
41. zk., 2008ko otsailaren 27a, asteazkena
- Bestelako formatuak:
- Testu elebiduna
Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da
Xedapen Orokorrak
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Saila
1190
31/2008 DEKRETUA, otsailaren 19koa, Garapenerako Lankidetzaren kargurako ekintza humanitarioentzako laguntzak arautzen dituena.
Garapenerako lankidetzari buruzko otsailaren 22ko 1/2007 Legeak 21. eta 22. artikuluak ekintza humanitariora eta larrialdietako laguntzara bideratzen ditu, hurrenez hurren, herrialde pobretuekiko euskal lankidetzaren tresnen artean esku-hartze forma horiek sendotuta.
Eusko Jaurlaritzak ekintza humanitarioaren alorreko esku-hartzeak finantzatu ditu nazioarteko elkartasun politikarekin hasi zenez geroztik. Hala eta guztiz ere, ekintza humanitarioak garapen txikia izan du euskal lankidetza publikoaren beste arlo batzuekin alderatuta, batez ere garapenerako lankidetzarekin eta hezkuntzarekin alderatuta. Ildo horretan, beharrezko urratsak egin behar dira Euskadin sektore humanitarioan oraindik ere dauden gabeziak gainditzeko, eta gai horretan gertatu diren aurrerapen kontzeptual eta metodologikoak ezartzeko.
Hondamendiak, edota krisialdi humanitarioak, desegituratze sozial eta ekonomikoko prozesuak dira, eta elikagaien eta sanitatearen baldintzetan kalte handia eragiten dute, baita heriotza-tasa handitu ere. Ezbehar naturalek edo gatazka armatuek eragiten dituzte hondamendi horiek, baina azken batean, horien intentsitatea biztanleen urrakortasun mailak ezartzen du. Ikuspegi eguneratuenen ustez krisialdi humanitarioak, edo hondamendiak, ez dira garapen-prozesuaren etendura anomalo eta puntual bat; aitzitik, normalki garapen-eredu baten porrota islatzen dute, biztanle gehienen urrakortasun handia izanik ezaugarririk garrantzitsuena. Ikuspegi hori bereziki egiazkoa da Larrialdi Politiko Konplexuen kasuan, izaera sistemikoko krisialdi humanitario larrietan, haien egitura ekonomiko eta estatalen porrotaldia eta gerra zibila ezaugarri nagusiak izanik. Horietan, biztanleak gatazka armatuaren ohiko helburu bilakatu dira, eta horrek suntsipen- eta heriotza-tasa handiak ekartzen ditu, baita giza eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa sistematikoki urratzea ere.
Azken batean, ekintza humanitarioak gaur egun aurrez aurre dituen eszenatoki ohikoenak eta larrienak indarkeria armatuko testuinguruak dira, eta horrek erronka kontzeptual eta operatibo berriak sortzen ditu, besteak beste printzipio humanitarioak babestea eta ekintza humanitarioa bakea eraikitzeko tresna baliagarri gisa erabiltzea.
Hala eta guztiz ere, era berean kontuan izan behar da hondamendiek eraginpean hartutako pertsonek ez dutela jarrera pasiboa hartzen, eta hondamendiei aurre egiteko hainbat estrategia erabiltzen dituztela, horretarako norbere ahalmenak erabiliz (baliabide materialak, sare sozialak edo ezagutzak). Hori dela medio, ekintza humanitarioak ez du soilik berehalako premien arintze puntuala izan behar, izan ere, etorkizuneko garapen baterako oinarriak ezartzen lagundu behar du, urrakortasunak gutxituz eta tokiko ahalmenak handituz, biztanleek hondamendiei aurre egiteko estrategiak eta instituzioen erantzuteko mekanismoak indartzeko bide bezala. Ildo horretan, ekintza humanitarioaren eta garapenerako lankidetzaren artean lotura-ikuspegi bat hartu beharko litzateke, jardun-esparru integral eta iraunkor batean gauzatuz, eta bertan askotariko esku-hartzeak aldi berean konbinatuz: epe laburreko ekintza komunitariokoa, epe erdirako birgaitzerakoa, eta epe luzerako garapenerakoa.
Eusko lankidetzaren praktikari dagokionez, orain arte alor horretako jardun gehienak erreakzio izaerako eta noizean behinkako larrialdietarako laguntzetan oinarritu dira, eta esku-hartze osatuagoak eta epe luzerakoak garapenerako lankidetzaren tresnen esparruan gauzatu dira. Hala eta guztiz ere, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritza ziur dago Euskal Autonomia Erkidegoko antolaketa-sareak gaur egun aukera ematen duela jauzi kualitatibo bat egiteko ekintza humanitario osatuago eta aurreratuago bat bultzatzearren, orain arte garatutakoak baino jardun-linea zabalagoak barne hartuz.
Beraz, Dekretu berri honek ekintza humanitarioko politika bat lankidetza estruktural eta eraldatzailearekin bat eginik formulatzeko eta betearazteko tresna izan nahi du, printzipio humanitarioak eta pertsonen eskubideak oinarritzat hartuz, gai horretan nazioarteko jarrera-kode eta jarrera-arauak errespetatuz, koherentea eta parte-hartzailea izanik eta epe erdirako eta luzerako helburuei lotuta egonik, adibidez giza eskubideen defentsa, bakearen eraikuntza eta etorkizuneko garapena.
Esparru humanitarioan lan egiten duten euskal erakundeen izaera heterogeneoa dela medio, Dekretuari ahalik eta malgutasunik handiena ematen saiatu gara. Ildo horretan, urte osoan irekita dagoen finantzaketa-linearekin jarraitzeaz gain, beste finantzaketa-linea bat gaineratu da ekintza humanitarioko estrategia-markoetarako, espezializazio humanitario handiagoa duten erakundeentzat. Linea horren helburua da euskal entitateek alor humanitarioan dituzten ahalmenak indartzea, plangintza handiagoa ahalbidetzea zenbateko handiko fondoak esleituz, eta erakundeek estaldura mediatiko txikiagoa eta, beraz, biztanleen artean eragin txikiagoa duten krisialdi humanitarioei aurre egiteko aurkitzen dituzten zailtasunak ahal den neurrian murriztea.
Dekretuaren testua lau kapitulutan dago banatuta: lehen kapitulua xedapen orokorrei buruzkoa da, eta ekintza humanitarioaren definizioa ezartzen du eta proiektuen tipologia adierazten du. Bigarren kapituluak, finantzaketa-linea iraunkorrari aurkeztutako larrialdietarako proiektuen eta ekintza humanitarioen laguntzak arautzen ditu; hirugarren kapituluak ekintza humanitarioko estrategia-markoen finantzaketa-linea berria arautzen du, eta laugarren kapituluak xedapen komunak aipatzen ditu.
Horren ondorioz, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren proposamenez, Jaurlaritzaren Kontseiluak 2008ko otsailaren 19an eginiko bilkuran aztertu eta onartu ondoren, honako hau
XEDATU DUT:
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
1. artikulua.– Ekintza humanitarioaren definizioa.
1.– Ekintza humanitarioak hainbat esku-hartze barne hartzen ditu, hondamendiek eragindako pertsonei bizitza salbatzera, haien sufrimendua arintzera eta testuinguru horietan giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzera zuzendutakoak. Horiez gain, ekintza humanitarioaren definizio zabal batek barne hartzen ditu errefuxiatu eta desplazatuentzako luzaroko laguntzak deitutakoak, eta hondamendi osteko birgaitzearen lehen faseko jarduerak, eta hondamendien aurrean prestatzeko eta horiek prebenitzeko jarduera jakin batzuk. Ekintza humanitario horien guztien oinarria da hondamendi batean zehar edo hondamendia gertatu eta berehala gauzatzen direla. Gainera, ahal den neurrian, etorkizuneko garapenerako oinarriak ezartzen ere lagundu beharko dute, urrakortasuna murriztearen eta tokiko ahalmenak indartzearen, giza eskubideak sustatzearen eta bakea eraikitzearen bidez.
