzia antolatzeko beharrezkoak diren koordinazio mekanismoak, eta bakoitzak bere eskumeneko arloan Hitzarmen honetan aurreikusten diren modalitateak burutzeko behar diren antolamendu neurriak hartuko dituzte.

Bederatzigarrena.– Iraunaldia eta indargabetzea.

1.– Hitzarmen honek ondorioak izango ditu izenpetua izan den datatik 2008ko abenduaren 31ra arte. Epe hori igarota, berritu ahal izango da aldiko urtebete baterako, aldez aurretik alderdi biek idatziz formalizaturiko berariazko adostasuna egon behar duelarik.

2.– Aurrekoari kalterik egin gabe, Hitzarmen hau ezabatzeko kausa izango dira:

a) Izenpetzen duten erakunde bien akordioa, idatziz gauzatu beharko dena.

b) Helburuan barne hartzen diren jarduerak burutzeko sorturiko ezinezkotasuna, legala zein materiala.

c) Hitzarmeneko klausuletako edozeinen ez betetze larria.

Eta beren adostasuna adierazteko, alderdi biek izenpetzen duten Hitzarmen hau, idazpuruan ageri diren lekuan eta datan.

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Osasun sailburu

eta Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko presidentea,

GABRIEL MARÍA INCLÁN IRIBAR.

Kantabriako Gobernuaren izenean, Osasun sailburua,

LUIS MARÍA TRUAN SILVA.

HITZARMENAREN ERANSKINA

URGENTZIA ETA LARRIALDI SANITARIOEN KOORDINAZIORAKO PROTOKOLOA KANTABRIAKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN EUSKAL HERRIKO AUTONOMIA ERKIDEGOAREN ARTEAN

I.– Sarrera.

Protokolo honen bitartez antolatzen dira jazoera sanitarioen gestioa errazten duten prozedura tekniko eta operatibo espezifikoak, Autonomia Erkidegoetako Urgentzia Sanitarioen Koordinazio Zentroen bitartez, edozein direla ere jazoera gertatu den Autonomia Erkidegoa eta jazoeraren mota (jazoera indibiduala, hanbat biktimako istripua zein katastrofea).

Azken helburua jokaera sanitario hauek era koordinatu eta eraginkortasunez gestionatzea da.

II.– Egoera motak.

Lau mota aurreikusten dira urgentziaren mailaren arabera:

a) Banakoaren edo afektatu kopuru txiki baten urgentzia, eta bizi arriskurik gabea.

Bere baliabide propioekin ebatziko du Erkidego bakoitzak, eta ez da beharrezko izango jakinarazpenik egitea Urgentzien Zentro Koordinatzaileen artean.

b) Bizi arriskua duten emergentziak.

Baliabide, garraio eta xede ospitalearen premia Mediku Erregulatzaileak (Koordinatzaileak) erabakiko du, kontuan edukirik pazientearen ardura daukan medikuak “in situ” eginiko balorazioa, zer baliabide dauden erabilgarri eta bi Erkidego mugakideetako Ospitaleen kokapena, edozein dela ere berauen eremu geografikoa.

Ospitale xedeari dagokion erabakia hartzeko, pazientearen patologiarako “Zentro egokira” garraiatzeari emango zaio lehentasuna, pazientea bideratzen den Erkidegoko Urgentzien Koordinazio Zentroko Mediku Erregulatzaileari (Koordinatzaileari) egoera kontsultatu ondoren.

Zentro egokia aurkitzen den Erkidegoko mediku Erregulatzaileak xede ospitalea jakinaren gainean jarriko du.

Garraioa egiteko baliabideei dagokienez, jatorri Erkidegokoak erabili ala xede Erkidegokoak erabili erabakitzeko kontuan hartuko dira Erkidegoetako bakoitzak une horretan zer egoera daukan edo zer baliabide dauzkan erabilgarri.

c) Biktima Askoko Istripua (BAI).

Gertatu den Erkidegoa Erkidego auzokidearekin harremanetan jarriko da erabilgarri dauzkan baliabideei buruzko informazioa eskatzeko.

Hasierako harremana bi Zentro Koordinatzaileetako Mediku Erregulatzaileen artean ezarriko da, eta hauek antolatuko dute egoerari erantzuteko beharrezkoak diren Erkidego bietako baliabideen mobilizazioa.

d) Katastrofe sanitarioa:

• Asistentzia premien hasierako balorazio bat egin ondoren, bi Zentro Koordinatzaileetako Mediku Erregulatzaileak elkarrekin harremanetan jarriko dira eta behar diren baliabideak mobilizatzen hasiko dira berauen kokapena eta eraginkortasuna (gune bakoitzeko Mediku Erregulatzaileak determinatua) kontuan edukita.

