Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2008ko apirilaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila
1947

AGINDUA, 2008ko apirilaren 2koa, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuarena, Glasgow-eko Unibertsitatearen ikertzaile bisitarientzat diru-laguntza bat deitzen duena.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak eta Glasgow-eko Unibertsitateak hitzarmen bat izenpetu dute, ikertzaile bat Unibertsitate horretako Kultur Politika ikertzeko Zentroan (Centre for Cultural Policy Research) egon dadin laguntzeko.

Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-ek mundu mailako ikerketa enpiriko, teoriko eta analitikoak egitea du helburu, kultura, komunikazio eta komunikabide politikei buruzko eztabaida publiko bat sortzeko lagungarri izango direnak. Ikertzaile bisitari bat, Euskal Herriko gaietan espezialista, zentro horretan egotea oso lagungarri izango da Euskal Herria gero eta gehiago ezagutu dadin.

Ekainaren 27ko 8/2005 Dekretuak, lehendakariarenak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko departamentuak sortu, kendu eta aldatzen duenak eta departamentu horien egitekoak jardun-arloak zehazten dituenak (2005eko ekainaren 28ko EHAA), xedatutakoaren arabera,

Honako hau

EBATZI DUT:

1. artikulua.– Helburua.

1.– Agindu honen helburua da 2008-2009 ikasturtean, ikertzaile bisitariek Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en egingo dituzten egonaldiak finantzatzeko diru-laguntzak emateko, oinarriak finkatu eta prozedura arautzea.

2.– Ikertzaile bisitariak diziplina hauek landu ahal izango ditu, besteak beste: kultura, komunikazioa eta komunikabideak.

2. artikulua.– Iraupena.

Diru-laguntza bost hilabeteko bi alditarako (irailetik urtarrilera/otsailetik ekainera) izango da, izangaiek bost hilabeteko aldi bakarra aukeratu ahal izango duten arren. Azken kasu honetan gelditzen den denbora beste izangai batek hartuko du.

3. artikulua.– Onuradunen baldintzak.

Diru-laguntza hau lortzeko, pertsonek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Euskal Autonomia Erkidegoan gutxienez urtebete bizitzea, aurtengo urtarrilaren 1ean.

b) Zigor eta administrazioaren arloan diru-laguntza publikoak jasotzeko debekurik ez izatea, ezta laguntzak jasotzeko ezgaitzen dituen legezko debekuetan sartuta egotea ere, sexu-arrazoiengatiko diskriminazioak eragindakoak barne direla, otsailaren 18ko 4/2005 Legeak, Emakume eta Gizonen Arteko Berdintasunari buruzkoak, xedatutakoaren arabera.

c) Doktorearen gradua izatea.

d) Edonola ere, eskatzaileek ingelesa menperatu beharko dute, beren lana egin ahal izateko eta lehen egunetik unibertsitate-erkidegoarekin bizitzeko bezainbeste.

4. artikulua.– Eskabideak aurkeztea.

1.– Eskaera-inprimakia eta gainontzeko dokumentazioa aurkezteko epea hilabetekoa da, agindu hau EHAAn argitaratu eta hurrengo egunetik hasita.

2.– Diru-laguntza hau jaso nahi dutenek eskaera bat, inprimaki normalizatuan (eranskina), bidaliko diote Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeari, bi aletan, gainontzeko dokumentazioarekin batera:

a) Agindu honen 3.b) artikuluan adierazten diren baldintzak betetzen direla egiaztatzeko aitorpena.

b) Doktore-gradua izatearen egiaztagiria.

c) Erroldatze-egiaztagiria.

d) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

e) Curriculum akademiko eta zientifikoa, ingelesez idatzia.

f) Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-en garatu beharreko ikerketa-proiektua, Agindu honen 1. artikuluan aipatzen diren diziplinetako edozeinetan, ingelesez erredaktatua.

g) Eskatzailea unibertsitate-irakasle bada, ikastetxearen legezko ordezkariak emandako agiri bat erakutsiko du, laguntza hartzen duen aldian eskatzaileari kanpoan egoteko baimena ematen diona.

h) Ingelesaren ezagutza maila egiaztatzeko dokumentazioa.

i) Izangaiek hiru ikertzaile ospetsuren erreferentzia-gutunak izan beharko dituzte. Ikertzaile hauek haien irakaskuntza- eta ikerketa-lana ezagutu beharko dituzte. Gutun hauek Politika Zientifikoko Zuzendaritzari bidaliko zaizkio eta, ahal izanez gero, ingelesez idatziko dira.

Eskaera-inprimakia eta dokumentazioa helbide honetara bidaliko dira:

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila

Zientzia Politikarako Zuzendaritza

Erref. "Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research

Donostia kalea 1

01010 Vitoria-Gasteiz

Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 38.4 artikuluan xedatzen duen edozein modutan.