2.– Ekintza humanitarioek giza eskubideei eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari buruzko nazioarteko legeriarekin bat etorri beharko dute. Era berean, printzipio humanitarioak errespetatu eta zaindu beharko dituzte, adibidez independentzia, neutraltasuna eta, batik bat, inpartzialtasun-printzipioa. Printzipio horren arabera, jarduerak biktimen beharren arabera egingo dira, eta alde batera utziko dira kontu politikoak, interes ekonomikoak edo arraza, etnia, nazionalitatea, erlijioa, sexua, adina edo pentsamolde politikoa dela-eta egin litezkeen bazterkeria negatibo guztiak.
2. artikulua.– Proiektuen tipologia.
1.– Aurreko artikuluan eman den ekintza humanitarioaren ikuspegiarekin bat etorriz, honako Dekretu honek bi jardun-tipologia bereizten ditu:
a) Larrialdietarako laguntzen proiektuak, hondamendiek eragindako pertsonen biziraupena bermatzeko eta sufrimendua arintzeko oinarrizko ondasun eta zerbitzuen premiazko hornidurara bideratzen direnak. Larrialdiko laguntzek barne hartzen dituzte premiazko erreskate-jarduerak eta babesa, edateko ura, elikagaiak eta laguntza sanitarioa ematea (txertaketa-kanpainak eta osasungarritasun- eta higiene-neurriak barne).
b) Ekintza humanitarioko proiektuak, adiera zabalagoan, jarduerek premia hain handia ez dutenean eta garapenerako, giza eskubideetarako eta bakea eraikitzeko oinarriak sustatu nahi dituztenean. Proiektuen tipologiak honako hauek barne hartzen ditu: errefuxiatuei eta desplazatuei luzaroko laguntza ematea, hur-hurreko krisialdiak arintzea, eta hondamendi osteko hasierako birgaitzea. Era berean, beste jarduera batzuk barne hartzen ditu, hondamendi batean zehar edo hori gertatu eta berehala egiten direnak, hondamendien aurrean prestatu eta prebenitzeko, gatazkak prebenitzeko, bakea eraikitzeko, eta giza eskubideak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa babesteko.
2.– Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen 22.3 artikulua aplikatuz, eta hondamendi-testuinguruetan Euskal Autonomia Erkidegotik datorren larrialdietarako laguntza guztien koordinazioa ziurtatzeko, Garapenerako Lankidetzako Euskal Kontseiluaren premiazko laguntza humanitariorako batzordearen aholkularitza jasoko du Eusko Jaurlaritzak.
3. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren esku-hartze modalitateak.
Krisialdi humanitario baten aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioak honako hau egin dezake:
a) Zuzeneko ekintzak egitea, giza baliabideak eta/edo baliabide materialak bidaltzearen bidez.
b) Nazio Batuen sistemaren agentzia humanitarioen dei eta jardueretarako ekarpenak egitea.
c) Dekretu honen II. kapituluan bilduta dauden betekizunak betetzen dituzten entitateek aurkeztutako larrialdietarako laguntzetarako eta ekintza humanitarioetarako diru-laguntzak ematea.
d) Dekretu honen III. kapituluan bilduta dauden betekizunak betetzen dituzten entitateek aurkeztutako ekintza humanitarioko estrategia-markoei diru-laguntzak ematea.
4. artikulua.– Deialdia.
Laguntzen deialdia urtero egingo da, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuaren Aginduaren bitartez, eta bertan honako hau adieraziko da: deialdira bideratutako zenbatekoa, xedea, eskaera-orria, epea, eskaerak aurkezteko lekua eta balorazio-irizpideak. Deialdiak bi finantzaketa-linea bilduko ditu:
a) Finantzaketa-linea iraunkor bat, urte osoan irekita egongo dena, eta larrialdietarako laguntzetarako eta ekintza humanitarioetarako diru-laguntzak eskatu ahal izango dira.
b) Ekintza Humanitarioko estrategia-markoak onartzeko finantzaketa-linea bat. Kasu horretan, deialdiaren Aginduak Eusko Jaurlaritzaren Garapen lankidetzarako Zuzendaritzak eta entitate eskatzaileak sinatu beharreko hitzarmenaren eredua barne hartuko du.
II. KAPITULUA
FINANTZAKETA IRAUNKORREKO LINEAREN DIRU-LAGUNTZAK LARRIALDIETARAKO LAGUNTZEI ETA EKINTZA HUMANITARIOEI
1. ATALA
XEDEA, AURREKONTUKO ZUZKIDURA ETA ESKAKIZUNAK
5. artikulua.– Xedea.
Kapitulu honen xedea da finantzaketa iraunkorreko lineari aurkeztutako larrialdietarako eta ekintza humanitarioetarako diru-laguntzak arautzea.
6. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.
Finantzaketa-linea horretara destinatuko da dagokion deialdiaren aginduan aurreikusitako fondoen % 30 gutxienez.
7. artikulua.– Entitate eskatzaileak bete beharreko baldintzak.
Diru-laguntza jasotzeko, entitate eskatzaileak honako hau egiaztatu beharko du:
a) Behar bezala eratuta eta Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazio bateko erregistroan erregistratuta egotea, eskaera aurkezteko eguna baino bi urte lehenago. Hori egiaztatzeko, dagokion Erregistroan erregistratuta dagoela egiaztagiriaren fotokopia konpultsatua aurkeztuko du.
b) Estatutuetan esanbidez adieraztea helburuen artean herrialde pobretuak garatzeko eta/edo hondamendiek eragindako pertsonei laguntzeko ekintzak gauzatzea dagoela. Hori egiaztatzeko, estatutuen fotokopia konpultsatua aurkeztuko du.
c) Irabazteko asmorik ez edukitzea.
d) EAEn egoitza nagusia edo ordezkaritza iraunkorra edukitzea. Horri dagokionez, entitateak Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-oinarriko (bazkideak, boluntarioak edo antzekoak) egitura esanguratsuak dituenean (eta hori agiri bidez egiaztatzen duenean) ulertuko da ordezkaritza iraunkorra duela. Kasu horretan, ordezkaritza iraunkorrak eskaera aurkezteko erantzukizun zuzena hartzen du bere gain, eta konpromisoa hartzen du proiektuen dokumentazioa, kontabilitatea eta kudeaketa Euskal Autonomia Erkidegoko bulegoan egiteko. Proiektuaren baterako kudeaketatzat hartuko da, gutxienez proiektuaren identifikazioan, formulazioan, jarraipenean eta ebaluazioan parte hartzea.
e) Eskaera egiten den unean diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen zigor penalik edo administratiborik ez edukitzea, sexuagatiko diskriminazioagatiko zehapenak barne. Hori egiaztatzeko, inolako zigor- edo itzulketa-prozeduren eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du.
f) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneraturik egotea. Hori frogatzeko identifikazio fiskaleko zenbakiaren (IFZ) fotokopia eta horri lotutako ziurtagiriak aurkeztu beharko ditu.
8. artikulua.– Entitate eskatzaileen partzuergoa.
1.– Entitateek eratutako partzuergo batek aurkeztutako proiektuek ere diru-laguntzak lortu ahal izango dituzte. Kasu horretan, partzuergoan dauden entitateetako bakoitzak aurreko idatz-zatian adierazitako baldintzak bete beharko ditu, partzuergoan dauden entitate guztiek egoitza edo ordezkaritza iraunkorra Euskadin izateko baldintza izan ezik, nahikoa izango baita baldintza hori partzuergoko entitate batek betetzea.
