
47. zk., 2008ko martxoaren 6a, osteguna
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Agintariak eta Langileria
Osasun Saila
1397
259/2008 EBAZPENA, urtarrilaren 23koa, Gipuzkoa Mendebaldeko Osasun Eskualdeko zuzendari gerentearena, Gipuzkoa Mendebaldeko Osasun Eskualdean Lehen Mailako Atentzioko unitateburuak izendatzeko deialdi publikoa onartzen duena.
Uztailaren 23ko 195/1996 Dekretuaren bidez, Lehen Mailako Atentziorako Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuari atxikitako baliabideen antolamendu-egitura onartu zen.
Aipaturiko dekretu horren 7. artikuluan eta hurrengoetan ezartzen denez, Lehen Mailako Atentzioko unitateburuak deialdi publiko bidez izendatuko dira, lehiatzaileen merezimenduak eta gaitasuna balioetsi ondoren. Hori dela eta, prozedura horretarako, Euskadiko Antolamendu Sanitarioaren ekainaren 26ko 8/1997 Legearen 28. artikuluaren hirugarren arauan bildutako xedapenak aplikatuko dira.
Horregatik guztiagatik, eta ekainaren 26ko 8/1997 Legeak eta azaroaren 11ko 255/1997 Dekretuak ematen didaten ahalmenaz baliaturik, hau
EBATZI DUT:
Gipuzkoa Mendebaldeko Osasun Eskualdean Lehen Mailako Atentzioko unitateburuak izendatzeko deialdia onartzea (Gipuzkoako Osasun Barrutia). Hona hemen
DEIALDIAREN OINARRIAK
1.– Arau orokorrak.
1.1.– Enpleguaren baldintzak.
Deialdi honen bidez izendatutako langileek Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko lan-baldintzak arautzen dituen erabakiaren arabera lan egingo dute eta destinotzat izango duten osasun erakundeko enplegu-baldintzen menpe jardungo dute. Eginkizun horietan diharduten bitartean, osagarri berezi bat jasoko dute erantzukizunagatik, hain zuzen ere, 3/1987 Errege Lege Dekretuak araututako berariazko osagarriaren barruan egongo dena (osagarri bereziaren zenbatekoa eta ezaugarriak uztailaren 23ko 195/1996 Dekretuaren I. eranskinean daude zehazturik).
1.2.– Deialdiaren helburu nagusia:
Gipuzkoa Mendebaldeko Osasun Eskualdeko Lehen Mailako Atentzioko unitateburutzei dagokie deialdi hau. Ebazpen honen eranskinean adierazten dira unitate horiek.
2.– Hautagaien betekizunak.
2.1.– Ebazpen honetan arautzen den prozesuan parte hartzeko, hautagaiek beteta eduki beharko dituzte betekizunak eskabideak aurkezteko epearen azken egunean —3.2. oinarrian zehaztutakoan—, eta ebazpena eman arte eutsi beharko diete.
2.2.– Betekizunak.
a) Eskatutako burutzei dagokien Lehen Mailako Atentzioko Osasun Eskualdeari atxikita egotea; bai estatutupeko langile gisa —izendapena jabetzan duela—, bai karrerako funtzionario gisa, bai lan-kontratu mugagabe bat izanik.
b) Aipatutako osasun-eskualdean jarduneko zerbitzuan egotea edo lanpostua gorderik izatea.
c) Lehen Mailako Atentzioko unitateburu izateko, lehentasunezko betekizuna izango da Medikuntza eta Kirurgiako lizentziatu tituluaren jabe izatea. Nolanahi ere, hautagaiek profil sanitarioa duen unibertsitate-titulu baten jabe izan behar dute, eta lanbidean gaitasun eta esperientzia aitortua eduki. Tituluek Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak emandakoak izan behar dute edo, bestela, tituluak jasotzeko eskubideak ordainduta eduki beharko dira. Aipatu tituluak Europar Batasuneko beste estatu batek emandakoak badira, hauekin batera, Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak tituluok onartzen dituela erakusten duen agindua aurkeztu beharko dute hautagaiek.
3.– Eskabideak.
3.1.– Aurkezteko modua eta tokia: eskabideak Osasun Eskualdeko zuzendari gerenteari bidali beharko zaizkio, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak ezarritako edozein bide erabiliz edo ondoren adieraziko den egoitzako erregistroetan aurkeztuz:
Gipuzkoa Mendebaldeko Eskualdea (Ntra. Sra. de Izaskun Anbulatorioa, Gernika pasealekua z/g, 20400 Tolosa – Gipuzkoa).
3.2.– Epea: hautagaiek 15 (hamabost) eguneko epea izango dute, ebazpen hau argitaratzen den egunetik hasita, eskabidea ebazpen honetan xedatzen den bezala aurkezteko.
3.3.– Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak.
a) Alegatutako merezimenduen egiaztagiriak.