Deialdiaren testuak Internet-eko helbide honen bidez lortu ahal dira: http://www.hezkuntza.ejgv.euskadi.net/.

3.– Datu Pertsonalak Babesteko Lege Organikoak xedatutakoa betez, dirulaguntza-eskaera betetzeak interesatuak idazten dituen datuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren fitxategi informatizatuetara sartzeko baimena ematea dakar. Unibertsitate eta Ikerketa Sailburuordetzan (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz) erabili ahal dira sartzeko, zuzentzeko, ixteko eta oposizioa egiteko eskubideak.

5. artikulua.– Eskaeren akatsak zuzentzea.

Punturen batean xedapen honetan exijitutakoa betetzen ez duten eskaerak eta agiriak bidaliz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak 10 eguneko epean akatsak zuzendu edo derrigorrezko agiriak aurkezteko eskaera egingo die eskatzaileei eta, horrela jokatu ezean, haien eskaerari uko egiten diotela interpretatuko dela jakinaraziko die, urtarrilaren 13ko 4/1999 Legeak aldatzen duen Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeak 71.1 artikuluan xedatutakoaren arabera.

6. artikulua.– Diru-laguntza kudeatzen duen organoa.

Zientzia Politikarako Zuzendaritzari dagokio agindu honetan aurreikusten diren diru-laguntzak emateko behar diren kudeaketa-lanak egitea.

7. artikulua.– Aukeratze-Batzordea. Ikertzailea aukeratzeko irizpideak.

1.– Eskaerak aurkezteko eta akatsak zuzentzeko epea pasa ondoren, aukeratze-batzorde batek ebaluatuko ditu eskaerak eta aukeratuko du diru-laguntza esleituko zaion pertsona. Batzorde horrek kide hauek izango ditu:

a) Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea edo eskuordetzen duen pertsona. Batzordeburu gisa jardungo du.

b) Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-eko zuzendari akademikoa edo eskuordetzen duen pertsona. Kalitateko botoa izango du.

c) Bi aditu akademiko, gehienez ere, Glasgow-eko Unibertsitatekoa bata eta Euskal Autonomia Erkidegokoa bestea, akordio honen diziplina nabarmenetan esperientzia zabala izango dutenak, Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-eko zuzendariak eta Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordeak hurrenez hurren aukeratuak.

2.– Aukeratze-Batzordeak aurkeztutako eskaerak baloratuko ditu, bi fasetan eta ondorengo irizpideen arabera:

1.a Lehiaketa-fasea.

Curriculum akademiko eta zientifikoa: 10 puntu.

– Masterrak eta gradu-ondoko beste ikastaro batzuk egitea: 2 puntu.

– Ikerketa-esperientzia, taldeko zuzendaria edo ikerketa-talde edo talde profesional finkatuetan parte hartzea: 3 puntu.

– Liburu eta artikulu zientifikoak: 4 puntu.

– Ingeleseko argitalpenak: puntu 1.

Ikerketa-proiektua: 10 puntu.

– Interes zientifikoa, gaiak erkidego zientifikoan duen egoeraren arabera: 4 puntu.

– Haren emaitzek euskal gizartean duten eraginaren arabera.

– Euskal ikasketen konparatibismoa, Europako beste sistema edo erkidego zientifiko batzuekin harremanetan: 3 puntu.

Ikertzailearen prestutasuna: 5 puntu.

– Hamar hilabeteko egonaldia: 5 puntu.

2.a Lehiaketa-fasea.

Elkarrizketa bat egingo da eta ikerketaren memoria, ingelesez, azaldu beharko zaio Kalifikazio Epaimahaiari: 10 puntu.

1.– Aukeratze-batzordeak egin ahal izango ditu azaldutakoari edo diru-laguntzaren helburuari lotutako beste gai batzuei buruzko galderak. Aukeratze-batzordeak, gehienez ere, lehen bost izangaiak elkarrizketatuko ditu. Dena den, elkarrizketa egingo zaien izangaien kopurua ordena zehatzean zabaldu ahal izango da, lehen bost izangaietako baten bat elkarrizketara joaten ez bada.

2.– Eskatzaileen ebaluazioa bukatu ondoren, batzordeak onuradunak izendatuko ditu eta ordezkoen lehentasun-ordena erabakiko du, uko egiten den kasuetarako edo diru-laguntza jasotzeko eskubidea galtzen den beste egoera batzuetarako. Lehiaketaren bi faseen zenbaketa osoan puntuaziorik handiena lortzen duen pertsona izango da esleipenduna. Berdinketa izanez gero, elkarrizketaren fasean puntuazio handiagoa lortu duen pertsonari aukeratuko zaio.

