Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

98. zk., 2008ko maiatzaren 26a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Xedapen Orokorrak

Ogasun eta Herri Administrazio Saila
3187

AGINDUA, 2008ko apirilaren 11koa, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuarena, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarrerak Ordainketa Pasabidearen bidez ordaintzea arautzen duena.

Azken urteetan, informazioaren teknologiak eta, bereziki, Internet direla medio, Herri Administrazioek herritarrekin harremanak izateko bide berriak antzeman dituzte, eta zerbitzu publikoak eskaintzerakoan orain arte ezezagunak ziren bitartekoak garatu ahal izan dituzte.

Herritarra da, inoiz baino gehiago, mugimendu honen onuradun nagusia; izan ere, herri-administrazioetara sartu eta eurekin harremanak izateko aukerak funtsean gehitu egin zaizkio.

Ordainketen eremuak mugimendu horren barruan jarraitzen du, eta egun, eraberritze-fase bat bizi du, aurrerapenak —teknologikoak eta merkatukoak— direla-eta. Ordainketa-modu berriak agertzen ari dira, diru, transferentzia edo txekeaz egindako ohiko ordainketez gain. Gehiengo batek onartzen du txartela ordainketak egin ahal izateko, eta horretaz gain, ohiko ordainketa-modalidate batzuk eraberritu egin dira, aurrerantzean Internet bidez erabili ahal izango baitira.

Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioak ordainketa-modalitateen alorrean zeukan arautegiak aldaketa bat behar zuen, hain zuzen ere, baliabide teknologikoen egungo berrikuntzetara egokitu ahal izateko. Prozesu hori Dirubilketa Erregelamenduren erreformarekin hasi zen; erreforma horrek ordainketa-modalitateetan txertatu zituen kreditu- eta zor-txartelak, eta horretaz gain, honako hau ezarri zuen: "Administrazioak baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen erabilera sustatuko du ordainketak egiteko, dekretu honen garapenean ezartzen diren eskakizun eta baldintzekin bat" (13.4 artikulua).

Agindu hau Dirubilketa Erregelamenduaren 13.4 artikuluan aurreikusitakoa garatzera dator: Administrazioak ordainketak egiteko baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiltzea sustatzeko betebeharra duenez, Agindu honen bidez, betebehar hori gauzatzeko sistema propio bat antolatuko da. Funtsean desberdina den aukera bat da, kreditu-erakundeetan ordainketa elektronikoak egiteko ahalmena aitortzen duena, hain zuzen ere, erakunde horiek eskaintzen duten edozein ordainketa-bide erabiliz.

Ordainketa Pasabideak eskaintzen dituen funtzionaltasunak aipagarriak dira, ordainketei segurtasuna ematen baitie: funtsean gutxitu egiten ditu Internet bidezko ordainketa batek dituen arriskuak, ordainketa egiteko kreditu-erakundeen web-zerbitzariekin konexio seguruak aurkitzen saiatzen baita; berme bereziak eskaintzen dizkio prozesuari, izan ere, kreditu-erakundeei zorraren identifikazio-datuak bidaltzerakoan, konfidentzialtasuna, egiazkotasuna eta osotasuna bermatzen ditu; ordainketak izan behar duen pribatutasuna bermatzen du, bankuko datuak sarean zehar ibiltzea ez baitu uzten, zuzenean kreditu-erakundearen ingurunera sartzea exijitzen duelako.

Ordainketa Pasabidea herritarrari ordainketa egiten lagunduko dion tresnatzat jotzen da. Administrazioaren eta herritarren eskubideen eta betebeharren arteko orekaren oinarrizko printzipioari erantzun nahi zaio; azken finean, betebeharrak borondatez hobeto betetzen lagunduko du. Eta hori lortzeko, urteko egun guztietan eta 24 orduz jarraian egongo da martxan.

Herritarrentzako ohikoenak diren bi ordainketa-modalitateak jaso dira: konturako zordunketa bidezko ordainketa eta txartel bidezko ordainketa. Lehenengo kasuan, baliabide elektronikoak, informatikoak eta telematikoak erabiltzen dituen ordainketa denez, kreditu-erakundeek euren bezeroentzako gaituta dituzten sistemak hartu behar dira kontuan. Horregatik, banka elektronikoa herritarren artera oraindik asko zabaldu gabe dagoela ikusita, mekanismo berri bat antolatu da —kreditu-erakundeekin elkarlanean—, banka elektronikoko zerbitzuek eskaintzen dituzten aukerak gehitzeko. Sistema horrek kreditu-erakunde kolaboratzaileen txartelak bezeroaren identifikatzaile moduan erabiltzen ditu, eta zorra bitarteko telematikoen bitartez ordaintzea ahalbidetzen du, txartelari dagokion kontura zordunketa eginda. Horrela, kreditu-erakunde kolaboratzaileen bezeroek, erakunde horretako kontu baten eta erakundeak emandako txartel baten titular badira, Internet bidez ordaindu ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiarekin dituzten zorrak.