2.– Partzuergoko entitateek hitzarmen bat aurkeztu beharko dute, entitate bakoitzak proiektuan duen parte-hartze ehunekoa, parte hartzen duen eragile bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, eta baliabideak kudeatzeko eta gatazkak konpontzeko sistema adieraziz, eta esanbidez adierazi beharko da entitate bakoitzak proiektu osoarekiko erantzukizun zuzena eta solidarioa bere gain hartzen duela.
3.– Partzuergoan bildutako entitateek helbide bakarra izendatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoan, espedientearen administrazio-jakinarazpenak jasotzeko. Partzuergoko buru gisa diharduen entitate eskatzailearen helbidea izango da, eta entitate horrek partzuergoa ordezkatuko du eskaerarekin irekiko den administrazio-espedientean.
9. artikulua.– Proiektuek bete beharreko baldintzak.
1.– Diru-laguntza jasotzeko, larrialdietarako laguntzen nahiz ekintza humanitarioen proiektuek honako baldintza eta irizpide hauek bete beharko dituzte:
a) Dagokion deialdiaren aurrekontu-ekitaldiaren barruan hastea. Hasiera-eguna zehazteko, diru-laguntza eskatzeko formularioan proposatutako eguna hartuko da aintzat.
b) Hondamendia gertatu den herrialdeko tokiko entitate baten bitartez egitea.
c) 6 hilabeteko gehieneko iraupena izatea larrialdietarako laguntzei dagokienez eta urtebetekoa ekintza humanitarioei dagokienez; lehenengoak sei hilabetez eta bigarrenak urtebetez luza daitezke.
d) 200.000 eurotik gorakoa ez den diru-laguntza eskatzea.
e) Printzipio humanitarioak errespetatzea eta zaintzea, adibidez independentzia, neutraltasuna eta, batik bat, inpartzialtasun-printzipioa, hau da, pertsonen beharraren arabera emango da laguntza, bazterkeria negatiboa eragin dezakeen irizpiderik edo faktorerik kontuan hartu gabe.
f) Krisialdi humanitarioaren ebaluazio batetik abiatzea, eta eraginpeko biztanleen beharrei eta arazoei aurre egiteko jarduera koherenteak eta eraginkorrak planteatzea. Diagnostikoan krisialdiaren aurreko testuinguruaren berri eman behar da; hondamendi mota eta haren ondorioak (berariazko adierazleak adieraziz eta herrialdeko edo eskualdeko ohiko adierazleekin konparatuz), eta urrakortasunaren eta ahalmenen azterketa.
g) Diagnostiko horretan datu kuantitatiboak aurkeztea, erreferentziazko puntua edo oinarrizko ildoa izan daitezen berariazko helbururako nahiz emaitzetarako adierazle kuantitatibo eta kualitatiboak eraikitzeko. Larrialdietarako proiektuen kasuan, nahikoa izango da emaitzen adierazleak aurkeztea, berariazko helburuaren adierazleak alde batera utziz.
h) Hondamendiak eraginpean hartutako inguruetara eta gizarte-sektore ahulenengana zuzentzea, honako hauengana, besteak beste: haurrak, adinekoak, pobrezian dauden herritarrak, gaixoak, errefuxiatuak eta barne-desplazatuak, baztertutako talde sozialak edo etnikoak; eta, bereziki, kolektibo horietako emakumeak.
i) Inguru edo herrialde berean diharduten beste agentzia eta entitate batzuekin beharrezkoa den koordinazioa aintzat hartzea, baita nazioko edota tokiko entitate eta instituzioekin beharrezkoa dena ere.
j) Proiektuaren identifikazioan eta gainerako faseetan, genero-ikuspegia jasotzea.
k) Aldi jakin bateko beharrak asetzeko ez ezik, babesgabetasuna eragiten duten faktoreak murriztera eta tokiko gaitasunak indartzera bideratuta egongo diren helburu iraunkorragoak asetzeko asmoa ere izatea. Helburu horretarako, honako hauek balioetsiko dira proiektuetan:
– Toki mailako baliabide materialak eta teknikoak eta giza baliabideak ahalik eta gehien erabiltzea.
– Tokiko entitateen gaitasunak, gizarte-erakundeenak zein instituzio publikoenak, indartzea.
– Hartzailearen ahalik eta parte-hartzerik handiena izatea.
– Onuradunen izaera soziokulturala behar beste kontuan hartzea.
l) Behar diren neurriak hartzea, beren ekintzek ingurumenean kalterik eragin ez dezaten.
2.– Era berean, ekintza humanitarioko proiektuek honako baldintza hauek bete behar dituzte:
a) Etorkizunean birgaitzeko eta garatzeko oinarriak finkatzen lagundu, ekintza humanitarioak jardun-esparru zabalago baten zatitzat hartuta. Ildo horretan, ekintza humanitarioetarako proiektuek zehaztu behar dute beren epe laburreko jarduerak, bat-batean amaitu ordez, zein eratan eta erritmotan aldatuko diren, edo epe ertain eta luzerako helburuak lortzera bideratutako beste jarduera batzuei lotuko zaizkien.
b) Giza eskubideak eta Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa sustatzea eta, batez ere, gatazka armatuko edo gatazka armatuaren osteko egoeretan, bakea eraikitzea.
10. artikulua.– Tokiko bazkidearen betekizunak.
Tokiko entitateak honako hau egiaztatu beharko du:
a) Nortasun juridikoa edukitzea eta dagokion erroldan behar bezala inskribatuta egotea, eskaera aurkezten den egunaren baino urtebete lehenagotik gutxienez. Hori egiaztatzeko, dagokion Erregistroan erregistratua izatearen fotokopia aurkeztu beharko du. Baldintza hori ez da eskatuko herrialdeko zirkunstantzien ondorioz juridikoki edo politikoki ezinezkoa denean; kasu horretan, tokiko entitatearen esperientzia eta jarduera bermatzeko eskura daitekeen informazio guztia aurkeztuko da.
b) Eskaera egiten den unean diru-laguntza edo laguntza publikoak lortzeko ezgaitzen duen zigor penalik edo administratiborik ez edukitzea, sexuagatiko diskriminazioagatiko zehapenak barne. Hori egiaztatzeko, inolako zigor- edo itzulketa-prozeduren eraginpean ez dagoela egiaztatzen duen zinpeko edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du. Baldintza hori ez da eskatuko herrialdeko zirkunstantzien ondorioz juridikoki edo politikoki ezinezkoa denean.
c) Zerga-betebeharretan eta Gizarte Segurantzarekikoetan eguneraturik egotea. Hori egiaztatzeko, egiaztagiri kreditatzailea aurkeztuko du. Ziurtagiri horiek lortu ezin baditu, zerga-betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela egiaztatuko duen zinpeko edo erantzukizuneko aitorpena aurkeztuko du. Baldintza hori ez da eskatuko herrialdeko zirkunstantzien ondorioz juridikoki edo politikoki ezinezkoa denean.
11. artikulua.– Tokiko entitateen partzuergoa.
1.– Proiektua tokiko entitateen partzuergo batek ere gauzatu ahal izango du, eta kasu horretan entitate bakoitzak aurreko artikuluan adierazten diren baldintzak bete beharko ditu.
2.– Partzuergoko entitateek hitzarmen bat aurkeztu beharko dute, entitate bakoitzak proiektuan duen parte-hartze ehunekoa, parte hartzen duen eragile bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, eta baliabideak kudeatzeko eta gatazkak konpontzeko sistema adieraziz, eta esanbidez adierazi beharko da entitate bakoitzak proiektu osoarekiko erantzukizun zuzena eta solidarioa bere gain hartze duela. Gainera, helbide bakarra izendatuko dute espedientearen administrazio-jakinarazpenak jasotzeko. Partzuergoaren buru gisa diharduen tokiko entitatearena izango da helbide hori.
12. artikulua.– Baztertzeko irizpideak.