• Jatorrizko Erkidegoaren Katastrofe Plana aktibatuko da eta Erkidego auzokideko baliabideak katastrofea gertatu den Erkidegoko baliabideak balira bezala erabiliko dira, funtzionalki Erkidego horretako arduradunen menpe egongo direlarik.

• Zerbitzu bakoitzeko Zuzendaritzei pasako zaie abisua eta hauek dagozkien Agintari Sanitarioei gertaeraren berri emango dite.

• Katastrofe egoera batean lankidetzan diharduten Erkidegoetako Zentro Koordinatzaileak arduratuko dira baliabide guztiak betiere zentro horien koordinaziopean mobiliza daitezen, eta lankidetza kasu bakoitzean dagokion Erkidegoak adieraziko dituen premietara egokitu dadin.

• Katastrofea gertatu den Erkidegoak alde batera utziko ditu Erkidego auzokideak ekarritako baliabideak, jadanik beharrezko gertatzen ez direnean; horretarako Erkidego Auzokideko Zentro Koordinatzailea jakinaren gainean jarriko du baliabide horiek berrantola ditzan.

• Katastrofe egoeretan, ohe falta dela eta, pazienteak Erkidego batetik bestera eraman beharra gertatuko balitz, katastrofea gertatu den Erkidegoko Zentro Koordinatzaileak beste Erkidegoko Zentro Koordinatzaileari jakinaraziko dio zenbat ohe eta zer garraiobide behar dituen, honek egin litezkeen lankidetzak era zentralizatuan gestiona ditzan.

II. ERANSKINA, JAURLARITZAREN

IDAZKARITZAKO ETA

LEGEBILTZARRAREKIKO HARREMANETARAKO ZUZENDARIAK ABUZTUAREN 1EAN EMANDAKO 16/2008 EBAZPENARENA.

Euskal autonomia erkidegoaren eta Kantabriako autonomia erkidegoaren arteko lankidetza-hitzarmena, bihotzeko eta biriketako transplanteari buruzkoa.

Santander, 2008ko uztailaren 29a.

BILDU DIRA:

Euskal Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa Gabriel Inclán Iribar jauna, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Osakidetza-Servicio vasco de salud Ente Publikoko presidentea dena.

Kantabriako Autonomia Erkidegoaren ordezkari gisa Luis Maria Truan Silva jauna, Kantabriako Gobernuko Osasun Sailburua, Kantabriako Osasun Zerbitzuaren izenean eta bere ordezkapenean jardunez, Kantabriako Parlamentuak Hitzarmen hau onartuta, Kantabriarako Autonomia Estatutuaren 31gn. artikuluan eta Kantabriako Parlamentuko Erregelamenduaren 142gn. artikuluan arautzen dutenari jarraituz eta hitzarmen hau sinatzeko Kantabriako Gobernuko Presidentearen ordezkapena duelarik.

Gorago aipatu direnek esku hartzen dute bakoitza bere karguaren arabera, eta legez esleituta dituzten ahalmenak betez eta, hitzarmen hau arautzeko duten gaitasuna elkarri aitortuz, honako hau

AZALDU DUTE:

Herri Administrazioak, euren harremanetan, lankidetzaren printzipioak zuzentzen dituela eta, beren jarduketan, eraginkortasun eta herritarrak zerbitzatzeko irizpideek, eta ondorioz, esparru propioan, beste administrazio batzuek eska zezaketen lankidetza eta asistentzia aktiboak eman behar direla euren eskumenen jarduera eraginkorra izan dadin; hori guztiori Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 3.2 eta 4.1.d) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Osasun Sistema Nazionaleko Osasun Zerbitzuek eman beharreko asistentzia sanitarioaren esparruan eta, zehatzago, organoen transplantearen eremuan, printzipio horiek organoak atera eta transplantatzeari buruzko urriaren 27ko 30/1979 Legeko 7. artikuluak ezartzen duen betebeharrarekin bat egiten dutela, hau da, autonomia-erkidegoaren mailako eta maila nazionaleko erakundeen eraketa erraztu behar dela, transplantatzeko organoen elkartrukea eta zirkulazio azkarra posible egiteko asmoz.

