Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

64. zk., 2008ko apirilaren 4a, ostirala


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

Bestelako Xedapenak

Herrizaingo Saila
1944

EBAZPENA, 2008ko otsailaren 22koa, Trafiko zuzendariarena, Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko gune jakin batzuetan telebista-zirkuitu itxiko kamerak jartzea eta erabiltzea erabakitzeko dena.

Euskal Autonomia Erkidegoko Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistema arautzen duen eta Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroa sortzen duen maiatzaren 22ko 87/2001 Dekretuan hiriarteko trafikoa kudeatzeko sistema bat ezarri zen, Europa barneko sarera bil daitekeena; sistema honek ahalbidetzen du, batetik, bide-sarea denbora errealean monitorizatzea, eta bestetik, hiriarteko bideetako zirkulazioa erregulatzeko, kontrolatzeko edo orientatzeko erabaki eta neurriak hartzea, trafiko gertaerengatiko pilaketak saihestea, segurtasuna handitzea eta bidaiari eta merkantziak babestea.

Dekretu horrek honela definitzen du Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistema: "Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko bide-segurtasunaren, ibilgailuen zirkulazioaren eta hiriarteko trafikoaren gaineko diziplina, kontrola, informazioa, orientazioa eta erregulazioa egitearren, jarduerak, estrategiak, egitasmoak, prozedurak, mekanismoak, instalazioak, bitartekoak eta baliabideak batera biltzen dituen sistema".

Euskal Autonomia Erkidegoko Hiriarteko Trafikoa Kudeatzeko Sistemaren osagaiak dekretu horren eranskinean definitzen dira. Horietariko bat, 1.1.b atalean definitutakoa, telebista-zirkuitu itxiaren bidezko monitorizazio-sistema da, hots, "telebista-zirkuitu itxien instalazioak, zeinekin, bide-sarean paratutako telebista-kameren bitartez, irudiak igortzen baitira Trafikoa Kudeatzeko Zentrora, non monitoreen eta irudiak grabatzeko sistemen bitartez bistaratzen diren". Trafikoa Kudeatu eta Kontrolatzeko Sistema Informatikoaren bidez (eranskineko 1.2 atala), "monitorizazio- eta sentsorizazio-sistematiko eta beste informazio-iturri batzuetatiko informazioak bildu, prozesatu eta tratatu" ahal dira, besteak beste.

Bestalde, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan

bideo-kamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzen duen uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarrian, trafikoaren eta bide-segurtasunaren zainketarako, kontrolerako eta diziplinarako bideokamerak erabiltzen direnean aplikatu beharreko erregimena ezartzen da (abuztuaren 4ko 4/1997 Lege Organikoaz arautu zen hori). Xedapen gehigarri horretan, Eusko Jaurlaritzako Trafiko zuzendariari eskumena ematen zaio Euskal Autonomia Erkidegoko bide publikoetan trafikoa arautzeko bideokamerak instalatzea eta erabiltzea baimendu dezan, trafikoa arautzea udalen esku ez dagoen kasuetan. Horrez gainera, tresna horien erabilera eta instalazioa "egokitasunaren" eta "gutxieneko esku-hartzearen" printzipioen menpe jartzen ditu.

Euskal Autonomia Erkidegoko bide-sareko gune batzuetan jarrita eta martxan daude telebista-zirkuitu itxiko kamerak, erkidego honetako trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko. Kamerak zertarako jarri ziren kontuan hartuta, eraginkorrak direla ikusi da. Horregatik, egokitzat jo da kamera gehiago jartzea aurrez jarrita daudenak osatzeko eta trafikoa hobeto kudeatu ahal izateko edo trafikoa kudeatzeko sistemaren funtzio osagarrietan laguntzeko, hala nola, seinaleztapen aldakorreko pantailen bidez igortzen diren mezuak egiaztatzeko lanetan; erabilera horien funtzio nagusiak trafikoa kontrolatu, zaindu eta arautzea dira.

Adierazitakoari jarraiki eta maiatzaren 14ko 108/1996 Dekretuaren 11. artikuluaren eta uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriaren 2. paragrafoaren arabera ditudan eskumenak erabiliz, hau

EBATZI DUT:

Lehenengoa.– Eranskinean adierazten diren bide eta kilometro-puntuetan bideokamerak instalatzeko eta erabiltzeko agintzea, trafikoaren kontrol, erregulazio, zaintza eta diziplinarako irudiak hartzeko eta erreproduzitzeko.