Honako proiektu hauek ez dira onartuko:
a) Bidezkoak ez direnak, hau da, hondamendiek eragindako pertsonei bizitza salbatzera, haien sufrimendua arintzera eta giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzera zuzendutako ekintzak ez direnak.
b) Koherenteak ez direnak, hau da, proposatutako helburuak, emaitzak eta jarduerak egokiak ez izatea atzeman diren premiei aurre egiteko.
c) Adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak ez dituztenak.
d) Generoaren ikuspegia barnean hartzen ez dutenak.
e) Printzipio humanitarioak errespetatzen ez dituztenak, bereziki inpartzialtasun-printzipioa.
f) Giza eskubideen aurkakoak direnak.
g) Ekologia-arloan iraunkorrak ez direnak.
h) Proiektuei, entitate eskatzaileei, tokiko bazkideei edo bi horien partzuergoei Dekretu honetan ezarrita dauden eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak.
i) Dagokion deialdi-aginduaren baldintzak ez betetzea.
j) Hainbat arrazoirengatik (arraza, etnia, nazionalitatea, erlijioa, sexua, adina, filiazio politikoa) diskriminatzaileak izatea, edo giza izaeraren ikusmolde jakin baten proselitismoa egitea.
2. ATALA
EBAZPENA, ORDAINKETA ETA JUSTIFIKAZIOA
13. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
Eskaerak dagokion Aginduan ezartzen den eran aurkeztuko dira, eta Dekretu honetan bilduta dauden baldintza guztiak esanbidez onartzen direla esan nahi du.
14. artikulua.– Eskaeraren balorazioa.
Proiektua aurkeztu denean, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eskaera aztertuko du eta bidezko diren txostenak egingo ditu, eta bidezkotzat jotzen duen informazio edo dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du.
15. artikulua.– Instrukzioa.
Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak balorazioaren berri emango dio Garapenerako Lankidetza Fondoaren Kudeaketa Batzordeari, eta honek, horretarako bildu ondoren, bidezko diren laguntzak ematea proposatuko du, betiere dagokion deialdiaren aginduan ezartzen diren irizpide eta baremazioan oinarrituta gutxienez 50 puntu lortzen badituzte proiektuek.
16. artikulua.– Ebazpena.
1.– Kudeaketa Batzordearen proposamena, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak txostena egin ondoren, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari helaraziko zaio, eta hark erabakiko du eskatutako laguntzak eman edo ez eta Gobernu Kontseiluari ebazpenaren berri emango dio.
2.– Eskabidea aurkeztu eta hurrengo egunetik hasita lau hilabeteko esanbidezko ebazpenik ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertu ahal izango da. Ebazpenaren berri indibidualki emango zaio entitate eskatzaileari. Era berean, denok ebazpenaren berri izan dezaten, ebazpena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da.
17. artikulua.– Ordaintzeko era.
Ordainketa bakarraren bidez ordainduko dira laguntzak, behin diru-laguntza emateko ebazpena eman ondoren.
18. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Proiektuaren azken datatik lau hilabeteko epearen barruan entitate esleipendunak azken txosten bat aurkeztu beharko du. Txostenak bi zati izango ditu:
a) Alderdi narratiboa edo gauzatzeari buruzkoa: Txosten deskribatzailea da, eta bertan adierazten da plangintza nagusian proposatutako emaitza eta helburuei lotutako adierazleen betetze maila, baita biztanleengan izan duen eragina ere.
b) Finantza-alderdia: txosten honetan barne hartuko dira egin diren gastuen ordainagiriak eta tokiko entitateari egindako intsuldaketen kopiak.
2.– Amaierako finantza-txostenean, programaren kostu guztien % 100 justifikatu beharko da.
III. KAPITULUA
EKINTZA HUMANITARIOKO ESTRATEGIA MARKOEN FINANTZAKETA LINEARENTZAKO DIRU-LAGUNTZAK
1. ATALA
XEDEA, AURREKONTUKO ZUZKIDURA ETA ESKAKIZUNAK
19. artikulua.– Xedea.
Kapitulu honen xedea da alor humanitarioan espezializatutako entitateek ekintza humanitarioko estrategia-markoetarako aurkeztutako diru-laguntzak arautzea.
20. artikulua.– Aurrekontuko zuzkidura.
Finantzaketa-linea horretara destinatuko da dagokion deialdiaren aginduan aurreikusitako fondoen % 70 gehienez. Ekintza humanitarioko estrategia-marko bakar bati ere esleitu ezin zaion zenbatekoa, horietako kopuru jakin batek eskatzen den gutxieneko puntuazioa ez duelako lortu, edo eskatutako betebeharrak betetzen ez baditu, edo eskuragarri dagoen aurrekontu-hornidurarako eskaera nahikorik jaso ez bada, finantzaketa iraunkorreko lineara destinatu ahal izango da.
21. artikulua.– Entitate eskatzaileak bete beharreko baldintzak.
Entitate eskatzaileak II. kapituluaren 7. artikuluan ezarritako betekizun guztiak bete beharko ditu, eta horrez gain, honako bi betekizun hauetako bat:
1.– Ekintza humanitarioko Plan Estrategiko bat edukitzea, gutxienez ere honako alderdi hauek barnean direlarik:
a) Entitatearen balioak.
b) Ekintza humanitarioaren ikuspegia.
c) Krisialdi humanitario baten aurrean esku hartuko den ala ez erabakitzeko irizpideak.
d) Tokian bertan koordinatzeko mekanismoak edo protokoloak.
e) Linea estrategikoak, non beren adierazleekin errealistak diren eta lor daitezkeen helburuak ezartzen diren, eta gutxienez honako alderdi hauek apatzen dituzten: esku-hartzerako sektoreak, komunikazioa, lekukotasuna eta kabildeoa.
f) Aurrekontua.
2.– Plan estrategikoari buruzko baldintza betetzen ez duten entitateek ekintza humanitarioko estrategia-markoetarako diru-laguntzak lortu ahal izango dituzte bi baldintza betetzen badituzte:
a) Beren estatutuetan bereziki aipatzea krisialdi humanitarioak eragindako herrien laguntza eta babesa eta/edo Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren defentsa.
b) Zinpeko deklarazio bat egitea, lehendik aipatutako atalak biltzen dituen ekintza humanitarioko Plan Estrategiko bat garatzeko konpromisoa hartuz, betiere ekintza humanitarioko estrategia-markoa onartzen duen ebazpenaren datatik zenbatzen hasi eta urtebeteko epearen barruan. Urtebeteko epe horretan aipatutako Plana garapen lankidetzarako Zuzendaritzan aurkeztu beharko da, bertan aztertu eta egiaztatzeko.
22. artikulua.– Entitate eskatzaileen partzuergoa.
1.– Ekintza humanitarioko estrategia-markoetarako laguntzak eskatzen dituzten entitateek partzuergoak egin ditzakete. Horretarako, I. kapituluaren 8. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko dituzte, egoitza edo delegazioa Euskadin edukitzearena salbu, hori entitate batek betetzen badu nahikoa baita. Hala eta guztiz ere, aurreko artikuluan ezarritako betekizunak entitate eskatzaile bakar batek bete beharko ditu.
2.– Partzuergoko entitateek hitzarmen bat aurkeztu beharko dute, entitate bakoitzak proiektuan duen parte-hartze ehunekoa, parte hartzen duen eragile bakoitzaren eskubide eta betebeharrak, eta baliabideak kudeatzeko eta gatazkak konpontzeko sistema adieraziz, eta esanbidez adierazi beharko da entitate bakoitzak estrategia-marko osoarekiko erantzukizun zuzena eta solidarioa bere gain hartzen duela. Gainera, partzuergoan bildutako entitateek helbide bakarra izendatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoan, espedientearen administrazio-jakinarazpenak jasotzeko. Partzuergoko buru gisa diharduen entitate eskatzailearen helbidea izango da, eta entitate horrek partzuergoa ordezkatuko du eskaerarekin irekiko den administrazio-espedientean.