Bigarren kasuan, Pasabideak kreditu-erakundeek emandako zor- eta kreditu-txartelen bidez ordaintzea ahalbidetzen du, eta horregatik, aukera hori ere araututa dago.

Agindu honetan ezartzen denaren arabera, Administrazioaren dirubilketa-organoetara bertaratu eta txartelaren bidez ere ordaindu ahal izango da, gerta baitaiteke herritarrak internetera sartzeko modurik ez izatea, edo ordainketa egin ahal izateko organo horren laguntza behar izatea. Egia esan, adierazitako ordainketa-modalitateak erabiltzea da hori (salbuespen bakarra banka elektronikoaren bidezko konturako zordunketa da); desberdintasun bakarra da dirubilketa-organoetan bertan zuzenean egingo dela ordainketa. Eta horrek berme partikularrak antolatzera behartzen du. Berme horiek honako hauetarako izango dira: lehenik, ordainketa-prozesuan parte har dezakeen kolektiboa baimen-sistema baten bidez kontrolatzeko; bigarrenik, ordaintzailearen eta kreditu-erakundearen arteko bitartekariak baimendutako eragiketak bakarrik egin ahal izateko; eta azkenik, txartelaren titularitatea eta ordaintzailearen identitatea egiaztatuz, ordainketa-prozesua kontrolatzeko.

Azkenik, kreditu-erakunde kolaboratzaileek baliabide elektroniko, informatiko eta telematikoen bidezko ordainketetan ematen dituzten egiaztagiriak arautzen ditu Aginduak. Dirubilketa Erregelamenduaren 17.3 artikuluak ordainketa-egiaztagirietan jaso beharreko inguruabarrak arautzen ditu. Bada, inguruabar horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, hain zuzen ere, zorra eta ordainketa identifikatzeko erabiliko direnak, eta bitarteko horien bidez emandako egiaztagiriei zorra kitatzeko beharrezkoa duten egiazkotasuna emango dienak.

Ondorioz, hauxe

XEDATU DUT:

1. artikulua.– Xedea.

Agindu honek Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarrerak Ordainketa Pasabidearen aplikazio informatikoaren bidez ordaintzea arautzen du.

2. artikula.– Ordainketa Pasabidea.

1.– Ordainketa Pasabidea EAEko Ogasun Nagusiaren zuzenbide publikoko sarrerak bitarteko elektroniko, informatiko eta telematikoak erabiliz ordaintzea ahalbidetzen duen aplikazio informatikoa da. Honako modalitate hauek ditu:

a) Kreditu-erakunde kolaboratzaileetan konturako zordunketaren bidez egindako ordainketa (5. artikulua), erakunde horien zerbitzu telematikoak erabilita.

b) Kreditu-erakundeek emandako kreditu- edo zor-txartelen bidez egindako ordainketa (6. artikulua).

Herritarrek, ordainketak egiteko, interneterako duten sarrera propioa edo Administrazioaren baliabide informatikoak erabili ahal izango dituzte, 7. artikuluan ezartzen denaren arabera.

2.– Hala dagokionean, Ordainketa Pasabideak sarreraren agiriak deskargatzen utziko dio interesdunari.

3.– Ordainketa Pasabiderako sarrera eskuragarri dauka herritarrak ondoko helbide elektronikoan: www.euskadi.net (Trámites on line/Mi pago on line edo izapideak on line/nire ordainketa on line).

3. artikulua.– Ordainketa Pasabidearen funtzionamendua.

1.– Ordainketa Pasabidea urteko egun guztietan egongo da martxan, 24 orduz jarraian. Baina dirubilketa-organoetara bertaratzea eskatzen duten ordainketa-modalitateen kasuan (7. artikulua), organo horiek jendaurrerako ezarrita daukaten ordutegiari jarraituko zaio.

Mantenimendu teknikoa edo operatiboa dela-eta, ordainketak eten egin ahal izango dira, eta behar beste denbora iraun dezake eten horrek. Aurrez iragarri behar da etena www.euskadi.net helbide elektronikoan, ahalik eta azkarren.