Bigarrena.– Kamerek hartutako irudietatik bide segurtasunaren arloko arau-hauste administratiboren bat egin dela ondorioztatzen bada, irudiak –grabaketak non jaso diren kontuan hartuta- dagokion trafikoko lurralde-bulegora bidaliko dira, dagokion zehapen-prozedura izapidetu dezaten.

Irudietatik zigor-arloko arau-haustea egon dela ondorioztatzen bada, orduan, eskumena duen epaitegira bidaliko dira hartutako irudiak.

Hirugarrena.– Hartutako irudiak zaindu eta artatzea eta, halaber, irudiak eskuratu eta baliogabetzeko eskubideei buruz ebaztea, Euskadiko Trafikoa Kudeatzeko Zentroaren arduradunari dagozkio.

Irudiak hartu eta gehienez ere hilabetera, deuseztatu egingo dira, salbu eta trafikoaren eta bide-segurtasunaren arloko arau-hauste penal edo administratiboekin, polizia egiten ari den ikerketaren batekin edo burutu gabe dagoen prozedura judizial nahiz administratiboren batekin zerikusia dutenean.

Laugarrena.– Eraginpekoek irudiak eskuratzeko eta baliogabetzeko eskubideen erabilerari dagokionez, uztailaren 21eko 168/1998 Dekretuaren 15. artikuluan xedatutakoa beteko da (168/1998 Dekretua, Euskal Herriko Poliziak toki publikoetan bideo-kamerak erabiltzeko baimenen eta haien erabileraren erregimena garatzekoa).

Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 22a.

Trafiko zuzendaria,

ANDONI ARRIOLA GARRIDO.

ERANSKINA/ANEXO

Arabako Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Instalaciones ubicadas en el Territorio Histórico de Álava

Errepidea	Kilometro-puntua	Tokia	Noranzkoa	

Vía	Punto kilométrico	Ubicación	Sentido	

N-1	341,5	Langraiz	Irun	

N-1	341,5	Nanclares	Irun	

N-1	341,5	Langraiz	Madril	

N-1	341,5	Nanclares	Madrid

N-1	350,0	Lopidana	Madril	

N-1	350,0	Lopidana	Madrid

N-1	352,0	Abetxuko	Irun	

N-1	352,0	Abetxuko	Irun

N-1	366,5	Argomaniz (Ola Ona) 	Irun	

N-1	366,5	Argomaniz (Ola Ona) 	Irun

N-1	391,0	Egino 	Madril	

N-1	391,0	Eguino 	Madrid

N-622	20,0	Sarria 	Vitoria-Gasteiz	

N-622	20,0	Sarria 	Vitoria-Gasteiz

Bizkaiko Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Instalaciones ubicadas en el Territorio Histórico de Bizkaia

Errepidea	Kilometro-puntua	Tokia	Noranzkoa	

Vía	Punto kilométrico	Ubicación	Sentido

A-8	91,0	Iurreta	Bilbao	

A-8	91,0	Iurreta	Bilbao

A-8	91,0	Iurreta	Irun	

A-8	91,0	Iurreta	Irun

A-8	96,0	Montorra	Bilbao	

A-8	96,0	Montorra	Bilbao

A-8	106,6	El Gallo,	Irun	

A-8	106,6	El Gallo	Irun

A-8	107,4	Galdakao	A-8an sartzeko biribilgunea	

A-8	107,4	Galdakao	Rotonda acceso a A-8

AP-68	7,3	Arrigorriaga	Bilbao	

AP-68	7,3	Arrigorriaga	Bilbao

Corredor Kadagua	4,4	Alonsotegi	Bilbao	

Corredor Kadagua	4,4	Alonsotegi	Bilbao

Gipuzkoako Lurralde Historikoan kokatuta dauden instalazioak

Instalaciones ubicadas en el Territorio Histórico de Gipuzkoa

Errepidea	Kilometro-puntua	Tokia	Noranzkoa	

Vía	Punto kilométrico	Ubicación	Sentido	

N-1	405,8	Etxegarateko mendatea	Irun	

N-1	405,8	Puerto de Etxegarate	Irun

N-1	416,5	Olaberria	Irun	

N-1	416,5	Olaberria	Irun

N-1	416,5	Olaberria	Vitoria-Gasteiz	

N-1	416,5	Olaberria	Vitoria-Gasteiz

N-1	421,0	Ordizia	Irun	

N-1	421,0	Ordizia	Irun

N-1	421,0	Ordizia	Vitoria-Gasteiz	

N-1	421,0	Ordizia	Vitoria-Gasteiz

N-1	440,5	Irura	Irun	

N-1	440,5	Irura	Irun

N-1	440,5	Irura	Vitoria-Gasteiz	

N-1	440,5	Irura	Vitoria-Gasteiz


Azterketa dokumentala