23. artikulua.– Ekintza humanitarioko estrategia-markoen betekizunak.
a) Hondamendia gertatu den herrialdeko tokiko entitate baten bitartez egitea.
b) Plan Estrategikora argi eta garbi edo entitate eskatzailearen estatutuetan adierazitako printzipio eta helburuetara egokitzen den proiektu bat edo, gehienez ere, bi barnean hartzea.
c) Proiektu bakoitzak, gutxienez, honako alderdi hauek justifikatu beharko ditu: krisialdi humanitarioaren diagnostikoa eta premien balorazio-sistema (krisialdiaren berariazko adierazleak bilduz eta jatorrizko herrialde edo eskualdekoekin konparatuz, eta bestalde biztanleen eta tokiko edo nazioko instituzioen ahalmenen azterketa bilduz); tokiko entitateak edo bazkideak eskualdean edo herrialdean duen estrategia; esku-hartzearen logika (adierazle kuantitatibo eta kualitatiboekin); beharrezko giza baliabideak, baliabide materialak eta ekonomikoak; bertan segurtasunerako eta koordinatzeko protokoloak; komunikazio-politika; ekintza humanitarioaren eta garapenaren arteko lotura planteatzea.
d) Proiektuak dagokion aurrekontu-ekitaldiaren barnean hasi behar dira eta gehienez ere 24 hilabeteko iraupena izango dute, 6 hilabetez luzagarria.
e) Eskatutako diru-laguntza gutxienez 500.000 eurokoa eta gehienez 800.000 eurokoa izango da.
f) Printzipio humanitarioak errespetatzea eta zaintzea, adibidez independentzia, neutraltasuna eta, batik bat, inpartzialtasun-printzipioa, hau da, pertsonen beharraren arabera emango da laguntza, bazterkeria negatiboa eragin dezakeen irizpiderik edo faktorerik kontuan hartu gabe.
g) Onuradunen izaera soziokulturala behar beste kontuan hartzea.
h) Generoaren ikuspegia inkorporatzea.
i) Behar diren neurriak hartzea, beren ekintzek ingurumenean kalterik eragin ez dezaten.
24. artikulua.– Tokiko bazkidearen betekizunak.
Tokiko bazkideak II. kapituluaren 10. artikuluan ezarritako betekizunak bete beharko ditu.
25. artikulua.– Tokiko entitateen partzuergoa.
II. kapituluaren 11. artikuluan ezarritakoa errespetatuz partzuergoak eratzea baimenduta dago.
26. artikulua.– Baztertzeko irizpideak.
Estrategia-markoak ez dira onartuko honako proiektu hauek biltzen badituzte:
a) Bidezkoak ez direnak, hau da, hondamendiek eragindako pertsonei bizitza salbatzera, haien sufrimendua arintzera eta giza duintasuna eta giza eskubideak defendatzera zuzendutako ekintzak ez direnak.
b) Koherenteak ez direnak, hau da, proposatutako helburuak, emaitzak eta jarduerak egokiak ez izatea atzeman diren premiei aurre egiteko.
c) Adierazle kuantitatiboak eta kualitatiboak ez dituztenak.
d) Generoaren ikuspegia barnean hartzen ez dutenak.
e) Printzipio humanitarioak errespetatzen ez dituztenak, bereziki inpartzialtasun-printzipioa.
f) Giza eskubideen aurkakoak direnak.
g) Ekologia-arloan iraunkorrak ez direnak.
h) Estrategia-markoei, horiek osatzen dituzten proiektuei, entitate eskatzaileei, tokiko bazkideei edo bi horien partzuergoei Dekretu honetan ezarrita dauden eskatutako baldintzak betetzen ez dituztenak.
i) Dagokion deialdiaren baldintzak ez betetzea.
j) Hainbat arrazoirengatik (arraza, etnia, nazionalitatea, erlijioa, sexua, adina, filiazio politikoa) diskriminatzaileak izatea, edo giza izaeraren ikusmolde jakin baten proselitismoa egitea.
2. ATALA
EBAZPENA, ORDAINKETA ETA JUSTIFIKAZIOA
27. artikulua.– Eskaerak aurkeztea.
Eskaerak dagokion Aginduan ezartzen den eran aurkeztuko dira, eta Dekretu honetan bilduta dauden baldintza guztiak esanbidez onartzen direla esan nahi du.
28. artikulua.– Eskaeraren balorazioa.
Eskaera aurkeztu denean, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak eskaera baloratu egingo du eta bidezko diren txostenak egingo ditu, eta bidezkotzat jotzen duen informazio edo dokumentazio osagarria eskatu ahal izango du.
29. artikulua.– Instrukzioa.
1.– Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak balorazioaren berri emango dio Garapenerako Lankidetza Fondoaren Kudeaketa Batzordeari, eta honek, horretarako bildu ondoren eta Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren txostena jaso ondoren, bidezko diren laguntzak ematea proposatuko du, betiere dagokion deialdiaren aginduan ezartzen diren irizpide eta baremazioan oinarrituta gutxienez 50 puntu lortzen badituzte estrategia-markoek.
2.– Diruz lagundu beharreko estrategia-markoak aukeratzeko eta laguntzak kuantifikatzeko, lehiaketaren sistema erabiliko da, eta sistema horri jarraiki, puntuaziorik altuena lortu duten estrategia-markoak onartuko dira, finantzaketa-linea horren zuzkidura agortzen den arte, hala badagokio.
3.– Kudeaketa Batzordearen proposamenaren berri emango zaio Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, eta horrek erabakiko du eskatutako laguntzak eman edo ez.
30. artikulua.– Ebazpena.
1.– Diru-laguntza eman edo ukatzen duen ebazpenaren berri Jaurlaritzaren Kontseiluari emango zaio, eta EHAAn argitaratuko da.
2.– Laguntzen deialdia egiten duen Agindua indarrean jartzen den egunaren biharamunetik zenbatzen hasita sei hilabeteko epean esanbidezko ebazpena ematen ez bada, ezetsi egin dela ulertuko da.
3.– Ebazpena EHAAn argitaratuz jakinaraziko da, eta era berean entitate eskatzaileari zuzenean jakinarazi ahal izango zaio, baina EHAAn argitaratu arte ez du ondoriorik izango.
31. artikulua.– Hitzarmena.
1.– Diru-laguntza onartu ondoren, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren eta entitate eskatzailearen arteko hitzarmena izenpetuko da. Emandako diru-laguntza bakoitzeko hitzarmen bat izenpetuko da, baldin eta gutxienez honako hauek jasotzen baditu:
a) Behin betiko onartu den aurrekontua.
b) Proiektu bakoitzari egoitzan eta tokian esleitutako berariazko kontuak.
c) Proiektu bakoitza hasteko behin betiko eguna.
2.– Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak hitzarmen-eredu bat bidaliko dio entitate eskatzaileari. Entitateak, behar bezala bete ondoren, jasotzen duenetik 10 egun balioduneko epearen barruan itzuliko du. Izapide hori egin ezean, Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak ulertuko du diru-laguntza ez dela onartu.
32. artikulua.– Ordaintzeko era.
Emandako diru-laguntza honako epe hauetan ordainduko da:
a) Lehenengo ordainketa, diru-laguntzaren zenbatekoaren % 50eraino, hitzarmena izenpetzen den unean.
b) Emandako diru-laguntzaren gainerakoa, estrategia-markoaren aurrekontu osoaren % 30 egin dela justifikatu ondoren.
33. artikulua.– Justifikazioa.