3.– Esleipenduna ikasturte osoan egon ezean, puntuazio handiagoa lortu duen bigarren izangaiari egingo zaio diru-laguntzaren aldia osatzeko eskaintza, ikasturtea bete arte.

4.– Aukeratze-batzordeak ez du diru-laguntzarik emango, eskaerak ez baldin badaude edo izangaiek balorazio osoaren % 50 gainditzen ez badute. Halaber, egonaldi partzialetako aldietakoren bat hutsik gelditu ahal izango da.

8. artikulua.– Ebazpena eta esleipena.

1.– Aurreko artikuluan aurreikusitako aukeratze-prozesua gauzatu ondoren, Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordearen ebazpenaren bidez esleituko da diru-laguntza.

2.– Ebazpenak puntu hauek adieraziko ditu: ikertzaile onuradunaren edo onuradunen identitatea, egonaldiaren hasiera- eta bukaera-data, desglosatutako diru-laguntzaren hornikuntza, 9. artikuluan aurreikusitako kontzeptuen arabera eta, behar izanez gero, ordezkoen identitatea eta beren lehentasun-ordena.

3.– Hartutako ebazpena interesatuei berei jakinaraziko zaie, sei hilabeteko epean, deialdia argitara eman eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Horren kalterik gabe eta guztiek ezagutzeko, diru-laguntza jaso duten eta ordezkoak izateko aukeratutako pertsonen zerrendak emango dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara.

4.– Aipatutako ebazpenak ez dio administrazio-bideari amaierarik emango eta gorako helegitea jarri ahal izango zaio Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuari horren aurka.

5.– Diru-laguntza emateko erabakia ezarritako epean hartu edo jakinarazten ez bada, eskaerak atzera bota direla interpretatuko da. Kasu honetan, eta Administrazioak espresuki ebazteko duen eginbeharraren kalterik gabe, hiru hilabetekoa izango da gorako helegitea jartzeko epea, oinarri honen 1. atalean aurreikusitako epeak bukatu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita.

9. artikulua.– Diru-laguntzaren zenbatekoa.

36.880 eurokoa da 2008-2009 ikasturterako diru-laguntzaren zenbateko osoa baina proportzionalki murriztu ahal izango da, onuradunak bost hilabeteko egonaldi partziala aukeratzen badu. 36.880 euro horietatik, onuradunak 30.700 euro jasoko ditu zuzenean, jarraian adierazten den eran desglosatzen direnak:

– 26.500 euro, 2.650 euro hilabeteko, ikertzaile bisitariaren mantenurako hileroko zenbatekoak ordaintzeko.

– 4.200 euro, ikertzaile bisitariak mintegi bat antolatu eta garatzeko (egonaldi oso edo partzialetarako ordainduko da bakarrik kontzeptu hau).

Halaber, 6.180 euroko diru-laguntza emango da Centre for Cultural Policy Research-ek ematen duen laguntza material edo teknikorako (administrazio-laguntza, lan-espazio baten erabilpena). Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Glasgow-eko Unibertsitateari emango dio diru-laguntza hori, hitzartutako lankidetza-hitzarmenean xedatutakoaren arabera.

Halaber, onuradunak istripuetako eta erantzukizun zibileko aseguru bat izango du.

10. artikulua.– Diru-laguntza ordaintzea.

Diru-laguntza ordaintzeko, horrela jokatuko da:

a) Glasgow-eko Unibertsitateak, diru-laguntza honen ordainketa kudeatzeko laguntza ematen duen erakundeak, hitzartutako zenbatekoak ordainduko dizkio hilero ikertzaileari. Lehen hilerokoa Glasgow-era iristen denean ordainduko zaio.

b) Glasgow-eko Unibertsitateak mintegiak antolatzeak eragindako gastuak ordainduko dizkio ikertzaileari, aldez aurretik azalpen zehatza ikusi eta egiaztagiriak aurkeztu ondoren.

Onuradunari diru-laguntza ordaindu ahal izateko, bukatuta egon beharko du dirua itzultzeko edo zigortzeko tramitatzen ari den edozein prozedurak, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrak eta bere Organismo Autonomiadunek ematen dituzten diru-laguntzen prozesuaren barruan.

11. artikulua.– Bateraezintasuna.

Diru-laguntza hau bateraezina da helburu bererako ematen den beste edozein diru-laguntza jasotzearekin.

