Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

128. zk., 2008ko uztailaren 7a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
4120

EBAZPENA, 2008ko maiatzaren 29koa, Energia eta Meategien zuzendariarena; horren bidez, deuseztatu egiten da Instituto de Formación Profesional de Zumaia erakundearen inskripzioa industria-segurtasunaren arloan baimenduriko profesionalak prestatzeko onetsiriko erakunde gisa.

AURREKARIAK

1.– Industria eta Meategien zuzendariaren ebazpen bidez, 2006ko martxoaren 27an, Instituto de Formación Profesional de Zumaia behe-tentsioko argiketari-instalatzaileen espezialitatean baimenduriko profesionalak prestatzeko onetsitako erakunde gisa aritzeko baimendu zuten.

2.– Energia eta Meategien zuzendariaren 2007ko urriaren 8ko Ebazpenaren bidez, Instituto de Formación Profesional de Zumaia erakundeak industria-segurtasunaren arloan baimenduriko profesionalak prestatzeko onetsiriko erakunde gisa duen inskripzioa deuseztatzeko prozedurari hasiera ematea erabaki zen, eta 15 eguneko epea eman zitzaion interesdunari alegazioak aurkezteko.

3.– Epe hori amaitutakoan, interesdunak ez du bere onespena berritzeko eskaera egiaztatzen duen agiririk aurkeztu.

ZUZENBIDEKO OINARRIAK

1.– Energia eta Meategien zuzendaria da ebazpen hau emateko eskumena duen organoa, Industria, Merkataritza eta Turismo Sailaren egitura organiko eta funtzionala ezartzen duen urriaren 11ko 284/2005 Dekretuaren 10. artikuluan ezarritakoari jarraiki.

2.– Profesionalen txartelak lortzeko prozedura bateratzen duen eta instalazioak, mantentzeak eta Industria Segurtasunaren arloko beste jarduera batzuk egiten dituzten Baimenduriko Enpresetarako eskakizunak zehazten dituen maiatzaren 17ko 175/1994 Dekretuan ezarririkoaren arabera Instituto de Formación Profesional de Zumaia erakundea baimendu zutela kontuan hartuta, prestakuntza indibidualeko txartelak eta industria-segurtasuneko arloan baimenduriko enpresak arautzen dituen martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuak -175/1994 Dekretua indargabetuta- prestakuntza indibidualeko txartelen eta baimenduriko enpresen erregulazio-sistema berria ezartzen du, eta, beraz, baita bere V. kapituluan prestakuntzarako onartzen dituen erakundeen erregulazio-sistema berria ere.

3.– Ildo horretatik, martxoaren 14ko 63/2006 Dekretuaren hirugarren xedapen iragankorrak, indarrean jartzen den egunean, prestakuntza-ikastaroak emateko onetsiriko erakundeei urtebeteko epea ematen die onetsiriko erakundeak izateko baimena berri dezaten, aldez aurretik Dekretuan ezarririko betebeharrak eta baldintzak betetzen dituztela egiaztatuz.

4.– Hirugarren xedapen iragankor horren bigarren paragrafoan ezartzen denarekin bat etorriz, eta dekretua indarrean jartzen denetik urtebeteko epean baimena berritu ez duten erakundeei dagokienez, dagokion prozedura bideratu ondoren, erakunde horien inskripzioa deuseztatzeari ekingo zaio.

5.– Martxoaren 14ko 63/2006 Dekretu horren azken xedapenen arteko bigarrenean aurreikusirikoaren arabera, 2006ko ekainaren 1ean hasten zen indarrean Dekretua. Horrenbestez, baimenduriko profesionalak prestatzeko onetsiriko erakunde gisa aritzeko baimena berritzea eskatzeko gehieneko epea 2007ko ekainaren 1ean amaitzen zen. 2007ko urriaren 8ko Ebazpenaren bidez eginiko jakinarazpena gorabehera, gau arte Sail honetan Instituto de Formación Profesional de Zumaia erakundeak onetsiriko erakunde gisa aritzeko duen baimena berritzeko eskaerarik sartu ez dela kontuan hartuz, baimen hori deuseztatu egin behar da eta, horrenbestez, erakunde horrek baimenduriko profesionalak prestatzeko onetsiriko erakunde gisa duen inskripzioa ere bai.

Aipatu diren lege-xedapenak eta oro har aplikagarriak izan eta horiekin bat datozen gainerako arauak aztertuta, honako hau

EBATZI DUT:

1.– Instituto de Formación Profesional de Zumaia erakundeari industria-segurtasuneko arloan baimenduriko profesionalak prestatzeko onetsiriko erakunde gisa aritzeko emandako onespena baliogabetzea.

2.– Horrenbestez, industria-segurtasunaren arloan profesionalak prestatzeko Onetsiriko Erakundeen Erregistroan duen inskripzioa deuseztatzea.

3.– Ebazpen hau interesdunei jakinaraztea eta Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzea.

Ebazpen honek ez du administrazio-bidea amaitzen eta, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 107. artikuluari eta hurrengoei atxikiz, ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izango zaio Berrikuntza eta Energia sailburuordeari, eta horretarako epea hilabetekoa da ebazpen hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunetik zenbatzen hasita.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko maiatzaren 29a.

Energia eta Meategien zuzendaria,

TXABER LEZÁMIZ CONDE.


Azterketa dokumentala