1.– Entitate eskatzaileak jarraipeneko txosten bat aurkeztu beharko du aurrekontu osoaren % 30 justifikatu duenean, bigarren ordainketa jasotzeko aukera emango diona, eta bestalde amaierako txosten bat aurkeztu beharko du, eskaeran aurreikusitako amaiera-dataren ondorengo lau hilabeteko epean. Bi txostenek bi zati dituen formatuari jarraituko diote:
a) Alderdi narratiboa edo gauzatzeari buruzkoa: txosten deskribatzailea da, eta bertan adierazten da plangintza nagusian proposatutako emaitza eta helburuei lotutako adierazleen betetze maila, baita biztanleengan izan duen eragina ere.
b) Finantza-alderdia: txosten honetan barne hartuko dira egin diren gastuen ordainagiriak eta tokiko entitateari egindako intsuldaketen kopiak.
2.– Amaierako finantza-txostenean, programaren kostu guztien % 100 justifikatu beharko da.
IV. KAPITULUA
XEDAPEN KOMUNAK
1. ATALA
AURREKONTUA
34. artikulua.– Diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
1.– Bi finantzaketa-lineetan proiektuen zuzeneko eta zeharkako kostuak izango dira diru-laguntza jaso dezaketen gastuak.
2.– Diru-laguntzak emateko, honako zuzeneko kostu hauek hartuko dira kontuan:
a) Materialen erosketa, oinarrizko azpiegitura fisikoen garraioa (nazioartekoa eta tokikoa), biltegiratzea, eraikuntza/birgaitzea edo instalazioa, baita honako funtsezko ondasun eta zerbitzu hauen hornidurara bideratutako kudeaketa ere:
– Oinarrizko elikagaiak; ahal dela, lehentasuna izango dute bertako erosketek, eta, betiere, elikagai egokiak izango dira elikaduraren, kulturaren eta eraginkortasun ekonomikoaren ikuspuntutik.
– Osasun arloko lehen mailako arreta, honako hauek barnean hartuta: ugalketa-osasuna eta txertaketa-kanpainak, arreta psikosoziala, eta egoera sanitarioaren arabera egokiak izan daitezkeen beste jardun batzuk.
– Edateko uraz eta saneamenduko oinarrizko zerbitzuez hornitzea, eta ur zikinak eta komunetakoak ezabatzea.
– Higienerako eta garbiketarako materialak, batez ere emakumeen higienerako ezinbesteko materialak eta haurrak zaintzeko behar direnak bermatuta.
– Babestu eta estaltzeko materialak (arropa, tapakiak, kanpadendak, plastikozko laminak, olanak…).
– Eraikuntzako material eta tresnak, etxebizitza eta azpiegitura publikoak gaitzeko edo birgaitzeko.
– Haziak, tresnak eta familia-nekazaritza mantentzeko edota lehengoratzeko funtsezko nekazaritza-inputak.
– Etxerako oinarrizko tresnak (kuboak, mahai-tresnak, sukaldeko tresnak…); egurra edo bestelako erregaiak; komunitateak edo familiak erabiltzeko sukaldeak.
b) Proiektua gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide materialak eta ekipamenduak erostea edo alokatzea eta garraiatzea, esaterako ibilgailuak, komunikazio-ekipoak, ordenagailuak eta elektrizitate-sorgailuak.
c) Giza baliabideak, tokikoak nahiz atzerriratutakoak, eta horien joan-etorrien gastuak, betiere honako alderdi hauetan badihardute:
– a) puntuan aipatutako ondasunen eta zerbitzuen horniduran, proiektu osoaren kudeaketa eta bertan beste agentzia humanitarioekin koordinatzeko lanak barnean hartuta.
– Krisialdiaren lekuan egindako diagnostikoan, jarduerak antolatzeko esploratze-misioak eginez.
– Jarduera humanitario jakin batzuk gauzatzeko, entitate eskatzaileetako eta tokiko bazkideen langileak, bertakoak eta atzerriratutakoak, han bertan prestatzeko eta gaitzeko jardueretan.
– Tokiko biztanleak eta haien entitateak eta bertako instituzioak gaitzeko jarduerak, batez ere birgaitzearen eta hondamendien aurrean prestatzearen eta horien prebentzioaren alorrean.
– Naturaren hondamendien eragina jasan duten pertsonak erreskatatzeko lanetan.
d) Gastuak proiektuaren baliabide materialen eta langileen segurtasuna bermatzeko giza baliabideetan eta ekipamenduan, batez ere ezegonkortasuneko eta gatazkako egoerak tartean badira, hala nola zaindariak kontratatzean edo ate blindatuak eta burdin sareak ezartzean.
e) Diru-ekarpenak, hala nola giza talde ahulei laguntza ematea. Horretarako, zenbait prozedura erabil daitezke:
f) Soldatak, dirua lanaren ordez emateko proiektuetan.
– Krisialdiari aurre egiteko dirua banatzea.
– Oinarrizko produktuak erosteko bonuak banatzea.
g) Giza baliabideak, bidaia-gastuak barne, eta hondamendiak eraginpean hartutako pertsonen egoeraren berri ematera eta pertsona horien giza eskubideak defendatzera bideratutako txostenak edota bestelako lanak egiteko eta zabaltzeko beharrezkoak diren baliabide materialak.
3.– Zeharkako kostuak laguntzen kargura diruz lagun daitezke edo entitate eskatzailearen ekarpen gisa har daitezke, eta ezin dute, ezein kasutan ere, herrialde pobretuaren edo beste edozein entitate publiko edo pribaturen ekarpen izan. Zeharkako gastuen ehunekoa progresiboa izango da. Ezin izango du Eusko Jaurlaritzari eskatutako diru-laguntzaren zuzeneko kostuei dagokien zenbatekoaren % 9 gainditu lehen 90.000 euroen kasuan, % 7 zenbatekoa 90.000 mila eta 180.000 mila euro artekoa bada, eta % 5 zenbateko hori 180.000 mila eurotik gorakoa bada. Zeharkako kostuak justifikatutzat joko dira proiektua gauzatzen denean.
4.– Entitate eskatzaileek bide guztiak jarri beharko dituzte, diruz lagunduko diren kostuak prezioan eta kalitatean ahalik eta egokienak izan daitezen, eta tokiko edo eskualdeko merkatuan dauden baliabide materialei eta giza baliabideei lehentasuna emango zaie.
5.– Atzerriratutako langileak bidaltzeko, memoria bat aurkeztuko da langile horiek bidaltzea beharrezkoa dela egiaztatzeko, eta ekintza behar bezala egiteko eta zereginen iraupenerako eta deskribapenerako beharrezkoak diren gaitasunaren eta kalifikazioaren inguruko irizpideak finkatuko dira. Atzerriratutako langileen ordainsarirako emango den diru-laguntzaren zenbatekoa ez da izango pertsonako eta hileko 3.000 euro gordin baino handiagoa. Kostuen artean honako hauek sartzen dira: proiektuari lotutako pertsonen aseguruak, ordainsaria eta bidaiak. Aipatutako langile horiek Europar Batasuneko estatu kideren baten legeriak araututako lan-harreman edo lanbide-harreman baten bitartez proiektuari lotuta egon behar dute.
35. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioaren finantza-ekarpena.
1.– Larrialdietan laguntzeko proiektuen kasuan, ez da baterako finantzaketarik behar izango. Garapenerako Lankidetzari buruzko 1/2007 Legearen 22.2 artikuluaren arabera, larrialdietarako laguntza humanitarioak, eskura dagokeen finantzaketa publikoaz gain, izan dezake bestelakorik ere, hala nola larrialdi jakin batzuetan Euskal Autonomia Erkidegoko herritarrek, nahi izanez gero, laguntzeko irekitako berariazko funtsen bidezko finantzaketa. Ekintza humanitarioko proiektuen kasuan, laguntzak proiektuaren aurrekontu osoaren % 80ra iritsiko dira.
2.– Entitate eskatzaileak justifikatu beharko duen proiektuaren aurrekontu osoa estaltzeko beharko den kanpoko ekarpena honako ekarpen batekin edo batzuekin osatuko da:
a) Entitate eskatzailearen ekarpen propioak.
b) Tokiko entitatearen ekarpen propioak.
c) Bestelako ekarpen publikoak edo pribatuak.