Gaur egun bihotzeko transplantea eta biriketako transplantea bihotzeko eta biriketako patologien funtsezko terapeutika bat dela, paziente-kopuru handiari mesede egiten dion aukera bat izanik.

Hala ere, Euskal Autonomia Erkidegoak ez daukala erkidego horretako gaixoei modalitate terapeutiko hori erraz diezaiekeen bihotzeko eta biriketako transplanteak egiteko zentro bat; beraz, derrigorrezkoa da beste autonomia-erkidego batzuekin lankidetzan aritzea.

Kantabriako Autonomia Erkidegoak, bere aldetik, Transplante Programa aktibo bat daukala, denboran egiaztatutako zifra eta emaitza batzuk dituena. Horrez gain, oso eraginkorra den organoak sortzeko sistema bat dauka, azken urteetan lortutako transplante-tasa altuak eutsi eta onartzen dituena.

Zentzu horretan, Kantabrian bihotzeko eta biriketako transplanteak egiteko erreferentziako zentroa den “Marqués de Valdecilla” izeneko Unibertsitate Ospitalea euskal pazienteen itxaro-zerrenda eta bihotzeko eta biriketako transplanteak bere gain hartzeko teknikoki prest dagoela, izan ere, duela urte batzuetatik egiten ari den bezala.

Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoan bihotzeko eta biriketako transplantea egiteko zain dauden

pazienteak lehentasunez Valdecillako Ospitalera bidaliko dituztela.

Azkenik, bi autonomia-erkidego horien arteko eta euren osasun-profesionalen arteko harreman sanitarioen tradizioak lankidetza eraginkorra bermatzen duela.

Horren ondorioz, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorraren 15.2 artikuluan xedaturikoaren arabera, hitzarmen hau sinatzen dute, honako hauek kontuan hartuta

ESTIPULAZIOAK:

Lehenengoa.– Kantabriako Autonomia Erkidegoak (aurrerantzean Kantabria) Bihotzeko eta Biriketako bere Transplante Programan sartuko ditu horrela zehaztu eta eskatzen duten Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak.

Bigarrena.– Ondorio horietarako, aipatutako pazienteak itxaro-zerrenda arrunt batean sartuko dira Kantabriako Autonomia Erkidegoan dagoen “Marqués de Valdecilla” Unibertsitate Ospitaleko Transplanteen Zentroan, honako irizpide hauek kontuan hartuta:

a) Paziente-motari dagokionez, itxaro-zerrendan sartzea Valdecillako Ospitaleko Transplante Unitateetako mediku arduradunen esku egongo da, horretarako prestatutako protokolo komun bat betez.

Protokoloa aplikatzeak zalantzak dakartzanean, sartze hori haien eta Euskal Autonomia Erkidegoko zentroetan pazientearen mediku arduradunen arteko akordioaren bitartez egingo da.

b) Zerrendan sartzeko momentuari dagokionez, pazienteak sartuko dira Transplante Unitateko mediku arduradunak, Euskal Autonomia Erkidegoan pazientearen mediku arduraduna denarekin adostuta, egokitzat jotzen duenean.

Kantabriako eta Euskal Autonomia Erkidegoko Transplanteen koordinazio-taldeek, Valdecillako Ospitaleko itxaro-zerrendetan pazienteak sartzeko operatiboa erraztuko dute.

Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak, hasiera batean, haien mediku arduradunek jatorrizko zentroan ebaluatuko dituzte, eta beharrezkoak diren miaketa osagarriak toki-mailan egingo dira, horretarako ezarritako protokoloari jarraiki.

Valdecillako Ospitaleak pazientearen ebaluazio globala osatuko luke itxaro-zerrendan behin betiko sartu aurretik, eta Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetan egin ezin diren miaketa osagarriak bere gain hartuko lituzke.

c) Valdecillako Ospitaleak honako hauen ardura hartuko du: balorazio kirurgikoa eta bihotzeko/biriketako transplantearekin zerikusia duten transplante aurreko eta osteko interbentzioak, transplantea egin aurreko prestaketa, transplantearen interbentzio kirurgikoa eta transplantea egin zaien pazienteen egonaldia, baita

haien berehalako jarraipena ere.

Hirugarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteak Kantabriako Bihotzeko eta Biriketako Transplanteen Erreferentziako Zentrora lekualdatzea, baita laginen bidalketa ere, Euskal Autonomia Erkidegoan eskumena duen administrazio sanitarioaren kontura izango dira.