2.– Ordainketa Pasabideak kreditu-erakunde kolaboratzaileen web-zerbitzariekin konektatzea ahalbidetuko du bitarteko telematikoen bitartez, eta horrela, ordainketa egin ahal izango da. Horretaz gain, kreditu-erakundeei diru-sarreraren identifikazio-datuak bidaliko dizkie diru-sarrerak izango duen identifikazio kode bakarraren bitartez (laugarren artikuluan adierazi da kode hori); datu horiek bidaltzeko, konexio segurua eta egiazkotasun-, osotasun- eta kofidentzialtasun-bermea eskainiko du.

4. artikulua.– Diru-sarreraren identifikazio-kode bakarra.

Ordainketa Pasabidea erabiliz ordainketa egin ahal izateko, Administrazioak diru-sarrerari buruz emandako agiriek Diru-sarreraren Identifikazio Kode Bakarra eramango dute, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2008ko apirilaren 11ko Aginduan ezarritakoaren arabera. Agindu horrek EAEko Administrazioaren eta bere Erakunde Autonomoen zuzenbide publikoko diru-sarreren erregistro eta kobrantza automatikoa ezarri zuen, Administrazioaren Ordainketa eta Kobrantzen Sistema Integralaren bitartez.

5. artikulua.– Kreditu-erakunde kolaboratzaileetan konturako zordunketaren bidez egiten den ordainketa, erakunde horien zerbitzu telematikoak erabilita.

1.– Ordainketa Pasabideak herritarrak aukeratutako kreditu-erakunde kolaboratzailearen web zerbitzariarekiko konexio telematikoa ahalbidetuko du. Horrela, banka elektronikoaren zerbitzuetara sartu eta bere titulartasunekoa den kontuetakoren batean zordunketa egin ahal izango du, betiere, erakundeak ezarri dituen baldintzak betetzen baditu.

2.– Halaber, Ordainketa Pasabideak kreditu-erakunde kolaboratzaileen web-zerbitzariekiko konexio telematikoa ahalbidetuko du, hain zuzen ere, aukeratutako kreditu-erakunde kolaboratzaileak emandako txartelen baten bidez bezeroa identifikatu ostean, zerbitzura sartu eta txartelari lotutako kontuan zordunketa agintzeko.

3.– Konturako zordunketa eragiketa egiten den une berean egotziko da.

Kreditu-erakundeek horren berri eman behar diote ordaintzaileari, eta horretaz gain, konturako zordunketaren bidez egindako eskudiruzko ordainketa bat dela adierazi behar diote.

4.– Kreditu-erakunde kolaboratzaileek ezingo dute komisiorik jaso artikulu honetan ezarritakoaren ildotik egiten diren ordainketengatik.

6. artikulua.– Zor- edo kreditu-txartelen bidezko ordainketak.

1.– Ordainketa Pasabideak zor- edo kreditu-txartelen bidezko ordainketak ahalbidetuko ditu, betiere, Agindu honen 9. artikuluan ezarritako mugen barruan. Administrazioaren organoetara bertaratuta edo urrutitik egin ahal izango da ordainketa, betiere, baimena ematen duen kreditu-erakundeak txartelak onartzen baditu.

Agindu honen ondorioetarako, kreditu-erakunde baimen-emailea da berak luzatu ez dituen kreditu- edo zor-txartelen bidez emandako ordainketa-aginduen baimenak kudeatzen dituen kreditu-erakunde kolaboratzailea.

2.– Ordainketa Pasabideak kreditu-erakunde baimen-emailearen web-zerbitzariarekiko konexio telematikoa ahalbidetuko du, 3.2 artikuluan aurreikusitakoaren arabera.

Ordainketa egin nahi duen pertsonak, behin erakundearen zerbitzarian dagoelarik, transakzioa egiteko txartela onartu aurreko frogaketak egiteko beharrezkoak diren datuak eman beharko ditu.

3.– Eragiketa baimentzen bada, kreditu-erakunde baimen-emaileak ordainketaren egiaztagiria egingo du.

7. artikulua.– Administrazio-bulegoetan dirubilketa-organoen aurrean egiten den ordainketa.

1.– Herritarrek kreditu-erakunde kolaboratzaileek emandako txartel batzuk dirubilketa-organoen aurrean aurkeztu ahal izango dituzte. Txartel horiek identifikatzeko erabiliko dira, hain zuzen ere, Ordainketa Pasabidearen bidez dagokion kreditu-erakundearen zerbitzu telematikora sartu eta 5. artikuluan ezarritakoaren arabera (konturako zordunketa) ordainketa egin behar denean. Halaber, erakunde baimen-emaileak onartutako kreditu- eta zor-txartelekin ere egin ahal izango dira ordainketak, 6. artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Bulegoetara bertaratuta egingo den ordainketarako, hurrengo artikuluan adierazitako prozedura eta bermeei jarraituko zaie.