12. artikulua.– Onuradunaren betebeharrak:

a) Emandako diru-laguntza onartzea. Zentzu honetan, diru-laguntza eman dela jakinarazten den egunetik hamar eguneko epean onuradunak espresuki eta idatziz uko egin ezean, onartuta dagoela interpretatuko da. Diru-laguntza onartzeak Agindu honetan agertzen diren arauak onartzen direla esan nahiko du.

b) Diru-laguntza eman den helburu zehatzerako erabiltzea.

c) Kontrol Ekonomikoko Bulegoak eta Herri Kontuen Euskal Epaitegiak eskatzen dioten informazioa ematea, diru-laguntzen destinoa fiskalizatzeko egiten dituzten jardueren barruan.

d) Mintegi bat antolatzea, egiten duen ikerketari eta haren emaitzak liburu, artikulu zientifikoetan eta gainontzeko komunikabideetan hedatzeari buruzkoa. Mintegia derrigorrean egin beharko dute ikasturte osoan dauden edo bost hilabeteko egonaldia egiten duten ikertzaileek.

e) Glasgow-eko Unibertsitateak duen Visiting Fellow estatusari dagozkion jarduera arruntetan parte hartzea, baita ezagutza Euskal Autonomia Erkidegoan hedatzeko jardueretan ere, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren eskariz.

f) Egin duen ikerketari buruzko txosten bat bidaltzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailari eta Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-i, baita Glasgow-en eta Euskal Autonomia Erkidegoan parte hartu duen beste jarduerei buruzkoa ere.

g) Egindako gastuen azalpen zehatza eta jatorrizko egiaztagiriak Glasgow-eko Unibertsitateko Centre for Cultural Policy Research-i bidaltzea, artikulu honen d) atalean azaltzen den kasuan.

h) Indarreko antolamendu juridikoak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioaren Aurrekontu Orokorren kontura jasotzen diren diru-laguntzei buruz ezartzen dituen eginbeharrak eta, bereziki, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratua, diru-laguntza publikoen onuradunen betebeharrei buruzkoa, onartzen duenak, 50.2. artikuluan xedatzen duena.

13. artikulua.– Uko egitea.

Diru-laguntzaren onuradunak uko eginez gero, eskubide guztiak galduko ditu.

Uko egiteak gertatuz gero, Zientzia Politikarako Zuzendaritzak lehen ordezko izendatu ahal izango du ikertzaile, gelditzen den aldirako.

14. artikulua.– Ez betetzea.

Diru-laguntzaren pertsona onuradunak diru-laguntza emateko Agindu honetan eta gainontzeko araudietan ezarritako edozein baldintza bete ezean, ebazteko eskuduntzak dituen organoak hau erabakiko du: gelditzen diren zenbatekoak jasotzeko eskubidea galduko du eta derrigorrean itzuli beharko dizkio Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusiari jaso dituen zenbatekoak, baita legezko interesak ere, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen testu bateratua onartzen duenak, eta abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuak, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duenak eta kudeaketan parte hartzen duten erakunde laguntzaileen baldintzak erregimena eta betebeharrak ezartzen dituenak, xedatutakoaren arabera.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Lehenengoa.– Agindu honek prozeduraren arloan xedatzen duenari begira, azaroaren 26ko 30/1992 Legea, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearena, aplikatuko da.

Bigarrena.– Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Printzipio Antolatzaileen Legearen Testu Bateratuak, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartuak, VI. tituluan xedatutakoaren arabera arautuko dira Agindu honen diru-laguntzak.

AZKEN XEDAPENA

Agindu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitara eman eta hurrengo egunean hasiko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko apirilaren 2a.

Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburua,

JOSÉ ANTONIO CAMPOS GRANADOS.

ERANSKINA

IKERTZAILE BISITARIAREN BEKA CENTRE FOR CULTURAL POLICY RESEARCH.
GLASGOWEKO UNIBERTSITATEA. 2008-2009 IKASTURTEA.

1.– Eskatzailearen datuak.

NAN 	Lehen abizena		

Bigarren abizena	Izena		

Jaiotze-data	Titulazio akademikoa		

	Helbide postala (kalea, zk., pisua)		

	PK		Herria

Telefonoa.	Email-a		Faxa

2.– Proposatutako ikerketa-gaia.

Ikerketa-lanaren izena:

Diziplina:

Egonaldiaren lehentasuna (X batez markatu)

	5 hilabete	 n 	10 hilabete	 n 	

Ondorio hauetarako, deialdi honetan ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela eta diru-laguntzaren onuradunari ezarritako eginbehar guztiak, deialdi honen 12. artikuluan agertzen direnak, betetzea onartzen duela aitortzen du, haren ardurapean.

Vitoria-Gasteiz, 2008ko …....................…(a)ren……..a.
Izpta.:

UNIBERTSITATE ETA IKERKETA SAILBURUORDE ANDREA.


Azterketa dokumentala