Era berean, aipatutako administrazioa arduratuko da bertako zentroetan egin daitezkeen funtsezko miaketa osagarrietaz eta medikazioaz.

Laugarrena.– Dena dela, Valdecillako Ospitalean interbentzioa egin zaien Euskal Autonomia Erkidegoko pazienteen epe luze eta ertaineko jarraipena, Euskal Autonomia Erkidegoko unitate espezializatuen erantzukizuna izango da.

Hala eta guztiz ere, Kantabriako Erreferentziako Zentroko Bihotzeko eta Biriketako Transplante Unitateek eta bihotzeko eta biriketako transplantearekin zerikusia duten beste espezialitateetakoek, jarraipen horretan Autonomia Erkidegoko dagozkien Zerbitzuei laguntza emango diete.

Ondorio horietarako, Kantabriako medikuek Euskal Autonomia Erkidegoko medikuei transplantatutako pazienteei buruz behar duten informazioa eskatu ahal izango diete, eta eman beharko zaie, haiek egokitzat jotzen dutenean.

Era berean, mediku haiek transplantatutako pazienteei beharrezkotzat jotzen diren azterketa orokorrak egin ahal izango dizkiete, Euskal Autonomia Erkidegoko dagozkien medikuekin batera adostuta.

Bosgarrena.– Protokolo bateratu zehatzak prestatuko dituzten lantalde bi sortuko dira. Lantaldeak, halaber, aldizka bilduko dira informazioa trukatu eta sortutako arazo nagusiak konpontzeko asmoz. Aipatutako lantaldea honako hauek osatuko dute: erreferentziako Zentroko profesional espezializatuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko ospitaleetakoak, bi erkidegoetako transplante-koordinazio taldeek izendatutakoak.

Seigarrena.– Hitzarmen hau aplikatzeagatik sortuko diren fluxu ekonomikoak, Osasuneko Sistema Nazionaleko Lurraldeen arteko Kontseiluak prestazio horiei buruz, orokorrean edo espezifikoki, adostatzen duenera egokituko dira.

Zazpigarrena.– Organoen banaketarako dauden lehentasuneko irizpide orokorrei kalterik egin gabe, Euskal Autonomia Erkidegoan gertatutako birika eta bihotzeko donazioak, lehentasunez transplanteak egiten dituen Kantabriako zentroari eskainiko zaizkio.

Zortzigarrena.– Hitzarmenaren jarraipena egingo duen batzorde bat sortuko da eta paritarioa izango da. Batzorde hori Euskal Autonomia Erkidegoko eta Kantabriako Transplanteen Koordinazio Taldeko kideek osatuko dute, kopuru berean.

Batzordeak bere kideen artean presidente bat aukeratuko du, bere jarduera-araudi propioa prestatutako du, eta honako funtzio hauek beteko ditu:

a) Profesional sanitarioekin aktiboki lankidetzan aritzea, organoak eta ehunak eskuratu eta transplantatzeko orduan parte hartzen duten zerbitzu eta unitate desberdinen arteko harremana erraztuz, eta dagozkien operatibo logistikoetan lagunduz.

b) Kontzientziazio sozialeko proiektu bateratuak egitea, pazienteen elkarteekin lankidetza bultzatuz eta profesional sanitarioen motibazioa eta bihotzeko eta biriketako transplantearen eremuan ikerketa sustatuz.

c) Eta, oro har, hitzarmenaren betetze egokia erraztea, sor litezkeen zalantzak argituz eta bere aplikazioa sustatuz.

Bederatzigarrena.– Hitzarmen hau sinatu eta hogeita hamar egunera jarriko da indarrean, eta bi urtetako hasierako iraupena izango du. Automatikoki aldi berdinetan luzatuko da, mugaeguna heldu baino gutxienez sei hilabeteko aurrerapenarekin alderdietako edozeinen salaketa idatziz bitarteko izan ezean.

Eta, aldez aurretik azaldutako guztiarekin ados daudela adierazteko, alderdiek dokumentu honen hiru ale sinatu dituzte, hasieran adierazitako tokian eta egunean.

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Osakidetza-Servicio vasco de salud Ente Publikoko presidentea,

GABRIEL MARÍA INCLÁN IRIBAR.

Kantabriako Osasun sailburua,

LUIS MARÍA TRUAN SILVA.


Azterketa dokumentala