8. artikulua.– Administrazio-bulegoetan dirubilketa-organoen aurrean egiten den ordainketarako prozedura eta bermeak.

1.– Dirubilketa-organoen aurrean egingo den ordainketa ondoko prozedura honen araberakoa izango da:

a) Ordaindu beharreko zorra identifikatu, identifikazio-kode bakarraren bidez.

b) Txartelaren titularra identifikatu eta txartelaren iraunaldia egiaztatu; dirubilketa-organoko langileen zeregina izango da hori.

c) Kreditu-erakunde kolaboratzailearekiko konexio telematikoa, eta dirubilketa-organoko langileak ondoko hauetara sartzea: txartelari lotutako konturako zordunketa agintzeko egokitu den zerbitzu telematikora, baldin eta 5. artikuluaren araberako ordainketa bada; eta kreditu-erakunde baimen-emailearen web-zerbitzarira, 6. artikuluaren araberako ordainketa bada.

d) Txartelaren irakurketa magnetikoa, dirubilketa-organoko langileen eskutik, edo hori ezinezkoa balitz, txartelaren zenbakia eskuz sartu.

e) Kreditu-erakundearen baimena lortu.

f) Ordainketaren egiaztagiria egin. Bi ale egingo dira: bata herritarrari emango zaio, eta bestea, berriz, dirubilketa-organoak gordeko du, behin ordainketa egin duenak sinatu duenean.

2.– Ondoko bermeak izango ditu ordainketak:

a) Dirubilketa-organoko langileek bakarrik sartu ahal izango dute ordainketa-modalitate hauetarako erabiliko den Ordainketa Pasabidearen eremura, baldin eta behar bezala baimenduta badaude. Eremu horretara egindako sarrera bakoitzean gorde egingo dira erabiltzailearen identifikazioa, bai eta sarrera egin den eguna eta ordua ere. Erregistratutako datu horiek sei hilabetez gordeko dira.

b) Ordainketa 5. artikuluan ezarritakoaren arabera egiten bada, horretarako gaitutako erakunde kolaboratzailearen zerbitzu telematikoak txartelari lotutako konturako zordunketak egiteko aginduak bakarrik onartuko ditu, betiere, Administrazioaren aldekoak badira, eta ezingo da beste eragiketa edo kontsultarik egin.

c) Ordainketa kreditu- edo zor-txartelaren bidez egiten bada (6. artikulua), dirubilketa-organoko langileak eragiketarako baimena kudeatzera bakarrik sartuko dira erakunde baimen-emailearen zerbitzarira.

d) Txartelari lotutako banku-datuak kreditu-erakunde kolaboratzailearen zerbitzarian zuzenean sartuko dira, eta ez zaizkio administrazioaren sistema informatikoari jakinaraziko, ezta gordetzeko bakarrik bada ere.

e) Dirubilketa-organoko langileek ezin izango dituzte ikusi txartelari lotutako banku-datuak, eta ezingo dute egin aurrez identifikatutako sarreren ordainketa egiteko konturako zordunketa ez den beste eragiketarik.

9. artikulua.– Ordainketen mugak.

1.– Agindu hau aplikatuz egiten diren ordainketak kreditu-erakundeek eta euren bezeroek ezarritako baldintzen arabera egingo dira, batik bat, eragiketen zenbatekoaren mugari dagokionez.

2.– Dirubilketa Erregelamenduan ezarritakoaren arabera, kreditu- eta zor-txartelen bidez egindako ordainketek ezingo dituzte gainditu gaian eskumena duen Sailak ezarritako muga ekonomikoak.

10. artikulua.– Publikotasuna.

Kreditu-erakunde kolaboratzaileen eta onartutako kreditu- eta zor-txartelen zerrendak ikusgai egongo dira www.euskadi.net helbidean, bai eta dirubilketa-organoen bulegoetan ere, herritarrak ongi ikusteko leku batean.

Halaber, bitarteko berberak erabiliko dira ordainketak kreditu- eta zor-txartelen bidez egin behar direnean egongo diren diru-mugak zeintzuk diren adierazteko.

11. artikulua.– Kreditu-erakunde kolaboratzaileen betebeharrak.