3.– Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioa ez den beste euskal administrazio baten ekarpena kanpoko ekarpentzat hartuko da.
4.– Tokiko entitateen eta onuradunen ekarpentzat, berriz, aurkeztutako proiektua gauzatzeko ezinbestekoak diren ekarpen balorizatuak hartuko dira, Dekretu honen 40. artikuluan ezarritakoaren arabera.
5.– Artikulu honetan adierazitako kasu guztietan, ekintza gauzatzeko jarritako fondo propioen edo beste iturri batzuetatik (hala nola finantziazio-agentzietatik eta beste administrazio edo entitate batzuetatik) lortutako fondoen jatorria agiri bidez egiaztatu beharko da. Entitate eskatzailearen edo tokiko entitatearen ekarpen propioa giza baliabideak, baliabide materialak edo ondasunak direnean, lan-kontratuak, nominak edo soldata-erreferentziak, ondasunen erosketa--kontratua edo antzeko dokumentazioa aurkeztu beharko dira, aipatzen den ekarpenaren diru-kopurua egiaztatzeko. Horretarako, finantziazio publiko zein pribatuen ondorioz lortu diren ondasunak hartuko dira entitate eskatzailearen edo tokiko entitatearen ekarpen propiotzat.
2. ATALA
BALDINTZAK
36. artikulua.– Proiektuen kanbio-tasa.
Aurrekontuak eurotan eta programa gauzatzen den herrialdean erabilitako monetetan aurkeztuko dira. Ekintza humanitarioko estrategia-markoen kasuan, dagokion deialdia Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean Europako Banku Zentralak ezarritako monetaren kanbio-tasa hartuko da erreferentzia gisa. Finantzaketa-linea iraunkorrari aurkeztutako proiektuen kasuan, horiek formulatzen diren eguna hartuko da erreferentzia gisa.
37. artikulua.– Proformako fakturak.
Eskaerekin batera, proformako fakturak, aurrekontuak edo kanpoko balorazioak aurkeztu behar dira honako kasu hauetan:
a) Tokiko entitateak edo xede diren pertsonek balorizatutako edozein kostu.
b) Eraikuntzan, inbertsioa 12.000 euro baino handiagoa denean.
c) Gainerako partidetan, kontzeptu baten kostu unitarioa 2.500 euro baino handiagoa denean, edo kontzeptu horren balioa guztira 6.000 euro baino handiagoa denean.
38. artikulua.– Ordainagiriak erabiltzea.
Egiaztatutako arrazoiak direla-eta, gastuak fakturen bitartez ez, baizik eta ordainagirien bitartez justifikatu nahi badira, azalpen-memoria bat aurkeztu beharko da, gastu horiek justifikatzeko arrazoien berri emanez.
39. artikulua.– Diru-laguntza jaso ezin dezaketen gastuak.
Balio Erantsiaren gaineko Zerga (BEZa) eta zerga baliokideak ezin dira diruz lagundu, baldin eta entitate eskatzaileak edo tokiko entitateak berreskura baditzake, ezta indarreko betebeharrak ez betetzetik eratorritako isunak edo zigorrak ere.
40. artikulua.– Balorizazioak.
1.– Tokiko entitateak edo xede diren pertsonek espezie-ekarpenak edo balorizazioak egin ditzakete, honako kasu hauetan:
a) Espero diren emaitzen lorpenari zuzenean atxikita dauden ondasun, ekipo edo materialak, tokiko entitatearen funtzionamendu orokorreko ekipoak eta materialak izan ezik.
b) Proiektuei puntualki adskribitutako langileak.
c) Lurrak edo eraikinak.
2.– Balorizazioak behar adina egiaztatu beharko dira, proiektua garatzen den lekuko zirkunstantzien arabera.
41. artikulua.– Eginbideak egiteko betebeharra.
GLSFren kontura emandako diru-laguntzari egotzitako kostuen egiaztagiriak bideratzeko, zigilu bat beharko da. Bertan, proiektuaren izena (edo laburdura), tokiko entitatearen edo entitate esleipendunaren izena, eta «GLSF» hitza eta deialdiaren urtea jaso behar dira. Gainerako finantzatzaileen egiaztagiriak bestelako izapiderik gabeko fotokopiak izango dira. Jatorrizko egiaztagiriak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren esku egongo dira, entitate eskatzaile esleipendunaren edo tokiko entitatearen egoitzan.
42. artikulua.– Ondasunen jabetza.
Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren laguntzarekin erositako ondasun guztiak, baita horiek sortzen dituzten dibidenduak ere, diru-laguntza jasoko duten herritarrentzat, edo, hori ezinezkoa izanez gero, tokiko entitatearentzat izango dira. Diru-laguntzei emango zaien erabilerak jarraipena izango duela ere bermatu beharko da. Horren haritik, eskaera aurkeztuko den unean ziurtagiri bat aurkeztuko da, proiektuan bildutako ondasun bakoitzaren jabetza nori dagokion zehaztuta.
3. ATALA
DIRU-LAGUNTZAREN KUDEAKETA
43. artikulua.– Bankuko kontuak irekitzea.
1.– Entitate esleipendunak eta tokiko bazkideak nahitaez proiekturako berariazko kontu bat irekiko dute.
Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren baterako finantziazioaren kontura egiten diren ordainketa guztiak, Eusko Jaurlaritzak diru-kopuruak sartu aurretik edo ondoren eginda ere, eta, edonola ere, beti proiektua hasi ondoren eginak, egoitzan edo tokian esleitutako kontutik egingo dira.
2.– Behin dirua sartu ondoren, entitate esleipendunak proiekturako berariazko kontu batean sartu beharko du, eta fondo horiek erabiltzean arduratsua izan behar du, proiektuaren helburuetara bakarrik eta ahalik eta ondoen egokitzeko.
3.– Entitate esleipendunak tokiko entitateak programarako berariaz irekitako kontuan sartuko ditu diru-laguntzaren fondoak, eta amaierako txosten narratibo-finantzarioan intsuldaketa horren egiaztagiria gaineratu beharko da.
4.– Lurrerako transferentzia zatitzen bada edo aldez aurretik ezaguna den aldi baterako nahitaez atzeratzen bada, Eusko Jaurlaritzak sartutako fondoak inbertitzeko aukera izango da hobeto kudeatzeko, betiere Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzak dagokion baimena eman ondoren. Edonola ere, fondo horiek proiektuan ezarritako helburuak lortzeko erabili behar dira. Fondoak ezin izango dira inoiz kontrolatu ezin ditzakeen kanpo-faktoreen eraginpean jarri, eta beraz, fondoen inbertsioak onartzeko honako baldintza hauek bete behar dira:
a) Arrazoi batek justifikatzen badu dirua tokira transferitu ezin izatea.
b) Aldez aurretik badakigu arrazoi horrek zenbat iraungo duen.
c) Inbertsioak ez badakar diru-laguntza entitate esleipendunak kontrolatu ezin ditzakeen kanpo-faktoreen eraginpean jartzea.
d) Inbertsioa bermatuta badago, hau da, inbertitutako diru-kopurua murrizterik ez badago.
5.– Egoitzako eta tokiko berariazko kontuetan sortuko diren interesak entitate esleipendunak berriz ere inbertitu beharko ditu edozein partidatan, zeharkako kostuetakoan izan ezik, eta Eusko jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren ekarpentzat hartuko dira. Ez da beharrezkoa izango baimena eskatzea partida batean edo batzuetan erabiltzeko. Hala ere, lortutako interesen zenbatekoa eta entitateak gastua egozteko aukeratutako Eusko Jaurlaritzaren Garapenerako Lankidetzaren kargurako partida edo partidak jasoko dira finantza-txostenean.
6.– Edonola ere, proiektua gauzatzeko epea amaitu aurretik transferitu behar ditu entitate esleipendunak fondoak tokira.
