
47. zk., 2008ko martxoaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Bestelako Xedapenak
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Saila
1404
AGINDUA, 2008ko otsailaren 14koa, Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuarena, seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzen aurrekontu-zuzkidura jakinarazteko dena.
Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko I. Planean (2001-2005) bildutako seme-alabak dituzten familiei laguntzeko laguntza eta neurriei jarraipena emateko, indartzeko eta zabaltzeko, 2006ko irailaren 26an Seme-alabak dituzten Familiei Laguntzeko Erakunde Arteko II. Plana (2006-2010) onartu zen Jaurlaritzaren Kontseiluaren Erabakiaren bitartez. II. Plan horren helburu nagusia: familiak babestu eta laguntzeko sistema integralaren garapenean aurrera egitea, I. Planean hasitakoaren ildotik.
Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren bidez (2006ko abenduaren 27ko EHAA, 245. zenbakia), aipatutako planean aurreikusten diren laguntzak ezarri ziren, familia eta familia-egoera guztiak ekitate handiagoz tratatuz.
Bestalde, Seme-alabak dituzten familientzako laguntzak arautzen dituen uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuko 6. artikuluak (maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuak aldatu zuen dekretu hori) xedatzen duenez, eskabideak hiru hilabeteko epean aurkeztu behar dira, jaiotza gertatzen denetik edo adopzioa gauzatzen denetik zenbatzen hasita. Hori dela-eta, 2006. urtean izandako gertakariengatik 2007. urtean aurkeztutako eskabideei aurreko araudia aplikatuko zaie, dagozkion kopuruak kobratu arte.
Administrazio publikoaren diru-laguntzak banatzerakoan jarraitu beharrekoa den publizitate-printzipioa bermatzeko, abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan aurreikusten da sail honek urtero emango duela, sailburuaren agindu baten bidez, dekretu honetan aurreikusten diren laguntzak finantzatzeko dagokion aurrekontu-zuzkiduraren berri edo, hala badagokio, horren eguneratzearen berri.
Horri dagokionez, beharrezkoa da agindua EHAAn argitaratzea, Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategineko 49.2 artikuluan agindutakoaren arabera —azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuak onartu zuen lege hori—. Izan ere, testu horrek dio Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu beharko direla jarraitu beharreko arauak, laguntzen eta diru-laguntzen deialdiak eta, hala behar denean, laguntzak emateko proposamena egingo duen organoaren osaera; halaber, interesdunentzat garrantzitsuak diren egintzak ere argitaratuko dira, baldin eta modu orokorrean eragiten badiete.
Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrak 2008ko ekitaldirako onartu ondoren, agindu hau EHAAn argitaratzen da, onuradun izan daitezkeenek diru-laguntzen programen berri izango dutela bermatzeko.
Beraz, azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren 49.2 artikuluan eta abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuaren 27.4 artikuluan agindutakoari jarraituz, honako hau
EBATZI DUT:
Artikulu bakarra.– 1.– Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzak arautzen dituen abenduaren 19ko 255/2006 Dekretuko 1. artikuluan aurreikusten diren diru-laguntzetarako 23.502.800 euro erabiliko dira gehienez.
2.– 109/2006 Dekretuak aldatutako 176/2002 Dekretuaren esparruan diru-laguntzak jaso ditzaketen egoeretarako 1.996.300 euro erabiliko dira gehienez. Horietatik, 1.088.900 euro 2008. urteko ordainketa-kredituetakoak izango dira eta 536.400 euro 2009. urteko konpromiso-kredituetakoak, 89.000 euro 2010. urterako, 80.000 euro 2011. urterako, 70.000 euro 2012. urterako, 60.000 euro 2013. urterako, 48.000 euro 2014. urterako eta 24.000 euro 2015. urterako.
XEDAPEN GEHIGARRIAK
Lehenengoa.– Uztailaren 16ko 176/2002 Dekretuaren 12.1 artikuluarekin eta maiatzaren 30eko 109/2006 Dekretuaren 13.1 artikuluarekin bat etorriz hasierako aurrekontu-zuzkidura eguneratuz gero (laguntzak eman aurretik egin behar dira eguneratzeak), horren berri eman beharko da Gizarteratze eta Familia sailburuordearen ebazpen baten bidez.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Agindu honek administrazio-bidea amaitzen du. Bere aurka aukerako berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu diezaiokete interesdunek Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuari, agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean; edo, bestela, zuzenean administrazioarekiko auzi-errekurtsoa ezarri dezakete Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzietako Salan, agindua EHAAn argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita bi hilabeteko epean.
Bigarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunetik hasita izango ditu ondorioak agindu honek.
Vitoria-Gasteiz, 2008ko otsailaren 14a.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburua,
JOSEBA AZKARRAGA RODERO.
RSS