Interesdunek epe eta era egokian aurkeztu dituzten agirietan oinarrituta hartuko ditu erabakiak epaimahaiak. Orobat, hautagaiei zeinahi argibide eska diezaieke aurkeztutako agirien gainean.
4.– Lehiaketa nola egingo den:
Lehiaketak bi fase izango ditu: ariketa praktikoa eta merezimenduen balorazioa. Epaimahaiak hautagaiei dei egingo die ariketa praktikoa egitera etor daitezen.
5.– Eginkizunak esleitzeko ebazpena.
Izendatuko den langileen funtzioak esleitzeko ebazpen-proposamena igorriko dio epaimahaiburuak osasun eskualdeko zuzendari gerenteari, honek onar dezan. Zuzendariak proposamena onartuz gero, loteslea izango da.
Uztailaren 23ko 195/1996 Dekretuaren 8. eta 9. artikuluetan xedatzen denez, izendatutako langileek eginkizun bikoitza izango dute, asistentziala eta kudeaketakoa, eta Osasun Eskualdeko zuzendari gerentearen menpe egongo dira zuzenean. Euren kategoriako lanpostuaren jabetzari eutsiko diote, hala lehen mailako atentzioko unitate-buru izan bitartean nola izateari uzten diotenean, eta nork bere kategoriako lanpostuaren oinarrizko eginkizunak betetzen jarraitu beharko du.
Esleipen honek ez dakar, inola ere, Lehen Mailako Atentzioko unitateburuaren funtzioak edo ordainsariak berariazko lanpostu gisa finkatzerik.
Osasun Eskualdeko zuzendari gerenteak bere kabuz ebatzi ahal izango du aipatutako eginkizunen esleipena etetea.
6.– Epaimahaia.
6.1.– Izendapena.
Epaimahai bat izendatuko da Gipuzkoa Mendebaldeko Osasun Eskualdeko unitateburutzei dagozkien funtzioak esleitzeko —deialdi honen bidez eskainitakoak—.
6.2.– Osaera.
Deialdi honetako prozedura epaituko duen epaimahaia 7 kidek osatuko dute.
Hautagaiei eskatzen zaien titulazioaren maila bera edo goragokoa eduki behar dute epaimahaikide guztiek.
Epaimahaiko burua kasuan kasuko osasun-eskualdeko lehen mailako atentzioko gerentea izango da, edo, ez balego, Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko beste osasun-eskualde bateko gerentea.
Honakoak izango dira bokalak:
– Kasuan kasuko eskualdeko zuzendaritza-taldeko kide bi, edo, horrelakorik ez badago, beste osasun-eskualde bateko zuzendaritza-taldekoak.
– Eskualdeko Kontseilu Teknikoko kide bat.
– Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritza/Lehen Mailako Atentzioko Zuzendariordetzako ordezkari bat.
– Langileen ordezkari bat.
Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuan eginkizun administratiboak dituzten eta goi-mailako titulazioa duten langile finkoen artean aukeratuko da idazkaria, eta ez du botorik izango hautagaiak kalifikatzeko gaietan.
Erabakiak botoen gehiengoz hartuko dira. Berdinketarik egonez gero, epaimahaiburuaren kalitatezko botoak ebatziko du.
7.– Publizitatea.
Deialdi hau EHAAn argitaratuko da.
Prozedura hau garatzeko hartzen diren ebazpenak ere EHAAn argitaratuko dira.
8.– Errekurtsoak.
Ebazpen honen aurka eta berau garatzeko hartzen diren behin betiko ebazpenen aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkez dakioke Osakidetza-Euskal Osasun Zerbitzuko zuzendari nagusiari, hilabeteko epean, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta biharamunetik aurrera. Hala agintzen da urtarrilaren 13ko 4/1999 Legean (lege horrek azaroaren 26ko 30/1992 Legea aldatu zuen, Herri Administrazioen Araubide Juridiko eta Administrazio Prozedura Erkidearena).
Tolosa, 2008ko urtarrilaren 23a.
Gipuzkoako Mendebaldea Eskualdeko
zuzendari gerentea,
IÑAKI ARRATIBEL ARRONDO.
ERANSKINA/ANEXO
GIPUZKOA MENDEBALA OSASUN ESKUALDEAN DEITUTAKO LEHEN MAILAKO ATENTZIOKO UNITATEBURUEN LANPOSTUAK
PLAZAS DE JEFES DE UNIDADES DE ATENCIÓN PRIMARIA CONVOCADAS EN LA COMARCA GIPUZKOA OESTE
Gipuzkoa Mendebala Osasun Eskualdea	Lanpostuak
Comarca Gipuzkoa Oeste	N.º de plazas
Villabona	1
Lazkao	1
Arrasate/Mondragón	1
Azpeitia	1
Leintz Bailara / Valle de Leniz	1
Lanpostuak guztira / Total plazas	5
RSS