7.– Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontu Orokorren konturako diru-laguntzen bermeen eta itzultzeen erregimen orokorra arautzen duen abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuaren 2. artikuluak aipatzen duen abalaz edo fidantzaz salbuetsita geratzen dira 180.303,63 eurotik gorako ordainketa aurreratuak.
44. artikulua.– Gainfinantziazioa debekatzea.
Dekretu honen eta dagokion deialdiaren babesean emandako laguntzek, xede bererako beste diru-sarrera edo baliabideekin batera, ezin izango dute proiektuaren kostua gainditu. Hori horrela bada, lortutako diru-sarrera itzuli egingo da, itzultzeko dagokion prozeduraren jarraibideari jarraituz.
45. artikulua.– Diru-laguntzaren baldintzak ez betetzea.
1.– Diru-laguntza emateko kontuan hartutako baldintzak aldatzen badira eta, nolanahi ere, beste administrazio edo erakunde publiko nahiz pribatu batzuek helburu bererako laguntzak edo diru-laguntzak ematen badituzte, eta, kasua bada, beste diru-sarrera edo baliabide batzuk lortzen badira, diru-laguntza emateko ebazpena aldatu ahal izango da, betiere Dekretu honetan onuradun izateko ezarritako gutxieneko baldintzak betetzen badira.
2.– Entitate esleipendunak Dekretu honetan ezarritakoa betetzen ez badu, aurkeztutako datuak faltsuak badira, jasotako diru-kopurua ematea eragin duenaz bestelako xede baterako erabiltzea eta Euskal Autonomia Erkidegoko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bategina onartu zuen azaroaren 11ko 1/1997 Legegintza Dekretuaren 53. artikuluan bildutako gainerako ez-betetzeetako bat gertatzen bada, garapen Lankidetzarako zuzendariak laguntza atzera botatzeko eskaera egingo dio Gobernu Kontseiluari II. kapituluko diru-laguntzen kasuan, eta Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuari, III. Kapituluko diru-laguntzen kasuan, horretarako irekitako espedientea izapidetu eta entitate interesdunari hamabost eguneko epean entzun ondoren. Horren ondorioz, entitate interesdunak diru-laguntza galduko du, eta jasotako diru-kopuruak itzuli beharko dizkio Eusko Jaurlaritzaren Diruzaintza Nagusiari bi hilabeteko epean, gehi legez dagozkion interesak, egokitzat jotzen diren gainerako ekintzak bazter utzi gabe, eta hori guztia abenduaren 17ko 698/1991 Dekretuan eta 1/1997 Legegintza De-kretuan ezarritakoa betez.
4. SEKZIOA
PROIEKTUEN ALDAKETAK ETA KONTROLA
46. artikulua.– Aldaketak proiektuetan.
1.– Emandako diru-laguntzaren zenbatekoa eskatutako zenbatekoa baino txikiagoa bada, entitate eskatzaile esleipendunak erabakiko du hasierako aurrekontuari beste finantziazio batzuekin atxikiko dion, edo proiektua eskuragarri dauden fondoekin berregingo duen.
2.– Proiektuaren behin-betiko guztizko kostua hasieran aurreikusitakoa baino txikiagoa bada, Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburuak eman den diru-laguntza murriztu egingo du, proiektuaren guztizko kostua gutxitu den heinean. Murrizketa entitate eskatzailearekin edo tokiko entitatearekin zerikusia ez duten arrazoiengatik (hots, beste emaile batzuek diru-laguntza murrizten dutelako) gertatzen bada, diru-laguntzari eutsi egingo zaio, betiere gehienezko finantziazio-ehunekoari (% 80) eusten bazaio, hori bidezkoa denean.
3.– Proiektuaren aurreikusitako garapenean funtsezko eragina izan dezakeen edozein gorabehera gertatzen bada, horren berri emango dio berehala entitate esleipendunak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari:
a) Entitate interesdunek baimena eskatu beharko diote Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari, proiektuan funtsezko aldaketak dakartzan edozein aldaketa egin aurretik, hau da, honako hauei lotutako aldaketak: xede-biztanleria, proiektuaren lokalizazioa, tokiko entitatea aldatzea, edo aurreikusitako emaitza eta helburuak aldatzea, proiektuaren luzapenak (gauzatzea atzeratzea), edo proiektuaren idatz-zatiak, aurrekontu-partidak edo kostu osoa aldatzea, betiere aldaketa horiek aurrekontuetan eragingo dituzten ondorioak zehaztuz, eta Garapen lankidetzarako Zuzendaritza arduratuko da proposatutako aldaketak onartzeaz. Horixe izango da lehendik aipatutako alderdiak aldatzeko bidea, gauzatzen ari den ekintza humanitarioko estrategia-marko baten proiektu batean esku-hartzea aldatzea eskatzen duen krisialdi humanitario bat gertatzen bada.
b) Edozein partidatan gertatzen diren, eta proiek-tuaren diru-laguntzaren eta balioaren zenbateko osoa aldatu gabe aurrekontuan ezarritakoaren % 10 gainditzen ez duten aldaketak funtsezkoak ez diren aldaketatzat hartuko dira, eta Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzari amaierako txostenean soilik eman beharko zaio horren berri, idatzita. Aldaketa atal bereko beste partida batzuekin konpentsatu daiteke.
47. artikulua.– Kontrola.
1.– Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzako langileek edo Etxebizitza eta Gizarte Gaietako Sailak izendatzen dituen pertsonek proiektua gauzatzen ari den bitartean eta amaitu ondoren aztertu ahal izango dute proiektua nola ari den kudeatzen eta gauzatzen. Azken kasu horretan, langileek Sailean edo EAEko Administrazioko beste organo batzuetan jarduten badute, arlo horretako eskumenen esparruan jardun behar dute; Administrazio horretatik kanpoko langileak badira, berriz, legez ezarritako bitartekoek legez esleitu behar diote kontrol-eginkizun hori.
2.– Entitate eskatzaileak Kontrol Ekonomikoko Bulegoari eta Herri Kontuen Euskal Auzitegiari dagokion deialdiaren kargura jasotako diru-laguntzei buruzko informazioa ematera behartuta daude, beren eginkizunak gauzatzerakoan eskatzen badiete.
3.– Proiektua nola ari den gauzatzen bertatik bertara egiaztatu nahi izanez gero, entitate esleipendunak bermeak eta erraztasunak emango ditu ekintza egiten ari den tokira eta eraikinetara joateko, baita ekintzari dagozkion liburuak, kontuak eta egiaztagiriak ikusteko ere.
4.– Proiektu bakoitzerako finantza-kudeaketako sistema bereizia ezarriko da. Diru-sarreren eta gastuen zenbatekoaren berri emango du sistema horrek, baita horien guztien ezaugarrien eta daten berri ere. Diru-sarrera eta gastu horien egiaztagiriak Garapen Lankidetzarako Zuzendaritzaren esku egongo dira, hark eskatzen dituenean.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenengoa.– Dekretu honetan aurreikusita ez dagoenerako, honako hauek aplikatuko dira: azaroaren 11ko 1/1997 Legegintzako Dekretuaren bidez onartutako EAEko Ogasun Nagusiaren Antolarauei buruzko Legearen Testu Bateginaren VI. Tituluko aurreikuspenak, eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legea.
Bigarrena.– Dekretu honen aurka, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar daiteke EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean eta bi hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunetik zenbatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10.1.b) eta 46.1. artikuluetan ezarritakoaren arabera.
Hirugarrena.– Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasiko da indarrean Dekretu hau.
Vitoria-Gasteizen, 2008ko otsailaren 19an.
Lehendakaria,
JUAN JOSÉ IBARRETXE MARKUARTU.
Etxebizitza eta Gizarte Gaietako sailburua,
JAVIER MADRAZO LAVÍN.
RSS