1.– Behin ordainketa eginda, kreditu-erakunde kolaboratzaileek honela jardungo dute:

a) Erreferentzia Zenbaki Osoa (aurrerantzean EZO) sortu eta Ordainketa Pasabidera itzuliko dute (on-line). Zenbaki horren bidez, Administrazioak luzatutako sarrera-agiri bat horri dagokion ordainketarekin lotu ahal izango da. Eta kontuan izan behar da honakoa:

1) EZOa jasotzen duen egiaztagiriak izan behar du egiaztagiri hori eman duen kreditu-erakundean egindako diru-sarrera bati buruzkoa.

2) Dagokion Administrazioak egindako sarrera-agiriari buruzkoa izan behar du egiaztagiriak, ez beste agiri bati buruzkoa.

EZOaren osaera eta ezaugarri teknikoak Agindu honen I. eranskinean zehaztutakoak izango dira.

b) Ordainketaren egiaztagiria emango dute, hurrengo artikuluan ezarritakoaren arabera.

2.– Kreditu-erakundeak konturako zordunketa bidez ordaintzeko baimenik ematen ez badu, horren berri eman behar zaio izapideak egin dituen pertsonari, eta ez onartzearen arrazoiak zeintzuk diren adieraziko zaio. Kreditu-erakundeak Ordainketa Pasabideari ere jakinaraziko dio ukapen hori.

Administrazioa ez da izango konturako zordunketa egiteko agindua atzera botatzeko kreditu-erakundeak ematen dituen arrazoien erantzule, ez eta agindu horren onarpenarena ere.

12. artikulua.– Ordainketaren egiaztagiria.

1.– Behin Ordainketa Pasabidearen bidez ordainketa eginda, kreditu-erakunde kolaboratzaileek ordainketaren egiaztagiria egingo dute. Egiaztagiri horrek, gutxienez, ondoko datuak jaso beharko ditu:

a) Diru-sarreraren identifikazio-kode bakarra.

b) Diru-sarreraren zenbatekoa.

c) Diru-sarrera noiz egin den (eguna eta ordua).

d) Erakundearen kodea, eta, hala dagokionean, bulegoaren kodea.

e) EZOa.

f) Ondoko testua: "Egiaztagiri hau ordaindu izanari buruzko frogagiria da, eta gaurtik aurrera adierazitako zenbateko hori ordaintzeko obligazioa kentzen dio zordunari".

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Dirubilketa Erregelamenduaren 17. artikuluko 4. paragrafoan aurreikusitado ondorioetarako, diru-sarreraren identifikazio kode bakarra ordain-agirietan jasotzea nahikoa izango da zorduna eta zorra identifikatzeko.

13. artikulua.– EZOa sortu izanaren ondoriozko betebeharrak.

Behin EZOa sortuta, kreditu-erakunde kolaboratzaileek ondoko hauek egin behar dituzte:

a) EAEko Diruzaintza Nagusiaren sarreren kontu berezian ordainketa egin, Ogasun eta Herri Administrazio sailburuaren 2008ko apirilaren 11ko Aginduan ezarritakoaren arabera (2008ko otsailaren 29ko Agindua, EAEko Ogasun Nagusiaren dirubilketa-kudeaketarako lankidetza-zerbitzua arautzen duena).

Kreditu-erakunde kolaboratzailea, behin EZOa sortu ondoren, ordain-agirian ageri den zenbatekoa EAEko Ogasun Nagusiari ordaintzera behartuta dago, eta horrela, obligaziodunak ez dauka Ogasunari ordaindu beharrik.

b) Egindako diru-sarreraren itzulketa egin behar bada, bidegabeki jasotako diru-sarrerak itzultzeko eskabidea egin beharko zaio Admninistrazioari.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Lankidetza-hitzarmenak.

Agindu honen aplikazio-eremukoak ez diren EAEko Herri Administrazioek Ordainketa Pasabidearen bidez kobratu ahal izango dute, EAEko Administrazioarekin sinatutako hitzarmenari jarraiki.

Bigarrena.– Publikotasuna, euskadi.net atarian.

Ordainketa Pasabidearen bidez egingo diren sarreren kontzeptuak www.euskadi.net atarian argitaratuko dira.

AZKEN XEDAPENA

Lehenengoa.– Indarrean jartzea.

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunean jarriko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 11.

Ogasun eta Herri Administrazio sailburua,

IDOIA ZENARRUTZABEITIA BELDARRAIN.

I. ERANSKINA
ERREFERENTZIA ZENBAKI OSOA (EZO)

(Ikus .PDF)


Azterketa dokumentala